URTEAN ZEHAR VII IGANDEA
C zikloaSamuelen liburutik 1 Sm 26,2-23
Egun haietan, Zif-ko basamortura jaitsi zen Saul, hiru mila mutil israeldar aukeratuekin Dabid-en bila.
Dabid eta Abisai iritxi ziren gauez etsaien txabolategira, eta han aurkitu zuten Saul lo, gurdien erdian etzanda, bere buru-ondoan lantza lurrean sartua zeukala. Abner eta gudariak ere lo zeuden, haren inguruan etzanda. Orduan Abisai honela mintzatu zitzaion Dabid-i:
- ‘Jainkoak gaur eskutan jartzen dizu zure etsaia. Utzi ezaidazu lantzakada batez lurrari josten, ez du beharko bigarrenik’.
Dabidek, ordea, Abisai-ri.
- ‘Ez hil! Ez baitaiteke zigorrik gabe gelditu Jaunaren gantzutuari eskua erasten dionik’.
Orduan Dabidek hartu zituen Saulen buru-aldetik lantza eta ur-ontzia, eta joan egin ziren. Ez zituen inork ikusi, ez zen inor ohartu; ezta esnatu ere; denak lo zeuden, Jaunak lo astuna bidali zien-eta.
Dabid beste aldera joan zen, eta han urruti gelditu mendi-gailurrean, Saul-engandik tarte haundia zuela. Handik Dabidek oihu egin zuen :
- ‘Errege, hona hemen zure lantza. Bidal ezazu mutil bat honen bila. Jaunak ordainduko dio bakoitzari egin duen zuzena eta leiala. Jaunak gaur nere eskutan jarri zaitu; baina nik ez diot eskurik erantsi nahi izan Jaunaren gantzutuari’.
ERANTZUN – SALMOA 102
ERRUKI HUTSA DUGU JAUNA,
ERRUKIA TA MAITASUNA.
Ene arima, goretsazu Jauna,
neure barren osoak Haren izen deuna.
Ene arima, goretsazu Jauna,
eta ez ahaztu Harek zuri egina.
Hark barkatzen baititu zure hobenak,
sendatzen zure gaitzak denak;
begiratzen du heriotzatik zure bizia,
ematen dizu buruntzat grazia eta errukia.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei 1 Kor 15,45-49
Senideok: Lehenengo gizona, Adan, bizidun egina izan zen; azkeneko Adan, espiritu biziemaile da.
Ez da espiritua lehenengo azaltzen dena, bizia baizik; eta gero espiritua. Lehenengo gizona, lurretik, lurrekoa da; bigarrena, zerutik dator. Lurreko hura nolako, lurrekoak halako; eta zeruko hura nolako, zerukoak halako. Beraz, lurrekoaren antza daramagun bezala, eramango dugu zerukoarena ere.
ALELUIA Agindu berri bat ematen dizuet, -dio Jaunak-:
Maita ezazue elkar,
Nik maite izan zaituztedan bezala. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen Liburutik 6,27-38
Aldi hartan, honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
-“Hau diotsuet Nik entzuleoi: Maita itzazue zuen etsaiak; egin on, gorroto dizuetenei; bedeinka, madarikatzen zaituztenak; egin otoitz, gaizki-esaka ari zaizkizuenentzat. Masail batetan jotzen zaituenari, eskain iezaiozu bestea ere; eta zure soinganekoa kentzen dizunari, ez uka jantzia. Eskean datorkizunari, emaiozu; zeurea kentzen dizunari, ez itzulerazi; egin besteei, haiek zuei egitea nahi zenuketen bezala. Maite zaituztenak maite izanik, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere maite dituzte beren maitatzaileak. Eta on egiten dizuetenei on eginik, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere egiten dute beste horrenbeste.
Ordaina hartzekotan aurreraturik, zer esker on zor zaizue? Bekatariek ere aurreratzen diete bekatariei, gero ordaina hartzekotan. Zuek, ordea, maita itzazue zuen etsaiak, egin on eta aurreratu, ordainaren zai egon gabe, eta zuen saria haundia izango da, eta Goi-goikoaren seme izango zarete; Bera ere ona bait da gaiztoekin eta esker txarrekoekin. Izan zaitezte errukiorrak, zuen Aita errukiorra den bezala.
Ez epaitu, eta ez zaituzte epaituko; ez gaitzetsi eta ez zaituzte gaitzetsiko; barka ezazue, eta barkatuko zaizue; eman, eta emango zaizue; neurri zabala botako zaizue altzora, eta betea, eragina, gainezkakoa. Zuek erabiltzen duzuen neurriz izango zarete neurtuak”.
Homiliak
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 26.
No se encontraron artículos con ese alias en la categoría 27.