JAUNAREN AGERKUNDEA

C zikloa

Isaias Profetaren liburutik 60,1-6


Jaiki zaitez, argitu, Jerusalen,
badator zure argia;
zure gainean ageri da Jaunaren aintza.
Begira, lainoak estalirik dauka lurra,
eta ilunpeak inguraturik dauzka herriak.
Zure gainean, ordea, Jauna jaikiko da,
eta Haren aintza agertuko zure gainean.
Zure argitara etorriko dira herriak,
zure egunsentira erregeak.
Jaso itzazu begiak zure inguruan, eta ikus:
guzti horiek elkartu dira eta zugana datoz;
zure semeak urrutitik datoz,
besoetan dakartzate zure alabak.
Hori ikustean gainezka poztuko zara;
harrituko zaizu bihotza eta zabalduko,
itsasoko aberastasunak zugana etorriko baitira,
eta atzerrietako ondasunak zuri ekarriko dizkizute.
Gamelu-taldeek estaliko zaituzte,
Madiango eta Efako dromedarioek.
Sabatik datoz guztiak,
urrea eta intzentsua dakartzatela,
eta Jaunari gora ta gora diotela.

ERANTZUN-SALMOA 71


IKUSI DUTE LUR MUGA DENEK
GURE JAINKOAGANDIKO GARAIPENA.
Emaiozu, Jainko, zure auzia erregeri,
zure zuzentasuna errege-semeari.
Zaindu beza zure herria zuzentasunez,
eta zure gizagaixoak zuzenbidez.
Zuzentasuna garatuko da haren egunetan,
bakea ugari, ilargia itzali artean.
Nagusi izan bedi itsasotik itsasoraino,
Ibaitik lehor-mugaraino.

San Paulo Apostoluak Efesoarrei 3,2-3a.5-6


Senideok: Entzunik duzue, Jainkoaren grazia zuen artean zabaltzeko eginkizuna eman zaidala. Goi-agerpenez ezaguterazi baitzait niri Kristoren misterioa: lehenengo denboretan gizonei jakin arazi ez zitzaien misterioa, orain Espirituaren bitartez Haren apostolu santuei eta profetei agertu izan zaien bezala: Jesu Kristorengan ondare beraren kide direla, alegia, atzerritarrak ere, berri onaren bidez: gorputz beraren atal eta agintzari beraren oinordekide.

ALELUIA Haren izarra ikusi dugu sortaldean,


eta hemen gatoz Jauna gurtzera. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Mateoren liburutik 2,1-12


Herodes erregearen egunetan jaio zen Jesus Judako Belenen. Eta orduan Mago batzuk etorri ziren sortaldetik Jerusalema, galdezka:
- ‘Non da jaio berri den judutarren erregea? Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta hemen gatoz Bera gurtzera’.
Hori entzunik, larritu zen Herodes eta Jerusalem guztia harekin batera. Eta apaiz nagusiak eta idazlariak bildu, eta Kristo non jaiotzekoa zen galdetu zien. Haiek erantzun:
- ‘Judako Belenen. Horrela dauka profetak idatzirik: Eta zu, Belen, Judako bazter hori, ez zara inolaz ere Judako herri nagusietan txikiena; zuregandik aterako bait da agintari bat, eta nire herri Israelen artzain izango da’.
Orduan Herodesek, Mago haiei isilka dei egin zien, izarra noiz agertu zitzaien jakiteko ahal bezain ondo; eta Belena bidali zituen, esanez:
- ‘Zoazte, eta jakin arduraz haurraren berri; eta aurkitzen duzuenean esaidazue niri, neronek ere joan eta gur dezadan’.
Haiek, erregeri entzun ondoren, joan egin ziren. Eta bat-batean, sortaldean ikusitako izarra aurretik jarri zitzaien, haurra zegoen lekuaren gainean gelditu arte. Izarra ikusitakoan, berealdiko poza hartu zuten. Eta etxean sarturik, haurra aurkitu zuten, Maria bere amarekin; eta ahuspez jarririk, gurtu egin zuten. Eta, beren kutxak irekita, erregaliak eman zizkioten: urrea, intzentsua eta mirra.
Eta Herodesengana ez itzultzeko albistea ametsetan harturik, beste bide batetik joan ziren beren lurraldera.


Homiliak

Egun handi eta pozgarria dugu gaurkoa. Argiaren eguna da, topaketaren eguna, Agerkundearen eguna, askatasunak mugagabeko zabaleroa hartu duen eguna, munduari salbamenaren eskaintea egin zaion egun ederra, Eguberri argi-printzatan lehertarazi duen eguna. Gaur «agertu» da. Gaur «ikusi» dugu. Gaur, Eguberri egunak sorrarazten duen betikotasunezko ametsaren eguna da. Gaur Jaunaren Agerkundea da.

Ematen du, Eguberri egunean festaburuaren etxeko giroa sentitu genuela batik bat: «Salbatzailea jaio zaizue». Gaur, ordea, festaburua kanpora lehertu zaigu: «Atzerritarrentzat ere» Berri Ona da Jesusen jaiotza. Fededunok topatu dugu. Atzerritarrek topatu dute. Bien bitartean, ordea, magoen kontakizun maitagarriak adierazten duen bide argi-ilun hori dago.

Kontakizun harrigarri honek, Magoenak alegia, jarrera desberdinak biltzen ditu bere luze-zabalean. Zalantzarik gabe, denak izar baten inguruan ari dira, baina bihotz desberdinez. Izarra deitzen zaion indargune hori Jesus dugu, Belengo Haurra, gure Jainkoak historiaren ardatzean jarri duena, gure bihotzen Jauna. Belen une batez munduaren erdigune bihurtu da eta indar guztiak, aldekoak eta kontrakoak, hara bildu dira.

Lehenengo mailan ekialdeko magoak dauzkagu. Nongoak diren, zer diren eta gainerako daturik ez daukagu. Horrek esan nahi du, horien jarrera bereganatzen duen edonor izan daitekeela. Bilaketa-sena ikusten zaie. Begira bizi dira. Eta badakite ikusten dutenaren bigarren irakurketa egiten: izarra ikusi eta, izar horretan, gurtza zor zaion norbait ikusi dute. Bilaketa horrek abiatzera eragin die, bidean jartzera. Bilaketak galdezka jarri ditu. Bilaketa horrek beti aurrera eragin die, argitan edo ilunpetan.

Herodes erregea da bigarrena. Izutu egin da. Magoen hitzetan kontrako zerbait edo norbait sumatu du. Arerioa. Eta jakin ahala guztia jakin nahi du, hura desegiteko. Zurikeriaz baliatzen da magoen aurrean bere asmo gaiztoak ongi burutzeko. Ez du bere boterea galdu nahi, eta arriskua ikusten duenean, sustraitik desegin nahi du.

Eta horien ondoan, tenpluko jendea, jende erlijiosoa. Hauek ideiak dauzkate. Badakite non jaiotzekoa den Mesias esaten zutena. Liburu Santuak ezagutzen dituzte. Profeten jakitun dira. Baina ez dute erakusten pauso bat emateko intentziorik. Erlijioa lasapide bat besterik ez dute, botere-molde merkea. Ez daude beren jarleku lasai eta dotoreak uzteko eta inorantz abiatzeko. Bidea ez dute maite. Ez dute ezer bilatzen.

Eta hiru jarrera hauen aurrean, izarra, txikia, azaldu-ezkutatu dabilena. Izarra pizteko, noski, uste ona behar da, konfiantza behar da. Eta konfiantza hori janaritzen duen Jainkoaren Hitza behar da. Azken batean, izar horrek ez du konfiantza ordezkatzen. Izarrak, nahiz eta ezkutatu, beti aurrera eragiten du. Gure garaiotan, ezkutualdia du izarrak, bai gizartean, bai Elizan. Baina, magoen bilaketa-senak aurrera eragiten digu. Beti bila, beti bidean.

Bidean bai! Izan ere, sinesmenaren sena bideak erakusten du. Bideak ematen du konfian-tzaren neurria. Bidean doa uste ona duena. Gure Elizak –eta gizarteak– egonean egoten ikasi du denbora luzez. Dena eroso eta egoki zetorkion emana. Bidea utzi eta instalatu egin zen. Eta orain, ezer egitekotan, ezer izatekotan, berriro bidera bueltatu beharko du. Baina, ez atzoko bidera, ez atzerako bidera. Aurrera doan bidera baizik. Topaketa ez dago atzokoan, gaurkoan baizik, biharkoan. Ez atzean, aurrean baizik.

Hor daude jarrerak. Eta gurea nolakoa da? Bila al gabiltza? Edo guztiaren jakitun geldituak al gara? Bideari berari ere jatortasunez heldu behar zaio, egi zaletasunez, bestela ez du balio. Bidean jator nahi gaitu izarrak.

Poztu gaitezen, bai. Fedearen dohaina eman zaigu. Poztu gaitezen, gure prozesuak, zailak izanik ere, topaketaren besoetan utziko baikaitu. Bilatzen dugulako, aurki dezakegu.

Eukaristia ere Agerkundea da. Agertu zaiguna ezagutu dezagun pozez beterik.


Iñaki Beristain (2016-1-3)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 3, 15-16.21-22) Eguberriko ospakizuna burutzen duen Jesusen bataioak gure eskemak apurtzen ditu benetan. Gogoan al ditugu Jesus honi Eguberri garaian aitortu dizkiogun guztiak? Espero genuen Mesias dela, bake betea dela, herriei piztu zaien argi ederra dela, bilatzaileen izarra dela... Egia da, Nazareteko familia pobrearen kide eginik ikusteak nolabaiteko susmoak sor ziezazkigukeen. Baina, hainbesteraino izan zitekeenik, nork pentsa? Bataiatua!

Bai, gaurkoan bataiatua ikusten dugu. «Jesus ere bataiatu egin zen». «Ere» horrek beste zenbaiten tarteko egiten du. Besteen artean Jesus «ere» bai. Beraz, arruntasun xumeenean, normaltasun gorrienean. Mesias eta salbatzailea omen zena! Gerora ere Jesus ez da handikerietan sakabanatuko eta xumetasun-bokazio hori hasieratik bertatik erakusten du. Bere burua emanez, gure uretan bataiatuz, horrela izango da guztion askatzailea.

Eta betikoa!: txiki eta xume hori Jainkoak bere egintzaren esku bihurtzen du. Txikian eta xumean jokatzen du Jainkoak. «Zu zara nire Semea, nire maitea, nire aukeratua». Aitaren aitorpen hau behar genuen, bestela ez baikenuen eszena hau ulertuko. Nekaldiko arrastoak markatzen du Jesusen bizitza osoa. Bataio honek zuzenean Jesusen gurutzeko maitasun betera baikaramatza. Bataioko odoletan gertatzen da Pazkoa.

Gu ere baitaiatuak gara –asko behintzat–. Eliza osoa bataiatuen elkartea da. Beraz, bataiatuok eta Eliza osoa Jesusen bataioko espirituak gidatzen gaitu. Jesus gure uretan sartu eta gure zoriaz elkartu den bezala, gu ere pobreen uretara eramaten gaitu, haiekin bat izan gaitezen, haien zoria erdibana dezagun. Beraz, gure bataioaren errealitatea ez da pontean gertatzen, kaleko pobreen errealitatean baizik.

Gutako bakoitzari begira esaten duguna –eta bakoitzak serio hartu behar duguna–, Eliza osoari buruz ere esan behar dugu. Elizak bere egia pobreen uretan erakutsi behar du. Jesusen segizioa ez da mamitzen Elizaren une argitsu eta distiratsuetan, pobreen aldeko jarduera xume eta txikian baino. Colonen Plazan bildutako familia eroso eta irribarretsuetan baino askoz nabarmenago ikusten da Jesusen aurpegia, Caritasek antolatuta dauzkan aterpe miserableetan. Bataioaren printzipioak dira, benetako eliz jarrera betiko zizelkatzen duten printzipioak.

Jesus otoitzean azaldu digu gaurko pasarteak eta Aitaren ahotsa otoitzean ari dela entzuten da. Gure bataioko espiritua ere atergabeko otoitzean janarituko dugu. Jainkoarekiko harreman berrituan izan ezik, ez dugu bide honen jarduera sinetsi eta barneratuko. Bataioak hasieran eman zigun harremana, gerora janaritu eta garatu egin behar da, hilda geldi ez dadin. Bestela nekez sinetsiko dugu gure bide kaskarrenak Jainkoaren bide izan daitezkeenik. Nekez, oso nekez, onartuko dugu pobreen zoria, haiengan Jainkoa bere ahotsa esaten ari dela sinetsiz. Bataiatuok gure bataioko bokazioa atsedenik gabe indartu behar dugu. Eta Jainkoa ikusiko dugu!


Iñaki Beristain (2013-1-4)

(Igandeko ebanjelioa: Lk 3, 15-16. 21-22)

Jaunaren Bataioa ospatzen dugu gaur, eta ebanjelioko esaldi batek sortzen dit gaurko gogoeta hau: «Zu zara nire seme maitea». Esaldi horrek jende askoren bakardadea ekarri dit gogora. Jende asko dago bakarrik, Baina hori ez da okerrena. Jende asko bakarrik sentitzen da. Hori da txarra, bakarrik sentitzea. Jende askok aitortzen du bakarrik sentitzen dela. Eta ez diotela bakardadeari inolako irtenbiderik ikusten. Bakardadearen tristura bizi dute.

Bakardadearen tristura horrek hutsune asko gorde dezake barnean. Batez ere, maitasunaren hutsunea da. Inoren harrera gozorik ez sentitzea. Tristura hori bizi dutenek ez daukate norekin hitz eginik, ez daukate norekin elkarbanaturik beren barruko nahiak eta kezkak. Bihotzari argirako leiho guztiak ixten dizkion tristura itoa da. Bihotzari ilusioa itzaltzen dion bakarkeria itxia da. Ez daukate benetako adiskiderik. Norbaiten «seme edo alaba maitatua» sentitzeko gogo frustratua da.

Egia da, era askotako irtenbideak bila daitezke bakarkeria horri ihes egiteko. Lehenengoa eta erabiliena, iheskeria da. Gauza asko, eginkizun asko, dibertsioa, nola edo hala bakarrik egoteari ihes egin. Norbaitek idatzi zuen bezala, buila bilatu bakardadea ez aditzeko.

Bigarren ihesbidea, jendea izaten da. Jendearen konpainia bilatu. Jendea dagoen tokira juntatu. Baina hor zer sortzen da? Bakarkeria askoz osatutako bakarkeria izugarria. Norbera bakarrik dagoenean, besteekin juntatzeak ez du elkartea sortzen, bakarkeria handia baizik. Edo beste ihesbidea telebista edo irratia edo izan daiteke. Bakoitzak bere barruko mezuak entzun ordez, kanpoko hotsak entzun. Batek baino gehiagok aitortuko dizu, ez dakitela etxean tresnaren bat piztu gabe egoten. Etxe isila gainera erortzen zaie astun. Nolabaiteko «konpainia» behar, «bakarrik ez sentitzeko».

Eta, hala ere, aterabide horiek guztiek ez dute bakardadea sendatzen. Bakardadea sendatzeko eta pozteko bide bakarra norberaren barrutik abiatzen da. Barruko mezuak jasotzen ikasi behar da eta mezu horiei eran­tzuten. Bakardadeak ez baitatoz kanpoko hutsunetatik edo jende faltatik. Bakardadeak barruko hutsunetatik datoz. Eta barruko hutsune horiei erdi-erditik heldu beharra dago, bakardadea pozik bizitzen ikasteko. Izan ere, zeure bakardadea zeure barruan sendatu ez baduzu, ez duzu asmatuko besteekin «elkar­tzen», besteekin topo egiten.

Eta bakardadearen azken poza «elkartzean» datza, besteekin «topo egitean». Ez da besteekin «egotea» bakarrik. Besteekin dena elkarbanatzea da. Besteekin elkarrizketan hastea. Besteari zeure barrua azaltzea eta bestearena onartzea. Bizitza osoa elkarbanatzeko prest dago, bere barruko bakardadea argitu duena. Maitaturik, maita dezake. Argiturik, argi egin dezake. Pozturik, poztu dezake. Beldurra kendurik, bere barrua kanpora atera dezake. Eta bere barrua kanpora ateratzean, besteak ere ireki egiten ditu. Eta hortxe sortzen da benetako elkartasuna. Eta elkartasunak sendatzen du bakardadea.

Beharbada, oinarrira joz eta fedearen ikuspegitik begiratuz, zera esan beharko genuke: bakardadea sendatzeko gerta dakigukeen berririk onena, maitatuak sentitzea dela, Jainkoak maite gaituela sentitzea. Jainko Aitak guri ere, bere Seme Jesusi bezalaxe, zera esatea: «Zu zara nire seme edo alaba maitea». Eta ondo dakigu denok, oso ondo: maitasunak sendatzen dituela bihotzeko gaitz guztiak. Eta bakardadea ere biho­tzean gertatzen da. Eta behin bakardadea barru-barruan sendatuz gero, bakardadean pozik bizitzen ikasiko duzu.

Eta behin baino gehiagotan bakardadea bilatu egingo duzu. Zertarako bakardadea? Zeure buruarekin egoteko eta, batez ere, bakardadea sendatzen duenarekin egoteko. Maitasunak ere behar baitu bere bakardadea. Bata da maitasunaren bakardadea gozatzea eta bestea «bakarrik sentitzea». Alde ederra!


Iñaki Beristain (2016-1-7)