JAUNAREN JAIOTZA
C zikloaGauerdiko Eukaristia
Isaias Profetaren liburutik 9,2-4.6-7
Ilunpetan zebilen herriak
argi haundi bat ikusi zuen;
herio-itzalean bizi zirenak
diztira batek argitu zituen.
Gehitu zenuen poza
eta handitu atsegina;
pozetan dabiltza zure aurrean,
igitai-aroan den pozez,
harrapakinak banatzerakoan izaten den atseginez.
Puskatu baituzu
haren uztarri astuna, haren bizkar-makila,
eta zapaltzailearen zigorra,
Madiango egun hartan bezala.
Haur bat jaio bait zaigu,
seme bat eman zaigu;
aginpidea sorbaldan darama;
eta haren izena: Kontsejatzaile harrigarri,
Jaungoiko indartsu,
betiko Aita, Bake-errege.
Bere erregetza zabal dezan,
amairik gabeko bakea ezarriz;
Dabiden aulkian eta bere herrian.
Sendotu eta indartu dezan,
zintzotasunez eta zuzentasunez,
gaurdanik eta betiraino.
Diren guztien Jaunaren maite-minak
egingo du hau.
ERANTZUN SALMOA 95
SALBATZAILE BAT JAIO ZAIGU GAUR:
MESIAS, JAUNA.
Kanta Jaunari kantu berri,
kanta, lur osoa, Jaunari.
kanta Jaunari, bedeinka Haren izena,
iragarri egunez egun Harengandiko salbamena.
Poztu bitez basoko zuhaitzak
Jaunaren aurrean, badatorrelako,
lurra epaitzera datorrelako.
Zuzenbidez epaituko du lurbira,
eta leialtasunez herriak.
San Paulo Apostoluak Titori 2,11-14
Agertu zaigu Jaungoikoaren grazia, gizon-emakume guztion salbamenerako. Jainkorik gabeko bizitzari eta munduko grina txarrei uko egiten, eta neurriz, zuzentasunez, eta jainko-zaletasunez mundu honetan bizitzen erakusten digula; zorioneko itxaropenari begira, Jesu Kristo gure Salbatzaile eta Jaungoiko haundiaren agertze ospetsua itxaroten dugula. Harek gugatik eman zuen bere burua, gu gaiztakeria guztietatik ateratzeko eta bere herri garbi eta egintza onen zale egiteko.
ALELUIA Poz handi baten berri ona dakarkizuet:
Salbatzaile bat jaio zaizue gaur:
Mesias, Jauna. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 2,1-14
Egun haietan, mundu guztiaren izenak hartzeko agindua atera zen Zesar Augustorengandik. Hau izan zen Kirino Sirian buruzagi zelarik egindako lehenengo izen-hartzea. Eta denak izen ematera zihoazen, bakoitza bere herrira. Jose ere, Dabiden etxekoa eta jatorrikoa izanik, Galileako Nazaretetik Judeara igo zen, Belen deritzan Dabiden herrira, han bere emazte Maria haurdunarekin izen ematera.
Han zeudelarik, haurra izateko egunak bete zitzaizkion Mariari. Eta bere lehen semea izan zuen eta, oihaletan bildurik, ganbela batetan etzan zuen; ez bait zen ostatuan haientzako lekurik.
Ba ziren inguru hartan artzain batzuk, mendian gaua igaroz, beren artaldeak txandaka zaintzen zituztenak. Honetan, Jaungoikoaren aingeru bat agertu zitzaien; Jaungoikoaren aintzak argiz inguratu zituen, eta beldurrak jota gelditu ziren. Aingeruak, ordea, esan zien:
- “Ez izan beldurrik; begira, poz haundi baten berri ona dakarkizuet, herri guztiarentzat izango dena: salbatzaile bat jaio zaizue gaur Dabiden herrian: Mesias, Jauna. Honetan ezagutuko duzue: oihaletan bildurik eta ganbelan etzanik aurkituko duzue haurra”.
Eta bat-batean aingeruari zerutar talde bat bildu zitzaion, Jaungoikoa goresten zutela, esanez:
- “Aintza zeruetan Jaungoikoari, eta bakea lurrean Haren gogoko gizonei”.
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.