GARIZUMAKO III IGANDEA

C zikloa

Exodo liburutik 3,1-8a.13-15


Egun haietan, Moises, bere aitagiarreba Jetroren, Madiango apaizaren, ardiak zaintzen zebilen; basoaz beste aldera eraman zituen, eta Horeb-a, Jainkoaren mendira, iritsi zen. Han Jaunaren aingerua agertu zitzaion, sasi-artetik ateratzen zen sugar batean. Moisesek begiratu zuen, eta sasia, sutan egonik ere, ez zen erretzen.
Orduan Moisesek esan zuen: ‘Banoa gauza harrigarri hau ikustera: nolaz ez den sasia erretzen’. Ikusi zuen Jaunak, bazihoala begiratzera, eta dei egin zion sasi-artetik, eta esan: “Moises, Moises!” Honek erantzun: ‘Hemen nauzu’. Eta Jaunak: “Ez hurbildu; ken oinetakoak, lur santua da-ta zauden tokia”.
Eta esan zion gainera: “Ni zure gurasoen Jainkoa naiz, Abrahan-en Jainkoa, Isaak-en Jainkoa eta Jakob-en Jainkoa”. Orduan Moisesek aurpegia estali zuen, Jainkoari begiratzeko beldurrez.
Jaunak esan zion: “Ikusi ditut Ejipton dagoen nere herriaren nekeak, entzun ditut haien marmarrak, beren langilezainen aurka; ezagutu ditut haien oinazeak. Beraz, jaitsi egin behar dut, ejiptoarren eskuetatik nere herria ateratzeko, eta lur hartatik lur on eta zabalera igoarazteko, esnea eta eztia darion lurraldera”.
Moisesek esan zion Jainkoari: ‘Bai, Jauna, joango naiz israeldarrengana, eta esango diet: ‘Zuen gurasoen Jaungoikoak bidali nau zuengana’. Eta haiek galdetzen badidate: ’Nola du izena?’, nik zer erantzun behar diet?’. Jaungoikoak Moisesi: “Naizena naiz Ni. Eta honela esango diezu israeldarrei: ‘Ni-naiz’-ek bidali nau zuengana”.
Jainkoak gainera esan zion Moisesi: “Honela hitzegin behar diezu israeldarrei: ‘Jaunak, zuen gurasoen Jainkoak, Abrahanen Jainkoak, Isaaken Jainkoak, Jakoben Jainkoak, bidali nau zuengana. Hau da nere izena behin betirako; honela deituko nauzue menderen mendetan’”.

ERATZUN-SALMOA 102


ERRUKI HUTSA DUGU JAUNA,
ERRUKIA TA MAITASUNA.
Ene arima, goretsazu Jauna,
neure barren osoak Haren izen deuna.
Ene arima, goretsazu Jauna,
eta ez ahaztu Harek zuri egina.
Hark barkatzen baititu zure hobenak,
sendatzen zure gaitzak denak;
begiratzen du heriotzetik zure bizia,
ematen dizu buruntzat grazia eta errukia.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Ko 10,1-6.10-12


Senideok: Ez zaituztet ezjakinean eduki nahi; gure arbasoak denak egon ziren hodeipean; denek igaro zuten itsasoa; eta hodeian eta itsasoan denek hartu zuten, Moisesi lotzen zituen bataio bat; denek jan zuten espirituzko janari berdina, eta denek edan espirituzko edari bera; berekin batean zihoan espirituzko harkaitzetik edaten baitzuten; harkaitza, berriz, Kristo zen. Haietako asko eta asko, ordea, ez zitzaizkion atsegin izan Jaungoikoari; eta hilda gelditu ziren basamortuan.
Gauza hauek aurre-iduri gertatu ziren guretzat, guk gaiztakeriarik irrika ez dezagun, haiek irrikatu zuten bezala.
Ez zaiteztela marmarrean ari, haietako batzuk ari izan ziren bezala, eta heriotze emailearen esku hil ziren.
Guzti hau gure ikasbiderako gertatzen zitzaien; eta gu, azken aldi honetan bizi garenok, zentzarazteko idatzi zen. Beraz, zutik dagoela uste duenak, begira beza eror ez dadin.

EBANJELIOA


Bihotz berri zaitezte -dio Jaunak-,
hurbil da eta zeruetako erreinua.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen Liburutik 13,1-9


Aldi hartan, etorri zitzaizkion Jesusi batzuk, galilear batzuri gertatutakoaren berri ematera: Pilatok galilear haien odola beren opariekin nahastu omen zuela, alegia. Jesusek erantzun zien:
- “Uste al duzue, galilear haiek beste galilearrak baino bekatariago zirela, horrelako azkena izan zutelako? Ezetz diotsuet; eta bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok berdin galduko zarete. Eta Siloeko dorrea gainera erorita hil ziren hemezortzi haiek ere, uste al duzue, beste jerusalendarrak baino errudunagoak zirela? Ezetz diotsuet; eta bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok berdin galduko zarete”.
Eta parabola hau esan zien:
- “Pikondo bat zeukan gizon batek, bere mahastian landatua. Eta piku-bila etorri, eta ez zuen aurkitu.
Orduan honela esan zion mahastilariari:
- ‘Ba da hiru urte, pikondo honetara piku bila natorrela, eta ez dut pikurik aurkitzen. Moztu ezazu. Zertarako eduki lurra alferrik?’
Mahastilariak, ordea, erantzun zion:
- ‘Jauna, utzazu aurtengoz, ingurua aitzurtu eta ongarrituko dut; ea fruiturik ematen duen. Bestela, datorren urtean moztuko duzu’”.


Homiliak

Adiskideok: gaurko ebanjelioak bihotz-berritzera dei egin digu indartsu. Garizuma aurrera doan neurrian, bihotz-berritzeko deia presazkoago eta larriagoa bihurtzen ari zaigu. «Bihotz-berritzen ez bazarete, guztiok galduko zarete». Baina, entzule, bihotz-berritzea ez da halamoduz egin daitekeen zerbait: barau egitea, haragia uztea, limosna ematea..., ez da hori. Horiek ondo edo hobeto egiteak ez digu bihotz berria emango. Eta bihotz berririk ez lortzekotan...

Nola iritsi bihotz berria, ordea? Gaurko lehenengo irakurgaiak nabarmen asko eman digu horretarako bidea. Moisesek Jainkoa aurkitu du, Jainkoarekin topo egin du, Jainkoa ezagutu du. Eta Jainkoa ezagutzean, bizitza guztia aldatu zaio. Eta bizitza-aldatze guztien oinarritan, bizi-aldatzea aurkituko duzu. Moises artzaina baldin bazen, Jainkoa ezagutzeak aurreragoko eginkizuna eman dio. Eta dena utzi eta eginkizuna betetzera joango da. Egia da, bai: Jainkoa ezagutzea da bihoz-berritzearen lehen pausoa. Noiz edo noiz denoi agertzen baitzaigu Jainko ezberdina, berria. Gure barruak astintzen dituen Jainkoa. Ez gure sentimenduen neurrikoa, ez gure beharren gerri-bueltakoa... Jainko diferentea; ezagutzen duzunean, esperientzia ustekabekoa gertatzen zaizuna. Jainko den Jainkoa.

Jainkoa ezagutu, esan eta esan ari naiz. Baina Jainkoa ezagutu ote genezake? Moisesek ere kezka hori zuen: «Eta haiek galdetzen badidate 'nola du izena' nik zer erantzungo diet?». Nor da? «Naizena naiz Ni». Jainkoa ez da guk uste duguna. Jainkoa «den hura» da. Beste era batera esanda: Jainkoa nor den, beraren egintzetan ikus genezake. Jainkoak egintzetan agertu du «nor» eta «nolakoa» den.

Nolakoa da, ba? «Ikusi ditut Egipton dagoen nire herriaren nekeak, entzun ditut haien marmarrak, ezagutu ditut haien oinazeak. Beraz, jaitsi egin behar dut egiptoarren eskutik nire herria ateratzeko». Jainko askatzailea da. Gizadiari ondoratu zaion Jainkoa. Gizadiaren zori gaiztoa bizi nahi duen Jainkoa. Egia da: Jainkoaren aurrean Moisesek oinetakoak kendu behar izan zituen, Santuaren aurrean zegoelako, baina Jainkoak bere santutasuna ez du agertzen urrutian geratuz, Israel herriaren historiara beheratuz baizik.

Eta guri ezagutzera eman zaigun Jainkoa, izen berria duen Jainkoa da: Jesu Kristoren Jainkoa. Alegia, sinesten dugun Jainkoaren izena, Jesu Kristorengan eman zaigu ezagutzera. Jesu Kristoren Pazko-misterioak agertu digu Jainkoa. Gurutzeraino maitatu gaituen Jainkoa da. Ebanjelioko pikondoaren parabolak, Jainkoaren bihotza nolakoa den erakutsi digu: eraman handiko Jainkoa da, ez du giza-presarik, ez da gizon-emakumeak desegiten dituen Jainkoa, ez da fruitu eske gainean daukagun Jainko estua. Bihotz handikoa da. Giza herria fruitu ederrez ornitua ikusi nahi duen Jainkoa. «Erruki hutsa dugu Jauna, errukia ta maitasuna» kantatu dugu.

Eta, entzule adiskide, era honetako Jainkoa ezagutuz, bihotz-berritzea badakizu zer den? Jainko honi begira bizitzen hastea. Gure buruak asmatutako Jainkoa zerbitzatzea ez dakit mereziko zukeen, baina askatzen eta maitatzen duen Jainkoa zerbitzatzea gizatasun-sortzaile eta edertzaile da benetan! Eta hari begira bizitzea merezi du. Bere salbazio-egintzaz askatu gaituen Jainkoaren eskutik bizitzea mereziko ez du, ba! Eta horixe da bihotz-berritzea!
Jainkoak Moises aukeratu duenean, aukera hori herri mindu baten onerako aukeratu du. Jainkoa historian agertzen denean, atsekabetuen alde agertzen da. Jainkoak aukeratzen gaituenean, atsekabetuei laguntzeko aukeratzen gaitu. Jainkoaren bihotz onak ezin baitu onez jasan pobreek bizi duten egoera. Jainkoa maitasuna da, baina ez txoko batean gustura edukitzen gaituen maitasuna; baizik eguneroko Egipto zapaltzaile askotara bidaltzen gaituen maitasuna. Denok ebanjelizatzaile gara. Baina, ebanjelizazioa pobreekiko hurbiltasunaz egiten ez badugu, gure hitzak eta gure mezuak ez du indarrik eta edertasunik izango.

Goazen Eukaristiara. Behin Moisesek bezala, bihotz-berritzera dei egiten digun Jainkoarekin topo egingo dugu. Semea guregatik eman duen Jainkoa dugu gurekin. Bere berri emango digu Jainkoak.


Iñaki Beristain (2016-2-23)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 13, 1-9)

Gizakion eta Jainkoaren neurriak ez dira berdinak, ezta antzekoak ere, zorionez! Guk geure erara ezarrita dauzkagu legeak eta epaiak. Hau egiten duena, honelakoa da eta bestea egiten duena, halakoa da. Pilatok era txarrean hil zituenak, gaiztoak izan behar derrigor; baita Siloeko dorreak azpian harrapatu zituenak ere. Gure legeen Jainkoa zitala da, bihozgabea.

Baina, Jesusen Jainkoa bestelakoa da, oso bestelakoa ere. Jesusen Jainkoak beste aukera bat ematen du beti. Bihozbera eta erukiorra baita. Baina, bihozbera eta errukiorra izateak ez du esan nahi Jainko honekin jolasean ibil daitekeenik. Ardura handiko deia dakar gaurko parabolak. Jesusek egin duen deia larria da: «Bihozberritzen ez bazarete, denok hilko zarete». Jesusek ikusten du, hala ere, ez diotela inolako axolarik eskaintzen.

Mahastilariak beste aukera bat eskatzen dio nagusiari. Mahastilariak Jesus oroitarazten digu, noski. Jesus guregana etorri da, eta Aitaren aurrean aukera berria eman digu. Jesus da gure aukera. «Utz ezazu aurtengoz». Eta Jesusek bere biziko ahalegina egingo du Jainkoarengana itzul gaitezen. Bere biziko eta bere heriotzako ahalegina.

Bihozberritzeko deia larria da. Jesusen jarduera guztiak gure berritze sakona bilatzen du. Hortik aurrerako ardura mahastiarena da, gurea.«Ea aurrerakoan fruiturik ematen duen». Mahasti-jabeak atzera egin du. Jesusek bere ahalegin betea burutu du, jabeak atzera egin zezan. Errukiak ingurua gozatu dio, maitasunaren ongarriak aberastu du. Eta orain mahastiak ez luke inolako aitzakiarik eduki behar, fruitua ez emateko.

Gurera etorriz, zertan gabiltza? Zer nolakoa da bilatzen dugun bihozberritzea? Zer neurritako aldaketa behar du gure Elizak? Zenbat denbora egin du Jainkoak fruituaren zain? Azaleko aldaketa al da bilatzen duguna? Egiturak aldatu nahi ditugu, besterik ez? Aita Santua aldatuko dugu, eta hori nahikoa ote?

Gure egoera begiratuta, ematen du zedarria dela gure unea. Gizartera zerbait askatzailea eramateko garaia bete da. Esan genezake ez daukagula beste aukerarik. Denbora asko ez ezik amets gehiegi galdu dugu alferrik. «Moztu ezazu». Esku artean daukagun dena agortuta gelditzera doakigula ematen du. Azkena ote? Hemen eta honetan bukatuko ote da gure herriaren eta Europaren kristau-historia?

Baina, garizuma honetan ere Jesus dugu aukera, aukera berria. «Utz ezazu aurtengoz». Eta beste aukera bat izaten ari gara. Zertarako? Betikoan beti bezala gelditzeko? Ez ote diogu gure bihotz apaldu eta zapaldua Jaunaren dohainari irekiko? Ez ote dugu bihozberritzeko deia entzungo? Beste aukera hau ere galtzen utziko ote dugu?

Deia egina dago. Eskaintza egin zaigu. Aukera berri bat badugu. Gure neurri eta epaiak alde batera utzi, eta has gaitezen bihozberritzearen fruituak ematen. Jesusi esker egia baita beste aukera bat daukagula.


Iñaki Beristain (2013-2-27)

(Igandeko ebanjelioa: Lk 13, 1-9)Badira, bai, beti besteek egindako gaitzaren kuxkuxean bizi direnak. Eguneroko biziera arruntean ez dute nonbait, beren kritika-jardunerako motibo aski bilatzen, eta handik eta hemendik zelatari dabiltza, nork zer egiten duen kuxkuxean; eta, batez ere, nork zer gaizki egiten duen kuxkuxean. Eta horrela saiatuz gero, beti aurkitzen da zerbait kritikagarria eta, aurkitzen ez bada, asmatzea ere ez da zaila. Eta horretantxe, kaka nahasten, gustura! Horrelakoentzat oinarrizko teoria garbi dago: beraiek dena ongi egiten dute eta besteek dena gaizki! Biba!Baina garbi esan behar da, inor ez dagoela errugabetasunaren bizkarrera jasoa, goitik behera besteak epai­tzeko. Ez da aski besteek egiten dutena kritikaz jipoitzea, geu gaitzetik aparte dagoen barruti neutral batean kokatuz. Ez da arrazoizkoa, gaitzaren erantzukizun guztia besteei egoztea. Denok gara errudun, inor izatekotan. Eta gure munduak erakusten dituen gaitz nabarmenetan denok hartzen dugu parte, eta parte handia sarritan. Kritika beharrezkoa da, gaitzak konpontzeko; baina kritika autokritika bihurtzea ere oso sanoa izaten da, osasungarria.Besteen egintzen kritika ezin daiteke geure burua garbitzeko lasaigarritzat hartu, gaitz osoa beste batzuek egingo balute bezala. Jesusek gaurko ebanjelio-zatian egiten duen galdera gaurkotu eta geuretu genezake: «Zer uste duzue, Kosovoko jendea zuek baino gaiztoagoa dela, sufritzen ari direna sufritzeko? Edo Afrikako herri askotako jendea zuek baino gaiztoagoa dela, nozitzen duten beharra eta gosea nozitzeko?». Ezin dezakegu gure bizitza alferrikako kritika hutsalean eman, gaiztoen eta zintzoen arteko arrastoa geure gustura markatuz.Zorionez, fededunon Garizumak denoi erakusten digu nolako partehartzea daukagun gaizkigintzan, eta nola denok gauden bihotz-berritu beharrean. Ezin gaitezke besteen gaitzen salaketan babestu, geure burua aldatu eta berritu beharrik ez izateko. Garizumak ez digu ihesbiderik uzten.Kontua da, ea zer esan nahi duen bakoitzarentzat bihotz-berritzeak. Bizigune berriak eta zibilizazio berria eraiki nahi baditugu, geure biziera aldatu beharra daukagula uste dut. Gizartean ezarri ditugun jokalegeak bidezkoak diren ala ez aztertu beharko dugu. Ontzat emanak dauzkagun portaera askok zuzengabekeria sortu baldin badu eta mundu zatitua egitera eraman baldin bagaitu, aldatu beharraz jabetu beharko dugu. Eta balio berriak bideratu. Gizarteari oinarri eta izanbide berriak emango dizkioten balio berriak bideratu.Esate baterako, ongizatea daukagu gizarteko lege nagusi­tzat jarria. Eta ongizatea amorruz bilatzeak zer dakar? Zertan dira gure zorion-usteak? Bete al dira etorkizun zoragarri baten ametsak? «Bihotz­-berritzen ez bazarete, guztiok galduko zarete». Parabolako gizonak bezala guk ere gure bizitzaren pikondora hurbildu beharko genuke, eta begiratu zer fruitu eman dugun. Eta daramagun bideek inolako onurarik sortzen ez badigute, goazen bidetik gure zorion-nahiak aurrerabiderik ez badu, gure gizartearen zatiketa gaiztoa murriztu ordez ugaltzen ari baldin bagara, zerbait aldatu beharko dugu.Ezin gaitezke frakasoarekin eta balio gabeko balioekin hain leialak izan. Hori tontoarena egitea da, gutxienera jota ere! Jainkoak, eta Garizumaren mezu ederra da hau, pazientzia azkengabea du. Jainkoak ez dauka presarik. Baina geuk eduki beharko genuke presa pixka bat. Denbora gehiegi daramagu geure bizitzaren pikondora etorri eta inolako fruiturik jaso gabe; eta bizitza laburra da alferrik galtzeko!Beraz, bakoitzak badaukagu gaitzik franko geure baratzeko zuhaitzean, besteen baratzera begiratu eta kritika puskatzailean ibiltzeko. Kuxkuxean ibiltzea jolas gustagarria iruditzen baldin bazaigu, badaukagu geure baratzan zer «kuxkuxatua». Eta ez ibili zelatari eta epaile besteen gaitzaren kuxkuxean!


Iñaki Beristain (2016-2-22)