PENTEKOSTES IGANDEA

C zikloa

Eguneko Eukaristia


Apostoluen Eginetatik 2,1-11
Iritsi zen Pentekostes eguna, eta ikasle guztiak elkarrekin leku berean bildurik zeuden: bat-batean, zerutik hots bat etorri zen, haize-bolada indartsu batena bezalakoa, eta haiek zeuden etxe dena bete zuen. Suzkoak bezalako mihi batzuk agertu zitzaizkien; banatu ziren hauek eta bakoitzaren gainean gelditu. Guztiak Espiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzetan mintzatzen hasi, bakoitzari Espirituak ematen zion bezala.
Bazen egun haietan Jerusalenen judutar jainkozalerik asko, zerupean diren herri guztietakoak. Hots hura entzun zenean, jendetza haundia bildu zen eta harriturik gelditu, norberaren hizkuntzan mintzo zirela entzunda. Harri eta zur eginik, honela zioten:
- ‘Ez al dira, bada, galilearrak, hizketan ari diren guzti horiek? Nola entzuten diegu, bada, bakoitzak geure jatorriko hizkuntzan? Gure artean badaude partiarrak, mediarrak, elamdarrak; badaude Mesopotamian, Judean, Kapadozian, Ponton, Asian, Frigian, Panfilian, Ejipton eta Zirene ondoko Libian bizi direnak; badaude erromatarrak, judutarrak eta proselitoak, greziarrak eta arabiarrak; eta denok geure hizkuntzan entzuten diegu Jaungoikoaren mirariak adierazten’.

ERANTZUN-SALMOA 103


ZURE ARNASA BIDAL GUGANA
TA LUR-AZALA BERRITU, JAUNA.
Ene arima, goretsazu Jauna!
Guztiz haundi zaitut, Jauna, ene Jainkoa!
Bai ugari direla, Jauna, Zuk eginak,
zuhurtasunez eginak zeharo,
lurra zure sorkariz betea dago!
Aurpegia gordetzen baduzu, ikara dira,
arnasa kentzen badiezu, hiltzen,
beren hautsetara bihurtzen.
Zure arnasa bidaltzen baduzu,
izatea ematen diezu;
lur-azala berriarazten duzu.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Ko 12,3-7;12-13


Senideok: Ezin dezake inork esan: ‘Jauna da Jesus!’ Espiritu Santuak eraginez izan ezik.
Era askotakoak dira dohainak, baina bat-bera Espiritua; era askotakoak serbitzuak, baina bat-bera Jauna; era askotakoak eginbideak, baina bat-bera guztiengan dena egiten duen Jaungoikoa. Bakoitzari guztien onerako ematen zaio Espirituaren agerpena.
Gorputza bat izanik ere, atal asko dituen bezala, eta gorputzeko atal guztiak, asko izanik ere, gorputz bat diren bezala, berdin Kristo ere. Gu guztiok –judutar nahiz greziar, menpeko nahiz askatu- Espiritu berberarengan bataiatuak izan gara, gorputz bat bakarra izateko. Eta guztiok Espiritu bakarretik edan dugu.

ALELUIA Zatoz, Espiritu Santu!


Bete itzazu zure fededunen bihotzak,
eta biztu haiengan zure maite-sua. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 20,19-23


Astearen lehenengo eguneko ilunabarrean, etxe batetan bildurik zeuden ikasleak, ateak itxita, judutarren beldurrez. Sartu zen Jesus eta, haien erdian zutik, esan zien:
- “Bakea zuekin”.
Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Eta ikasleak pozez beterik gelditu ziren, Jauna ikustean.
Jesusek berriro:
- “Bakea zuekin. Aitak Ni bidali nauen bezala, Nik ere bidaltzen zaituztet zuek”.
Eta hori esanez, haizeman zuen haien gainera, eta esan zien:
- “Har ezazue Espiritu Santua: zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei, barkatuak gelditzen zaizkie; eta lotzen dizkiezuenei, lotuak gelditzen zaizkie”.

(C urtean ondorengo irakurgaiak egin daitezke)


San Paulo Apostoluak Erromatarrei 8,8-17
Senideok: Haragiaren menpean aurkitzen direnak, ezin daitezke izan gogoko Jaungoikoari.
Zuek, ordea, ez zarete haragiaren menpean aurkitzen, Espirituaren menpean baizik, Jaungoikoaren Espiritua zuengan bizi bait da. Norbaitek Kristoren Espiritua ez badu, hori ez da Kristorena. Kristo zuengan badago, ordea, gorputza hila dago bekatuarengatik; espiritua, berriz, bizirik zuzentasunarengatik. Jesus hilen artetik biztu zuenaren Espiritua zuengan bizi bada, Jesus hilen artetik biztu zuenak, bizieraziko ditu zuen gorputz hilkorrak ere, zuengan bizi den bere Espirituaren bitartez.
Zorretan gaude, baina ez haragiarekin, haragi-erara bizi izateko. Haragi-erara bizi bazarete, hilko zarete; baina Espirituarekin gorputzaren egiteak hil erazten badituzue, biziko zarete. Jaungoikoaren Espirituak darabilzkianak, haietxek dira Jaungoikoaren seme. Ez duzue hartu morrontzarako espiritua, berriz ere beldurrean erortzeko; semetzarako espiritua hartu duzue, eta Horrek hotsegin erazten digu: Abba! Aita! Espiritu horrek gure espirituarekin batera aitortzen du, Jaungoikoaren seme garela. Eta seme bagara, baita oinordeko ere; Jaungoikoaren oinordeko, eta Kristoren oinordekide; nekeetan Haren kideko baldin bagara, aintzan ere Haren kideko izan gaitezen.
SEKUENTZIA
1. Zatoz, bai, Gogo Guren,
eta bidal zerutik
zure argi izpia,
Zatoz, gaisoen aita,
zatoz, dohain emaile
zatoz, bihotzen argi.
2. Poz-emaile bikaina
etxelagun atsegin,
sargorian haize pin.
Lan artean atseden,
nekean aringarri,
malkoetan pozgarri.
3. Bete, argi dohatsu,
zintzoen bihotzeko
zirrikiturik barnena.
Zure laguntza gabe
ez du gizonak ezer,
ez du ezer on denik.
4. Garbi, zikin dagoena,
busti, lehor dagoena,
zauriak oro senda.
Zurrun dena bigundu,
makur dena zuzendu,
hotz dagoena berotu.
5. Zugan uste on duten
zintzoeri isuri
zazpi dohain zerutik.
Zintzo-saria eman,
osasun hil artean,
poza betierean.
Amen. Aleluia.

ALELUIA Zatoz, Espiritu Santu!


Bete itzazu zure fededunen bihotzak,
eta biztu haiengan zure maite-sua. ALELUIA.

Homiliak

Adiskideok: Pazkoaren betetasuna ospatzen ari gara Espirituaren ekintza askatzailean. Berrogeita hamar egunen buruan esan dezakegu Misterioaren edertasun betea eman zaigula. Esan dezakegu Jainkoak bete-betean maitatu gaituela. Esan dezakegu dena berria dela Espirituaren begirada berrian. Eta pozik ari gara ospakizunean. Pozik gaude.

Espiritua, esaten dugu. Espirituak ez dauka «aurpegirik», baina berak ematen die aurpegia errealitate guztiei. Espirituak «aurpegia» ipintzen dio Jainko Aitari, lehen maitasunaren aurpegia, errukizko eta harrera onezko aurpegia, «mundua hainbat maite izan duen» aurpegia. Espirituak Jainkoaren esperientzia itsasten digu bihotzetan. Gaur, zorionez, Jainkoa ezagutzen dugu.

Espirituak ematen dio «aurpegia» Jesus berpiztuari. Espirituak sumarazten digu Jesusen jarduera askatzailea. Espirituak itsasten digu bihotzean «Zoriontasunen» ibilbidea. Espirituak ematen digu Jesusen maitasuna, pobreak askatzeko, baztertuak jasotzeko, tristeak pozteko, gaixoak sendatzeko, bakarrik daudenak maitatzeko. Espirituak egiten gaitu Jesusen segizioan leial. Espirituaren eraginak Jesusen proiektua mamitzera garamatza.

Espirituak ez baitauka «aurpegirik», sinboloaren erabilpena ugaltzen da gaurko irakurgaietan. Mihiak, sua, hizkuntzak, ulermen berria. Dohainen ugaritasuna, aniztasunean batasuna, batasunean aniztasuna, gorputz bat atal asko, ekintza asko guztien on bakarra, izaera asko Espiritu bakarra. Sinbolo hauetako bakoitzak Espirituaren alderdi bat argitzen digu. Irudiek bilatzen dutena ez da Espiritua zer den adieraztea, Espirituak zer egiten duen eta nola jokatzen duen adieraztea baino.

Sinbologiak, ordea, dena azal hutsean bil dezake. Hori da arriskua. Azal hutsean ez geratzeko, behar dena «esperientzia» da, Espirituaren eragina barnean bizitzea. Esperientzia hori ezin daiteke beste ezerekin ordezkatu. Espirituaren eragina barruan bizi ez duenak, ez du sinetsiko Espiritua badenik eta ezer egiten duenik.

Nolanahi ere, eta esperientzia pertsonalaren beharraz jabeturik, gaurko festaburuak misioaz hitz egiten du batik bat. Pazko eguneko mezu berak mundura bidaltzen gaitu ikasle guztiok. Bakea eman eta gure kokalekua mundua dela adierazten digu. «Aitak ni bidali nauen bezala, hala bidaltzen zaituztet zuek». Eta bidaltze hori Espirituaren dohainetan gertatzen da: «Hartzazue Espiritu Santua».

Misioa, jakin bai baitakigu gure bizia dagoeneko ez dela gurea. Gure bizia Jainkoaren eskuetan utzi dugu eta gizaki bakoitzaren bidera ateratzen gara, ez hari ezer ezartzeko, baizik Jainkoaren egintzari lekua egiteko. Misioa, Ebanjelioak barrutik erre egiten gaituelako; baina ez da dena erretzeko sua, zerbitzurako grina baizik. Misioa, eguneroko eginkizun txikienak Aitarekiko menpetasun libre bihurtuz. Ez daukagu gauza handiak egin beharrik, ezta gauzak espiritualizatu beharrik ere. Baizik, kontua da egiten dugun txikienari sakontasuna eta kalitatea ematea. Misioa, maitasuna geldiarazi ezin den indarra delako eta mundua aldatzera garamatzan indarra delako. Misioa, nahiz lana egin nahiz otoitz egin; inportantea ez baita zer egiten den, baizik Espirituaren eskuetan bizitzea.

Gauza handiak, benetan! Baina desioaren hego hutsaletan amets egin gabe. Eta gure bizitza txikiaren araberako asperduran lo hartu gabe. Kontua da «misioan bizitzea». Gure bizitza osoa, errealismoz, misio bihurtzea. Espirituaren eskuetan gaudela sinestea.

Gaur burutzen dugu Pazkoa. Zer aldatu da gure bizitzan Garizuman sartu ginenetik eta hona iritsi garen bitartean? Pazko-ospakizunak izan ahal du presentziarik gure bizitzan? Utzi dezagun Espirituaren eraginaren eskuetan gure guztia.


Iñaki Beristain (2016-5-12)



Beti bidean, beti bila

 (Igandeko ebanjelioa: Jn 20, 19-23)

Babel eta Mendekoste, aurrez aurre. Bi bizi-molde dira. Geure asmoak edo Jainkoarenak. Jainkoari azken hitza uztea edo norberak bere bizitza gidatu nahi izatea. Eta hauek ez dira aspaldiko garai haietako moldeak eta arriskuak, gaurkoak eta gureak baizik. Hizkuntza bera mintzatu eta ezin ulertu; edo hizkera desberdinak mintzatu arren, elkar ulertu. Batasuna eta elkartasuna; edo zatiketa eta banaketa. Mendekoste edo Babel.

Mendekoste Pazkoa da. Mendekoste, Pazkoa bezala, «astearen lehenengo eguneko ilunabarrean» gertatzen da. Pazkoko Mendekostek ateak irekitzen ditu eta hormak botatzen, beldurra uxatuz. Eta Pazkoko Mendekostek bakea dakar, pozaren bakea eta bakearen poza.

«Har ezaze Espiritu Santua». Hau da promesa eta hau eskaintza. Orain, Jesus joan zaienean, haren Espiritua gelditzen zaie. Eta Espiritu honek eramango ditu ikasleak Jesusen bidetik segizioan. Espiritu honek egingo ditu ebanjelizatzaile. Berak emango die Erreinuaren lana burutzeko behar duten guztia.

Aurrena, beldurra kenduko die. Ixturaren hormak bota eta mundua bihurtuko zaie bizileku. Asisko Frantziskok esaten zuena, «mundu osoa da gure klaustroa». Gaurko Elizaren beldurrak uxa ditzake Espiritu honek. Gure blokeoak hautsi ditzake eta mundura atera gaitzake. «Bidaltzen zaituztet».

Hizkera berria ematen digu Espirituak. Denek ulertzekoa, biziaren hitza jarri baitzaigu ahoan eta bihotzean. Harremana bizitzea galerazten duen oro botako du Espiritu honek, eta denek ulertzeko bideak urratuko ditu gure inguruan. Erreinuaren hitzak ondo ulertzen ditu giza bihotzak.

Mendekostek sentiduaren aurrez aurre jartzen gaitu. Zertan gabiltza? Zer izan eta egin nahi dugu? Gure Elizak zein bide hartu ditu eta hartu nahi ditu. Espirituari utziko al diogu bere lana egiten, bere bideak urratzen, bere asmoak betetzen? Hainbeste gauza erori zaigu! Hainbeste bide itxi dugu! Espirituaren suak dena berri egin dezake, gure aukera zaharrak bere sutan errez. Bakoitzarengan biziera berriaren sua piztuko da. Eta Erreinuaren eskaintza eramanez kalera aterako gara. «Bekatuaren barkazioa» eramango dugu. Lotura guztien askapena eramango dugu. Eta Pazkoaren betetasuna gertaraziko dugu.

Gure Elizak ba al du itxaropenik Mendekostez? Aitasantu Frantziskoren haize berriak ilusioa sortu digu. Gaur Espirituaren haize berriak sortzen al digu ilusiorik? Sinesten al dugu Mendekoste? Espirituak beti aurrera eragiten du, ez atzera. Elizan sinestea ez da erraza, eta hala ere Espirituak ematen dio arima Elizari. Eta Elizaren elkarte horretan egin gara sinestun. Dena ilun ikusten dugunean, dena horma sentitzen dugunean, dena ezintasun sumatzen dugunean, dena erori zaigunean, Espirituaren haize berriak jo du. Eta dena berritu da!


Iñaki Beristain (2013-5-18)

(Igandeko ebanjelioa: Jn 20, 19-23)Mendekoste egunak burutzen digu Pazkoa. Jesus berpiztuak Espiritu Santua ematen digu, eta Elizak har­tzen du Jesusen ekintza askatzailea munduan mamitzeko eginkizuna eta enkargua. Espirituak, Elizaren orduari hasiera emateaz gain, Jesusen presentzia ziurtatzen du gure artean. Bakezko presentzia eta barkaziozko presentzia. Fededunontzat egiazko oxigenoa da Espiritua.Hartu duen eginkizuna handia baita Elizarentzat, eliztarrentzat. Handiegia. Jesusek azaldu eta eman digun ekintza askatzailea gaur egungo gizartean bideratzea, hori gehiegizkoa iruditzen zaigu. Eta, hala ere, horretara izan gara bidaliak. Esan balitzaigu bezala: Jesusek guregana ekarri duena gizon-emakumeengan gertaraztea zeuon esku daukazue. Eta gure gizartearen norabideak ezaguturik, badakigu gehiegizkoa dela eman zaigun eta hartu dugun egitekoa. Zein da egitekoa?«Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet». Bakea eman zaigu, bakea egin dezagun. Bakea mamitzeko enkargua daukagu. Eta, bakea egin ezinik, nekaturik ere bagabiltza. Gure bakeari kantzer larria eta sakona zabaldu zaio, eta bake-faltak gure egiturak hartu dizkigu.Politika, kultura, heziera... gizartea bera hartu digu bakerik ezak. Eta Eliza ere bai, zenbait mailatan. Eta bakearen arnasa bueltatu ezinik gabiltza, ito beharrean. Mendekoste egunak Jesusen ahoz-ahoko arnasa ematen digu. Eta Jesusen arnasa bizi-oxigenoa gertatzen zaigu. Espiritua ematen zaigulako, jarrai dezakegu bakearen lanean, bakearen eguneroko amets apurtua konpontzen, bakezko egun ederrean amets egiten.«Zuek barkatzen diezuenei». Bakearena esan dugu. Gauza beretsua esan beharko genuke barkazioari buruz. Gure gizarteari barkatzen ahaztu egin zaio. Ez daki barkatzen. Beharbada arazoak sendatzen direla ematen du, gizartearen abiada ikusgarria izanik, berehala batean atzera gelditzen zaizkigulako.Baina arazoak ez dira konpontzen gure artean barkazioz. Ez dira gelditzen sendatuak. Eta noizbehinka azaldu egiten dira konpondu gabeko arazoen zauriak. Jesusek bidali gaitu barkazioaren puja berria  gizarteari txertatzera. Borroka eta lehia bizian dabilen gizarte honek ez digula onartzen barkazioa, eta arnasa galtzen dugu? Mendekoste egunak ahoz-ahoko arnasa ematen digu. Eta etsi gabe jarraituko dugu barkazioz gizartearen barrua gozatzen eta beratzen. Barkazioak, agortezinezko iturri, edertasuna sortzen baitu.«Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean». Jakina, ez gaude bakarrik bakezko eta barkaziozko lan honetan. Ez gaitu Jesusek suizidiora bidali. Bera gurekin dator. Espiritua Jesusen presentzia baita, espirituzkoa baina benetakoa. Kontrolatu eta kapritxora erabili ezina, baina benetako presentzia. Arnasa dugu, hitz batean. Gure bizia eta eguneroko lana ahalbidetzen dizkiguna. Mendekoste eman zaigulako, fededunok jarrai geniezaioke Jesusek eman digun egitekoari.Mendekostek ez gaitu erraldoiak egiten, heroiak egiten. Lehen bezain arnasfaltan gabiltza, egia da. Lehen bezain ahul eta koldar. Beti bezain beldurti. Gehiegizko eginbeharraren itolarrian. Baina ez zaigu inporta, arnasa berria ematen baitzaigu une bakoitzean. Mendekoste oxigenoa da. Eta larri bada ere, bizi gara. Larri bada ere, jarraitu egiten dugu. Inoiz, ezinak gaina hartzen digunean, erori ere egiten gara, erabat ahulduta, lurjota. Orduan ere, badugu arnasa, Mendekoste ahoz-ahoko arnasa baitugu.Eta gizarteak ere hartzen du Mendekoste egunaren arnasa berria. Guk behintzat hala sinesten dugu. Jesus berpiztuaren Espiritua dena berritzen ari baita, dena eder egiten. Horregatik ez dugu etsitzen eta ez dugu e­tsiko. Mendekoste daukagun bitartean, arnasa daukagu!


Iñaki Beristain (2016-5-12)