FAMILI SANTUA: JESUS, MARIA eta JOSE

C zikloa

Eguberri ondorengo igandea (edo abenduak 30)


Siraken liburutik 3,3-7.14-17a
Goresgarriago egiten du Jainkoak aita, seme-alabak baino;
eta amari eskubidea ematen dio bere umeen gainean.
Aita goresten duenak bere bekatuak ordaintzen ditu;
eta ama goresten duenak ondasunak pilatzen.
Aita goresten duenak poz izango du bere seme-alabetan;
eta otoitz egunean entzun egingo zaio.
Aita goresten duena luzaro biziko da;
eta Jaunak entzuten dio, amari atsegin ematen dionari.
Ene seme, iraun zure aita goresten, eta ez utzi bizidaino.
Burua galtzen badu ere, izan zakizkio bihotz haundiko
eta ez gutxietsi bizi zeraino;
Aitari emandako laguntza ez da ahaztuko,
bekatuen ordain izango duzu;
zoritxar egunean, gogoan hartuko dizu Jaunak.

ERANTZUN-SALMOA 127


DOHATSU JAUNAREN BELDUR DENA,
HAREN BIDEETAN DABILENA!
Dohatsu Jaunaren beldur dena,
Haren bideetan dabilena!
Zure eskuen lana bait duzu jango,
zoriontsu izango zara eta ongi zaizu joango.
Zure emaztea mahasti emankorraren antzean,
zure etxe barnean;
zure semeak badirudite olio-kimuak,
zure mahai inguruan.

San Paulo Apostoluak Kolosarrei 3,12-21


Senideok: Jantzi zaitezte bihotz errukitsuz, onberatasunez, apaltasunez, egokitasunez, eraman-onez, Jaungoikoaren herri aukeratu, santu eta maitea zaretenez gero. Eramazue ondo elkar eta barkatu batak besteari, inork inorentzat ezer baleuka. Jaunak barkatu dizuen bezala, barka zuek ere.
Guzti hoien gainetik, ordea, izan ezazue maitasun; hori bait da lokarririk bikainena. Kristoren bakeak agindu beza zuen bihotzetan, bake hortara deituak zaretenez gero gorputz batean; eta izan esker onekoak. Oparo bizi bedi zuengan Kristoren hitza: Jakinduriarik osoenean elkar argituz eta berotuz; salmoak, goratzarreak, eta goi-arnasezko abestiak Jaungoikoari bihotzez eta esker onez kantari. Edozer esaten edo egiten duzuela, egizue dena Jesu Kristo Jaunaren izenean, Beraren bidez Jaungoiko Aitari eskerrak emanez.
Emazteok, zaudete zeuron senarren menpean, Jaunarengan egoki den bezala. Senarrok, maita itzazue zeuron emazteak, eta ez izan gogorrak haiekin. Seme-alabok, egin zuen gurasoen esana gauza guztietan, hori nahi du-eta Jaunak. Gurasuok, ez samindu zuen seme-alabak, gogoa gal ez dezaten.
(C urtean ondorengo irakurgai hauek egin daitezke)
Samuelen Liburutik l Sam 1,20-22.24-28
Haurdun gelditu zen Ana, eta seme bat izan zuen. Samuel ezarri zion izen, esanez: ‘Jaunari eskatu diot’. Elkana, bere etxekoekin, Jaunari urteroko oparia eskaintzera eta promesa betetzera igo zen hurrengo urtean ere; Ana ez zen igo eta esan zion senarrari: ‘Ez naiz joango haurrari bularra kendu arte; orduan, eraman eta Jaunari aurkeztuko diot, eta han geldituko da betiko’.
Anak Siloko Jaunaren etxera eraman zuen Samuel. Eraman zituen, baita, hiru urteko zezen bat, zaku bat irin eta zahagi bat ardo. Haurra oraindik txikia zen.
Zezena oparitako hil zuten, eta haurra Eliri eraman zioten. Anak honela esan zuen: ‘Ene Jauna! Ni naiz, hemen zure ondoan Jaunari otoizka egondako emakumea. Haur hau eskatzen nion; eta Jaunak eman dit eskatzen niona. Horregatik, Jaunari eskaintzen diot; bere bizitzako egun guztietan Jaunari eskainia gelditzen da’. Eta bertan Jauna gurtu zuten.
ERANTZUN-SALMOA 83
BAI DOHATSU
ZURE ETXEAN BIZI DIRENAK, JAUNA.
Akitzen ari zait nere arima,
irrikitzen daukat Jaunaren atarira.
Nere bihotz eta haragi
Jainko biziagana poz-jauzika dira ari.
Txoriak ere aurkitzen du etxea,
bai enarak ere umeak ipintzeko ohatzea:
Zure aldareak, gudari-taldeen Jauna,
ene Errege eta ene Jainkoa!
San Joanen epistolatik 1Jn 3,1-2.21-24
Senide maiteok: Begira zenbaterainoko maitasuna agertu digun Aitak: Jaungoikoaren seme izena daramagu, baita izana ere. Hona zergatik munduak ez gaituen ezagutzen, Jainkoa ere ezagutu ez zuelako.
Senide maiteok: orain Jaungoikoaren seme gara; gero izango garena, oraindik ez da ageri. Badakigu, Jauna agertzen denean, Haren antzeko izango garela, den bezalakoa ikusiko baitugu.
Senide maiteok: bihotzak ez badigu esaten errudun garela, uste osoa dugu Jainkoagan. Eskatu ahala guztia hartzen dugu Jainkoagandik, Haren aginduak betetzen baititugu eta Hari atsegin zaiona egiten. Eta hau da Haren agindua: bere Seme Jesu Kristoren izenean sines dezagula eta elkar maita, Berak agindu zigun bezala.
Haren aginduak betetzen dituena Jainkoarekin dago eta Jainkoa harekin; honetatik ezagutzen dugu gurekin dagoela: eman digun Espiritutik.

ALELUIA Egun santu bat zabaldu zaigu:


zatozte, herriak; gurtu ezazue Jauna;
argi haundi bat jaitsi da gaur lurrera. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 2,41-52


Jesusen gurasoak Jerusalena joaten ziren urtero Bazko-jaietan. Jesusek hamabi urte bete zituenean, Jesusalena igo ziren jaietara, ohitura zen bezala.
Jaiegunak bukatu zirenean, etxera itzuli ziren; Jesus haurra, ordea, Jerusalenen gelditu zen, bere gurasoek ez zekitela.
Eta lagunen artean zetorrelakoan, egun bateko bidea egin ondoren, Haren bila hasi ziren taldeko ahaide eta ezagunen artean. Baina aurkitzen ez, eta Jerusalena itzuli ziren Haren bila. Hiru egunen buruan, jauretxean aurkitu zuten, irakasleen erdian eserita, haiei entzuten eta galdezka. Entzuten zioten guztiak txunditurik zeuden Haren adimenarekin eta ematen zituen erantzunekin. Gurasoak, ikusi zutenean, harriturik gelditu ziren. Amak honela esan zion:
- ‘Seme, baina zergatik egin diguzu hori? Horra nolako atsekabez ibili garen aita eta biok zure bila!’
Hark erantzun: “Zergatik ibili zarete nire bila? Ez al zenekiten, Nik nire Aitaren etxean egon behar nuela?”
Haiek ordea, ez zuten ulertu, Jesusek esan nahi zuena. Jesus Nazareta jaitsi zen haiekin, eta haien menpean jarraitu zuen. Haren amak bere bihotzean gordetzen zituen gauza guzti hauek. Jesus, berriz, aurrera zihoan jakintzan, gorpuzkeran eta grazian, Jainkoaren eta gizonen begietan.


Homiliak

No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 1, 1-18)

Eguberri garaiko bigarren igandeak, gogoetarako edo, hobeto esanda, kontenplaziorako deia ekarri ohi digu berekin. Eguberritan gaude oraindik eta Eguberriko errealitate handi eta aberatsari ezpalak ateratzea da kontua, ez baita berehala agortzekoa bertan eman zaiguna. Munduaren historia hankaz gora jarri duen gertakizunaren aurrean gaude. Eta fededunok behar den denbora hartzen dugu gertakizun horri hausnarrean bueltak emateko.

Barnetasunaren ordua da, barruko ordua, kontenplazioaren ordua. Eguberri bizikizun bihurtzekotan, hori barruan bakarrik bihur baitaiteke. Baina bizi garen gizarte honetan ez gaude oso barrurako. Bizitza kanpotik doakigu. Eta aztertzekoa izango litzateke zergatik gertatzen den hori. Barruan ezer gutxi daukagulako edo barruari beldur diogulako edo zergatik.

Nolanahi ere argi dagoena zera da, bizikizun garrantzizkoak barrutik gertatzen direla. Urarekin gertatzen dena bera gertatzen da: sakoneko urak luze irauten du; baina sakoneko urik ez dagoenean, berahala lehortzen dira azalekoak.

Eta hari horretatik nik esango nuke, gure gizarteari gerta­tzen ari zaion esperientziarik kaltegarrienetakoa, barnetasun-falta dela. Ez dakit barru-falta den edo barnetasun-falta den, hor­txe zalantza. Ez dakit alegia, barru hutsaren arazoa den edo barrura sartzeko gaitasun-falta den. Baina, arrazoi batengatik edo besteagatik barrura sartzen ez garenean, kanpotik bilatu nahi izaten dugu barruan ez daukaguna. Eta amorruz jotzen dugu bazter guztietara: dirua, izena, ospea, lanpostua, kotxea, etxea, kontsumoa, itxura...

Eta hortik dator gero lehiakortasunaren ondorioa. Esandako hori guztia behar denean, honela edo hala besteen gainetik egotea bilatzen dugu, eta horretarako borroka eta lehia egin behar. Eta gizarte borrokalari eta zitala eraiki dugu. Jainkoak, ordea, Eguberritan erakutsi digunez, bestelako bi­dea erabili du. Behera egin du, gizaki eginez. Bere izate osoa, guri esateko «maitasun-hitz» egin du. Eta argi sakon baten misterioa azaldu digu, maitasunaren misterio hondo gabea. Bere argia gure haragi egin du, gure haragiak argia izan dezan.

Eta hor aberasten da gure fedea eta gure gizatasuna. Maitasunezko harreman horrek eramaten gaitu barnetasunaren bakardadera. Bai baitaukagu zer hausnartu eta zer gozatua. Badaukagu zer barneratua. Eta Jainkoak esan digun HITZ handiaren babesean, denbora luzez egon gaitezke, Hitz horren muina eta mezua eta harremana gozatzen eta jasotzen. Jainkoari denbora eta isiltasuna eman behar zaio bere lana egiteko.

Gure etxeetako harremanetan zer falta zaigu? Ez al da harreman sakonerako denbora falta? Gure erlijioso-elkarteetan ez al zaizkigu harremanak aberasteko elkartasun-une eta guneak falta? Gure politikoen artean ez al da elkarrizketan gaiak sakontzeko eta eztabaidatzeko gogoa falta? Eta horretatik datozen ondorioek, jakina denez, pertsona erre egiten dute. Ezin dugu elkar jasan, eta are gutxiago, elkar maitatu. Ezin ditugu bestearen iritziak errespetatu eta onartu. Ez dakigu elkarrekin bizitzen, ez eta elkarren ondoan egoten ere. Barnetasun-faltaz harremana gaiztotu egiten da.

Jainkoak barrura jo du, sakonera. Eta Eguberrik barru eta sakon horren gozamenean eta konpromisoan jarri gaitu. Alde batetik, jaso dugun dohainaz gozatzeko baita Eguberri; baina, bestetik, gozatu duguna geure bizitzarako konpromiso egiteko. Ez dago gozamenik konpromisorik gabe, ezta alderantzizkoa ere. Bestela, berriz, ez dugu erreferentzi gunerik aurkituko gure bizitzan. Sakontasunaren faltan, kanpoko iritzi eta eraginek era­sango digute. Azken batean, ez dugu jakingo zer eta nor garen. Geure nortasunak, inon izatekotan, barruan behar baititu bere zutabeak eta oinarriak.

Harreman pobreak bizi ditugula? Ez diogula bizitzari ino­lako sentidu pozgarririk ikusten? Ez dakigula nola jokatu? Barrua kanpoan daukagunean gertatzen da hori.


Iñaki Beristain (2015-12-31)