URTEAN ZEHAR XVII IGANDEA
C zikloaGenesis liburutik 18,20-32
Egun haietan, Jaunak honela esan zuen: “Haundia da Sodomaren eta Gomorraren kontrako salakuntza, eta astuna haien bekatua. Banoa behera eta ikusiko dut, egia den salakuntzak dioena. Eta egia ez bada, jakingo dut”.
Gizonek, handik atera eta Sodomarantz jo zuten; eta Jauna bitartean Abrahanekin zegoen. Eta Abrahanek esan zion: ‘Zintzoa ere galduko ote duzu gaiztoarekin batean? Behar bada, badira berrogeita hamar zintzo hirian. Hauek ere galduko ote dituzu? Barkamena ukatuko ote diozu hiriari, berrogaita hamar zintzo hor izanik? Ezin Zuk horrelakorik egin! Zintzoa gaiztoarekin galdu, eta zintzoa eta gaiztoa zoritxar berekoak egin. Zuk ez horrelakorik! Mundu osoaren epaileak ez ote du zuzen epaituko?’
Eta Jaunak erantzun zion: “Sodomako hiri barruan berrogeita hamar zintzo aurkitzen baditut, hiri osoari barkatuko diot hauengatik”.
Eta Abrahanek berriz: ‘Ausardia da benetan, hauts eta errauts naizen honek nere Jaunari hitz egitea. Berrogeita hamar, bost gutxi balira, bost horiengatik galduko ote duzu hiri osoa?’ Eta Jaunak: “Berrogeita bost aurkitzen baditut, ez dut galduko”. Oraindik ere Abrahanek: ‘Berrogei balira?’ Jaunak erantzun: “Ez dut galduko, berrogei horiengatik”.
Orduan Abrahanek esan zion: ‘Ez bedi haserretu nire Jauna, hizketan jarraitzen badut. Hogeitamar balira?’
Eta Jaunak erantzun : “Ez dut galduko, han hogeita hamar aurkitzen baditut”. Abrahanek jarraitu zuen: ‘Begira, barkatu, ausardia da baina; eta hogei balira?’ Jaunak erantzun: “Ez dut galduko, hogei horiengatik”. ‘Ea!, ez bedi haserretu nere Jauna, nik berriz ere hitz egiten badut. Eta hamar balira?’ Eta Jaunak esan. “Ez dut galduko, hamar horiengatik”.
Eta Jauna Abrahanekin mintzatu ondoren, joan egin zen; eta Abrahan bere etxera itzuli zen.
ERANTZUN-SALMOA 137
ZU ZAITUT, JAUNA, ONDASUNA.
Jauna, bihotz-bihotzez dizkizut eskerrak emango,
nire hitzak entzun dituzulako.
Eresi egingo dizut aingeruen aurrean,
ahuspeztuko naiz zure jauretxe santuan.
Eskerrak emango dizkiot zure izenari
ona eta leiala zarelako,
zure hitzak baitu zure izena egin haundiago.
Hots egin nizunean, entzun ninduzun,
eta nire bihotzean kemena indartu duzu.
San Paulo Apostoluak Kolosarrei 2,12-14
Senideok: Kristorekin batean hobiratuak izan zaretenak Bataioan, Berarengan izan zarete berpiztuak ere, hilen artetik piztu zuen Jaungoikoaren ahalmenean sinetsirik.
Zuen bekatuengatik hilda zeundeten, erdaindu gabe zeundetelako; baina Jaungoikoak Berarekin bizia eman zizuen, bekatu guztiak barkatuta. Ezereztu zuen gure kontra zegoen eta bere hitzez gaitzesten gintuen zor-agiria; erditik kendu zuen hura gurutzean josirik.
ALELUIA Semetzarako Espiritua hartu duzue,
Eta Horrek hots egin erazten digu:
‘Abba! Aita’. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 11,1-13
Behin batean, Jesus otoitz egiten ari zen leku batean; bukatu zuenean, esan zion bere ikasleetako batek:
- ‘Jauna, erakus iezaiguzu otoitz egiten, Joanek bere ikasleei erakutsi zien bezala’.
Hark esan zien:
- “Otoitz egitean, esan:
Aita, santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
emaguzu gure eguneroko ogia,
eta barka guri gure bekatuak
guk ere gure zordun guztiei
barkatzen diegunez gero;
eta ez gu tentaldira eraman”.
Eta esan zien:
“Zuetako batek ba du adiskide bat, eta gauerdian harengana joan eta esaten dio: ‘Adiskide, emaizkidazu ordainetan hiru ogi; lagun bat etorri zait bidez etxera, eta ez daukat zer-emanik’. Baina besteak erantzuten dio barrutik: ‘Utz nazazu bakean! Atea itxita daukagu, eta haurrak eta denok ohean gaude; ezin ninteke jaiki ematera’. Baina adiskide hark ate joka jarraitzen badu, hara zer diotsuedan Nik: Adiskide bezala ematera jaikitzen ez bada ere, haren lotsagabeagatik bederen, jaiki eta emango dizkio behar dituen guztiak.
Eta Nik hau diotsuet: Eska ezazue, eta emango zaizue; bila ezazue, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko zaizue; eskatzen duenak, hartzen du; bilatzen duenak, aurkitzen; eta atea jotzen duenari, zabaltzen zaio.
Zuetako norbaitek, aita izanik, semeak ogia eskatuta, harria emango ote dio? Edo arraia eskatuta, sugea emango ote dio arraiaren ordez? Edo arrautza eskatuta, luhartza emango ote dio? Beraz, zuek, gaiztoak izanik ere, zuen semeei gauza onak ematen baldin badakizue, zenbatez gehiago emango die zeruko zuen Aitak Espiritu Santua, eskatzen diotenei!”
Homiliak
Otoitza. Jainkoarekiko elkarrizketa. Horixe dute gai gaurko irakurgaiek. Joan zen igandean, Jesusek Mariaren jarrera entzulea txalotu zuen, hark asmatu baitzuen bizitzaren muina zer zen: Jesusekin bat izatea, Jesusekiko elkartasun estua bizitzea! Sarri asko, sakabanatuta gabiltza. Hainbeste gauza dago egiteko! Eta egia da. Egin beharreko gauza askoren aitzakia oso eskura datorkigu otoitzaren arazoa ez planteatzeko. Baina, kontuz!, otoitza esatean ez dut errezoak egitea esan nahi. Jainkoarekin harremanetan bizitzea esan nahi dut. Eta beharbada hortxe dago kakoa. Jainkoarekin konfiantzazko harremana bizi al dut? Jainkoarekin egoteko alto egiten ba al dakit? Esan al dezaket nire bizitzaren oinarria Jesus bera dudala?
Konfiantza! Konfiantza ikastea asko kostatzen zaigu gizakioi.. Amaren besoetara sortzen den haurtxo jaioberriak, maite dutenengan konfiantza izaten ikasten du aurren-aurrena; bere amarengan beste inorengan baino lehenago. Gerora, konfiantza helduak harremanaren esperientzia sendoa eskatzen du. Eta harreman guztietan, istiluaren bidez iristen gara konfiantzara. Istiluak erakusten digu nork maite gaituen baldintzarik gabe eta nork interesengatik, eta orduan ikasten dugu zer den konfiantza. Maitasunaren esperientzia sakon eta luzea dago konfiantzazko bizitzaren sustraitan. Horregatik beti konfiantza ikasten bizi behar dugu. Konfiantza da aurrena ikasten dena, esan dugu hori; eta konfiantza da azkena ikasten dena.
Jesusek otoitz egiten erakusten digu gaurko ebanjelio zatian. Baina, otoitza esaten baino gehiago, erakusten digu konfiantza izaten. Ez baitago egiazko otoitzik, konfiantzarik gabe. "Gure Aita, zeruetan zarena". Hala sentitzen al dut, Jainkoa Aita dudala? Jainkoa Aita sentitzearen konfiantzak eragiten digu otoitz egitera. Konfiantza hori falta dugunean, otoitza geure beharren neurriko zulo-estaltzaile bihurtuko dugu. Eta otoitz horrek oso gutxi iraungo du, otoitzak ez baitu inolako zulorik estaltzen. Otoitzak, bere sakonean, zer Jainko-irudi daukagun erakusten digu garbi asko.
Honengatik guztiagatik, otoitzaren arazo nagusia bihotzean dago. Zer nolako harremana bizi dugu gure Jainkoarekin? Zergatik ari zait horrenbeste kostatzen Jainkoarengan konfiantza izatea? Beldurragatik al da, Jainkoari beldur diodalako? Gaur egun ez da Jainkoaren irudi beldurgarria eskaintzen, gehienbat behintzat. Jainko askoz bigunagoa eta gozoagoa erakusten dugu. Baina biguntasunak eta gozotasunak ez dute berez konfiantza erakusten. Harremanaren istilua behar bezala elaboratzeak, eta istiluan bertan eta istiluaren gainetik maitasuna ikusteak sortzen du konfiantza. Bekatua, askatasuna galtzeko arriskua, bestearen maitasuna... Osagai inportanteak dira Jainkoarekiko harremanean. Horietan ere Jainkoak erakutsi baitigu maite gaituela eta gu maitatzeko ez duela berak begiratzen guk zer egin dugun edo ez dugun egin. Inolako kondiziorik gabe maite gaitu Jainkoak.
Arrazoin asko du fededunak otoitz egiteko:
Otoitz egiten du, Jainkoaren erreinua Jainko beraren ekimena delako beti, eta ez gurea; otoitz egiten du, bere bizitza Aitaren borondatean oinarritua daukalako; Jainkoarekin harremana izatea dohain paregabea delako, eta ez derrigorrezko eginbeharra.
Konfiantzazko harremana zer den, lehenengo irakurgaitik ikus dezakegu. Abraham eta Jainkoa elkarrizketan. Bi adiskide bezala, tratuan. Konfiantzazko harremana dago oinarritan. Abrahamek badaki norekin ari den. Eta Jainkoaren bihotza, gizakiaren beharrera makurtzen den bihotz errukior ageri zaigu. Aztertzekoa da lehenengo irakurgai adierazgarria. Benetan ederra eta luze aztertzekoa hau dena.
Gaurko ebanjelio-zatian ikus ditzakegu, fededunaren otoitz-bizierak bere zuztarrean dauzkan ziurtasunak. Otoitzera garamatzan konfiantzak honako ziurtasun hauek dauzka, labur esanda: Aitak behar duguna emango digula, Aitak ez digula ez-entzuna egingo, deitutakoan entzungo gaituela, ez digula kalterako ezer emango, ematen digun guztia ona dela alegia, Espiritu Santua emango digula. Ziurtasun hauetan baretzen da fededunaren bihotza. Otoitzean erabakiorra ez da zer egiten edo esaten dugun, Nori egiten diogun otoitz baizik. Erabakiorra ez da zenbat denbora ematen dugun otoitzean, harremanaren sakontasuna baino. Erabakiorra ez da otoitz egiteko metodoa edo modua, erakusten dugun konfiantza baizik.
Otoitz egiten al dugu? Zer da nire otoitza, nolakoa da? Zer harreman bizi dut Jesusen Jainkoarekin? Nire bihotza zabal irekia al daukat Jainkoaren aurrean eta lagun hurkoen aurrean? Otoitzerako denbora eta guneak ba al dauzkat, Jainkoarekiko harremana lantzeko eta sakontzeko? Otoitz egitea ez zaigu berez sortuko. Ez dugu otoitz egiteko gogorik sentituko. Hasieran otoitza eginbehar bezala egiten da, fededunak otoitz egin behar duelako. Behin baino gehiagotan otoitza gogoz kontra egin behar izaten da. Gerora, ordea, otoitza dohaina da, nahiz eta askotan zaila gertatu. Jainkoaren interesak neuretu, edo Jainkoarekin egon besterik gabe. Hori ederra eta bizigarria gertatzen da. Eginkizun betea eta gizaegilea gertatzen da. Landu al dut otoitz-bizitza?
Gure familietara begiratu beharko genuke, gauzak asko aldatu baldin badira ere. Gure familiak otoitz-eskola ote dira? Familietan otoitz egiten al dugu? Zeintzuk dira horretarako zailtasunak? Gure Elizak, otoitz egiten ikasteko eskolak ote dira? Apaizok otoitz-maisu al gara?
"Emaguzu egun honetako ogia", hauxe dugu gaur otoitz. Eta Jaunak Eukaristian bere ogia ematen digu. Otoitz ederrenean gaude, otoitz guztien oinarria ukitzen dugu ospakizun honetan. Konfiantza ikas dezagun.
Iñaki Beristain (2016-7-21)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Lk 11, 1-13)
Eske-otoitzaren kontrako joera handia sumatzen da bazterretan. Nonbait Jainkoari ezer eskatzea ez legoke ondo, Jainkoak zer behar dugun ondo asko dakienez. Eskatu ordez, ematen zaiguna aitortu egin behar omen da. Egia esate aldera, alfer-debatea irizten diot horri, eta ez naiz horretan geldituko. Auzia ez baita eskatu edo ez eskatu; auzia da, eskean bizitzen ikastea, eskale izaten ikastea. Eskari puntualak ez, baizik bizitza osoa, izate osoa, eskari bihurtzea. Behartsu izaten ikastea da kontua. Izatezko premia aitortu behar dugu.
«Gure Aita» otoitzak barnean daraman espiritua horixe da, dena Erreinuaren dohainari irekitzea eta Erreinuaren etorrera eskatzea. «Gure Aita»ren eskariak ulertu eta barneratzeko, bakoitzak ongi ezagutu behar ditugu geure muga eta premiak. Bestela, oso bestelako beharrak sortzen zaizkigu. Erreinuaren gosea eta egarria piztea ezinbesteko ariketa dugu geure sinesmenean. Ez baitakigu zer behar dugun!
Gurea, beharrak edukitzea baino gehiago beharra izatea da, beharra gara. Nahiz eta behar guztiak aseak eduki giza mailan, nahiz eta behar ezagunik ez eduki, badugu barruan izatezko hutsunea, sekula eta inola ase ezin duguna. Eta hor jokatzen dugu gure bizitzaren zoriona eta bizipoza. Osasuna eskatzea gauza bat da, lana eskatzea, harreman onak eskatzea..., baina hori guztia edukita ere, falta dugun beste zera nondik ase?
Eta maila horretan ikasi behar dugu eskale bizitzen. Maila hori, zulo hori, behar hori, Jainkoak bakarrik ase dezakeelako. Zulo hori bokaziozkoa da, izatezkoa. Erreinuaren beharra da, Aitaren nahia betetzearen beharra, barkatuak izatearen beharra, maitasun-ogiaren beharra. Gure ohiko beharren artean ikusten eta sumatzen ez ditugun beharrak dira. Erreinurako eginak gara, eta Erreinua da gure behar sakona.
Eta maila honetan, Erreinuaren mailan, behartsuak gara oso, erabat premiadunak. Eta ona da premia hori aitortuz eskale bizitzea. «Eskatu, eta emango zaizue». Horrexek eusten digu eskale-biziera librean. Mesedekoa da mugak aitortzea, mugak gainditzeko giltza ematen zaigunean, eta Jesusek eskaintza horixe ekarri digu. Eta gehiago: Jesusek eman egin digu aurrena, eskale bizitzen ikas dezagun. Eska dezakegu, eman zaigulako.
Ez da, beraz, gauzak eskatzea, ez da osasuna eskatzea, ez da lana eskatzea, ez da... Eskale prantatzea da, ematen zaiguna, eman zaiguna, hartzen jakiteko. Barrua irekitzea da, ematen zaiguna guk une batean behar duguna baino inportanteagoa dela sinetsiz. «Espiritu Santua» ematen digu, eskale irekitzen gaitzaizkionei. Nola baina ikasi eskale bizitzen? Nola eta non ikasi pobre izaten? Hori da kontua. Geure mugez jabetu aurrena; eta gero, sinesmenaren argitan, Jaunaren dohainaren egarria piztu. Hori da egin beharrekoa. «Aita, etor bedi zure erreinua, emaguzu eguneroko ogia, barka gure bekatuak». Eskale bizi denari sortzen zaizkion eskariak.
Iñaki Beristain (2013-7-24)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 11, 1-13)Gaurko ebanjelio-zatiak otoitzaren barrua aztertzera gakartza. «Jauna, erakuts iezaguzu otoitz egiten». Eta Jesusek, otoitza egiten baino gehiago, otoitzaren bihotzera jotzen erakusten die bere ikasleei. «Esan “Gure Aita, zerietan zarena”». Jesusek, otoitzaren azpian dauden sentimendu berrietara eramaten ditu bere ikasleak. Alegia, otoitzaren arazoa ez dela otoitz-molde batean jokatzen, barneko sentimenduetan baino.Fededunak arrazoi asko du otoitz egiteko. Erreinua Jainkoaren ekimena delako egiten du otoitz, Erreinua bere esku ez daukalako; bere bizitza Jainkoaren borondatean oinarritua daukalako; Jainkoarekin harremanetan bizitzea erregalurik ederrenetakoa duelako. Bai, arrazoi asko du fededunak bere bizitzan otoitzari denbora eta ahalegina eskaintzeko. Baina otoitzaren arazo nagusia gizakion bihotzean dago. Konfiantzan dago otoitzaren gakoa. Eta konfiantzak bihotzaren barru-barrua harrapatzen du.Zergatik kostatzen zaigu horrenbeste Jainkoarengan konfiantza izatea?Batek esango dit, Jainkoarekin konfiantza izatea eta harekin hitz egitea asko kostatzen zaiola, Jainkoaren irudi gogorra eta iluna daukalako. Eta horrek badu, noski, zerikusia, ez dizut ukatuko. Batez ere, garai bateko Jainko-irudiak ez ziren otoitz-eragile onenak izan, hori horrela da. Baina, gaur egun, Jainkoaren irudi askoz gratifikatzaileagoa, askoz gozoagoa, askoz atseginagoa erakusten denean, zergatik kostatzen zaigu horrenbeste Jainkoarekin konfiantzazko harremana izatea? Seguru asko, konfiantza ez delako atseginetik edo gozotik sortzen. Gratifikazioak ez du konfiantza erakusten.Nola ikasten da konfiantza? Konfiantza ikasteko harremana behar da, harreman-historia behar da. Harremanetan beti izaten dira istiluak. Istiluetan ikusten baduzu besteak maite zaituela gatazka guztien gainetik, ikusten baduzu bestearen maitasuna baldintzarik gabekoa dela, orduan ikasten duzu konfiantza izaten. Eta orduan ikasten duzu harreman berrien oinarria. Orduan ikasten duzu, harremanaren oinarrian konfiantza dagoela. Eta konfiantza horretan, bestearekin bizitzen ikasten duzu, bestearekin ibiltzen, bestearekin elkartuz zu zeu izaten ikasten duzu.Haurrak, mundura sortzen denean, aurren-aurrena konfiantza ikasten du, bere amarengan baldintzarik gabeko esperientzia bizi izaten duelako. Aurrena ikasten den gauza konfiantza izaten da gure bizitzan. Baina, bide batez, konfiantza da azkena ikasten duguna ere. Beti konfiantza ikasten gabiltza. Beti, konfiantzaren zuztarrean dagoen elkartasun-esperientzia sakontzen ari gara, eta neurri horretan konfiantza ikasten. Eta konfiantza ikasten den neurri berean, otoitz egiten ikasten da, Jainkoarekin harremanetan bizitzen ikasten da. Jainkoarekin bizitzen ikasten da.Kristaua otoizlaria al da, beraz? Bai. Baina otoizlari izatea ez da neurtzen, otoitzean igarotzen den denboratik. Otoizlari izatea ez da leku baztertuetara joatearen gorabehera. Konfiantzaren gorabehera da otoitzarena. Jainkoaren interesak nire interes egitearen gorabehera da otoitzarena. Besterik gabe, Jainkoarekin egotearen gorabehera da otoitzarena. Ez da egokia, harremanik eta konfiantzarik eza estaltzeko, errezotan denbora asko pasatzen dela esatea. Hori ez da otoitza.Baina hori bai: otoizlariak, bere bihotzean konfiantza bizi duenak, Jainkoarekin egoteko beta hartzen du. Jainkoarekin egoteko garai aukeratuak dauzka. Maite duenarekin egon nahi duelako. Baina badaki, bere konfiantza ez dela une berezi horietan jokatzen, eguneroko bizitzaren laztasunean erakusten den jokamoldean baizik. Esan duguna: konfiantzan jokatzen da otoitzaren apustua. Horregatik, fededuna konfiantza ikasten ari da beti!
Iñaki Beristain (2016-7-21)