ABENDUKO II IGANDEA

C zikloa

Baruk profetaren liburutik 5,1-9


Jerusalen, erantzi dolu eta atsekabetako soinekoa, jantzi betiko, Jainkoaren aintzaren ederra. Bildu zure gorputza Jainkoak ematen dizun zuzentasunaren soin-gainekoaz, eta ezarri buruan betiereko aintzazko koroia.
Agertuko bait die Jainkoak zure diztira zerupean bizi diren guztiei. Jainkoak izen hau emango dizu behin betirako: ’Bakea zuzentasunean, Ospea Jainko-zaletasunean’.
Jaiki zaitez, Jerusalen, igo gainera; begira sortaldera eta ikus zure semeak, sortaldetik sartalderaino Santuaren hitzak bilduak, eta pozturik, Jaungoikoa haietaz gogoratu delako.
Oinez atera ziren, etsaiak eramanda; baina Jainkoak aintzatan ekartzen dizkizu, errege-gurdian bezala. Jainkoak erabaki du, mendi-goi guztiak eta muinoak makurtzea, zulo-uneak betetzea, lurra berdintzeraino; Israel lasai etor dadin, Jaungoikoaren aintzak zuzendurik.
Basoei eta usain oneko zuhaitzei Israeli itzala emateko agindu die. Pozetan eramango baitu Jaungoikoak Israel, bere aintzaren argiz, bere zintzotasunez eta errukiz.

ERANTZUN SALMOA 125


ASKO LAGUNDU DIGUZU, JAUNA.
HAUXEN DA POZA GUK DAUKAGUNA!
Jaunak Siongo atxilotuak erakartzean,
bageunden amets antzean.
Orduan bete zitzaigun ahoa barrez,
gure mihia goratzarrez.
Atzerrietan, orduan, esan zuten:
"Jauna haundikiro jokatua dute’.
Gurekin haundikiro jokatu da Jauna:
Hau da poza daukaguna.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei 1,4-6.8-11


Senideok: Zuentzat otoitz egiten dudanean, pozik eskatzen diot Jaungoikoari. Zuek, laguntzaile izan bat zaituztet Ebanjelioko eginkizunean, lehenengo egunetik orain arte. Badut uste, eginbide on hau zuengan hasi duenak, bukatuko duela Jesu Kristoren egunera arte.
Testigu dut Jaungoikoa, zeinen kristau maitasun haundiz maite zaituztedan. Eta hau da nire otoitza: gero eta haundiagoa egin dadila zuen maitasun-elkartea, ezagutze sakon eta erabateko zentzunean, onena aukera dezazuen; horrela, garbi-garbi eta esankizunik gabe iritsiko zarete Kristoren egunera; zintzotasun-emaitzez beterik, Kristo Jesusen bitartez, Jainkoaren aintza eta gorespenerako.

ALELUIA Urra ezazue bidea Jaunarentzat,


zuzendu Haren bidexkak;
eta ikusiko dute guztiek
Jaungoikoaren salbamena. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen Liburutik Lk, 3,1-6


Tiberio errege nagusi zelarik, haren erregetzaren hamabosgarren urtean, Pontzio Pilato Judeako agintari zela, eta Herodes Galilean errege-ordeko zegoelarik, eta haren anaia Filipo, Iturea eta Trakoni-lurraldean errege-ordeko, eta Lisania Abilenen errege-ordeko, eta Anas eta Kaifas apaiz nagusi zirelarik, Jaungoikoaren hitza etorri zitzaion basamortuan Zakariasen seme Joani. Eta Jordan-inguru guztian, bihotz-berritzeko bataioa hotsegiten hasi zen, bekatuen barkamenerako, Isaias profetaren liburuan idatzirik dagoen bezala:
Mintzo bat oihuka ari da basamortuan:
‘Urra ezazue bidea Jaunarentzat,
zuzendu Haren bidexkak;
gora daitezela haranak,
beheratu, mendi eta muinoak;
berdin daitezela malkarrak,
zelaitu lur-maldak.
Eta ikusiko dute guztiek Jaungoikoaren salbamena’.


Homiliak

Nola lotu poza eta Joan Bataiatzailea? Nola uztartu lehenengo irakurgiak eskatu digun «pozaren jantzia» eta Joanen konbertsio-bataioa? Horretan dago, bi alderdi horiek ongi uztartzean, Abenduaren sekretua. Eguberrik poza baitakar, baina berritze-bidetik datorren poz sakona. Bihotz-berritzearen giltzak pozaren gunera sartzeko atea irekitzen du.

Sumatu ahal duzu lehenengo irakurgaiko herri horren poza eta ilusioa? Erbestean erabili behar izan zituen dolu eta atsekabetako soinekoak eranzteko agintzen zaio. Jauna salbatzaile datorkio eta Jainkoaren aintzaren ederra jantzi behar du. Bere ezinaren etzanaldia amaitzera doakio. «Jaiki zaitez, Jerusalem». Negarra bokazio eta tristura bizibide zutela erbestera joan zirenak berriro ere badatoz, askatasunaren kantari. Kateen pauso makalez joan zirenak, Jainkoaren aintzaren indar airosoak dakartza. Askatasuna izango du bere zori Israel herriak.

Eta hurbil sentitzen duen askatasunak eragiten dio Israeli pozik bizitzera. Eta aurrean daukan helmuga horrek, uste ez den bezalako balioa ematen dio bizitzaren detaile txikienari ere. Esan dezagun: fetxa handiek, egun handiek, markatzen dute gizakion bizitza. Lukasek, gaurko ebanjelioan eman dituen detaileen arabera, fetxa handi baten atarian gaudela adierazi digu. Ondo kokatu nahi izan du Joan Bataiatzailearen misio-hasiera.

Abendua, fetxa handienaren deia eta eskaintea da. Jauna badator. Askatasun eguna badator. Doluminak eta nekealdiak amaitzera doaz. Gure mundu honek bestelako mundu berriari irekiko dizkio ateak. Eta egun berriaren etorrerak balio berezia ematen dio oraingo detaile bakoitzari. Fetxa handiak egoki prestatu behar izaten dira. Zenbat lan eta esker gabeko jarduera egin behar izaten den, halako gertaera handi bat ondo ateratzea nahi baldin bada. Ikasle batek badaki azterketak ez zaizkiola ongi aterako, prestatzen ez baditu. Kirolari batek badaki ez dela garaipena lortzen azken-eguna etorri arte lotan egonez. Nekazariak badaki, hazia ereiten ez bada, ez dela azken onik izaten.

«Urra ezazue Jaunarentzat bidea... Berdindu malkarrak, zelaitu lur-maldak». Jauna badator eta Jaunaren Etorrerak eskakizun handiak ditu, handia izango baita Etorrera bera. Jaunak emango digun festa handiak, prestaera sakona behar du. Gure nagikeria, gure konformismoa, barne-bizitzari inportantziarik ez emate hori, zabarkeria... Abenduak zorrotz jo beharko du bere deia!

San Paulok ere programa handia jarri digu, azken gertaerak eskatzen duenaren neurrikoa: hasi dugun eginbidea bukatu beharra daukagu, kristau-sentiberatasuna beti gehiago landu beharra, egiazko balioak sakondu beharra (hala nola, maitasun-elkartea, ezagutze sakona, sentiberatasun berritua...). Hori horrela burutu ezkero, zihur gaudeke, Jaunaren Etorrerak “garbi-garbi eta esankizunik gabe” harrapatuko gaituela.

Ez al dugu behin baino gehiagotan pentsatu, hitz handiegia esan zaigula? Handiegia, baina ederra! Halaxe da: gure lanean, sukalde horretan, gaixotasun-ohean, edo fabrikan, edo gazteak hezitzen, edo politikan, edo apaiz-lanean, edo... fetxa handiena ari gara prestatzen. Zuk eta nik zer bide dauzkagu berdindu beharrekoak? Zer daukagu festa handirako aldatu beharrekoa? Abenduak eta Eguberrik ezin gaitzake lehenean utzi. Aldatu beharra daukagu. Eta ez da aldaketa azaleko baten gora-behera. Fetxa handiei dagokien aldaketa sakonaz ari gara. Eta gure gizartea ere aldatu beharra daukagu: gorroto horiek, eduki-gose neurrigabe hori, bizi-antolaketa azaleko horiek, injustizia ikaragarri horiek, gure maitatu-ezinak, ezkontzetako leialtasun-falta, gure apaiz-lanaren barne-poz falta...

Begira diezaiokegu beste behin etzi ospatuko dugun Emakume sortzez garbiari, Mariari. Hark bai prestatu zizkiola bideak Jaunaren Etorrerari. Hura bai izan zela fetxa handirako prest agertu zen emakumea. Hark bai erakutsi zuela Abenduko bihotz prestatua! “Hona hemen ni Jaunaren mirabea. Gerta bekit Zuk diozun bezala”.

Bai. Jaunaren etorrera gainean dugu. Etorrera hori, edo Eguberri izan daiteke, edo heriotze-eguna, edo gizadiaren bukaera, edo Jaunarekin egunero topo egiteko aukera..., baina Jaunaren etorrera gainean dugu. Askatasun eguna gainean dugu. Fetxa handia prestatzen segi dezagun inolako eragozpenik gabe.

Goazen Eukaristia ospatzera. Hemen ere Jauna badator. Eta askatasun betearen esperantza sortuko digu. Entzun dugun Hitzak eta Eukaristiaren ospaketak indar dezatela guregan Abenduko aurrera-pausoa.


Iñaki Beristain (2015-12-1)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 3, 1-6)

Esperantzaren deiak altxarazi eta zutik jarri gaitu Abenduaren argitan. Jauna badator! Baina, gauzak ez dira automatikoak izaten, ez giza mailan, ez sinesmen mailan. Gertaera guztiek izaten dute prozesu bat, bide bat, prestaera bat. Prozesuaren emaitza ere ez da izaten automatikoa, azkenean Jaunaren dohainarekin ari baikara, kontrolatu ezin dugun erregaluarekin.

Baina bidearen hasieran Elizak, lehen kristau-elkarteak bezala, Joan Bataitzailea ikusten du. Histori une jakin batean eta leku zehatz batean, basamortuan. «Prestatu Jaunaren bidea», hori da deia, hori aldarria. Datorkigun Jaunari bidea ireki behar diogu, haren etorrera hutsean geldi ez dadin.

Basamortuan. Basamortuaren larrugorritan. Basamortuaren barnetasun gordean. Basamortuaren bakardadean. Ezin gaitzake basamortuko lanean inork ordezkatu. Egin behar dugun berrialdiaren lana laztasunez egiteko lana da, azalkeria eta gezur asko baita zuritu beharrekoa. Injustizia asko bistara atera eta garbitu beharrerkoa.

Gaurko gizartean eta bizi dugun krisialdian, sekulako injustiziak gailendu zaizkigu. Ezberdinkeria sinesgaitzak. Zapalketa onartezinak. Eta koskak berdindu beharra daukagu. Jaunaren etorrerarako, bere horretan jasanezineko egoera eta bizilegea da hau. Bakoitzak geurean sortzen ditugun koskak eta gizartean denok sortu ditugunak.

Gaurko Elizan ere berdindu beharreko koskak, handiak. Eta, denen gainetik, Ebanjelioa zabaltzeko eginkizuna bazterrera uztea. Gure Eliza, gure gertukoa behintzat, neurri handi batean blokeo baten katean lotuta aurkitzen da. Iragana pisu egin zaigu, gaurkoa beldur eta etorkizuna iluntasun. Pisu hori Jaunaren errukitan erantzi beharko dugu, garbituz. Beldurra Ebanjelioaren konfiantzatan zuritu beharko. Eta etorkizuna argitu, Jaunaren leialtasunari gerritik helduta.

Abendu honetan bere burua askatzeko kapaz izango balitz, orduan legoke Eliza ebanjelizatzeko prest. Orduan hots egin lezake askatasuna, orduan salatu injustizia, orduan prestatu etxea behartsuenei eta zapalduenei. Bestela, beti etxera begira biziko gara, geure arazoei eta borrokatxoei begira.

Joan Bataiatzaileak hots egiten duen bideak Jesusengana darama. Jesusengana itzultzea dugu eskatzen eta eskain­tzen zaiguna. Jesusengana itzuliz bakarrik askatuko dugu Eliza eta gizartea. Orduan bihurtuko gara pobreentzat ahots adiskide, orduan beldurrik gabeko ahots salatzaile izango gara zapaltzaileentzat, orduan poztuko dugu gure elkartea eta gizartea. Geure gezurrak izutu egiten baikaitu barruan eta onartezineko bihurtzen gizartean.

Profeten eta Joanen eskutik, egin dezagun prestaera-bidea. Sinesmenaren urtea aukera egokia dugu fedea gihartzeko eta berritzeko. Aukera horretaz baliatuz, berdindu ditzagun bideko koskak, Jaunak eragozpenik aurki ez dezan.


Iñaki Beristain (2012-12-6)

(Igandeko ebanjelioa: Lk 3, 1-6)

Gure gizartean, eta erlijio-gaietan bereziki, “omen” hori asko erabiltzen da: esan omen du, jarri omen du, joan omen da... Entzutez edo susmoz jokatzen duten pertsonen jarrera adierazten du “omen” horrek. Hau horrela izaten da alor askotan, eta erlijioarenean zer esanik ez! Jainkoaz hitz egiten entzun dute askok. Jainkoa ba omen dela. Jainkoak hau eta bestea egin omen duela. Baina ez daukate inolako esperientzia pertsonalik. Elizkizunetara ere joan daitezke, baina sekula Jainkoari beren bihotza ireki gabe. Besteek esandakoaz gida­tzen dira, baina Jainkoaren barne-ahotsa ez dute sekula santan aditu.

Erabat sakabanatuak bizi gara, aski azaleratuak. Geure barrutik ihesi bezala gabiltza, geure barruko ardatzari erreparatu gabe. Gure bizitzari, dena bateratuko duen esperientzia sakona falta zaio. Lan egin, gozatu, sufritu... baina inolako sentidu bateratzailerik gabe. Eta sakabanaketa horretan ez dugu asma­tzen geure barrura sartzen eta geure barruan Jainkoaren presentziari antzematen. Ez dakigu Jainkoa “sentitzen”. Ez diogu Jainkoaren maitasun berritzaileari inolako tankerarik hartzen. Ez dakigu Jainkoarekin hitz egiten. Ez dakigu Jainkoaz gozatzen.

«Urra ezazue bidea Jaunarentzat» hots egiten du Joan Bataiatzaileak. Eta Jaunari prestatu beharreko bide hori ez da kanpokoa, lehen mailan behintzat. Barrukoa da. Jainkoari prestatu beharreko bidea kanpotik barrura daraman bidea da. Sakabanatuta ibiltzetik batasunera daraman bidea da. Geure barruko beldur eta ezinen artean Jainkoa aurkitzea. Geure barruko estalki eta babesak apurtu, eta Jainkoaren aurpegiari geure barruan forma hartzen uztea. Jainkoaren esperientzia pertsonala bizi izateko gogoa behar dugu. Gogoa edukiz gero, ez daukagu urruti joan beharrik. Geure bihotzean daukagu.

Bide-urratze honen etsairik handiena, betiko topikoetan geratzea da: ni txikitatik fededuna naiz, nik hori guztia badakit, nik esperientzia iluna izan nuen txikitan, erakutsi ziguten Jainko hura oso zigortzailea eta estutzailea zen, etab. Topiko tipiko hauek ihesbideak besterik ez dira. Topaketa pertsonal baten beldurra estal­tzen duten aitzakiak. Oso erraza da jasotako heziketa eta eliz erakundearen aka­tsak eta aipa­tzea; egin behar dena esperientzia pertsonal baten ariketa da. Pertsonalki Jainkoarekin aurrez aurre jartzea. Jainkoari bizitzan azaltzen uztea.

Alderdi horretatik, Abenduak eskatzen digun lehenengo jarrera, bilaketa dela esango nuke. Bilatzea da gizakiaren jarrera oinarrizkoa. Bilatzea baztertu duen gizakiak bere gizatasuna galdu du. Eta bilatzeak zer esan nahi du? Inori eta ezeri aterik ez ixtea, esperientzia egiteko prest egotea, inolako deiri ez entzuna ez egitea. Esango du norbaitek, nahi izanda ere, ez dela erraza Jainkoarekin topo egitea. Eta egia da. Horregatik atergabeko bilaketa. Kristau-fedearen ikuspegitik sekula ez baita amaitzen bilaketa; ezta aurkitutakoan ere. Jainkoa geure harira lotzerik ez daukagunez, beti “bilatua” izango da.

Abendua topaketarako prestaera da. «Urra ezazue bidea Jaunarentzat». Halako batean (inork ez daki noiz) Jainkoaren bisita suma­tzen da barruan. Beste ezerekin nahastu ezin daitekeen bisita ederra. Eta orduan den-dena berritzen da.

Alferrik da saioaren saioz gauzak aldatu nahia. Jaunarekin topo egiteak sortzen du sekulako berrialdia barnean. Urruti uste zenuena hurbildu egiten da. Zigortzaile uste zenuena, maitale eta onartzaile sentitzen duzu. Eta dena berria da. Orduan ez daukazu inork ezer esan beharrik. Zeuk ikusi duzu, zeuk en­tzun, zeuk sentitu. Orduan Jainkoa ez da ezezagun bat zuretzat. Orduan Jainkoa ez da izango, besteek hala esan dizutelako ba omen delako bat. Zeuk ikusi duzu.


Iñaki Beristain (2015-12-1)