URTEAN ZEHAR XXIV IGANDEA
C zikloaExodo Liburutik 32,7-11.13-14
Egun haietan, Jaunak honela hitz egin zion Moisesi:
- “Jaitsi zaitez menditik; bekatu egin du, zuk Ejiptotik ateratako herriak. Berehala okertu dira, Nik erakutsi nien bidetik; urrezko zekor bat egin dute, eta gurtu eta opariak eskaintzen dizkiote, eta esaten dute: ‘Hau da, Israel, Ejiptotik atera zintuen zure jainkoa’”.
Eta Jaunak berriro ere Moisesi:
- “Ikusten dut, herri hau lepagogor dela; utzidazu nere haserrea horien aurka sutzen, honda ditzadan; eta herri handi bat sortuko dut zugandik”.
Moisesek, ordea, honela otoitz egin zion Jaunari, bere Jaungoikoari:
- ‘Zergatik sutu behar du, Jauna, zure haserreak, indar haundiz eta esku sendoz Ejiptotik atera zenuen zure herri honen aurka?
Gogora itzazu zure serbitzariak, Abrahan, Isaak eta Israel, haiei honela zin egin bait zenien zeure buruagatik: “zuen jatorria zeruko izarrak adina ugarituko dut, eta aipatu dizuedan lurralde guzti hau zuen ondorengoei emango diet, betiko ondare izan dezaten’”.
Eta damutu zitzaion Jaunari, bere herriari egin zion zemaiaz.
ERANTZUN-SALMOA 50
ZUK EMAN, JAUNA, ARNAS BERRI,
SORTU NEREGAN BIHOTZ GARBI
Erruki zakizkit, Jainko, duzun maitasun haundiaz,
suntsi ezazu nire makurra zure amaigabeko errukiaz.
Garbi nazazu zeharo nire hobenetik,
ikuz nazazu nire gaiztakeriatik.
Nire bihurrikeria ezagutzen baitut,
nire hobena beti begien aurrean baitut.
Zuri egin dizut bekatu, Zuri bakarrik,
zure begietan oker dena egin dut nik.
San Paulo Apostoluak Timoteori 1 Tm 1,12-17
Anaia maite: Eskerrak ematen dizkiot Kristo Jesus gure Jaunari; izan ere, gai egin ninduen, neregan ustea izan zuen eta eginkizun hau nere eskuetan jarri; nahiz eta ni lehenago biraolari izan, erasotzaile eta laidotzaile. Jauna, ordea, errukitu zitzaidan, sinesgabea izanik ezjakinez egiten bait nuen egiten nuena. Eta Jainkoak gainezka isuri zuen bere grazia nere gainera, sinesmena eta kristau maitasuna emanez.
Benetako hitza da, eta erabat onartzekoa: Jesu Kristo bekatariak salbatzera etorri zela lurrera, eta hauetan aurrenekoa naiz ni. Horregatik iritsi nuen errukia, Jesu Kristok neregan erakus zezan lehenengo bere bihotz haundia, eta eredu izan nendin Harengan sinetsi eta betiko bizitza iritsiko dutenentzat.
Gizaldien Erregeari, Jaungoiko hilezkor, ikusezin eta bakarrari, aintza eta omena, gizaldi eta gizaldietan. Amen.
ALELUIA Jaungoikoa mundua berekin
adiskidetzen ari zen Kristogan,
eta guri eman zigun adiskidetzearen hitza. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen Liburutik 15,1-32
Aldi hartan, zergalariak eta bekatariak pilaka hurbildu ohi zitzaizkion Jesusi, entzutera. Eta farisearrak eta idazlariak marmarrean hasi ziren elkarrekin, esanez:
- ‘Honek ongi hartzen ditu bekatariak, eta jan ere egiten du haiekin’.
Orduan Jesusek parabola hau esan zien:
- “Zuetako batek, ehun ardi izan eta bat galtzen badu, ez al da, larogeitahemeretziak larrean utzita, galdutakoaren bila joaten, aurkitu arte? Eta, aurkitzen duenean, lepoan hartzen du pozik; eta etxera iristean, lagunei eta auzokoei deituta, esaten die: ‘Poztu zaitezte nerekin! Aurkitu dut galdu zitzaidan ardia’. Hara Nik esan: Poz haundiagoa izango da zeruan, bihotz-berritzen den bekatari bakar batengatik, bihotz-berritu beharrik ez duten larogeitahemeretzi zintzorengatik baino.
Eta emakume batek hamar drakma izan, eta bat galtzen badu, ez al du argia bizten, etxea garbitzen eta arduraz bilatzen, aurkitu arte? Eta aurkitzen duenean, lagunak eta auzokoak deituta, esaten die: ‘Poztu zaitezte nerekin! Aurkitu dut galdu zitzaidan drakma’. Hara Nik esan: Horrela poztuko dira Jaungoikoaren aingeruak bihotz-berritzen den bekatari bakar batengatik”.
[Orduan Jesusek parabola hau esan zien:
- “Gizon batek bi seme zituen; gazteenak honela esan zion aitari:
- ‘Aita, emaidazu dagokidan senipartea ondasunetatik’.
Eta aitak banatu egin zien ondarea. Egun gutxi barru, seme gazteena, bere gauza guztiak bilduta, urrutira joan zen; eta, lasaikerian biziz, ondasun guztiak jan zituen. Zituen guztiak eralki ondoren, gosete haundi bat sortu zen lurralde hartan, eta beharra sentitzen hasi zen mutila.
Orduan herri hartako batengana joan eta haren morroi jarri zen; eta hark bere larretara txerrizai bidali zuen. Txerriek jaten zuten ezkurrez sabela bete nahi izaten zuen, baina inork ez zion ematen. Orduan bere baitara itzuli, eta esan zuen:
- ‘Hamaika morroi ba da nere aitarenean, nahiko ogi duela, eta ni hemen goseak hiltzen. Altxa eta ba noa nire aitarengana, eta esango diot: Aita, bekatu egin dut zeruaren aurka eta zure aurka; ez dut gehiago zure seme izenik merezi; har nazazu zure morroietako bat bezala’.
Eta altxa, eta bere aitarengana abiatu zen. Oraindik urruti zegoela, ikusi zuen aitak, eta erruki izan zuen; joan zen lasterka harengana, besarkatu zuen eta musuka hasi zitzaion. Semeak esan zion: ‘Aita, bekatu egin dut zeruaren aurka eta zure aurka; ez dut gehiago zure seme izenik merezi’.
Aitak, ordea, esan zien bere morroiei:
- “Ekarri berehala soinekorik ederrena, eta jantz iezaiozue; ipin iezaiozue eraztuna eskuan, eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizena, eta hil; jan dezagun eta jai egin: nire seme hau hila bait zegoen, eta biztu egin da; galdua zegoen, eta aurkitu dugu”.
Eta hasi ziren jai egiten.
Seme zaharrena soroan zen; eta handik etxera hurbiltzean, soinu eta dantzak entzun zituen; eta morroi bati deituta, hura zer zen galdetu zion. Morroiak erantzun:
- ‘Zure anaia etorri da, eta aitak zekor gizena hil du, semea onik aurkitu duelako’.
Hura haserretu egin zen, eta ez zuen sartu nahi; eta aita, aterata, sartzeko otoika hasi zitzaion. Baina semeak erantzun zion aitari:
- ‘Horrenbeste urtetan zure zerbitzutan egon, zure esanik behinere egin gabe utzi ez, eta antxume bat bakarrik ere ez didazu sekulan eman lagun artean jateko; eta emagalduekin bere ondasunak janda, zure seme hori etorri denean, zekor gizena hil diozu’.
Aitak orduan:
- “Seme, zu beti nirekin zaude, eta nirea den guztia, zeurea duzu; jai egin behar genuen eta poztu; zure anaia hau hila bait zegoen, eta biztu egin da; galdua zegoen, eta aurkitu dugu”.]
Homiliak
Senide maiteok: gure kristau-bizierak egia pozgarri eta askatzailerik baldin badu, Jainkoaren errukiaren egia du pozgarri eta askatzailea. Jainkoak azkengabeko errukia duela. Jainkoak barkatzea maite duela. Jainkoak ezin duela gure galera onez sufritu. Jainkoa gure itzulerak pozten duela. Bihotza bere zabalera guztian garatzen duen egia da. Baina, zergatik ote da Jainkoaren errukia, ulertzea gehien kostatzen zaigun egia? Inoiz, gainera, zergatik sortzen ote digu kezka barruan Jainkoaren errukiak?
Gaurko irakurgaiek Jainkoaren errukiarekiko sintonian jarri gaituzte. Israel herriaren eta Jainkoaren arteko harremana beti izan zen gatazkatsua, tentsioduna. Herriaren bekatua eta Jainkoaren errukia beti aritu ziren tirabiran. Eta gaurko lehen irakurgaiak benetan Jainko harrigarria erakutsi digu: damutzen den Jainkoa da! Herriak bekatu egin du. Itun Zaharrean hainbestetan ohi denez, Jainkoak ezin du bekatu hori onartu. Herriak, bere bekatuaren neurriko zigorra sufrituko du. Baina, Moisesen erregura, Jainkoak bere barruari buelta ematen dio. Jainkoa damutu egiten da. Jainkoari bere barruko sentimendu ona gailentzen zaio. Guk egin dugun Jainkoa, dena dakien Jainkoa da, damutu ezin daitekeen Jainkoa, gaitza zigortzen duen Jainkoa, behin erabaki bat hartuz gero, atzera egiten ez dakien Jainkoa. Harrizko Jainkoa egin dugu. Eta Liburu Santuek erakusten diguten Jainkoa ez da horrelakoa. Ontasunak eta errukiak bihotza itzularazten diote Jainkoari.
Eta gero hau dena areagotu egiten da Testamentu Berrian. Israel herriaren Jainkoa beste era batera agertzen zaigu Jesusengan. Ez da bakarrik bekatua barkatzen duena. Ez da errukitsua bakarrik. Beste inoren gainetik bekatariak maite dituen Jainkoa da. Bekatariengana bihotza okertzen zaion Jainkoa da. Etxea hankaz gora jartzen du, galdu zaion bekataria bilatzeko. Mendiz mendi dabil, artaldetik joan zaion ardi galduaren bila. Bihotzean negar egiten duen Jainkoa da, etxetik semea joan zaiolako. Eta semearen itzulera sumatzen duenean, presaka bidera atera eta bidegaldua besarkatzen duen Jainkoa da. Ebanjelioak esan dizkigun hitzak ez genituzke sekula santan ahaztu behar: «Poz handiagoa izango da zeruan, bihotz-berritzen den bekatari bakar batengatik, bihotz-berritu beharrik ez duten laurogeita hemeretzi zintzoengatik baino».
Hau guk asmatu izan bagenu, ikaragarria izango zen, ez genuen onartuko. Baina ez dugu guk asmatu, Jesusek esan du. Baina guk zergatik ezin dugu errukizko izaera hau onartu Jainkoarengan? Zuzenkontrakoa iruditzen zaigulako! Ez zaigu zuzena iruditzen, bide okerra aukeratu duen ardi galduarengatik beste laurogeita hemeretziak uztea. Ez zaigu zuzena iruditzen seme galduari etxeko zekor gizena eskaintzen zaion bitartean, seme zintzoari antxume bat bera ere ez ematea. Bide okerra gehiago saritzen da, bide zuzena baino. Eta gu hain justiziazaleak izanik, ez zaigu barruan kabitzen Jainkoaren jokabide hori! Guk justizia eskatzen dugu.
Eta ez ulertze hori badakizu zergatik den? Geure burua zintzoa ikuten dugulako. Geure burua irabaziz jantzia ikusten dugulako Jainkoaren aurrean. Ba al dakizu zenbat meritu dauzkagun irabaziak gure jokaera txukunarekin? Eta Jainkoak guri bere errukia zor digu, ondo irabazia daukagulako! Eta justiziazkoa iruditzen zaigu Jainkoak guri bere bihotz ona erakustea! Ez dugu ezertxo ere ulertzen, Jainkoaren errukia ulertzen ez dugun bitartean. Jainkoaren errukia ulertu ez duenak ez du ezer ulertu. Gaurko parabolak ez dabiltza justiziazko gora-beheratan. Jainkoaren zuzentasuna beraren erruki azkengabean oinarritzen da. Jainkoak maite duena da, merezi ez duenari ematea. Jainkoak bere dohaina bekatariei ematea maite du, esker ona sortu nahi duelako. Begira: zuri gauza bat zor dizutenean eta ematen badizute, ez daukazu eskertu beharrik. Zor zizuten! Baina, zerbait erregalatzen badizute, inolako zorrik gabe, eskertu egiten duzu. Eta Jainkoak esker ona sortu nahi du. Horregatik ematen dio bere dohaina bekatariari!
Eta hau, askotan onartu ezina ikusten badugu ere, bere burua bekatari ikusten duenarentzat, pozgarria eta askatzailea da. Ba al dakizu zer nolako edertasuna sortzen dizun bihotzean Jainkoaren erruki honek? Ba al dakizu nolako esker ona sortzen dizun, merezi ez duzun besarkada jasotzen duzunean? Gure bihotza erabat zabaltzen digu Jainko onak. Benetan ona da gure Jainkoa, ustekabe ona, neurrigabe ona.
Eta honek guztiak, beste ondorio batera eraman behar gintuzke: errukitsu izatera! Mundu honetako harremanak justiziaren gainean eraiki nahi izaten ditugu. Eta ematen digunari ematen diogu, kentzen digunari kendu egiten diogu. Onari on, gaitzari gaitz! Ez gabiltza ondo. Jainkoaren bihotz onari begira, onak izaten ikasi behar genuke. Jaso gabe ematen ikasi behar genuke, gaitz egin digunari onez erantzuten, kalte egin digunari barkatzen. Jainkoak bezala errukiz jokatzen dakienak, errukiaren sari azkengabea jasoko du. Ez zor zaiolako! Jainkoak debalde ematen digulako baino.
Hasieran esan dut, eta berriro diot: Gure kristau-bizierak egia pozgarri eta askatzailerik baldin badu, Jainkoaren errukiaren egia du pozgarri eta askatzailea. Jainkoak azkengabeko errukia duela. Oraintxe bertan Eukaristian errukiaren beste agerpen zoragarri bat biziko dugu. Jainkoak maite gaitu. Jainkoak asko maite gaitu. Eta merezi gabe maite gaitu. Eskertzekoa.
Iñaki Beristain (2016-9-10)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Lk 15, 1-32) Gaurko Ebanjelio-atalak Jainko onaren erruki azkengabea erakusten digu. Jesusen Jainkoa errukiorra da. Eta guztiok onez eta erraz onartzen dugu Jainkoa halakoa izatea. Baina gero, erruki ori gure bizitzaren arazo eta zailtasunetara egokitu behar dugunean, hor hasten zaizkigu kontuak. Sufrimenduaren aurrean sortzen zaigun betiko galdera dago zuztarrean: sufrimendua ametitzen duen Jainkoa izan al daiteke errukior?
Hainbeste ezbehar eta desgraziaren aurrean (Siriara begiratzen dut adibide), batzuek bilatzen duten soluziobidea zera izan ohi da: horiek denak Jainkoaren zigorra direla pentsatu, bekatariak eta gaiztoak garelako. Baina argi dago hori ez dela Jesusen Ebanjeliotik atera daitekeen ikuspuntua: Jainkoa ez da, haserretzen denean gizakiak desegitera dedikatzen den jauntxo erretxindua. Jesusek erakutsi digun Jainkoa, gizaki bakoitzaren bidera presaka atertzen den Aita da. Gizakiaren galera ez, baizik gizakiaren festa maite duen Jainko kezkatua da. Gizaki galduaren besarkadara ateratzen den Jainko errukiorra da.
Guk pentsatu ohi dugu Jainkoak gure sufrimendua kendu egin behar lukeela, ez ligukela sufritzen utzi behar. Baina, Jainkoa gure sufrimenduan dago. Jainkoak «guregatik» eta «gurekin» sufritzen du. Jainkoak ez gaitu mundutik eta munduak berekin dituen sufrimenduetatik ateratzen. Jainkoak «munduan» askatzen gaitu. Jainkoak gure ezinean hartzen du gorputz. Gure beldur eta saminetan egin zen gizaki.
Beraz, Jainkoa sufritzen duen gizaki bakoitzarengan eta guztiengan dago. Jainkoaren isiltasuna ez da urrutira joan den baten ausentziatik sortzen den isiltasuna; gure sufrimendua sufritzen ari den eta gure sufrimentuarekin bat eginda dagoen Jainko onaren isiltasuna da. Askotan entzun dugu ikuskizun haren berri: ume judu bat heriotz-saminetan okertua, urkabe batetik zintzilik Auschwitzeko konzentrazio-esparruetan. Hura ikusten zegoen preso baten garrasia entzuten da golpean: «Non da Jainkoa?». Presondegi berean zegoen lagun batek erantzun zion: «Hortxe daukazu Jainkoa, urkabetik zintzilik».
Beraz, batek baino gehiagok pentsa dezake, Jainkoaren errukia benetan ahula dela, gaitzari indarra kentzeko kapaz ez bada. Jainkoaren eragina ahula, apala da, giza askatasuna errespetatzen duena, solidaritate handiko eragina. Ez ditu giza legeak hankapean zapaltzen. Baina, bide batez, Jainkoaren errukia indartsua da, bihotzak sendatzen baititu. Jainkoaren errukia, munduko indar guztiak baino indartsuagoa da, pertsonaren barrua gozatzen duelako. Gizaki galduaren bila dabilen Aita errukiorrak, giza duintasun ederrera jasotzen gaitu. Eta azkenean indarra horretan erakusten du: giza duintasuna sortu eta edertzeko gaitasunean. Dena txikitzen duen indarra ahula da. Duintasuna sortzen duen indarra da bikaina. Eta Jainkoa Aita denez eta duintasuna sortzen duenez, beraren errukia ahula eta indartsua da.
Iñaki Beristain (2013-9-14)