URTEAN ZEHAR XVI IGANDEA

C zikloa

Genesis liburutik 18,1-10a.


Egun haietan, Jauna Abrahani agertu zitzaion Mambreko artadian. Berorik handieneko ordua zen, eta Abrahan atarian zegoen eserita. Begiak jasotzerakoan, hiru gizon ikusi zituen bere aurrean zutik.
Ikusi orduko, txabola-atetik haien bidera joan zen, eta lurrean ahuspeztuta, honela esan zuen: ‘Jauna, zure gogoko gertatu banaiz, ez joan zure morroiaren aurretik, gelditu gabe. Ura ekarraraziko dut, eta oinak garbituta zuhaitzpe horretan eseriko zarete. Ogi-zati bat ere ekarriko dizuet, eta indar-berrituko zarete; eta gero jarraituko diozue bideari, zuen morroiaren ondotik igaro zaretenez gero’. Haiek erantzun zioten: “Egizu diozuna”.
Joan zen Abrahan lasterka oihal-txabolara Sararengana, eta esan zion: ‘Hartu berehala hiru gaitzeru irin, eta oretu eta egin opilak’. Joan zen gero zekorretara, eta zekor gizen on bat hartu eta morroi bati eman zion, laister presta zezan. Gero, gazta, erreberoa eta zekorkia harturik, dena aurrean jarri zien hiruei; eta bera haien ondoan gelditu zen zuhaitzpean, eta haiek jan zuten.
Orduan galdetu zioten. “Non da Sara, zure emaztea?” Abrahanek erantzun: ‘Hor, oihal-txabolan’. Eta haietako batek esan zion. “Hurrengoan etortzen natzaizunean, Sarak izango du ordurako seme bat”.

ERANTZUN-SALMOA 14


NOR BIZI, JAUNA, ZURE ETXEAN?
Akatsik gabe eta zintzo dabilena,
bere artean egia dioena;
mihiz inor bezten ez duena,
hurkoari gaitzik egiten ez diona;
auzokoa lotsagarri uzten ez duena.
Gaiztoari esker txarra ematen diona,
Jainko-beldur dena ospatzen duena;
bere kaltetan zin eginik ere aldatzen ez dena,
dirua irabazitan ematen ez duena,
errugabearen aurka eskupekorik hartzen ez duena.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei 1,24-28


Senideok: Poza dut orain, zuen onerako eramaten ditudan nahigabeengatik; honela betetzen ditut nire haragian Kristoren nekeak, Haren gorputza den Elizaren alde. Jaungoikoak Elizaren serbitzari egin nau, eta bere berri ona zuei osorik adierazteko eginkizuna eman dit. Misterio hori gizaldi eta belaunaldietan ezkutuan egona da; eta orain Jainkoak bere santuei agertu die. Jainkoak ezagutarazi nahi izan baitie bere santuei, misterio honek jentilentzat daukan aintza eta aberastasuna: Kristo dela zuentzat aintzaren itxaropena; Kristo hau hots egiten gabiltza jakinduria guztiz, gizon guztiei burubide eta erakutsiak emanez, guztiak beren kristau bizitza betera irits daitezen.

ALELUIA Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,


Zeure erreinuko misterioak
jende xumeari erakutsi baitizkiozu. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 10,38-42


Aldi hartan, bidean aurrera zihoazela Jesus herriska batetan sartu zen, eta Marta zeritzan emakume batek bere etxean hartu zuen. Ba zuen honek, Maria izeneko ahizpa bat; eta hau, Jaunaren oinetan eseririk, Haren hitza entzuten zegoen. Martak, berriz, nahiko lan ba zuen etxeko zereginetan; eta, aurrean jarrita, honela esan zion Jesusi:
- ‘Jauna, ez al zaizu batere axola, nire ahizpak ni lanean bakarrik uztea? Esaizozu niri laguntzeko’.
Eta Jaunak erantzun:
- “Marta, Marta, estu eta larri zabiltza zu gauza askorekin; eta bakarra izan beharrezkoa. Mariak alderdirik onena aukeratu du, eta ez zaio kenduko”.


Homiliak

Jesusen Jerusalemerako bidea, fededun guztiok egin beharreko bidea da, baldin eta Jesusen jarraitzaile zintzo izan nahi badugu. Eta bide horrek bere baldintza edo jokamolde zehatzak ditu: errukia erabiltzea eskatzen zitzaigun aurreko igandean, samariar onak izatea. Eta bide horrek, otoitza eskatzen du, gaur eta hurrengo igandean ikus dezakegunez. Hamaseigarren igande honek, Jainkoari adi entzutea aipatzen du eta goresten. Hitza entzun eta Hitza bihotz betean onartu. Ostatu-ematea eta «oinetan eseririk, haren hitza entzutea» emango zaizkigu jokabide bezala. Bihotz-zabal eta bihotz-adi bizitzea behar-beharrezkoa dugu gure Jainkoarekiko eta lagun hurkoarekiko harremanak fede-mailan bizi nahi baditugu.

Gaurko irakurgaietan bi maila bezala nabari dira, baina biak elkar lotuak, biak elkar osatuz: lehen maila, ostatu ematearena; eta Mariaren entzun beharra, bestea. Lehenengoari dagokionez, Abrahamek ostatu ematen die hiru gizonei eta Martak eta Mariak ostatu ematen diote Jesusi. Eta ostatu emanzalea izan behar du fededunak. Gaurko munduak, hala dirudi, gizon-emakume itsiak sortzen ditu. Bata bestearekiko harremanak gogortu eta hoztu egin zaizkigu. Gizarte gogorra eta gogortua bizi dugu. Baina Jainkoaren hitzak aurrean jarri digun jokaera, bestelakoa da: elkarrentzat zabalik eraman behar dugu bihotza. Mundu onartzailea, gizarte biguna eratu eta eraiki behar dugu. Lagun hurkoa ez baita etsaia. Ez daukagu zertan bizirik defentsiban. Bata bestea baino handiagoak izan nahiak ekarri gaitu gure egoera zelebre honetara.

Gainera, elkarrentzat ostatu-emanzale izate honi beste ikuspuntua erantsi behar diogu, fedearena. Izan ere, fede-mailatik begiratuz gero, gauza jakina da, fededunak lagun hurko bakoitzarengan, Jesus berbera ikusi behar duela. Lagun hurko bakoitza, Jainkoaren bisitaldia bezala hartu. Lagun hurkoa, datorrena datorkigula, "teo-fania" da, Jainkoaren agerraldia. Eta fedea sekula ez da esker txarrekoa. Ematen dena baino gehiago jasotzen da beti maila honetan. Ahalduntxoa eman, eta Jainkoaren dohain betea jaso. «Txiki hauetako bati egiten diozuena, neuri egiten didazue». Gure euskal gizarteak zoritxarrez hainbeste gizon-emakume markatuta dauzka. Halako onartzen dugu, hala pentsatzen duelako. Beste hau, berriz, baztertzen dut, honelako eginkizuna edo daukalako. Ez dugu ahaztu behar gure eliz elkarteetan honako jokalege hau: Elizak harrera oneko sukalde izan behar duela. Egiazko indar erakartzailea erakutsi nahi baldin badu, Elizak egia handiak baino lehen, bihotz handia azaldu behar du. Bestela, jendeak ez du Jainkoaren bihotz onartzailea ezagutuko.

Baina san Lukasek gaurko ebanjelio-zatian piska bat aurrerago joan nahi du: «Mariak alderdirik onena aukeratu du». Eta Mariaren jarrera entzulea txalotzen du Jesusek. Kontua ez da, noski, egintza eta kontenplazioa elkarren kontra jartzea. Hori gauzak gehiegiz sinplifikatzea da. Ez, «egitea» eta «kontenplazioa» ez daude elkarren kontra. Jesusek ez du Martaren jarduera gaitzesten, kondenatzen. Gogoan izan aurreko igandeko ebanjeliokoa: samariar onak egin zuena txalotzen zen. Hari, bere barrenak lagun hurkoaren alde egitea eskatzen zion. Apaizak eta lebitarrak, berriz, tenpluko kontuen aitzakiatan, ihes egin zuten, ez zuten egin beharrekoa egin. Martaren eta Mariaren arteko zera honetan nabarmendu nahi dena, zera da: Jesusengana fedezko entzumen argiz hurbildu behar dela. Maisuaren hitzaren ikasle bihurtu behar dugula. Horixe da aukerarik onena. Martaren atsekabe estuak ez du atarramentu onik. Bizitza kontrolatu nahi balu bezala dabil, estu eta larri. Denetara iritsi nahi du. Eta beharbada inportanteena ahaztu du, maitasuna. Mariak, berriz, bizitzaren bihotza aurkitu du. Badaki Jesusekin dena daukala, eta ez dabil ito-larri. Zertarako du bizitza maitasunaren oinetan bizitzeko ez bada?

Ostatu-emateak zer hausnarturik ematen badu, hitza entzutearen puntu honek ere ematen du ba zer hausnartua gaur egun. Zenbaterainoko garrantzia ematen diogu gure fede-bizitzan «hitza entzuteari»? Sarri askotan presa eta itobehar larrian gabiltza, beti berehalakoak egin nahiz. Eta akaso eginbeharreko garrantzizkoenak, beharrezkoenak, ahaztuta dauzkagu. Egiteak entzutearen sustraia falta baldin badu, zer? Hitza entzutearen faltan ez al gara askotan erretzen? Adi-adi entzuten denbora galtzea, behar-beharrezkoa dugu gaurko gizartearen bideak Jainkoaren argitan irakurtzeko. Uka ezinezkoa ematen du: gaur jende asko dabil «ekintzaz erreta» eta «entzuteko bake-bila». Ez, noski, egitea gaiztoa delako. Egiteak entzutearen lurra behar duelako azpian baizik, bestela gure egintzari fedezko argia falta dakioke. Kontzilio ondoren, Jainkoaren Hitzari sekulako garrantzia ematen zitzaion bolada eder askoa izan zen. Gaur ez al da bolada hura zertxobait indargabetu? Penagarria izango litzateke hori. Pentsatzekoa!

Ostatu-ematea eta entzutea: horra fededunari gaurko ebanjelioak eskatzen dion postura bikoitza. Baina biak elkartu daitezke. Begira: ondoan dugun lagun hurko bakoitzarengan, eta batik bat pobre eta txikienengan, Jainkoa datorkigu eta Jainkoak hitz egiten digu. Batez ere, sufritzen dutenengan. Jainkoari txikiengan ostatu ematen badiogu, txikien bidez Jainkoaren hitz ederra jasoko dugu sari. Abrahamek hiru gizon ikusi zituen, baina hiru gizonengan Jainko berberaren bisita jaso zuen. Hori bera da, hitzez hitz, guri ere gertatzen zaiguna. Eta, egia esate aldera, zera esan behar dugu: gure gizartean txiki eta pobre eta sufritzaile asko daukagu, asko.

Eukaristian Jainkoari ostatu ematen diogu bihotzean, elkartearen eta bakoitzaren bihotzean. Eta Jainkoak bere dohain aberatsez erantzuten digu. Eukaristia bilduma ederra dugu gaurko Jainkoaren Hitza bere onean ulertzeko.

Iñaki Beristain (2016-7-13)



Beti bidean, beti bila

 (Igandeko ebanjelioa: Lk 10, 38-42) Pasadizo harrigarria da. Jesusek ikasleak bidali ditu, «zoazte» esanez, noren lagun hurko egin behar dugun ere esan digu samariar onaren parabolaz; eta segidan bi emakume hauen etxean ikusten dugu. Beharbada, lehenengo kristau-elkartean sortu zen eztabaidaren bati erantzun nahi ote dio atal honek? Baliteke.

Marta, ahizpa zaharrena, etxeko andrearen lanetan hasten da Jesusi harrera egiteko; Mariak, berriz, Jesusen oinetan eserita, ikasleen lekua hartzen du, Jesusi entzuteko prest, beste guztia alde batera utzita. Mendiko hitzaldian ikasleak Jesusen oinetan nola?, hala Maria orain.

Zer gertatzen da? Marta bere onetik ateratzen da, lanak gaina hartu dio, eta bere ahizpa hain lasai ikusteak eta Jesusi ez inporta izateak, haserretu egiten dute. Ez ote dute ikusten zer ari den gertatzen? «Esaiozu...». Jesusen erantzuna ondo aztertu eta gogoan hartzekoa da.

«Estu eta larri zabiltza». Jesusek ez dio hitz txar bat bera ere esaten Martaren lanari. Marta egiten ari dena, egin beharrekoa da; Jesusen ikasle eta jarraitzaile izan nahi duen edonork zerbitzu-lana egin behar du; baina, ez du sekula bihotzeko bakea galdu behar. Bihotzeko bakea itzaltzea da azkena. Bihotza zaindu behar da, beste guztiari neurria hartuz. Dena neurri onean errelatibizatu behar da, bihotzeko bakea zaintzeko. Larritzeak ez gaitu segitzaile zintzoago egiten. Egite guztiak bihotzeko bakea behar du sustrai.

«Bakarra beharrezkoa». Bestea ere beharrezkoa da, baina segun eta nola egiten den. Alegia, inportantea ez dela zer egiten den eta nola egiten den; baizik «nondik» egiten den. Egiten dudanak, ari dudanak, non dauka bere iturria, nondik sortzen da? «Nondik» horretan jokatzen dugu bizitzako gauzarik garrantzizkoena. Hor erakusten baita, ez zer egiten dugun, baizik norenak garen. Eta kristau eta segitzaile izateak «pertenentzia» behar du zuztarrean, ez etika edo morala.

Esango duzu, irakurle horrek, biak direla beharrezko. Biak dira beharrezko, bai. Baina iturritik hasten da ura eta iturria «pertenentzian» daukagu. Bestela, esadazu: egintzarik onena ere, «bihotzeko pertenentziaren» faltan, ona izango da, oso ona akaso, baina ez da egintza fededuna izango. Egintza fededuna bihotzeko zokoenean gertatzen da.

«Alderdirik onena aukeratu du». Jesusek ez du esaten Martarena ona ez denik. Baina Mariarena hobea. Eta ez da konparazioen gorabehera; bihotzaren gorabehera da.

Gaurko Elizara etor gaitezen. Zertan gabiltza eta ari gara? Bihotza non eta zertan daukagu? Gauzak ongi egin nahian, itota, gehiago ezinean? Bihotza, nire bihotza, norena da? Gure lan guztien erdian, gure entrega guztiaren barruan, gure borroka guztien artean, «alderdirik onena» aukeratu ote dut?


Iñaki Beristain (2013-7-18)

(Eguneko Ebanjelioa: Lk 10, 38-42)Horra koadroa: Jesus Lazaroren etxera iritsi da, adiskidetasunezko bisita egitera. Eta, beti bezala, harrera gozoa egin diote. Marta han dabil, gorputza bete lan duela, iritsi berria den bisitariari behar duen guztia eman nahirik. Gustura egongo litzateke Jesusen ondoan bere ahizpa bezala, haren ahoko hitz beteak entzuten.Baina, etxeko lanek ez diote uzten. Mariak, berriz, bestela jokatzen du: beste gauza guztiak baino ederragoa iruditzen zaio Maisuaren hitz graziadunak jasotzea, harekin egotea, bizitzari arnasa ematea, lanean itolarri ibili ordez.Eta jakina!, sesioa sortzen da berehala: Zergatik ez dio Mariak laguntzen Martari etxeko lanak egiten? Zergatik kezkatu behar du batek bakarrik, besteak gozo gozatzen duen bitartean?Eta guk, ekintzazaleok, Martari arrazoin ematera jotzen dugu. Kontenplazioak eta egoteak eta horrelakoek, esaten dugu, ez dute ezertxo ere balio, ekintzara eramaten ez bagaituzte.Eta gainera, kontenplazioaren eta ekintzaren arteko borroka eta etena sortzera ere iritsi gara. Eta teoria handiak egin ditugu, esanez hemen kontua egitea dela eta ez gogo-gozo egotea. Ekintza eta egintza gabeko fedeak ez duela, alegia, ezer­txo ere balio! Eta bide horretatik kontenplazioak halako susmo txarra ematen digu.Jesus kontenplazioaren alde atera dela? Ez dut uste Jesusek kontenplazioa eta ekintza gatazkan edo borrokan jartzen dituenik. Jesusek gaurko ebanjelioan ez du kontenplazioa goratzen ekintzaren kontra. Ez, ez!Mariaren jarrera goresten du, Martarenaren aurrean. Zergatik hori? Marta atsekabez dabilelako, «antsietatez». Eta atsekabeak ez du atarramentu onik. Dena dominatu nahia, dena kontrolpean eduki nahia, dena eskuerara eduki nahia, ez da batere lagun ona bizitzarako. Hori da Jesusek esan nahi duena.Nahiz egon nahiz jardun, nahiz kontenplazioan nahiz ekintzan, kontua da Jesusekin izatea!Beraz, Martak gaizki egiten duena ez da egiten duen lana, atsekabez itota jardutea baizik. Denetara iri­tsi nahi du eta, beharbada, bizitzeko inportanteena ahaztu egin du: Jesusena izatea eta haren hitza entzutea!Mariak, berriz, aukera ona egin du, inportanteena aukeratu du: pertsona barrutik batzen duen maitasuna bizi eta gozatzea!Martak ez du berehalakoa besterik ikusten, Mariak urrutira begiratzen duen bitartean. Hortxe dago kakoa! Eta Mariari ez dio inork kenduko aukeratu duen ondare onena, maitasunarena!Maitasuna ekintzetan erakutsi behar dela? Noski! Baina ez dezagun ahaztu ekintzek ez dutela maitasuna  irabazten. Maitasunaren barne-arnasa falta zaion ekintzari azkar erretzen zaizkio indarrak. Eta kontua da, egunero ekintzara garamatzan maitasunaren arriskua onartzea.Arriskua esan dut, beregan arriskurik eta konpromisorik ez duen maitasuna ez baita Ebanjelioari dagokiona. Maitasuna gordin eta bizi bizi behar da. Jainkoaren presentzia gordin eta bizi sentitu behar da. Zenbat ekintza bihurtzen ote zaizkigu, Jainkoarekin egotetik ihes egiteko babes kobarde? Maitasunak eta maite gaituenarekin egoteak asko eta sakon konprometitzen baitu. Martakeria askotxo erabili ohi dugu maitasunari ihes egiteko.Gaurko Ebanjelio-zatiak gure bizitzaren ordutegiak berrikustera eraman beharko gintuzke. Zenbat denbora daukat gordea, propio gordea, maitearekin topo egin eta egoteko? Zenbat denbora eskaintzen diot nire Jainkoari? Gure ordutegiek beharrezkoen jakituria berreskuratu beharko lukete. Denbora askotxo ematen baitiogu hain beharrezkoa ez denari. Beti urjenteetan gabiltza, gutxitxo inportanteetan. Betaniako Mariaren jarrera osoak erakutsiko digu muinera jotzen. Martakeriak utzi eta etor gaitezen Mariaren jokaera konprometitu horretara. Seguru asko, gure bizitzaren ardatzak berreskuratuko genituzke. Eta, batez ere, maitasuna berreskuratuko genuke. Jainkoarena eta lagun hurkoarena!


Iñaki Beristain (2016-7-13)