URTEAN ZEHAR XXXIII IGANDEA
C zikloa
Malakias Profetaren liburutik 4,1-2
Hona non datorren Jaunaren eguna,
labea sutan bezala;
harroak eta gaizkileak lastoa bezala izango dira;
zeharo kiskaliko ditu datorren egunak
–dio diren guztien Jaunak-;
ez du utziko, ez adarrik, ez sustrairik.
Nere izenari beldur diotenak, ordea,
hegaletan osasuna daraman
zuzentasun-eguzkiak argituko ditu.
ERANTZUN-SALMOA 97
BADATOR JAUNA GIZARTERA,
HERRIAK ZUZEN EPAITZERA.
Eresi Jaunari kitararekin,
kitara eta salteri ozenarekin:
turuta eta adar-hotsean,
egin txalo errege den Jaunaren aurrean.
Orro egin beza itsasoak bertako guztiekin,
lehorrak ere bertan bizi direnekin.
Txalo jo bezate ibaiek,
pozez oihu egin mendiek.
San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei 2 Ts 3,7-12
Senideok: Ondo dakizue zer egin behar duzuen gure antzeko izateko; ez baikara alferkerian bizi izan zuen artean; ez dugu ogirik inoren lepotik jan, gau eta egun lan eginez baizik, zuetako inoren bizkar ez bizitzeko. Ez eskubiderik ez genuelako, jarraibide eman nahi genizuelako baizik, zuek gure antzeko izan zaitezten.
Zuen artean gainera, hau esaten genizuen: Lanik egin nahi ez duenak, ez dezala jan. Entzun baitugu, zuen artean batzuk alferkerian bizi direla, ezer egin gabe, non zer jakingo, berriketan. Horrelakoei agintzen eta eskatzen diegu Jesukristo Jaunaren izenean, bakean lan egin dezatela, beren ogia irabazteko.
ALELUIA Zuti zaitezte eta jaso zuen buruak:
hurbiltzen ari da zuen askatasuna. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen Liburutik 21,5-19
Aldi hartan, norbaitzuek jauretxeko ederra goraipatzen zuten, harri ederrez eta eskaingaiz apaindua ikusten zutelako. Orduan Jesusek esan zien:
- “Etorriko dira egunak: eta ikusten dituzuen guzti hauetatik, ez da harririk harri gainean geldituko; dena apurtu egingo dute”.
Haiek galdera hau egin zioten:
-‘Maisu, noiz gertatuko da hori? Eta zer izango da seinale, hori gertatzera doala?’
Jesusek erantzun:
- “Begira, ez zaitzatela inork lilura. Asko etorriko bait dira nere izenean, ‘ni naiz’ esaten, eta ‘laister da garaia’. Ez jarraitu horrelakoei. Borroka eta nahaspil-hotsak entzuten dituzuenean, ez ikara. Hauek gertatu behar dute lehenbizi; baina azkena ez da berehala izango”.
Esan zien gainera:
- “Herriak herrien aurka jaikiko dira, eta erreinuak erreinuen aurka; lurrikara izugarriak izango dira, baita izurriteak eta goseteak ere han eta hemen. Gauza beldurgarriak gertatuko dira eta ezaugarri haundiak ikusiko zeruan.
Baina horien aurretik eskuak erantsiko dizkizuete, erasoko dizuete, sinagogetara eta gartzeletara eramango zaituzte, baita errege eta agintarien aurrera ere, nire izenagatik. Horiek guztiek nire testigu izateko bide emango dizuete. Sartu ondo bihotzean, ez daukazuela nola erantzungo buruhausten ibili beharrik. Nik emango bait dizuet hizkuntza eta jakinduria; eta hizkuntza eta jakinduria horri ezingo diote, ez erantzun, ez aurka egin, zuen etsai guztiek. Gurasoek, senideek, ahaide eta adiskideek ere salatuko zaituzte; eta zuetako zenbait hil egingo zaituzte; guztiek gorroto izango zaituzte nire izenagatik; baina zuen buruko ile bat ere ez da galduko; zuen iraupenez, onik aterako duzue zuen bizia”.
Homiliak
Kristau adiskideok: entzun ditugun hitz hauek ez zaizkigu maitagarriak gertatzen, ezta? Halako ikara izpia sortzen digute barnean. Ez gaituzte lasai uzten. Nolanahi ere, Elizak, bere liturgi urtearen azken aldera, hitz hauek entzun eta hausnartzea maite du. Liturgi urtea amaitzen doan neurrian, Elizak mundu honen eta historiaren amaiera begiratzea gogoko izaten du.
Batetik, ikara, esan dugu. Bestetik, ordea, egun bete horren desioa. Nola baina hori? Begira, gizon-emakumeok badugu halako joera nabarmena, mundu honetan betiko gaudela pentsatzekoa. Eskuartean darabiltzagun gauzak betiko balira bezala heltzen diogu mundu honi. Konturatu gabe, azkenaren argia galtzen dugu. Eta, hori argi dago, azkena ahazten bada, gauzen balioa ere bere onetik atera egiten dugu.
Jesusek garbi asko esan digu: «Ikusten dituzuen hauetatik, ez da harririk harrigainean geldituko». Egia horixe da: Jauna badator. Eta Jaunaren etorrerak agertuko du gauzen egiazko balioa. Jaunaren etorrerak agertuko du postura eta egintza eta jarduera bakoitzaren barruko egia. Eta, ez al da egia, entzule?, mundua eta gure historia amaituko dela pentsatzetik ez ote dugu ihes egiten, askotan gezurretan bizi garelako. Ez gezurretan, gezurrak esaten ditugulako. Gezurretan, gure bizitzaren nondik norakoa beti hemen izan behar bagenu bezala josia daukagulako. Eta ez zaigu gustatu ohi, inork zalantzan jar ditzan gure usteak, nahiz eta gezurrezkoak izan uste horiek. Begirada motzen berehalakotasunean murgilduak bizi gara, eta horretatik atera nahi gaituena ez dugu onez hartzen.
Nolanahi ere, Jauna badator. Eta gure bizitzaren antolaketa egitean, ezin ahaz genezake Jauna badatorrela eta mundu honen azkena ere badatorrela. Eta, egia da, Jauna badatorrela kontuan hartzeak gauzak eta bizitza beste era batera bizitzera garamatza. Bai horixe! Izan ere, zertarako jardun izerdi ta pats gero balioko ez duena zerbitzatzen? Zertarako jardun gerorako pozik emanten ez diguna eraikitzen? Askok eta askok esaten du: gaur bizi, gaur gozatu, gaurkoa da inportantea! «Hona non datorren Jaunaren eguna». Hori, entzule, zera bezala da (eta Malakias profetaren irudia erabiliko dut): zuk etxea lastoz jasotzen baduzu, suari beldur izango diozu, suak lastoa erre egiten baitu. Zuk etxea suak erre ez lezakeen materialez jasotzen baduzu, ez diozu suari beldurrik izango. Jaunaren aurrean balio duen eran ari al gara bizitza eraikitzen?
Horregatik, fededunak maite du Jaunaren Etorrera. Fededunak, bere bizitza Jaunaren zerbitzura jarria dauka. Gero, Jaunaren aurrean zutik geratuko diren balioetara emana bizi da. Ez du bilatzen berehalako atsegina eta mundu honetako gauzen gozaketa. Berak badaki, mundu honetako bizitza asko zailtzen zaiola Jaunaren bidetik bizitzeagatik, baina, hala ere, ez diola ezeri beldurrik izan behar. Jauna badator, eta Jaunaren etorrerak adorea eta esperantza ematen dizkio Jesusen bide beretik jokatzeko. Gure gizarte hau (eta gaurko propagandari begiratzea aski) geroari begiratu gabe dago antolatua. Eta fededunak ezin du antolaketa hori onartu. Fededunak Jauna badatorrela hots egiten du. Eta munduak ez du hori onartzen. Eta munduak borroka egiten dio aurrera begiratzen duen fede horri. «Erasoko dizuete, epaituko zaituztete, hil egingo zaituztete...» Esana dago.
Noiz dator ba Jauna? Betiko jakinmina eta betiko galdera. Noiz? Ez dakigu noiz! Ez zaigu tokatzen jakitea. Aski dugu dakiguna jakitearekin: Jauna badator! Berehala gertatuko balitz bezala saiatu behar dugu. Tesalonikarren artean baziren, Jaunaren etorrera berandutu egiten zela eta, alferkeriara emanak bizi zirenak. Eta beste mundua etorriko dela jakiteak, mundu hau adorez eta sutsu lantzera eraman behar gaitu. Mundu honen eraikuntzan lan egin behar dugu, lan horretan dena jokatzen ariko bagina bezala. San Paulok berak jarraibide ederra eman zuen.
Horra, entzule, gaurko Jainkoaren Hitzaren ikusmira bikaina. Hitz honek poztu egin behar du gure esperantza eta gure lana. Sarritan, jardun ta jardun ari zara, edota sufritu eta sufritu, edota eman eta eman... eta inoiz halako galdera hau sortzen zaizu: hau zertarako? Zertarako jardun? Zergatik ez bilatu, besteek bezala, neure interesa? Jauna badator. Eta Etorrera horren argitan egiten diren gauzek balio dute.
Iraupenaren oinarria ukitzen ari gara. Irauten ez da erraza, batez ere, ingurukoen ustez kontra ari bazara. Eta besteen ustez kontra jarduteak borroka eta erasoa sortzen badizu, zer esanik ez. Merezi ote du horretan irautea? Eta nola iraun horretan? Entzun honako hau: Jauna badator! Eta mundu honen azkena badator! Eta Jaunak berak agertuko du jarrera guztien barruko eta betiko egia. Jauna badator!
Ez ote da postura hau beldurtien postura? Hau ere esaten baita. Alegia, ez dugula mundu honetan buru-belarri sartzeko ausardiarik, eta gerokoen ustetan babestuta bizi garela beldurrez. Ez, jauna! Gerokoen esperantzak ez baikaitu gaurkoetatik ihes egitera eramaten. Gaurkoetan bakean lan egiten dugu, jakinik biharkoa badatorrela. Eta jakinik gaurkoetan biharkoa ari garela oretzen. Uste eder honen oinarrian, esperientzia sakona dago. Jauna badatorrela ez baitaki dakienak, barrutik hala sentitu duenak baizik. Esperientziak oinarritzen du gure gerorako ustea.
«Zuen iraupenez, onik aterako duzue zuen bizia» esan du Jesusek. Goazen, gure fedea berritu eta indartuz, esperantzarako indartzen gaituen ogi santua jatera. Jesu Kristo berpiztuaren presentziak poztuko eta indartuko gaitu.
Iñaki Beristain (2016-11-8)
Beti bidean, beti bila
(Gaurko ebanjelioa: Lk 21, 5-19)
Jesusek, azken epaia aurrean jarri nahi digunean, ez du jotzen jarrera barroko eta barnekoietara. Jesusen ikuspuntuak biak lotzen ditu, gaurkoa eta etorkizunekoa, barrukoa eta kanpokoa. Batasun hautsiezin sakonean gertatzen baita pertsonaren historia, eta baita munduarena ere. Jesusen hitzek oreka edo ekilibrio ederrean lotzen dituzte kristau-esperantza eta munduaren errealitatea.
Alde batetik itxaropenaren argi dirdaitsua eta, bestetik, munduan ikus ditzakegun gezur eta agintekerien aurrean behar den buru-argitasuna. Munduaren errealitatea, benetan zapaldua baitago, kateatua, ezinaren indarkeriaz tristetua: gerrak, hilketak, indarkeriak, torturak. «Herriak herrien kontra».
Eta munduak eskaintzen duen argazki horren barnean, fededuna. Babesik gabe, xume. Bere bizitza Jainkoaren eskuetan utziz. Badaki Jainkoak ez duela bererik bazterrera uzten. Badaki, inolako konparaziorik ametitzen ez duen borroka dela munduko indar ilunen eta kristau xume indargabearen artekoa. Baina, hala ere, ez dago barrutik urduri. Ez du bakea galtzen. Badaki, azkenean Jainkoaren epai salbatzailea gailenduko zaiola errealitate mindu eta desegile horri.
Eta horrek ematen dion bakez, mundu hobe baten aldeko borroka ari du sendo. Bizia esku onenetan edukitzearen bake barrukoz. Baina, nondik datorkio Jesusen ikasleari barruko bake sendo hori? Ez, noski, lasai bizitzetik. Ez dihoakio bizitza oso lasai, ezta gutxiagorik ere. «Erasoko dizuete, kartzelatuko zaituztete». Jesusek ez zion bere ikasleari bizitza samurragoa edo erosoagoa agindu. Ez zion sekula, fedegabeari baino biziera estaliagoa eskaini. Beraz, bake ustetsu hori ez datorkio alderdi horretatik.
Nondik, beraz? Fededunak badaki gaurkoari etorkizunaren leihoa zabal irekitzen. Eta etorkizunetik datorkio esperantzaren argia. Etorkizunak janzten dio balioz gaurkoa. Gaurkoak etorkizunaren hazia darama barnean. Eta etorkizunetik neurtzen da gaurkoaren balioa. Gaurkoa berez oso mugatua da, eta ez genuke absolutizatu behar (gaurko osasun ona, gaurko arrakasta...). Gaurko hondamendiak ez gintuzke etsipenera eraman behar (gerrak, izurriteak, mehatxu ekologikoak...).
Ez genuke indar ikaragarri horien aurrean bururik makurtu behar, gure fedeak bai baitaki «Jauna» nor den. Eta «Jauna» nor den jakinik, galtzen ere badakigu. Etorkizunak argitzen baitu errealitatea. Dena etorkizunetik epaitzen dakienak, bere onean ikusiko du egungo errealitatea.
Fededuna, Jesusen ikaslea, bakean bizi da etorkizunaren besoetan.
Iñaki Beristain (2013-11-16)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 21, 5-19)
Jesusek, azken epaia aurrean jarri nahi digunean, ez du jotzen jarrera barroko eta barnekoietara. Azken Egunaren planteaketa ez digu egiten norberaren kontzientzi azterketaren mailan. Jesusen ikuspuntuak biak lotzen ditu, gaurkoa eta etorkizunekoa, barrukoa eta kanpokoa. Batasun hautsiezin sakonean gertatzen baita pertsonaren historia, eta baita munduarena ere. Jesusen hitzek, eta igande honetako ebanjelio-atala testigu, oreka edo ekilibrio ederrean lotzen dituzte kristau-esperantza eta munduaren errealitatea.Alde batetik itxaropenaren argi dirdaitsua eta, bestetik, munduan ikus ditzakegun gezur eta agintekerien aurrean behar den buru-argitasuna. Munduaren errealitatea, Jainkoa zapuztearen ondorio ilunez, benetan zapaldua baitago, kateatua, ezinaren indarkeriaz tristetua: gerrak, zapalketak, hilketak, indarkeriak, torturak. «Herriak herrien kontra, erreinuak erreinuen kontra». «Lurrikarak, izurriteak eta gosea». Indar ilunen «ezaugarri ikusgarriak».Eta munduak eskaintzen duen argazki horren barnean, fededuna. Babesik gabe, xume. Bere bizitza Jainkoaren eskuetan utziz. Badaki Jainkoak ez duela bererik bazterrera uzten. Badaki, inolako konparaziorik ametitzen ez duen borroka dela munduko indar ilunen eta kristau xume indargabearen artekoa. Baina, hala ere, ez dago barrutik urduri. Ez du bakea galtzen. Badaki, azkenean Jainkoaren epai salbatzailea gailenduko zaiola errealitate mindu eta desegile horri. Eta horrek ematen dion bakez, mundu hobe baten aldeko borroka ari du, ustetsu eta sendo. Bizia esku onetan, esku onenetan, edukitzearen bake barrukoz.Baina, nondik datorkio Jesusen ikasleari barruko bake ustetsu eta sendo hori? Ez, noski, lasai bizitzetik. Ez dihoakio bizitza oso lasai, ezta gutxiagorik ere. «Erasoko dizuete, kartzelatuko zaituztete». Jesusen jarraitzaile izateak esku-eskura jartzen digu erasoa. «Gurasoak, senideak, anai-arreba eta adiskideak» kontra izango ditu behin baino gehiagotan. «Hil egingo zaituztete». Jesusek ez zion bere ikasleari bizitza samurragoa edo erosoagoa agindu. Ez zion sekula, fedegabeari baino biziera estaliagoa eskaini. Beraz, bake ustetsu hori ez datorkio alderdi horretatik.Nondik, beraz? Fededunak ez du bere bizitza gaur itxi baten esparruan bizi. Fededunak badaki gaurkoari etorkizunaren leihoa irekitzen, zabal irekitzen. Eta etorkizunetik datorkio esperantzaren argia. Badaki etorkizuna ez dagoela urruti. Uste baino gertuago dagoela. Lapurra uste baino gertuago azaldu ohi den bezala, halaxe etorkizunaren presentzia.Eta etorkizunak janzten dio balioz gaurkoa. Gaurkoak etorkizunaren hazia darama bere barnean. Eta etorkizunetik neurtzen da gaurkoaren balioa. Gaurkoa berez oso mugatua da, eta ez genuke absolutizatu behar (gaurko osasun ona, gaurko arrakasta...). Gaurko hondamendiak ez gintuzke etsipenera eraman behar (gerrak, izurriteak, mehatxu ekologikoak...). Ez genuke indar ikaragarri horien aurrean bururik makurtu behar, gure fedeak bai baitaki «Jauna» nor den. Eta «Jauna» nor den jakinik, galtzen ere badakigu, ez gaitu galtzaile izateak gehiegiz kezkatzen. Etorkizunak argitzen baititu errealitateak.Honekin ez dut esan nahi, errealitatetik pasa egin behar dugunik, pasotismo arduragabe baten jolasean. Baina errealitatea bere neurrira ekartzen du etorkizunak. Eta hori da kontua. Dena etorkizunetik epaitzen dakienak, bere onean ikusiko du egungo errealitatea. Gauzak bere egian neurtzeko, balioak bere onean mugatzeko, etorkizunaren begiak zabalik behar dira. Bada dena hemengo horma itxien artean begiratu nahi duenik. Horrela ongi balebil, bejondaiola! Fededunak nahiago du etorkizunaren besoetan bizi. Eta etorkizun hori etortzen ari zaion neurrian, bejondaiola! Bakean bizi da etorkizunaren besoetan.
Iñaki Beristain (2016-11-8)