GARIZUMAKO V IGANDEA

C zikloa

Isaias Profetaren Liburutik 43,16-21


Honela mintzo da Jauna,
itsasoan bide bat zabaldu zuena,
ur haundietan bidexka bat egin zuena;
gurdi eta zaldi,
guda-talde eta buruzagi eraman zituena;
erori baitira denak, ez jaikitzeko,
itzali dira, bukatu den metxa bezala:
“Ez oroitu lehengo gauzarik,
ez gogoan hartu aspaldikorik.
Begira, gauza berriak egiten ari naiz,
hasi dira; ez al duzue ikusten?
Bide bat irekiko dut basoan;
ibaiak basamortuan.
Basa-piztiek, otsoek eta galeperrak
goretsiko naute;
errekak sortu baititut basamortuan
eta ibaiak basoan,
ase dadin nere herri aukeratuaren egarria:
nere gorespenak kantatzeko
Nik eratu dudan herriaren egarria”.

ERANTZUN-SALMOA 125


ASKO LAGUNDU DIGUZU, JAUNA;
HAUXEN DA POZA GUK DAUKAGUNA!
Jaunak Siongo atxilotuak erakartzean,
bageunden amets antzean.
Orduan bete zitzaigun ahoa barrez,
gure mingaina goratzarrez.
Atzerrietan, orduan, esan zuten:
“Jauna haundikiro jokatua dute.”
Gurekin haundikiro jokatu da Jauna:
Hau da poza daukaguna!

San Paulo Apostoluak Filipoarrei 3,8-14


Senideok: Dena galeratzat daukat, neurrigabeko ondasun honen aldean: Jesu Kristo nere Jaunaren ezaguera. Harengatik dena galdu nuen, eta dena simaurtzat daukat, Kristo irabaztekotan eta Harengan bizitzekotan: ez Legetik datorkidan neronen zuzentasunez, Kristorengan sinestetik datorkidanez baizik.
Jaungoikoagandik baitator zuzentasun hau, eta sinesmena du oinarri. Beraz, Kristo ezagutu nahi dut, eta Haren biztueraren indarra; Haren lagun izan nahi dut nekeetan, eta Beraren antzeko heriotzean, egunen batean hilen artetik biztuko naizen itxaropenez.
Ez dut esaten saria iritsi dudanik, edo lasterkaldia bukatu dudanik: nik nere lasterkaldian jarraitzen dut. Eta, Kristo Jesusek neretzat iritsi duelako, saria eskuetan baldin badut ere, ene senideok, oraindik saria iritsi ez banu bezala hartzen dut nik neure burua. Gauza baten atzetik bakarrik nabil: atzean gelditu dena ahazturik, eta aurrean dagoena bilatuz, lasterka noa helburura, saria iristeko; sari horretara deitzen baitu Jaungoikoak goitik, Kristo Jesusen bitartez.

EBANJELIOA


Begira zer dioen Jaun guztiz ahaltsuak:
Itzul zaitezte Nigana bihotz-bihotzez;
bihotz-bera eta errukitsua bait naiz.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Juanen Liburutik 8,1-11


Aldi hartan, Jesus, egunsentian jauretxera agertu zen berriro, eta herri guztia etorri zitzaion; Jesus, eseri eta erakusten hasi zen. Idazlari eta farisearrek ezkontz nahasten aurkitutako emakumea ekarri zioten eta, erdian ipinita, esan zioten:
- ‘Maisu, emakume hau ezkontz nahasten aurkitu dugu; eta Moisesek horrelakoak harrika hiltzeko agindu zuen Legean. Zuk zer diozu?’
Azpikeriaz esaten zioten hori, zertan salatu izateko. Jesus, ordea, makurtu eta lurrean idazten hasi zen behatzez. Baina galdezka ari bait zitzaizkion, zutitu eta esan zien:
- “Zuen artean bekaturik ez duenak bota diezaiola lehenengo harria”.
Eta berriz ere makurtu, eta lurrean idazten jarraitu zuen. Hori entzun zutenean, zaharrenez aurrera, banaka-banaka joaten hasi ziren denak; eta Jesus bakarrik gelditu zen, emakumea aurrean zuela. Jesusek zutiturik esan zion:
- “Emakume, non dira, zu salatzen zintuztenak? Ez al zaitu inork gaitzetsi?”
Eta emakumeak: ‘Inork ere ez, Jauna’.
Eta Jesusek: “Ezta Nik ere, ez zaitut gaitzesten. Zoaz, eta hemendik aurrera ez egin bekaturik”.


Homiliak

Adiskideok: Pazkoaren argi-ametsak aurrera-nahia sortuta, martxan jarri ginen Garizumaren hasieran. Eta, Garizumako lisiba sakonaren eraginez, kristau-elkartea Pazkoaren zain jarrita dago gogoz. Nabarmen ikusi dugu gure bekatua, gure itsukeria, gure iluna, gure gaiztakeria... Eta ,beharbada, ez genuen inolako zirrikiturik ikusten argia sar zekigun barnera, hainbestekjoa izan ilunpea! Edo, onenean, argiaren deiak eraman gaitu ilunpearen ibilbide nahasietan barrena, dena pixkanaka argiaz poztuz.

Israel herriaren bizipena: hainbeste urte zapaldurik, morrontzan... eta etsi ere egin zuen. Zer berria gertatu zitzaion Jainkoaren dei hura: «Begira, gauza berriak egiten ari naiz, hasi dira: ez al duzue ikusten?». Eta berriaren pozak altxa zuen herri hura askatasunera.

Guri ere Jainkoak halatsu hitz egiten digu: «Begira, gauza berriak egiten ari naiz; ez al duzue ikusten?». Gure begiak jaso, garbituak, lausogabetuak, eta bai: hortxe, bertan, Pazkoa dakusgu eder, argitsu... Gure ilunarentzat argia, berritasun guztien sorburua. Baina, begira: Pazkoko argi hori, Jesu Kristorekin izan behar dugun elkarrizketatik igarotzen da. Ebanjelioko emakume bekataria bezala, gu ere beraren aurrean gaude. Bakarrik eta elkarte bezala. Badakigu gaizkileak garela. Jesu Kristoren epai astunaren zain okertuak. «Zuk zer diozu?». Eta ustekabeko hitz dirdaitsua entzuten dugu: «Non dira zu salatzen zintuztenak? Ez al zaitu inork gaitzetsi?». «Inork ere ez, Jauna». «Ezta nik ere, ez zaitut gaitzesten. Zoaz eta hemendik aurrera ez egin bekaturik». Hitz berriak. Bide berriak. Hala ere, ez da hitz baten arazoa, ez. Pazko misterioaren arazoa baizik. Barkazio bete hau Gurutzean hilez esan digu Jesusek. Gurutzetik esan digu ez gaituela kondenatzen. Eta gurutzetik ireki zaizkio gure bekatari izateari askatasunerako ibilbide berriak.

Hori horrela izanik, zuk ere, entzule, esango zenuke gustura San Paulok esan duena: «Dena galeratzat daukat, neurrigabeko ondasun honen aldean: Jesu Kristo nire Jaunaren ezaguera. Harengatik dena galdu nuen, eta dena simaurtzat daukat, Kristo irabaztekotan». Hain da ederra eta betea, Jesu Kristoren Pazko misterioan agertu zaigun Jainko maitale eta barkatzailea! Hain dugu Aita! Hain dugu barkatzera emana! Hain da guk uste ez bezalakoa!

Zerk galarazten digu salbazio paregabe hau horrela ikustea? Teorian bai, badakigu... baina... Teoriak teoria, bihotza sasijainkoetara makurtzen zaigu. Eta Jainkoa, ondasun gorengoa, bazterrera utzi! Mantsoagatik okertzen zaizkigu bideak! Makalagatik erortzen gara! Ebanjelioko emakumeak bezala, guk ere bihotz ahula izan, pulamentu gutxiko amodioak. Eta bekatu egiten!

Baina, ez kezkatu! Horrelakoentzat egin da Garizuma. Horrelakoentzat aukera ezin hobea da gaurko igandea. Eukaristia honetan Jesusekin aurrez aurre aurkitu behar dugu. Eta haren barkazio-hitza entzun. Jainkoaren deiak Israel herria esnatu eta altxatu zuen bezala, guk ere altxatu egin behar dugu. San Paulorekin esateko: «Gauza baten atzetik bakarrik nabil: atzean gelditu dena ahazturik, eta aurrean dagoena bilatuz, laisterka noa helburura». Aurrean dagoena, helburua, badakizu zer den? Pazkoa! Berritasun guztien iturburua. Bizi berri eta argi berri horren aukera haundia. Jainkoak Pazkoan ematen digun salbazioa ikusitakoan, orduan ikusiko duzu gure Jainkoa zein eta nor den. Orduan libratuko gara sasijainko eta sastraka zorabiatzaileetatik. Jainko barkatzailea ezagutuz, bihotzetik ezagutuz, libre egingo gara. Esperantzak poztuko gaitu barru-barrutik.

Esperantza! Bai baitaude gure bizitzan ere esperientzia mingarriak, Jainkoak eskutik utzi ote gaituen edo erakusten digutenak: atsekabezko depresioa, maite dugunaren gaixoaldia, amets asko eragin digun zerbaiten frakasoa, harreman sakon baten etena, etxea galtzea... horretakoak gertatzen direnean ez dugu zulo beltza besterik ikusten. Eta esplikazio guztiak alferrikakoak dira. Uste izan behar, beste biderik ez dago, uste izan! Jesusek ere ez zuen heriotzatik ihes egiterik izan. Hala ere, Aitak ez zuen bakarrik utzi. Berpiztu egin zuen. Jesusen uste onak jaso zuen Aitaren erantzun betea. Uste ona zer den? Jainkoak heriotzetik bizia ateratzen duela sinestea, horixe!

Esperantza, ordea, nondik eta nola? Maitasunak sortzen du esperantza. Ebanjelioko emakumeari ere leiho berria zabaldu zaio. Jesusek ez du kondenatu. Geure beldurrek edo inguruko salatzaileek kondenatzen gaituzte. Epaitzen eta kondenatzen ez duen maitasunak sentipen berria sortzen du: berriro ere zeure burua askatasuna estreinatzen ari dela ikusten duzu, etsipenetik biziera berrira egunero jaioko bazina bezala. Haur jaioberria bezalaxe! Jainkoa dena berri egitera dator. Onginahizko maitasunaren indarrez ustekabeko berritasuna sortuko digu!
Eta, orduan bai, mundura joango gara (joan beharra dago). Eta han Ebanjelioaren esperantza-indarra hots egingo dugu. Esango dugu Jesusek ez gaituela kondenatu. Ez gara ibiliko Ebanjelioko emakumearen gaitzesleak bezala, biziaren ateak isten, etsipenari eraginez. Kontatuko dugu Ebanjelioan berriak izateko aukera eman zaigula. Kontatuko dugu Jainkoak bizibide berriak sortu dizkigula.

Goazen Eukaristiara, barkazioa sinesten dugula aitortuz. Eta jaso dezagun, aurrez, Pazko-dohaina. Eta presta gaitezen Pazkoko argi beteaz jabetzeko. «Gauza berriak egiten ari naiz; ez al duzue ikusten?».


Iñaki Beristain (2016-3-7)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 8, 1-11)

Nolako ozentasun gozoz entzuten den esaldi labur bezain sakon eta eder hau: «Ez zaitut gaitzesten». Hain ohituak gaude gaitzespenetara! Eta barru-barrutik ikusi nahi izaten dugun jarrera, kondenarik gabeko harrera besarkatzailea da. Norbaitek zaren bezala hartzen zaituenean, norbaitek zaren bezala maite zaituenean, bizitza osoa redimitzen dizu. Barrua berregiten duen begirada, kondenatzen ez duen maitasunarena da, zalantzarik gabe.

Baina zer gertatu zaigu Jesusen jarrera hasierako hau hainbesteraino okertzeko gure Elizan eta gizartean? Noiz, nondik, nola sartu zaigu beldurra bizitzari eragiteko indar bezala? Sinestezina ematen du, baina beldurraren historia luzea izan da gure elizetan. Garai bateko infernu-soinuak oraindik ere oihartzunka daude gure pulpitupe askotan. Hango mehatxuak eta hango antsiak!

Gaurko ebanjelioko emakume honen larruazalean sentitzen gara asko. Gaizki egindakoen pisua astun jausten zaigu gainera. Kontzientziaren barruan halako ezina eta pisua sentitzen dugu. Emakumeak bazekien legeari huts egin ziola eta guk ere jakiten dugu noiz egiten dugun ongi eta noiz gaizki. Geure kontzientziak salatzen gaitu.

Baina orduan, huts egiten dugunean, zer da behar duguna? Zigorra, harrika ematea, kondena, infernua? Erantzuna horrelakoa denean, ez da harritzekoa zenbaiten kontzentzian erruduntasun-pisu astuna ostatatzea. Gaur oraindik ere bada jenderik bere barrua hustu ezinik dabilena, garai batean eman zitzaien karga albora utzi ezin duena.

Behar duguna, baina, errukia da, askatasuna, onartzea. Eta horixe da Jesusek ekarri duen mezua eta jarrera. «Nik ere ez zaitut gaitzesten». Eta jarrera honen anparoan lege estutzaile eta kondenatzaile guztien pisua kendu digu gainetik. Legearen ordez, maitasunaren irizpidea eman digu bekatua neurtzeko. «Ez egin berriro bekaturik» esaten duenean, maitasunaren kontrako esker txarreko bekatua ari da esaten, ez lege edo arauen kontrakoa. Arauek kondenatu egiten baitute, maitasunak berriz askatu eta poztu.

Gaurko Elizan zenbaitek erakusten duen legekeria baztertzekoa da. Betikoa esan behar: errazagoa da legearen neurriz kontzientziak kontrolatzea, baina hori ez da kontua. Guri, inori, ez zaigu tokatzen kontzientziak kontrolatzea, pertsonen barrua askatzea baino. Gure Elizan –eta gizartean– ez dugu behar lege-maisurik eta fariseurik. Bihotz handiz Jainkoaren bihotz handia erakutsiko duten testiguak behar ditugu. Jendea, era askotako sufrimenduz asko sufritzen ari den jendea, deskargatuko duen bizkarrak behar ditugu. Errukizko, onginahizko, gupidazko begirada erakutsiko duen jende askatua behar dugu. Batzuei legekeriak beren konplexuekin jolas egiteko balio baldin badie, ba, hor konpon! Baina jendea, gure jende xehea, ez dugu pisuz kargatu behar, baizik Jesusek Ebanjelioan erakutsi zigun jarreraz, jendea askatu eta arindu egin behar dugu. «Nik ere ez zaitut gaitzesten».


Iñaki Beristain (2013-3-16)

(Igandeko ebanjelioa: Jn 8, 1-11)Gordina kinka: emakumea, Jesus eta turbante duinez jantzitako zintzoak eskuetan harriak zituztela. Moisesen legea bete beharra zegoen. Emakume hura bekatuan harrapatu zuten bete-betean, eta harrika hil behar zutela denek zekiten. Bide batez, ordea, Jesus estu hartzeko aitzaki ederra ere gerta zitekeen. Jesus legearen kontra jarriko ote zen bada? Emakumea harrika akabatzen utzi Jesusek?Jesusek bazekien zer egin behar zuen. Beti pertsonaren alde jarri ohi zen. Batez ere pertsona ahularen alde. Legearen aurretik eta gainetik, pertsona. Zigorraren aurretik eta gainetik, errukia. Maitasunaren kantua da Jesusen jokaera osoa. Barkazioaren poza. Pertsona barrutik askatzen duen bidetik jotzen du Jesusek. Legekeriek, gogorkeriek, gaitzespenek, ez dute Jainko Aitaren egiazko argazkia ematen.Legezale zahar eta zintzoei eskuetatik erori zaizkie harriak. Jesusek ispilura begira jarri ditu, eta... Akusazioak itzali dira berekasa. Emakumearen duintasuna salbatu du akusatzaile haien aurrean. Orain, emakumearen duintasuna salbatu behar dio emakumeari berari. Eta bai salbatu ere. Barkazioak sendatzen du zauria. Barkazioak sendatzen du beste ezerk salbatu ezin duena. Emakumeari aire freskoa sartu zaio barrura. Ez du Jesusek kondenatu. Gaur askatasuna estreinatu du emakume hark.Jesusek, eta Jesusen Jainkoak ere bai, pertsonei duintasuna berremateko bide bezala erakutsi digu barkazioa. Jesusek ez daki kondenatzen. Nahiago du kondenatu behar duen kaltea bere gain hartu. Eta pertsonei dagokien zigorra berak nozituz, pertsonei zor ez zitzaien nortasun duina ematen die. Horrelakoa da Jesus.Bide batez, Jesusek ez du emakume bekataria inguruko zin­tzo amorratuen hortzetan utziko. Akusaziorik merezi ez duen akusatzailerik ez dago hemen. Elkarri harrika hasten baldin bagara, harrobi asko edukita ere ez dugu nahikoa izango. Ez jendeak ez legeak ez du kondenatuko emakumea, Jesusen iritzian, ez baita per­tsona legearentzat, legea pertsonarentzat baino. Gehiago ere bai. Jesusek emakumea libratzen du emakumeari berari barrutik sortzen zaion kondenaziotik. Jesusek pertsonaren historia libratu, askatu egiten  du.Sarri asko, kondenatzailerik sutsuena geure barruan eraman ohi dugu eta Jesusek bere buruarekin gustura bizitzeko aukera jartzen dio eskuerara. Hori da duintasuna berreskuratzea. Hori da askatasuna estreinatzea.Epaitzen ez duen maitasunak hausten dizkigu hesi eta babes guztiak. Maitasunak kentzen digu maskaren atzean gordeta bizi beharra. Maitasunak askatasun esperientzia zoragarria biziarazten digu. Berriro ere lehenengo aldiz bizitzara sortuko bagina bezala. Horrelaxe berritzen du Jesusek den-dena, maitasunaren indar berritzaile eta gozoz.Gure gizarteari molde-moldera datorkio Ebanjelioko koadroa. Gure farisaismo zorrotzak pertsona asko dauzka duintasunaz erantzita. Eskuak bete harri daramagu, noiz harrika hasiko. Egin dizkiguten zauriak, zaurituz sendatu nahi ditugu. Eta zauriak ugaldu besterik ez dugu egiten. Barkazioaren ukendu gozoak sendatzen ditu gaitzaren zauriak. Errukiak oneratzen ditu erruak.Onginahizko harrera onak askoz gehiago aldatzen ditu gauzak, akusazio guztiek baino. Bizitza besarkada bihurtzea eraginkorrago da harrika ibiltzea baino. Eztiaz euli gehiago harrapatzen da eskopetaz baino. Hitz gogorrak isildu, akusazioak baretu eta begirada gozatu, hori da egin beharrekoa. Eta horrela jokatuz gero, guk ere akusaziorik ez jasotzeko poza biziko dugu. Guk ere akusazioa bizi ordez, askatasuna estreinatuko dugu goizero.  Badago alde ederra!


Iñaki Beristain (2016-3-7)