URTEAN ZEHAR XXI IGANDEA

C zikloa

Isaias profetaren liburutik 66,18-21


Honela mintzo da Jauna: “Banatorkizue
herri eta hizkuntza guztiak biltzera;
etorriko dira,
eta ikusiko dute nere aintza.
Ezaugarri bat jarriko dut haien artean,
eta haietatik bizirik gelditutako batzuk
bidaliko ditut atzerrietara;
Tarsisa eta Etiopiara,
Libia, Masak, Tubal eta Greziara;
nere berririk gabe,
eta nere aintzarik ikusi gabe dauden
urrutiko uharteetara.
Eta nere aintza zabalduko dute atzerrietan.
Atzerri guztietatik ekarriak izango dira,
Jaunaren oparitzak, zuen senide guztiak,
zaldiz, gurdiz eta esku-aulkiz,
mandoz eta dromedarioz,
Jerusalengo nere mendi santura –dio Jaunak-.
Israelgo semeek beren opariak jauretxera
ontzi garbietan ekartzen dituzten bezala.
Eta haien artetik aukeratuko ditut,
bai apaiz, bai lebitar –dio Jaunak”.

ERANTZUN-SALMOA 116


ZOAZTE MUNDU GUZTIRA,
ETA HOTSEGIN BERRI ONA.
Goretsazue Jauna, atzerri guztiak,
goraipa ezazue, herri guztiak.
Sendotu baitu guregan bere maitasuna,
eta beti betiko dago Haren leialtasuna.

Hebertarrei egindako epistolatik 12,5-7.11-13


Senideok: Ahaztu egin zaizue, semeei bezala ematen zaizuen burubide hau:
Ene seme, ez gaizki har
Jaunaren zentzaldirik,
eta ez galdu kemenik,
Hark haserre egin dizuela-eta.
Jaunak, maite duena zentzarazten du,
eta semetzat daukana zigortzen.
Har ezazue hori zentzabiderako. Semeekin bezala ari da Jaungoiko zuekin.
Zentzabide guztiak orain pozgarri ez, baina mingarri dirudite; baina gero, haietan hezitakoei, fruitu baketsua ekartzen diete: zuzenbidea.
Jaso itzazue, beraz, esku eroriak eta belaun ahulduak; ibil zuzen zuen oinekin, herrena zainartatu ez dadin, sendatu baizik.

ALELUIA Ni naiz bidea, egia eta bizia –dio Jaunak-;


ez dihoa inor Aitarengana, nire bitartez baizik. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 13,22-30


Aldi hartan, ba zihoan Jesus, herri eta auzoetan barrena erakusten, Jerusalena bidean. Eta batek esan zion:
- ‘Jauna, gutxi al dira salbatzen direnak?’
Berak erantzun zien:
- “Saia zaitezte ate estutik sartzen; asko izango dira -Nik diotsuet- sartu nahiko dutenak, eta ezingo dira sartu. Etxeko jaunak jaiki eta atea ixten duenean, kanpoan geldituko zarete eta ate-joka hasiko, esanez: ‘Ireki iezaiguzu’. Eta Hark erantzungo dizue: “Ez dakit nortzuk zareten”. Orduan zuek honela hasiko zarete: ‘Guk Zurekin jan eta edan izan dugu, eta Zuk gure enparantzetan erakutsi izan duzu’. Baina Hark esango dizue.
“Ez dakit nortzuk zareten; alde Niregandik, gaizkileok!” Orduan izango da negarra eta hotz-karraska!
Abrahan, Isaak, Jakob eta profeta guztiak Jaungoikoaren erreinuan ikusiko bait dituzue, eta zuek handik kanpora bidaliak izango zarete. Etorriko dira gainera, sortaldetik eta sartaldetik, ipar aldetik eta hego aldetik, eta Jaungoikoaren erreinuko mahaian jarriko dira.
Eta begira: badira askenekoak, lehenengo izango direnak; eta ba dira lehenengoak, azkeneko izango direnak”.


Homiliak

Bidea! Bidea da fededunaren bizia zehazten eta markatzen duena. Beste guztiek, otoitzek eta ohiturek eta, Jesusen bidea jarraitzearen faltan, ez dute fededunaren izate-maila adierazten. Eliza, daraman bideak definitzen du.

Baina, zein da bide hori? Zer bidez ari gara? Jesusen bideaz, noski. Eta Jesusen bidea zein den jakiteko, gaurko Ebanjelio-zatiaren hasierak, berriro gogorarazi digu, badaezpada ere, ahaz ez dezagun. Jesus «Jerusalema bidean» dihoa. Eta Jerusalema igotzeak, Jesusentzat Aitaren borondatea gurutzean burutzea esan nahi du. Han hil egingo dute! Gure bidea, bide horixe berbera da, Aitaren borondatea azkeneraino burutzea. Eta borondate horixe adierazi nahi izan digu Jesusek, ate estutik sartzera gonbidatu gaituenean. Izan ere, Aitaren borondatearen bidea ez baitoa errazkeriatik, ez doa erosokeriatik..., horregatik da ate estua!

Jesusek garbi utzi du, hortik aurrerakoa ez dela kontu segurua. «Guk zurekin jan eta edan izan dugu, eta zuk gure enparantzetan irakatsi izan duzu». «Ez dakit nor zareten». Hitz hauek gogorrak gerta dakizkiguke, baina gure fede-bizierak non eta zertan oinarritu behar duen ikasi besterik ez daukagu. Ordu bete hartan, Jaunaren aurrean, ez digute beste etiketa eta tituluek balioko. Jaunaren bidea jarraitu baldin badugu, bide huraxe izango dugu zorion. Ez dugu, gainera, ahaztu behar, gizon-emakume guztiak izan direla Jesusen bide hau egitera deituak. Ez bakar batzuk. Ez zintzo batzuk. Ez honako hau eta beste hori bakarrik... Denak. Jaunak, gizon-emakume guztiak deitu nahi izan ditu bere dohainaren mahai oparora. Eta dei horren baldintza, bat bakarra da, Jesusen bidea onartzea. Hortik aurrerako baldintzak geuk asmatuak dira, eta, beraz, ez dute pertsonaren jokalegea bere onean neurtzen.

Horregatik, adiskide, zein ederrak diren lehenengo irakurgaiko agintzari zabal eta bihotz-handiko horiek. A zer unibertsalismoa eta a zer zabaltasuna darien esaldi horiei. «Banatorkizue herri eta hizkuntza guztiak biltzera; etorriko dira, eta ikusiko dute nere aintza». «Atzerri guztietatik ekarriak izango dira zuen senide guztiak Jerusalengo nere mendi santura». Esaldi hauek guztiek zerikusi gutxi dute gure ikuspegi estu eta klasifikatzaileekin! Mezakide lagun: inoiz jarri al zara pentsatzen susto dezenteak hartu behar ditugula Egun Handian? Halako eta halako zera zela pentsatzen genuen eta... Beste halako honela edo hala zebilela esaten zuten eta... Bai: Beste fededun askoz gain, «sortaldetik eta sartaldetik, ifar-aldetik eta hego-aldetik etorriko dira eta Jaunaren Erreinuko mahaian jarriko». Eta guk uste genituen azkenengo asko ea lehenengo gertatzen diren!

Dena den, entzule adiskide, hemen amenazu bat sumatzea ez da aski, hori ere kontuan hartzekoa da baina! Amenazu guztien gainetik, Jainkoaren Hitzari sekulako promesa dario, eta hori da onena. Betiko biziaren promesa! Askatasunaren promesa! Jaunaren mahaian biltzeko promesa zoragarria! Eta Jaunak denok bere bihotzaren ontasunera elkartu nahi gaitu. Eta horretarako bidea, badakigu dagoeneko. Jesusekin batera Aitaren borondatearen gailurrera igo nahi dugu. Eta gailur horretan zerbitzua eta maitasuna gailentzen dira. Bizia ematerainoko zerbitzua eta maitasuna bizi izan zituen Jesusek, eta hortxe daukagu hark jarri zigun marka. Gure apaltasunean eta ezerezean, baina bide berbera dugu eginkizun!

Zaila dela? Gogorra? Ezinezkoa? Beti sufritzen bizi behar ote dugu ba?! Ez da sufritzearen kontua! Baina, Jesusen bidetik sufritzen da, bai! Hebertarrei eginiko epistolak ederki asko argitzen du fededunaren sufrimendua. Besteen zerbitzuak eta besteei laguntzeak, batez ere beste horiek pobreak eta ezinduak direnean, gogorra ematen du eta halaxe da izan ere. Baina, gero, fruitu baketsua ekartzen du. Eta horrek balio du! Hori da Aitaren borondatearen bidea. Hori da eskatzen zaiguna. Askoz erosoagoa da, zer esanik ez!, otoitz batzuk egitea, betidanik fededun garela esatea, gure ohiturak oso txukunak direla agertzea... Baina...

Adiskidea, gaurko munduak bakarkeriara edo bakoitzak berea konpontzera eraman nahi gaitu. Bakoitzak ahal duen etekin gehien atera diezaiola bizitzari eta kitto! Guk ez dugu, ordea, bizimodu eta jokamolde hori onartzen! Guk, zaila izan edo erraza gertatu, Jaunaren bidea onartu eta adierazi nahi dugu. «Zoazte mundu guztira, eta hots egin Berri Ona». Horixe dugu eginkizun, horixe jaso dugun deia!

Nik ez dakit, fededun, zure ate estuak zer itxura duen: akaso sufrimendua, akaso gaixoaldia, akaso ohea, akaso ezbeharren bat, akaso gertukoren baten heriotza, akaso bakardadea, akaso baztertua izatea, akaso zure izen ona zikindu dizute, akaso zenbait zeure kontra daukazu... Gauza bat dakit jakin! Ate estu horietan zehar, Jaunaren borondatea besarkatzen baduzu, ez zaizkizula ate horiek ate itxiak gertatuko. Izango duzula bizia. Izango duzula, Jesusek bezalaxe, piztueraren poza eta edertasuna! Askotan horma pasaezineko gertatzen zaigun gaitza, aurrera egiteko bide bihurtzea da kontua! Jesusek bezalaxe, zuk ere bihotz sendoa behar duzu, aurrera egiten dakien bihotz tinkoa!

Goazen elkarrekin Eukaristiara! Beretzat izpirik gorde gabe, erabat emana bizi den horrekin bat egin dezagun. Eta ikusiko duzu: hark Jerusalema igotzen erakutsiko dizu. Eta mundu honetan azkena izatea tokatu baldin bazaizu ere, ez zaitu gurutze-bideak azken tokian utziko. Dena eman zuenaren maitasunak, eraman gaitzala dena emanik bizitzera!


Iñaki Beristain (2016-8-16)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 13, 22-30)

Ez dakit behar adina eskertzen dugun Ebanjelioaren lezioa eskura edukitzea! Jesus eta Erreinua ezagutzeaz gain –eta hori da inportanteena!–, bizitzarako ikasgai ederrak ere ematen dizkigu. Ikasgaiak, ez fede mailarako soilik, baita giza mailarako ere. Gaurko ebanjelio-zatiaren kasua kontuan hartzekoa da. Zer da aurrena eta zer azkena giza bizitzan? Zer da salbatzea edo hondatzea? Zer da apaltasuna eta zer da handikeria? Jesusen bide hauek, hain gizalegezkoak izanik, ez dira ohikoak gure bizitzan.

Askotan –gehiegitan, inolaz ere– fededun izatea praktika eta moralean oinarritu izan dugu, sakonera jo ordez. «Zurekin jan eta edan izan dugu eta zuk gure enparantzetan –gure elizetan– erakutsi izan duzu». Azaleko eskubideak. Jainkoarekiko eta Jesusekiko harremana betebehar batzuetara mugatu dugu, eta ahaztu egin gara fedearen sakontasuna ez dela betebeharretan jokatzen, harremanean baizik.

«Ez zaituztet ezagutzen». Esango baligu bezala: «Ez dakit nongoan zareten, zertan zabiltzaten; ez daukat zuen sakoneko sentimenduen berririk». Harremanaren ate estutik pasa behar da Jesusena izateko. Atea ez da estua zailtasunak jartzeagatik. Harremanaren herstura adierazten du ateak, azaletik sakonera dagoen ibilbide intimoa. Intimitatearen hersturan sartu behar da.

Eta harremanean jokatzen da lehenengo izan edo azkenengo izan. Izango dira –badira–, arauak eta gizarte-itxurak eta legeak eta bete ez dituztenak, baina bihotza irekitzen asmatu dutenak, eta horiek harremanak lehenengo egingo ditu. Eta esango dugu beharbada: «Horiek ez dira ni bezain zintzoak izan, ez dituzte legeak bete». Baina harremanak ematen du ordena, eta harremanaren maitasunak lehenengo egingo ditu Jainkoaren aurrean. Eta horrek eran­tzuten dio hasierako galderari: «Gutxi izango al dira salbatuko direnak?». Ez gara ari Jainkoaren azken orduko salbazioaz, Jesusekiko harremanaz baizik. Salbazioa hori da, harremana izatea. Eta horretarako bidea egitea da ezinbestekoa. Beste guztiak ez digu askotarako balio izango.

Nola dabil gure kristautasuna, gure sinesmena? Gure elkarteetan lantzen al da harremana edo betebehar eta ideia ba­tzuen gorabeheran konformatzen al gara? Eliz elkarteak azken aldian bizi omen duen itxura berriarekin konforma­tzen gara edo sakoneko berrialdia jorratzen ari gara? Gizartearen aurrean bestelako argazkia erakustea nahikotzat jotzen dugu ala jabetzen gara sakonean daukagula arazoa?

Gure eliz elkarteak ere egin izan ditu bere zerrendak, zein lehenengo, zein azken. Kontuz, batez ere, lehenengo ustean gabiltzanok. Jesusen Ebanjelioak susto handiak ematen ditu eta emango dizkigu. Barruko harremanak eusten ez badigu, beste ezerk ez digu zutik eutsiko. Eskemak aldatuak gelditu dira, zein aurrena, zein azkena.


Iñaki Beristain (2013-8-22)

(Igandeko ebanjelioa: Lk 13, 22-30)Gizakiok asko maite dugu geroko zoriaz ezbaian jardutea. «Asko al dira salbatzen direnak?». Eztabaida horretan, batzuek, kontserbadoreenek, esango dizute zaila dela salbatzea, beti esan izan den bezala, eta asko direla kondenatzen direnak.Beste batzuek, «aurreratuek», esango dizute hori ez dela horrela. Ez dela posible eta bidezkoa inor kondenatzea. Jainkoak, Aita izanik, ezin dezakeela inondik inora inor kondenatu, nahiz eta gizakia gaizki portatu izan. Eta, seguru asko, bi jarrera ertzeko horien tartean, jarrera gehiago ere izango da, jarrera zehaztuagorik.Nolanahi ere, zenbat kostatzen zaigun ulertzea, Jesus ez dagoela gaurko ebanjelio-pasartean, geroko salbazioari begira, betirako salbazio edo kondenazioari begira. Jesusek orainari begiratzen dio batik bat: zenbatek bizi dute gaur Erreinuaren esperientzia? Zenbat gizon edo emakumek irekitzen dio bere barrua Jesusek dakarren Berri Onari? Zenbati iristen zaio Erreinua? Nork jasotzen du Erreinua onartzearen poza? Hau da galdera erabakiorra.Jesusek Erreinua eskaini, denei eskaintzen die. Ez dio inori ukatu dohain hori. Baina hori bezain egia da, Erreinua ez zaiela iristen bataiatu guztiei edo igandero mezetara dihoazen guztiei edo Jainkoaren aginduak ondo betetzen dituztela esaten duten guztiei edo Elizaren pentsamoldea onartzen eta babesten dutela aitor­tzen duten guztiei. Denok ulertzen dugu, badagoela hor zerbait: ez da berdin mandamentuak betetzea eta Ebanjelioaren erregalu pozgarria jasotzea; ez da berdin zintzoa izatea eta Ebanjelioaren alaitasuna eta askatasuna bizitzea; ez da berdin elizara joatea eta Jesusek ematen duen bizi betea dastatzea. Ez da gauza bera!Eta hortik galdera sortzen da, galdera dramatikoa: zergatik elizkoi askok ez du ulertzen Erreinua? Zergatik «zintzo» askok ez du ulertzen Erreinua? Zergatik ez zaio Erreinuari antzematen gure elizetan ere?Eta erantzuna bilatzen hasita, garbi dago, ulertzen ez badute ez dela ulerkaitza delako edo buruz ondo jantzia egon behar delako edo ideiak aldatu direlako edo... Bihotzaren jarreran jokatzen da Erreinuaren argia. Gaur askotxok ulertzen ez badu, Ebanjelioan agertzen den arazo berberagatik da: eskubidea daukatela uste dutelako, beren portaera eta elizkoitasuna Erreinua erosteko txartel bezala bizi dituztelako. Beren zintzotasunari Erreinua zor zaiola uste dutelako.Egia esate aldera, eskubide-txartel gehiegi erabili izan dugu eta erabiltzen dugu gure kristau-bizieran. Batek pentsa dezake, jaio den tokian jaiotzeagatik bere fedearen konpromisoa bete samartu duela; beste batek pentsa dezake, txikitan ikasitako agindu eta arauak betez gero, gehiena egina dagoela; besteak pentsa dezake, ideia jakin batzuen alde edo kontra azaltzea (abortoaren kontra, erlijioa eskoletan irakastearen alde...), fedearen muina ukitu duela. Eta horrelakoak asko, gehiegi!Baina, kontua besterik da! Fedeak eta kristau izateak, lotura afektiboa eskatzen dute, oinarriko aukera. Eta hori da nonbait, Jesusek «ate estua» deitzen duena. Horretatik sartu behar. Azalekoak utzi azalean, eta sakoneko lotura, barru-barruko aukera, bihotz barruko konpromisoa. Horrek jartzen gaitu Erreinuaren sintonian. Horrek ematen digu Erreinuari antzemateko sena. Fedea neuretu egin behar, pertsonalizatu, biziratu, afekta­tzen didan sentipen bihurtu. Beste guztiak Erreinutik kanpo gelditzeko txartelak dira.Eta kuriosoa da: lotura pertsonalaren ate estu hori, askatasunezko ate zabal gertatzen da. Erreinuak zerumuga berriak irekitzen dizkizu. Eta Erreinuaren sintonia hurbilekoan, betiko biziaren ziurtasuna sartzen zaizu bihotzean. Eta orduan badakizu salbatua zaudela, Erreinuak ukitu zaituelako. Zorioneko ate estua!


Iñaki Beristain (2016-8-16)