JAUNAREN JAIOTZA

C zikloa

Goizeko Eukaristia


Isaias profetaren liburutik 62,11-12
Horra, Jaunak azken-mugetaraino adierazi duena:
“Esan Siongo hiriari: Badatorkizu zure Salbatzailea;
Berekin dakar bere saria;
eta bere aurretik, irabazia.
‘Herri santu’ deituko diete,
‘Jaunak askatuak; eta zuri, ‘Herri maitagarri’,
‘Herri ez utzia’ deituko dizute”.

ERANTZUN SALMOA 96


ARGI BATEK ARGITUKO GAITU GAUR,
JAUNA JAIO BAIT ZAIGU.
Errege da Jauna, alai bedi lurbira!
Poztu bitez uharte guztiak!
Adierazten du ortziak haren zuzentasuna,
herri guztiek dakuste haren edertasuna.
Argia sortu zaio zintzoari,
alaitasuna bihotz-zuzenari.
Poztu zaitezte, zintzoak, Jaunarengan,
ospa ezazue haren izen santua.

San Paulo Apostoluak Titori 3,4-7


Jaungoiko gure Salbatzailearen bihotz ona eta gizonenganako onginahia agertu zaigunean, salbatu egin gaitu, ez guk egindako zuzenbidezko egintzengatik, baizik bere errukiagatik; Espiritu Santua dohain ematen duen jaiotza berriaren garbialdiz eta zahar-berritzez; Espiritu hori oparo eman baitigu Jaungoikoak, Jesu Kristo gure Salbatzailearen bitartez. Horrela, onginahi hutsez Jainkoak zuzen egiten gaituelarik, itxaropenez betiko bizitzaren oinordeko egin gara.

ALELUIA Aintza zeruetan Jaungoikoari


eta bakea lurrean Haren gogoko gizonei. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen Liburutik 2,15-20


Aingeruak joan zirenean, artzainek honela zioten elkarri:
- ‘Goazen Belena, eta ikus dezagun Jaunak jakin erazi digun gertakari hau’.
Lasterka joan ziren, eta han aurkitu zituzten Maria eta Jose, eta haurra askan etzana. Ikusi zutenean, jakin erazi zuten, haur hartaz esan zitzaiena. Entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren, artzainek esaten zutenarekin. Mariak, berriz, gogoan jasotzen zituen gauza guzti hauek, bere bihotzean hausnartuz. Eta artzainak Jaungoikoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, entzun eta ikusi zutenarengatik.


Homiliak

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.



Beti bidean, beti bila

(Eguberri eguneko ebanjelioa: Jn 1, 1-18)

Eguberri festaburuak misterioaren alderdi asko ukitzen eta argitzen ditu eta, noski, ezin ditugu denak hemen jaso. Eguberri aldi osoa daukagu, 20 egun aurten, alderdi horietako asko barneratzeko eta gozatzeko. Gertatu zaiguna handia izan baita, ikaragarria eta ikaratzekoa. Baina ez da gertatu gu ikaratzeko, baizik barruko dardara sentitu eta bizitzeko. Jainkoak emozioz jokatu du eta emozioa sortu digu.

Eguneko mezan proposatzen zaigun ebanjelio-atala Joanen sarreratik hartua da. Eta, labur esateko, Hitzaren indarra adierazten digu. Irudi batek mila hitzen balioa omen du, baina ez dut uste hori egia denik, ez gaur egun eta are gutxiago kasu honetan. Hitzak, bizi-hitza denean eta esperientziatik jaioa denean, indar ikusgarria du. Jakina, hitza ideiekin lotzen bada, orduan ez hitz eta ez irudi, ezer ez!

Baina Jainkoak esan duen Hitza ez da ahozkoa, izatezkoa baizik. Jainkoak esan duen Hitza Jesus da. Eta Jainkoak Jesusengan goza dezakegun agerpen oso-borobila «esan» du. Jainkoaren Hitzak bihotzaren egia darama beregan, dohaina da. Jainkoaren Hitza haragia da, bihotza bistan jartzen du. Jainkoaren Hitza, Jesus, argia da; ez argi egiten duen traste bat, argia bera da, maitasunaren argia, esperantzaren argia, pozaren argia.

Behin honetara ezkero, zer egin dugu Jainko den Hitzarekin, Jesusekin? Zer harrera egin diogu? Zergatik itxi dizkiogu etxeko ateak? Zergatik zapuztu dute bereek? Zergatik gaitzaren itsukeria zitala? Zergatik sinetsi nahi eza? Zergatik baztertu dugu maitasuna? Zergatik itxi ditugu iturriak? Gaitzaren misterio ilun eta iluntzailea indarrean agertzen da Jainkoaren dohainaren aurrean.

Baina, kontrakoa ere esan behar da: harrigarria ez da gaitzaren jarrera, harrigarriena behintzat ez. Gaitzaren misterioak harri eta zur uzten bagaitu, askoz harrigarriagoa da sinesten diotenengan gertatzen dena, konparaziorik gabe harrigarriagoa. Zer da bada? Jainkoaren seme-alaba izateko dohaina eman diela! Badakit esaldi hauek ohiturakeria hutsaren argazki direla. Beste behin hitzari indarra kendu diogula.

Baina, Jesus den Hitzak pentsa zenbaterainoko indarra duen beregan, gu Jainkoaren seme-alaba egiterainokoa! Horrek esan nahi du: gure zainetan Jainkoaren odola dabilela, gure bihotzetan Jainkoak berak maitatzen duela, gure begirada Jainkoarena dela, gure hitzak Jainkozko hitz direla. Gu inoiz baino gu-ago gara, baina inoiz baino gehiago Jainkoak hartu gaituenean.

Hau, noski, ezin dugu guk egin. Nola egingo genuen ba guk, ulertu ere ezin ulertu duguta? Hau ez dator gurasoengandik geneetan. Hau ez da borondate onaren kontua. Hau ez da ukabilen indarrez lortzen. Hau Hitzaren indarra da, Jainkoak «esan» duen Hitzaren, Jainkoak «eman» duen Hitzaren dohaina eta indarra!


Iñaki Beristain (2012-12-20)

(Igandeko ebanjelioa: Jn 1, 1-18)

Eguberri etortzen zaigunean, beti gauza bera gertatzen zait, ondoezik eta deseroso sentitzen dudala neure barrua. Ematen du ez daukagula geure inguruan behar bezalako baldintzarik, ospatzen dugun festa ospatzeko. Eta beharbada ondo etorriko zaigu ondoez hori sentitzea. Askoz txarragoa eta zitalagoa izango litzateke festaren gainetik ganora gabe eta arinki pasatzea. Behin baino gehiagotan pentsatzen dut, gure Eguberrik, gutxienera jota, tripako mina utzi beharko ligukeela ondorio.

Izan ere, gure Eguberri oso zuzenkontrakoa da. Sekulako festa egiten dugu, sekulako zaratak ateratzen ditugu, sekulako kontsumoa bideratzen dugu... eta horrekin guztiarekin zer? Zerbait ospatzen ari gara? Ala, barrutik sortzen ez zaigun poza beste bideren batetik sortu eta lortu nahian gabiltza? Eguberriri barrua jan diogu eta orain azal hutsa geratu zaigu ospatzeko. Eta azal hutsaren festak pauso motza du.

«Bereetara etorri zen, eta bereek ez zuten o­nar­tu». Eta Eguberriko Jaunari atea itxi zaizkionean, Eguberri horrek pozaren iturria galtzen du. Eta hortik aurrera, direnak eta bi asma di­tzakegu festa sortzeko. Ez alferrik! Iturria ixten denean, ez dago urik.

Nondik letorkioke Eguberriri poza eta festa? Bidea bakarra dela uste dut. Eguberri eskaintzea pobreei. Gure Eguberrik ireki ditzala bere ateak, beharrean dauden guztiek izan dezaten Eguberriko festa. Eguberri guztiengana iristarazten ez dugun bitartean, geuk ere ez dugu Eguberri izango. Geure ingurura begiratu besterik ez daukagu. Zenbat jende arrazoi desberdinengatik sufritzen eta aurrera egin ezinik! Zenbat jende Eguberriko berotik kanpo, kale gorrian hotzak! Kanpoko hotzetik barruko berora leize handiegia dago, hori festabide izateko.

Jesus ez zen munduan jaio etxeko beroan, mendiko hotzetan baino. Gaur ere Jesus ez da jaioko gure festa beroetan, kale gorriko beharraren altzoan baino. Eta gure etxeetako berotasunak utzi eta kaleko hotzetara bildu beharko dugu, baldin eta Eguberri jatorrizkoa gozatu nahi baldin badugu. Eguberrik ez du ametitzen duintasunik eza dakarren ezberdintasunik. Eguberrik Jainkoaren seme-alaba izatearen mezua ekarri digu; baina mezu hori guztientzakoa da. Eta guztientzakoa ez den bitartean, Eguberriri bihotza kentzen ari gara.

Zer egin? Gure etxeak pixka bat hoztuko badira ere, ateak ireki. Gure senide-batzarrari zabalera handiagoa eman, gizon-emakume guztiak senidetzat harturik. Gutxiago jan eta edan, prestatuta daukaguna jende gehiagorekin banatzen dugulako. Eguberri, hitz batean, kalean eta kalekoekin ospatu.

Eta horixe beste biderik ez dago, Eguberri guztientzako fes­ta bihurtzea alegia, gure bizitzak benetako poza eta edertasuna senti ditzan. Askoz gehiago ematen du pobre batek diru guztiek baino. Gure etxera askoz alaitasun gehiago ekarriko du kaleko eskale batek, gure soinu eta gabon-kanta guztiek bai­no. Eguberri zenbat eta zabalagoa, orduan eta alaiagoa izango dela bistako esperientzia da.

Norbaitek hala ez dela uste izango balu, alferrik da eztabaidan hastea. Nahikoa da proba egitea. Esperientziak ez baitira argumentuz demostratzen, esperientzia bera biziaraziz bai­zik. Eta beharbada, batek aitortu berharko luke, oraindik ere benetako Eguberriren esperientzia bizitzeko daukala.

Aurtengoa izan daiteke lehenengoa. Aurtengo Eguberrik za­bal diezaguke gure barrua bete-betean, eta sentiaraz diezaguke Jesusen misterioaren edertasun guzti-guztia. Baina horretarako, gure Eguberrik mugak gainditu beharra dauka, ateak ireki beharra, pozari zabalera berria eman beharra. Gure Eguberrik denentzakoa beharko luke izan, benetako Eguberri izatekotan. Geure buruari begira, geure ongizateaz kezkaturik, kontsumismoaren atzaparretan inolaz ase ezinik, ez dugu onik izango Eguberritan.

«Harengan zen bizia. Eta bizia gizakien argia zen». Hark egin zigun Eguberri, guri bizia bete-betean emanez. Guk ere halaxe egingo dugu, besteei Eguberri eginez. Eguberri guztientzat!


Iñaki Beristain (2015-12-21)