BAZKO-ALDIKO II IGANDEA
C zikloaApostoluen Eginetatik 5,12-16
Apostoluen eskuz herrian mirari eta harrigarri asko egiten zen. Fededunak, elkar hartuta, Salomonen Aterpean biltzen ziren. Besteek ez zuten ausardiarik haiengana hurbiltzeko, herriak goratu egiten bazituen ere. Jaunarengan sinesten zuten lagun berriak gero eta gehiago ugaritzen ari ziren, nahiz gizon, nahiz emakume. Gaixoak kaleetara ateratzen zituzten, zerraldo eta esku-ohetan etzanak; Pedro zetorrenean, honen itzalak bederen haietakoren bat uki zezan. Inguruko herrietatik ere jende asko etortzen zen Jerusalena, gaixoak eta espiritu lohien menpean zeudenak zekartzatela; eta guztiak sendatzen ziren.
ERANTZUN SALMOA 117
ESKERRAK JAUNARI,
HAREN MAITASUNA BETIKOA BAIT DA.
Israel etxeak hau esan beza:
‘Haren maitasuna betikoa’.
Aaron etxeak hau esan beza:
‘Haren maitasuna betikoa’.
Esan bezate Jaunaren beldur direnek:
‘Haren maitasuna betikoa’.
Etxegileek baztertutako harria
berori gertatu da giltzarria.
Jaunak egin du hori,
gure begien harrigarri.
Hau da Jaunak egin duen eguna,
gu pozteko eta alaitzeko eguna.
Apokalipsis liburutik 1,9-11a.12-13.17-19
Ni, Joan, zuen anaia, eta nekeetan, erreinuan eta Jesusenganako itxaropenean zuen lagun naizen hau, Patmos-uhartean nengoen erbesteratua Jainkoaren hitza hots egiteagatik eta Jesusen aitormena egiteagatik. Igande batez, Espirituak hartua gertatu nintzen, eta nire atzean turuta bezalako hots haundiko mintzoa entzun nuen, esaten: “Idatz ezazu liburu batetan, ikusiko duzuna, eta bidali Asiako zazpi elizetara”.
Itzuli nintzen, nork hitzegiten zidan ikusteko; eta itzulirik, urrezko zazpi argimutil ikusi nituen, eta haien erdian gizon-antzeko bat, soineko luzez jantzia eta bular aldea urrezko uhalez lotua.
Hura ikusi nuenean, hilda bezala erori nintzen Haren oinetara. Hark bere eskuineko eskua gainean jarri zidan, esanez: “Ez izan beldurrik! Ni naiz lehenengoa eta azkenekoa, bizi dena; hila izan nintzen, eta ikusten duzu, orain bizirik nago gizaldien gizaldietarako; eta Nik dauzkat heriotzaren eta infernuaren giltzak. Idatz itzazu, bada, ikusiko dituzun guztiak: orain direnak eta gero izango direnak”.
ALELUIA
Ikusi nauzulako sinestu al duzu? –dio Jaunak-;
zorionekoak, ikusi gabe sinesten dutenak. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20,19-31
Astearen lehenengo eguneko ilunabarrean, etxe batetan bildurik zeuden ikasleak, ateak itxita, judutarren beldurrez. Sartu zen Jesus, eta, haien erdian zutik, esan zien:
- “Bakea zuekin”.
Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Eta ikasleak pozez beterik gelditu ziren, Jauna ikustean. Jesusek berriz ere:
- “Bakea zuekin. Aitak Ni bidali nauen bezala, Nik ere bidaltzen zaituztet zuek”.
Eta hori esanez, haizeman zuen haien gainera, eta esan zien:
- “Har ezazue Espiritu Santua: zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei, barkatuak gelditzen zaizkie; eta lotzen dizkiezuenei, lotuak gelditzen zaizkie”.
Tomas, ordea, Hamabietako bat, Bizkia zeritzana, ez zegoen besteekin batean Jesus etorri zenean. Beste ikasleek esan zioten:
- ‘Jauna ikusi dugu’.
Tomasek, ordea:
- ‘Haren eskuetan iltzezuloak ikusten ez baditut, nire behatza Haren iltzezuloetan sartzen ez badut, eta nire eskua Haren saihetsean, ez dut sinetsiko’.
Handik zortzi egunera, berriz ere barruan zeuden ikasleak, eta Tomas haiekin. Sartu zen Jesus, ateak itxirik zeudela, eta haien erdian zutik honela esan zien:
- “Bakea zuekin”.
Gero Tomasi:
- “Ekatzu behatz hori, hona hemen nire eskuak; ekatzu esku hori, eta sar ezazu nire saihetsean; eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik”.
Tomasek erantzun zion:
-‘Ene Jauna eta ene Jaungoikoa’!
Eta Jesusek:
- “Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak, ikusi gabe sinesten dutenak”.
Beste ezaugarri asko ere egin zituen Jesusek bere ikasleen aurrean; baina ez daude idatzirik liburu honetan; idatzirik daudenak, honetarako daude idatzirik: sinets dezazuen Jesus Mesias dela –Jaungoikoaren Semea-, eta hori sinetsirik, Haren izenean bizia izan dezazuen.
Homiliak
Pazkoan ari gara, Pazkoko festan eta Pazkoko argitan. Gaurko igandea, Pazko egunaren luzapen pozgarria dugu. Aste guztian Pazko festaren edertasunak gozatu ditugu, EGUN luze eta bukatu ezinekoa izango balitz bezala. Oihu handi eta kabitu ezinekoa lehertu zaio Elizari bere barnean. Hemendik aurrera, pixkanaka, oihu hori bere onera etorriko da; ez, noski, festak bere barne-indarra galduko duelako, ez. Pazko-festak, Jesus Berpiztuarekin topo egiteko atsedenezko baretasun eta sakontasun bihurtu behar duelako baizik. Fedezko barneratze alai eta baketsu.
Jesus bizi da. Oraindik ere «astearen lehenengo eguneko ilunabarrean» aurkitzen gara. Eta Jesus gure artean tarteko egiten zaigu. Eta, inoiz egitekotan, «astearen lehenengo egunean», igandeko elkartean egiten zaigu tarteko. Jesus da, bere ikasleekin bizi izan zena, gurutzean hil zen huraxe, bere saihetsa lantzaz zulatu ziotena bera. Hil zuten, baina bizi da. Eta gizaldien gizaldietarako bizi da gainera, betiko. Eta bizi delako, bera aitor dezakegu izadiaren eta gizadiaren Jaun eta erdigune. Lehenengo eta azkenengo. Giza historiaren oinarri eta helburu. Giza historiaren bihotz. Pazkoko Kristo Jauna da. Berak dauzka heriotzaren giltzak. Berari eman zaio ahalmen eta indar oro.
Jesus hau, ordea, ez da, Jauna eta Piztua izanik, ez da urrutiko mamu antzeman ezineko bat. Bere ikasleekin topo egiten duen Jesus da. Presente egiten den Jauna. Bakea emanez ikasleak dauden tokira sartzen da. Beti bere ikasleei aurrea hartzen dien Maisua da. «Ikasleak, etxe batean bildurik zeuden, ateak itxita, juduen beldurrez» eta Jesusek aurrea hartzen die, erakutsiz Jainkoaren misterioa, beti aurrea hartzen digun misterioa dela. Hark maitatu gaitu aurrena. Hark barkatu ditu gure bekatuak. Berak aurrez estali ditu gure egintzak graziazko bere presentzia ederraz.
Gaur ere, Eliz elkarteari aurrea hartzen dio. Gaur Pazkoko festa ospa dezakegu Eukaristian eta gure elkartean, berak Espirituaren bidez sakramentuak eman eta bere inguruan bildu gaituelako. Berak egin digu ospatzen dugun Pazkoa. Berak deituak gara eta horregatik biltzen gara deitu gaituenaren inguruan. Beti aurretik bere «Pazko-bakea» eskainiz.
Eta presente eginez bere Pazko-bizia ematen digu oparo eta ugari : «Har ezazue Espiritu Santua». Eta Espirituarekin bekatuak barkatzeko ahalmena, bakea, Aitaren onginahia. Igandero gure batzarrean jasotzen ditugun dohain aberatsak. Gezurra esateko beldurrik gabe esan genezake, igandeko Eukaristi batzarrean historiaren erdi-erdian aurkitzen garela. Gure izatearen oinarri-oinarrian: hemen ematen zaigu Berpiztuaren misterioa. Hemen ematen zaigu Espirituaren betea. Hemen barkatzen zaizkigu bekatuak. Hemen elkarri ematen diogun bakea, Kristok berak Pazkotik ematen digun bakea da. Bizi dugun eta kantatzen dugun poza, betiko Pazkotik datorkigun poz amaigabea da. Egiaz, betiko Pazkoaren aztarrenak gozatzen ari gara!
Baina, Jesu Kristo honi fedean bakarrik antzeman dakioke. Hor daukagu ikasleen kasua. Hor daukagu Tomasena. Fedearen eginahalez ez bada, nekez ezagutu daiteke Jesus Berpiztua. Ikasleekin topo egin eta, handik zortzi egunera, Tomasen fede-gogorkeriari aurrean jarriko zaio. Gaur ere, «handik zortzi egunera» bildu gara. Zortzi egunetik zortzi egunera biltzen gara igandean. Eta, bakea emateaz batera, gure fedeari aurrean jartzen zaio Jesus. Bere gurutzeko ezaugarriak erakusten dizkigu: gurutzeko heriotzerainoko entrega hura ez baita sekula agortzen. Tomasek bezala, igandero ukitu egiten dugu, jan. Eta gure sinesmenak hortxe ezagutzen du Jesus Berpiztua.
Nik esango nizuke, guri ere San Joani Apokalipsi liburuan gertatutakoa gertatu behar litzaigukeela: «Igande batez, Espirituak hartua gertatu nintzen». Gaurko igande honetan Espirituak hartuko gaitu, Jesus Berpiztuaren Espirituak. Eta fedearen begi garbituz Pazkoko Jauna ezagutuko dugu. Maite dugun Salbatzailea! Tomas bezala gu ere auspeztuko ahal gatzaizkio Jesusen presentzia argitsu eta apalari: «Ene Jauna eta ene Jaungoikoa». Horrek eskatzen du bakoitzaren fede-aitormen sutsu eta ezbairik gabekoa. Hori gabe ezer gutxi egin daiteke hemen.
Hortxe daukagu Pazko-misterioa: lehenengo garaietan aurkitzen garela ematen du igandean biltzen garenean. Izan ere, igandeko batzarra Pazkoko batzarra baita. Jesusekin gaude. Haren Hitza entzun dugu. Ezagutu dugu eta ezagutuko dugu. Pazkoko ogia zatituko digu orain. Eta bihotzeko aitormenhitz gozoenaz, «gure Jaun eta Jaungoiko» aitortuko dugu, «lehenengo eta azkenengo», «oinarri eta helburu». Eta Berak Pazkoko bake eragilea emango digu betiko festaren Espiritua izan dezagun eragile eta pozemale. Ederra da Pazko-Eliza izatea, gu orain garen bezalaxe.
Ikasleekin, Tomasekin, Apokalipsiko Joanekin, lehenengo irakurgaiko gaixoekin, aldi guztietako Elizarekin aitor dezagun gure fedea!
Iñaki Beristain (2016-3-28)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Jn 20, 19-31) Asteko lehen egunaren goiza aztoratua izan da. Denak lasterka, denak presaka. Notiziak ere halakoxeak baitziren, Jesusen gorpua ez zegoela hilobian, beren Jesus maitearen gorpua. Pedrok eta Joanek aldegin dutenean, Maria han gelditu da, negarrez, hilobi ondoan. Jesusek bere izenez deitzen dio. Eta bere Maisua ezagutzen du dei hartan. Eta notizia berria jartzen da abian: «Jauna ikusi dut».
Asteko lehen eguneko arratsaldean ez da galdu barruko urduritasuna, baina ematen du lasaiago daudela, gauzak nola eta nondik argituko. Lasaiago, ez beldurrik ez zeukatelako, ateak itxita baitzeuden, gordeta. Eta beren beldur haren bihotzera bakearen agurra murgiltzen zaie kolpetik. «Bakea zuei». Ez behin bakarrik, bitan agur bera: «Bakea zuei». Eta misiorako deia jasotzen dute.
Ezustearen zalantzak. Jesusen presentzia hura bizi izan dutenek «Jauna ikusi dute», eta haren bakezko agurra jaso dute. Baina eta han ez zeudenek, zer? Jesusen heriotzak sortu zuen zalaparta hartan, bakoitza bere aldetik joana da eta ez dute denek bizi Jesusekin topo egitearen esperientzia. Horien artean Tomas. Elkartetik ihes egin zuen, eta orain ezin du bere bihotza testigantzara errenditu, halako frustrazioa jaso zuen gizarajoak!
Eta berme ziurrak ezartzen ditu. Bera ez dago dagoeneko esaten omen dela eta ikusi omen dutela eta horrelakoak sinesteko. Berak ikusi egin nahi du, ukitu egin nahi du, gertatu berri den gurutzearen seinaleak konprobatu egin nahi ditu. Ez dute berriz kontu arraroetan harrapatuko!
Eta ate itxiak bezala bihotz itxiak zulatuz, Jesusen bake-agurra: «Bakea zuei». Eta hor hasten da Tomasen esperientzia fededuna: eskatzen zituen konprobazio guztiak egin behar ditu. Gurutzeko seinaleak hor dauzka aurrean, ikusi eta ukitu ditzan. Orain arte kanpotik begiratu duena, orain barrutik bizi behar du: «Eskua saihetsean» sartu behar du. Eta hor ikasiko du sinestuna izaten.
Gaurko fededunontzat eta gaurko gizon eta emakumeontzat lezio handiak biltzen dira Tomasen bide honetan. Baina bat, ezinbestekoa: esperientzia egiteak bakarrik balio du, ez beste ezerk. Ebanjelizazioan besteen ahotik berria jasotzea lehenengo pausoa da, baina ez da nahikoa. Berriak esperientziaren errotan ehotu behar du, baliozkoa izateko. Bestela beti kanpoan eta kanpoko hitza bezala gelditzen da. Eta esperientzia egiteko bi gauza: aurrena, irekita bizi behar da, bihotza irekita, razionalismorik eta babesik gabe; eta bigarrena, esperientzia dohaina dela jakinik, landu bai, baina batez ere dohain bezala eskatu egin behar da. Kontua ez baita jakitea, ezagutza batera iristea. Kontua bihotza barrutik ukiten duen topaketa bizitzea da. Eta hori gertatzen denean, ez daukazu esplikazio eta azalpen askoren beharrik. «Eskua saihetsean» sartzen duzunean, Jauna sartzen zaizu bihotzean. Horixe da!
Iñaki Beristain (2013-4-4)
(Igandeko ebanjelioa: Jn 20, 19-31)
Pazkoa gertatu da. Eta Pazkoaren argiak bazterrak berritzen ditu. Pazko eguna, berritasunaren egun luzea, bere ikasleak berritzen pasatzen du Jesusek. Izan ere, ikasleentzat dena zegoen ilun. «Egun hartako ilunabarrean» esaten digu Ebanjelioak, ikasleen egoera iluna zela adierazteko. Batzuek taldea utzi zuten, dena bukatutzat emanez. Besteak eztabaidan ariko ziren, nola jokatu edo zer egin erabaki ezinik. Hilobiko harlosa gainean zeukaten benetan!
Ateak itxita zeuden, beldurrez. Ilusio galduen nekez bihotzeko ateak itxi ditugu. Balioen ilunabarra bizitzen ari gara, posmodernismoaren garai arre hauetan. Desenkantoaren eta nostalgiaren ordua da. Eta geure barrura sartuta, kanpokoari ateak itxi dizkiogu. Ez diogu inori utziko desenkantoaren eta nostalgiaren zapi sarea urratzen. Geure-geurea dugu gero!
Jesus sartzen da. Bakea ematen die eta digu. Alaitzeko ordua da. Alaitzeko topaketa. Jesusen presentziak bihotz erori haiek erabat sendatu zituen, eta gureak ere bai. Horixe da Pazkoa, dena argiaz berritzen duen Jesusen presentzia berria. Espiritua eman zien bere arnasarekin. Jesus bera hilobitik atera zuen Espirituak aterako ditu ikasleok beren ezinaren ilunetatik. Espiritu biziemalea da.
Tomas, ordea, ez da besteen eskema normaletan kabitzen. Buru arrazionalista? Jarrera indibidualista? Tomas kasu aparta da, berezia, kasu zaila. Berak konprobatu egin nahi du. Aurreko egunotan hartu duen sustoa gogorregia izan da, eta orain ez ditu gauzak jolasean egin nahi. Ongi konprobatu behar ditu gauzak. Ikusi eta ukitu egin nahi du errealitatea. Eta Jesusek, Jainkoak egin duena erakutsiz erantzuten dio Tomasi: zauriak (Jainkoaren maitasunaren ezaugarriak) erakutsiz. Gurutzeko maitasunaren seinaleak betiko markatuak geratu baitira. Nor ez da Tomas arrazionalista honekin elkartua sentitzen?
Eta Tomas indibidualista ere izan da. Elkartetik ihes egin duenean, bere barruan itxita gelditu da. Elkartearen sena galtzean, bere fedea subjetiboegia bihurtu zaio. Eta horrekin, Berpiztua sinetsi ezinik dabil, haren bakea jaso ezinik. Bere barruko mina ez dio erraz entregatuko inori. Azken batean, min hori da gelditzen zaion kontsolagarri bakarra. Mina entregatuz errenditzea, ez da beti erraza.
Hala ere, Tomasen prozesu honetan, guztion fede-prozesua ikus dezakegu, gutxi gorabehera. Izan ere, Tomas asko gabiltza suelto. Ez dugu aski gogoeta eta azterketa. Ez dugu aski besteek esandakoa. Ez dugu aski arrazoimenak esaten diguna. Guk beste zerbait behar dugu. Eta ikusi: zenbait kasutan topaketaren intimitatea gertatzen da argumentu bakarra. Zaurien zulotik sartu eta bihotza ukitu. Pertsonalki egindako kontaktuak errenditzen du Tomas. Eta Tomas asko gabiltza suelto gaur ere.
Jesus ezagutzeko zauriak? Zaurien bidez Jainkoaren bihotzeraino iristeko sarrerak? Ugari! Hor daude gosearen zauriak. Jainkoaren bihotza ukitzera daramaten zauriak dira. Hor daude gerraren zauriak. Gorrotoaren eta indarkeriaren zauriak. Morrontzaren eta esklabutzaren zauriak. Ustelkeriaren zauriak. Eten askoren zauriak. Droga eta sidaren zauriak. Den-denek Jainkoaren bihotzeraino eramaten dute, harekin topo egiteko. Zaurien bidez iristen baita Jainkoaren intimitatera.
Sinetsi ezinaren eta bizi ezinaren gauetik, Jesusen oinetan errenditzea. Ezbeharren baten ilunabarrean, argiari tankera hartzea. Ate itxietan zehar, maitatu zaituenaren esperientzian sartzea. Horixe da Jesusek Pazkoan eskaini digun esperientzia paregabea. Zuri ere bai, irakurle. Izan ere, Tomas bat izan zen garai hartan. Baina gaur ere Tomas asko gabiltza suelto. Baina Pazkoa da!
Iñaki Beristain (2016-3-28)