JAUNAREN BIZTUERAKO BAZKO-IGANDEA

C zikloa

Eguneko Eukaristia


Apostoluen Eginetatik 10,34a.37-43
Egun haietan, Pedrok honela esan zuen: Badakizue zer gertatu zen, Galileatik hasi eta Judea osoan, Joanek erakutsitako bataio-ondoren: Nazareteko Jesusena, alegia. Jaungoikoak Espiritu Santuaren indarrez gantzutua, eta on egiten eta deabruak hartutako guztiak sendatzen igaro zena: Jaungoikoa Harekin baitzegoen.
Gu gara, Harek juduen lurretan eta Jerusalemen egindako guztien testigu. Haiek, habe batetik zintzilakatu eta hil egin zuten. Baina, hirugarren egunean Jaungoikoak piztu egin zuen, eta agertzea eman zion; ez ordea, herri guztiari, Jaunak lehendik aukeratutako testiguei baizik: guri, Hura hilen artetik piztu ondoren, Harekin jan eta edan genuenoi.
Eta agindu zigun, herriari erakus geniezaiola eta aitortu, Bera dela Jaungoikoak bizien eta hilen epaile ipini duena. Profeta guztiek egiten diote aitormen: Harengan sinesten duten guztiek hartzen dutela, Beraren izenean, bekatuen barkamena.

ERANTZUN-SALMOA


HAU EGUNA, HAU, JAUNAK EGINA
GURE POZA TA GURE ATSEGINA.
Eskerrak Jaunari, ona baita,
Haren maitasuna betikoa baita.
Israel etxeak hau esan beza:
‘Haren maitasuna betikoa’.
‘Jaunaren eskuinak nau altxatu,
Jaunaren eskuina bizkor da jokatu’.
Hil ez, baina bizi naiz egingo,
Jaunaren eginak nik oihu egingo.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei 3,1-4


Senideok: Kristorekin berpiztu zaretenez gero, zabiltzate goi-ondasunen bila, han baitago Kristo, Jaungoikoaren eskuin-aldean jarririk. Irrika itzazue goiko ondasunak, eta ez lurrekoak. Hil baitzarete; eta zuen bizia Kristorekin Jaungoikoagan ezkutaturik dago. Gure bizia den Kristo agertuko denean, zuek ere agertuko zarete aintzaz Harekin batean.
(Beste irakurgai hau ere egin daiteke)
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 5,6b-8
Senideok: Ez al dakizue, legami-apur batek ore guztia harrotzen duela? Bazter ezazue legami zaharra, ore berri izan zaitezten, ogi hila zaretenez gero. Opari eskainia izan bait da Kristo, gure Bazko-bildotsa. Ospa dezagun, beraz, Bazko-jaia, ez legami zaharrarekin –ez ustelkeriazko eta gaiztakeriazko legamiarekin-, egiaren eta zintzotasunaren ogi hilekin baizik.

ALELUIA Opari eskainia izan da Kristo, gure pazko-bildotsa.


Ospa dezagun, beraz, Jaunagan. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 20,1-9


Astearen lehenengo egunean, Maria Magdalena hilobira joan zen goizean goiz, oraindik ilun zegoela; eta harria hilobitik kendua ikusi zuen. Lasterka batean, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasle harengana joan, eta esan zien:
- ‘Hilobitik eraman egin dute Jauna, eta ez dakigu non jarri duten’.
Atera ziren Pedro eta beste ikaslea, eta hilobira abiatu ziren. Biak batera zihoazen lasterka; baina beste ikasle hark, Pedro baino bizkorrago ibilita, aurrea hartu zion, eta lehenago iritsi zen hilobira. Begiratu zuen eta lurrean oihalak ikusi zituen, baina ez zen sartu.
Iritsi zen atzetik Pedro ere, sartu zen hilobian eta ikusi zituen oihalak lurrean; buru gainean edukitako zapia, ordea, ez zegoen oihalekin batera, alde batetan bildua baizik. Orduan, sartu zen hilobian lehendabizi iritsitako ikasle hura ere; ikusi zuen, eta sinetsi; ordurarte ez bait zuten ulertu Liburu Santuak dioena: ‘Biztu egin behar zuela hilen artetik’.


Homiliak

(Laburra, Aste Santutik gatozela kontuan izanik)

«Ikusi eta sinetsi zuten». Lehen igandearen bihotzean aurkitzen gara. Kristau-historiaren lehen igandean. Eta ustegabe edo sorpresa baten aurrean: hilobia hutsik dago. Eta ikasleek, asko ulertzen ez badute ere, Jainkoaren Hitzaren eskutik ulertu nahi dute zer esan nahi duen hilobi hutsak. Ez baita nahikoa datoak edukitzea edo Jesusen historia ezagutzea; beharrezkoa da bihotzeko begiak argituko dizkigun fedea. Fedearen argitan bakarrik ulertzen da zer izan zen Mesiasen heriotza eta orduan sumatzen da hilobi hutsa ez dela hutsunea, Jesusen presentziaren ezaugarria baizik. Fede honek, noski, bere ibilbidea behar du. «Ikusi eta sinetsi zuten» haiengandik gatoz sinesmenera. Eta sinesmen horixe du gure fedeak bere harkaitz, bere oinarri sendo.

Eta erregalatu zaigun testigantzak eta eman zaigun sinesmenak esaten digute Jesus piztu dela, eta harengan dena berria izaten hasi dela. Arantzazu ingurua bart elur-estalki sendoak zuritu duen bezala, Jesusen argiak horrelaxe estali du bart lurbira osoa, gizon-emakume guztien bihotza. Eta bizia heriotzari nagusitu zaio.

Hemendik, Pazkoko argitik, ikusten da errealitatearen egia. Argi honetatik ezagutzen dugu Jainkoa, biziaren Jainkoa. Argi honetatik ulertzen dugu zer izan den ostiral santuko heriotza, maitasunaren neurrigabeko dohaina. Argi honetatik ulertzen da zer den Eliza, Pazko-pozaren adierazlea. Argi honetatik ulertzen da mundua zer den, zer diren gizon-emakumeak. Guztia Jainkoaren argiaren maitasunezko kreazioa da. Eta guztia argiz edertua izan da. Argi honetatik ulertzen du bakoitzak bere historia, Jainkoaren maitasuna bizitzeko eginak izan garela alegia. Orain badakigu gaitzak ez duela azken hitza esango ez gizartean, ez Elizan, ez guregan. Bizi gara!

Pazko argitan, jakina!, hobeki ikusten da giza izaeraren miseria ere. Zenbat injustizia sortu dezakegun! Zenbat zapalketa gertarazten dugun bazterretan! Pazkoa arren, ez da erraza itxaropena izatea! Baina, gaur, eginkizun hau jarri zaigu eskuartean: eraman diezaiegula Pazkoa sufriten duten guztiei; poztu ditzagula tristeak; egin dezagula pobreentzako mundu zuzenago eta atseginagoa. Ospatzen ari garen Pazkoa zoko guztietara eramatea dugu enkargu.

Apostoluen sinesmenari gerri-gerritik heldu eta poztu gaitezen. Poztu, eta sor dezagun inguruan poza. Ingurua poztu eta pobreak jaso ditzagun duintasunera.


Iñaki Beristain (2016-3-25)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 20, 1-9) Aste Santu kargatuaren buruan, Pazkoa dugu. Aste Santu kargatua diot, zeren esperientzia sakon eta hondo-hondokoak bizi izan baititugu. Gertatzen ikusi ditugunak eta gertatutako horien barruko pisua, handia izan da, ikusgarria. Hainbeste maitasun eta hainbeste karga! Ostiral Santuko gurutzeak denok utzi gaitu barrutik jota, maitasunaren zauri sakon bezain salbagarriz ukituta eta hunkituta.

Eta horren guztiaren buruan, Pazkoa! Jesus bizi da! Jesus piztu egin da! Eta mundu guztia korrika hasi da: Maria Magdalakoa Pedrorengana lasterka. Pedro eta beste ikaslea hilobirantz korrika. Berri Ona ikusi eta eraman nahiaren presa, ebanjelizatzaile orok bizi duena da. Berri Onaren pozak, Berri Onaren sorpresak, presaka jartzen gaitu.

Gaurko Elizak presa honen prozesua egin beharra dauka. Gure Elizak bilaketaren korrikaldia egin beharra dauka. Gaurko eliztarrak «ikusi» beharra dauka hilobian ez dagoela. Eta, hori ikusita, testigu eginik, senideengana korrika joan behar du, notiziaren gozotasunez lasterka. Ez ote dugu presa galdu? Ez ote gara motelaldi sakona bizitzen ari? Ez ote dugu ilusioa galdu?

Pazko egunak presa sartu behar digu. Ez aztoramen itsua, baizik maitasunaren presa, notiziaren urduritasuna, adierazi nahiaren egon ezina. Eta presa horrek, aurrena, esperientzia barneratzearen prozesua sortu behar du. Notizia falta denean alferrik da korrika ibiltzea. Eta notiziaren prozesuak bere denbora eta bere barne-lana eskatzen du. Hau ez da berez eta berehala sortzen. Begira Maria Magdalakoari: artean ilun dagoela, bila doa. Harria kendua ikusten du, zeinu deigarria. Eta ez du besterik behar. Bidea egin du eta bideak Pazkoaren muinera eraman du.

Eta gero, notiziaren presa. Presa ebanjelizatzailea. Barrutik irten eta gizartera jo lasterka. Barruko arazoak alde batera utzi, eta gizarteari zor diogun Berri Ona eraman. Kaleari zor gatzaizkio. Egia da, Eliz barruan arazo asko dugu, konpondu behar asko, garbitu behar asko. Baina gure grinaren helmuga kalea da, gizartea da, sufritzen ari den gizon eta emakume bakoitza da.

Aurtengo Pazkoak, «Fedearen Urtean» ospatzen dugun Pazkoak, geure sinesmenaren egoeraz jabetuarazi nahi gaitu. Egoera pertsonalaz eta eliz egoeraz ere bai. Ardura handia daukagu eman zaigun notiziaren eskutik. Jesus bizi dela, Jesus piztu dela, ez da edonolako esaldia. Hori notizia handia da, hori da gure notizia. Hori nola zabaldu gizartean? Hori da galdera. Sufritzen ari den jendearengana nola hurbildu? Etxea galdu dutenei zer erantzun eman? Lanik gabe eta inolako diru-sarrerarik gabe gelditu direnei, zer esan? Jesus bizi dela? Sufritzen ari den bati Jesus bizi dela ezin zaio esan hitzez, diskurtsoz; beste era batera adierazi behar zaio notizia. Eta hori deskubritzea dugu eginkizun presatia. Nahiko lo egin dugu. Orain Pazkoaren presa behar dugu!


Iñaki Beristain (2013-3-26)