JAUNAREN JAIOTZA
C zikloaBezperako Eukaristia
Sarrerako antifona
Gaur jakingo duzue Jauna ba datorrela gu salbatzera, eta bihar ikusiko duzue Haren aintza.
Kolekta otoitza
Jainko Jauna, urtero pozten gaituzu
gure erospenaren itxaropenaz;
iguzu, salbatzaile bezala
pozik hartzen dugun zure Seme maitea,
beldurrik gabe ikus dezagula,
epaile bezala etorriko denean.
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta errege bizi bait da
gizaldi eta gizaldietan. AMEN.
Isaias Profetaren liburutik Is, 62,1-5
Sionen maitez ez naiz isilduko,
Jerusalemen maitez ez naiz geldi egongo;
Haren zuzentasuna diztira bezala argituko den arte,
Haren salbamena zuzia bezala piztuko den arte.
Ikusiko dute herriek zure zuzentasuna,
erregeek zure ospea;
izen berria ezarriko zaizu,
Jaunaren ahoak emana.
Koroa eder izango zara Jaunaren eskuan,
errege-burestun zure Jainkoaren eskuan.
Ez dizute berriz deituko ‘Utzia’,
ezta zure lurraldeari ere ‘Hondamendia’.
“Nire atsegina” deituko dizute zuri,
eta “Senarduna” zure lurraldeari.
Atsegin izango baitu zuregan Jaunak,
eta senarduna izango da zure lurraldea.
Mutil gaztea neskatxarekin ezkontzen den bezala,
zure eraikilea zurekin ezkonduko da;
senarrak emaztearekin hartzen duen poza,
zurekin hartuko du zure Jainkoak.
ERANTZUN-SALMOA 88
JAUNA, ZURE MAITASUNA ABESTUKO DUT
BETIREN BETI
Elkargo egin dut neure hautatuarekin
Dabid neure morroiari egin nion zin:
“Betiko sendotuko dut zure hazia,
menderen mende eraikiko zure aulkia”.
Berak deituko nau: ‘Zu zaitut Aita,
ene Jainko, nere salbamenaren Harkaitza’.
Gordeko diot beti neure maitasuna,
zintzo edukiko egin nion ituna.
Apostoluen Eginetatik Ap Eg 13,16-17.22-25
Egun haietan, Paulo Pisidiako Antiokiara iritsi zenean, hango sinagogan zutiturik eta isiltzeko keinu eginda, honela hitz egin zien:
- ‘Israeldarrok eta Jainkoaren beldur zaretenok, entzun: Israel-herri honen Jainkoak gure aurrekoak aukeratu zituen, eta herria ugaritu zuen, Ejipton arrotz zirelarik, eta bere besoaren indar haundiaz atera zituen handik.
Hau kenduta, Dabid eman zien errege, harentzat aitormen hau eginez: “Aurkitu dut Dabid, Jeseren semea, nere gogoko gizona, nere agindu guztiak beteko dituena”.
Hitz emana zeukanez, honen hazitik atera zion Jainkoak Israeli Salbatzailea, Jesus. Berau etorri baino lehen, Joanek bihotz-berritzeko bataioa hots egin zion Israel-herri osoari. Eta bere bizia bukatzera zihoanean, honela zioen Joanek: ‘Ez naiz ni, zuek uste duzuena; badator nire ondoren beste bat, eta ni ez naiz inor Haren oinetakoak askatzeko ere’.
ALELUIA Bihar ezereztua izango da
lurraren gaiztakeria. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 1,18-25
Jesu Kristoren jaiotzea honela gertatu zen: Jesusen ama Maria, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoelarik, elkarrekin bizi izan baino lehen, haurdun aurkitu zen Espiritu Santuaren egitez. Haren senar Josek, gizon zintzoa bait zen, eta ez bait zuen bere emaztea salatu nahi, isilka utzi eta joatea erabaki zuen. Baina, asmo hori gogoan zerabilkiela, Jaungoikoaren aingerua ametsetan azaldu zitzaion, eta esan zion:
“Dabiden seme Jose: ez izan beldurrik, Maria, zure emaztea, etxean hartzeko, sabelean daraman haurra, Espiritu Santuarengandik bait dator. Semea izango du, eta zuk ‘Jesus’ ezarriko diozu izen, Horrek salbatuko bait du bere herria bekatuetatik”.
Guzti hau gertatu zen, Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin:
Begira, birjinak sabelean sortu eta semea izango du eta ‘Emmanuel’ ezarriko diote izen, hau da, ‘Jaungoikoa gurekin’.
Josek, lotatik esnatu zenean, Jaunaren aingeruak agindu bezala egin zuen, eta bere etxean hartu zuen emaztea. Eta elkarrekin harremanik izan gabe, Mariak semea izan zuen. Eta Josek Jesus ezarri zion izen.
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.