URTEAN ZEHAR XXVIII IGANDEA
C zikloaErregeen liburutik 2 Erg. 5,14-17
Egun haietan, jaitsi zen Siriako Naaman eta zazpi-bider murgildu zen Jordan-en, Jaungoikoaren gizonak esan bezala; eta haurtxo batena bezain garbi gelditu zen haren haragia.
Itzuli zen berriro bere lagun-taldearekin Jaungoikoaren gizonarengana eta, aurkeztuta, honela esan zion:
- ‘Orain badakit, ez dela munduan Israelgo Jaungoikoa besterik. Har ezazu, arren, zure serbitzari honen esku-erakutsi bat’.
Eliseok erantzun zion: ‘Nire Jaunagatik! Ez dut hartuko’.
Naamanek hartzeko berriz ere; baina hark ezetz. Orduan Naamanek:
- ‘Ezezkoan zaudenez gero, utz iezaidazu, zure serbitzari nauzun honi, lur honetatik bi mandokada hartzen; gaurtik aurrera ez baitiot nik, zure morroi honek, Jauna ez den beste jainkori eskaintzarik eta erre-oparirik egingo’.
ERANTZUN-SALMOA 97
IKUSI DUTE LUR MUGA DENEK
GURE JAINKOAGANDIKO GARAIPENA.
Kanta Jaunari kantu berri,
egin baititu hainbat harrigarri.
Bere eskuinak eman dio garaipena,
bere beso santuak.
Ezaguterazi du Jaunak Beragandiko garaipena,
agertu du atzerrien aurrean bere zuzentasuna.
On eta leial izan dela gogoratu du,
Israel etxeari buruz.
San Paulo Apostoluak Timoteori 2 Tm. 2,8-13
Anaia maite: Gogora ezazu Jesu Kristo Jauna, Dabiden odolekoa, hilen artetik biztua; hau da nire Ebanjelioa. Horregatik nago neketan, gaizkile bat bezala giltzapean erortzeraino. Baina, Jaunaren hitza ez dago giltzapetua. Horregatik daramat nik guztia aukeratuen onerako, Kristok betiko aintzarekin ematen duen salbamena horiek ere irits dezaten. Benetako hitza:
Harekin hiltzen bagara,
bizi ere, Harekin biziko gara;
nekeetan irauten badugu,
errege ere izango gara Harekin;
ukatzen badugu,
Hark ere ukatu egingo gaitu;
gu leialak ez bagara,
beti leial izango da Hura;
ez baitezake bere burua uka.
ALELUIA Eman eskerrak beti;
hau da zuentzako Jaungoikoaren nahia
Kristo Jesusengan. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen Liburutik 17, 11-19
Aldi hartan, Jesus Jerusalena bidean zihoan, Samaria eta Galilea artetik. Herriska batetan sartzerakoan, hamar legenardun atera zitzaizkion bidera eta, urruti geldituta, deiadarka esaten zioten: ‘Jesus, Maisu, erruki zakizkigu’.
Jesusek ikusi zituenean, esan zien: “Zoazte, eta agertu apaizengana”.
Bidean zihoazela, garbi gelditu ziren. Haietako bat, bere burua sendaturik ikusi zuenean, itzuli egin zen, oihu haundiz Jaungoikoa goresten zuela; eta Jesusen oinetan ahuspeztu eta eskerrak ematen zizkion. Eta hau samariarra zen.
Jesusek esan zuen:
- “Ez al dira hamarrak garbitu? Non dira beste bederatziak? Ez da izan atzerritar hau besterik, itzuli eta Jaungoikoa goratzeko?”
Eta sendatuari esan zion:
-“Jaiki zaitez, eta zoaz. Zure sinesmenak sendatu zaitu”.
Homiliak
Senideok: kristau izatearen neurria erakusten duen sentimendu bat baldin badago, dudarik gabe sentimendu hori esker onarena da. Jesusen presentziak esker ona sortzen du Ebanjelioko pobreengan. Pobreek eskertzen baitute ematen zaien dohaina. Eta, horrexegatik, Ebanjelioko sentimendurik nobleena eta oinarrizkoena esker ona da. Esker onik ez dagoen tokian, argi eta garbi ikusten da Berri Onaren bihotz baketua falta dela. Badugu, beraz, zer aztertua gaurko hitzaren eskutik. Esker oneko jendea al gara? Gure bizitzak ba ote du dohainaren kontzientzia aski? Gure elkarteetan zergatik hain esker on eta poz gutxi?
Jakina!, esker ona ez da sortzen boluntarismoz edo asmo sendo bat hartu dugulako. Esker onak bihotzaren sakonean du bere arrazoia. Maitasun merezigabearen kontzientziak prestatzen du bihotza esker onerako. Norbaitek zor ez zitzaion edo merezi ez zuen dohaina jasotzen baldin badu doakotasun hutsean, bihotza esker onean zabaltzen zaio. Baina norbaitek zor zitzaion zerbait jasotzen baldin badu, zergatik eskertu behar du? Eta hortxe dago, seguru asko, esker onaren gakoa! Gure bizitza osoa eraiki dezakegu zor zaigunaren argitan edo merezi gabeko dohainaren argitan. Eta nik esango nuke, askotan ez dugula esker ona erakusten gure fede-bizitzan, jasotzen duguna zor zaigula uste izaten dugulako.
Gaurko Ebanjelioko lepradunen jarrera aztertzen badugu, pentsatzen jarrita arrazoi asko edukiko zituzten gaixo sendatu haiek atzera ez itzultzeko. Hainbeste urtean mendian galduta ibili, gaixo zeudelako hirietara hurbildu ezinik, eta orain beren haragia dena garbitzen ikusten dutenean, bihotzean sentitzen zuten pozari eustearekin bazuten nahikoa, Jesusekin akordatzeko. Hainbeste urte gaitzaren menpe igarota, bazen ordua berriro poza sentitzeko! Jesusek hainbeste gaixo sendatu zituen han eta hemen, eta bazen ordua osasuna lortzeko!
Hamarretatik batek bakarrik sentitzen du bihotzean bestelako taupada. Bera ez zen judutarra. Bera samariarra zen. Azkar asko jabetzen da merezi gabeko dohaina jaso duela. Gero ere izango du apaizengana joateko beta. Baina aurrena Jesusi «eskerrik asko» esan behar dio. Eta halaxe egiten du. Eta egiazko sendaketa «eskerrik asko» horretatik datorkio. «Zure sinesmenak sendatu zaitu». Besteei haragia sendatu zitzaien, esker oneko samariar honi bihotza eta bizitza sendatu zaizkio.
Pasadizo horrek detaile asko dauka aztertzekoa. Baina bat gutxienik garbi ikusten da. Hamarretatik bat dator eskerrak ematera, eta bera kanpotarra da. Kanpotarra izan behar esker onaren lezioa emateko! Beharbada, kristautasuna barrutik jaten duen pipirik baldin bada, hori zorraren pipia da. Pertsona bat bizi daiteke zorretik ala dohainetik. Eta zorraren kontzientziaz bizitzeak jaten digu barrutik fedearen poza. Fededun baldin bagara, normala iruditzen zaigu hala izatea, beti hala izan garelako. Jainkoaren Hitza entzuten badugu, normala. Eukaristia hartzen baldin badugu, normala. Kristau izateari harriduraren barne-zirrara kendu diogu, emozioa kendu diogu, dohainaren kontzientzia kendu diogu. Jarri egin gara, ohitu. Eta ohiturakeriaren zabarkeriak poza jan digu. Eta begira: kristau izatea ez da normala. Jainkoaren Hitza eta Eukaristia ez zaizkigu zor. Baldin badauzkagu, sekula ordainduko ez ditugun dohain debaldeko bezala dauzkagu. Bada elizara ez datorren jendeagatik gaizkiesaka jarduten duena, dena elizara etortzeak konponduko balu bezala. Ba, askotan kanpokoek ematen digute leziorik handiena. Fedea ez du elizara etortzeak neurtzen, esker onak baino.
Haurrei esker onekoak izaten erakutsi nahi izaten zaie gure sukaldeetan. «Zer esaten da?» galdetu ohi ziguten umetan gurasoek. Eta guk berehala esan ohi genuen «eskerrik asko». Esker onekoak izaten ez da, ordea, buruz ikasten. Esker onak dohainaren kontzientzia behar du, maitasunaren kontzientzia. Maitatua sentitzen denak bakarrik daki eskerrak ematen. Eta kristautasuna betebehar mordo bat bezala ikusten denean, saiatuta ere ez da esker onik sortuko. Kristautasuna Jainkoaren maitasunak sortzen digun xarma eder bezala ikusten denean, berez sortzen da esker ona. Eta hortxe dago gakoa: ea Jainkoak maite gaituela sinesten dugun ala ez.
Esker onak erakusten du barrua bakean daukagun ala ez. Esker onean antzematen zaigu geure barruarekin adiskidetuta bizi garen ala ez. Esker onak erakusten du Jainkoaren maitasunak harritu gaituen ala ez. Jainkoak bere seme-alaba egin baldin bagaitu, badakigu dena Aitaren dohain eder dugula. Eta zer egin dezakezu eskertu baino? Eukaristia esker onaren festa da.
Zergatik gara esker txarrekoak? Handiustez gabiltzalako, besteen beharrik ez dugulako, maitasunari ihes egiten diogulako, Jainkoa nagusi zorrotz ikusten dugulako. Eta esker txarrak bihotzeko iluna eta mikatza sortzen digu. Esker ona falta dugunean, dena ilun eta beltz jartzen zaigu bihotzean.
Baina bizitza dohain huts ikusten duzunean, ez zaitu batere harritzen Naaman sendatuaren eskertu nahiak. Ezta samariar sendatuaren «eskerrik asko» sentituak ere. Bizitza dohainaren sintonian bizi duzunean, dohainaren neurrietara zabaltzen da bihotza, eta poza eta harridura bizi dituzu. Eta dena edertu egiten da. Esker onak bihotzeko bakea erakusten du.
Gaurko Eukaristia honek, Ebanjelioko samariarra bezala, atzera itzularazi behar gaitu. Atzera, Jesusi «eskerrik asko» esatera. Esker onezko festa handia izan dadila gaurko ospakizuna. Eta gero eguneroko bizitzan dena esker on bihur dezagula. Ondo begiratuta, dena baitaukagu eskertzekoa!
Iñaki Beristain (2016-9-28)
Beti bidean, beti bila
(Gaurko ebanjelioa: Lk 17, 11-19) Dena zorraren erritmora ordaintzen den gizarte honetan esker onaren sena galdu dugu. «Zer esaten da?» galdetzen zitzaien haurrei garai batean; eta «eskerrik asko» erantzuten zuen haurrak irribarrez. Esker onaren sena galtzeak, doantasunaren sena galtzea esan nahi du, eta hori biziaren kordea galtzea da. Dena sal-erosketa bihurtzen da, dena irabazi-zor, dena kobrantza-ordain. Bizitzaren poza galtzea da hori!
Dena trukatzen dugu, dena zor da edo dena esijitzen da. Sal-erosketaren zibilizazioa oretu dugu eta era horretako zibilizazioan alferrik da esker ona eta doantasuna. Bakoitzak irabazi duena dauka, ez gehiago eta ez gutxiago. Ez dago ezer erregalatzen ibili beharrik. Jainkoarekin ere halatsu joka daiteke, eta jokatu izan da askotan. Nik otoitzak eta egintza onak eta ospakizunak eta eskaintzen dizkiot Jainkoari, eta Jainkoak bere arduraz babestu behar nau, ezustekorik eta ezbeharrik gerta ez dakidan. Eta horrelakorik ezer gertatuko balitzait, Jainkoa non den galdetzen dut erreminez.
Eta, hala ere, kristauaren biziera ezerk zehazten eta margotzen baldin badu, esker onak eta gorespenak zehazten eta margotzen dute. Jainkoak egin duen guztia esker onaren sentimendu apala sortzeko egin du. Horretarako dira Jainkoaren ontasun guztiak.
Nola berreskura ditzakegu esker ona eta doantasunaren sena? Aski da nondik garen eta zer garen ohartzea. Inork sortu al du bere burua? Inork lor al dezake nahi duena izatea? Geure indar guztiak abian jarrita ere, zer gara ba?! Geure buruaren neurrien jabe izatea aski, esker oneko izateko. Dena dohain eta doan hartu dugu. Dena erregalo jaso dugu. Jainkoaren bihotzetik sortu gara.
Eta, gainera, esker oneko izateak beste bizimolde bat sortzen du. Eskertzen dakiena diferente bizi da. Ez da bizi dena bere eskuz egin behar duenaren itolarriz. Ez da bizi dena zor zaionaren lasaikeriaz. Erregaluari zor zaion esker onez bizi da eta erregaluak sortzen duen erantzukizunez. Bere bizitza erregalu ikusten du, eta ingurukoena ere bai. Eta hortik sortzen dira harreman berriak, esker onezkoak, ongi egindakoa estimatzekoak, besteen ontasunak aipatzekoak. Dena dohainari dagokion bihotz-handitasunez eta pozez janzten da. Esker onak dena edertzen du giza bizitzan.
Gaurko ebanjelioak atzerritar bat jartzen digu eskerrak ematen. Besteek, jasotakoa zor zitzaiela pentsatu dute nonbait. Gozatzeko gehiegi zeukaten, eskertzeaz akordatzeko. Haiei gorputzak sendatuko zitzaizkien, baina bihotza ez. Bihotza sendatu, ‘eskerrik asko’ esaten duenari sendatu zaio, erregaluaren sena erakutsi duenari. ‘Eskerrik asko’ batek asko balio baitu!
Iñaki Beristain (2013-10-6)
(Eguneko Ebanjelioa: Lk 17, 11-19)«Eskerrik asko» esatea izan dugu euskaldunok esker ona agertzeko geure era. Era sinple eta garbia. Hitz handien eta puztuen jolasean ibili gabe, bihotzaren betea erakusten du esaldi labur horrek.Eskerrak eman nahi dituenak ez du hitzak ugaltzen eta asmatzen ibili beharrik, eskerrik asko esatea nahikoa.Baina, esaldien gorabeheran sartu gabe, zein garrantzizkoa den esker oneko gizakia izatea! Esker onak, sakonean, pertsonaren neurria ematen baitu. Eskertzen ez dakien pertsona txikia da oso, kaxkarra. Esker onekoak bihotz handia erakusten du, barru aberatsa.Gaurko ebanjelio-zatiak «hamar lepradunen» sendaketa kontatzen digu. Hamar sendatu zituen Jesusek, baina bat bakarra etorri zaio eskerrak ematera.Eta Jesusek diotsanez, bat bakar horixe geratu da salbatua. Eta bera arrotza zen, samariarra. Bere laburrean, ebanjelioak eskaintzen digun kontakizun hau adierazgarria eta esanahi handikoa da.Inportantea da esker onekoa izatea. Bihotz handia, bihotz jatorra, erakusten du eskertzen dakienak. Batez ere, bihotz adiskidetua erakusten du.Bere barnean bakean bizi ez den gizon edo emakumeak ez du asmatuko esker onean bizitzen, eta oso gutxitan aterako zaio eskerrik asko. Bere bularrean borroka eta egonezina bizi dituenak, ez dauka behar adina bake esker onean bizitzeko. Nork bere buruarekin ondo konpondu behar du, pozik bizitzeko, eta pozaren emaitza bezala esker ona erakusteko.Esker onean azaltzen da pertsona bere barnean harroa den ala bere mugen neurria onartua daukan. Harroak dena zor eta dena normal jotzen du. Bere handitasunari zor zaion soldata ikusten du inguruko guzti-guztia. Eta zorrak ez dira eskertzen.Harroari beti zor zaio zerbait, eta ez duzu beraren eskerrik askorik jasoko. Baina bere mugak eta ezinak ezagutzen dituenak badaki bera dela zordun, eta eskertu egingo dizu egiten diozun guztia, detaile hutsa izanik ere. Pobreak eskertu egiten du.Fede-bizitzan ere halatsu da. Jainkoaren aurrean zordun dela dakienak, eskerrik asko esaten du. Jainkoaren dohain merezigabea ikusten baitu dena.Bere bekatua barkatu zaion bekatariak, ondo asko daki jaso duen barkazioak barrutik askatu egin duela, eta ez duela berea askatasun hori, eman egin zaiola. Fededun jatorrak eskertu egiten du.Jesusekin elkartzen den neurrian, garbi ikusten du, fededuna izatea Jainkoaren semea edo alaba izatea dela. Eta dena Aitarengandik hartzen duela, ume txikiek bezala. Eta, jakina!, eskertu egiten du, eskerrik asko esaten du.Zergatik ez ote gara esker onekoak? Geure burua handitzat eta inportantetzat jotzen dugulako. Besteen beharrik ez daukagula uste dugulako. Besteen maitasun-beharra daukagunik ez dugulako aitortu nahi. Jainkoa, Aita bezala ikusi ordez, nagusi gogor ikusten dugulako. Geure bizia, geure izatea, geure pozak, geure fedea, daukagun maitasuna... dena geure merezimenduen emaitza ikusten dugulako.Eta gauza bat esan behar dut: betidanik fededun garenok daukagu esker txarrekoak izateko arriskurik handiena. Fedean bizi dugun guztia betidanik bizi izan baitugu, eta asko kostatzen zaigu Jainkoak debalde emana dugula sumatzea.Gauza asko egin dizkiogu nonbait Jainkoari, berak ere eman diguna eman diezagun! Ez genuen besterik behar! Esker onekoa izateko, inportantea da samariarra izatea, arrotza alegia.Esker txarra! Esker txarrak garraztasuna sortzen du. Esker txarrekoa barnemindua bizi da. Eta garraztasunak, amargurak, barneminak, pertsona desegin eta erre egiten du barrutik.Ez da, bada, gauza zaila eskerrik asko esatea. Ez da gauza zaila, ez, baina zenbat gauza adierazten dituen!
Iñaki Beristain (2016-9-28)