URTEAN ZEHAR III IGANDEA

C zikloa

Nehemiasen liburutik 8,2-4a.5-6.8-10


Egun haietan, zazpigarren hilaren lehenbiziko egunean, Esdras apaizak ekarri zuen Legearen liburua, gizon eta emakume eta ezaguera zuten guztien batzarraren aurrera. Eta ur-atearen aurreko enparantzan, goizetik eguerdiraino irakurtzen ari zitzaien, gizon eta emakume eta ezaguera zuten guztiei; eta herri osoa erne zegokion Lege-liburuari.
Esdras idazlaria, hartarako egina zeukan zurezko oholtza batean zegoen zutik. Esdrasek herri osoaren aurrean liburua zabaldu zuen, guztiek ikusten zutela, denak baino gorago bai zegoen bera, eta liburua zabaltzearekin batera, herri osoa zutitu zen. Gero Esdrasek Jaunaren, Jaungoiko haundiaren, goralpena esan zuen, eta herri osoak, eskuak jasorik, erantzun: ‘Amen, Amen’; eta makurtu ziren, eta ahuspez Jaungoikoa gurtu zuten.
Lebitarrek Jaungoikoaren Legea argi eta garbi irakurtzen zuten, irakurri-ala azalduz, uler zezaten.
Nehemias agintari nagusiak, Esdras apaiz idazlariak, eta herriari erakusten zioten lebitarrek, honela esan zioten herri osoari: “Gaurko eguna, Jaunari, gure Jaungoikoari, eskainia dugu; utzi negar-malkoak” (herri osoa, Legearen hitzak entzutean, negarrez bait zegoen).
Eta esan zieten: “Zoazte; jan haragi guria, eta edan ardo gozoa, eta bidali jatekoak, berentzat ezer prestatu ez dutenei; gaurko eguna Jaunari, gure Jaungoikoari, eskainia bait dago. Ez atsekabetu, Jaunaren poza data zuen indarra”.

ERANTZUN – SALMOA 18


ZURE HITZAK, JAUNA,
ESPIRITU ETA BIZI DIRA.
Jaunaren legea bikain, barrena birbizteko,
Jaunak hotsegina sendo, ez ikasiak eskolatzeko.
Jaunaren arauak zuzen, bihotzaren asegarri,
Jaunaren aginduak garbi, begien argi.
Jaunaren beldurra garbi, iraungarri betiko,
Jaunaren erabakiak egiazko, guztiak orobat bidezko.
Nire ahoko hitz eta bihotzeko gogoetak
atsegingarri izan bitez zure aurrean,
Jauna, ene Harkaitz eta Salbatzailea.
[Egia esan, Jaungoikoak Elizan apostolu jarri ditu batzuk lehenengo; bigarren profeta, hirugarren irakasle; ondoren mirariak, geroago sendakintzarako dohaiak, elkar laguntzarakoak, aginterakoak, era ezberdinetako hizkuntzen dohaiak, eta hauek adieraztekoak. Guztiak apostolu al dira? Guztiak profeta al dira?, guztiak irakasle?, guztiek egiten al dituzte mirariak?, guztiek al daukate sendakintzarako dohaia?, guztiak mintzo al dira hizkuntzatan?, guztiek adierazten al dute?]

San Paulo Apostoluak Korintarrei 1 Kor 12,12-30


Senideok: Gorputza bat izanik ere, atal asko dituen bezala, eta gorputzeko atal guztiak, asko izanik ere, gorputz bat diren bezala, berdin Kristo ere. Gu guztiok –judutar naiz greziar, menpeko nahiz askatu- Espiritu berberarengan bataiatuak izan gara, gorputz bat bakarra izateko. Eta guztiok Espiritu bakarretik edan dugu.
Gorputza, izan ere, ez da atal bat bakarra, asko baizik.
[Oinak esango balu: ‘Eskua ez naizenez gero, ez naiz gorputzarena’, ez luke horregatik gorputzarena izatea utziko. Eta belarriak esango balu: ‘Begia ez naizenez gero, ez naiz gorputzarena’ ez luke horregatik gorputzarena izatea utziko. Gorputz guztia begi balitz, nola entzun? Eta gorputz guztia belarri balitz, nola usaitu? Horra, bada, Jaungoikoak, Berak nahi bezala ipini ditu atalak gorputzean. Guztiak atal bat-bera balira, non legoke gorputza? Atalak, ordea, asko dira; baina gorputza bat. Begiak ez diezaioke eskuari esan: ‘Ez dut zure beharrik’. Ezta buruak ere oinei: ‘Ez dut zuen beharrik’. Gehiago oraindik, makalenak diruditen gorputz-atalak dira beharrezkoenak; eta gorputzaren zatarrenak uste ditugunak, itzal haundiagoz inguratzen ditugu; eta lotsagarrienak, begirune gehiagoz erabiltzen, berez agurgarri direnek ez bait dute horren beharrik.
Eta Jaungoikoak gorputz-atalak eratu zituen, apalenei begirune haundiagoa emanez; horrela ez dago alderdikeriarik gorputzean; atal guztiak berdin arduratzen bait dira bata besteaz. Atal batek min duenean, min dute beste atal guztiek harekin; eta atal bat goretsia denean, poz dute beste guztiek harekin.]
Zuek, beraz, Kristoren gorputz zarete, eta zuetako bakoitza gorputz horren atal.

ALELUIA Behartsuei berri ona ematera bidali nau Jaunak,


katiguei askatasuna hotsegitera. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa S Lukasen liburutik 1,1-4; 4,14-21


Teofilo agurgarri: Asko saiatu dira, gure artean gertatutakoen kondaira idazten, hasieratik beren begiz ikusi eta gero hitzaren zerbitzari izandakoek jakin arazi zigutenei jarraituz. Nik ere, hasieratik guzti hauek arreta haundiz aztertu ondoren, denak hari egokian zuri idaztea erabaki dut, hartu dituzun erakutsien egia ezagutu dezazun.
Aldi hartan, Jesus, Espirituaren indarrez, Galileara itzuli zen, eta Haren izena lurralde hartan guztian zabaldu zen. Hango sinagogetan erakusten zuen, eta guztiek goresten zuten.
Jesus Nazareta joan zen, Bera hazi zen herrira, eta larunbatean ohitura zuen bezala, sinagogan sartu zen eta zutik jarri, irakurgaia egiteko. Isaias profetaren liburua eman zioten.
Liburua zabaldurik, profetaren hitz hauek aurkitu zituen:
“Jaunaren Espiritua niregan dago,
Berak gantzutu bait nau,
behartsuei berri ona emateko.
Katibuei askatasuna,
eta itsuei ikusmena hotsegitera bidali nau,
zapalduei askatasuna ematera,
Jaunaren grazi urtea hotsegitera.”
Liburua bildu ondoren, laguntzaileari eman zion, eta eseri egin zen. Sinagogan ziren guztien begiak Hari begira-begira zeuden. Bera honela hasi zitzaien hitzegiten:
- “Gaur bete da, orain entzun duzuen Liburu Santuko hitz hau”.


Homiliak

Adiskideok: berriro ere, igandero bezala, Jainkoaren Hitza entzun dugu. Eta, gainera, Hitz hori zer den eta Nor den esan zaigu gaur. Hitza bera izan da entzun dugunaren ardatz eta gai nagusia. Hitza. Jainkoarena. Uste dut badugula zer aztertua eta zer pentsatua, zer gozatua eta zer geuretua.

Ardo onena edan genuen joan zen igandean, guregana etorri den erreinuaren adierazgarri. Mundu berrikoak gara. Jesusengan etorri zaigu mundu berria, bera da mundu berria. Ez gabiltza ideiekin, burutazioekin, teologiekin; maitasunezko historia beregan bildu duen Nazareteko Jesusekin gabiltza. Nazareteko Jesusen pertsona da gure fedearen oinarri sendoa, bera da gure sinesmenari zorua ematen diona. Historia baten seme-alaba gara.

Jesus honengana tolestatzen dira profetak eta Itun Zaharreko historia. Nazareteko sinagogan gertatzen dena helmuga da, une berri baten hasiera den bezalaxe. «Gaur betetzen da» orain arte Jainkoak Israel herriari esandakoa. Eta orain hasten da agindutakoaren betetasun osoa. «Bidali nau».

Eta Jesusek bere eginbidea adierazten duen unean, bere Jainkoa nolakoa den erakusten digu. Behartsuentzako Berri Ona da Jainkoa. Lotuentzako askatasuna da. Itsuentzako ikusmena da. Eta guztiontzako graziazko unea eta gunea da. Denboraldi berria estreinatu da Jesusengan eta orain Jainkoa maitasunaren historia gertarazten ikusten dugu. Jainkoa etorri zaigu eta betetasunaren hartzaile doanezko egin gaitu.

«Ordu» libre horren garaikide gara. «Gaur» bete horren garaikide. Ez da harritzekoa nazaretarrak denak begira-begira gelditzea Jesusen aurrean. Zerbait handiaren testigu sentitzen dira. Beren arteko mutil gazte harengan garai berria abiatzen ari zela sentitzen zuten. Haren hitzetan eta ahotsean, ordura arte entzun gabeko tonua sumatzen zuten. Han eta harengan Jainkoa bera ari zela sentitzen zuten.

Jesus da Hitz berria. Orain arte irakurri duen liburua, Itun Zaharrekoa, itxi dezake. Ez da gehiago liburu horren beharrik izango. Orain Jesus da liburua, Jesusengan idatziko du Jainkoak bere maitasun-historia. Itun Zahar osoa «gaur» berezi honen ataria izan da, promesa. «Gaur» dena aldatzen da. «Gaur» dena betetzen da.

Bakoitzak ezagutzen ditugu (bai, ezta?) geure beharrak, geure loturak, geure itsutasunak edo itsukeriak. Bakoitzak dakigu zapaltzen gaituzten botereen berri. Orain, nahi izatera, jakin dezakegu baita ere, zein den ondasuna, zein askatasuna, zein argia. Baina ez teorian, gaur aurrera datorkidan dohain bete horretan baizik. Jesusek askatu egin du giza historia, Jesusek jainkozko bihurtu du dena, orain arte giza mailakoa zena.

Bai, Jainkoa gizakia askatzera dator, gizakiari duintasunezko bere bokazioa berritzera, hede lotzaile guztiak etetera, izanbide berria eskaintzera. Jainkoa maitasuna da, errukia da, ontasun betea da. Eta Jainko horren adierazle den Jesusek profetaren freskotasuna eta jauntasuna erakusten ditu. Jesus da profeta berria, hitz berriaren poza dakarrena. Gizakiaren bihotzean oihartzun gozoenak esnatzen dituena. Gizakiok badugu salbamena, badugu geure ezinetik askatzeko deia, badugu Jainkoaren maitasuna gozatzeko aukera graziazkoa. Ebanjelioa hasi da.

Israel herriak erbestetik itzultzean egin zuen gauza bera egin beharko genuke guk gaur: Jainkoaren Hitza bihotzean entronizatu. Eta Hitaren festa egin. Hitzaren oinarritara itzuli eta bera gure legetzat hartu, Jainkoaren nahia egitea baitugu geure lege.

Goazen Eukaristia ospatzera! Goazen Hitza janari bihurtzen den festa egitera! Eta aurretik eman dezagun gure "amena", gure "sinesten dut" sutsua! Fede bat berak eutsi diezagula gure eguneroko herrigintzan!


Iñaki Beristain (2016-1-19)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 1, 1-4; 4, 14-21)

Ardo onena edan genuen joan zen igandean, guregana etorri den erreinuaren adierazgarri. Mundu berrikoak gara. Jesusengan etorri zaigu mundu berria, bera da mundu berria. Ez gabiltza ideiekin, burutazioekin, teologiekin; maitasunezko historia beregan bildu duen Nazareteko Jesusekin gabiltza. Nazareteko Jesusen pertsona da gure fedearen oinarri sendoa, bera da gure sinesmenari zorua ematen diona. Historia baten seme-alaba gara.

Jesus honengana tolestatzen dira profetak eta Itun Zaharreko historia. Nazareteko sinagogan gertatzen dena helmuga da, une berri baten hasiera den bezalaxe. «Gaur betetzen da» orain arte Jainkoak Israel herriari esandakoa. Eta orain hasten da agindutakoaren betetasun osoa. «Bidali nau».

Eta Jesusek bere eginbidea adierazten duen unean, bere Jainkoa nolakoa den erakusten digu. Behartsuentzako Berri Ona da Jainkoa. Lotuentzako askatasuna da. Itsuentzako ikusmena da. Eta guztiontzako graziazko unea eta gunea da. Denboraldi berria estreinatu da Jesusengan eta orain Jainkoa maitasunaren historia gertarazten ikusten dugu. Jainkoa etorri zaigu eta betetasunaren hartzaile doanezko egin gaitu.

«Ordu» libre horren garaikide gara. «Gaur» bete horren garaikide. Ez da harritzekoa nazaretarrak denak begira-begira gelditzea Jesusen aurrean. Zerbait handiaren testigu sentitzen dira. Beren arteko mutil gazte harengan garai berria abiatzen ari zela sentitzen zuten. Haren hitzetan eta ahotsean, ordura arte entzun gabeko tonua sumatzen zuten. Han eta harengan Jainkoa bera ari zela sentitzen zuten.

Jesus da Hitz berria. Orain arte irakurri duen liburua, Itun Zaharrekoa, itxi dezake. Ez da gehiago liburu horren beharrik izango. Orain Jesus da liburua, Jesusengan idatziko du Jainkoak bere maitasun-historia. Itun Zahar osoa «gaur» berezi honen ataria izan da, promesa. «Gaur» dena aldatzen da. «Gaur» dena betetzen da.

Bakoitzak ezagutzen ditugu (bai, ezta?) geure beharrak, geure loturak, geure itsutasunak edo itsukeriak. Bakoitzak dakigu zapaltzen gaituzten botereen berri. Orain, nahi izatera, jakin dezakegu baita ere, zein den ondasuna, zein askatasuna, zein argia. Baina ez teorian, gaur aurrera datorkidan dohain bete horretan baizik. Jesusek askatu egin du giza historia, Jesusek jainkozko bihurtu du dena, orain arte giza mailakoa zena.

Bai, Jainkoa gizakia askatzera dator, gizakiari duintasunezko bere bokazioa berritzera, hede lotzaile guztiak etetera, izanbide berria eskaintzera. Jainkoa maitasuna da, errukia da, ontasun betea da. Eta Jainko horren adierazle den Jesusek profetaren freskotasuna eta jauntasuna erakusten ditu. Jesus da profeta berria, hitz berriaren poza dakarrena. Gizakiaren bihotzean oihartzun gozoenak esnatzen dituena. Gizakiok badugu  salbamena, badugu geure ezinetik askatzeko deia, badugu Jainkoaren maitasuna gozatzeko aukera graziazkoa. Ebanjelioa hasi da.


Iñaki Beristain (2013-1-22)

(Igandeko ebanjelioa: Lk 1, 1-4; 4, 14-21)

Esaera zaharra da, batzuei mihi-dantzan joaten zaizkiela indarrak. Esan eta esan, jardun eta jardun; baina gero hitz horien edukia edo balioa ez da sekula inon azaltzen. Hitz hutsen ho­tsa gertatzen da mihi-dantza guztia. «Hitzontzi huts-ontzi» esango luke euskara jatorreko esaera zaharrak. Hitzak apenas ezertarako balio digun, esaten den une labur hartarako ezpada. Eta jardunaren jardunez, lortu dugu hitzari bere mamia eta sinesgarritasuna kentzea.

Eta hitz hutsetan galtzeko arrisku hori, inork edukitzekotan, kristauok daukagu. Inork ez bezalako hitzak dauzkagu. Ebanjeliotik ikasi ditugu. Eta, gainera, gizakiaren barruari zuzen hitz egiten dion hitza daukagu. Bihotzera dihoan hitza. Askatasunez eta maitasunez beterik datorren hitza. Horretan ez dut inolako zalantzarik egiten: hitzik eleganteenak eta beteenak eta pozgarrienak guk dauzkagula. Baina, jakina, hori pozgarria izanik, erantzukizun handikoa ere bada. Izan ere, esaten dugun hitza bizitzan mamitzen eta bete­tzen ez badugu, hitz hori balio-hustua uzten dugu.

Geure hitzek salbatzen edo galtzen gaituzte. Esaten duguna betetzeko kapaz ez bagara, esaten dugunak galdu egiten gaitu. Eta alderantziz: esaten duguna betetzen baldin badugu, hitzaren eta egintzaren koherentziak salbatzen gaitu. Baina hitzaren eta egintzaren arteko koherentzia hori ez da aski kristauarentzat. Bada irizpide seguruagoa, Jesus bera. Kristauak eta Elizak Jesusen galbahetik pasa behar du beti esaten eta egiten duena. Kristauari eta Elizari kanpotik egiten zaizkien kritikek izango dute beren balioa; baina ez handirik Jesusen epaiarekin konparatuta.

Horregatik, arduraz erreparatu behar genieke ebanjelioko gaurko hitzei: «Jaunaren Espiritua niregan dago, berak gan­tzutu nau, behartsuei Berri Ona emateko». Jesusek, bere programa zehazten duen Nazareteko pasadizo honetan, irizpide argi askoa jarri digu: pobrea. Jesusen jokaera eta eginbide guztiaren irizpide izan ziren pobreak, eta hala izaten jarraitzen dute Jesusen jarraitzaile izan nahi duten guztientzat ere. Pobreekiko jarrera askatzaileak emango edo kenduko dio gure hitzari balioa.

Elizaren historian beti gertatu izan da: pobreekiko jarrera zintzo hori ahazten duen neurrian, Eliza bestelako arazoetan sartzen da, gehienetan barruko arazo txikietan. Ebanjelioak eman dion enkargu askatzailea alde batera uzten duenean, liturgia, bokazioak, antolaketa, kasuistika morala eta antzeko arazoak gailen­tzen zaizkio. Bere funtsa galtzen du Elizak. Eta itzulerako bidea ere argi azaltzen da. Itzulerako bidea, konbertsio-bidea, bere nortasunera bueltatzeko bidea, beti pobreen norabidean doa. Pobreekiko harreman hurbilekoan aurkitzen du Elizak eta fededunak bere egia eta bere izateko arrazoia.

Hori bai, Ebanjelioak gure segurantza guztiak hankaz gora jartzen dizkigu. Geure mozorro guztiak eranzten dizkigu. Eta alde horretatik ez zaigu batere erosoa gertatzen Jesusek eman digun irizpidea. Atergabe itzuli beharra daukagu geure «iturrietara».

Bestela, gure jarduerak ez du inolako zentzurik. Gure hitza eta egintza pobreentzako Berri On gertatzen ez bada, zeri edo nori jarraitzen diogu? Ebanjelioko Jesusi behin­tzat ez! Pobreak dira gure erronka nagusia. Gizarte honetan pobreentzako mundu zuzenago eta etseginagoa sortu eta sustatu behar dugu. El Salvadorreko kaltetuei ezin diezaiekegu gure laguntza eta hurbiltasuna ukatu.

Ezin gintezke bestelako arazoen sastraka artean galdu. Arazo nagusi pobreak ditugu: Afrikan gosez hil­tzen ari direnak, gure kale-bazterretan drogak botata uzten dituenak, sidadunak, kaleko umeak... Bestela, hitz ederrak esango ditugu, hitzaldi dotoreak jalkiko ditugu; baina gure hitzak ez du ezertarako balioko. Hi­tzontzi hutsak izango gara. «Hitzontzi huts-ontzi». Horixe!


Iñaki Beristain (2016-1-19)