URTEAN ZEHAR XXXIV IGANDEA
C zikloa
JESU KRISTO ERREGE
Samuelen liburutik 2 Sm 5,1-3
Egun haietan, Israelgo leinu guztiak etorri ziren Dabidengana Ebrona, eta esan zioten:
- ‘Zure hezur eta zure mami gaituzu. Lehendik ere, Saul errege zela, zu zintuen gidari Israelek bere joan-etorrietan. Gainera zuri esana dizu Jaunak: “Zu izango zaitu nere herri Israelek bere artzain, zu izango zaitu buru Israelek”’.
Etorri ziren, beraz, Israelgo zahar guztiak erregearengana Ebrona. Dabid erregek elkargo egin zuen haiekin Ebron-en Jaunaren aurrean, eta Dabid Israelgo errege gantzutu zuten.
ERANTZUN-SALMOA 121
ZURE ETXERA GOAZ, JAUNA,
HAUXE DA POZA DAUKAGUNA.
Hura poza nerea, esan zidatenean:
‘Bagoaz Jaunaren etxera’.
Oraintxe gure oinak iritxi dira,
Jerusalen, zure atarira.
Jerusalen iri bezala da altxatua,
Den-dena batean bildua.
Leinuak, Jaunaren leinuak ara igotzen dira,
Israelen lege denez Jaunaren izena ospatzera.
San Paulo Apostoluak Kolosarrei 1,12-20
Senideok: Pozez eskerrak ematen dizkiogu Aita Jainkoari,
argian santuen oinorde lagun egin gaituenari.
Ilunbearen menpetik atera baikaitu,
eta bere Seme maitearen erreinura aldatu.
Honengan dugu erospena,
Honengan bekatuen barkamena.
Hau, Jainko ikusi ezinaren irudi da,
sorkari guzietan lehen semea.
Beronen bidez bait dira eginak gauza guztiak,
zeru-lurretakoak, ageri direnak eta ez direnak:
Aulki, Jaun, Nagusi eta Agintedunak;
gauza guztiak beraren bidez
eta berarentzat dira eginak.
Diren guztiak baino lehenago da Bera,
eta guztiek Berarengan diraute.
Gorputzaren buru ere Bera da,
Elizaren buru, alegia.
Bera da hasiera, hilen arteko lehen semea,
diren guztietan Bera izan dadin lehenengoa.
Jainkoaren gogoko izan baita
betearen betea Harengan egotea,
eta Haren bidez, gauza guztiak Berekin adiskidetzea;
Haren gurutzeko odolaz bakeak eginik,
zeru lurretan diren guztiekin.
ALELUIA Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!
Bedeinkatua,
gure aita Dabidengandik datorren erreinua! ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 23,35-43
Aldi hartan, herria begira zegoen. Agintariak keinuka ari zitzaizkion, eta honela zioten:
- ‘Besteak salbatu dizkik; zalba dezala bere burua, Jainkoaren Mesias eta Aukeratua baldin bada’.
Gudariek ere iseka egiten zioten, ozpina emanez eta esanez:
- ‘Judutarren erregea baldin bahaiz, salbazak heure burua!’
Gainean idazkun bat ipini zioten, grekoz, latinez eta heberkeraz idatzirik: HAU DA JUDUTARREN ERREGEA.
Gurutzetik zintzilik zeuden bi gaizkileetako bat irainka ari zitzaion:
- ‘Hi ez al haiz Mesias? Salbazak heure burua eta salba gaitzak gu!’
Baina besteak honela esan zion haserre:
- ‘Hik ere, zigorpe berean egonda, ez diok beldurrik Jaungoikoari? Guk ondo merezia diagu, gure eginengatik; Honek, ordea, ez dik inolako gaitzik egin’.
Gero, esan zuen:
- ‘Jesus, oroi zaitez niretaz, zure erreinura iristean’.
Eta Jesusek berari:
- “Benetan diotsut: Gaur Nirekin izango zara paradisuan”.
Homiliak
Senide maiteok: pozik asko entzun dugu Liturgi urtearen azken igandeko mezua. Urte osoa burutzen eta osabetetzen duen festaburu honek badu izan ere mami eta eduki ugaria ez ezik entzungarria ere. «Jesu Kristo gure Jauna, diren guztien Erregea». «Gure Jauna» esaten dugu, eta «Guztien Erregea» esaten dugu. Pozik eta barne-bake ederrean gure Jaun aitortzen duguna, indar guztien Jaun eta nagusi aitortzen dugu. Eta hori bikaina da, guk maite duguna horrelako indarrez jantzia ikustea alegia. Ederra!
Garai batean esaten zitzaigunean, «Jesu Kristo Errege da» agian ez genuen arazo handiegirik hori sinesteko. Denek, edo gehienek behintzat, harengan sinesten zutenean, gizartea bera fededuntzat jotzen zenean, egiten zen guztiaren abiapuntu fedea zenean... orduan bai Errege! Baina zenbaiti txokagarria gerta dakioke gaur Jesu Kristo Errege aitortzen jarraitzea. Gaur, gizarteak bestelako erreferentzi puntuak dituenean, gizon-emakumeen jarrera arrunta fedea ez denean, beste ikuspuntu eta bizi-jiteak jarraitzen dituztenean... gaur Errege?!, gaur Errege?!
Eta... bai, gaur Errege! Eta egia esaten hasita dena esango dugu: Errege hitza erabiltzeak ere baditu bere zerak, bere zehaztu-beharrekoak. Izan ere, Errege hitzak indarra adierazi nahi du, agintea, besteak menpean hartzen dituen jauntasuna, posizioa, irudi handia... Eta zer nahi duzu? Horrek guztiak ez du ongi adierazten Kristo gure Jaunaren errege izatea. Zeuk esan: Gurutzean josita ageri den kondenatu horri ez zaio gehiegizko indarrik ikusten, ez zaio botererik, inolakorik, ikusten, ez zaio irudi onik ere nabari... Eta, hala ere, Errege da! Hala ere, Jauna da! Eta onenean, gurutzea eta erregetasuna elkarrekin uztartzen jakitea da, Jesu Kristoren erregetza ulertzeko erarik eta biderik egokiena.
Nolako Erregea da Jesu Kristo? «Judutarren errege baldin bahaiz, salba ezak eure burua» esaten zioten gurutze azpitik. Baina, Jesusek bere erregetasuna, gurutzearen gaineko maitasunezko entrega horretan erakusten du aurrena. Errege da, maitasunez hiltzeko gai delako. Errege da, bere bizia guregatik entregatzeko misioa, ederki burutu duelako. Errege da, bere Berri Ona maitasunaren mailarik gorengoenean heriotzean azaltzen duelako. Errege da, gehien, inork baino gehien Berak maitatu gaituelako. Eta era honetako maitasun hitzaren aurrean, hizkuntza, herri eta gizamodu guztiek ulertzen eta aitortzen dute, Jesu Kristo Errege dela! Maitasunari ez-ikusia egin baitakioke, baina maitasuna ukatu ezin daiteke egin!
Eta, gainera, Jesu Kristo Errege da, Erreinua ematen duelako. «Gaur Nirekin izango zara paradisuan». Jesusek, bere ondoan josita daukan behartsu horri, bere dohain erreinuzkoa eskaintzen eta ematen dio. Eta erreinu hori askatasuna da, heriotza garaitzen duen eta heriotza baino haratago dagoen bizi berria da, esperantza hautsi-ezina sortzen duen argia da. Zerua da! Horixe zerua! Eta Jesusek, lurrralde hartan Erreinuaren Berri Ona hots egin eta zabaldu ondoren, orain gurutze gaineko tronuzko aulkitik, dohainik ederrena ematen du, Erreinuaren betea! Egiaz eta zinez, Jesu Kristo Errege da!
Jakina da, guk gaur erregetza horrentzat baditugula halako duda-muda batzuk, Kolosako kristauek zituzten bezalaxe: gure munduan ez al dute beste indar batzuek agintzen? Indar bistakoek eta ezkutukoek, bietakoek? Gizon-emakumeon aukera-ahalmen guztien gainetik ez al dira beste indar ilunak nagusitzen? Gizon-emakumeok ez al gaude, indar menperatzaile askoren morroi eta mirabe bihurtuta? Ezbeharra dela, gaixoaldia dela, zorte txarra dela, gorrotoa dela, tristura dela, heriotza dela, bakardadea dela... Hori guztia aurrean dugula aitortzen dugu: «Diren guztiak baino lehenago da bera, eta guztiek berarengan diraute... Jainkoaren gogoko izan baita betearen betea harengan egotea, eta haren bidez, gauza guztiak berekin adiskidetzea». Hauxe da gaurko egun festatsuari darion aitorpen bete eta borobila. Inolako ezustek harrapatuko ez digun aitorpen bete eta borobila!
Entzule adiskide, gu pozik gaude eta zuk ere pozik egon behar duzu. Zure hezur eta mami baituzu Jesus Erregea. Zure sufrimendua bizi du. Zure ezinak eta nahiak bizi ditu. Zure pozak ditu bere poz. Jesus zure artzain maitagarria duzu. Zalantzak eta erorialdiak eta... baina gaur poztu zaitez. Zuk maite duzuna eta zu maite zaituena, indar ilun eta beltz guztien gainetik bizi da. Eta indar hori guztia gure onerako darabil. Eta hori poztekoa da! Hori ederra da. Ez didazu ezetzik esango!
Oraindik ere, aitor dezagun hau, Jesusen Erreinua betetasunera bidean doa. Oraindik ere Erreinua osatzen ari da. Gu jarri baikaitu berak Erreinu horren langile bezala. Mundu hau Erreinu bihurtzea tokatzen zaigu. Gorrotoak eta eragin giza-zapaltzaileak eta kendu, eta maitasunaren eta askatasunaren erregetza gozoa zabaldu han-hemen! Horixe dugu egitekoa! Hori guztia, agian, eguneroko gurutzetik egin beharko dugu: gaixoalditik, bakoitzaren pobreziatik, ezinetik... hori guztia maitasunaren bihotz handiz biziz. Jesusek bere Erreinua gurutzetik adierazi baldin bazuen, guk ere beste horrenbeste! Gurutzeko hitza baita, maitasunaren hitz bizi-emailea, hitzik adierazkorrena eta hitzik sinesgarriena! Gurutzeko hitza da erregearen hitza!
Goazen Eukaristiara! Horra Erregetzaren aulki maitasunezkoa! Horra Erregearen tronua! Graziazko eta dohain doanezkoaren eserlekua! Gurutzeko harekin esan diezaiogun: «Jesus, oroi zaitez nitaz zure erreinuan». Eta izan esperantza, beraren erreinu betea jasoko dugu hementxe, Eukaristian.
Iñaki Beristain (2016-11-17)
Beti bidean, beti bila
(Gaurko ebanjelioa: Lk 23, 35-43)
Ez dakit zer irudi sortzen den askorengan, «errege» hitza aipatzean. Baina beldur naiz, ez ote den izen egokiena, Jesusen nagusitasun zerbitzaria adierazteko. Jesus errege da, baina ez agintearen eta ahalmenaren bidetik, zerbitzuaren eta bere bizia ematearen bidetik baino.
Azpitik, bere indarra erabil dezala eskatzen diote. Baldin eta errege bada, bere burua salba dezala. Eta gurutze-gainean, Jesus isilik, ezinaren besoetan ahul asko hiltzen. Eta txokagarria da zinez, une horretan errege eta salbatzaile aitortzea, heriotzerainoko ahuldadez hiltzen ikusten duguna.
Errege zerbitzari honek «zerua» eskaintzen du, paradisua. Horregatik da errege, gizakiari zoriona eskain diezaiokeelako, giza historiari etorkizunaren ateak erabat zabal diezazkiokeelako, gizakiaren betikotasun-egarria ase dezakeelako. Nork ez du zorion betearen ametsa egin? «Jesus, oroi zaitez niretaz zure erreinura iristean».
Gurutze-ondoko «gaizkile onak» Jesusen maitasuna sinesten du. Eta harengandik, Ebanjelio osoa batzen duen promesa entzuten du: «Gaur nirekin izango zara paradisuan». Maitasuna sinestu du, eta bere barrenean, guztia baino indartsuagoa den zorion-eskaintza jaso du. Hori du zori, hori du zeru. Eta maitasuna ez sinestea beste infernurik ba al da? Maitasuna sinesteko kapaz ez bagara, zer geratzen zaigu eskuetan, infernua ezik? Bakoitzak aukeratzen du bere infernua, maitasunari ateak ixten dizkionean.
Ederra da eta beharrezkoa, Jesusen aurrean jarri eta maitasuna gozatzea. Gurutzeko ahuldadeak maitasunaren besoak zabal-zabalik erakusten baitizkigu. Zerua ez da leku bat. Zerua topaketa da, festa da, harmonia da, betetasuna da eta hitzek esan ezin duten zerbait gehiago da. Eta oraina argitzen duen etorkizun irekia da. Izan ere, etorkizun argitsuak bakarrik eman diezazuke beldurrik gabe maitatzeko adorea. Zeruak zeure barruan beldurrik gabe bizitzeko askatasun betea eskaintzen dizu. Zeruak, lurra bete-betean eta azkeneraino maitatzeko arnasa ematen dizu. Zeruak Jainkoa jartzen dizu eskura, gizakia mugarik gabe maita dezazun. Zeruak erreinura begira jartzen zaitu, lurra erabat maita dezazun.
Kontraesana dirudi, erregea gurutzean josita ikustea. Baina, hortik datorkigu esperantza eta hortik bizipoza. Hortik ateratzen diogu ezinari fedea. Hortik daukagu eginkizunerako ahalmena. Hortik daukagu maitasunerako Maitasuna. Gurutzeko erregetza zerbitzaritik daukagu, eguneroko gauza txikietan gauza handiak espero izateko bihotza.
Txokagarria izango da gurutzeko erregearengan sinestea, baina horixe dugu guk geure zori eta zeru!
Iñaki Beristain (2013-11-20)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 23, 35b-43)
Ez dakit zer irudi sortzen den askorengan, «errege» hitza aipatzean. Baina beldur naiz, ez ote den izen egokiena, Jesusen nagusitasun zerbitzaria adierazteko. Eta azpi-azpian gurutzetuaren erregetasuna ez ote den gaizki ulertzen, edo mundu honetako erregetasunen erara ulertzen. Eta egia esateko, Jesus errege da, baina ez agintearen eta ahalmenaren bidetik, zerbitzuaren eta bere bizia ematearen bidetik baino.Gaurko Ebanjelio-atalak erakusten duen erregea benetan berezia da, berezirik baldin bada. Gurutzean, bere azken odol-tanta isurtzeko unean azaltzen zaigu. Azpitik, bere indarra erabil dezala eskatzen diote. Baldin eta errege bada, bere burua salba dezala. Eta gurutze-gainean, Jesus isilik, ezinaren besoetan ahul asko hiltzen. Ezinaren ozpina hondo-hondoraino edaten ari da gurutzeko azken unean. Eta txokagarria da zinez, une horretan errege eta salbatzaile aitortzea, heriotzerainoko ahuldadez hiltzen ikusten duguna.Errege zerbitzari honek «zerua» eskaintzen du, paradisua. Horregatik da errege, gizakiari zoriona eskain diezaiokeelako, giza historiari etorkizunaren ateak erabat zabal diezazkiokeelako, gizakiaren betikotasun-egarria ase dezakeelako, gure zorion-ametsa onez burutu dezakeelako. Nork ez du zorion betearen ametsa egin? Nork ez du betikotasuna desiratu? «Jesus, oroi zaitez niretaz zure erreinura iristean». Esaldi horrek gizakiaren amets eta egarri guztiak jasotzen ditu.Jesus errege da gurutzetik. Eta Jesus horren aurrean jokatzen dugu geure zoria, geure zerua. Gizakiak Jesusen aurrean jokatzen du bere zoria. Haren alde edo haren kontra, gizakiak bere kontzientziaren epai misteriotsua ematen du. Eta epai horretan, bere betikotasuna jokatzen du.Gurutzeko maitasuna sinets daiteke edo uka daiteke. Gurutze-ondoko «gaizkile onak» Jesusen maitasuna sinesten du. Eta harengandik, Ebanjelio osoa batzen duen promesa entzuten du: «Gaur nirekin izango zara paradisuan». Maitasuna sinestu du, eta bere barrenean, guztia baino indartsuagoa den zorion-eskaintza jaso du. Hori du zori, hori du zeru.Eta maitasuna ez sinestea beste infernurik ba al da? Maitasuna sinesteko kapaz ez bagara, zer geratzen zaigu eskuetan, infernua ezik? Bakoitzak aukeratzen du bere infernua, maitasunari ateak ixten dizkionean. Zori onaren bideak ixten direnean, biziari ateak ixten zaizkio. Bai, Jesusen aurrean jokatzen dugu geure zoriontasuna, geure bizi-aukera, geure zoria eta zerua.Ederra da eta beharrezkoa, Jesusen aurrean jarri eta maitasuna gozatzea. Gurutzeko ahuldadeak maitasunaren besoak zabal-zabalik erakusten baitizkigu. Zerua ez da leku bat. Zerua topaketa da, festa da, harmonia da, betetasuna da eta hitzek esan ezin duten zerbait gehiago da. Eta oraina argitzen duen etorkizun irekia da.Izan ere, etorkizun argitsuak bakarrik eman diezazuke beldurrik gabe maitatzeko adorea. Zeruak zeure barruan beldurrik gabe bizitzeko askatasun betea eskaintzen dizu. Zeruak, lurra bete-betean eta azkeneraino maitatzeko arnasa ematen dizu. Zeruak, gure gaurko eskasiari, dena bikaintzen saiatzeko barne-pulamentua ematen dio. Zeruak Jainkoa jartzen dizu eskura, gizakia mugarik gabe maita dezazun. Zeruak erreinura begira jartzen zaitu, lurra erabat maita dezazun.Kontraesana dirudi, erregea gurutzean josita ikustea. Baina, hortik datorkigu esperantza eta hortik bizipoza. Hortik ateratzen diogu ezinari fedea. Hortik daukagu eginkizunerako ahalmena. Hortik daukagu maitasunerako Maitasuna. Gurutzeko erregetza zerbitzaritik daukagu, eguneroko gauza txikietan gauza handiak espero izateko bihotza. Txokagarria izango da gurutzeko erregearengan sinestea, baina zer nahi duzu? Horixe dugu guk gure zori eta gure zeru!
Iñaki Beristain (2016-11-17)