URTEAN ZEHAR XXXII IGANDEA
C zikloa
Makabearren liburutik 2 Mak 7,1-2.9-14
Egun haietan, preso hartu zituzten zazpi anaia eta beren ama; legez galerazia zegoen txerrikia jatera behartu nahian, zigortuarazi egin zituen erregek idi-zainezko uhelez.
Anaia zaharrena honela mintzatu zen denen izenean:
- ‘Zer nahi duzu gugandik? Prest gaude bizia emateko, gure arbasoen Legea oinperatu baino lehen’.
Bigarrenak ere, azkenetan zegoela, honela esan zion:
- ‘Zuk, gaizkiletzar horrek, oraingo bizia kentzen diguzu; baina izadiaren erregeak biztu egingo gaitu betiko bizirako, Haren Legeagatik hiltzen garenok’.
Gero, irain-jostaketan hasi ziren hirugarrenarekin; mingaina ateratzeko eskatu zioten, eta harek berehala atera zuen eta eskuak ere kementsu luzatu zituen. Eta gizonki mintzatu zen:
- ‘Jaungoikoagandik ditut gorputz-atal hauek eta Haren legeengatik gutxiesten ditut; ziur nago berriz ere hartuko ditudala Harengandik’.
Harriturik utzi zituen errege eta harekin zeudenak, oinaze-minak huskeritzat zeuzkan gazte kementsu harek.
Hura hil zenean, neke berak eman zizkioten laugarrenari, eta azkenetan zegoela, esan zuen:
- ‘‘Balio du gizonen eskuz hiltzeak; Jainkoak biztuko gaituela uste baitugu. Zuk, ordea, ez duzu izango bizitzarako bizterik’.
ERANTZUN-SALMOA 16
JAUNA DUT ARGI ETA SALBAMEN.
Entzun, Jauna, nire auzi bidezkoa,
adi ezazu nire deiadar hotsa;
hartu belarriz nire arrena,
gezur gabeko ezpain hauena.
Nire urratsa zure bideetan sendo dut tinkatu,
nire oinak ez dira kolokatu.
Deika naukazu, Jainko, entzuten bainauzu,
aldera iezaidazu belarri hori, nire hitza entzun ezazu.
San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei 2 Ts 2,15-3,5
Senideok: Iraun, beraz, sendo, eta gorde, gure hitzez eta gutunez ikasi dituzuen erakutsiak. Jesukristo gure Jaunak eta Jaungoiko gure Aitak poz ditzatela zuen bihotzak, eta sendo zaitzatela egite eta hitz on guztietarako; Jainko gure Aitak hain maite izan baikaitu eta grazia hutsez eman digu betiereko poza eta zorionaren itxaropena.
Gainerakoan, senideok, egizue otoitz gure alde, Jaungoikoaren hitza zabaltzen joan dadin aurrerantzean ere eta ospez hartua izan dadin zuen artean bezala, eta gu onik atera gaitzan gizon oker eta gaiztoen eskuetatik, sinesmena ez baita guztiena.
Leiala da Jauna; Berak sendotuko zaituzte eta gaiztoarengandik gordeko. Uste osoa daukagu Jaunarengandik, guk agindutako guztia egiten duzuela zuek, baita egingo ere. Jaunak zuzen ditzala zuen bihotzak Jaungoikoa maitatzera eta Kristorengan itxaropen izatera.
ALELUIA Jesu Kristo da
hilen arteko lehen-semea;
Berari aintza eta agintea
gizaldi eta gizaldietan. Amen. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen Liburutik 20,27-38
Aldi hartan, hurbildu ziren Jesusengana saduzear batzuk, berbizterik ez dela dioten horietakoak, [eta galdetu zioten:
- ‘Maisu, Moisesek hau utzi zigun idatzirik: Norbaiti anaia hilko balitzaio zeme-alabarik utzi gabe, har beza hildakoaren anaiak emazte hori, eta sor biezazkio ondorengoak bere anaiari. Zazpi anaia ziren, bada. Ezkondu zen lehenengoa, eta seme-alabarik gabe hil zen; bigarrena et hirugarrena alargunarekin ezkondu ziren, eta horrela zazpiak seme-alabarik gabe hil ziren. Azkenik, hil zen hauen emaztea ere. Andre hori, hilen berbiztean, haietako noren emazte izango da? Zazpiek izan bait zuten emazte’.]
Jesusek esan [erantzun] zien:
- “Mundu honetako gizon-emakumeak ezkontzen dira; baina beste munduan eta hilen berbiztean parte izatea merezi dutenak, ez dira ezkonduko; hil ere, ezin hil dira, aingeruak bezala bait dira; eta Jaungoikoaren seme, berbiztearen seme direlako.
Eta hilak berbizten direla, Moisesek berak adierazten zigun, sasiko hartan Jaunari, Abrahanen Jainko eta Isaaken Jainko eta Jakoben Jainko deitzen dionean. Ez da, beraz, hilen Jainko, biziena baizik; Harentzat bizirik bait daude guztiak”.
Homiliak
Senideok: gure basoetara begiratuz gero, udazkenaren eraginari erraz antzematen zaio. Haizearen eraginez edo berezko ezinez, orain horitzen ari diren hostoak pilaka eroriko dira lurrera. Udazkanaren abiadan, Elizaren liturgiak bizitzaren gainberari begira jartzen gaitu. Guztiok, eguneroko horixkatze geldi ezinez, heriotzera goaz. Liturgi urtea bere azkenera bezalaxe, bakoitzaren bizitza ere azkenera. Bizitzaren legea da.
Gizakiaren azken zoriaz pentsatzea, hitz egitea, jardutea, ez da erraza eta ez da ohikoa. Gure zibilizazioak isiltasunezko estalki bat bota nahi du errealitate honen gainera. Badirudi ez dela gustu oneko kontua heriotza aipatzea, gizon-emakumeon bizitzaren atala ez balitz bezala. Askotan heriotza guztioi halabeharrez gertatzen zaigun ezbehar edo istripu bat izango litzateke. Etorritakoan etortzen da eta kito! Hala beharko zuen, esaten da etsipen punttu triste batez.
Elizak, ordea, maite du gure bihotza geure azken zoriari begira jartzea. Izan ere, Elizarentzat eta fededunarentzat, azken zoria betiko bizia baita. Heriotzaren ondoren, hemengoaren ondoren, bada harutzagoko bizia. Jesusek esan du Ebanjelioan: "Ez da hilen Jainko, bizien Jainko baizik". Eta bizien Jainkoarengan sinesten duen Elizak, badaki hemengo bizitza beste bizitza horretarako ibilaldia dela. Eta gerokoa ez dela oraingoari datorkion ezbehar bat, gure bizitzak espero duen betirako geroa baizik. Jainkoak ez gaitu heriotzean baztertuta uzten. Harengan dena bizia baita. Horretatik datorkigu gure esperantza: mundu honetako ahuldade guztien gainetik, Jainko berberaren betetasuna dugula amets eta helburu.
Esperantza horrexek eragiten du lehenengo irakurgaian ikusi dugun zintzotasun eta leialtasun hori. Jainkoa zerbitzatzea merezi du, horixe baita bizia. Jainkoari leialtasunez entregatzen zaion guztia, betiko biziaren garantia eta segurantza bihurtzen da. Jainkoa zerbitzatzen duenak ondo baino hobeto daki, Jainkoak ez duela kinka gaiztoan edo ezintasun ilunean utziko. Jesu Kristoren pazkoa dugu honen oinarria: Pazkoa da Jainkoaren biziaren agerpen betea, fededunak heriotzetik ateratzen dituen biziaren agerpena.
Horrek badu beste ikasgai bat ere: gero Jainkoaren bizia bete-betean gozatu nahi duenak, hemendik bertatik hasi behar du bizi hori bizitzen. Ez zaigu akaso, lehenengo irakurgaiko fededun haiei bezala, bizitza ematea tokatuko. Baina haiek bezalaxe gure bizia Jainkoaren zerbitzura emanez bizi behar dugu.
Honen guztiaren atzean gauza bat dago argi: hil beharra. Heriotza. Gure mundu honetako bizitza seko ebakitzen duen gertaera. Ez litzateke ona izango, heriotzari begiratzea beldurra eta izu-ikara sortzeko. Baina ez genuke ahaztu behar, heriotza gure bizimoduaren atal garrantzizkoa dela. Zinez eta era betean bizi nahi duenak, heriotzari begiratzen jakin behar du. Heriotza argitu ez duenak ez daki bizitzen. Eta heriotza argitzeko bide bakarra, Jainkoak ematen digun betiko bizia estimatzea da.
Baina nola izango da betiko bizitza? Ez al da amets hutsa? Betiko bizitza amets hutsa balitz, gure Jainkoa ere halaxe izango litzateke. Baina, Jesus berpiztuarengan argi azaldu zaigun bezala, Jainkoak amaigabeko eta neurrigabeko bizia eman digu bokazio. Eta nolakoa izango den ez badakigu ere, badakigu Jainkoak bere bizian parte emango digula. Beste eztabaidetan jardutea, hemendik beste bizia ulertu nahia besterik ez da. Guk gure Jainkoaren bizi-eskaintza ezagutzea aski dugu, besterik gabe heriotzari itxaropenez begiratzeko.
Senideok, gaurko igandea, esperantzara deitzen gaituen igandea dugu. Adina aurrera dihoan neurrian, edo gaixotasunak zauritzen gaituenean, edo gure indarrak ahultzen dihoazkigunean, badirudi dena hutsaren maldan behera dihoala, inolako irtenbiderik gabe gainera. Baina guk ez dugu itxaropena galtzen. Jakin badakigu eta, bizi beharraren galburu horitua ari dela agertzen. Bizitzen dakienak daki hiltzen. Hiltzen dakienak daki bizitzen. Eta hiltzen eta bizitzen jakiteko, bizia sinetsi behar da. Bestela, hil eta galdu behar duten gauza neurtuen zerbitzari begi-motzeko bihurtzen gara. Zertarako zerbitzatu betirako balio ez duena? Zertarako eman bihotza bizia ugaltzen ez digunari?
Gaixo zaude? Ez zaitez larritu, ez bakea galdu. San Paulok esan digu: "Leiala da Jauna; Berak sendotuko zaituzte". Zure fede-bizitza latza eta esker txarrekoa gertatzen zaizu askotan? Ez erori, "Jaungoiko gure Aitak poztu ditzala zuen bihotzak". Ez duzu, egiten duzunaren emaitzik ikusten eta etsita zabiltza? Ez etsi, "Jaunak sendotu zaitzatela egite eta hitz on guztietarako". Egunero, inolako kobrantzarik gabe, egunero maitatzea eta barkatzea eta zaila gertatzen zaizu? Dena bertan behera utziko zenuke? "Egiozue otoitz, betiereko poza eta zorionaren itxaropena ematen dizkigun Jaunari".
Gaurko Hitzak itxaropen sendoa eman behar digu.
Ahor, adiskideok, esperantzarako deia. Orain Eukaristiaren mahai bizira hurbiltzen gara. Biziaren dohaina ospatzera goaz. Betiko biziaren Hitza entzun ondoren, betiko biziaren janaria hartuko dugu. Hauxe dugu gure poza. Eta hartzen dugun indarraz, aurrera egingo dugu gure bizitza laburra betiko bizitzaren edertasun neurrigabera gidatuz eta zuzenduz. Aitor dezagun sinesten dugula betiko bizia!
Iñaki Beristain (2016-11-2)
Beti bidean, beti bila
(Gaurko ebanjelioa: Lk 20, 27-38)
Zer gertatzen zaio giza bihotzari, daukanaz eta denaz ez konformatzeko? Nolakoa da giza bihotza, beti gehiago baten ametsetan bizitzeko? Dudarik ez dago, arazo honen akatsa ez dagoela gauzetan edo gertaeretan. Akatsa, hori akatsa baldin bada, giza bihotzean dago. Gizakiok sekulako borroka bizi dugu, nahiaren eta frustrazioaren arteko borroka; izan ere, askotan ematen du, lor dezakeguna baino zerbait gehiagotarako izan garela eginak. Eta ematen du, sekula iritsiko ez dugunaren ametsa eman zaigula.
Bi irtenbide bilatu dizkiogu biderik gabeko egoera honi: bata, ametsari edo egarriari hegoak moztea; eta bestea, esku artean daukagun ezina ahazteko edo ahazturik, beti ametsetan bizitzea. Ez nuke asmatuko zehazten zein irtenbidetara apuntatu den jende gehiago, larre motzera edo ametsetara. Gauza bat badakit, jende asko dabilela larre motzean.
Alegia, bihotzari gehiago nahia murriztu dio eta esku artekoarekin bizitzen ikasi du. Eta hortxe, eguneroko atsegin laburren bila, bihotzaren galdera nagusiak ahazteko ahalegin azken gabean. Daukaguna besterik ez daukagu, ez dago gehiagorik. Eta bihotzak etsitzen ikasi beharko du, onez nahi ez badu, derrigorrez. Badira bestelakoak ere; bihotzaren egarriari aurrera ihes egiten diotenak, alegia. Errealitatea ahazteko, beti ametsetan dabiltza edo daude. Esku artean edo bizitzan daukatenak ez ditu asetzen eta, begiak itsirik, amets egiten dute. Eta beren ametsaren gozotan etzanda daude.
Bada, ordea, zorionez beste irtenbide bat, edo beste jardunbide bat. Eguneroko errealitatea bizitzera zaramatzan esperantza indartsua. Gaurko Ebanjelioak begibistara ekartzen digun betiko bizia. «Sinesten dut bizia». Betiko biziaren argitan bizitzen ikasi dugu mundu honetan. Ikasi dugu esku artean dauzkagun gauzei gehiago baten esperantza ematen eta, esperantza horrek eraginik, errealitatearen borrokan sartuta gabiltza. Ez daukagu ametsari hegoak moztu beharrik, esperantza egiazkoa baita. Ez daukagu errealitatetik ihes egin beharrik, errealitatea esperantzaz bizi baitaiteke.
Hiru gauza eder erakusten dizkigu esperantzak. Bat: Sufrimenduaren balioa ikusten duzu. Bi: Eguneroko gauza txikien balioa. Hiru: Jainkoaren maitasuna handia dela, nahiz eta gauzak aldatzeko indarrik ez duela iruditu. Etorriko da egun bat, dena berrituko dena. Jainkoak dena berri egingo du. Nola izango den dena berri? Ez zaitez fantasiaren hegoetan ibili alferrik. Gauza bat badakigu, garrantzizkoena: egun hartan dena ederra eta bikaina izango dela. «Sinesten dut betiko bizia».
Iñaki Beristain (2013-11-5)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 20, 27-38)
Zer gertatzen zaio giza bihotzari, daukanaz eta denaz ez konformatzeko? Nolakoa da giza bihotza, beti gehiago baten ametsetan bizitzeko? Zer egarrik erretzen du barrutik, eskuetan daukana ahaleginez bilatu ostean, lortu duenari gutxi etsitzeko? Aurrena ametsetan handi iruditzen zaiona, gero errealitatean zergatik ikusten du hain txiki?Eta dudarik ez dago, arazo honen akatsa ez dagoela gauzetan edo gertaeretan. Akatsa, hori akatsa baldin bada, giza bihotzean dago. Gizakiok sekulako borroka bizi dugu, nahiaren eta frustrazioaren arteko borroka; izan ere, askotan ematen du, lor dezakeguna baino zerbait gehiagotarako izan garela eginak. Eta ematen du, sekula iritsiko ez dugunaren ametsa eman zaigula.Eta jakina!, gizakiak ezin dezake luzaro iraun borroka horretan. Eta bi irtenbide bilatu dizkiogu biderik gabeko egoera honi: bata, ametsari edo egarriari hegoak moztea; eta bestea, esku artean daukagun ezina ahazteko edo ahazturik, beti ametsetan bizitzea. Ez nuke asmatuko zehazten zein irtenbidetara apuntatu den jende gehiago, larre motzera edo ametsetara. Gauza bat badakit, jende asko dabilela larre motzean.Alegia, bihotzari gehiago nahia murriztu dio eta esku artekoarekin bizitzen ikasi du. Eta hortxe, eguneroko atsegin laburren bila, bihotzaren galdera nagusiak ahazteko ahalegin azken gabean. Listoi guztiak beheratu, ilusioak etsipenarez guraizez moztu edo ebaki, eta horrelaxe, dagoenarekin konformatuz. Zer nahi duzu bada egitea? Segi egin beharko. Daukaguna besterik ez daukagu, ez dago gehiagorik. Eta bihotzak etsitzen ikasi beharko du, onez nahi ez badu, derrigorrez.Badira bestelakoak ere; bihotzaren egarriari aurrera ihes egiten diotenak, alegia. Errealitatea ahazteko, beti ametsetan dabiltza edo daude. Esku artean edo bizitzan daukatenak ez ditu asetzen eta, begiak itsirik, amets egiten dute. Eta beren ametsaren gozotan etzanda daude. Ametsaren hegoetan lo hartu dute. Ametsaren drogan kateatuta daude. Gozoki kateatuta. Gozoki, errealitate gordinari ihes egitea lortzen baitute nonbait! Hemengoak ez die ezertarako balio eta ez dago ihesa beste irtenbiderik.Bada, ordea, zorionez beste irtenbide bat, edo beste jardunbide bat. Eguneroko errealitatea bizitzera zaramatzan esperantza indartsua. Gaurko Ebanjelioak begibistara ekartzen digun betiko bizia. «Sinesten dut bizia». Betiko biziaren argitan bizitzen ikasi dugu mundu honetan. Ikasi dugu esku artean dauzkagun gauzei gehiago baten esperantza ematen eta, esperantza horrek eraginik, errealitatearen borrokan sartuta gabiltza.Ez daukagu ametsari hegoak moztu beharrik, esperantza egiazkoa baita. Ez daukagu errealitatetik ihes egin beharrik, errealitatea esperantzaz bizi baitaiteke. Hori ez, esperantza hori ezin dezakegu geure erara kontrola. Etorkizuna ez daukagu patrikan, guk nahi bezala gertarazteko. Baina esperantza indartsua da eta eguneroko errealitatea sakonenetik bizitzera eramaten digu. Horregatik, esperantzak edertu egiten digu eguneroko borroka.Hiru gauza eder erakusten dizkigu esperantzak.Bat: Sufrimenduaren balioa ikusten duzu. Hainbestetan iruditzen zaigu sufrimendua gehiegizkoa dela lortzen duguna lortzeko! Baina esperantzak argitzen du sufrimenduaren sentidua.Bi: Eguneroko gauza txikien balioa. Gauza txiki hoiek ez dute ematen esperantzaren neurrikoak. Baina esperantza gauza txikiez janzten da.Hiru: Jainkoaren maitasuna handia dela, nahiz eta gauzak aldatzeko indarrik ez duela iruditu. Etorriko da egun bat, dena berrituko dena. Jainkoak dena berri egingo du. Nola izango den dena berri? Ez zaitez fantasiaren hegoetan ibili alferrik. Gauza bat badakigu, garrantzizkoena: egun hartan dena ederra eta bikaina izango dela. Zertarako jakin nahi duzu gehiago? «Sinesten dut betiko bizia».
Iñaki Beristain (2016-11-2)