JAUNAREN JAIOTZA

C zikloa

Eguneko Eukaristia


Sarrerako antifona
Haur bat jaio zaigu, seme bat eman zaigu; aginpidea sorbaldan darama; eta honen izena: Kontsejatzaile miragarri.

Kolekta otoitza


Jainko Jauna, miragarriak egin dituzu,
gizona zeure antzeko eginez,
eta miragarriagoak, Kristoren bidez hura goi mailara goratuz;
iguzu, gizatasunean gurekin bat egin den zure Semeak,
bat egin gaitzala Berarekin jainkotasunean.
Zurekin eta Espiritu Santuarekin baten
Jainko eta errege bizi bait da
gizaldi eta gizaldietan. AMEN.

Isaias profetaren liburutik 52,7-10


Bai ederrak direla mendi gainetan,
bakea hots egiten duen mezulariaren oinak!
Berri ona zabaltzen
eta salbamena iragartzen dabilenarenak!
Sioni ‘gure Jainkoa errege da’
esaten dionarenak!
Entzun: zure zaintzaileak oihuka ari dira,
irrintzika, guztiak batera;
aurrez aurre ikusten bait dute Jauna,
berriro Siona datorrela.
Ekin kantari, guztiok batera,
Jerusalengo horma zahar eroriok;
poztu bait du Jaunak bere herria;
eta berrerosi du Jerusalem.
Herri guztien aurrean erakutsi du Jaunak
bere beso santuaren indarra;
eta lurbiraren bazter guztiek ikusiko dute
gure Jaungoikoaren salbamena.

ERANTZUN-SALMOA 97


IKUSI DUTE LUR MUGA DENEK
GURE JAINKOAGANDIKO GARAIPENA.
Kanta Jaunari kantu berri,
egin bait ditu hainbat harrigarri.
Bere eskuinak eman dio garaipena,
bere beso santuak.
Ezaguterazi du Jaunak Beragandiko garaipena,
agertu du atzerrien aurrean bere zuzentasuna.
On eta leial izan dela gogoratu du,
Israel etxeari buruz.

Hebertarrei egindako epistolatik 1,1-6


Askotan eta era askotara hitz egin zien Jaungoikoak Profeten bidez aspalditik gure arbasoei; eta azkenak diren egun hauetan, Semearen bidez hitz egin digu. Seme hau egin zuen gauza guztien oinordeko; eta Beraren bidez egin zuen mundua ere.
Bera da, Aitaren aintzaren argi dizdiratsu eta Haren izatearen irudi. Berak eusten die gauza guztiei bere hitz indartsuz. Eta bekatuen garbikuntza egin ondoren, goienean Guztiz Haundiaren eskuin-aldean jarririk dago; zenbat eta aingeruek baino goragoko izena jaso duen, hainbat eta haiek baino gorago jarria.
Izan ere, zein aingeruri esan dio inoiz: “Nere Seme zara Zu; Nik zaitut gaur Zu sortu”? eta beste behin: “Aita izango nau Harek Ni, eta Hura Seme izango dut Nik”?
Eta beste behin, bere Semea munduan sartzerakoan, honela dio: “Gur bezate Jaungoikoaren aingeru guztiek”.

ALELUIA Egun santu bat zabaldu zaigu:


zatozte, herriak; gurtu ezazue Jauna;
argi haundi bat jaitsi da gaur lurrera. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Juanen liburutik 1,1-18


Hasieran ba zen Hitza;
eta Hitza Jaungoikoarekin zen;
eta Jaungoiko zen Hitza.
Hitz hau hasieran Jaungoikoarekin zen.
Dena Hitzaren bidez egina da;
eta egindakoetan ez da ezer Hura gabe eginik.
Harengan zen bizia.
Eta bizia gizonen argia zen.
Argiak ilunbetan argi egiten du;
baina ilunak Hura ez zuen onartu.
[Agertu zen gizon bat, Jaungoikoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen: argiaren aitormen egitera, haren bidez sinets zezaten. Bera ez zen argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik.]
Hitza zen, mundura etorritako gizon oro
argitzen duen egiazko argia.
Munduan zegoen;
eta mundua Haren bidez egina da;
baina munduak ez zuen ezagutu.
Bereetara etorri zen,
eta bereek ez zuten onartu.
Onartu zuten guztiei, berriz,
Jaungoikoaren seme-alaba izateko eskubidea eman zien,
Haren izenean sinesten badute.
Hauek ez dira odoletik sortu,
ez haragiaren nahieratik,
ezta gizonaren nahieratik ere;
Jaungoikoarengandik baizik.
Eta Hitza haragi egin zen,
eta gure artean jarri zuen bizilekua;
eta geuk ikusi dugu Haren aintza,
Aitaren Seme bakarrari dagokion aintza,
graziaz eta egiaz betea.
[Joanek Hartaz egiten zuen aitormen, oihuka esanez:
- ‘Hau zen, nik esan nizuen Hura: Nire ondoren datorrena nire aurrean jarria izan da, ni baino lehenagokoa bait zen’.
Eta Haren betearen betetik, grazia graziaren gain hartu dugu guztiok. Legea Moisesen bidez emana izan da; grazia eta egia, berriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jaungoikoa ez du inork ikusi; Aitaren altzoan dagoen Seme bakkarak eman digu Haren berri.]


Homiliak

Senideok! A zer notiziak pitzatu duen gaurko gaua! A zer notiziak aztoratu digun fededunon gaua! A zer notiziak edertu duen gizon-emakumeon gaua! Abendu guztian zehar etortzen zetorren. Mendietan zehar, ezina zeharkatuz, gaitza deseginez, bekatuak gaindituz... bazetorren... Eta iritsi da! Gaur gauean jakin dugu notizia! "Salbatzaile bat jaio zaizue gaur Dabiden herrian!". "Bai ederrak direla mendi-gainean, bakea hotsegiten duen mezulariaren oinak!".

Eguberria sortu zaio munduari. Eguzki berriaren argiak poztu du gaur Elizaren eta munduaren zeru-muga. Eguberriko erantzunak baretu du Elizaren Abendu-oihua: "Zatoz, Jesus Jauna!". Eta etorri da! Kaleak poztu dira. Herriak argitu! Familiak bildu! Bakea!, esan diogu elkarri! Zorion opa diogu bihotzetik! Eta gaur argia, poza, bakea, zoriona... denak sortu dira! Gaur Eguberri eman baitigu gure Jainkoak! Promesak, elkarri opa dizkiogunak, giza-bihotzen ametsak bete-betean bete dira. Gaur Eguberri da! Gaur Jainkoaren eguna da!

Gaur Jainkoak bere maitasunaren hitz betea esan dio munduari! Bere bihotzean betidanik ehotutako hitz amodiozkoa jalki dio gizakiari. Gaur Jainkoaren bihotza lehertu da. Gaur Jainkoaren bihotzeko Hitza, mundukoentzat bizia gertatu da! Gaur Jainkoaren errai errukitsuetan gordetzen zen bizia, gizon-emakumeon argi bihurtu da! Gaur esan du Jainkoak esatekoa! Gaur maitatu du Jainkoak maite zezakeen guztia! Gaur Jainkoa hustu da! Belenen jaio da! Elizan jaio da! Munduan jaio da! Gizakion bihotzean jaio da! Eta Jainkoaren betiko Hitz haundia, bihotzetan kabitzen den Hitz eder, gozo, txiki, entzungarri bihurtu da! Eta izadi osoan kabitzen ez denak, bihotzetan egin du kabi. Gaur Eguberri da eta!

Gaur Eguberri da! Mendiz mendi, etxez etxe, bihotzez bihotz... notizia hori zabaldu da! Jainkoa Eguberri bihurtu zaigu! Horregatik esan dugu Isaiarekin: "Ekin kantari, guztiok batera, Jerusalengo horma zahar eroriok; poztu baitu Jainkoak bere herria. Herri guztien aurrean erakutsi du Jainkoak bere beso santuaren indarra". Eta denok poztu egin gara. Poz santuz poztu gara. Zoramenezko poz apal eta barez poztu gara. Gure bihotz tristurara ohituak ahal zuten pozik haundienaz poztu dira! Gaur Eguberri da eta! Pozaren Egun Berria!

Baina... gaur Eguberri ote? Gaur... entzun ote da Jainkoa den Hitz amodiozkoa? Gaur... sumatu ote da argia? Gaur... egin ote da kantu? Gaur... entzun al da pozaren isiltasun apala? "Munduak ez zuen ezagutu. Bereetara etorri zen, eta bereek ez zuten onartu". Egia da, Eguberri zauritu egin dugu. Eguberriri hegoak moztu dizkiogu. Eguberri gauzaz, diruz, gastuz, lujoz, alferrikako gehiegikeriaz tristetu eta isildu dugu. Senideok, ez zaio munduari Eguberriren notizia iritsi! Pertsonen duintasuna laidotzen eta lotsatzen den gartzela zenbaitetan itzali egin da Eguberriren argia! Pertsonen eta herrien eskubideak zanpatzen diren bazter askotan, ez zaio pozari libre izaten utzi. Abortoz akabatu diren milaka haurtxoei ez zaizkie Eguberriko erregaliak iritsi. Eguberriko notizia puskatu egin digute! Jainkoa, gizon-emakumeoi poz zitzaigun notizia paregabea, Jainkoa bera, puskatutako panpina bezala, hitzik gabe utzi dugu munduan. Gure munduak, neureak, ez dio Jainkoari Eguberri izaten utzi! Gaur ez da Eguberri askorentzat!

Edo...onenean, entzule, gaurko Eguberri betiko Abendu baten eragile eta arnasa ote? Onenean! Bai, Abenduan jarraituko dugu! Gaurko Eguberri betiko eta guztientzako Egun Berria bihurtu arte, Abendu langile eta zerbitzarian jarraituko dugu. Jainkoaren Hitza guztientzako Hitz bihur dadin arte, Jainkoaren argiak mundua argi dezan arte, Jainkoaren poza, bihotz guztien pozbide dadin arte, Abenduan jarrituko dugu. Ez esan zaila denik, gaur poztuak izan gara eta. Ez esan ezin dugunik, gaur Hitz ahalguztiduna eman zaigu eta. Ez esan hori amets hutsa denik, gaur Eguberri gertatu zaigu eta! Erreinua egiten, behartsuak zerbitzen, pobreenak maitaten, ezinduak salbatzen, heriotzea ezabatzen, tiroak isiltzen, umeak zaintzen, eskubideak babesten... Abenduan jarraituko dugu. Gaur Eguberri da eta!

Gaur Eguberri? Bai, gizona! Bai, emakumea! Gaur Eguberri da! Zatoz, bestela, Eukaristiaren mahain honetara, eta jar zaitez erne, adi-adi, kontuz, eta ikusiko duzu, Jainkoa gurekin dago! Jainkoak maitatzen gaitu! Jainkoak hitzegiten digu! Jainkoak pozten gaitu! Begira, zure bihotzera ogi ezerez eta txuri horretan, Eguberriko MAITEA dator! Eramazu, daramagun, ematen zaigun Eguberria, Eguberririk ez dutenengana, Jainkoaren Egun Berria munduarentzat sor dadin! Ez ezazu, ez dezagun, Eguberri puskatu!


Iñaki Beristain (2015-12-21)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 2, 41-52)

Eguberriko giro berezian eta 2015. urtearen azken txanpan, Familia Santuaren jaia ospatzen dugu. Eta Fa­mi­lia Santuaren argi-itzaletan, geure familiaren errealitateari begiratzen diogu. Erraza da familiaren krisi­az hitz egitea. Erraza, familiaren balio-galtzeaz jardutea. Erraza, Elizaren aldetik, familiaren zeregin ezin­b­­­es­tekoaz aritzea. Azken batean badirudi denok familiari begira gaudela, bai elkarbizitzari dagokionez, bai balioen indartzeari dagokionez, bai heziketari dagokionez.

Jakina!, familiaren beharraz oso argazki ezberdina emango dizu segun eta nork hitz egiten dizun. Familiaren egoera ere oso era ezberdinean azalduko dizu segun eta norekin ari zaren.

Batek esango dizu familiaren eginkizuna magnifikatu egiten dela, eta ez dela horrenbesterako. Beste batek esango dizu familia balore oso diskutigarria dela. Eta denek familiaren argazki ezberdina egingo dizute. Baina kuriosoa da: familiari gehienetan begiratzen diogu, norberak kontserbatu nahi lituzkeen edo kontserbatu beharreko iruditzen zaizkigun balioen arabera. Eta balioen eremu horretan sartuz gero, kostako zaigu bat egitea.

Baina nire errezeloa da, familiak egin behar omen dituen horien guztien artean, askotan eginkizun nagusi bat (eta nire­tzat oinarrizkoa) ahazten dela: askatasunerako hezitzea. Familia ez dela, alegia, jendea aterpean babesteko bakarrik, baizik euritara atera behar duenean euritan nola jokatu erakusteko ere bai. Eta hor dago, nire gusturako, arazoetako bat: familiari eginkizun kontserbatzaileak egozten dizkiogu, eta ez eragileak edo berritzaileak. Eta horretatik kalte handiak datozkioke familiari. Eliztarrok geuk ere askotan eta askotan familia betiko balio sakratuen kontserba-toki bezala ikusi eta azaldu dugu eta ba­tzuek hala azaltzen dute oraindik.

Eta familia, libre izaten ikasteko da. Eta familikide bakoi­tzaren askatasuna eragin eta bideratzeko gune bedeinkatua da. Familiak kideen askatasuna eragiten eta bultzatzen ez badu, eta, batez ere, askatasun hori eragozten baldin badu, familiarenak egin du. Ez dakit oker egongo naizen, baina iruditzen zait familia askoren porrota alor honetan jokatzen dela. Askatasuna eragiteko eta askatasunean hazten laguntzeko bide izan ordez, familia besteak neure moldera biltzeko aukera baldin bada, ez du asko iraungo eta, irauten baldin badu, ez du ondo iraungo.

Kontua, beraz, hau da: seme-alabak libre izateko heztea. Seme-alabei aukeratzen erakustea. Eta, horretarako, hanka sartzen ere uztea. Baina hanka-sartzeak ere askatasunerako hezibidetzat erabiltzea. Familia ez da txoriak habian edukitzeko, txoriei lurrera erori gabe hegan egiten erakusteko baizik. Zer gertatu zaio familia askori eta, familian, gazte askori? Gurasoek eduki dituzte lotuta, ahal izan duten bitartean; eta, gazteek gurasoen lotura hori eten dutenean, ez dute asmatu erantzukizunez eta heldutasunez bizitzen. Eta hortik kalte handiak etorri dira.

Hori bai, gazteei libre izaten erakusteko, gurasoek libre izan behar dute. Nekez erakuts daiteke norberak bizi ez duena. Senar-emazteek errespetatzen al dute batak bestearen askatasuna? Errespetatu ez ezik, estimatzen al dute bestearen askatasuna? Eta errespetatu eta estimatu ez ezik, bultzatzen eta sustatzen al dute bestearen askatasuna? Hori da kontua. Eta hori da, nire ustez, familiari etorkizuna urratzeko bide bakarra. Askatasuna eragiten ez duen familia, lehen unean hautsiko da.

Jesus Nazareteko familiari lotua ikusten dugu, baina askatasun eder askoan famili loturak eteten. Mariak eta Josek ariketa sakona egin behar izan zuten Jesusen jarrera ulertzeko, baina ulertu zuten:  Jesus Nazaretekoa da, baina aurrena Jainkoarena da. Eta askatasun horretan hazi zen. Gure familiek ere, askotan sufrituz, baina askatasun-ariketa handia egin beharra daukate. Askatasunerako heztea da kontua!


Iñaki Beristain (2015-12-21)