URTEAN ZEHAR XXIX IGANDEA
C zikloaExodo liburutik 17,8-13
Egun haietan, etorri zen Amalek, eta borroka egin zien Rafidinen israeldarrei. Moisesek honela esan zion Josueri: ‘Aukera itzazu mutilak eta zoaz Amaleken kontra borrokara. Ni bihar mendigailurrean izango naiz, makila mirarigilea eskuan dudala’.
Egin zuen Josuek Moisesek esana, eta Amalek-en kontra borrokara joan zen. Moises, Aaron eta Ur, berriz, mendi gailurrera igo ziren.
Moisesek eskuak gora zeuzkanean, Israel zen irabazle; eta eskuak beheratzean, Amalek. Moisesen besoak nekatu ziren eta, horregatik, harri bat hartu eta azpian jarri zioten, eta bera gainean eseri zen. Aaronek eta Ur-ek besoei eusten zieten, batak alde batetik eta besteak bestetik; eta horrela, haren besoek jasoak iraun zuten iluntzeraino. Eta Josuek ezpataz hondatu zituen Amalek eta haren herria.
ERANTZUN-SALMOA 120
ZERU TA LURREN EGILEA
DUGU LAGUN TA ZAINTZAILEA.
Begiok mendietara jasotzen nik:
laguntza niri nondik?
Jaunagandik nire laguntza,
Hark egin baititu zeru-lurrak.
Ez dizu oina kolokan utziko,
zure zaintzaileak ez du kuluxkarik egingo.
Israel zaintzen dagoena,
ez du kuluxkak hartuko, ez loak.
San Paulo Apostoluak Timoteori 2Tm 3,14-4,2
Anaia maite: Zaude sendo, ikasi eta sinetsi duzun guztian, norengandik ikasi dituzun gogoan harturik, eta gainera umetandik ezagutzen dituzula Liburu Santuak. Hauek eman diezazukete, Kristo Jesusengan sinetsiz, salbamenera daraman jakinduria. Liburu Santu guztiak Jaungoikoaren argiz eratuak baitira, eta erakusteko, egia argitzeko, zuzentzeko eta zuzentasunean hezitzeko egokiak dira; horrela, Jaungoikoaren gizona edozein eginbehar onetarako bikain moldatua gertatzen da.
Jaungoikoaren aurrean agintzen dizut, eta biziak eta hilak epaitu behar dituen Jesukristoren aurrean, Honen etorrera eta erregetzagatik: Zabal ezazu Hitza; ekin, egoki denean eta ez denean; gogor egin, estu hartu, eskatu pazientzia haundiz eta erakutsi nahiez.
ALELUIA Bizia da Jaungoikoaren hitza eta eraginkorra,
bihotzaren erabaki eta asmoak
epaitzeko gai dena. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen Liburutik 18,1-8
Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien bere ikasleei, beti otoitz egin behar dela, eta ez dela etsi behar adierazteko.
“Ba zen herri batetan epaile bat; ez zuen, ez Jaungoikoaren beldurrik, ez gizonen begirunerik. Herri hartan bertan ba zen alargun bat ere, eta han joaten zitzaion, esanez:
- ‘Egidazu zuzenbide nire etsaiaren aurka’.
Eta luzaroan ez zion kasurik egin nahi izan. Baina gero, honela esan zuen berekiko:
- ‘Ez dut, ez Jaungoikoaren beldurrik, ez gizonen begirunerik; baina alargun hau aspergarri zait, eta egingo diot zuzenbide, azkenean begiondoko bat eman ez diezaidan’”.
Eta Jaunak hala esan zuen gainera:
- “Begira zer dioen epaile okerrak. Eta Jaungoikoak ez al du zuzenbide egingo gau eta egun otoitzean ari zaizkion bere aukeratuei? Luzapena emango al die? Hara Nik esan: Berandu gabe egingo die zuzenbide; baina Gizonaren Semeak, datorkenean, aurkituko ote du horrelako sinesmenik lurrean?”
Homiliak
Adiskideok! Jainkoak bere arduraz zaintzen ditu bere seme-alabak, ardura gertuko eta handiz. Maite dituelako. Ez da, beraz, batere harritzekoa uste onean bizitzeko deia egitea. Ez gaude edozeinen esku. Maite gaituenaren esku gaude. Eta nola ez gaitu babestuko maite gaituenak? Maitasun horren konfiantzak eusten dio kristau fededunari. Eta konfiantza horren pozak pozten du barruan.
Uste onez eskatzera dei egin digu, oraintxe entzun dugun ebanjelioak. Gauza jakina da, gaur egun badirela eskari-otoitza ondo ikusten ez dutenak. «Jainko Aitak badaki zer behar dugun, guk eskatu gabe ere» esaten dute. Eta arrazoi dute esaten duten horretan. Baina, fededunak ez du eskatzen Jainkoari informazioa emateko, bere uste ona azaltzeko baizik. Familiako aita batek ere ondo asko daki zer behar duen bere seme edo alaba txikiak, eta gauza asko eskatu gabe ematen dizkio. Baina, bide batez, seme edo alaba txikiak, bere eskarietan, aitarengan daukan konfiantza eta uste ona erakusten du. Eta konfiantza hori da balio duena.
Eskari-otoitzaren balioa azpimarratu zaigu lehenengo irakurgaian. Moisesen otoitz-jarrera horrek Jainkoa bere alde jartzen du. Jainkoa, beraz, Moisesen otoitzaren esku zegoen? Ez, noski! Eskari-otoitzak gureaz askoz gehiago esaten du Jainkoarenaz baino. Jainkoak nahi duen bezala jokatzen du bere maitasunean. Eta guk ez dugu Jainkoaren nahia ukatzen. Baina, gure otoitzak barruko taupada erakusten du Jainkoaren aurrean. Eta Jainkoak behartsuaren barne-taupadari erantzun egiten dio. Ez diola guk uste bezala erantzuten? Jainkoak beti onez erantzuten du.
Eskari-otoitzak, gainera, Jainkoaren erantzuna onartzera garamatza. Guk nahi bezalakoa ez bada ere, eskari-otoitzak Jainkoak emandakoaz ohartarazten gaitu, bera onartu eta eskertzera eraginez. Eskatzen duen pertsona Jainkoaren eskuetan gelditzen da. Eta Jainkoaren borondatea jasotzeko prest jartzen da. Hitz batean esateko, konfiantza da, eskari-otoitzak sortzen duen barne-sentimendua konfiantza da.
Eta konfiantza horrek eramaten zaitu bizitzan ausarta izatera eta arriskatzera. Askotan geure biziera babestu nahirik, ez dugu ebanjelizazio-lana onartzen. Geure erosotasun errudunean etzanda gelditzen gara. Konfiantza falta. San Paulok Timoteori esan diona gogoan eduki behar genuke: «Zabal ezazu hitza; ekin, egoki denean eta ez denean». Adiskidea, ez duzu izan behar gainetik nola edo hala kendu behar den astun latoso horietakoa, San Paulok eskatzen duena ez baita hori. Baina, bizi ezazu zure fedearen esperantza ausardiaz. Bizi ezazu bizipoza. Bizi ezazu Jesusen Berri Ona. Bizi, laneko une ilunetan, harremanetako une zail edo gozoetan... Bizi, negozioetan, politikan, kulturan… Berri Ona bizi, behartsuekiko hurbiltasunean, gaixoekiko ardura maitalean... Bizi ezazu Berri Onaren zoriona! Bizi!
Bizi bakarrik? Eta esan ez? Bizitzea bada nahiko esate, baina, hala ere, bizi baldin baduzu, izango duzu esateko aukera ere. Batek baino gehiagok jakin nahiko du nondik ateratzen duzun zure esperantza hautsiezin hori. Nondik ateratzen duzun pozik bizitzeko koraje hori. Nork ematen dizun sekula amaitzen ez zaizun pobreenganako joera hori. Batek baino gehiagok jakin nahiko du nork egiten zaituen barrutik hain libre. Nork egiten zaituen hain zeu.
Eta orduan zuk esango diezu zure esperantzaren arrazoia. Zuk esango diezu zorion eder baten presentziak ukitu zaituela. Zuk esango diezu sinestearen zoriona dela zure historia. Eta orduan, auskalo zer pentsatuko eta esango duen zure entzuleak, baina jakingo du gure giza historia honetan gertatu dela zorion berezia. Gizon-emakume mordoxka dezenteari sentidu eta bizipoza ematen dion zorion berezia. Eta, zure bizitzaz eta zure hitzez, sinestearen zorionaren historia luzeari beste maila bat gehiago erantsiko diozu. Konfiantzaren kontuak!
Bukatu aurretik, eta aipatutako edertasun guztiari izpirik kendu gabe, galdera bat egin behar dizut: Jesus sinesmenez ikustea zorion bezala bizi ote dugu? Bizitzea ez ezik zabaltzea ere merezi duen bizikizun al da zuretzat Berri Ona? Zerbait zorionekoa gertatu al zaigu geure barruan? Benetako konfiantza sortzen dizun zerbait zorioneko eta berezia?
Bihotz barrutik kanta dezagun gure fedea, fedearen zoriona. Kanta dezagun gure fedea! Eta gero, ogi eta ardo egina, ospa dezagun guri gertatu zaigun maitasunezko historia! «Zorionekoak baitira sinesten dutenak».
Iñaki Beristain (2016-9-28)
Beti bidean, beti bila
(Gaurko ebanjelioa: Lk 18, 1-8) Garai batean askoz ohikoagoa zen eskatzea. Etxean zerbait falta zenean ez zen inolako lotsarik auzokoari eskatzeko. Gero emango zitzaizkion ordainak. Edonoiz eta edonon gerta zitekeen beharra. Gaur, ordea, egoera asko aldatu da. Gaur aski izaten ikasi dugu. Eta eskatzea ez dago ongi ikusia, denok aberastu baikara. Autosufiziente egin gara, eta pobreziak lotsa ematen digu.
Gaur gerta dakigukeen onena, inoren beharrik ez izatea da. Eta gehiago: inoiz beharrik izango bazenu, egin behar duzuna, beharra disimulatzea da, beharra gordetzea. Beharra ez da erakutsi behar, gizarte honetan ez baitago behartsurik. Beharra lotsagarria da. Aberatsek, bizimolde honetan, eskubide asko dauzkate.
Aberatsek ez daukate eskatu beharrik, beraiei justiziak babesten baitie eskubidea. Eskubideak dauzkatelako dira aberatsak. Baina behartsuari zer eskubide geratzen zaio? Behartsuari, dirua falta izateaz gain, eskubideak falta zaizkio. Eta inolako irtenbiderik gabe gelditzen da. Ezin du justizia ordaindu. Ezin du justizia exijitu. Ezin du bere ezinean ezer egin.
Ebanjelioko alargunak eskura zeukan baliabide bakarra erabili zuen, etsigabe eskatzea. Justiziaren poderioz lortu ezin zuena, lata ematearen poderioz lortuko zuen. Pobreari gelditzen zaion eskubidea eskatzea baita, bestea nazkatzeraino eskatzea. Gizarteko molde hauek eraman ohi ditugu Jainkoarekiko harremanera ere. Jainkoaren beharrik ez izatea da onena. Eskura dauzkagu baliabide guztiak. Eta zoriontsu izateko behar dena ez da Jainkoa, dirua, osasuna eta suerte ona baizik.
Baina zergatik zoriona eta bizipoza lortu ezin hori? Zergatik bizitzari eta heriotzari sentidua eman ezin hori? Bere baliabidez aski duenak jarrai dezala bere bidean; baina behartsuak Jainkoarengana jo dezala. Eta harro ustez dabilenak ere, bizi ezina eta aurrera egin ezina datozkionean, jakin dezala badela behartsuari bihotza zabaltzen dion norbait. Jainkoaren justizia ez da gizakiona bezalakoa, zorionez! Jainkoaren aurrean eskatzeak bakarrik balio du, eta eskatzeak bere barnean duen apaltasunak. Pobreziaren kontzientzia behar da Jainkoaren aurrean. Pobreziaren kontzientzia horretatik bakarrik sor daiteke otoitza, eskari sentitua.
Eta Jainkoak ez dio sekula entzungor egiten beharretik eskatzen dionari. Jainkoaren isiltasuna dohain bete bihurtzen da beti. Jainkoak ez du ezikusiarena egiten beharraren aurrean. Aberatsek jarrai dezatela bereaz gozatzen eta baliatzen. Behartsuak ere badu, ordea, nora eta zertara joa. Jainkoaren bihotz ona geratzen zaio behartsuari. Eskatzea da behartsuaren eskubidea!
Eta eskubide hori ez dio inork kenduko.
Iñaki Beristain (2013-10-14)
(Eguneko ebanjelioa: Lk 18, 1-8)
Joan zen igandea esker onaren haritik joan zen. Esker onak bihotza bere betean erakusten du. Eskertzen ez dakienarekin ez dago urrutira joaterik. Gaur, berriz, eskariaren haritik goaz ebanjelioan. Eskertzeak bihotz pobrea eskatzen badu, eskatzeak ere halaxe eskatzen du ba, bihotz pobrea!Badirudi gaur nahiko zaila edo deserosoa gertatzen zaigula eskatzea, Jainkoari ezer eskatzea alegia. Garai bateko erlijiokera susmagarriarena ote den ba, eta ez gara eroso sentitzen eskatu behar dugunean. Gero, hori ere egia da, aitortzen ez badugu ere, beharra sortzen denean, nork ez du eskatzen?!Alargun saiatuaren parabola, argigarria bezain hunkigarria da. Jesusek kontraste oso dotoreak erabiltzen ditu gauzak adierazteko. Epaile oker batek kaso egin badiezaioke alargun setati bati, nola ez dio bada Jainkoak kaso egingo bere seme edo alaba bati? Argumentua bete-betea da. Baina, ez dut uste era honetako Jainkoa denik guk sinesten duguna. Ez dakit ba! Eta Jainkoaren irudia bestelakoa delako, ez dakigu non eta nola sartu edo josi gure kristau-bizitzan eskari-otoitza. Gauzak gertatu behar duten bezala gertatzen dira, eta ez dago Jainkoari eskatzen ibili beharrik!Euria egitea, adibide bat jartzeko, ez dugu eskatzen euria Jainkoak egiten duelako. Jainkoa ez dabil gauzen norabidea okertzen edo zuzentzen. Jainkoak gauza eta izaki bakoitzaren legeak errespetatzen ditu. Baina, hala ere, eta hau da fededunaren uste gozoa!, gauza guztien atzean Jainkoa dagoela sinesten dugu. Beharrezko euria egin, ez du Jainkoak egingo, baina euriaren gozotasun horren atzean Jainko onaren esku gozoa ikusten du gure fedeak. Eta beharrezko euria ez egiteak sortzen duen sufrimendua ez da sufrimendu hutsa. Sufrimendu horren atzean, fededunak Jainko maitalearen esku gozoa sumatzen du.Beraz, eskatu eskatzen dugu, giza historian gertatzen diren gauza inportanteenak ezin ditzakeelako zientziak esplikatu eta argitu. Giza bihotzean sortzen den misterioa, zein zientziak esplika dezake? Giza maitasunaren gordea zer kimikak sortzen du? Gure fedeak ondo asko daki, Jainkoa ez dela ideia filosofiko bat. Jainkoa askatasun salbatzailea da. Eta horrexegatik eskatzen dugu: giza historiaren sakona Jainkoaren maitasunezko eskuak gidatzen duelako onez. Eta gertatuak gertatu, Jainkoak egin dezakeela edozer gauza on eta mesedegarri gertatzea. Horrexegatik da libre eta horrexegatik da on eskatzea!Eskatzeko bihotz xumea behar da, bihotz sinplea. Eguneroko ogia bezalaxe Erreinuaren etorrera eskatzeko, bihotz txikia behar da. Oso xumea, dena gure eskaritik zintzilik balego bezala eskatzeko. Oso xumea, Jainkoak gure nahiak denak betetzen dituela uste izateko, nahiz eta guk ez hala ikusi. Oso xumea, Jainkoak nik nahi dudana bera nahi duela sinetsi ahal izateko. Oso xumea, gauzak nik nahi bezala ateratzen ez direnean, Jainkoak nire beharra nik baino hobeto ezagutzen duela sinesteko.Hitz-jokoa dela hau dena? Bihotz xumearen uste sendoa! Gizaki erlijiosoaren sentimendu kaskarrak? Bai zera! Ni seguru nago: otoitza eta eskaria, arnasa hartzea bezala betiko sentimendu bihurtzen zaizunean, orduan ikasi duzu seme edo alaba izaten, Jainkoaren seme edo alaba. Orduan ikasi duzu Aitaren eskuetan bizitzen.Eta semeak edo alabak ez dauka zertan kalkulatu edo zertan filosofatu, noiz eta nola eta zer eskatu behar dion bere aitari edo amari. Esker ona bezalaxe, eskaria ere bizi egiten da. Hobeto esanda, seme- edo alaba-sentimendua bizitzen da.Eta semeak edo alabak ondo daki zer eta zenbateraino eska dezakeen. Eta Jainkoaren bihotza handiegia da, zorionez, gure beharrak eta premiak ez ulertzeko!Jainkoa Aita da, Aita ona! Eskatu lasai!
Iñaki Beristain (2016-9-28)