URTEAN ZEHAR XVIII IGANDEA
C zikloaKohelet-en liburutik 1,2;2,21-23
Hutsaren hutsa -dio Predikariak-,
hutsaren hutsa; dena huskeria da.
Izan ere badira gizonak, buruz egoki eta trebetasunez lan egin ondoren, azkenean ezer egin ez duenari dena utzi beharrean aurkitzen direnak. Hori ere huskeria da eta oker haundia. Zer irabazi ateratzen du gizonak lanaren lanez eta kezkaren kezkaz eguzkipean nekatu ondoren? Egunez atsekabeak, nekeak eta oinazeak; eta gauez ere ez du atsedenik haren bihotzak. Hau ere huskeria da.
ERANTZUN SALMOA 94
ENTZUNGO AL DUZUE GAUR
JAUNAREN MINTZOA:
“EZ GOGORTU ZUEN BIHOTZA”.
Zatozte, pozez oihu degiogun Jaunari,
txalo degiogun salbamen dugun Harkaitzari.
Hurbil gakizkion aurrera esker-kantuekin,
jai degiogun txalo eta eresiekin.
Entzungo al duzue gaur Haren mintzoa:
“Ez gogortu zuen bihotzak Meriban bezala,
Masa-egunean basamortuan bezala.
Zuen gurasoek han zirikatu ninduten,
Nik eginak ikusi arren, tentatu ninduten”.
San Paulo Apostoluak Kolosarrei 3,1-5.9-11
Senideok: Kristorekin berpiztu zaretenez gero, zabiltzate goi-ondasunen bila, han baitago Kristo Jaungoikoaren eskuin aldean jarririk. Irrika itzazue goiko ondasunak, eta ez lurrekoak. Hil baizarete; eta zuen bizia Kristorekin Jaungoikoarengan ezkutaturik dago. Gure bizia den Kristo agertuko denean, zuek ere agertuko zarete aintzaz Harekin batean.
Hil ezazue, beraz, zuen gorputzean lurkoi den guztia. haragikeria, lohikeria, grinak, gutizikeriak eta sasi-jainkokeria den dirugosea. Ez esan elkarri gezurrik. Erantzi zeuen gizon zaharra bere egiteekin; eta jantzi berria: bere egilearen ereduz berritzen doana, ezaguera beteraino iritsi arte. Erakunde berri honetan ez da, ez greziarrik, ez judutarrik, ez erdaindurik, ez erdaingaberik, ez arrotzik, ez eszitarrik, ez etxekorik, ez morroirik; baizik Kristo da guztien bilduma eta Kristo dago guztietan.
ALELUIA Zorionekoak, gogoz behartsu direnak:
berena dute-eta zeruetako erreinua. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 12,13-21
Aldi hartan, jende arteko batek esan zion Jesusi:
- ‘Maisu, esaiozu nire anaiari, erdibana dezala nirekin senipartea’.
Jesusek erantzun zion:
- “Gizon, nork jarri nau Ni, zuen artean, epaile edo erdibanatzaile?”
Eta jendeari esan zion:
- “Begira, aldegizue ondasungose guztitik. Ez bait dago inoren bizia, asko edukita ere, dauzkan ondasunetan”.
Eta parabola hau esan zien:
- “Gizon aberats baten soroak fruitu ugari eman zuen; eta honela zioen bere baitan: ‘Zer egin orain? Nire uzta non sarturik ez daukat’. Eta esan zuen. ‘Hauxe egingo dut: nire mandioak bota, eta haundiagoak egin; eta han gordeko ditut nire uzta eta ondasun guztiak. Eta esango diot nere buruari: Ea, motel! Ba duk ondasunik asko, urteetarako gordeta; hago lasai: jan, edan eta egizak jai!’ Baina Jaungoikoak esan zion: “Zoro alena! Gaur gauean datoz zure biziaren bila; eta norentzat izango dira pilatu dituzunak?” Horrela gertatzen zaio, ondasunak beretzat bilduta, Jaungoikoarentzat aberats ez denari.
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Lk 12, 13-21) Jesusen garaian ere, gurean bezalatsu gertatzen zen nonbait, aberatsak gero eta aberatsago eta pobreak gero eta pobreago. Injustiziak fetxa guztiak hartuta dauzka eta noiznahi gertatzen da. Noiznahi, nonahi eta era guztietara. Daukanak gehiago nahi du eta asko daukanak askoz gehiago nahi du. Eta ez daukanaren ardurarik ez da somatzen inondik. Jesusen garaian hala zen eta gaur biderkatuta.
Parabolako aberatsak emaitza oparoa jaso du eta emaitza ez du bere mandiora egokitzen, baizik beti mandioa egokitu behar emaitzara. Gero eta leku handiagoak behar ditu. Eta hainbesteraino iritsi da bildutakoa, orain lasai asko bizi daiteke etorkizunaren kezka handirik gabe: jan, edan eta jai egin!
Eta? Horrekin nahikoa? Jesusek garbi hots egiten du jarrera aberats edukizale horren zentzugabekeria. Parabolaren bukaera argigarria da: lasai bizitzeko prentatzen denean, aberatsa hil egiten da. Zertarako ditu bildutakoak, bizi izandako kezkak, egindako mandio-handitzeak? Zertarako du bizitzeko pilatu duena, bizi ez bada? Lezioa ikastekoa da: gizakiaren bizia ez dago ondasunetatik zintzilik! Ondasunek ez gaituzte bizi!
Jakina!, zure bizia daukazunetik neurtzen baduzu, parabolako aberatsaren jarrera ongi ulertzen da. Zenbat eta gehiagoi eduki zure bizi-neurria handiagoa izango da. Eta gutxi edukitzeak kezkatu egingo zaitu. Besteek baino gutxiago edukitzeak ez dizu bizitzen utziko. Eta zure ahalegin guztiak horretan emango dituzu, gero eta gehiago edukitzean. Ondo pasatzen duzula? Zer da ondo pasatzea? Zure barruak zer esaten dizu? Bazterretan pobre solemneak ikusten dituzunean, zer esaten dizu zure barruak? Zuk gehiegiz daukazuna zuzenkontrakoa dela ez zara konturatzen?
Zenbat jende bizi den bere patrikari eutsi ezinik! Hainbeste daukate! Baina horiek denak eta askoz gehiago bizi dira beren barruari eutsi ezinik! Beren aberatsean hain hutsik daude, hain ezer gabe! Beren asean, hain gose-egarri! Kanpoko mandioak beteta, txalotuak, «errespetatuak», handitzat aitortuak; baina barruko mandioa hutsik, bizi-sentidurik ez, hain handi eta hain ezerez! Hutsaren hutsa!
Jesusek zentzugabekeria jo zuena, gaur ere zentzugabekeria handia da. Zentzugabekeria eta injustizia nabarmena. Ondasunak pertsonen zerbitzura jartzen ez diren bitartean, ekonomi sistema zuzenkontrakoa izango da. Bistakoa da sistema hori aldatu beharra dagoela. Hainbeste pertsona lanik gabe, hainbeste gazte sekula lanik egin gabe, hainbeste familia ezin larrian... ez da eusgarria, ez da bideragarria, ez da iraungarria. Gure gizarte oparo eta edukizale honi heriotza gainditzen ari zaio. Mandioak bete ditugunean, bizi-ezina etorri zaigu gainera, eta zertarako ditugu pilatutako ondasun guztiak? Ekonomi sistema gizalegezkoagoa eraiki beharra daukagu, bestela zentzugabekeria galanta egingo genuke. Humanismoaren aire berritzailea behar!
Iñaki Beristain (2013-8-2)