BAZKO-ALDIKO IV IGANDEA
C zikloaApostoluen Eginetatik 13,14.43-52
Egun haietan, Paulo eta Bernabe, Perjen zehar, Pisidiako Antiokiara iritsi ziren; larunbatez sinagogan sartu ziren eta han eseri.
Judutar eta Jaungoikoa gurtzen zuten proselito askok jarraitu zien; eta Paulo eta Bernabek, haiekin hitzeginez, berotu egiten zituzten, Jaungoikoaren graziari leial jarrai ziezaioten.
Hurrengo larunbatean, ia herri osoa bildu zen Jaungoikoaren hitza entzuteko. Jendetza hura ikusita, judutarrak bekaitzez bete ziren eta irainka erantzuten zioten Paulok esaten zuenari. Orduan, Paulo eta Bernabe kementsu mintzatu ziren:
- “Beharrezkoa genuen, lehenengo zuei hotsegitea Jaungoikoaren hitza; baina, hitz hau ezetsi eta zeurok betiko bizitzarako gai ez zaretela erabakitzen duzuenez gero, atzerrietara goaz. Hau agindu bait digu Jaunak:
‘Atzerrien argitzat jartzen zaitut, lurraren bazterreraino
nere salbamen izan zaitezen’”.
Jentilak poztu egin ziren hau entzutean, eta Jaunaren hitza goresten zuten; eta betiko bizitzarako zirenek sinestu zuten.
Jaunaren hitza zabaltzen ari zen herrialde hartan guztian. Baina judutarrek berotu zituzten haundizkietako emakume jainko-zale batzuk eta herriko jauntxoak; eta Paulo eta Bernaberen kontra erasoaldia sortu zuten, eta beren mugetatik bota zituzten. Hauek, beren oinetako hautsa haien aurka astinduta, Ikoniora joan ziren. Ikasleak, berriz, pozez eta Espiritu Santuaz beterik gelditu ziren.
ERANTZUN-SALMOA 99
LUR OSOA,
EGIOZU IRRINTZI JAINKOARI.
Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
Jaunari serbitzu alai egiozue,
Haren aurrera pozez oihuka sar zaitezte.
Jakizue Jauna dela Jainko,
Berak egin gaitu, Berarenak gara,
Beraren herri eta larreko artalde.
Apokalipsis liburutik 7,9.14b-17
Nik, Joanek, talde haundi bat ikusi nuen, inork zenbatu ezin halakoa, enda eta leinu, herri eta hizkuntza guztietakoa, aulkiaren eta Bildotsaren aurrean zutik, zuriz jantziak, eta palma-adarrak eskuetan.
Eta zaharretako batek honela esan zidan: ‘Hauek nekaldi haunditik datozenak dira. Bildotsaren odoletan garbitu dituzte eta zuritu beren jantziak. Horregatik daude Jaungoikoaren aulki-aurrean, eta gau eta egun gur egiten diote bere jauretxean; eta aulkian eseririk dagoena haien artean biziko da. Ez dute izango gehiago, ez goserik, ez egarririk; ez ditu joko, ez eguzkiak, ez sargoriak. Aulki-aurrean dagoen bildotsa izango bait dute artzain, eta Berak eramango ditu ur bizien iturrietara. Eta Jaungoikoak txukatuko ditu haien begietako malkoak’.
ALELUIA Ni naiz Artzain Ona, -dio Jaunak-;
ezagutzen ditut nire ardiak,
eta nireek ezagutzen naute Ni. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 10,27-30
Aldi hartan esan zuen Jesusek:
- “Nire ardiek aditzen dute nire mintzoa; Nik ezagutzen ditut, eta haiek ondotik datozkit. Eta betiko bizia ematen diet; ez dira betirako galduko, eta ez dizkit inork eskutik kenduko. Haiek eman dizkidan Aita, beste denak baino haundiagoa da, eta inork ere ezin ditzake ken nire Aitaren eskuetatik. Aita eta biok bat gara”.
Homiliak
Jesus, guregatik maitasunez hil zena, bizi da! Aurreko igandean, fruitu oparoaren eta Eukaristiaren ezaugarriak ematen ikusten genuen BIZI DENA! Egiaz bizi da! Gaurko igande honetan, urtero-urtero, Berpiztuaren aztarrenik ederrenetakoa ematen zaigu aditzera. Bizi da, betiko bizia ematen duen Artzai On agertzen baitzaigu. Bizi dena biziemaile agertzen zaigu. Hark ematen digun bizi berritik antzeman geniezaioke argi eta garbi bizi dela!
Eta biziemaile dela esateko zein irudi bikain eta gozoa erabiltzen duen gaurko Hitzak: Artzain Onaren irudia! Pazkoko misterioa, biziemate paregabe bat dugu. Pazkoan Jesus ardiek jarraitzen duten Hitz gidari bihurtu da. Paulok eta esaten duten bezala, jarraitzea merezi duen Artzain On dugu Jesus berpiztua. Zergatik? Pazkoan ezagutu gaituelako ardiok. Eta «ezagutze» horrek ez pentsa buruzko edo irudimenezko ahalmenik bildu nahi duenik. Ezagutzeak, barrutik maitatzea, batasun salbatzailea, eman nahi du aditzera. Barrutik maitatu gaituelako, horregatik lortzen du gure jarraipena. Inork ez bezala maitatu gaituelako, horregatik jarraitzen diogu beste inori jarraitu nahi ez diogun bezala. Eta begira: beregana biltzen gaituenean, bizia ematen digu. Ez nolanahiko bizia; betikoa, Berari dagokiona, giza mailatik gora dagoen bizia. Eta Pazkoko biziemate honetan hain harreman estua sortu da, inork ezin gaitzake bizia eman digunaren eskutik aldendu. Hitzez agertu ezin den esperientzia edo bizipen gorengoa da.
Batasun handi horixe da Pazkoan mamitu dena eta Pazkoan eskaini zaiguna. Jainkoarekiko batasun ikusgarri hori egina dago, Jesus biziemailearengan. Gure esku daukaguna honako hau da: sinestea, onartzea! Ematen zaigun bizi horretarako gai izan edo ez izan. Judutar herriaren drama beldurgarria hortxe daukagu: ez zuten onartu nahi izan. Ez zuten sinestu. Eta eman zitzaien Berriona zapuztu egin zuten. Eta, haiek baztertua, jentilherriari eman zitzaion. Alferrik da kontra borroka egitea. Hori, urari hesiak jarri nahia da. Uholdeak datozenean, hemendik itxiko diozu urari irtenbidea, baina beste nonbaitetik aterako zaizu, uholdea hesitu dezakeen ixturarik ez baita. Berpiztuaren bizi-indarra hesitzeko isturarik ez dago. Hemen baztertzen badugu, beste aldetik emango du fruitua. Zergatik? Biziak zabaltzera jotzen duelako eta, azkenean, bizia lotu lezakeen indarrik ez delako inoiz sortu. Hemen galdera bat egingo nizuke gustura: guk zer egiten dugu eman zaigun eskaintzarekin? Zer egin dugu dohainarekin? Bizirako gai izatea erabaki al dugu edota biziari ateak itxi dizkiogu?
Eta, noski, biziari ateak itxiz gero, ezin daiteke inolaz jakin Jesus bizi denik. Ematen digun bizitik antzematen zaio batez ere bizi dela! Bizia ematen duen Artzain Ona baita Bizi dena! Ematen digun bizi hori, egia da, ez da erabatekoa. Argituko dizut: ematen digun bizia betikoa da, goikoa, Aitarena, Jainkoarena. Ez da hemengo bizi amaikorra. Baina, oraindik ere, betiko bizi hori hemengo hesi eta muga eta neurrien barruan bizi dugu. Negarretan bizi dugu eman zaigun betiko bizia. Oraindik ere jaten dugun larre horrek badu arantzarik eta sastrakarik. Baina, bizi horri antzematen zaio barruan duen betikotasunindarra. Eta gure nahia hori da: gaur eskas bizi dugun bizia, betiko aintzaz jantzi dakigula. Eta Jesukristo berpiztua dugu betikotasun eta aintza horren deia eta dohaina. Oraindik ere «nekaldi handiaren» erdian gaude. Baina Bildots berpiztuaren odolak betikotasunerako garbitzen gaitu. Eta laister etorriko zaigu negarrik eta egarririk eta goserik eta izango ez duen bizi betiko eta argitsua.
Hauxe da esku artean daramagun bizi berri eta bikaina. Hauxe da Artzain Onak munduari opa dion dohaina. Dohain honen berri eramateko langileak behar dira. Lekuan lekuko apaizen eta Bokazioen eguna ospatzen dugu. Ez al litzateke guztientzat ederra izango guretzat eder den dohain hau? Gazte gutxi ikusten da gaurko gizartean dohain honen zerbitzari bihurtu nahi duenik. Ez ote zaio gaurko gizarteari guk eraman behar geniokeen edertasunaren grina falta?
San Paulo eta Bernabe jentilen artean Berri Ona hots egitera bidaliak izan ziren bezala, guk ere joan behar dugu dohaina eskuetan dugula. Eta, batez ere, dohainaren zerbitzuan bizi osoa emango duten gazteak behar ditugu. Otoitz egin dezagun. Otoitz, Artzain Onak behar dituen zerbitzariak sor daitezen gure artean.
Eta goazen, besterik gabe, Eukaristia ospatzera. Jan dezagun Artzain Onaren larreetatik. Baina, lehenengo, aitor dezagun gure fedea. Esan dezagun agerian norenak garen eta nor maite dugun. Esan dezagun nolako bizi betea espero dugun. Aitor dezagun, eman zaigun salbazioaren poza.
Iñaki Beristain (2016-4-13)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Jn 10, 27-30) Pazkoko 4. igandeari Artzain Onaren igandea deitu izan zaio; izan ere, artzainaren irudia azal-tzen da ebanjeliokoan, Jesus berpiztuaren irudia adierazteko. Bere laburrean, ebanjelio honek osagai garrantzitsuak azpimarratzen ditu. Jesusen aldetik, berak ezagutzen gaitu. Betiko bizia ematen digu. Ez dizkit inork es-kutik kenduko. Ardien (gure) aldetik, berriz, Jesusen hitza aditzen dugu. Ondotik goazkio. Ez gara galduko.
Gure egintzak Jesusenen jarraikoak dira, ekimena berea baitu Artzain Onak. Guk adi dezakegu haren mintzoa, berak hitz egin digulako. Gu ondotik joan gakizkioke, berak dei egin digulako. Gu ez gara galduko, berak betiko bizia ematen digulako, agortzen ez den bizia.
Gauza jakina da, gaur egun artaldearen irudiak ez diola halako burutazio positiboa sortzen askori, tropel izatearen nortasun-falta txalotzen ariko bagina bezala. Arrisku hori aldendu eta begira dezagun beste aldetik: Jaunak zaintzen gaituen ardi eta talde gara, geure izenez deitzen gaitu, ezagutzen gaitu, bizia ematen digu. Eta ezagutza biziemaile horretan Jaunaren ardura pertsonal eta ezinbestekoa adierazten zaigu.
Artzainak bere artaldea du ardura eta kezka. Bere pertenentzia gaitu. Askatasuna kendu ez, baizik askatasuna sakontzen eta ugaltzen duen artzain amultsua da. Askatasuna ez baita, dagoeneko, menpetasunik eza, baizik maitasunak sortzen duen pertenentzia librea. Libre izatea ez da inorena ez izatea, baizik maite zaituenarena izatea. Maitasunezko pertenentziak egiten gaitu libre, benetan libre.
Pertenentzia horren emaitza zein da guregan? Askatasun hori zertan xehetzen da? Dudarik gabe, bizitzean. Bizi garela, hori da pertenentzia librearen irizpidea. Eta bizi esaten dugunean, ez dugu esaten biziraun, edo malbizi (barka hitza!), edo gehienek bizi dutena bizitzea. Bizi esaten dugunean, guztiari sentidua emanez bizitzea da, denetan Jaunren esku maitalea sumatuz bizitzea da. Beste guztia, gaurko gizarteak «bizitzea» deitzen duena, iruzur huts gerta lekiguke, bizi-promesa handien azpian ez baitago ezer, hutsa eta hutsunea besterik.
Badakit hau esatea zenbaiti ez zaiola onargarri gertatuko, baina azkenean ez da inportantea nik esaten dudana, bakoitzak bizi duen esperientzia baizik. Bizi egin behar da, eta barruak zer eskatzen dion hartu behar da kontuan. Barruari hegoak moztu gabe, zer bizi-kalitate ari naiz gozatzen? Nire buruari eta nire barruari begira jarrita, esan al dezaket bizi naizela? Galdera hauen erantzunak ematen du askatasunaren neurria.
Jesusek bizia ematen du, agindutakoa eta gehiago. Guk, Jesusen bizia espero dugunean, geure bizi-eskematik kalkulatzen dugu hori zer izan daitekeen. Baina, Jesusek ematen duena askoz gehiago da, honetan gure irizpide eta neurriek ez dute balio. «Betiko» «bizia» ematen du. Eta kontua bizitzea da!
Iñaki Beristain (2013-4-19)
(Igandeko ebanjelioa: Jn 10, 27-30)Aginteak zapaltzera jotzen du. Dena bere kontrolpean lotuta eduki nahi izaten du. Aginteak, askatasunari hesiak jartzeko tentazioa sentitzen du. Horregatik, jende asko dabil agintea lortzeko egarriz, besteak menpe hartzera nola iritsiko!, besteen gainetik nola egongo!, besteen askatasunaren giltza beren esku edukitzea nola lortuko!Eta jakina, aginteari bi etsai sortu ohi zaizkio. Alde batetik, agintea desegin nahi dutenak, libertarioak. Eta agintearen aurka egindako askatasunaren aldeko borroka sortzen da. Eta badirudi, agintearen kontra jarduteak, besterik gabe ontzen duela borroka oro. Agintea eta askatasuna, bata bestearen ondoan jartzen badituzu, izan ere, zeren alde egon zintezke bada? Eta bata bestearen kontra jarriz gero, berriz, artean garbiago legoke aukera!Eta bigarren etsaia, agintea sakralizatzen duena. Bere askatasuna agintetik zintzilik bizi duena. Bere nortasuna lantzeko agintearen baimena behar duena. Ez dauka inolako segurantzarik eta inolako izanbiderik, aginteak babesten ez badu. Eta sekula pertsona helduak izatera iritsiko ez direnen morroi-koadrila sortzen da agintariaren inguruan. Eta agintaria jainkotu egin da, halako adoratzaile makurtuen aurrean.Eta honen guztiaren azpian, agintearen ulerkera gaiztoa dago. Jesusek onartzen ez duen ulerkera. Jesusek zerbitzuaren jitea lotzen dio aginteari. Agintea, zerbitzuz bakarrik bidera daiteke. Agintaria zerbitzatzeko dago. Eta zerbitzua da, beraz, egiazko aginte-erabileraren irizpidea eta galbahea. Zerbitzatzen ez dakienak ez daki agintzen. Ez zerbitzatzeko agindu nahi duena diktatore bihurtuko da. Eta ez du bere menpekoen askatasuna errespetatuko. Askatasunaren kezka bizi ez duen aginteak ez du ongi jokatuko.Eta, bide batez, agintzen duenak askatasunari bide egokiak sortzen jakin behar du. Agintearentzat ezin daiteke edozer gauza berdin izan. Askatasuna ezin daiteke askakeriarekin nahasi. Aginteak pertsonen kezka bizi behar du. Aginteak pertsonen bidelagun izaten jakin behar du. Agintea axolakabe bihurtzen denean, ez baitago atarramentu onik.Ez da batere harritzekoa, nire ustez, Jesusek agintea artzantzarekin parekatzea. «Nik ezagutzen ditut». Maitasunezko ezagutza dago agintearen azpian. Menpekoak ezagutu, maitatu, haien ongiaz arduratu, haien izanbiderik onenak sustatu, pertsonen barruko onena atera eta garatu... Eta ezagutza dagoen tokian, maitasuna dagoen tokian alegia, segizioa dago, menpetasuna, errespetua, agintearen ulerkera zuzena. Eta jokalege horretan, bizia sakondu eta edertu egiten da. Bizia zerbitzatua gertatzen da. Pertsona gertatzen da agintearen kezka nagusia. Pertsonaren bizia da lortu beharrekoa.Eta ikuspegi honetatik, gaurko ebanjeliotik, galdera asko dago gizartearentzat eta Elizarentzat. Zertarako jantzi agintea sakralizazioz? Zertarako ematen zaio aginteari gogortasun kolorea (eta gogortasun hitza darabilt, beste hitz bat ez erabiltzeagatik)? Zergatik urrutiratu agintaria bere menpekoengandik, agintea zerbitzatzeko egina baldin badago? Zergatik ematen du beti agintariak irabazian atera behar duela?Zorionez, Jesusek beste era bateko agintea erakutsi digu. Agintariak bizia eskaini eta emateko prest azaldu behar du. Ostegun Santuko oingarbiketara esnatu behar du egunero agintariak. Eta aginteari zor zaion errespetua eta estimazioa, zerbitzuaren poderioz lortu behar ditu.Zapaltzen ez duen agintea erabiltzen du Jesusek eta haren antzera jokatzen duenak. Eta harrigarria ere gertatzen da, gure gizarte honetan hainbeste jende egotea agintzeko gosez. Zerbitzatzeko gogo handiegia ez ote den!
Iñaki Beristain (2016-4-13)