URTEAN ZEHAR XIV IGANDEA

C zikloa

Isaias profetaren liburutik 66,10-14c


Poztu zaitezte Jerusalenekin,
maite duzuen guztiok, egin jai harekin;
alaitu eta poztu harekin,
dolu egin zenutenak harengatik.
Asetzeraino edoskiko baituzue haren bularren gozoa,
atseginez xurgatuko haren bularren oparoa.
Honela mintzo baita Jauna:
“Ibaia bezala ixuriko dut haren gainera bakea,
eta gainezka dihoan ibaia bezala, herrien ondasuna.
Haren haurrak besoetan eramango dituzte,
belaunetan maiteki hartuko dituzte.
Amak bere haurra gozatzen duen bezala,
ala zaituztet Nik gozatuko,
eta zuen gozamena Jerusalenen duzue izango.
Poztuko da zuen bihotza hori ikustean,
loratuko dira zuen hezurrak belardi baten antzean,
agertuko da Jaunaren eskua bere serbitzariengan”.

ERANTZUN-SALMOA 65


LUR OSOA,
EGIOZU IRRINTZI JAINKOARI.
Lur osoa, egiozu irrintzi Jainkoari,
egin eresi Haren izen ederrari,
eman gorespen eder Berari.
Esan Jainkoari: ‘Zuk eginak bai direla harrigarri!’
Ahuspeztu bedi lur osoa zure aurrean eresi eginez,
zure izenari eresi eginez.
Zatozte eta ikus Jainkoaren lanak,
harritzeko dira-eta gizakiengatik egin dituenak.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei 6,14-18


Senideok: Jainkoak libra nazala harrotzetik, Jesu Kristo gure Jaunaren gurutzean izan ezik. Gurutze horretan gurutziltzatua dago mundua niretzat eta ni munduarentzat.
Izan ere, ezer ez dira, ez erdaindua, ez erdaingabea; izaki berriak du balio. Bakea eta errukia lege honen jarraitzaileari! Baita Jaungoikoaren Israeli ere!
Hemendik aurrera ez diezaidala inork nekerik eman: Jesusen ezaugarriak nire gorputzean baitaramatzat nik.
Senideok: Jesu Kristo Jaunaren grazia zuen espirituarekin. Amen.

ALELUIA Kristoren bakeak agindu beza zuen bihotzetan;


oparo bizi bedi zuengan Kristoren hitza. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa s Lukasen liburutik 10,1-12.17-20


Aldi hartan, Jesusek beste hirurogeitamabi aukeratu zituen, eta bere aurretik bidali binaka, Bera joatekoa zen herri eta auzo guztietara. Eta esan zien:
- “Uzta ugaria da; baina langileak gutxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere uztara. Zoazte; begira, arkumeak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Ez eraman zeuekin, ez diru-sakelik, ez bide-zorrorik, ez oinetakorik. Eta ez gelditu bidean, inori agur egiten. Etxeren batetan sartzen zaretenean, hau izan bedi zuen aurreneko hitza: ‘Bakea etxe honetan!’
Eta han bakezko jenderik bada, haien gainean kokatuko da zuen bakea; bestela, berriz, zuengana itzuliko da. Etxe hartan bertan egon zaitezte; jan ezazue eta edan daukatenetik, zor zaio-eta langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe. Herriren batetan sartzen zaretenean ondo hartzen bazaituzte, jan ematen dizuetena; sendatu hango gaixoak, eta esaiezue: ‘Hurbil duzue Jainkoaren erreinua’.
[Baina herriren batean sartzen zaretenean ondo hartzen ez ba zaituzte, atera zaitezte haien enparantzetara, eta esan: ‘Oinetan itsatsi zaigun hautsa ere, hor astintzen dizuegu. Baina jakizue, hurbil dela Jainkoaren erreinua’ Egia esan: egun hura eramangarriago izango zaio Sodomari, halako herriri baino.
Hirurogeitamabiak pozez beterik bihurtu ziren, eta honela esan zioten Jesusi: ‘Jauna, deabruak ere menpean jartzen zaizkigu zure izenean’.
Jesusek erantzun zien: “Ikusten nuen Satanas tximista bezala erortzen. Suge eta arrubioak eta etsaiaren indar guztiak zapaltzeko ahalmena eman dizuet; eta ez dizue ezerk kalterik egingo. Hala ere, ez zaitezte poztu, espirituak menpean dauzkazuelako; poztu zaitezte, zuen izenak zeruetan idatzita daudelako”.]


Homiliak

Jesus Jerusalemera bidean utzi genuen aurreko igandean. Harantz doa, Aitaren borondatea betetzera. Hara doa, Aitaren nahiaren gailurrean, gizadia salbatzera. Baina, Jerusalemerako bidea ez du Jesusek bakarrik egin nahi. Berari jarraitu nahi dioten ikasleek ere parte hartu behar dute Jesusen betebehar eta eginbehar horretan. Jesusen bide bera egin behar dute haren ikasle izan nahi dutenek. Izan ere, ikasleek zabaldu beharko baitute munduan zehar Jesusen askatasunaren emaitza. Jesusek egin duen askatasuna gizon-emakume guztientzat baita. Horra zergatik bidali dituen Jesusek bere ikasleak bere salbamenaren berri zabaltzera.

Hirurogeita hamabi bidali zituen, ez hamabiak bakarrik. Argi erakusten du detaile horrek, Ebanjelioa zabaltzea kristau-elkarte osoaren eginkizuna dela. Kristau elkarte osoaz baliatu nahi duela Jesusek askatasun-asmoa bideratzeko. Kristau orok ikus dezake horretatik, denok izan garela misio-lanera bidaliak. Erreinuaren testigantza ematea ez dela elizgizon deitzen ditugun horien lana soilik. Konpromiso horrek fededun guztiak lotzen ditu. Hirurogeita hamabi zenbaki horrek, seguru asko, zenbaki sinbolikoa izaki, kristau guztien adierazgarri nahi du izan. Elizak, bere fededunen bidez, herrien bidera atera behar du, gizon-emakume guztiak askatasunera biltzeko.

Garai zailak direla misio-lan hori burutzeko? Egia da. Horregatik, oso eskura datorkigu lehenengo irakurgaian entzun duguna. Hiria berreraikitzen ari ziren haientzat ere garai zailak ziren zinez. Eta, halere, Jainkoa gertuan sentitzen zuten, Jainkoa Ama sentitzen zuten. Handik eta hemendik, indar hau edo hura kontra altxa dakioke eliz elkarteari, baina Jainkoaren amatasun gozoak babesten eta indartzen du. Eta Jainkoaren presentzia horri bakea dario ibaika, ondasun betea, poza eta emankortasun neurrigabea. Eta horra, bake horixe da, poz horixe, ikasleek auzoz auzo daramaten mezua. «Bakea etxe honetan», horixe dute agurra. Ez da, beraz, harritzekoa, oraintxe bertan Salmoarekin kantatu duguna: «Kanta, lurbira, kantu berri bat Jainkoari». Edo, era berean, ez da harritzekoa, otoitzean Elizak «egiazko poza eta betiko zoriona» eskatzea.

Misio hori nola betetzen den galdetu al duzu? Ba, begira, ebanjelioan nahiko zehatz eman zaigu eta erantzuna:
• Ikasleak, aurrena, bidaliak dira. Ez doaz beren gogoz eta kabuz. Ez da beren buruari ezarri dioten erabakia, lehen mailan behintzat. Horregatik, misioa otoitzean oinarritzen da. «Egin otoitz uzta-jabeari». Ez da guk geure indarrez irits dezakegun zerbait. Ekimena, lehenengo urratsa, beti Kristorena da. Ikasleak ez du sekula ahaztu behar «Norbaitek bidalia» dela.
• Bigarrenik, otzan joan behar dute. «Arkumeak otso artera bezala». Ez indarkeriaz, ez handikeriaz, ez gehiegizko ustez. Berri Onaren indar gordea aski dute. Ez dute beste inolako indar gehigarririk behar.
• Gainera, behartsu eta irabazi-nahirik gabe joan behar dute. Horrela bakarrik, gorritasunaren neurri latzez, emango diote sinesgarritasuna beren mezuari.
• Daramaten mezua bakea da, Erreinua, Berri Ona. Ez dute beren buruaz hitz egin behar. Jesusi bidea prestatzen ari dira, Joan bataiatzaile berriak bezala. «Bera joateko zen herri eta auzo guztietara» dihoaz, atzetik datorrena adieraziz.
• Erreinua gertuan dela erakusteko, Erreinu horren ezaugarri bezala gaitz oro gainditu behar dute. Erreinua, azken batean, gizakia oso-osorik sendatzen duen jainkozko indarra baita.
• Eta, azkenik, ez dute gauza bat ahaztu behar. Jainkozko indarra berekin badute ere, ez zaizkie zailtasunak faltako. San Paulok izan zituen bezalaxe, Jesusen ikasle guztiek izango dituzte zailtasunak. «Jesusen ezaugarriak nire gorputzean daramatzat nik». Baita Jesusen misiolariak ere.

Honi guztiari, esan dugun honi alegia, bi ondorio behintzat atera nahi nizkioke. Ikusi dugunez, hitza baino askoz gehiago aipatu da testigantza Jesusek betetzeko eman digun misioa burutzean. Ez indarra, ez derrigorrezko ezarpena. Elizak, ikasleak, pobre, libre, biluzk, bakezale eta pozik agertuz, Jesusek ekarri digun askatasuna nolakoa den azaldu behar du. Eta hori, hitzak hitz, ezin daiteke testigantza gabeko hitzez azaldu. Inoiz ere ez, eta gaur gutxiago. Asko hitz egiteari beste indarra falta baldin bazaio, bizikizunarena, hitz guztiak haizeak eramango ditu. Sinesgarritasuna faltako zaio esaten dugunari.

Beraz, eta hauxe dut bigarren ondorio, fededun bakoitzak ikusi behar du non eta nola eman behar duen bere bizikizunaren testigantza. Jesusek bidalitako hirurogeita hamabi horietan gaude fededun bakoitza. Zuk, ama horrek, zeure eguneroko lan eskergabe horretan. Zuk, langile, zeure kasuan dagokizun lanean. Zuk, artzain edo baserritar, hortxe mendian edo soroetan, eguzki beroaren ziztada bizien azpian erretzen. Edo zuk, gaiso maitagarri horrek, hortxe ohe astun horretan. Zeren testigantza, galdetuko duzu?! Berri Onarena. Baina nola? Bakez, pozez, pobretasunez, neurriz, aurpegi zorioneko baten bidez. Nori? Denei. Guztiei. Unibertsalismo zabalez jantzitako bihotz handiz.

Orain Eukaristia ospatzen jarraitu behar dugu. «Zoazte Jaunaren bakean» esango zaigu. Eta gaur badakigu horrek zer esan nahi duen. Baina, aurrena, eraman behar ditugun bakea eta poza jaso behar ditugu askatasunaren misteriotik, aldareko mahaitik. Gure fedea aitortuz, hurbil gaitezen Erreinuko mahaira.


Iñaki Beristain (2016-6-29)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 10, 1-12.17-20)

Kristauoi sarri gertatzen zaigu, jarri egiten garela, ohitu, gelditu. Kontzilioaz geroztik, dei berezi eta nabarmena egin zitzaigun, berritzekoa, bide berrietan abiatzekoa, mundura ateratzekoa, leihoak irekitzekoa... Eta bazirudien Elizak bere ADNan markatua utziko zuela betiko joera hori, jarrera berrietarako joera hori.

Baina ez da horrela gertatu. Mundu berriak, mundu modernoak, beldurtu egin gaitu. Eta, neurri batean, leihoak itxi egin ditugu eta etxeko sukaldera bildu gara, babesean gelditzeko. Barruko arazoak, antolamendua, ezintasunak, beldurra... Eta eliz giroan Jesusen deia mututu egin duzu: «Zoazte».

Jesusek esan zigun ez zela erraza izango egin behar duguna: «Arkumeak otso artera bezala bidaltzen zaituztet». Eta beldurtu egin gara. Traba egingo digun traste eta eranskinik gabe joan behar genuela: «Ez eraman...». Pobreziaren biluztasunak kikildu egin gaitu. Geure helburua argia da eta ez dugu etxerik etxe ibili behar, zertan gabiltzan jakingo ez bagenu bezala.

Jainkoaren Erreinua eta bakea ditu ikasleak bere mezu eta dohain. Horiek ditu indar. Gerta liteke mezu hori onartua izatea, edo gerta liteke ez onartzea. Ikasleak gaurkoan «pozez beterik» itzuli dira. Arrakasta izan dute. Baina, Jesusek errakasta horri mugak ipintzen dizkio. Ez lukete poztu behar «etsaiaren indarrak zapaltzeko» gai izan direlako; poztu behar lukete «beren izeneak zeruetan idatziak daudelako». Egin duten lanaren saria Jainkoaren eskuetan dago, ez mundu honetako lorpenetan.

Misio-testu honek gaurko Elizari era askotako deiak egiten dizkio. Eta, batez ere, «zoazte» esaten digu. Ez dugu geldirik egon behar, joatea dugu bokazioa. Eta joateko eginkizuna betetzea dugu indar, eskuartean bakea eta Jainkoaren Erreinua baitaramatzagu. Ahulak garela eta ahul gaudela, egia da. Baina hori ez da txarra, ona da, azken batean, inportantea ez baita gu azaltzea, gure ahulean Jainkoaren Erreinuak azaldu behar du. Eta horretarako, gure ahuldadea oso ona da.

Ez diogu berritasunari beldurrik izan behar. Gaur bistakoa da Ebanjelioko betiko mezuak molde berriak behar dituela. Etorkizuna ez dago atzean, aurrean baizik. Ez dugu joanekoetara itzuli behar. Beldurrak ez gaitu kontrola­tzen ditugun giro eta moldeetan geldiarazi behar. Molde berriak saiatu behar ditugu. Hitz berriak. Presentzia berriak. Topaketa berriak. Eskaintza berriak.

Ez gaudela berrirako prestatuak? Ez dakigula nola jokatu? Eskuetan jarri zaigun mezua eta eskaintza ditugu jakinduria eta prestakuntza. Errinuaren biluztasunak badu indarra aski jendearen bihotzak barrutik harrapatzeko. Eta, beste edozeren gainetik, Jesusen enkargua dugu indarrik eraginkorrena: «Zoazte».


Iñaki Beristain (2013-7-4)

(Igandeko ebanjelioa: Lk 10, 1-12.17-20)Ebanjelioaren edertasuna bere baitan biltzen duen hitz egokirik baldin bada, hitz hori bakea da. Gure Jau­nak eman nahi dizkigun ondasun guztiak biltzen ditu bakeak. Jaunaren bedeinkazioa da bakea. Horregatik, Je­su­sek bere ikasleak herriz herri bidaltzen dituenean, Berri Onaren mezua zabaltzera, agindu hau ematen die: ba­ke­az agurtzeko jendea. «Bakea etxe honi», horixe dute beren agurra!Izan ere, Jesusen ulerkeran, bakea ez da gerrarik eza. Bakea ez da istilurik ez izatea. Bakea ez da harreman l­a­sai baten gozotan bizitzea. Bakea ez da eztabaidarik eza. Bakea ez da isiltzeko gaitasuna. Ezta burua etsi­pe­nez makurtzea ere. Bakea ez da aginteari apalki amen esatea. Bakea ez da gauzak bere horretan uztea, hau­tsak astintzeak kontzientziak aztoratzen omen dizkigulako. Bakea ez da, beraz, jarrera pasiboa, ezer ez egitea, gau­zak ez nahastea.Bakeak jarrera egilea, eragilea, eskatzen du eta sortzen du. Bakea on eginez bideratzen da. Bakea egin nahi du­e­nak, bere buruaz ahazten ere jakin behar du, bere interesak bigarren tokian jartzen, galtzen ikasi behar du. Izan ere, ingurukoari on egin nahi dionak, hurko horrek zer behar duen galdetu beharko du. Eta behar ho­rri erantzun egokia emateko ahaleginak egin beharko ditu. Bestela, aho betean erabiliko du bake hi­tza, bai­na ahoan lehertuko zaio hitz hori.Bakearen beharrez dagoen «uzta ugaria da». Hori esaten du behintzat Jesusek. Bakearen dohaina landu nahi dutenak, berriz, gutxi. Denok nahi omen dugu bakea! Gehiengoak behintzat bai! Hala esaten da eta hala izango da.Baina, non dira bada bakea landu nahi dutenak? Non dira gure herri honetan, besoak tolestatuta ba­kea eskatzetik, egunero bakearen kultura lantzera igaro direnak? Non dira, bestelako interesik gabe bakea bi­latzen dutenak? Non dira, bakea alderdikerien sokatira bihurtu ordez, bakearen bila jator eta onradu­tasu­nez jarri direnak? Bake-eskari asko zergatik gertatzen da susmagarri gaur gure artean? Bake-eskari askoren azpian zer da­go? Zer gordetzen da bakearen tapakipean?«Arkumeak otso artera bezala bidaltzen zaituztet». Arkumea tolesgabea da, garbia da, zuzen doa, ez du azpijokorik. Azpijokoak eta bigarren intentzioak ez du bakerik sortuko, ez baitu ezer onik sortzen, susmoa besterik. Eta bere otzantasunez eta bere garbitasunez, arkumeak bakea sortzen du, bakea ezartzen du. Otsoak ez daki bakea egiten. Bakea ezin daiteke indarrez ezarri. Horregatik presioa eta tirabira ez dira bide egokia bakea sortzeko eta bilatzeko. Gauzak efikaziaren ikuspegitik begiratu nahi dituenak, eskubide osoa du horretarako. Baina garbitasunak eta xalotasunak askoz bide gehiago urratzen du.Efikaziak kalkulo gehiegi darama bere barnean, bakea sortu ahal izateko. Garaitu nahiz dabilena ez dabil bake bila. Gauzak berak nahi eta pentsatu bezala mamitu nahi dituenak, eta bestelako biderik inolaz onartu nahi ez duenak, ez du bakea bilatzen.Beharbada, hemen gertatzen ari zaiguna zera da: ez dugula bakearen kultura landu. Eta gogorkeriaren giroak bere emaitzak ekarri dizkigula etxeko baratzera. Txiki-txikitatik bakearen kultura bideratzen ikasten ez badugu, akaso indarkeria errenditzea lortuko da, akaso gerrarik ez izatea ere lortuko da, akaso gatazkak eta tirabirak lasatuko dira, baina, hala ere, ez dugu bakerik izango. Bakeak barrua bakez edukitzea eskatzen du eta hori ez da nolanahi sortzen.Denok, egunero eta ahaleginez, bakea opa behar diogu gure herri honi. Goazen eguneroko eginkizunetara enkargu hau eramatera: «Bakea etxe honi!».


Iñaki Beristain (2016-6-29)