JAUNAREN NEKALDIKO ERRAMU IGANDEA

C zikloa

Monizioa:


Senide maiteok: Garizumako aldi honetan, bihotzak prestatzen aritu gara penitentziaz eta maitasun-egintzez. Hurbil dugu Bazko-jaia. Eliza guztiarekin batean bildu gara gaur, Jaunaren bazko-misterioari hasiera emateko. Misterio hori, Jesu Kristoren nekaldia eta biztuera dira. Misterio hori betetzeko sartu zen Jesus Jauna Jerusalengo iri santuan. Beraz, gu salbatzeko egin zuen sarrera horren oroipena ospa dezagun fedez eta maitasunez, eta jarrai diezaiogun eta lagundu gure Jaunari, Haren gurutzean bat eginda, Haren biztueran eta bizian ere bat egin dezagun.
Bedeinkapen otoitza
Jainko ahalguztidun betierekoa,
bedeinka itzazu + erramu-adar hauek;
eta egizu, Kristo gure Erregeri
goraka eta kantari jarraitzen diogunok
Haren bidez betiereko Jerusalema iritxi gaitezela.
Errege bizi bait da gizaldi eta gizaldietan. AMEN.
Prozesioko EBANJELIOA
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 19,28-40
Aldi hartan, Jesus Jerusalengo bidean gora abiatu zen denen aurretik. Betfage eta Betania-ra hurbildu zenean, Olio-mendi deritzanaren ondoan, bere ikasleetako bi bidali zituen, esanez:
- “Zoazte aurreko auzo hortara; eta hor sartzean, astakume bat aurkituko duzue lotuta, oraindaino gainean iñor jarri ez zaiona. Askatu eta ekar iezaidazue. Eta inork galdetuko balizuete, zergatik askatzen duzuen, zuek erantzun: ‘Jaunak behar du’”.
Joan ziren bidalitakoak, eta Harek esan bezala aurkitu zuten. Eta astoa askatzen ari zirela, jabeek esan zieten: ‘Zergatik askatzen duzue astoa?’ Eta haiek erantzun : ‘Jaunak behar du’.
Eraman zioten Jesusi, eta beren soinekoak astogainean ipinita, gainera igotzen lagundu zioten. Eta aurrera zijoala, jendeak beren soinekoak zabaltzen zizkion bidean. Olio-mendiaren beheko aldera hurbildu zenean, ikasle talde osoa pozez beterik, oihuka hasi zen Jaungoikoa goresten, ikusi zituzten mirari guziengatik, esanez: ‘Bedeinkatua, Jaunaren izenean errege datorrena! Bakea zeruan eta aintza zeru goienetan!’.
Jende arteko farisear batzuek honela esan zioten: ‘Maisu, ixil erazi itzazu zure ikasleak!’
Jesusek erantzun: “Hara Nik esan: Hauek ixiltzen badira, harriek egingo dute deadar”.
Isaias Profetaren liburutik 50,4-7
Ikasi baten mingaina eman dit nere Jaunak,
hitz bizkorgarria eman diezaiedan nekatuei;
belarria esnatzen dit goizero,
ikasiek bezala entzun dezadan.
Jaunak belarria ireki dit,
eta nik ez diot gogorrik egin;
ez dut atzera egin.
Bizkarra ipini diet, jotzen nindutenei;
masaila, bizarretik tiraka ari zitzaizkidanei,
ez diet aurpegia saihestu irainei eta listuei.
Nere Jauna nuen laguntzaile;
horregatik ez nintzen lotsatu;
horregatik ipini nuen aurpegia, harri gogor bezala;
eta badakit ez naizela lotsagarri gertatuko.
ERANTZUN-SALMOA 21
NIRE JAINKOA, NON ZAUDE ZU?
NOLA ESKUTIK UTZI NAUZU?
Ikusten nautenak honela ari zaizkit barreka,
ezpain-keinu eta buru-eraginka:
‘Jaunagan du usteon, salba beza;
maite badu, onik atera beza’.
Nire jantziak berentzat banatzen dituzte,
nire soinekoa zotz egiten dute.
Zu, ordea, Jauna, ez egon urrun,
Zu, nire indar, zatozkit azkar nere lagun.

San Paulo Apostoluak Filipotarrei 2,6-11


Kristo Jesusek, Jainkoaren izaera bereko izanik,
ez zion gogor eutsi Jainkoarekin berdin izateari;
bestela baizik, bereaz hustu egin zen,
morroi izaera hartuz,
eta beste edozein bezala azalduz.
Eta gizon bezala agerturik,
apaldu egin zuen bere burua,
menpeko eginez heriotzaraino,
gurutzeko heriotzaraino.
Horregatik Jainkoak goratu egin zuen,
eta izen guztien gaineko izena eman zion,
Jesusen izenera belaun guztiak makur daitezen,
zeruan, lurrean eta lurpean,
eta mingain guztiek aitor dezaten:
Jesu Kristo, Jauna da, Aita Jainkoaren aintzarako.

EBANJELIOA


Kristo gugatik menpeko egin zen heriotzaraino,
gurutzeko heriotzaraino.
Horregatik Jainkoak goratu egin zuen,
eta izen guztien gaineko izena eman zion.

Jesu Kristoren Nekaldia san Lukasen liburutik 22,14--23,56


[K.- Ordua etorri zenean, jarri zen Jesus mahaian bere apostoluekin, eta esan zien:
+.- Ba neukan gogoa, Bazko-afari hau zuekin jateko, nire nekaldi aurretik. Hara nik esan: Ez dut berriro jango, Jaungoikoaren erreinuan beteko den arte.
K.- Eta edanontzi bat hartu, eskerrak eman eta esan zuen:
+.- Hartu eta bana ezazue zuen artean. Hara Nik egia esan. Ez dut gehiago ardorik edango, Jaungoikoaren erreinua etorri arte.
K.- Gero ogia hartu eta esker-otoitza eginez, zatitu zuen eta eman zien, esanez:
+.- Hau nire gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri.
K.- Afal ondoan berdin egin zuen edanontzia hartuta, esanez:
+.- Edanontzi hau itun berria da, zuentzat isurtzen den nire odoletan seilatua.
Begira ordea: Ni saltzen nauenak, Nerekin batean dauka eskua mahaian. Gizonaren Semea badihoa, erabakita dagoen bezala, baina zoritxarrekoa, Hura salduko duena!
K .- Haiek elkarri galdezka hasi ziren, zein izan ote zitekeen beren artean, hori egitera zihoana. Eztabaida sortu zen ikasleen artean, zein ote zuten haundiena beren artean. Jesusek esan zien:
+.- Herrietako erregeek menpean dituzte beren herriak; eta menperatzaile direnek, ‘ongile’ izenez deituak nahi dute izan. Zuek, ordea, ez horrelakorik egin; baizik zuetan haundiena, izan bedi txikiena bezala, eta agintari dena, serbitzari bezala. Izan ere, nor da haundiago, mahaian jarrita dagoena, ala serbitzen ari dena? Ez ote da, mahaian jarrita dagoena? Horra, bada: Ni zuen artean serbitzari bezala nago.
Zuek Nerekin iraun duzue nere estualdietan, eta zuei ematen dizuet erreinua, Aitak Neri eman zidan bezala; nere mahaian jango duzue eta edango nere erreinuan, eta jaun-aulkietan eseriko zarete, Israelgo hamabi leinuen epaile.
K.- Eta esan zuen gainera:
+.- Simon, Simon! Satanas zuen bila dabil, garia galbahian bezala zuek astintzeko; baina Nik otoitz egin dut zuretzat, zure fedea itzal ez dadin. Eta zuk, bihotz-berritzen zarenean, sendo itzazu zure senideak.
K.- Pedrok orduan:
S.- Jauna, prest nago ni, Zurekin presondegira eta heriotzara ere joateko.
K .- Jesusek erantzun zion:
+.- Hara Nik esan, Pedro: Gaur oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko duzu, Ni ezagutzen nauzula.
K.- Eta guztiei esan zien:
+.- Zerbaiten faltarik izan al zenuten diru-sakelik gabe, eta bide-zorrorik eta oinetakorik gabe bidali zintuztedanean?
K.- Haiek erantzun zioten:
S.- Ezer ez.
K.- Jesusek berriro:
+.- Orain, ordea, diru-sakelik duenak, har dezala; berdin bide-zorroa ere; ezpatarik ez duenak, sal dezala soinekoa, eta erosi ezpata. Egiaz bait diotsuet: Niregan bete beharra dela idatzirik dagoen hau: Gaizkiletzat hartu zuten. Niretzat esanak, laster beteko dira.
K.- Haiek esan zioten:
S.- Jauna, hemen badaude bi ezpata.
K.- Hark erantzun:
+.- Nahikoa da.
K.- Atera zen Jesus eta, ohi zuen bezala, Oliamendira joan zen; ikasleek ere jarraitu zioten. Iritsi zirenean, honela esan zien:
+.- Egizue otoitz, tentaldian eror ez zaitezten.
K.- Berak, haiengadik aldendu eta, harrikada bat bide joanda, belauniko honela egiten zuen otoitz:
+.- Aita, nahi baduzu, ken Niregandik kaliza hau; baina ez bedi nire nahia egin, zurea baizik.
K.- Honetan, aingeru bat agertu zitzaion zerutik, indar ematera. Larria sartu zitzaion Jesusi, eta areago otoitz egiten zuen. Odol-tantoen antzeko izerdia zerion lurreraino.
Otoitzetik zutiturik, joan zen ikasleengana eta, atsekabearen indarrez, loak hartuak aurkitu zituen. Eta esan zien:
+.- Lo al zaudete? Jaiki zaitezte eta egin otoitz, tentaldian eror ez zaitezten.

K.- Oraindik hizketan ari zela gizatalde bat agertu zen; Judas zeritzan Hamabietako bat zetorren aurretik; hurbildu zitzaion Jesusi, eta musu eman zion. Jesusek esan zion:


+.- Judas, musu batekin saltzen al duzu Gizonaren Semea?
K.- Harekin zeudenek, zer zetorren ikusirik, honela zioten:
S.- Jauna, joko al ditugu ezpataz?
K.- Eta haietako batek, apaiz nagusiaren morroia jo, eta eskuineko belarria moztu zion. Jesusek orduan:
+.- Nahikoa da. Utzi!
K.- Eta belarria ukituz, sendatu egin zuen. Eta honela esan zien bila zetozkion apaiz nagusi, jauretxeko agintari eta herriko zaharrei:
+.- Lapur batengana bezala etorri zarete, ezpata eta makilekin. Egunero zuen artean ninduzuen jauretxean, eta ez zenidaten eskurik erantsi; baina hau da zuen ordua, ilunbearen nagusialdia.
K.- Haiek lotu zuten, berekin eraman eta apaiz nagusiaren etxean sartu zuten. Pedrok urrutitik jarraitu zion.
Barruko atari erdian sua biztu zuten; eta inguruan eserita zeudela, Pedro ere haien artean eseri zen. Neskame batek, su ondoan eserita ikusi zuenean, berari begira-begira jarrita, esan zion:
S.- Hau ere Harekin zegoen.
K.- Baina Pedrok ukatu egin zuen:
S.- Emakume, nik ez dut Hori ezagutzen!
K.- Geroxeago, beste batek ikusita, esan zion:
S.- Zu ere horietakoa zara.
K.- Eta Pedrok:
S.- Ez, gizona! Ni ez!
K.- Handik ordubetera-edo, beste batek gogor egiten zion:
S.- Inondik ere hau Harekin zegoen; galilearra da, gainera.
K.- Pedrok erantzun zuen:
S.- Ez dakit zer diozun, gizona!
K.- Eta oraindik hizketan ari zela, oilarrak jo zuen. Jaunak, itzulirik, begiratu zion Pedrori; eta Pedrori Jaunak esandakoa gogoratu zitzaion: “Gaur oilarrak jo baino lehen, zuk hiru aldiz ukatuko nauzu”. Eta kanpora aterata, negarrari eman zion saminki.
Jesus zaintzen zeudenek burlaka eta joka zerabilkiten; eta begiak zapiz estalirik, galdetzen zioten:
S.- Egizak profetarena; asmazak: nork jo hau?
K.- Eta beste era askotara irainak egiten zizkioten.
Eguna argitu zuenean, herriko zaharrak, apaiz nagusiak eta idazlariak batzarrean bildu ziren; eta Batzarraren aurrera eramanez, esan zioten:
S.- Mesias Zu baldin bazara, esaguzu.
K.- Eta Berak erantzun:
+.- Esaten badizuet, ez didazue sinetsiko; eta galdetzen badizuet, ez didazue erantzungo. Baina hemendik aurrera, Gizonaren Semea, Jaungoiko ahalguztidunaren eskuin aldean jarririk egongo da.
K.- Eta denek esan zuten:
S.- Beraz, Jaungoikoaren Semea zara Zu?
K.- Hark erantzun:
+.-Zeurok diozue: hala naiz.
K.- Eta haiek orduan:
S.- Ba al dugu beste testigantzaren beharrik? Geuk entzun dugu bere ahotik.]
K.- Jaiki ziren denak -herriko zahar, apaiz nagusi eta idazlari-, eta Pilatorengana eraman zuten.
Eta salatzen hasi zitzaizkion, esanez:
S.- Gure herria nahasten aurkitu dugu hau, eta Zesarri ordaindu beharra ukatzen, eta Bera Mesias eta errege dela esaten.
K.- Pilatok galdetu zion:
S.- Zu judutarren errege al zara?
K.- Jesusek erantzun zion:
+.- Zerorrek diozu.
K.- Orduan Pilatok apaiz nagusiei eta jende-taldeari honela esan zien:
S.- Nik ez diot errurik aurkitzen gizon honi.
K .- Baina haiek zorrotzago esaten zioten:
S.- Herria nahasten dabil bere erakutsiekin Judea guztian, Galileatik hasi eta honeraino.
K.- Hori entzutean, Pilatok galilearra al zen galdetu zuen. Eta Herodesen menpekoa zela jakin zuenean, harengana bidali zuen, hura ere Jerusalenen bait zen egun haietan.
Biziro poztu zen Herodes Jesus ikustean. Aspalditxo, Hura ikusi nahiz bait zegoen. Hartaz entzuna zeukanagatik, eta mirariren bat egiten ikusiko zuela uste bait zuen. Galdera asko egin zion; baina Hark ez zion hitzik ere erantzun. Apaiz nagusiak eta idazlariak han ari ziren salatu eta salatu. Herodesek, bere gudariekin, gutxiespen eta isekarik asko egin ondoren, soineko zuri bat jantzi eta Pilatorengana bidali zuen berriro. Egun hartan adiskidetu ziren Pilato eta Herodes; artean etsai bait ziren.
Deitu zituen Pilatok apaiz nagusiak, agintariak eta herria, eta esan zien:
S.- Gizon hau, herriaren nahasle bezala ekarri didazue; galderak egin dizkiot zuen aurrean, eta nik ez diot errurik aurkitzen gizon honi, zuek salatzen dizkiozuen gauzetan. Herodesek ere ez, berriro guregana bidali du-eta. Ikusten duzue, ez zaiola ezer aurkitu, heriotzea merezi duenik. Beraz, zigortu ondoren, askatu egingo dut.
K.- Preso bat askatu behar izaten zien Festaburuan. Baina guztiek aho batez honela esan zioten deiadarka:
S.- Ken Hori, eta aska iezaiguzu Barrabas.
K.- (Hau, herrian izandako matxinadagatik eta heriotza batengatik zeukaten espetxean). Pilatok, Jesus askatu nahiz, berriro hitzegin zien. Baina haiek deiadarka jarraitu zuten:
S.- Josi Hori! Josi gurutzean!
K.- Hirugarren aldiz esan zien:
S.- Zer oker egin du, bada, Honek? Heriotza merezi duenik ezer ez diot aurkitu. Beraz, zigortu ondoren, askatu egingo dut.
K.- Baina haiek, are eta gehiago ekiten zioten deiadarka, gurutzean josi zezala; eta haien deiadarrak gero eta haundiagoak ziren. Pilatok haien eskabidea bete zedila erabaki zuen. Askatu zuen haiek eskatzen zutena –matxinada eta heriotzagatik espetxean zegoena-, eta Jesus haien esku utzi zuen.
Jesus zeramatela, sorotik zetorren Simon izeneko zirenear bat hartu zuten eta gurutzea leporatu zioten, Jesusen atzetik eraman zezan.
Gizatalde haundia zihoan Haren atzetik; baita emakumeak ere, bular-joka eta negarrez Harengatik.
Itzuli zen Jesus haiengana, eta esan zien:
+.- Jerusalengo alabak: ez egin negarrik Niregatik; egizue negar zeuengatik eta zuen umeengatik; etorriko bait dira, honela esango den egunak: ‘Zorionekoak agorrak, haurrik egin ez duten sabelak, eta haurrik hazi ez duten bularrak!’ Orduan, honela hasiko dira mendiei esaten: ‘Eror zaitezte gure gainera’, eta muinoei: ‘Estal gaitzazue’. Egur hezearekin hau egiten badute, zer ez ote da gertatuko iharrarekin?
K.- Ba zeramatzaten beste bi gaizkile ere, Harekin batean hiltzeko.
Buruhezurtegi deritzan lekura iritsi zirenean, han josi zuten Jesus gurutzean, eta bi gaizkile Harekin batean, bata eskuinetan, eta bestea ezkerretan. Jesusek honela zioen:
+.- Aita, barka iezaiezu, ez dakite-eta zer ari diren.
K.- Txot egin zuten, Haren jantziak zer norentzat.
Herria begira zegoen. Agintariak keinuka ari zitzaizkion, eta honela zioten:
S.- Besteak salbatu dizkik; salba dezala bere burua, Jainkoaren Mesias eta Aukeratua baldin bada.
K.- Gudariek ere iseka egiten zioten, ozpina emanez eta esanez:
S.- Judutarren erregea baldin bahaiz, salbazak heure burua!
K.- Gainean idazkun bat ipini zioten, grekoz, latinez eta heberkeraz idatzirik: HAU DA JUDUTARREN ERREGEA.
Gurutzetik zintzilik zeuden bi gaizkileetako bat irainka ari zitzaion:
S.- Hi ez al haiz Mesias? Salbazak heure burua eta salba gaitzak gu!
K.- Baina besteak honela esan zion haserre:
S.- Hik ere, zigorpe berean egonda, ez al diok beldurrik Jaungoikoari? Guk ondo merezia diagu, gure eginengatik; Honek, ordea, ez dik inolako gaitzik egin.
K.- Gero esan zuen:
S.- Jesus, oroi zaitez nitaz, zure erreinura iristean.
K.- Eta Jesusek berari:
+.- Benetan diotsut: Gaur Nirekin izango zara paradisuan.
K.- Eguerdi inguru zen, eta lurralde hura guztia ilunbetan gelditu zen, arratsalde-erdira arte; eguzkia ilundu zen eta jauretxeko oihala erdibi egin zen. Eta Jesusek deiadar haundiz honela esan zuen:
+.- Aita, zure eskuetan uzten dut nire espiritua!
K.- Eta hori esanda, azken arnasa eman zuen.
(Hemen, belauniko jarri eta egonalditxo bat egiten da)
Gudari-ehuntariak, gertatu zena ikusirik, honela goresten zuen Jaungoikoa:
S.- Gizon hau, benetan, zintzoa zen!
K.- Eta zerikusiko joan zen jende guztia bular-joka zetorren, gertatu zena ikusirik. Han zeuden, urrutitik begira, Haren ezagun guztiak, eta Galileatik Hari jarraituz etorritako emakumeak, hori dena ikusten.
[ Orduan Batzarreko bat, Jose zeritzana –gizon on eta zintzoa, judutarren erabakiak eta eginak ontzat hartu ez zituena, Judeako Arimatea herrikoa, eta Jaungoikoaren erreinua itxadoten zuena-, Pilatorengana joan zen, Jesusen gorputza eskatzera. Jaitsi zuen gurutzetik eta izara batetan bilduta, lehen ehortzi gabeko harkaitz-hilobian ipini zuen.
Prestaera-eguna zen, eta larunbata hastera zihoan. Jesusekin Galileatik etorritako emakumeak Joseri jarraitu zioten, hilobia ikusi nahiz, eta Haren gorputza nola jartzen zuten. Itzuli ziren, eta gantzu usaigozodunak eta mirra prestatu zituzten. Larunbatean, berriz, geldirik egon ziren, aginduta zegoen bezala.]


Homiliak

Homiliarik ez da eskaintzen, arrazoi batengatik, onena Nekaldia patxadan irakurtzea delako. Eta behin Nekaldia irakurrita, homilia egitea luzeegi gerta daiteke.

1 - Profetari eginkizun bat eman zaio, herri eroriari esperantzaren hitza eramatea. Herriaren erorialdia eta zailtasunak bizi ditu profetak bere misioan. Jesusengan beteko da lehenengo irakurgai hau bere osoan.

2 - Jainkoak gizakiaren maila hartu du, hori ikusten dugu Jesusen Nekaldian. Baina, nekaldi zena goraldi gertatuko da, Jainkoaren eskutik.

HERRI-OTOITZA

Guregatik gurutzean hil den Jesusengan sinetsiz, otoitz egin dezagun geure alde eta gizon-emakume guztien alde. Eska diezaiogun maitasuna eta errukia guztiontzat. [Eska dezagun:

KYRIE, ELEISON!]

* Gizon-emakume guztien bihotzetan hazi daitezen maitasunezko, barkaziozko eta onginahizko sentipenak.

* Jesu Kristoren Nekaldiaren indarrak Eliza berri dezan, eta behartsuenen eta zokoratuen zerbitzari errukitsu egin dezan.

* Euskal Herrian bizi den kristau elkarteak, bere bihotz-berritzearen emaitza bezala, Gurutzeko Pazkoaren askatasuna jaso dezan.

* Ebanjelioaren argiak poztu eta esperantzaz bete ditzan gaixo, ezindu eta sufritzen duten guztiak eta, batez ere, gerran edo miserian gehien sufritzen ari direnak.

* Jaunaren Nekaldi eta Piztuera ospatzeak gure kristau izatea sakondu eta indartu diezagun.

Jaun ona, entzun zure herriaren otoitza eta salba ezazu Jesu Kristoren nekaldiaz. Bera bitarteko hartuta eskatzen dizugu, bera baita garaile bere maitasunaz gizaldi eta gizaldietan.


Iñaki Beristain (2016-3-15)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 22, 14–23, 56)

Gurutzearen ordua dugu, maitasun neurrigabearen ordua, barkazioaren ordua, besarkada zabal-estuaren ordua, Jainkoaren ordua. Ordu horrek berekin du beste ordua ere: bakardadearena, saminarena, baztertua izatearena, gaitzarena, infernuarena, bekatuarena, heriotzarena. Ordu handiaren kanpaiak jo du gaur, Erramu igandeko erramu goratzaileen soinutan. Erregea da eta hala aitortzen dugu, baina errege maitasunaren apaltasunean, bere burua entregatuz.

Barkazioaren hitza esaten du Jesusek gurutzean: «Barka iezaiezu». Nola izan liteke barkazio-hitz bihurtzea gaitzaren hitz beltza! Gizakien zapuzketak bere gailurra harrapatzen duen ordua, barkazio ederrenaren ordu eta hitz bihurtzen zaigu. Jesusek bere bizialdian erakutsi digun Aitaren bihotz neurrigabe ona orain azaltzen da bere beteenean. Errukiaren ordua da, onginahiaren ordua.

Biziaren ateak zabaltzeko hitza esaten du Jesusek gurutzean: «Gaur nirekin izango zara». Denok gaude gurutzeko gaizkilearen larru-azalean. Gaitzaren joak zaurituta gaude gu ere. Baina, ezer ez da betiko galdu. Jesus tartean dabilenean, «dena» da posible, eta posible den «dena» hori bizia da, betiko bizia. «Gaur» berri baten izaera berria estreinatu digu Jesusek gurutzetik. Erreinuko ateak betiko zabal irekita utzi dizkigu.

Eta, azkenik, konfiantzaren hitza esanez hiltzen da Jesus: «Zure eskuetan uzten dut bizia». Berriro kontraesana: bakardade ilunenean konfiantza ederrena. Jesusek gaitzaren ordu beltza, konfiantza sakonenaren hitz bihurtu du. Jesusek bai baitaki, bere sinesmen sakonean jakin, Aitak ez duela eskutik utziko. Badaki gaitzaren zauriak kontatuak dituela bere orduak. Gaitzaren orduak azkeneko ordua jo duela gurutze honetan.

Barkazioa, paradisua eta konfiantza, hirurak hots egin ditu Jesusek gurutzearen azken orduan. Hirurak behar ditugu geure ordu pertsonalean, hirurak Elizaren eta gizartearen ordu komunitarioan. Barkazioaren behar aitortu gabe barruan daramagu denok, era batear edo bestera aitortua. Geure kontzientziak hainbeste eta hainbestetan samintzen gaitu! Ez ote da barkaziorik gure barru nekatu honentzat?

Barkazioarekin paradisua. Gure bizitza guztia paradisu bila ibilita, azkenean Jesusen gurutzean paradisua? Zoriona, gizatasun betea, maitasunaren gunea, elkartasuna, beldurrik eza, atsedena... Paradisua! Zenbat bizi eta zenbat indar galdu dugun alferrik zorion bila, herio beteko ahaleginean! Hortxe daukagu, gurutzearen maitasunean! Doan!

Eta konfiantza. Eusten digun konfiantza. Barrutik indartzen gaituen konfiantza. Bizitzan aurrera egiteko argia pizten digun konfiantza. Gauza eta gertaera guztiek beren sentidua dutela erakusten digun konfiantza. Etsipenean erortzen uzten ez digun konfiantza.

Bai, gurutzeak hitz egin du! Eta gurutzeko hitz horretan maitasuna entzun da!


Iñaki Beristain (2013-3-22)

(Igandeko ebanjelioa: Lk 22, 14 – 23, 56)Berriro ere iritsi gara garai nagusira. Erramu Igandeko Nekaldiarekin maitasunaren bide sakon eta argizkoetan sartzen gara. Hortik aurrera ospatuko dugun guztia maitasunaren argazkia eta historia baita, ezer baldin bada. Garizumak eman digun bihotz berriak maitasun horren taupadak sentituko ditu, maitasunaren lehen unera etorri balitz bezala. «Lehenengo aldiz» biziko dugu betiko maitasuna. Beti berria izan Jainkoaren maitasun neurrigabea!Erramu Igandeak Jainkoaren maitasunaren alderdi biak erakusten dizkigu: maitasunaren garaipen apala eta maitasunaren nekaldi aintzatsua. Kontraesan handi baten sabelean sartzen gara, izan ere. Jesusek asto apalaren gainean erakusten duen garaipena, benetako garaipena da bere apalean. Maitasunak ez baitu buila eta zarata handirik behar. Maitasunak beti irabazten du gizakiaren bihotza. Inposiziorik gabe, gogorkeriarik gabe, askatasuna errespetatuz eta indartuz... Maitasunaren dinamika garailea!Eta erramu-adarren garaipenetik gurutzeko nekaldira pasako gara. Eta batek esango luke maitasunarenak egin duela dena neke eta dena odol ikusten den koadro horren aurrean. Hainbesterainoko nekeak ez du sentidurik. Hainbesterainoko beheraldiak ezin dezake izan ezer positiborik. Baina, bai! Jesusen nekaldia aintzaz betea dator, maitasunaren edertasunez argitua. Kasu honetan ere, maitasuna baita hainbesteko nekea onartzen duena. Gurekiko maitasuna. Eta maitasunak, positiboa izateaz gain, dena positibo bihurtzen du.Aste Santuak, bere osoan, barnean utz diezagukeen sentipen edo oihartzunik onena, zera esan ahal izatea izango litzateke: «Horrela maitatzen du Jesusen Jainkoak!». Ez gara ibiliko elizkizun sueltoak egiten, egun inportante hauekin egoki kunplitu nahi bagenu bezala. Ez gara ibiliko otoitz bereziak egiten, geure burua zintzo ikusi nahi izango bagenu bezala. Aste Santua ez da on eta zintzo sentitzeko! Astea Santua, maitasunaren dardaratan ondo sentitzeko da. Maitasunaren harridura eta dardara erregalatzen zaizkigu, Jesusen amodiozko Nekaldian.Askotan ibiltzen gara geure artean aipatzen, Jainkoaren nolako irudia ote daukagun. Urteetan ezagutu izan dugun Jainko hark nolako arrastoak utzi ote dizkigun barruan markatuta. Jesusen Jainkoaren ordez, bestelako Jainkoa ezagutu izan dugula... Ba, begira: Jesusen Jainkoa inoiz eta ezertan ezagutzekotan, Aste Santuko ospakizun eder eta betean ezagutuko dugu. Hortxe erakusten zaigu, bere distiran eta bere onenean, Jainkoaren bihotz aitazkoa. Pazko-hiruurrena da Jainkoaren argazki onena eta adierazgarriena!Nola ospatu, beraz, Erramu Igandetik Pazkora bidean emango zaigun esperientzia? Nola jokatu? Zer egin? Zer egingo dugu ba! Begiratu, ikusteko. Ikusi, barneratzeko. Barneratu, gozatzeko. Gozatu, sinesteko. Sinetsi, eskertzeko. Eskertu, izateko! Ez dago ezer berezirik egin beharrik. Bihotzari libre utzi. Hegorik ez moztu barruari. Ausartu, hainbesteko maitasunaren aurrean biluzi jartzen. Utzi Jainkoari maitatzen. Utzi maitasunari gure eskema finkoak apurtzen, eta berri izan.Eta beste gauza bat ere egin behar dugu: Maitasunaren garaipen neketsu horretatik munduari begiratu. Aste Santuko edertasun guztia ez baita fededunok geure esparru estuan goza dezagun. Aste Santua munduarentzat da, gizon-emakume guztientzat. Fededunok egin behar duguna da, pertsonak eta gizartea gurutzeko maitasun libretik irakurri. Zer esan du Jainkoak gizon eta emakume bakoitzaz? Gure biktimismoak alde batera laga; gure begirada beltzak argitu; zoritxarren porofeta izateari utzi..., eta maitasunaren begi askatzailez begiratu. Jainkoak maitasunaren onez ikusi baitu mundua. Jainkoak horrela maitatzen du!


Iñaki Beristain (2016-3-15)