URTEAN ZEHAR XXIII GANDEA
C zikloaJakinduriaren liburutik 9,13-19
Nork ezagutu dezake Jainkoaren asmoa?
Edo nork asma, Jainkoak nahi duena?
Gizon hilkorren asmoak hutsak dira,
eta aldakorrak gure burubideak.
Gorputz ustelkor hau astun baitzaio arimari,
eta buztinezko txabola honek
gehiago nekarazten du, berez kezkati den gogoa.
Lurreko gauzak doi-doi asmatzen ditugu,
eta esku-artekoak nekez aurkitzen.
Nork aztarnatu zerukoak?
Nork ezagutu zure asmoa,
Zerorrek jakinduria eman gabe,
goi hortatik zure Espiritu Santua bidali gabe?
Horrek zuzenduko ditu lurrekoen bideak,
eta ikasiko dute gizonek, Zuri atsegin zaizuna;
jakinduriak salbatuko ditu, Jauna,
hasieratik zure gogoa egiten dutenak.
ERANTZUN-SALMOA 89
JAUNGOIKO JAUNA, ZU ZAITUGU
GIZALDIETAN IHESLEKU.
Gure egunak bat-banatzen erakuts iezaguzu,
bihur dakigula bihotz hau zuhur.
Itzul zakizkigu, Jauna; noiz arte?
Jar zaitez zeure morroien alde.
Zeure maitasunaz ase gaituzu goizean,
gure egun guztietan poztu eta alai gaitezen.
Poztu gaitzazu, goibeldu gaituzun egunen ordez,
ikusi ditugun gaitz-urteen ordez.
San Paulo Apostoluak Filemoni 9b-10.12.17
Anaia maite: Nik, Paulok, zahartua eta orain gainera Jesu Kristorengatik giltzapean nagoen honek, giltzapean sortu dudan nire seme Onesimorentzat egiten dizut eske.
Bera bidaltzen dizut; bera, bai, nire seme bihotzekoa. Nirekin euki nahi nuen, zure ordez serbitzari izan nezan, berri onarengatik espetxean nengoen bitartean. Hala ere, ez dut zure baimenik gabe ezer egin nahi izan, zure egintza on hori behartuta egina izan ez zedin, gogoz egina baizik.
Behar bada, horretarako aldegin zizun apur batez, gero betiko zurekin har dezazun; ez, ordea, morroi bezala: morroi bezala baino gehiago, anaia maite bezala: niretzat maite-maitea da, baina zuretzat maiteago, gizon bezala eta kristau bezala. Beraz, ni adiskide banauzu, har ezazu bera neu banintz bezala.
ALELUIA Erakuts aurpegia argi zeure morroiari,
irakats zeure arauak niri. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 14,25-33
Aldi hartan, jende asko zihoan Jesusekin, eta haietara bihurtuta, esan zien:
- “Inor Nirekin etortzen bada, eta bere aita eta ama, bere emaztea, seme-alabak, anai-arrebak, eta bere burua ere Ni baino maiteago baditu, ezin daiteke nire ikasle izan. Bere gurutzea hartu eta Nirekin ez datorrena, ezin daiteke nire ikasle izan.
Izan ere, zuetan inork dorre bat egin nahi badu, ez al du lehenengo, eserita, zenbat eralki beharko duen ikusten, bukatzeko hainbat bai ote daukan? Oinarriak jarri eta gero, bukatu ezinean ikusten dutenek barre egin ez diezaioten, esanez: ‘Hona hemen, etxegintzan hasi, eta bukatu ezinik gelditu zen gizona’. Edo-ta errege batek, beste errege baten aurka gudu egitera ateratzean, ez al du lehenengo, eserita, aztertzen, hogei mila gizonekin datorrenari, hamar milarekin bai ote diezaiokeen gogor egin?. Eta ezin badu, hura urruti den bitartean, mandatariak bidaltzen dizkio, bakea eskatzera.
Horrela zuek ere: dituen guztiak uzten ez dituena, ezin daiteke nire ikasle izan”.
Homiliak
Gaurko ebanjelioa bere onean ulertzeko, ez dugu ahaztu behar Jesus Jerusalemera bidean dihoala. Eta, Ebanjelariak dioenez, jende asko doa beraren atzetik. Zergatik hainbeste jende? Era askotako arrazoiak izango zituzten, noski. Baina, Jerusalemera hurbiltzen ari diren neurrian urritzen ari zaio Jesusi bere jarraitzaileen kopurua. Jarraipenaren pauso eranbakior hori ematea ez baita erraza. Ulertzekoa, beraz!
Jarraipen osoaren pausoa ezin eman hori ulertzekoa izan daiteke, baina ez da jokaera egokia. Bakoitzak argi eduki behar dugu zer nahi dugun eta zertara iritsi nahi dugun. Eta argi eduki, gainera, iritsi nahi dugun tokira iristeko zer behar dugun. Ebanjelioak esaten duena, eseri eta kalkuloak egin behar dira. Bere proiektua burutu nahi duenak ezin dezake zoro-zoro eta oharkabean joka. Nire bizitza proiektu bat da, gizatasun heldu baten proiektua. Baina, nola burutu? Zein da bide egokia?
Bide egoki hori Jesusen jarraipidea da. Fededunak ondo daki nolako aukera egin duen Bataioan. Jesus hartu du oinarri eta ardatz. Jesus hartu du gidari. Eta horrek bere baldintzak eta ondorioak ditu:
- Hari jarraitu eta beste guztiak jarraipen horretara tolestatu. Lokarri afektiboak (aita-amak, senar-emazteak...) jarraipen honen haritik begiratu eta bizi. Irakurri dugun ebanjelio zatiak lokarri horiek moztu egin behar direla ematen badu ere, oinarrizko beste harreman horren menpe jartzea esan nahi da. Norberaren buruarekiko maitasuna ere Jesusen jarraipenera bildu. Ez da, ez, geure bizitzan dauzkagun gauza onak moztea, baizik oreka askatzaile batean lotzea dena. Dena baztertzen dugulako, ez gara jarraitzaile hobeak izango. Jarraile onak gauza eta balio guztiak bere onean kokatzen ditu. Dena bere tokian jartzen.
- Bigarren baldintza, Jesusek egin zuena egitea da: Haren gurutze-bidea "geuretzea". Jesusek egin zuena bera egiteko pronto egon behar du ikasleak. «Bere gurutzea nire atzetik eraman» esan du Jesusek ebanjelioan.
Baina, segizioaren planteaketa hau ez dugu betebehar edo esijentzia baten ondorio bezala hartu behar. Azpi-azpian, gizatasunaren desafio ikusgarria dago hemen: gizatasuna aurrera atera eta ongi garatu nahi duenak, zein du bide egokia? Apustu baten aurrean gaude. Fededunontzat argi dago oso: Jesusen segizioa ematen zaigu egiazko bide gizaegile bezala. Alderdi honetatik, gure oinarriak beste edonon bilatzea, "kalkulo" okerra egitea da. Dorrea eraikitzen hasi eta bukatu ezinik gelditu zen haren antzeko gerta gaitezke. Edo gerra batera abiatu eta atzera egin behar. "Kalkulo" okerraren ondorioak.
Baina, hemen bakoitzak geure galderak egin behar ditugu. Gaur, gizatasuna garatzeko, zer eskaintza egiten zaizkit? Dirua, bizimaila, erosotasuna, irudia... Horietan oinarri hartzeak zer ondorio ekar diezazkidake? Benetako gizatasun bidean noa? Eta... zergatik ez dut Jesusen segizioaren proba egin behar? Jesusi jarraitzea gertatzen da benetan aukera on eta egokia. Bakoitzak bere aukerak egiten ditugu bizitzan. Gizatasunaren apustua ongi burutzeko, eta apustua irabazteko, Jesusen bideari lotu behar gatzaizkio. Onena delako, gizaegileena delako. Kalkulo ona egin nahi duenak, edo lehenengo irakurgaiko zuzhurtasunez jokatu nahi duenak, Jesusen bidea hartzea du onena.
Jesusen segizio-bide honek, askok uste duenaren kontra, libre egiten gaitu. Ez gaitu lotzen eta morroitzen. Barrua askatzeaz gain, bizitzako aukeretarako libre egiten gaitu. Legekeriatik libre, beldurretik libre... Hortxe dago, esate baterako, Onesimoren adibidea. Paulok, legea bera ere gainditzen du eta gainditzeko eskatzen dio Onesimori. Fedeak ematen duen askatasuna ez doa legearen kontra, baina legea baino harutzago dihoa. Horrela barne-askatasuna sortzen du Espirituak Jesusen jarraipidean.
Arantzazuko Amaren bederatziurrenean aurkitzen gara bete-betetlean. Jainkoaren errukia dugu otoizgai eta ospagai. Mariari bergira ikasten ari gara dugu «errukitsu izan behar dugula Aita bezala». Errukiaren Jubileu Urteak emango al digu errukiaren ezagutza ez ezik errukiaren esperientzia bizitzea! Maria dugu ibilbide horretan bidelagun.
Gaur eskura jartzen zaigu askatasun osoaren eskaintza. Jesusen jarraipidea ez daukagu urruti. Zergatik ez, trankil eseri, eta galdera hau egin neure buruari: libre izan nahi dut, bakea sortu nahi dut, gizatasun heldua bizi nahi dut; nondik eta nola? Seguru asko, Jesusen bidearekin egingo dugu topo. Eta miraria gertatuko zaigu!
Eukaristia ospatzerakoan, alde batetik, aukera garrantzitsu bat egiten ari gara, Jesusen aukera; eta, beste aldetik, aukera horretan bizitzeko adore doanezkoa jasotzen dugu, Espirituaren adorea. Ospa dezagun esker onez.
Iñaki Beristain (2016-8-29)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Lk 14, 25-33)
Kirolari batek punta-puntakoa izan nahi duenean, badaki azer egin behar duen: «sakrifikatu» esan ohi dute beren aukera zein den azaltzerakoan. «Sakrifikatu»: beste guztia alde batera utzi; alegia, beren denbora eta indarrak beren kirolari eskaini, horretan eman beren onena. Beste guztiak, ona izanik ere, ez die enbarazu besterik egiten. Badakite zer lortu nahi duten eta nora iritsi nahi duten; eta, lortu nahi dutena lortzeagatik, beste edonorentzat eguneroko gauza normalak direnak zapuztu egingo dituzte.Gaur irakurtzen dugun ebanjelio-zatiak, aurreko igandetakoen hari berari jarraiki, gure onenak eskatzen dizkigu, iritsi beharreko ederra jartzen baitigu begi aurrean: gizatasuna!, gizatasun betea. Jesusen segizioan bere gizatasuna garatu eta betetasunera eraman nahi duenak, jakintsua eta burutsua izan behar du, kalkulo onak egin behar ditu. Eta zerbait lortu nahi duenarentzat badakigu zer den kalkulo ona: beste guztia, lortu nahi denaren zerbitzura jartzea, kirolari onak bezala.Horregatik, aukera egiteko ordua da. Ezin gaitezke ibili ez-baian, erdipurdika, hontara-hartara. Hau ona da, hori ona da eta haruzkoa ere ona da. Kirolari batek gauza on guztiak berekin eraman nahi balitu, esango genioke beste zerbitetara dedikatzeko. Zorakeria izango litzateke kirolari ona izan nahi izatea. Fededuna ere, bere gizatasun-apustuan, ez da gauza onen bilatzailea. Fededunak aukera egiten du. Erreinuaren deia entzuten duenean, badaki beste guztia Jesusen segizioaren zerbitzura jarri behar duela.Eta ez da boluntarismo ilun baten kontua. Jakintsu izatearen kontua da. Konturatu behar dugu gizatasunaren apustua ari garela jokatzen. Eta apustu horretan irabazle ateratzea, Jainkoaren egintza da. Jainkoak guregan burutzen duen egintza ederra. Eta egintza horri bihotza zabaltzea da kontua. Bizitza bere oinarrietan sendotzea. Jainkoa eta beraren borondatea hartzea, gure ekinbide osoaren ardatz eta erdigune. Horrela jokatzen duzunean, konturatzen zara asmatu duzula aukera onarekin. Konturatzen zara zeure bizitza osoak sendotasuna hartu dizula. Zeure izate osoa argitu egin zaizula. Bizitzan asmatu egin duzu.Beste bide batzuk har daitezkeela gizatasunaren apustua jokatzeko? Jakina! Baina gauza bat garbi dago: ondasunak pilatzeko ametsa, jakintzaren gutizi ase ezina, osasunaren kezka itoa edo beti lehen posizioak nola irabaziko ibiltzea, ez direla inondik inora bide egokia, gizatasunaren apustua garantia apur batekin jokatzeko. Alferrikako kezka eta ametsak dira horiek denak eta ez dute gizakia kateatu besterik egiten, gizatasuna murriztu eta gutxituz.Horregatik, gaurko ebanjelio-zatiak esaten digun bezala, eseri beharra daukagu eta kontuak atera: alferrikakoari emana nabil ala bide egokitik noa? Jakiteaz, maitasunaz baino gehiago kezkatzea kalkulo ona al da? Beharrezkoaz kezkatu ordez, mila entretenigarritan ibiltzea kalkulo ona al da? Arrakasta lortu gosez, nire mugen neurriak ahaztea kalkulo ona al da? Ez ote zaigu gertatuko, gizatasun betearen ametsez abiatu ginenak, gure helburua lortu ezinik gelditzea, kalkulo okerrak egin ditugulako!Eta edozer gauza balitz eskuartean daramaguna, gaitzerdi! Baina gizatasunaren apustuan ari gara. Eta gizatasunarekin dena jokatzen dugu. Gure bizitzaren zentzua, gure bizipoza, gure askatasuna, gure nortauna. Eta horietan pertsona bera bere osotasunean dago jokoan. Egia da, Jesusen ikasle izaten ez da ikasten gogo hutsez eta berehala. Jakintsu izatea ez da erraz lortzen den zerbait. Denbora eta kalkulo onak egitea, hori da beharrezkoa gizatasunaren apustua irabazteko. Bide ederrean abiatu gara. Ez gaitezen errazkeriaren liluraz bide okerrera makurtu. Ez litzateke kalkulo ona izango. Eta hau, gizatasunaren apustua da!
Iñaki Beristain (2016-8-29)