URTEAN ZEHAR XX IGANDEA

C zikloa

Jeremias profetaren liburutik 38,4-6.8-10


Egun haietan, honela zioten handizkiek erregeri:
- ‘Hil egin behar da Jeremias hori; bere hitzez, herrian gelditzen diren guda-mutilak eta herritar guztiak makaldu besterik ez baitu egiten. Gizon hau ez dabil herriaren on-bila; hondamendi-bila dabil’.
Honela erantzun zien Sedezias erregeak:
- ‘Hor duzue zeuron esku. Erregek ez dezake ezer egin zuen aurka’.
Hartu zuten, beraz, Jeremias; eta Melkias errege-semearen ur-zuloan sartu zuten, kartzelako atarian; sokaz jaitsi zuten; ur-zulo hartan ez zegoen urik, lohia baizik; eta horrela, Jeremias lohitan sarturik gelditu zen.
Atera zen Abedmelek jauregitik, eta honela mintzatu zitzaion erregeri:
- ‘Errege, ene Jauna: Gaizki egin dute gizon hoiek, Jeremias profeta horrela erabiltzea: ur-zuloan sartu baitute, eta han goseak hilko da’. (Izan ere, ez zegoen ogirik hirian).
Orduan erregek honela agindu zion Ebedmelek etiopiarrari:
‘Hartu zeurekin hiru gizon, eta atera ezazu ur-zulotik Jeremias profeta, hil baino lehen’.

ERANTZUN-SALMOA 39


EZ EGON, JAUNA, NIGANDIK URRUN;
ZUREA NAUZU, ZATOZKIT LAGUN.
Itxaron dut Jaunagan, itxaron,
makurtu zait eta nire oihua badu entzun.
Atera nau herio-zulotik,
zingira lohitsutik;
harri gainean dizkit oinak tinkarazi,
eta nire urratsak sendoarazi.

Hebertarrei egindako epistolatik 12,1-4


Senideok. Honenbeste testiguren hodei erdian gaudenez gero, utz ditzagun zama guztiak eta inguratzen gaituen bekatua; eta joan gaitezen, eraman handiz, dagokigun borrokaldira, sinesmenaren iturri eta helburu den Jesus gogora erakarriz. Honek ere, izan zezakeen atseginaren ordez, gurutzea eraman zuen, lotsakizuna gutxietsirik; eta orain Jaungoikoaren aulkiaren eskuin aldean jarririk dago. Gogoan eduki ezazue, bada, halako erasoaldia bekatariengandik eraman zuena; ez etsi, ez galdu kemenik. Oraindik ez zarete odola isurtzeraino iritsi, bekatuaren aurkako borrokaldian.

ALELUIA Nire ardiek aditzen dute nire mintzoa –dio Jaunak-;


Nik ezagutzen ditut, eta haiek ondotik datozkit. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 12,49-53


Aldi hartan, honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Lurrean sua jartzera etorri naiz, eta nahiago nuke dagoeneko sutan balego! Bataio bat hartu beharra daukat, eta zer larria, hori bete artean! Lurrera bakea ekartzera etorri naizela uste al duzue? Ezetz diotsuet, zatiketa baizik. Hemendik aurrera, bost bizi diren etxe batetan, zatituak egongo dira: hiru biren aurka, eta bi hiruren aurka; aita semearen aurka, eta semea aitaren aurka; ama alabaren aurka, eta alaba amaren aurka; amagiarreba errainaren aurka, eta erraina amagiarrebaren aurka”.


Homiliak

Betiko historia, entzule jator, betiko kontua! Jainkoaren Hitza adierazten duen pertsona isilarazi egin nahi. Eta Jeremias gizajoa hor ikusten dugu lotua, isilarazia. Jeremias berak ere nahiagoko zuen, aukera eman izan bazitzaion, herriaren belarriak gozatzeko hitz gustagarriak esatea: dena ongi zihoala, dena ongi aterako zela, lasai bizitzeko... Baina, Profetak badu bere barnean zomorro bat, sakon-sakonetik Jainkoaren ahotsa esatera behartzen duena. Profetak, Jainkoaren Hitza esan beharra sentitzen du. Horregatik, Profetaren eginkizuna ez da "bakeak egitea" edo entzun nahi litzatekeen hitz gustagarria esatea. Profetak ez ditu ondorenak neurtzen, Profetak Jainkoak agindutakoa esaten du. Eta esaten duena, entzuleari gusta lekioke edo ez. Bakezko hitza izan daiteke edo ez. Baina, Jainkoarena esateak ematen dio profetari bere nortasun berezia.

Eta, noski, hortxe sortzen da borroka. Izan ere, munduak ez du Jainkoarena entzun nahi. Munduak bere bideak eta bizilegeak eratuak dauzka. Munduak ez du, beraz, Jainkoari kasurik egin beharrik sentitzen: bere segurantzak, bere bizipozak, bere atseginak, bere balioak... Eta horietan itsuturik, ez da jabetzen besterik badela eta baliorik nagusienak eta gizatiarrenak, Jainkoaren bidetik eskura etortzen zaizkiola. Eta, gainera, ez du nahi inork kontra egiterik, bakoitzak egin dezala nahi duena. Ez du ametitzen bere sisteman inork ziririk sar dezan.

Baina, zer nahi duzu? Jainkoak kontra egiten dio munduari. Mundua deskuidatua dabil. Munduak zorion-iturri jotzen dituen bideak, ez dira egiazkoak, engainagarriak dira. Bide horretatik, baliabide horietatik, ez da zorionik sortzen; batez ere, pobreentzat ez da zorionik sortzen. Eta profeta-hitzak gordin eta seko jipoitzen du mundutarraren postura jainkogabea. Ez kontra jartzearen gustuz, gezurra salatu beharrez baizik. «Sua jartzera etorri naiz». Jesus ez da etorri lurrean bakea jartzera. Hitz gogorrak direla? Jesus ez dago bakearen kontra. Baina ezin du berak lasai onartu munduaren bide okerra, batez ere pobreak engainatzen dituen bide gezurrezkoa.

Eta Jesusek bere bidea erakutsi du. Azken boladako igande guztiotan esan digu non dagoen gizon-emakumeon segurantza. Dirua, ondasunak, lasaikeria, atseginkeria... ez dira egiazko segurantza. Jesusen jarraibideak bakarrik sortzen du giza bihotza baketzen duen segurantza. Eta Jesusen bideak eta munduak aldarrikatzen duen bideak ez dute zer ikusirik, pentsatuko duzunez. Eta borroka, zatiketa, konpondu ezina sortzen da. Jesusen bideak, Profetaren jarrerak, munduko bideen hutsa salatzen du. «Etxe batean hiru biren aurka, aita semearen aurka, ama alabaren aurka». Horra etenaren sua. Jesusek ez du zatiketa maite, baina zatiketa hori ezinbestekoa da. Jesusen jarraitzaile izateak badu, bere barnean, munduaren postura atximurkatzen duen zerbait.

Gaur ere, gure mundu honetan ere, Jeremiasi gertatua, Jesusek esana, gertatuko zaigu kristauoi. Kristau bakoitzak Profeta-bokazio hori baitarama berekin. Profeta-punttu hori. Eta beti ere Jainkoaren bidea bizitzeak eta adierazteak, adiskideak sortu ordez, ihesa sortuko digu inguruan.

Eta hemen sortzen den giroa ez da hain samurra. Begiratzen duzu ingurura eta gehienak beste bide batetik ikusten dituzu. Gehienek ez dute Jainkoaren biderik aintzakotzat hartzen. Eta hortxe sortzen zaizkizu zalantzak: gehienak kontra, eta ez ote dute arrazoi? Bide onetik ote nabil? Merezi ote du beti kontrara ibiltzeak? Ez ote da hobe munduarekin besotik helduta joatea? Eta arriskua, lehenengo kristauena bera: etsitzea, arnasa galtzea. Izan ere, luzaroan kontrara bizitzeak badu bere nekea. Denoi maitagarriago zaigu besteekin, ingurukoekin, bat etortzea. Baina, sasikonponketa lortzeagatik, kristauak ez du Jainkoaren borondatea salduko.

Eta hau guztia ez da arazo handietarako bakarrik. Eguneroko gauza txikietarako ere bada. Gure afizio edo zaletasunak, gure denborapasak, gure gastuak, gure azaldu beharrak, ikasketak... zer irizpideren araberakoak ditugu? Gehienen itxura-bidetik al gabiltza? Merezi al du kontrara ibiltzea? Izango duzu ondoan zure jokaerak ulertuko ez dituenik. Izango da, seguru asko, oso arraroa zarela esango duenik. Teilatupe berean bizi denen batek ere ez ditu beharbada zure bideak ulertuko! Gerta daiteke eta gertatzen da!

Horretatik galdera: Nola iraun? Nola eutsi fedearen bideari? Nola segi etsi gabe? Bigarren irakurgaiak ez du galtzeko hitzik. «Honenbeste testiguren hodei-erdian gaudenez gero, utz ditzagun zama guztiak eta inguratzen gaituen bekatua; eta joan gaitezen, eraman handiz, dagokigun borrokaldira, sinismenaren iturri eta helburu den Jesus gogora erakarriz. Honek ere, izan zezakeen atseginaren ordez, gurutzea eraman zuen, lotsakizuna gutxietsirik; eta Jaungoikoaren aulkiaren eskuinaldean jarririk dago». Hor daukazu Jesusen bidea, bera aintzaren askatasunera eraman zuena, munduak onartu nahi ez duena. Eta, Jesusen azken ona ikusteak eta hausnartzeak, eutsiko dizu fedean sendo, erori gabe. «Ez etsi, ez galdu kemenik». Oraingoz Profeta-eginkizuna mingarri eta zail gertatzen bazaizu ere, badator atsedenezko garaipena. Jesus bera testigu.

Horra, entzule fededun, bidea. Mundua alde edukitzeko esperantzak galdu. Eta, gainera, ez litzateke hori oso seinale ona izango. Jesusen bideak ez dizu munduan adiskide asko sortuko. Baina, nori jarraitzen diogun kontuan izanik, ez dugu horretaz gehiegi harritu behar. Aurrera egin behar dugu. Eta aurrera egiteko indarra eta espiritua, Eukaristiak emango digu. Jan dezagun eta garaipena ospatu. Goazen gero profetaborroka sendoa egitera. Kristo garaile aitortzen dugunok, Beraren garaipena jasoko dugu.


Iñaki Beristain (2016-8-8)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 12, 49-53)

Norbaitek esan zuen, Ebanjelioko Jaunak «bakea ematen duela, baina ez duela bakean uzten». Esaldi honek ongi ulertaraz diezaguke beharbada, gaurko ebanjelio-atalak adierazten digun errealitatea. Bizitzak berak bezalaxe, gure kristau-izateak ere aukera sakonak egitera behartzen gaitu. Bizitza bera edo, hobeto esanda, biziera bera, atergabe egiten duzun aukera da, edo aukera askoren bilduma.

Eta gure eguneroko bizierak aurrean jartzen dizkizun aukera horiek bezalaxe, nire fede bizierak ere beste aukera batzuk jartzen dizkit aurrean. Betidanik bizi izan dudan fede soziologikoan segi edo fedea berritu, aukera da. Nire bizitzari txukun xamar eutsi, nabarmenkeria handirik gabe, edo fedearen arriskuan leporaino sartu, aukera da. Ona izatearen arauak betez konformatu edo Jainkoaren ekimenari bihotza ireki, aukera da. Nik neure kontzientziaren arabera atergabe egin behar dudan aukera.

Jesus «sua jartzera etorri da mundura», «etena sortzera». Mantsoagatik bilatzen ditugu aitzakiak, Jesusen hitzok gizakontrakoak  direla esanez, eskatzen zaigun aukera erabakigarria ez egiteko. Baina ez daukagu inolako zalantzarik, Jesusek eskatzen digun aukerak pertsona osoa hartzen duela, pertsona bere osotasunean. Jesusek eskatzen duen aukera sakoneko hori ez zaigu oso gratifikatzailea gertatzen. Maitasuna sua da, su kiskaltzailea. Eta Jesusek ematen eta eskatzen duen maitasuna ere su kiskaltzailea da.

Su kiskaltzailea izateak zer esan nahi du? Jesusen Maitasunak ez duela erdipurdikako jarrerarik ametitzen. Zabarkeriaren kolore gabeko jarrera txepelak ez duela maitasunaren neurria ematen. Maitasuna tartean sartzen denean, erabateko eta erabeteko entrega eskatzen zaigu. Zerk eragozten digu maitasunaren erabatekotasun hori onartzea gure bizitzan? Zergatik bihurtu nahi da maitasuna harreman neurtu eta mugatu? Maitasunean neuretik irtenez, neure nortasuna galtzeko beldurra ote daukat?

Gauza jakina da, gure gizartean erabaki denak aldi baterako erabaki bihurtu nahi ditugula. Beti eta betiko hitzek izua sortzen digute. Baina, denok dakigu maitasunak betikotasuna daramala bere barnean. Maitasunak harreman liluragarrietan lotzen gaitu. Betikotasunaren asmoa daramaten harreman liluratuetan.

Eta Ebanjelioaren mailan gertatzen denak ere, bere sakonean, maitasunaren lilura darama. Eta maitasuna delako, sua da, betikotasunaren erabakia darama beregan. Norbait bihotzaren jabe egin zait. Eta, ondorioz, etena sortzen da. Beste guztiarekiko etena. Maitasunaren jokoa da hau. Eta maitasunaren aukera. Bizitzak bezalaxe, Ebanjelioko Jesusek ere aukera baten aurrean jartzen baitzaitu. Harreman liluragarrien lotura libre eta gozoa da hau! Maitasunaren sua.


Iñaki Beristain (2013-8-16)

(Igandeko ebanjelioa: Lk 12, 49-53)

Norbaitek esan zuen, Ebanjelioko Jaunak «bakea ematen duela, baina ez duela bakean uzten». Esaldi honek ongi ulertaraz diezaguke beharbada, gaurko ebanjelio-atalak adierazten digun errealitatea.Bizitzak berak bezalaxe, gure kristau-izateak ere aukera sakonak egitera behartzen gaitu. Bizitza bera edo, hobeto esanda, biziera bera, atergabe egiten duzun aukera da, edo aukera askoren bilduma. Egia esanez bizitzea, une bakoi­tzeko interes estuen gainetik, aukera da. Lantokian onradutasunez jokatzea, aukera da. Zure harremanekiko zintzotasuna, aukera da. Nork bere kontzientziaren arabera atergabe egiten duen aukera.Eta gure eguneroko bizierak aurrean jartzen dizkizun aukera horiek bezalaxe, nire fede bizierak ere beste aukera batzuk jartzen dizkit aurrean. Betidanik bizi izan dudan fede soziologikoan segi edo fedea berritu, aukera da. Nire bizitzari txukun xamar eutsi, nabarmenkeria handirik gabe, edo fedearen arriskuan leporaino sartu, aukera da. Ona izatearen arauak betez konformatu edo Jainkoaren ekimenari bihotza ireki, aukera da. Nik neure kontzientziaren arabera atergabe egin behar dudan aukera.Jesus «sua jartzera etorri da mundura», «etena sortzera». Mantsoagatik bilatzen ditugu aitzakiak, Jesusen hitzok gizakontrakoak  direla esanez, eskatzen zaigun aukera erabakigarria ez egiteko. Baina ez daukagu inolako zalantzarik, Jesusek eskatzen digun aukerak pertsona osoa hartzen duela, pertsona bere osotasunean. Jesusek eskatzen duen aukera sakoneko hori ez zaigu oso gratifikatzailea gertatzen. Maitasuna sua da, su kiskaltzailea. Eta Jesusek ematen eta eskatzen duen maitasuna ere su kiskaltzailea da.Su kiskaltzailea izateak zer esan nahi du? Jesusen Maitasunak ez duela erdipurdikako jarrerarik ametitzen. Ez bai eta ez ez, ez hara eta ez hona: zabarkeriaren kolore gabeko jarrera txepelak ez duela maitasunaren neurria ematen. Maitasuna tartean sartzen denean, erabateko eta erabeteko entrega eskatzen zaigu. Giza maitasunean hala gertatzen da, ezkontzan esate baterako. Hala gertatu zen Israel herriaren eta Jainkoaren artean Ituna egiterakoan. Eta Jesusekin ere halaxe gertatzen da.Zerk eragozten digu maitasunaren erabatekotasun hori onartzea gure bizitzan? Zergatik bihurtu nahi da maitasuna harreman neurtu eta mugatu? Hainbesteraino kateatzen ote gaitu, geuretik ateratzea galarazten digun geurekoikeriak? Maitasunean neuretik irtenez, neure nortasuna galtzeko beldurra ote daukat? Gauza jakina da, gure gizartean erabaki denak aldi baterako erabaki bihurtu nahi ditugula. Beti eta betiko hitzek izua sortzen digute. Gure gizarteak ez du erabateko erabakirik onartu nahi. Ezkontza bera ere, betirako izatetik eta betirako agintzetik, sentimendu mailan ahal den arteko erabaki bihurtu dugu.Baina, denok dakigu maitasunak betikotasuna daramala bere barnean. Maitasunak harreman liluragarrietan lotzen gaitu. Ez une bateko harreman liluragarrietan. Baizik betikotasunaren asmoa daramaten harreman liluratuetan. Eta Ebanjelioaren mailan gertatzen denak ere, bere sakonean, maitasunaren lilura darama. Eta maitasuna delako, sua da, betikotasunaren erabakia darama beregan. Norbaitek liluratu nau eta ni baino indartsuago gertatu zait. Bihotzaren jabe egin zait.Eta, ondorioz, etena sortzen da. Beste guztiarekiko etena. Baina ez zerbait uzteagatik edo norbaiti ihes egiteagatik; norbait bihotzaren jabe egin zaizulako baizik. Maitasunaren jokoa da hau. Eta maitasunaren aukera. Maitasunean aukeratua izan zarelako, zuk ere zeure aukera egin duzu maitasunean. Eta orain badakizu nola bizi, zer maitatu, zeri eman balioa, zer onartu eta zer utzi. Bizitzak bezalaxe, Ebanjelioko Jesusek ere aukera baten aurrean jartzen baitzaitu. Harreman liluragarrien lotura libre eta gozoa da hau! Kate librea!


Iñaki Beristain (2016-8-8)