BAZKO-ALDIKO III IGANDEA

C zikloa

Apostoluen Eginetatik 5,27b-32.40-41


Egun haietan, Apaiz nagusiak honela galdetu zien apostoluei:
- ‘Ez al genizuen zorrotz agindu, Horren izenean ez erakusteko? Zuek, berriz, Jerusalen osoa bete duzue zuen erakutsiz, eta gizon horren odolaren erantzukizuna guri ezarri nahi diguzue’:
Pedrok eta apostoluek erantzun zuten:
- ‘Jaungoikoaren esana egin behar da aurrena, ez gizonena. Gure arbasoen Jaungoikoak biztu egin zuen, zuek habetik zintzilik hil zenuten Jesus. Jaungoikoak goratu egin du bere eskuinez, eta Buruzagi eta Salbatzaile egin, Israeli bihotz-berritzea eta bekatuen barkamena emateko. Gu gara gauza hauen testigu, baita Jaungoikoak bere esana egiten dutenei ematen dien Espiritu Santua ere’.
Zigortu ondoren, Jesusen izenean hitzegitea galerazi zieten eta joaten utzi. Apostoluak pozez atera ziren Batzarretik, Jesusen izenarengatik irainak jasateko gai aurkitu zituztelako.

ERANTZUN SALMOA 144


JAUNARI KANTA, ONA BAIT DA,
HAIN DU HAUNDIA BERE BETIKO ERRUKIA.
Goretsiko zaitut, Jauna, onik atera nauzulako,
etsaiak nitaz pozten utzi ez dituzulako.
Jauna, Leizetik nire bizia atera duzu,
zulora dijoazenengandik bizirik gorde nauzu.
Eresi egiozue, zintzoak, Jaunari,
eman eskerrak Haren izen santuari.
Une baterako da Haren haserrea,
bizi guztirako Haren on izatea.
Negarra dator arratsaldean,
baina poza goizean.

Apokalipsis liburutik 5,11-14


Nik, Joanek, begiratu nuen eta aingeru askoren mintzoa aditu nuen; milaka eta miloika ziren, aulkiaren eta bizidunen eta zaharren inguruan; eta hots haundiz honela zioten:
“Indarra eta aberastasuna,
jakinduria eta ahalmena,
ospea, aintza eta gorespena hartzeko bada nor
hila izan den Bildotsa”.
Eta zeruko eta lur gaineko, lurpeko eta itsasoko, eta haietan diren izaki guztiei hau aditu nien:
“Errege-aulkian dagoenari eta Bildotsari,
gorespena, ospea, aintza eta agintea
gizaldi eta gizaldietan”.
Eta lau bizidunek erantzun zuten: “Amen”. Eta zaharrek, ahuspezturik, gurtu zuten, gizaldi eta gizaldietan bizi dena.

ALELUIA Piztu da Kristo, gauza guztiak egin zituena,


eta gizadiaz erruki izan duena. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen Liburutik 21,1-14


Aldi hartan, Jesus Tiberiades itsas bazterrean agertu zitzaien berriro ikasleei. Eta honela agertu zitzaien. Elkarrekin zeuden: Simon Pedro, Bizkia zeritzan Tomas, Natanael Galileako kanatarra, Zebedeoren semeak, eta ikasleetako beste bi. Pedrok esan zien:
- ‘Arrantzura noa’.
Haiek erantzun:
- ‘Ba goaz gu ere zurekin’.
Atera ziren eta ontzira igo. Baina gau hartan ez zuten batere hartu.
Egunsentian Jesus ur ertzean agertu zen; baina ikasleak ez ziren konturatu Jesus zenik. Jesusek esan zien:
- “Mutilak, bai al duzue arrairik?”
Eta haiek: ‘Ez!’
Jesusek orduan:
- “Bota sarea ontziaren eskuin aldera, eta aurkituko duzue”.
Bota zuten, bada, eta ezin zuten atera, arraiketaren haundiaz. Orduan, Jesusek hain maitea zuen ikasle hark esan zion Pedrori: ‘Jauna da’.
Simon Pedrok, Jauna zela aditu zueneko, lotu zuen atorra (beste jantzirik ez bait zuen) eta jauzi egin zuen itsasora. Beste ikasleak ontzian etorri ziren, sarea arrastaka zekartela (lehorretik ehunen bat metrora besterik ez bait zeuden).
Lehorrera jaitsi zirenean, sua aurkitu zuten, eta su gainean arrai bat, eta ogia. Jesusek esan zien:
- “Ekar itzazue arrai batzuk, hartu-berri horietatik”.
Igo zen ontzira Simon Pedro, eta lehorreraino ekarri zuen sarea, ehun eta berrogeitamahiru arrai haundiz betea; eta hainbeste izanik ere, ez zuen urratu sarea.
Jesusek esan zien:
- “Zatozte eta jan”.
Eta ikasleetako inor ez zen ausartu, Hari ‘nor zara Zu?’ galdetzera, bai bait zekiten Jesus zela. Orduan Jesusek, hurbildurik, hartu zuen ogia eta haiei eman zien; baita arraia ere.
Hau izan zen, Jesusek ikasleei egindako hirugarren agertaldia, hilen artetik biztu ondoren.
(Haiekin jan ondoren, galdetu zion Pedrori: “Joanen seme Simon, hauek baino gehiago maite al nauzu?”
Pedrok erantzun: ‘Bai, Jauna, Zuk ba dakizu maite zaitudala’.
Jesusek orduan: “Bazka itzazu nire bildotsak”.
Berriro galdetu zion: “Joanen seme Simon, maite al nauzu?”
Pedrok erantzun: ‘Bai, Jauna, Zuk ba dakizu maite zaitudala’.
Eta Jesusek: “Zaindu itzazu nire ardiak”.
Hirugarrenez galdetu zion: “Joanen seme Simon, maite al nauzu?”
Hirugarrenez “maite al nauzu” galdetu ziola-eta, goibeldu egin zen Pedro, eta erantzun zion; ‘Jauna, Zuk dena dakizu; Zuk ba dakizu maite zaitudala’.
Jesusek orduan: “Bazka itzazu nire ardiak. Bene-benetan diotsut: Gazte zinenean, zeuk lotzen zenuen gerrikoa, eta nahi zenuen tokira joaten zinen. Zahartutakoan, ordea, besoak zabaldu beharko dituzu, eta gerrikoa bestek lotuko dizu, eta zuk nahi ez duzun tokira eramango zaitu.”
Hori esan zion, nolako heriotzaz Jaungoikoa goratuko zuen adierazteko. Eta gero, esan zion:
“Jarrai Niri”.


Homiliak

Senideok, Pazkoan aurrera eta sakonera goaz. Jesusekiko elkartasuna eta topaketa gero eta nabarmenagoa ari zaigu gertatzen. Berpiztuaren pozak bizi-adorea ematen digu, zailtasun eta ezinetan ere Berri onaren lanean sutsu ekiteko. Jakin badakigu eta, Pazkoak beste ikuspuntu batean kokatu gaituela, Berpiztuaren garaipenaren ikuspuntuan. Eta zorionez!, bizitzearen eta ekitearen eta gertaeren beste irakurketa bat egitea ematen zaigu. Eta hor, gero eta sakonago, gero eta ederrago, Pazkoa gertatzen zaigu.

Koadro eta ikusmira eder honetan, ordea, aurrena Jesus berpiztuarengana jasotzen ditugu gure begiak. Bera da Pazkoaren ardatza. Bera gure ospakizuna biziarazten duen presentzia. Jesusekiko topaketak edertu du gure elkartea. Berak pozten gaitu. Gaurko Ebanjelio zatiak kontatu digun topaketa honek badu, ordea, berezitasunik. Ez zaie agertzen aurreko igandeetan bezala, beren etxean gordeta dauden ikasle beldurtu eta bidegaldu haiei. Gaurko agerpena, arrantzuan ari direla gertatzen da. Berri Onaren lanean ari den Elizarentzat da gaurko topaketa hau. Ezinean eta agorraldian nekatuta dagoen Elizari otordua prestatzen dio. Eta Jesus, otordu horretan, presente ez ezik, arrantzurako indar eta ziurtasun bihurtzen zaio. Arrain asko biltzen dute Jesusen presentziaren argitan. Eliza, Jesusen topaketan biziberritzen baita. Jesusen topaketan gertatzen da Eliza, askatasunezko gertaera bezala.

Eta topaketa honetatik abiatzen da Eliza mundura. Mundu latza eta zaila, berri onaren lana aurrera ateratzeko. Baina Pazkotik sortu den elkarteak, Apokalipsiko kantika eta esaldi hori entzun du: «Indarra eta aberastasuna, jakinduria eta ahalmena...» Bildotsari dagozkio. Eta egia horren begiz begiratzen eta ikusten ditu gertaerak eta bere historia. Horregatik ez du azaleko itxurak tristetzen eta adoregaltzen. Badaki hemen ikusten dena ez dela gauzen egia betea. Egia ederragoa eta osoagoa irakur dezakegula Jesusen Pazkotik. Eta horregatik ausardiaz dihardu Berri Onaren soroetan. Lau bizidunek esandako «Amen» handi harekin elkarturik, Elizak ere arrazoia ematen dio Pazkoko ikuspegiari.

Munduko indarrek ez dute lotuko. Ez dute morroituko. Elizak badu nori obeditua. Badu noren esana egina. Eta eman behar duen testigantza emango du ausardiaz. Espiritu Santuaren arnasetik datorkion ausardiaz. Mundua «haren erakutsiz beteko» du. Irainak eta presioak eta ez dute kikilduko, horiek eguneroko eta aspaldiko ogi bihurtu baldin bazaizkio ere.

Baina, honen guztiaren oinarria aurkitzeko, berriro Ebanjelioaren harira itzuli behar dugu. Izan ere, honetan guztian argi ikusten da esperientziazko argi bat behar dela. Eta horrek bietako bat eskatzen du: Joanen begi maitale eta zorrotza (azkar asko konturatu zen «Jauna da» esateko), edo bestela Pedroren eskarmentua. Eta hauxe aztertzera gonbidatzen zaitut momentu batez. Ikusi al duzu Pedro erabat umil eta burumakur? «Zuk badakizu maite zaitudala». Garai bateko segurantza eta harropuzkeriak urtu zaizkio. Lehen bilatzen zituen helburuak eta lotu-nahiak aspaldian galdu ditu. Eta orain ez da bere buruaz fiatzen. Ez du beregandik ezer espero. Pobre ikusten du bere burua. Eta bere pobrezia hori hiru aldiz agertu behar du, pobrezia aitorpen bihurtuz.

Eta orduan, eta pobrezia-giro horretan, Jesusek esaten dio: «Jarai niri». Ez al zion bada lehendik jarraitzen? Lehen Pedrok bere asmoak jarraitzen zituen, bere usteak, bere esperantzak. Oraintxe dago puntu-puntuan Jesusen ikasle izateko. Oraintxe dago bere onenean Jesusen bidea onartzeko. Kontua ez baita zerbait jarraitzea edo asmo onak izatea. Baizik Jesusen jarraitzaile izatea. Eta Pazkoa ez da batere garai txarra gure jarraipen-usteko asko, pobreziaren galbahetik pasatzeko. Onenean guk ere, Pedrok ez ezik, ikusiko genuke ez garela ari geure indarren eta asmoen neurriko lanetan. Pazkoko Jauna zerbitzatzen dugula. Eta frakasoa eta arrakasta ez direla hain «hemendik» neurtu behar, «erreinutik» baizik.

Jesusekin topo egitea beharrezkoa dugu haren ikasle eta jarraitzaile bihurtzeko. Edozein detaile txiki aski da Jesusekin topo egiteko. Berak eragiten du topaketa. Bizitzako gertaeretan bera presente egiten zaigu, tarteko. Eta guk geurez lortu ezin genuen poz-fruitua ugari ematen digu. Pazkoa topaketa da. Hemen, eguna joan eguna etorri, gero eta sakonagotik gertatzen ari zaigun topaketa. Eta, egunen batean, laster, betirako Pazko bihurtuko zaigun topaketa.

Bai, adiskidea, maitasunaren eta pobreziaren eskarmentua dago Elizaren jardunaren oinarritan. Gaur gu ere esperientzia hori bera berriztatzera bildu gara. Gure itsasontzi minduaren ondoan Jesusek ematen digun otordua aurkitzen dugu, Eukaristia. Eta otordu hau maitasunezko aitorpen bihurtu behar dugu. Pedrok bezalaxe, guk ere askotan geure asmoak zerbitzatu ditugu. «Maite al nauzu?» Ez dugu galdera horri erantzutetik ihes egin behar. Bestela, beste behin, ez dugu ikasle izatearen pausoa emango.

Goazen Eukaristia ospatzera eta bizi dezagun Pazkoko topaketa. Jaso dezagun Jaunaren obedientzian bizitzera eramango gaituen maitasunezko esperientzia ederra. Eta bizi gaitezen.


Iñaki Beristain (2016-4-6)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 21, 1-19)

Ikasleak sakabanatuta ikusten ditugu, behin ostiral santukoa gertatu eta gero. Beren segizioari eusten zion Maisua galdu dute, eta harekin dena. Aurreko lanetara itzuli dira nonbait, berriro ere itsasoan ikusten baititugu beren ontzi eta sareekin. Frustrazio handi baten lanak ari dituzte, gau betean. Eta ez dute ezer harrapatu. Gauak ez baitu bizi­tzeko ere argirik. Gauean dena da ezezko.

Gauaren irudi honek gure gauen irudia dakarkigu gogora. Gau pertsonalak, asko. Eta eliz gauak ere bai, asko hauek ere. Ezinak hartuta ibili ohi gara sarri. Gure eliz elkarteari zer ari zaio gertatzen? Gutxitzen, murrizten, ez zenbakietan soilik (hori izango litzateke gutxienekoa), gogoz, arnasaz, bizitasunaz baizik (eta hau kezkagarriagoa da). Gau osoa lanean eta ez dugu ezer harrapatzen. Gauean ez baitago ezer.

«Egunsentia». Jesusen presentziak argia piztu du. Jesus dugu egunsentia. Jesusek garaitu ditu gauaren indar desegileak. Berriro ere presentzia gertatu zaigu, Jesus berpiztuaren presentzia, eta presentzia horrek dena aldatzen du. Arrainketa handia, ikasle maitearen begirada, Pedroren indar beroa. Eta, batez ere, sua, arraina eta ogia. Jesus ez da aipatzen beste osagaien artean, baina ikasleek badakite nor dagoen ogi-arrainetan, badakite su hori presentziaren ziurtasuna dela, giza segurantza ez bada ere. Ez daukate galdetu beharrik. «Agertu egin zaie». Sinesmenaren esperientzia ederrari gertatzen zaion «agerraldia» da.

Oso gurea da presentziak fisikaz neurtu nahia. Baina hemen oso gutxi egin dezake fisikak eta gure neurtzeko erak. Hemen esperientziak balio du, bihotza berotzen duen esperientziak. Esperientzia horrek, fede berrituaren esperien­tziak, eman diezaguke Jesusen «presentzia». Izan ere, hor dauzkagu esperientziaren iturrian sua, ogia eta arraina. Batez ere, Eukaristiaren misterio ederrean. Gaur ere «zatozte eta jan» esaten digu Jesusek.

Nola argitu gure gauak? Nola berritu Elizaren bihotzean itxaropena? Nola gozatu gure ezintasunak? Nola lortu emaitzak gure ahalegin saiatuaz? Galdera asko dauzkagu geure neke handien artean egiteko. Nola egin dezakegu aurrera une honetan?

Bistakoa da, nik uste, esperientziaren ezinbestekoa. Askotan esan dugu, baina erremediorik gabe errepikatu beharra daukagu: sinesmenaren esperientzia berritu beharra daukagu gure eliz elkartean. Horretarako egin behar diren prozesuak abian jarri behar dira eta bultzatu. Bestela beti adarretan galduko gara, adar hutsetan, esperientziaren faltan ez baita inolako fruiturik sortzen.

Azken bolada luzean, krisiaz hitz egiten ohituta gaude, bai gizartean eta bai Elizan. Ez genuke horretara ohitu behar. Itsasoaren ertzean zain daukagu Jesus bere presentzia ziurrez. Gauetik goizerako bidea egin behar dugu.


Iñaki Beristain (2013-4-11)

(Igandeko ebanjelioa: Jn 21, 1-19)

Joan zen igandean, Tomasen igandean, «ilunabarrean» gertatu ziren gauzak. Gauzak ez, topaketa gertatu zen. Gaurko ebanjelio zatian ere bada gaua, gau osoan ahalegindu arren ez baitute arrain bat bera harrapatu. Baina, topaketa gertatzera dihoan unean, «egunargitzen ari zen». Jesus ez dagoenean, iluna baita; bera dagoenean, berriz, eguna.

Arrantzurik ez. Ametsak husten direnean, dena gaizki ateratzen baita. Beren ilusio guztia entregatu zioten Jesus hura hil zuten. Eta orain ezin asmatu beti egin duten lanarekin ere, arrantzuarekin. Aurrera begira­tzeko gogoa Jesusekin joan zaie, baina atzera bueltatzen uzten ez dien zerbait gertatu zaie. Goizeko behelainotan, gandutan galduta bezala, norbait. Ez zekiten Jesus zenik. Eta pixkanaka, topaketaren loretxoa hasten da. «Mutilak», aurreneko deia. «Arrainik ba al daukazue?», berenez ezin izan dutela edo erakutsi nahi balie bezala. «Bota sareak eskuinera», eta arrantzuaren ezaugarri garbia.

Horraino, Jesusena izan da ekimena. Orain, ordea, «sareak botatzen dituztenean», ikasleek fedea jar­tzen dute beren aldetik. Eta nahiko harrigarria da, zergatik ezen gau guztian jardun eta bat bera ere ez harrapatu, eta etxeratzeko ordua denean, orduan sareak bota? Baina, «bota zituzten». Eta hor presentziaren fruitua, jaso ezin ahala arrain. Eta begirada garbia zeukanak (Joanek),  berehala antzeman zion. «Jauna da!». Bihotz haundia zeukana (Pedro), korrika hurbildu zitzaion aurrena. Pedrok bihotzaren taupadara jokatzen du.

Beste ikasleak ontzian zetozen itsasertzera (gauzak ondo neurtu behar zirela pentsatuz agian, bero-berotan itsutu baino lehen?). Hurbildu eta ezagutu. Hainbesteraino hurbildu ziren, berarekin gosaldu zuten arraina. Elkartasunaren intimitate gozoa, dudarik gabe.

Hainbesteraino ezagutu zuten, ez zuten «nor zara?» galdetu beharrik. Fedeak, hain handia eta sakona izanik, ebidentzia bihurtzen die ikusi ez baino sinetsi egiten dutena, ia-ia fedearen beharrik ez izateraino. Ia-ia diot, fedea galduz gero, ez baitzuten harengan beren Maisu eta Jauna ezagutuko. Ez al da ederra? Ezinaren hutsean hasi dena, elkartasunaren betean burutzen da. Pedagogia bikaina. Topaketaren loretxoa benetan!

Geuretik begiratuz, zenbat Eukaristiatara etortzen garen arrainik gabe. Ez da hala? Bizitzaren eguneroko gauean jotake jardun, eta hutsaren hurrengoa! Eta sinetsi ezinaren lausotan, hantxe urrutira, mamu baten itzala dirudien norbait. Berak prestatu dizun arraina jaten duzu (arraina Eukaristiaren irudi da). Eta topaketa gertatzen da pixkanaka. Ikusi duzu? Ez duzu ikusi? Ezagutu duzu? Antzeman diozu? Zeure zalantza artean, badakizu bera dela. Ez daukazu galdetu beharrik. Topaketa gertatu zaizu!

Eta berriro ere bizitzara itzultzen zara, gaueko arrantzura. Baina, orain ongi ikasi duzu Jesusen presen­tzia ez dela zeure lanaren fruituetatik neurtu behar. Badakizu presentzia horretan sinesteak emanarazten dizula egiazko fruitu betea. Eta horrekin aski duzu. Orain ikasi duzu fruiturik ezean ere, Jesusen presentziari tankera hartzen. Eta, jakina, egunero-egunero mila detaile aurkitzen duzu han-hemen, Jesusen presentziaz mintzo zaizuna: pobre hura, frakaso hura, gaixoaldi hura, eten hura, ezbehar hura, adiskide hura, poz hori...

Eta detaileen ederretan botatzen dituzu egunero sareak. Eta jasotzen duzun sarekada sekulakoa da. Topaketak ase egin zaitu. Eta aurkitu duzunarekin aski duzu! Topaketaren loretxoa.


Iñaki Beristain (2016-4-6)