KRISTOREN GORPUTZ-ODOL SANTUAK

C zikloa

Genesis liburutik 14,18-20


Egun haietan, Melkisedek, Salem-go erregeak, ogia eta ardoa eskaini zituen -Goi-goiko Jainkoaren apaiza bait zen-, eta bedeinkatu zuen Abran, esanez:
- ‘Bedeinka beza Abran Goi-goiko Jainkoak, zeru-lurren egileak. Eta bedeinkatua izan bedi Goi-goiko Jainkoa, zure etsaiak zure esku jarri dizkizuna’.
Eta Abran-ek guztiaren hamarrenak eman zizkion.

ERANTZUN-SALMOA 109


APAIZA ZARA BEHIN BETIKO,
OGI TA ARDOA ESKAINTZEKO.
Hona, Jaunak esana nere Jaunari:
“Eser zaikizkit eskuinean,
zure etsaiak oinaulki jartzen dizkizudan bitartean”.
Siondik zabalduko du Jaunak
zure aginte-makilaren indarra:
“Izan zaitez nagusi zeure etsaien artean”.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Kor 11,23-26


Senideok: Jaunarengandik harturik daukat nik, neuk zuei eman dizuedan hau: Jesus Jaunak, saltzekoa zen gauean, ogia hartu eta, esker otoitza eginda, zatitu zuela eta esan:
“Hau nere gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nere oroigarri”.
Era berean, kalizarekin ere afal ondoan, hitz hauek esanez:
“Kaliza hau itun berria da nere odoletan; egizue hau, edaten duzuen bakoitzean, nere oroigarri”.
Beraz, ogi hontatik jaten, eta kaliza honetatik edaten duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotza adierazten duzue, Bera etorri arte.

ALELUIA Ni naiz ogi bizia, zerutik jaitsia –dio Jaunak-;


Ogi honetatik jaten duena betiko biziko da. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 9,11b-17


Aldi hartan, Jesusek Jainkoaren erreinuaz hitzegiten zion jendeari, eta sendatu beharra zeukatenak sendatzen zituen.
Eguna ba zihoan, eta Hamabiak etorri zitzaizkion, esanez:
– ‘Bidal ezazu jendea, doazela inguruetako auzo eta herrietara, eta bila dezatela ostatua eta jatekoa, hau leku bazterra da-eta’.
Jesusek esan zien:
- “Emaiezue zeuek jaten”.
Eta haiek erantzun:
- ‘Ez bait dugu bost ogi eta bi arrain besterik! Geurok joaten ez bagara, jende guzti honentzako jatekoak erostera…’
Bosten bat mila gizon bait ziren. Jesusek esan zien bere ikasleei:
- “Eser erazi itzazue taldetan berrogeitamarnaka”.
Hala egin zuten, eta denak eseri ziren. Jesusek bost ogiak eta bi arraiak harturik, begiak zerura jaso, eta bedeinkapen-otoitza haiengan egin ondoren, zatitu zituen eta bere ikasleei eman zizkien, jendeari banatzeko. Jan zuten denek, ase ziren arte, eta gelditutako hondarrekin hamabi saski bildu zituzten.


Homiliak

Jaunaren Gorputz-Odolen festaburua ospatzen ari gara. Jesus Eukaristiari begira jarrita, jai egiten dugu. Gorpuzti festaburuak gure Jainkoaren dohainik ederrena ospatzera ekarri gaitu. Eta Jainkoaren Hitza entzunez, poza du gure bihotzak.

Fededunok igandero-igandero biltzen gara Meza santua ospatzera, Eukaristia ospatzera. Iganderoko ohitura eder bihurtu zaigu ekintza hau! Eta igandero egiten dugun hau ohitura huts bihur ez dakigun, urtean behin sakon eta luze begiratu nahi izaten diogu igandero ematen zaigun poz horri. Eta urtean behineko hori Gorpuzti eguna izaten da.

Eukaristia! Jesusen Pazkoko bihotzera garamatzan misterio ederra! Izan ere, Eukaristia hain aberatsa izaki, alderdi asko azter daiteke. San Paulok, bigarren irakurgaian, Pazkoko Jesusen Gorputz-Odoletara ekarri gaitu. «Hau nire Gorputza da», «Kaliza hau itun berria da nire odoletan». Pentsatzen jarrita, ikusgarria da: Melkisedek apaizak Abahami eman zion bedeinkapen ederra, guri Jesusen Odoletan ematen zaigu. Eta bedeinkazio hori, Pazko-misterio betearen dohain atergabeko bihurtzen da guretzat.

Itun Berriaren bihotzean gaude, bete-betean: Jesusek bere odola ematen digu edaten. Eta odol horretan Pazko-gertaera dago bildua, Pazko-maitasuna. Jainkoak odoletaraino maitatu gaitu. Horrenbesteraino irrikatu du gurekiko elkartasuna. Jainkoarekin sakon eta estu lotuak gaude, odolaren korapiloz. Maitasun-hitz paregabea esan du Jainkoak bere Semearen odoletan. Eta gizon-emakumeok edan egin dugu, eta Jainkoarekin batasunean gertatu gara. Komunioaren misterioa gertatu zaigu.

Eta horrek gure bizitzari beste izanbideak urratu dizkio. Fededun garen aldetik, gu ere, ebanjelioko jende-taldea bezala, Jesusen segizioan goaz. Eta segizio horrek leku bakarti eta baztertuetara eramaten gaitu, gizartearen aldetik begiratuta. Eta hori gogorra gertatzen zaigu sarri. Baina, bide batez, Jesusek Eukaristian ematen digun dohaina dastatzeko aukera gertatzen zaigu. Jesusek dohain ugaldua ematen digu. Segizio-biderako janari indartzailea. Eta orain badakigu egin dezakegula eguneroko bidea. Segizioan ematen duguna asko irudituko zaigu; baina jasotzen duguna askoz gehiago da. Eukaristia dohain betea da!

Horregatik eta bidezkoa denez, igandero-igandero ospatzen dugun misterio ikusgarri hau, gaur festaz eta harriturik begiratzen dugu. Gauzak zenbat balio duten ikusteko, batzuetan ona izaten da, gauza hori faltatuko balitzaigu zer gertatuko litzaigukeen pentsatzea. Zer izango litzateke gure bizitza Eukaristiarik gabe? Mundura joan, lanera joan, eguneroko borrokan buru-belarri sartu, gizarteko joera eta ibilbide guztien erdian munduko gizon-emakume... eta nola bizi esperantzan?, nola bizi maitasunean?, nola poztu gure erorialdiak?, nola bizi batak besteari lagunduz, intereskeriarik gabe?, nola bizi, dena begi txikiez begiratu gabe?, nola barkatu?, nola pertsonaren duintasuna eta balioa aitortu?, nola…?

Eskerrak Eukaristia daukagun! Eskerrak, gure bihotza askotan Eukaristiako maitasun horretara eraman dezakegun! Eskerrak Eukaristian Jainkoaren barkazioa hartzen dugun! Eskerrak Eukaristian Jainkoaren bidea egiteko indarra ematen zaigun! Bestela, auskalo! Hain gara ahulak, hain erraz makurtzen gara bide hutsaletara, hain bizkor tristetzen gara, hain ustekabean galtzen ditugu gizatasunaren bideak! Eukaristia daukagu! Eskerrak Jainkoak horrenbesteraino maitatu gaituen! Ez genuke asmatuko ezaugarri hori gabe bizitzen!

Esan dugun hau guztia ondo dago eta hori horrela da! Baina, pixka bat aurrerago ere begiratu behar dugu. Izan ere, Jainko Semearen Odola eman zaigunetik, odolak asko balio du! Eta ez da batere txokatzekoa gaur Caritasen eguna ospatzea, Karidadearen eguna. Gizon-emakume bakoitzaren odolak asko balio du. Pobreen odolak asko balio du. Gure lagun hurkoaren duintasunak asko balio du! Eta ezin ulertua da, Eukaristian Odola edan eta gero giza odola zikintzea. Eukaristian sinetsi eta gero gizon-emakumeen balioa ez aitortzea. Eukaristiako odolagatik errespeta dezagun lagun hurkoen odola! Zaindu ditzagun pobreak! Maita ditzagun gizartearen aukerak bazterrera bota dituenak! Onar ditzagun beharrean aurkitzen diren guztiak. Eukaristiak besoak zabaltzen erakutsi digu. Odoletan maitatuak izan garenok, bizi dezagun odolaren elkartasuna!

Hau guztia horrela izanik, Eukaristia estimatzen ikasi behar dugu. Ez dugu ohiturakerian erori behar. Ohiturakerian ez dugu erori behar, ez Eukaristia ospatzean, ez eta ere Eukaristiaren erara bizitzean. Eukaristiari ez diogu kendu behar bere festa eta alaitasuna, eta ez diogu kendu behar pobreen aldeko bere garrasia. Eukaristiari ez diogu kendu behar odola! Jainkoak gurekin odoletan ituna egin duenez gero, bizi dezagun itunaren elkartasuna Jainkoarekin eta senideekin! Eta esan dezagun kalean, fabrikan, nonahi eta noiznahi, ez dela baliogabean zapaldu behar inoren odolik! Odola baliotsua baita!

Ospa dezagun Jainkoaren maitasuna, Eukaristia honetako ogi eta ardotan, Jesusen Odoletan!


Iñaki Beristain (2016-5-23)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 16, 12-15)

Hirutasun Santuaren festaburua ospatzean, hamaika buruhauste sortzen zaigu, batzuei gauza adierazteko eta askori gauza ulertzeko. Izan ere, «misterio» honen inguruan sarraski handia eragin baita. Hiru direla, bat dela, batean hiru, hirutan bat eta abarrekin ez dugu argia itzaltzea besterik lortu, eta «misterio» honek argia behar du. «Aitaren» egiten dugun bakoitzean bihotz fededunari sortzen zaion argia behar dugu.

Pena da, pena handia, Hirutasunaren egia adieraztean, dogmetan gehiago oinarritu izana, Ebanjelioetako esperientzian baino. Eta, zori txarrez edo onez, dogmek egia errazten duten bitartean mesede egiten dute; baina egia iluntzen eta estaltzen duten neurrian, kalte egiten dute. Eta Hirutasunaren misterioarekin, bigarrena gertatu zaigu, dogmak kalte gehiago egin digula mesede baino.

Ebanjelioetako esperientzia aipatu dut, eta hori da. Aitak Semea bidali duela gu askatzera, Semeak Aita erakutsi digula. Semearen Pazkoari darion Espiritua dela biak arnasa berean lotzen dituena, eta Espiritu horrek birsortzen duela guregan Jesusen misterioa eta esperientzia... Hori da Ebanjelioetan adierazi eta erakutsi zaiguna. Jainkoak bere Semearengan gertarazi duen historia harrigarria da Hrutasunak agertzen diguna.

Jakina!, Ebanjelioak buruz ulertu nahi direnean, jai dago. Ebanjelioak ez dira buruz ikasteko egia-bildumak. Ebanjelioetan maitasunaren berri eman zaigu, neurrigabeko maitasunaren berri. Eta maitasun horren harremanak entregatzen dizkigu Hirutasunaren misterioak. Jainkoa ez da bakartia eta hotza. Jainkoa maitasuna egin duen Jainkoa da. Eta bere Semea mundura bidaliz, maitasun horren edertasun betea gertarazi digu.

Beraz, Hirutasunaz ari garenean, maitasunaz dihardugu. Pentsa ezazu: zenbat maitasun erakutsi zaigun Eguberriko misteriotik hasi eta Pazkoko Mendekoste bitartean! Haurtxo txiki hartan zenbateko maitasuna Belenen! Nazareteko isiltasunean zenbateko kuttuntasuna! Jesusek, bataioa hartuta, abiarazi duen ibilbidean zenbateko notizia eta eta berri ona! Gero, Nekaldiko eta Pazkoko argitan... «Begira zenbat maite izan zaituzten Jainkoak, bere Semea emateko!». Eta maitasun hori, Pazkoko bake-agurrean, deitu bakoitzaren arnasa bihurtu da, Espirituaren dohain aberatsa eman baitzaigu, maitasunaren historia eta esperientzia bizi ahal izan dezagun.

Hobe genuke zenbakiez ahaztea! Hobe genuke dogma bere horretan errespetatu eta asko ez erabiltzea! Hobe genuke Ebanjelioetako hitz xumeez baliatuko bagina, eman zaigun misterio ederra adierazteko! «Egiaren Espiritua datorkeenean, hark gidatuko zaituzte».

Ikas dezagun, bai, «Aitaren» egiten: maitasunaren Jainkoaren eskuetan bizitzen, Jesus bezala eta hark erakutsi bezala, horretarako bien Espiritu arnasemailea apaltasunez eskatuz. Maitasunaz ari baikara!


Iñaki Beristain (2013-5-24)

(Igandeko ebanjelioa: Jn 16, 12-15)Hirutasun Santuaren festaburua ospatzen dugun egunean, Jainkoa ezagutu dugula esatea, txokagarria irudituko zitzaizun beharbada. Noski! Jainkoa misterioa dela esan izan banu, tira. Jainkoa, hirutan bat dena eta batean hiru, ez daukagula inolaz ere ezagutzerik esan izan banu, konforme! Ez al ginen bada gelditu, Jainkoak gure ezaguerak baino neurri zabalagoak dituela! Misterio hitzak berak, «ezagutu ez daitekeena» esan nahi omen zuen!Honainokoa jende askok Hirutasunaz dakiena eta esango lizukeena, negargarria bada ere. Eta Hirutasun Santuaren festa hauxe da ulerkera itxuragabeko horren adierazgarri. Jainkoaren arazoa zenbaki batena balitz bezala! Zorionez, zenbaki baten kontua ez da, harreman baten kontua baino. Bere burua adiskidetasunez ezagutzera eman digun Jainko adiskidearen kontua da. Bere izate gordea bistaratu digun Jainko maitagarriaren kontua da. Zorionez!Bai, fededun askok txikitan ikasi zuenaren kontrakoa dela esango nuke Hirutasunaren festaburua. Ez da ezagutu ezinaren eguna, ezagutzera eman denaren eguna baino. Ez da, ezer ulertu ez duen fededun apalari eskatzen zaion adoraziozko jarreraren eguna, baizik gehiegi ulertu duenari sortzen zaion esker onezko festa eta harridura da. Maitasuna eskuerara jarri digun gure Jainkoaren ezaguera gozatzen dugu. Eta hain da ustekabekoa Jainkoa ezagutzea, hain da kabitu ezinekoa horrenbesteko maitasuna, hain da gertukoa urrutikoa zenaren presentzia... misterioa izango ez da bada! Gehiegi ulertzearen harridura, alegia!Zer dakidan, gehiegi ulertze horretan? Liturgi urtean zehar ospatzen duguna, horixe dakit! Jainkoa gizon egin zaigula bere Semearengan. Jainkoak nire zoria bere gain hartu duela, nitar eginez. Jainkoak askatu egin nauela nire giza izateak zeraman pisu astunetik. Nire eguneroko ezinaren eguneroko heriotza berak bere gain hartu duela, eta bizitzarako askatu egin nauela. Nire ezinera hilarazi, eta ezinetik berpiztu! Horraino badakit!Eta gehiago! Bere barruko arnasa eman didala ahoz aho. Eta orain eguneroko bizibeharraren eta biziezinaren bideetan ustetsu joan naitekeela, Espirituaren arnasa eman didalako. Orain lagun hurkoa maita dezakedala, Espirituaren maitasun-eraginak barrutik bizitzen nauelako. Orain esperantzari indarrean eutsi diezaiokedala, gertatuak gertatu barrutik Espirituaren bultzada senti dezakedalako! Horrenbeste badakit!Eta Semeak eta Espirituak irakatsirik, Aita bat badudala badakit. Eta Aita horren babesean konfiantzaz bizi naitekeela badakit. Ezagutu dut neurrigabe maitatua izan naizela, eta barrua askatu egin zait. Nire konplexu eta beldurrak egunero uxa ditzaket. Nire tristurak egunero poztu ditzaket. Nire bakardade minduak uneoro goza ditzaket. Aita badudala esan baitzait. Hori ere badakit!Ezagutzera eman zaidan edertasun honetan guztian hiru izen erabili ditut: Aita, Semea eta Espiritua! Hor­txe daukazu ezagutzera eman zaiguna! Horixe da Jainkoa! Horixe Jainkoaren jarduna! Hiru presentzia zoragarri horiek gozatzea eman zaigu. Horixe da bizi dugun harreman paregabea. Horixe da gure Jainkoa! Norbaitek jarraitu nahi baldin badu Jainkoa nor eta zer eta nolakoa eta zenbatekoa eta buruz ulertu nahirik, ez alferrik! Maitasuna ez da buruz ulertzen. Maitasuna ez da zenbakietan eta definizioetan kabitzen. Harremana ez da fisika eta kimika. Harremana, pertsona arteko poza da!Horrelakoxea da ezagutu dugun Jainkoa! Hauxe da igande honetan esker kantuz ospatzen dugun Jainkoa! Hauxe da gure ibilbidea edertasunez janzten digun Jainkoa! Jainkoa ezagutu dugu!


Iñaki Beristain (2016-5-19)