GARIZUMAKO II IGANDEA

C zikloa

Genesis Liburutik Gn 15,5-12.17-18


Egun haietan, Jaunak kanpora aterarazi zuen Abran, eta honela esan zion: “Begira zerura, eta konta itzazu izarrak, ahal baduzu”.
Eta gainera esan zion: “Horrenbestekoa izango dira zure ondorengoak”. Abranek sinestu zion Jaunari; eta Jaunak aintzat hartu zion zuzentasunerako. Eta esan zion: “Ni naiz Jauna, Kaldeako Ur herritik zu atera zaitudana, lurralde honen jabe egiteko”.
Eta Abranek: ‘Jainko Jauna, nondik ezagutuko dut, jabe izango naizela?’ Jainkoak erantzun: “Ekar iezaizkidazu, hiru urteko behi bat, hiru urteko ahuntz bat, hiru urteko ahari bat, usapal bat eta usakume bat”.
Ekarri zituen Abranek guzti hauek eta erdibitu egin zituen, eta erdi bakoitza bata-besteari buruz ipini; baina egaztiak ez zituen erdibitu. Egazti harrapalariak sarraskira zetozen, eta Abranek uxatu egiten zituen.
Eguzkia sartzean, Abran lo haundiak hartu zuen, eta ikara haundi bat erori zitzaion gainera. Eguzkia sartu eta ilun-beltz egin zenean, labe bat agertu zen ketan eta zuzi bat sutan, zati haien artetik igarotzen. Egun hartan Jaunak elkargo egin zuen Abranekin, esanez:
- “Zure ondorengoei emango diet lurralde hau, Ejiptoko ibaitik Eufrates-ibai handiraino”.

ERANTZUN – SALMOA 26


JAUNA DUT ARGI ETA SALBAMEN.
Jauna dut argi eta salbamen,
nork ni beldurtu?
Jauna biziaren babes,
nork ni izutu?
Jauna, nire deiadar-hotsa entzun ezazu,
erruki zakizkit eta adi nazazu.
Zuk esana bihotzean dut entzuten:
“Bila ezazu nire aurpegia”.

San Paulo Apostoluak Filipoarrei Flp 3,17-4,1


Senideok: [Izan zaitezte guztiok nere antzeko, eta begira neregan duzuen eredura dabiltzanei. Asko baitira –askotan esan dizuet eta orain negarrez diotsuet- Kristoren gurutzearen etsai bezala dabiltzanak: haien azkena hondamendia da; haien jainkoa, sabela; haien harrokeria, beren lotsarietan dago; lurreko gauzetan, haien egarria.]
Guk zeruan dugu gure herri; eta, itxaron, handik itxaroten dugu Salbatzailea, Jesu Kristo gure Jauna. Berak aldatuko du gure gorputz ezerez hau, bere gorputz aintzatsuaren antzeko eginez, gauza guztiak menperatzeko duen indarrez.
Horrela, bada, ene senide maite eta bihotzekuok, nere poza eta nere koroa; iraun ezazue horrela Jaunari leial, ene maiteok.

EBANJELIOA


Hodei dizdiratsutik Aitaren ahotsa entzun zen:
“Hau da nere Semea, nere Aukeratua.
Entzun iezaiozue”.

Jesu Kristoren Ebanjelioa S Lukasen Liburutik 9,28b-36


Aldi hartan, hartu zituen Jesusek Berekin Pedro, Santiago eta Joan, eta mendira igo zen otoitz egitera. Otoitzean ari zela, Haren aurpegia antzaldatu, eta Haren jantzia zuri dizdizari egin zen. Honetan, bi gizon Harekin hizketan ari ziren: Moises eta Elias ziren, aintzatan agertuak; eta Hark Jerusalenen jasan behar zuen heriotzeaz mintzo ziren.
Pedro eta lagunak logalez puskatzen zeuden; baina esnatu ziren eta Jesusen aintza eta Harekin zeuden bi gizonak ikusi zituzten. Hauek Harengandik aldegiterakoan, Pedrok esaten dio Jesusi:
- “Maisu, bai ederki gaudela hemen! Egin ditzagun hiru txabola: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat, eta bestea Eliasentzat”.
Ez zekien zer esaten zuen ere. Hau esaten ari zela, hodei bat sortu zen eta estali egin zituen, eta hodeian sartzean beldurrak hartu zituen. Hodeitik ahots bat entzun zen:
- “Hau da nere Semea, nere Aukeratua. Entzun iozue”.
Ahotsa isiltzean, Jesus bakarrik zegoen. Ikasleak isilik egon ziren, eta egun haietan ez zioten inori esan ikusitakorik ezer.


Homiliak

Basamortuan ikusi genuen Jesus, ageriko bizitza hastean. Gaur, enbanjelioetako beste une garrantzitsuan, Tabor mendian ikusten dugu. Zesareako aitorpenarekin jira-buelta handia hartzen du Lukasen Ebanjelioak. Jerusalemera begira jartzen da Jesus bera eta hara begira jartzen ditu jarraitu nahi dioten ikasleak ere. Han gertatuko da «dena». Han, Jainkoaren erregetza. Hori bai, eraso eta gurutzearen bidez. Gaurko pasartea, Taborrekoa, bide hori argitzera dator.

Bidea ez da erraza, ez da samurra. Dei egin digun Jainkoaren agindua adituz, geuretik atera garenean, badirudi dena hankaz gora jarri zaigula. Eta badirudi bide guztiek beren norabidea aldatu dutela, gehiengoaren kontrabidetik goazela. Norberaren bizigiroaren hankapeko lurra mugitzen dela sentitzen denean, beste oinarri batzuk ez ote ditugun behar ere pentsatzen hasten gara... Jesusek ere sentitu zuen hori. Bere bideak nora zeraman ikusi zuenean, Jesusek bere Aitarekin egon nahi du: haren hitza entzun nahi du. Eta mendira dihoa, bakardadean Aitarekin maitasunezko elkarrizketa bizitzera.

Harrigarria da Tabor gaineko pasadizoa. Esperientzia baten kontakizuna da. Ez da, beraz, mirarizko espektakulo ikusgarri bat. Jesusen eta ikasleen barruan gertatzen den esperientzia sakona eta argitzailea kontatzen digu pasarte honek. Argiaren miraria da gertatzen dena, «jantziak zuri distiratsu bihurtu» baitzitzaizkion. Jesusen bidea eta ikasleen begirada argitzera datorren argia da. Hain ilun azaltzen zitzaien Jerusalemera zeraman bide hura!

Baina, nola gertatzen da argia? Moisesen eta Eliasen bidez. Israelen historia eta profeten hitza gertatzen zaizkio Jesusi argibide, hartu behar duen erabakiaren aurrean. Horien bidez, bere Aitaren borondatea ezagutuko du, eta Aitaren borondateak gidatuko du bere jarduera eta bide osoan. Ikasleek, erdi-lo, erdi-esna, ez dute ezer ulertzen, baina sentitu dute Jesusen bideak baduela argia. Eta argi horretaz fidaturik egingo dute Pazkora arteko bidea. Aitak esan die («Hauxe dut nire Semea») Jesus gurutze-bideko hau dela Mesias zinezkoa. Esperientzia sakona izanda gero, Jesus bakarrik ikusten dute berriro, eguneroko txikia; baina badakite argiaren testigu izan direla. Eta, zalantza askoren artean izanik ere, jarratu egingo diote gurutzera.

Hor daukagu guk ere esperientzia. Garizumako bide honek argitara garamatza. Baina, argi hori sumatzekotan, gure sinesmen-esperientzia Moises eta Eliasengan oinarritu behar dugu, maitasunaren historian eta Jainkoaren Hitzean. Horrek ez digu inolako segurantzarik ematen, baina barruko ziurtasuna sendotu bai. Gure bideak ere badu zalan­tzarik, badu gurutzerik, badu ilunperik... Baina, Jesusen mendi argitsuak erakusten digu horren guztiaren azpian gure Jainkoaren argi ederra gordetzen dela eta gure zoria ez dela ilunpetan itoko.

Pedroren erosotasun-tentazioa oso gurea da. Egoera argizko eta gozoak bilatzen ditugu. Beti errazean jardun nahi genuke. Baina gaurko Elizak eta gizarteak erakusten diguten egoerak ez digu erosotasunerako gunerik uzten. Garai latzak tokatu zaizkigu. Hainbeste giza arazo bizi dugu inguruan. Emakume erasotuak direla, gosez hiltzen ari diren herriak direla, gaitzak zauritutako gaixoak direla, beldurrak etxean lotzen dituenak direla, torturapean txikituak direla... Fededunok horien aldeko borrokatik aparte geratu behar al dugu? Mundu hau hobetzea ez al da gure eginkizuna? Ez al dugu Tabor mendiko Pazkoa eraman behar jende askoren kalbario minduetara?

Igoko al gara Taborrera, han Jainkoaren maitasuna eta Hitza jasotzera? Garizuma honetan egingo al dugu Jainkoarekin harremana bizitzearen esperientzia? Hortik bakarrik etorriko zaigu argia, barru-barruko argia, gure fedeak gaur behar duena. Tabor geure barruan gertatzen da, geure barruan baitaukagu. Ondorioz, behar dugun argia ere barrutik dator, barruko harremanetik.


Iñaki Beristain (2016-2-16)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 9, 28b-36)

Basamortuan ikusi genuen Jesus, ageriko bizitza hastean. Gaur, enbanjelioetako beste une garrantzitsuan, Tabor mendian ikusten dugu. Zesareako aitorpenarekin jira-buelta handia hartzen du Lukasen Ebanjelioak. Jerusalemera begira jartzen da Jesus bera eta hara begira jartzen ditu jarraitu nahi dioten ikasleak ere. Han gertatuko da «dena». Han, Jainkoaren erregetza. Hori bai, eraso eta gurutzearen bidez. Gaurko pasartea, Taborrekoa, bide hori argitzera dator.

Harrigarria da Tabor gaineko pasadizoa. Esperientzia baten kontakizuna da. Ez da, beraz, mirarizko espektakulo ikusgarri bat. Jesusen eta ikasleen barruan gertatzen den esperientzia sakona eta argitzailea kontatzen digu pasarte honek. Argiaren miraria da gertatzen dena, «jantziak zuri distiratsu bihurtu» baitzitzaizkion. Jesusen bidea eta ikasleen begirada argitzera datorren argia da. Hain ilun azaltzen zitzaien Jerusalemera zeraman bide hura!

Baina, nola gertatzen da argia? Moisesen eta Eliasen bidez. Israelen historia eta profeten hitza gertatzen zaizkio Jesusi argibide, hartu behar duen erabakiaren aurrean. Horien bidez, bere Aitaren borondatea ezagutuko du, eta Aitaren borondateak gidatuko du bere jarduera eta bide osoan.

Ikasleek, erdi-lo, erdi-esna, ez dute ezer ulertzen, baina sentitu dute Jesusen bideak baduela argia. Eta argi horretaz fidaturik egingo dute Pazkora arteko bidea. Aitak esan die («Hauxe dut nire Semea») Jesus gurutze-bideko hau dela Mesias zinezkoa. Esperientzia sakona izanda gero, Jesus bakarrik ikusten dute berriro, eguneroko txikia; baina badakite argiaren testigu izan direla. Eta, zalantza askoren artean izanik ere, jarratu egingo diote gurutzera.

Hor daukagu guk ere esperientzia. Garizumako bide honek argitara garamatza. Baina, argi hori sumatzekotan, gure sinesmen-esperientzia Moises eta Eliasengan oinarritu behar dugu, maitasunaren historian eta Jainkoaren Hitzean. Horrek ez digu inolako segurantzarik ematen, baina barruko ziurtasuna sendotu bai. Gure bideak ere badu zalan­tzarik, badu gurutzerik, badu ilunperik... Baina, Jesusen mendi argitsuak erakusten digu horren guztiaren azpian gure Jainkoaren argi ederra gordetzen dela eta gure zoria ez dela ilunpetan itoko.

Pedroren erosotasun-tentazioa oso gurea da. Egoera argizko eta gozoak bilatzen ditugu. Beti errazean jardun nahi genuke. Baina gaurko Elizak eta gizarteak erakusten diguten egoerak ez digu erosotasunerako gunerik uzten. Garai latzak tokatu zaizkigu. Igoko al gara Taborrera, han Jainkoaren maitasuna eta Hitza jasotzera? Garizuma honetan egingo al dugu Jainkoarekin harremana bizitzearen esperientzia? Hortik bakarrik etorriko zaigu argia, barru-barruko argia, gure fedeak gaur behar duena. Tabor geure barruan gertatzen da, geure barruan baitaukagu. Ondorioz, behar dugun argia ere barrutik dator, barruko harremanetik.


Iñaki Beristain (2013-2-22)

(Igandeko ebanjelioa: Lk 9, 28b-36)Gaur, lantxo hau idazteko ebanjelioko zatiari begiratu diodanean, bihotza jaso didan ametsa iruditu zait. Gure bizitzaren pisu astuna eramangaitz sentitzen dugunean; etsipenak bihotzean indarra hartzen digunean; inoiz, ezertxo ere ez ulertzeko une ilunean aurkitzen garenean; justu ezer gutxiri sentidurik ikusten zaionean; justu orduan (beharbada gaur), Jesus bere ikasleekin Tabor mendian ikusten dugu. Taborren, argitan, dirdaitsu, libre, bere zoriaren jabe. Eta berehala sentitzen dugu Tabor baten beharra gure bizitza etsian.Jesusek izan zituen bere iluntasunak eta bere argitu beharrak. Ez zuen bidea beti argi ikusi. Behin baino gehiagotan zauritu zuen barrutik etorkizunarekiko galderak. Nondik jo behar zuen? Nondik eta nola azaldu behar zion bere herri hari benetako askatasun-bidea? Zein moldetako mesiastasuna burutu behar zuen? Ondoan zeuzkan ikasleek eta inguruko jende gehienak zeinu handiak espero zituen beragandik. Mesiastasun bortitz eta erabakitzailea. Etsaiak suntsitu eta denak harrituko zituen jokamoldeak espero zizkion ingurune osoak. Berak bide hori onartu behar al zuen?Gaurko ebanjelioak mendira darama Jesus, Aitarengana. Han Aitarekiko harremanean argitzen zituen Jesusek bere bidearen norakoak. Otoitzean Aitarekin hitz egiten zuen, eta bere barruan argi ikusten zituen gauzak. Hasierako ilunpea eta ulertu ezina, argitasun bihurtzen zitzaizkion. Eta gaurko ebanjelioak adierazten digunez, gauzak oso argi ikusten zituen. Dena argi eta garbi azaltzen da. Eta Jesusek inolako okerbiderik gabe betetzen du bere eginkizuna.Pedrok eta haren lagunek ez dute ezer asko ulertzen. Ez dakite zer ari den gertatzen. Zerbait berezia ikusi diote Jesusi. Aitarekin hitz egitetik datorren argi berezi hori sumatu dute. Eta argi horretan beren bizitza seguru eta gozo sentitzen dute.Zertarako jaitsi berriro istiluetara? Zertarako berriro ere jendeari kontra egin? Zergatik ez gelditu behin betiko argitasun eta segurantza honetan? Jesusentzat, ordea, segurantzak ez dira behin betikoak; egunero berritu beharrekoak baino. Eta Jesusek ongi daki, argitasun hori eguneroko iluntasunera eraman behar duena, han bete behar baitu bere egitekoa.Une honetan, beharbada, iluntasun handia bizi dezaket nire barruan. Bizitza nora doakit? Zertan nabil? Zer ari zait gertatzen? Beharbada, bizimodu hau madarikatzea da: batek hau egin duela, besteak bestea esan duela, harunzkoaren errua dela... Eta, azkenean, zer? Ilunpea edaten bizi behar al dugu beti? Beti erruaren zigorra sufritzen? Hau al da gure zoria?Fededunok behintzat, Jesus bezala, mendira igo behar ge­nu­ke. Argia nondik sumatuko, stop egin behar genuke. Aitarekin hizketatu, ea norabideak argitzen asmatzen dugun. Mendira igo, errealitateari ihes egiteko? Ez, ez! Perspektiba pixka bat hartzeko. Gauzak bihotz baretuaren begiradaz begiratzeko. Jokabideak argitzeko.Badakit, mendian geratzeko gogoa ematen duena. Pedrok bezala, gustura egingo genukeela geuretzako txabola bat, errealitate ilunari ihes egiteko. Baina, benetako otoitzak ez du uzten hori egiten. Benetako Garizumak errealitatea bere horretan jaso eta berritzera eramaten gaitu. Eta hori da kontua. Errealitatearen beltzak eta errealitatearen gertutasun egunerokoak ez baitigu gauzak ikusten uzten.Zaila dela oraintxe bertan gure bizitzan itxaropena izatea? Zaila dela etorkizunari ilusio sanoz begiratzea? Zaila da, seguru; ongi ezagutzen baititugu geure muga eta ezintasunak. Eguneroko jarduera estuan eta eguneroko etsipen-zaurien artean, zaila da pazko-argia han urrutian sumatzea. Baina, argi horretan jokatzen dugu gure giza duintasuna eta gure etorkizuna. Horregatik eskatzen dut gaur Tabor bat, mesedez!


Iñaki Beristain (2016-2-16)