URTEAN ZEHAR XII IGANDEA
C zikloaZakarias profetaren liburutik 12,10-11
Honela dio Jaunak: “Grazi-espiritua eta otoitz-espiritua isuriko dut Dabid-en etxe-gainera eta Jerusalengo bizilagunetara; begiak jasoko dituzte Niregana, zulatu ninduten Honengana. Eta negar egingo dute, seme bakarrarentzat egin ohi den bezala; negar samina egingo dute, lehen-semearentzat egin ohi den bezala. Egun hartan negar-hots handia izango da Jerusalenen, Megido-ibarrean Hadad-Rimoni egiten zaiona bezain haundia”.
ERANTZUN-SALMOA 62
ZURE EGARRIZ DAUKAT GOGOA,
JAUNA, ENE JAINKOA.
Jainko, nire Jainko zaitut,
goizetik bilatzen zaitut,
zure egarriz daukat gogoa, zure irrikaz haragia,
lur idor, egarri, urgabe iduria.
Zu gertatu baitzara nire laguntzailea,
pozez oihu dagit zure hegal-itzalean.
Nire gogoa Zuri itsatsia dago,
zure eskuinak eutsita nago.
San Paulo Apostoluak Galaziarrei 3,26-29
Senideok: Guztiok Jaungoikoaren seme zarete, Kristo Jesusengan duzuen sinesmenagatik. Izan ere, Kristogan bataiatuak zareten guztiok Kristo duzue soineko. Ez da orain, ez judutarrik, ez greziarrik; ez menpekorik, ez askaturik; ez gizonezkorik, ez emakumerik; zuek guztiok bat baitzarete, Abrahanen ondorengo zarete eta agintzarien oinordeko.
ALELUIA Nire ardiek aditzen dute nire mintzoa –dio Jaunak-;
Nik ezagutzen ditut,
eta haiek ondotik datozkit. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 9,18-24
Aldi hartan, Jesus bakarrik otoitzean ari zela Hamabien aurrean, honela galdetu zien:
- “Ni nor naizela dio jendeak?”
Haiek erantzun:
- ‘Batzuek, Joan Bataiatzailea; beste batzuek, Elias; besteek, berriz, aintzinako profetaren bat biztu dela’.
Hark orduan:
- “Eta zuek, nor naizela diozue?”
Pedrok erantzun zion:
- ‘Jaungoikoaren Mesias’.
Baina Hark inori ez esateko agindu zien zorrotz. Eta esan zien:
- “Beharrezkoa da, Gizonaren Semeak neke haundiak jasatea; zaharrek, apaiz nagusiek eta idazlariek gaitzetsi egingo dute eta hil; baina hirugarren egunean biztuko da”.
Eta Jesusek esan zien guztiei:
- “Nirekin etorri nahi duenak, uko egin biezaio bere buruari, har beza egunero bere gurutzea, eta jarrai biezat. Izan ere, bere bizia salbatu nahi duenak, galdu egingo du; baina bere bizia Niregatik galtzen duenak, salbatu egingo du”.
Homiliak
Lukasen Ebanjelioko atal nagusi baten atarian jarri gaitu gaurko ebanjelio-zatiak. Ikasleak jarraitzaile izaten ikasi behar du. Eta hori, Jesusekin bat eginez, identifikatuz, ikasten da, Jesusen misioa beretuz. Datozen igandeotan, beraz, Jesusen Jerusalemerako bidea egin beharko dugu. Bera aurretik dugula, beraren zerbitzua eta azkenerainoko maitasuna ikasiko ditugu, Jesusen jarraitzaile izan nahi dugu eta. Erraza ez dela?, badakigu. Errazkeriek, erosokeriek ez digute Jesusen bidea onartu nahi, baina guk badakigu dagoeneko zertan gabiltzan.
Jesusen egiazko ikaslea sakon-sakonean bat dator segizioa azaltzen diguten testu nagusi hauekin. Badaki oso urruti dabilela Jesusen bide horretatik, hori badaki. Baina, bide batez, oso ongi daki hori duela bere bidea. Erdipurdika dabilenak, berriz, kristau txepelak, beldurra sentitzen du, izua. Baina ez du bere beldurra aitortzen. Bere burua justifikatu egin nahi izaten du, esanez bide hau gutxi batzuentzat dela, gauzak ez direla hain serio hartu behar, gauzak bere neurrira ekarri behar direla... Beste batzuk arnasestu jartzen dira. Bideari heldu nahi liokete, baina errudun sentitzen dira, desanimatu egiten dira, urruti ikusten dituzte bide hauek.
Gaurko ebanjelio-zatiak hiru maila dauzka: Pedroren aitorpena, nekaldiaren adierazpena eta ikasleen jarraipidea. Hirurak ongi josiak bata bestearekin. Jesus Mesias da egiaz. Pedrok ongi esan du. Eta aitorpen hori benetan sakona da, Mesiastasuna aitortzeak ondorio neurtezinak baititu. Mesias, askatzailea, espero zena, Jauna, agintzarien betetasuna. Ez da profeta soila. Ez da Joan bataiatzailea. Haiek hau adierazten zuten beren eginkizunetan. Haiek adierazi zuten guztia betetzen da Jesusengan. Aitorpen handia, nolanahi ere.
Pedroren aitorpen hau, Jesusek onartu bai, baina Zerbitzariaren klabeaz ulertarazten du. Mesias da, baina nekaldiaren bidetik. Pedrok ezingo du ulertu. Baina Jesusek badaki bere mesiastasuna gurutze-bidean burutu behar duela. "Beharrezkoa da". Aitaren borondatearen bidea ondo zehaztua dago. Pazko-bidearen nondik norakoak ongi markatuak dauzka Jesusek. Eta bide horiek ez diote bere mesiastasuna ukatuko, bete-betean azaldu eta osatu baizik. Ebanjelioko giro honi lotua dator lehenengo irakurgaia ere. "Begiak jasoko dituzte Niregana, zulatu ninduten honengana". Saminaren ikuspegi salbatzailea. Itun Zaharreko profezia hau Jesusengan betea ikusi du Itun Berriak. Bakar baten sufrimenduak salbatuko du gizadia.
Eta honen argitan, Jesusen jarraitzaile izan nahi duenari ere ez zaio beste biderik geratzen. "Uko egin biezaio bere buruari". Pedrok eta ikasleek espero zuten mesiastasuna beste era batekoa zen, seguru asko. Garaipen politikotik begiratzen zuten mesiastasunaren ibilbidea. Jainkoak gizadiarekin egin nahi duen elkargoa, ordea, gurutze-bidetik doa. Eta ikaslearen bideak toki beretik jo behar du. Kristorekin bat egin. "Kristogan bataiatuak zareten guztiok Kristo duzue soineko", esan digu Paulok. Eta guztien aldeko haren entrega betea guk geure bizitzan eta geure neurrian bizi behar dugu. Hark egin zuen bere buruaren ukazioa, guk ere agertu behar dugu. Ez dauka fedeak beste biderik. Bada ebanjelioan detaile bat, aipatu gabe uzti nahi ez dudana. Ikasleak egunero hartu behar du bere gurutzea, hala esan digu Jesusek. Jarripide hau, segizio hau, egunero egiten baita, eguneroko biziera sinplean. Egun bakoitza bizi behar dugu Jainkoak egiten digun dohaina, etorkizun ametsezkoak eraiki gabe, etorkizunari beldurrik izan gabe, eguneroko fede txikiaren esperantza sendoan oinarriturik.
Askok eta askok bide hau bide iluna ikusten du. Zergatik ote da? Jesusen segizioak argirik eta pozik ez balu bezala. Eta hori ez da horrela. Egiazko askatasunaz hitz egiten ari gara hemen. Baina, jakina!, askatasun hori ez dugu aurkituko gure kapritxoen bidean. Askatasun bete hori ez dago gure jokaera indarkeriazkoetan, gure borondatea besteei ezartzean. Egia da, zaila dela eguneroko gurutze hori bizkarrean eramatea, egia da. Oraintxe bertan gure gizartearen bide zailak edertu daitezkeela sinestea ez da erraza. Bizi dugun krisian solidaritate-jarrera sendo eta zerbitzaria erakutsi behar dugu Jesusen jarraitzaileok.
Jesusen segizioak jakinduria eskatzen digu. Eta jakinduria horrek bi puntu hauek gogoan izan behar ditu:
– Bata, Zulatuari begiratzea. Gure indarrak neurtu eta sentitzen dugun beldurrari begiratzen badiogu, ez dugu sekula santan Jesusen bidea onartuko eta biziko. Gurutzetuaren maitasunaz blai egin, eta bideaz identifikatu pixkanaka, eta Jesusekiko gure maitasunak egingo du gainontzekoa. Maitasuna indartsua da, inolako dudarik gabe.
– Bigarren puntua, egunean-egunekoa bizitzea. Ez ditzagun ametsezko etorkizunak jaso. Jaunak emango dizkigu eguneroko indarrak. Etorkizuna kontrolatu nahiak, ez digu atsekabea eta ansietatea besterik sortuko. Txikiek egunean egunekoa bizi dute, beren konfiantzaren ahalegin txikiez. Ez daukagu radikaltasun berezietan pentsatzen ibili beharrik. Eguneroko bizitzak eramango gaitu maitasunaren radikaltasun egiazkora. Beste guztia segizioa handikeria bihurtu nahia besterik ez da.
Eukaristia, gure alde "entregatutakoaren" ospaketa dugu. Odola isuria, Gorputza zatikatua. Horra mesianismoa. Horra bidea.
Iñaki Beristain (2016-6-15)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Lk 9, 18-24) Nahiko ohikoa izan ohi da baloiak kanpora botatzea; alegia, Jesusekiko harremana ideia mailan edo teologian edo kontzeptuetan planteatzea. Azken batean «Nor da Jesus?» galderari erantzun nahian dabil jende dezente. «Nor naizela diote?». Eta liderra dela, balioen maisua dela, espiritualitate baten iturria dela, profeta dela, mundu berri baterako etika-bidea dela... Baloiak kanpora!
Asko kostatzen zaigu harremanean konprometitzea. Jesusek ez du nahikoa jendeak zer esaten duen jakitea; ez ditu aski kanpoko definizioak. «Zuretzat nor naiz?», hori du galdera. Gure harremanaren konpromisoa jakin nahi du. Gure bizitzan zer leku eskaintzen diogun. Ez du jakin nahi «zer» den, «nor» den baizik. Eta galdera horri ez daukagu ihes egiterik, gure pertsona osoa sakon-sakonetik hartzen du. Eta erantzunean busti beharra daukagu.
Jesusi egozten dizkiogun deiturak gorabehera, berarekin bizi dugun harremana da inportantea. «Zuek nor naizela diozue?». Galdera honen aurrean barrua ireki beharra daukagu, dena azalean eta zorurik gabe geldi ez dakigun. Besteen erantzunak ez digu balio, garai bateko aukerak balio ez digun bezala. Gaur erantzun behar dut, une bakoitzean erantzuna berrituz. Hemen eskatzen zaidana ez baita barne-lilurarik gabe uler daitekeen erantzuna. Jesusen pertsonak liluratu duenak bakarrik entrega lezake bizitza eta izate osoa aitortza horretan. Horregatik esaten nuen auzi honetan ez dutela ideiek asko balio.
Nor da baina Jesus? Gaurko ebanjelioak esaten duen bezala, Aitaren asmoa Jerusalemen beteko duen zerbitzaria da. Eta zerbitzu-bide horretan segitzaile izateko modu bakarra, haren gurutzea hartu eta onartzea da. Buruak ez baina bihotzak bakarrik uler dezakeen bidean sartzen gara. Galera irabazi bihurtzen den bidean, heriotza bizi eta zerbitzuaren gurutzea argitasun. Kontraesan handian gabiltzala ematen du, zeren nola uztartu elkarrekin gurutzea eta askatasuna, heriotza eta bizia, galera eta irabazia, zerbitzua eta jauntasuna?
Hauxe da fededuna barrutik harrapatzen duen magia. Hauxe da gaurko gurutzeen aurrean begibistatik galdu behar ez dugun gurutzea. Hauxe da, azken batean, Jesus, garai guztiak barrutik aztoratu dituena. Hauxe da munduan izan diren aitortza handiak bereganatu dituena. Hauxe da gure bihotzen Jauna. Jesus, bakarra, ezberdina, berezia. Maitea, maiteena.
Gaur, bera nor den galdetzen didanean, zer ari zait ematen eta eskatzen? Zer ari zaio gure eliz elkarteari ematen eta eskatzen? Jesusen galdera handiaren zerbitzuan gabiltza ala ideien mailan, haren segizioan edo egiaren burutazioetan, zerbitzuaren askatasunean edo boterea utzi ezinean? Nor da Jesus gaurko fededunontzat eta gaurko Elizarentzat? Nor da Jesus niretzat?
Iñaki Beristain (2013-6-21)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 9, 18-24)Gaur irakurtzen dugun pasarteak, ebanjelari guztiengan garrantzi handia du. Lukasenean ere bai. Halako mugarri bat bezala da. Orain arte arrakasta lortu du Jesusek. Jende ugari izan du inguruan. Ezaugarri asko eman dio jendeari, gaixoak sendatuz eta nahigabetuak poztuz. Jendeak, bere aldetik, beteak ikusi ditu bere espektatibak. Aspalditik agindua zeukaten mesias hemen da. Eta ikasleak ere antzera. Beraiek ziren mesias horren segitzaileak, eta Jesusi ikusten zizkioten ahalbideekin seguru sentitzen ziren. Azkenean iritsia zen espero zutena, herria askatu eta behar guztiak beteko zituena.Igande honetan irakurtzen dugun pasartean aldaketa handia dator. Ebanjelioaren bigarren atala hasten da, segizioarena. Eta Jesusek bere bidea argitzen duen neurrian, gauzak okerrago ikusten hasten dira ikasleak, eta jendea ere bai. Orain arte jendea ugaltzen ari baldin bazitzaion, hemendik aurrera gutxitzen joango zaio, gurutzeko bakardadera arte. Hasierako arrakastak frakasoari ematen dio paso. Eta frakasoa izango da, hain justu, mesiastasuna erakutsi eta ikusteko bide.Aldaketa kopernikano honen abiapuntuan, galdera bat dago, ordea: «Zuek nor naizela diozue?». Erantzun informatibo bat eman behar izan balitzaio, ondo. Hori erraza zen. Orain arte gauzak nola izan diren, zer egin duen eta zer ez, jendeak nola erantzun duen... Pasadizo bat edo beste gogoratzea izan balitz, ondo: halako mirari hura, halako gaixo hura... Eta jendeak nola ikusten duen eta beragandik zer espero duen eta esatea izan balitz, hori erraza izan zitekeen oso.Baina, Jesusek ez du hori galdetzen eta eskatzen. Jesusen galderak konpromiso handia eta pertsonala dauka barnean. Barrua eta barruko sentimendua harrapatzen duen galdera da. «Zuretzat nor naiz?». Esango balu bezala: zuk zer espero duzu niregandik, zuk zeure bihotz eta itxaropen osoa niregan jarrita al daukazu? Zuk zer bilatzen duzu, nik egiten dudana edo neu bilatzen nauzu? Zuk, nik eman dezakedan herriaren askatasuna espero duzu ala nirea izan nahi duzu?Pedrok, ikasle guztien sentimendua bilduz seguru asko, erantzuten du: «Zu Mesias zara». Badakigu Pedrok ez zuela esaldi hau oso gerora arte ulertu. Ezin zuela onartu Jesus gurutze-bidetik mesias izatea. Berak ere, jende gehienak bezalaxe, ezaugarri handien mesiasa espero zuen. Baina, Pedroren hitz hauetan, profezia handia dago gordeta. Gurutze-Pazkoko argitasunak argi egingo zuen mundu guztiko eta garai guztietako fededunen bihotzean. Eta orduan ulertuko zuten Pedrok eta fededun guztiek zer esan nahi zuen eta zer esan nahi duen Mesias izatea.Guk ere hortxe daukagu galdera eta konpromisoa. Hortxe daukagu fededun bakoitzak eta elkarte osoak. Nor da Jesus, zer da Jesus? Bakoitzak geure bihotzerako bide egokiak bilatzen ditugunean, nor da eta zer da Jesus? Oraintxe bertan zertan zehazten da Jesusekiko zure pertenentzia? Gaur ere, guk ere, mesiastasun adierazgarriak eta bistosoak espero ditugu, nahi ditugu? Ala ulertu dugu Jesusen ezereztasunetik doala pazko-bidea? Ulertu al dugu eliz elkarteak ere ezin duela bere arrakasta-frakasoen harian ulertu Jesusen mesiastasuna? Gaurko ezereztea eta gutxitzea eta moteltzea eta, benetako segizio bihurtzeko prest al gaudeBadakigu Jesusen ezagutza eta harekiko aitormena askotan azalean geratzen zaizkigula. Gure eliz elkarteari ere Jesusen ezagutza eta aitortza berria falta zaizkio. Ez dakigu zertarako gauden Elizan. Ez dakigu zer sentidu eduki dezakeen Elizan bizitzeak. Ez dakigu nora garamatzan gure bide erori honek. Baina, hori guztia baino sakonagoan atergabe jotzen du galderak: «Nor naizela diozu?». Eta erantzunak, erantzun xume eta pobreak, erantzun beldurti eta dardaratiak, erantzun zalantzatsu eta ahopekoak aitortu dezake bihotzaren sentimendu gordea: «Hala eta guztiz ere, maite zaitut».Gure etorkizuna, fededun bezala bizi dugun etorkizuna, galdera baten aurrean jokatzen dugu. Eta ematen dugun erantzunak erakusten du gure fede-bizitzaren pulamentua. Jesusek egiten digun galdera, benetan erabakiorra baita. Gaur ere bai!
Iñaki Beristain (2016-6-15)