URTEAN ZEHAR V IGANDEA
C zikloaIsaias Profetaren Liburutik 6,1-2a.3-8
Ozias erregea hil zen urtean, Jauna ikusi nuen, errege-aulki garai eta goienean eseririk; eta Haren jantzi-barrenak jauretxea betetzen zuen. Haren gainean serafinak zeuden zutik, bakoitzak sei hegal zituela. Oihu haundiz, honela zioten elkarri:
- “Santu, Santu, Santua Jauna, diren guztien Jaungoikoa; lur osoa Haren aintzaz beterik dago”.
Oihu harekin ateek dardar egin zuten beren orpoetan, eta jauretxea kez bete zen. Eta nik esan nuen:
- ‘Ai ene, galdua naiz!
Ezpain zikineko gizona izanik,
eta ezpain zikineko herriaren erdian nagoena;
nere begiek Erregea, diren guztien erdian Jauna,
ikusi dute’.
Baina serafinetako bat etorri zitzaidan hegan, ikatz piztua eskuetan zuela, aldaretik suhatzez hartua, eta harekin ahoa ukitu zidan, esanez:
- “Ara, honek ukitu ditu zure ezpainak;
eta horra kendua zure errua,
eta barkaturik zure bekatua”.
Eta Jaunaren mintzoa entzun nuen esaten:
- “Nor bidaliko dut?
Nor joango da gure izenean?”
Eta nik erantzun:
- ‘Hona hemen ni, bidal nazazu’.
ERANTZUN – SALMOA 137
JAUNARI KANTA, ONA BAIT DA
HAIN DU HAUNDIA BERE BETIKO ERRUKIA.
Jauna, bihotz-bihotzez dizkizut eskerrak emango,
nire hitzak entzun dituzulako.
Eresi egingo dizut aingeruen aurrean,
ahuspeztuko naiz zure jauretxe santuan.
Eskerrak emango dizkiot zure izenari
ona eta leiala zarelako,
zure hitzak baitu zure izena egin haundiago.
Hots egin nizunean, entzun ninduzun,
eta nire bihotzean kemena indartu duzu.
San paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Kor 15,1-11
Senideok:
[Oroitarazten dizuet, neuk erakutsi nizuen Ebanjelioa, eta zuek hartu zenutena; horretan sendoki oinarrituak zaudete zuek eta horrek salbatzen zaituzte, nik erakutsi bezala eusten badiozue; bestela, alferrik sinetsiko zenuten.]
Hau zen, nik hartu bezala zuei lehendabizitik emandakoa: Kristo gure bekatuengatik hil zela, Liburu Santuak esan bezala, hobiratua izan zela, eta hirugarren egunean piztu, Liburu Santuak esan bezala; Pedrori agertu zitzaiola, eta gero Hamabiei. Gero, bostehun eta gehiago senideri batera agertu zitzaien –haietatik gehienak bizi dira oraindik, eta besteak hil ziren-. Gero Santiagori agertu zitzaion, gero apostolu guztiei; azkenik, xaxpiki bati bezala, agertu zitzaidan neri ere. [Apostoluetan txikiena bait naiz ni, apostolu izenik ere merezi ez dudana, Jaungoikoaren graziaz naiz naizen hau, eta Haren grazia ez da alferrikakoa izan niregan; haiek guztiek baino lan gehiago egin bait dut; ez, ordea, nik; Jaungoikoaren graziak, baizik, nirekin.]
Horrela, bada, bai haiek eta bai nik, hau hots egiten dugu, eta zuek hori sinesten duzue.
ALELUIA Zatozte Nirekin –dio Jaunak-
eta giza arrantzale egingo zaituztet. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen Liburutik 5,1-11
Aldi hartan, Jesus Genesareteko itsas bazterrean zegoelarik, eta herriak, Jaungoikoaren hitza entzun nahiez, estu inguratzen zuelarik, bi txalupa ikusi zituen itsas ertzean geldi; arrantzaleak sareak garbitzen ari ziren lehorrean. Sartu zen txalupa haietako batean, Simonenean, eta lurretik pixka bat urrutira zezala eskatu zion. Eta, eserita, txalupatik jendeari erakusten ihardun zuen. Hitzaldia bukatu zuenean, honela esan zion Simoni:
- “Jo ezazu itsas zabalera, eta bota zuen sareak arrantzurako”.
Simonek orduan:
- ‘Maisu, gau guztian horretan ari izan gara, eta ez dugu ezer atera; hala ere, Zuk diozunez gero, botako ditut sareak’.
Eta, hasi baziren hasi, izugarrizko arrantzua egin zuten, sareak lehertzeraino. Beste txalupa-lagunei keinu egin zieten laguntzera etortzeko. Etorri ziren, eta bi txalupak bete zituzten, ia hondatzeraino. Hori ikusi zuenean, Simon Pedro Jesusen oinetan ahuspeztu zen eta esan zion:
- ‘Zoazkit, Jauna, nire ondotik, bekatari naiz-eta’.
Izuak harturik bait zeuden bera eta lagun guztiak, ateratako arrantzuagatik; eta berdin gertatzen zitzaien, Simonen lagun ziren Zebedeoren seme Santiagori eta Joani. Eta Jesusek esan zion Simoni:
- “Ez izan beldurrik; hemendik aurrera giza arrantzale izango zara”.
Haiek txalupak lehorrera ekarri eta, denak utzita, jarraitu egin zioten.
Homiliak
Jesusek bere askatasun-lana ari du. Bere ondoan jendea erruz, egiten dituen ezaugarri mesianikoak ikusita. Jesusen hitzek eta egintzek daukaten indarra jendearen bihotz sakonera erortzen da, eder eta askatzaile. Eta giro horretan, bere ikasle izango direnei dei egiten die, gaurko fededunoi dei egiten digun bezala.
Dei horrek agintea darama beregan. «Jo itsas zabalera». Bizia ez dago gure segurantzen itsasertzean. Ebanjelioa bizi eta adierazi nahi duenak arriskatu egin behar du eta itsas zabalera jo behar du. Geure segurantza eta erosotasunak ertzean utzi eta, biluzik, hitzaren indarrean sinetsiz, barrura egin behar dugu.
Eta giza logika guztien kontra, berriro ere hitzaren indarrean sinetsiz, sareak bota behar ditugu. Ez genuen uste horrelakorik, baina Jesusen aginteak bere emaitza ikusgarria eskaintzen du. Jasotzen den emaitza ez da gure ahaleginen neurrikoa, Jesusen agintearen neurrikoa baizik. Garbi ikusten da, kristauaren eginahalak ezin duena, konfiantza xumeak badezakeela. Konfiantza garbiari ematen zaion fruitua da ikasleek jasotzen dutena.
Eta hor, Jesusen agintearen aurrean, eskemak apurtu egiten dira. Santuaren aurrean, gizakia bekatari sentitzen da. «Alde niregandik, bekataria naiz eta!». Ez da gauzak gaizki egin izanaren kontzientzia desegilea. Jainkoaren egintzaren aurrean sortzen den harridura da. Bekatuaren neurria ez baikara gu, Jaunaren presentzia baizik.
Harridura horretatik sortzen da bokazioa. Isaiasek barnean sentitzen duen borroka horri errepara iezaiozu: batetik, zikina ikusten du bere burua, ezereza, baliogabea, bekataria, inolako duintasunik gabea, ihes egingo luke gustura Jaunaren aurretik; baina, bestetik, indar erakartzaile eten ezinekoa ere sentitzen du, lilura. Eta indar horrek Jaunarengana hurbiltzen du.
Baina, gauza inportantea: bekatari-aitorpen honek ez du konfiantza gutxitzen. «Ez beldurtu!». Gertatu dena ez da izan Pedro eta lagunak izutzeko, haiei misio berrira dei egiteko baino. Hemendik aurrera, itsaso handiko arriskutan bizi izan dutena, gizartean biziko dute, hara bidaltzen baititu Jesusen deiak. «Giza arrantzale izango zara».
Gaurko Elizarentzat dei nabarmena dago pasarte honetan. Deia eta mesederako kritika. Gaurko eliztarrok itsaso handira salto egin beharra daukagu. Geure arazo txikietan gabiltza, geure zatiketa kaskarretan, geure doktrina-auzietan, geure moral-inposaketetan. Itsaso handia gizakien bihoz sufrituak dira, gaurko gizon-emakumeen zauri handiak, gizarteko «giza periferiak». Jesusek ez gaitu arraunketan ipini, itsasertzeko eztabaidetan gelditzeko, gaurko gizarteari Berri Onaren poza eramateko baizik. Gauzak zailak daudela?, itsasoa handia dela?, beldurra sentitzen dugula?
Begira, harridurak sortzen duen lilura eta zorabioa sentitzea da beharrezkoa, ez gure ezintasunaren beldurra sentitzea. Lilura horrek bakarrik eraman gaitzake jokaera zuzenera: alde batetik, geure bekatuaren neurria ikustera eta, bestetik, Jesusek egin dezakeenaren testigu izatera.
Dena arriskatu beharra daukagu. Gauzak garbi ikusi nahi ditugu itasora sartu aurretik eta hori ez da posible. Zer eta nola egin behar dugun garbi eduki nahi dugu. Eta falta zaiguna, itsasora salto egitea da, konfiantza izatea, gure logikak gainditzea. Beste guztiak aitzakiak dira, ezer ez egiteko aitzakiak. Itsaso handia arriskatu behar dugu!a
Iñaki Beristain (2016-2-1)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Lk 5, 1-11)
Jesusek bere askatasun-lana ari du. Bere ondoan jendea erruz, egiten dituen ezaugarri mesianikoak ikusita. Jesusen hitzek eta egintzek daukaten indarra jendearen bihotz sakonera erortzen da, eder eta askatzaile. Eta giro horretan, bere ikasle izango direnei dei egiten die, gaurko fededunoi dei egiten digun bezala.
Dei horrek agintea darama beregan. «Jo itsas zabalera». Bizia ez dago gure segurantzen itsasertzean. Ebanjelioa bizi eta adierazi nahi duenak arriskatu egin behar du eta itsas zabalera jo behar du. Geure segurantza eta erosotasunak ertzean utzi eta, biluzik, hitzaren indarrean sinetsiz, barrura egin behar dugu.
Eta giza logika guztien kontra, berriro ere hitzaren indarrean sinetsiz, sareak bota behar ditugu. Ez genuen uste horrelakorik, baina Jesusen aginteak bere emaitza ikusgarria eskaintzen du. Jasotzen den emaitza ez da gure ahaleginen neurrikoa, Jesusen agintearen neurrikoa baizik. Garbi ikusten da, kristauaren eginahalak ezin duena, konfiantza xumeak badezakeela. Konfiantza garbiari ematen zaion fruitua da ikasleek jasotzen dutena.
Eta hor, Jesusen agintearen aurrean, eskemak apurtzen dira. Santuaren aurrean, gizakia bekatari sentitzen da. «Alde niregandik, bekataria naiz eta!». Ez da gauzak gaizki egin izanaren kontzientzia gaiztoa. Jainkoaren egintzaren aurrean sortzen den harridura da. Bekatuaren neurria ez baikara gu, Jaunaren presentzia baizik.
Baina, bekatari-aitorpen honek ez du konfiantza gutxitzen. «Ez beldurtu!». Gertatu dena ez da izan Pedro eta lagunak izutzeko, haiei misio berrira dei egiteko baino. Hemendik aurrera, itsaso handiko arriskutan bizi izan dutena, gizartean biziko dute, hara bidaltzen baititu Jesusen deiak. «Giza arrantzale izango zara».
Gaurko Elizarentzat dei nabarmena dago pasarte honetan. Deia eta mesederako kritika. Gaurko eliztarrok itsaso handira salto egin beharra daukagu. Geure arazo txikietan gabiltza, geure zatiketa kaskarretan, geure doktrina-auzietan, geure moral-inposaketetan. Itsaso handia gizakien bihoz sufrituak dira, gaurko gizon-emakumeen zauri handiak. Jesusek ez gaitu arraunketan ipini, itsasertzeko eztabaidetan gelditzeko, gaurko gizarteari Berri Onaren poza eramateko baizik. Gauzak zailak daudela?, itsasoa handia dela?, beldurra sentitzen dugula?
Begira, harridurak sortzen duen lilura eta zorabioa sentitzea da beharrezkoa, ez gure ezintasunaren beldurra sentitzea. Lilura horrek bakarrik eraman gaitzake jokaera zuzenera: alde batetik, geure bekatuaren neurria ikustera eta, bestetik, Jesusek egin dezakeenaren testigu izatera.
Dena arriskatu beharra daukagu. Gauzak garbi ikusi nahi ditugu itasora sartu aurretik eta hori ez da posible. Zer eta nola egin behar dugun garbi eduki nahi dugu. Eta falta zaiguna, itsasora salto egitea da, konfiantza izatea, gure logikak gainditzea. Beste guztiak aitzakiak dira, ezer ez egiteko aitzakiak. Itsaso handia arriskatu behar dugu!
Iñaki Beristain (2013-2-7)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 5, 1-11)Oraindik ere badira, errudun sentitzearen errua erlijioari egozten diotenak. Inolako zalantzarik gabe esaten dute, erlijioa ezkutatuko balitz, errudun sentiarazten gaituen Jainkoa ezkutatuko balitz, ez litzatekeela erruaren kontzientziarik izango. Alegia, erruaren kontzientzia hori Jainkoak erabiltzen duela jendea lotuta edukitzeko. Edo hobeto esango genuke: erlijoek Jainkoaren aginduak eta horien osteko errudun-sena, jendea menpetzeko erabiltzen dituztela. Jainkoa kenduz, errua kendua!Badaukate deskuido ederra! Zer edo zergatik hitz egin du hainbat pentsalari modernok erruaren presentzia haizatu ezinaz. Giza zientziek, eta filosofiak bereziki, orrialde asko eta asko eman dizkiote gai honi. Gizaki orok bizi duen esperientzia da erruarena. Ona egin nahi eta gaizkia egin. Guztiok sentitzen dugu on egiteko bokazio jatorrizkoa; baina gaizkia egiten dugu, gaitz egiten dugu. Eta aipatzen dudan esperientzia hau ez da fedegabekoena bakarrik edo fededunena bakarrik. Guztiona da, fededun izan edo ez izan.Fededunok erruaren esperientzia Jainkoaren argitan bizi dugu. Egin beharreko galdera da, zein Jainkoren aurrean bizi dugun erruaren esperientzia hori. Erruaren karga inolako Jainkorik gabe bizi duenak, badauka nahikoa. Baina ez da nahikoa Jainkoaren aurrean bizi dugula esatea ere. Bai baitira erruaren esperientzia mindu eta sakondu egiten duten jainko-moldeak. Eta, kasu horietan, Jainkoak erruaren esperientzia sendatu ordez, kaltetu eta okerragotu egingo liguke. Eta hori ez da kristauari dagokion ikuspuntua.Penagarria da, baina den bezala esan beharko dugu: oraindik ere bada kristaurik (eta beldur naiz askotxo ez ote diren!), Jainkoaren aurrean barkazioa eta adiskidetzea gozatu ez duenik. Sekula ez dute Jainkoaren ontasunaren esperientzia mardul eta berritzailerik bizi izan. Eta batek askotan galdetzen dio bere buruari, nola demontre iritsi ote garen jarrera zapaltzaile horietara, Jesu Kristo ezagutu eta gero! Ez da ulertzen erraza, baina errealitatea ez dago ukatzerik. Bizikizun ilun horretatik jendea askatzeko egin dezakegun guztia ez da nahikoa izango.Zenbat jenderi sentiarazi ote zaio Jainkoaren beldurra! Jainkoak agindu mordo bat jarri digu bere komenentziara eta aginduak ez betetzeak zigorra dakarke. Jainkoaren kapritxoaren atzaparretan sentitzen da zenbait. Ez dute ulertzen, Jainkoak gure mesedea besterik ez duela nahi. Gaitza kendu nahi digula paretik, gaitzaren katean eror ez gaitezen. Bekatua, azken batean, ez dela Jainkoari egiten diogun kaltea, geure buruari egiten dioguna baino. Hori bai, Jainkoari ezerk ematen baldin badio min, guri egindako kalteak ematen dio. Jainkoak onez nahi gaitu.Jainkoa barkazioaren eta adiskidetzearen iturritzat ikusi eta hartzeak ez du, ordea, maitasunari zor zaion erantzukizuna gutxitzen. Hau da bestea: zenbaitek erruaren pisua arindu du, erantzukizuna gutxituz. Pentsatzen dute nonbait, legeak erantzukizun gehiago sortzen duela maitasunak baino. Eta hori, zorionez, ez da horrela. Maitasunak sortzen du bizitzarako edertasunik bikainena eta, bide batez, maitasun hori hutsean uzteko kezka ere bai. Eta kezka horretatik dator fededunaren erantzukizuna. Jainkoak gehiegi maitatu gaitu, maitasun horrekin jolasean ibiltzeko.Ebanjelioko Pedroren jarrera hor dago. Jesusen oinetara ahuspezten da bere erruaren pisu astunez makurturik: «Zoazkit, Jauna, nire ondotik, bekatari naiz eta». Jesusen erantzuna: «Ez izan beldurrik; hemendik aurrera giza arrantzale izango zara». Barkazio eta adiskidetze horretatik sortzen da fededunaren bokazioa eta eginkizuna. Erruaren losazpitik askaturik, bizi dezakegu misioa. Bestela, erruaren azpian badugu nahiko arazo, beste ezertara emana bizitzeko. Bai, errudun gara; hala esaten digu bakoitzari esperientziak. Baina, errudun zeren aurrean edo noren aurrean? Hortxe dago koska!
Iñaki Beristain (2016-2-1)