EGUBERRI ONDORENGO II IGANDEA
C zikloaSiraken liburutik 24,1-4.12-16
Jakinduriak bere burua goresten du,
bere herriaren erdian aintzaz betetzen da.
Goi-goikoaren batzarrean bere ahoa irekitzen du,
eta Haren indardunen aurrean aintzaz betetzen da.
Bere herriaren erdian goratua izango da,
eta santuen batzar osoak ospe emango dio;
aukeratuen taldeek gorespenak emango dizkiote
eta bedeinkatua izango da bedeinkatuen artean.
Orduan, guztien egileak agindu zidan,
ni sortu ninduenak, etxola eraiki zidan,
eta esan: “Jakobenean bizi zaitez,
eta Israel izan bedi zure ondare”.
Hasieran, gizaldiak baino lehenagotik sortu ninduen,
eta inoiz ere ez dut amairik izango.
Etxola santuan, Haren aurrean egin dut serbitzu,
eta Sionen ipini dit bizitoki;
Hiri santuan eman dit atseden,
eta Jerusalemen dago nere agintaritza.
Izen haundiko herrian bota ditut sustraiak,
Jaunaren ondarean, Haren lurrean.
ERANTZUN-SALMOA 147
HITZA HARAGI EGIN ZAIGU.
GUREAN HAREN BIZILEKU.
Jerusalem, ospa ezazu Jauna,
Sion, goretsazu zure Jainkoa.
Zure ateen sarrailak indartu baititu,
zure seme-alabak zure barnean bedeinkatu ditu.
Zure mugetan bakea ezarri baitu,
gari-mamiz ase zaitu.
bidaltzen du lurrera bere mintzoa,
eta Haren hitza bizkor eta arin doa.
San Paulo Apostoluak Efesoarrei 1,3-6.11-12
Bedeinkatua izan bedi Jainkoa,
Jesu Kristo gure Jaunaren Aita,
Espirituaren era guztietako bedeinkapenez,
zeruan Kristogan bedeinkatu gaituena.
Harengan aukeratu bait gintuen,
mundua sortu baino lehen,
bere aurrean, maitasunez,
santu eta errugabe izan gaitezen.
Aurrez aukeratu gintuen bere semeorde izateko,
Jesu Kristoren bidez,
bere nahiaren onberatasunez;
bere Seme maitearengan
hain ugari eman digun graziaren aintzak
Bera gorespenez bete dezan.
Horregatik, Jesus Jaunagan duzuen sinestea, eta santu guztienganako daukazuen maitasuna entzunda, etengabe ari naiz zuengatik eskerrak ematen, nire otoitzetan zuetaz oroituz. Jesu Kristo gure Jaunaren Jaungoikoak, aintzaren Aitak, eman diezaizuela jakinduriazko eta goi-argizko espiritua, Bera ezagutzeko. Argi bitza zuen bihotzeko begiak, horrela jakin dezazuen, nolakoa den Haren deiaren itxaropena, nolakoak Haren aintzaren aberastasunak, berak santuei oinordekotzan emanak.
ALELUIA Aintza Zuri, Kristo, hots egina izan baitzara atzerriei.
Aintza Zuri, Kristo, sinestua izan baitzara munduan. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 1,1-18
Hasieran ba zen Hitza;
eta Hitza Jaungoikoarekin zen;
eta Jaungoiko zen Hitza.
Hitz hau hasieran Jaungoikoarekin zen.
Dena Hitzaren bidez egina da;
eta egindakoetan ez da ezer Hura gabe eginik.
Harengan zen bizia.
Eta bizia gizonen argia zen.
Argiak ilunbetan argi egiten du;
baina ilunak Hura ez zuen onartu.
[Agertu zen gizon bat, Jaungoikoak bidalia: Joan zuen izena. Aitormenerako etorria zen: argiaren aitormen egitera, haren bidez sinets zezaten. Bera ez zen argia, argiaren aitormen egin behar zuena baizik.]
Hitza zen, mundura etorritako gizon oro
argitzen duen egiazko argia.
Munduan zegoen;
eta mundua Haren bidez egina da;
baina munduak ez zuen ezagutu.
Bereetara etorri zen,
eta bereek ez zuten onartu.
Onartu zuten guztiei, berriz,
Jaungoikoaren seme-alaba izateko eskubidea eman zien,
Haren izenean sinesten badute.
Hauek ez dira odoletik sortu,
ez haragiaren nahieratik,
ezta gizonaren nahieratik ere;
Jaungoikoarengandik baizik.
Eta Hitza haragi egin zen,
eta gure artean jarri zuen bizilekua;
eta geuk ikusi dugu Haren aintza,
Aitaren Seme bakarrari dagokion aintza,
graziaz eta egiaz betea.
[Joanek Hartaz egiten zuen aitormen, oihuka esanez: - ‘Hau zen, nik esan nizuen Hura: Nire ondoren datorrena nire aurrean jarria izan da, ni baino lehenagokoa bait zen’. Eta Haren betearen betetik, grazia graziaren gain hartu dugu guztiok. Legea Moisesen bidez emana izan da; grazia eta egia, berriz, Jesu Kristoren bidez etorri dira. Jaungoikoa ez du inork ikusi; Aitaren altzoan dagoen Seme bakkarak eman digu Haren berri.]
Homiliak
Senide maiteok: oraindik ere, liturgiari jarraituz ohartuko zinetenez, Eguberritako misterioa ospatzen ari gara. Eta gaurko igande honek misterio bera sakontzera garamatza. Misterioa badakizue zein den: Jainkoaren Semea gizon egin da gure salbamenerako. Giza-haragiz jantzi da, gu Jainkoaren seme bihur gaitezen.
Baina, begira gaurkoan, misterio bera adierazteko, zein bide ederra eta argigarria darabilan liturgiak: Jainkoaren HITZA gizon egin da. Jainkoaren JAKINDURIA mundura jaitsi da. Eguberritako misterioa, beraz, gaur Jainkoak munduari esaten dion HITZ JAKINTSUA litzateke. Israeldarrentzat, aspaldi hartan, Jainkoaren borondatea ezagutzea, benetan pozbide haundia zen. Legearen bidez eta profeten bidez eta, Jainkoa ezagutzen zuten. Eta Jainkoak berak haien artean bizi nahi izan zuen. Eta hori zuten harrotasun sano eta paregabea juduek! Eta, hala ere (guk ongi dakigu), haiei aditzera eman zitzaiena ez zen Jainkoaren ezagupide betea.
Gaur Jainkoak ez digu bere nolanahiko ezagupidea eman. Semea dugu Aitaren agerpide. Jainkoak bere buruaren adierazpena Semearengan egin digu. Horretatik diogu: Eguberritako misterioan gureganatzen dena, Aitaren HITZA dela. Jesus horrengan erakutsi bait digu Jainkoak bere izatea. San Joanen esan du: “Hasieran bazen Hitza. Hitza Jainkoarekin zen eta Jainko zen. Eta Hitza haragi egin zen. Alegia, entzule: Jainkoa bera eman zaigu ezagutzera Jesusengan, Jesus bait da Jainkoa esplikatu digun HITZA. Jesus da Jainko Aitaz dakiena, Aitaren JAKINDURIA. Eta jakite hori, JAKINDURIA hori, munduari eman zaio. Horra misterio pozgarria.
Pozgarria zergatik? Zergatik izango da ba? San Joanek esan duenarengatik: “Hitzarengan zegoen bizia. Eta Hura onartu zutenei, Jainkoaren seme-alaba izateko eskubidea eman zitzaien". Ikaragarria da, gero, hau! Jainkoa ezagutzen dugu. Beraren bihotza zulatua geratu da Jesusengan, bihotz horretan geure izate berria, Jainkoaren gurekiko asmoak ezagutu ditzagun. Jesus da, egiaz, Aitaren JAKINDURIA! Aita nor den eta nolakoa den adierazten digun HITZ betea!
Hitz honen, Jakinduria honen, aurrean, bi postura har daitezke: bata, alde batera baztertzearen postura. San Joanek hitz ospelez margotu du jarrera beldurgarri hori: “Argiak ilunbetan argi egiten du; baina ilunak Hura ez zuen onartu. Munduan zegoen; eta mundua Haren bidez egina da; baina munduak ez zuen ezagutu. Bereetara etorri zen eta bereek ez zuten onartu”. Hitz ikaragarri hauek gure munduko postura zenbait biltzen dute. Zer derizkiozu: gaurko munduarentzat garrantzi haundia duela Aita ezagutzeak? Gaurko gure munduak (gertukoak) jaramonik egiten ote dio Aitak bidali digun bere argiari? Ez ote ditu ilunbeak maiteago?
Gure munduak agian beste bide batzuk nahiago ditu. Zer gertatzen zaie, zer ematen zaie, argiari bihotza zabaltzen diotenei? Aitaren ezagupideak zer nolako bizibidea sortzen du fededunengan? Nik ez dut uste gaurko bigarren irakurgaia bezalako azterketa bikain eta dotorerik eman daitekeenik!
Jesusengan, Aitaren bihotz-barrura sartu gara. Eta han, bihotz hartan, Aitaren asmoak ezagutu ditugu. Bihotz horretan geure izatearen neurriak ematen zaizkigu. Aitaren bihotzean dago gure izatearen argia eta haunditasuna. San Paulok esan du: “Bedeinkatua izan bedi Jainkoa, Espirituaren era guztietako bedeinkapenez Kristogan bedeinkatu gaituena”. Kristorengan erabat bedeinkatuak, on-etsiak, on-iritziak izan gara. Eta bedeinkazio hori zertan zehazten den? Entzun: “Mundua sortu baino lehen aukeratu gintuen”. Ez gara halabehar edo Isualitate baten seme-alaba. Ez gara zoritxarraren seme-alaba. Ez, jauna! Jainkoak betidanik pentsatu gaitu. Zertarako egin gaitu ba? “Bere aurrean, maitasunez, santu eta errugabe izan gaitezen”. Santutasuna, Jainkoaren izatean parte izatea, da gure bokazioa. Ez gara geure egite narratsen seme-alaba, Jainkoaren dohainak santutzen gaituen errugabeko baizik. Eta hori guztia beste esaldi honetan biltzen da: “Aurrez aukeratu gintuen bere seme-orde izateko”. Jainkoaren ontasunak, Jainkoaren onberatasunak, era honetan edertu gaitu. Eta orain gure bokazioa benetan goikoa da: Aitari aintza emanez, edertasunaren goi-maila semetarra bizitzea.
Ederra, ez da? Guk, Eguberritako misterioa ezagutu dugunok, Aitaren bihotza zabalik ikusi dugu. Aitak bere HITZA esan digu Jesusengan. Eta Jesus den HITZ hori entzutean, JAKINTSU bihurtu gara. Jendea beste zera batzutan zertuta dabilela? Dabilela!
Jesusen ezagupen hori ez lortzea, gehiegi galtzea da gure ustez. Guk, merezi gabe ezagutu dugunok, ezaguera hori indartu eta berriztatu egin nahi dugu Eukaristian. Munduko eguneroko bizitzan hain errez makurtzen zaigu bihotza beste gauzetara! Eguberritako misterioak argitara garamatza. Eukaristia hau izan dadila guretzat goiko HITZA entzuteko bide. Eukaristia honek egin gaitzala JAkINTSU! Eta, horrela, gure herri-bizitzan ezaguera berri horren aztarrena eman ahal izango dugu.
Eukaristia honetan, bedeinka dezagun “era guztietako bedeinkapenez bedeinkatu gaituen Jesukristoren Aita”.
Iñaki Beristain (2015-12-31)
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.