JAINKOAREN AMA
C zikloaUrtarrilak 1
Zenbakien liburutik 6,22-27
Jauna honela mintzatu zitzaion Moisesi:
- “Hitz egiozu Aaroni eta haren semeei, eta esan: Honela bedeinkatuko dituzue israeldarrak:
‘Bedeinka zaitzala Jaunak, eta zaindu.
Ager diezaizula Jaunak bere aurpegi argia,
eta erruki dadila zutaz.
Ager diezaizula Jaunak bere aurpegia,
eta eman bere bakea’.
Honela aipatuko dute nere izena israeldarren gainean, eta Nik bedeinkatuko ditut”.
ERANTZUN-SALMOA 66
AGERTU ZURE BIHOTZ ONA.
EMAN ZUK, JAUNA, OSASUNA.
Erruki bekigu Jainkoa, bedeinka gaitzala,
ager diezaigula aurpegi alaia;
ezagutu dezaten lurrean zure bidea,
herri guztietan Zugandiko salbamena.
Poztu bitez kantari atzerriak,
zuzenbidez baitaramazu izadia;
zintzo baitituzu gidatzen herriak,
eta zaintzen lurrean atzerriak.
San Paulo Apostoluak Galaziarrei 4,4-7
Senideok: Garaia bete zenean, bere Semea bidali zuen Jaungoikoak, emakumeagandik jaioa, Legepeko egina, Legepean zaudenak erostera, guk seme-ordetza har genezan. Eta seme zaretelako, bere Semearen Espiritua bidali du Jaungoikoak zuen bihotzetara, ‘Abba!, Aita!’ deika ari dena. Beraz, gehiago ez zara morroi, seme baizik; eta seme bazara, baita oinordeko ere, Jainkoari esker.
ALELUIA Askotan eta era askotara
hitzegin zien Jaungoikoak Profeten bidez
aspalditik gure arbasoei;
eta azkenak diren egun hauetan,
Semearen bidez hitzegin digu. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 2,16-21
Aldi hartan, laisterka joan ziren artzainak, eta han aurkitu zituzten Maria eta Jose, eta haurra askan etzana. Ikusi zutenean, jakin erazi zuten, haur hartaz esan zitzaiena. Entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren, artzainek esaten zutenarekin. Mariak, berriz, gogoan jasotzen zituen gauza guzti hauek, bere bihotzean hausnartuz. Eta artzainak Jaungoikoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, entzun eta ikusi zutenagatik.
Haurra erdaintzeko zortziurrena bete zenean, Jesus ezarri zioten izen, sabelean sortu baino lehenago aingeruak esan zuen izen bera.
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Lk 2, 16-21)
Urte berriaren sonak ditugu han eta hemen, urte berri baten atarian aurkitzen baikara. Eta betikoa gertatzen zaigu, ezin diegula geure ametsei eutsi. Eta berria zahartzen zaigunean, hurrengo urte zaharretan, berriro ere frustrazioa edo amets erorien lainoa barruan.
Gure ametsaren neurriko erantzunik ez ote da? Bihotzeko grina honek ez ote du iturri egokirik, nahi duguna bideratzeko? Gaur, urte berriaren hasieran, Eliza Amak Maria jartzen digu begien aurrean eta, haren jokamoldetik, iturri berria irekitzen digu, gure ametsari zer edana eskaini ahal izateko. Nola egin dena berri nire/gure bizitzan?
– Maria, aurrena, Jesusen ondoan ikusten dugu artzainen begiradan. Jesusi begira, haren erruki neurrigabetik sortzen da nobedade sakonenaren ur bizigarria. Jesus dugu «bizia», bizi «berria», bizi berri «agortezina».
– Maria, bigarrenik, barne-lanean ari da, «gauza hauek bere bihotzean gogoemanez». Barruko lana ezinbestekoa da, barrutik haztekotan. Ez da pentsatzea, bihotzaren ariketa da. Esperientziak maitasunaren errotan ehotzea da. Bizitza maitasunaren klabean berrirakurtzea. Gauzak eta gertaerak «erori» egiten zaizkigu gainera. Gure lana da, hori guztia bihotzean iraultzea, zauririk ez baizik hazkundea gerta dakigun.
– Hirugarrenik, artzainen gorespen-kanta. Jakina!, barrua maitasunean sendatzen denean, berez sortzen zaigu kantua eta alabantza. Artzainek ikusi dute dena Jainkoak esan bezala aurkitu dutela, eta konfiantzaren arnasa berritzailea hartzen dute, konfiantzaren iturrian bizipoza indartzeko.
Jesusen jaiotzaren inguruan bada kontuan hartzeko gehiago ere, baina hau nahikoa dugu. Nola poztu gure mundu zauritua? Nola egin justiziazko mundu berria behartsuentzat? Nola banatu bizipoza zokoratuen eta baztertuen artean? Aipatu dugun hiru puntuko ibilbidea ez da okerra.
Aurrena, gure bihotza berritu Jesusen ondoan. Hari begira gure bihotzari sua piztu, maitasunaren sua, esperientziaren egia indartu. Abiapuntu hau ezinbestekoa dugu, Jesusen araberako mundua bizi eta eraikitzekotan.
Bigarren, Mariak bezala, gertaerak eta egoerak geure bihotzean gorde, maitasunaren altzoan. Eta, bereziki, pertsonak gorde geure bihotzaren barruenean. Eta egoerak eta pertsonak, maitasunaren klabean berrirakurri. Pertsonei Belengo Haurrak eman dien duintasunean begiratu eta hala tratatu.
Eta, hirugarrenik, alabantza eta esker ona bizi eta kantatu. Gure munduak eta gizarteak alaitasuna behar dute, barruko poza, bizitzearen sentidu gozoa.
Orduan, ibilbide honetan eta inolako zalantzarik gabe, urte berria izan dezakegu, gure ametsek beren neurriko iturria aurki dezakete. Orduan gure urtea, 2013koa, ez da zahartuko, heldu egingo da. Hori berritasunaren iturrian.
Iñaki Beristain (2012-12-31)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 2, 16-21)
Ilusioz beterik hasi ohi dugu beti urte berria, bizitzaren esperientziak ilusiorako gogoak moteltzen ez badizkigu behintzat. Meritua ez dago, noski, berezko ilusioan; eguneroko esperientziaren beltzean indarrean mantentzen den ilusioan baizik. Eguneroko esperientziak erakusten baitu nolako kalitatea daukan gure esperantzak.
«Mariak gogoan jasotzen zituen gauza hauek guztiak». Hortxe dago koska. Gertatzen zaizkigunekin zer egiten dugu? Gertatzen utzi, pasatu arte itxoin eta gero kito? Eta hurrengoan ere berdin? Bizi ez diren eta bizi-atal bihurtzen ez diren esperientziek ez dute pertsona garatzen. Eta, gainera, sarri askotan, bihotzean berrirakurtzen ez diren esperientziek gerorako zauriak uzten dituzte barruan. Edo esperientziak zauri bihurtuta finkatzen dira barruan.
Eta ez dago pertsona baten bizi-pozerako gauza txarragorik, barruan zauri eginda gelditutako esperientzien samina baino. Eta txiki-txikitatik esperientzia askotxo geratu izan zaigu barruan gaizki itsatsita. Horregatik garrantzi handiko ariketa da esperientziak berrirakurtzea. Gertatu dena barruan gorde eta barruan hausnartu eta norberaren bizitzan leku egokian kokatu. Etxe batean gertatzen denaren antzekoa da: tresna bat leku egokian kokatzen ez bada, beti enbarazuan izaten da.
Esango zait akaso aspaldiko esperientziak (txikitakoak eta) ez dagoela egoki askatzerik, aspalditik barruan josita daudelako. Egia da beti ez dela erraza izaten esperientziak berpiztea, onez berrirakurtzeko; baina lor daiteke benetakotasunez jokatzeko gogoa edukiz gero. Urte berriaren aurrean ezinbestekotzat joko nuke ariketa hau egitea. Eta ez dut esaten iraganeko esperientziez bakarrik. Egunerokoez ari naiz, gaurko eta biharkoez.
Nola egiten den hori? Egunean labur edo astean luzexeago, denbora jakin bat eduki behar duzu seinalatua gertatu zaizkizunak zer izan diren aztertzeko. Ez da bakarrik gertatu dena gogoratzea. Gehiago da. Gertatu zaizkigunak gertatu dira; baina gertatu direnek beren ondorioa utzi dute barruan. Zer izan da hori? Zer erasan izan du nire barruan gertatutakoak? Zergatik erasan dit horrela? Zertan egiten dit mesede edo kalte gertatutakoaren erasanak?
Baliteke norbaiti ariketa konplikatua eta nahasia iruditzea; baina ez da hala. Ohitura bat behar da: barrura sartzeko ohitura, barrukoa kanporatzeko ohitura, berrukoa bere neurri onean hartzeko ohitura, gertatuak ez moralizatzeko ohitura; barruan eta barrura bizitzeko ohitura, hitz batean. Eta ariketa honetan guztian, errealitateak beste maila bat hartzen du. Izan ere, ondo berrirakurritako edozein esperientziak ez baitu zauririk eta kalterik uzten. Berrirakurketa beti onerako izaten da. Barrua askatzeko balio du.
Egia da gaurko zientziek bide eta aukera berriak ematen dizkigutela, gauza hauek behar bezala egiteko. Horrek, ordea, ez du ukatzen eta alde batera uzten, Mariari begira ikasi beharreko jarrera eta jarduera. Mariari ustegabeko pasadizo asko ari zaio parean gertatzen. Baina, gertatzeaz gain, berak jaso egiten ditu, eta gertatutakoa hausnartu egiten du, berriz irakurriz. Ez zaizkio gertaerak ezartzen, baizik berak asumitzen ditu gertaerak.
Geure historiaz libre izateko bide bakarra horixe da, Mariak erakusten duena. Eta geure harremanetan libre izateko ere, onena barruan libre izan eta sentitzea. Hau dena urte berriaren haritik. Urte berrian era askotako esperientziak izango ditugu, gure zorion-desioak ez baitira beteko. Baina, zoriona ez dago gertakizunetan edo suerte onean.
Zoriona gertaerekiko geure jokaeran dago. Gertatua gertatu, baldin eta berrirakurtzen asmatzen badugu, ez dugu zoriona urruti izango. Horixe opa dizut, onena opatzen hasita: asma dezazula bizitza bihotzez irakurtzen. Zorion, adiskide!
Iñaki Beristain (2015-12-27)