URTEAN ZEHAR II IGANDEA
C zikloaIsaias profetaren liburutik 62,1-5
Sionen maitez ez naiz ixilduko.
Jerusalenen maitez ez naiz geldi egongo;
Haren zuzentasuna diztira bezala argituko den arte,
Haren salbamena zuzia bezala biztuko den arte.
Ikusiko dute herriek zure zuzentasuna,
erregeek zure ospea;
Izen berria ezarriko zaizu,
Jaunaren ahoak emana.
Koroia eder izango zara Jaunaren eskuan,
errege-burestun zure Jainkoaren eskuan.
Ez dizute berriz deituko ‘Utzia’,
ezta zure lurraldeari ere ‘Ondamendia’.
‘Nere atsegina’ deituko dizute zuri.
Eta ‘Senarduna’, zure lurraldeari.
Atsegin izango bait du zuregan Jaunak,
eta senarduna izango da zure lurraldea.
Mutil gaztea neskatxarekin ezkontzen den bezala,
zure eraikilea zurekin ezkonduko da;
senarrak emaztearekin hartzen duen poza,
zurekin hartuko du zure Jainkoak.
ERANTZUN-SALMOA 95
GORA JAINKOA, EGIN KANTU,
BIHOTZ HAUTSIAK PIZTEN DITU.
Kanta Jaunari kantu berri,
kanta, lur osoa, Jaunari.
Kanta Jaunari, bedeinka Haren izena,
iragarri egunez egun, Harengandiko salbamena.
Zabaldu Haren ospea atzerrietan,
haren mirariak herri guztietan.
Herrietako sendiak, eman Jaunari,
eman Jaunari ospe eta goraldi.
Eman ospe Jaunari bere izenaren ederrez,
sar zaitezte Haren atarietan opariak eramanez.
San Paulo Apostoluak Korintotarrei 1 kor 12,4-11
Senideok: Era askotakoak dira dohaiak, baina bat-bera Espiritua; era askotakoak zerbitzuak, baina bat-bera Jauna; era askotakoak eginbideak, baina bat-bera guztiengan dena egiten duen Jaungoikoa. Bakoitzari guztien onerako ematen zaio Espirituaren agerpena.
Eta honela, jakintsuki hitzegitea ematen zaio bati Espirituaren bidez; besteri, Espiritu beraren arauera, hitz egokiz erakustea; besteri, sinestea, Espiritu beraren egitez; besteri, Espiritu beraren egitez, gaixoak sendatzea; besteri, mirariak egitea; besteri, profeta-dohaia; besteri, espirituak bereiztea; besteri, hizkuntza ezkutuetan mintzatzea; besteri, hizkuntza horien esanahia adieraztea. Guzti hori, ordea, Espiritu batek-berak egiten du, Berak nahi duen bezala bakoitzari banatuz.
ALELUIA Jainkoak dei egin dizue gure berri onaren bidez,
Jesu Kristo gure Jaunaren aintza irits dezazuen.
ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik 2,1-12
Aldi hartan, ezteiak ziren Galileako Kanan, eta Jesusen ama han gertatu zen. Jesus ere ezteietara deitu zuten bere ikasleekin. Ardoa ahitu zen, eta honela esan zion Jesusi bere amak:
- ‘Ez daukate ardorik’.
Eta Jesusek erantzun:
- “Eta guri zer axola zaigu, emakume? Nire ordua ez da oraindik etorri”.
Orduan amak morroiei:
- ‘Egizue Berak esaten dizuena’.
Harrizko sei ontzi zeuden han, judutarren ohituraz eskuak garbitzeko ipiniak, ontzi bakoitza ehun bat litrokoa.
Jesusek esan zien.
- “Bete itzazue ontziak urez”.
Eta haiek leporaino bete zituzten.
Jesusek berriro:
- “Atera orain, eta eraman mahaizaiari”.
Eta haiek eraman zioten. Txastatu zuen mahaizaiak ura ardo bihurtua, nondik zekarten jakin gabe (morroiek, bai, ba zekiten, beraiek atera bait zuten); orduan, ezkonberriari deituta, esan zion:
- ‘Ardo ona, guztiek hasieran ateratzen dute; eta edanda daudenean, orduan txarra. Zuk, berriz, orain arte gorde duzu ardo ona’.
Honela, Galileako Kanan egin zituen Jesusek bere lehenengo ezaugarriak; bere aintza azaldu zuen, eta sinetsi zuten Harengan bere ikasleek. Ondoren Kafarnauna jaitsi zen, eta Harekin bere ama, bere senideak eta bere ikasleak; eta han egon ziren, baina ez egun asko.
Homiliak
Eguberri aldi pozgarria amaitu genuen Jaunaren Bataioko festa ospatuz. Belengo haurtxoarengan Jainkoaren bidalia ezagutu dugu. Eta haren aintza ikusi ere bai, liturgi argi ederraren agerpenez. Orain, urtean zeharreko igandeetan sartzean, zer emango ote zaigu? Begira: gaurko igandeak behintzat badu Jaunaren Agerkundearekin zer ikusirik, eta zer ikusi estua egiaz.
Zergatik diodan hori? Ebanjelioan entzun ahal izan duzue erantzuna:
"Bere aintza azaldu zuen, eta sinetsi zuten harengan bere ikasleek". Joanen Ebanjelioaren haritik, Kanako ezteietan eman zuen Jesusek bere misterioaren lehenengo ezaugarria. Eta Agerkundekoan herriei Salbatzaile agertu zitzaien bezala, eta Bataiokoan Aitak Semetzat agertu zuen bezala, Kanako ezteietakoan aintzatsu, ahalmentsu, poz-emaile agertzen zaigu. Hitz batean esate aldera, hona: "ardo berriaren" emaile agertzen zaigu Jesus.
Zer da, ordea, Kanan gertatu zena? Hau bai komeni dela ongi ulertzea. Askotan esaten dugu Jesusek mirari bat, "milagro" bat egin zuela. Eta Joanen Ebanjelioak "ezaugarri" bat eman zuela esaten du. Jesusek, alegia, bere Pazkoan emango duen salbazio betearen ezaugarri bat eman du. "Nire ordua ez da iritsi" esaten du, hau da: "Nire ordua Pazkoan iritsiko da". Eta Pazkoko ordu betea zer izango den adierazteko ezaugarria daukagu gaurkoan.
Ezaugarri honetan kontuan hartzeko datuak eman zaizkigu, eta datu horiek ezagutzeak, eman zaigun salbazioaren aztarrena emango digu gure gozamenerako.
- Lehenengo datua: "ezteiak ziren". Eta ezteien bidez, Jainkoak munduarekin egin duen elkartea aditzera eman nahi digu. Jainkoak (eta lehenengo irakurgaitik ari naiz) bere "atsegin" izateko aukeratu gaitu. Gure "senar" bihurtu da. Beraz, bere ezinean utzia zegoen munduak izen berri baten eta, areago, izate berri baten poza jaso du. Nork esan Jainkoaren pozgarri izan gintezkeenik! Jainkoaren maiteminaren lanak dira horiek.
- Bigarren datua: Maria. Maria ere ezteietan zen. Izango ez zen ba? Bera dugu Senarraren Emazte berria. Elizaren irudi eta eredu. Haren amatasunak ematen dio Elizari emazte eder izateko bikaintasuna. Maria ez dugu mirari-eragile bezala ikusi behar. Maria, eztei paregabe hauetan, Elizaren edertasuna da. Jainkoak emaztetzat aukeratu duen Elizaren edertasuna. Eliza ederra da Mariarengan, Maria bera Eliza baita.
- Hirugarren datua: ardoa. Ardoak liburu santuetan bizia esan nahi du, poza, ezteietako festaren ezaugarria inondik ere. Munduak ez zuen ardorik, ez zuen pozik, ez zuen festarik. Bere ezinean bizi-eskasiak zauritzen zuen. "Ez daukate ardorik". Baina, horra: Jainkoak eztei berriak egitean, ardo onena eman digu, inork pentsatu ezin halako gozotasuna berekin duen ardoa. Eta ez gutxi ere, oparo, giza neurri guztiak hautsiz.
Datu hauetan guztietan zer ikusten duzu, adiskide? Jesu Kristoren misterioaren edertasuna! Jesu Kristorengan, Mariaren amatasunez, Jainkoarekin ezkondu gara, "bat egin dugu". Eta Jainkoarekiko harreman hori dugu bizitzarako ardo, sentidu, poz, gozotasun. Elizaren maitez Jainkoak egiten duen edertasun hau amets egitea ere ez da erraza. Eta ametsa ez ezik egia dela sinetsiz gero!
Baina, tira: ez dugu edertasun horri begira zorabiaturik geratu behar, gozatzekorik baldin badu ere. Izan ere, eliz bizitzan grazia den oro, erantzukizun, eginkizun, dugu. Eman zaigun eztei-dohain bikaina, elkar zerbitzatzeko eman zaigu. San Paulok bigarren irakurgaian garbiago hitz egin du. Inori ez dio Jainkoak ezer eman beretzat gorde dezan. Elizan eman zaigun guztia, guztien onerako eman zaigu. Elizan, beraz, inbidiek eta egoismoek ez dute lekurik. Gorputzean ere atal bakoitzak bere trebetasunak ditu, baina atal bakoitzak gorputz osoaren morrontzan jokatzen du, ez da hala? Elizan ere berdin. Hitz egiten duenak guztien onerako. Sinesten duenak guztien onerako. Espiritu beraren seme-alaba gera-ta!
Horretatik, gaur Elizak gogorarazten digun puntu bat aztertu nahi nuke: bihar hasi eta zortzi egunez, Elizen arteko batasunaren aldeko zortziurrena ospatuko du munduko kristau-eliza osoak. Dohain beraren seme-alaba, Espiritu berak eragiten digula, eta zer gabiltza zatiturik, etenda, erdi bi eginda? Benetan gure zatiketa, dohaina bera ere ukatzea ez ote den! Giza mailan ere, ardoak elkartzera eragiten badu, Berri Onaren ardoak urruntzera eragiten ote du? Ez da hori horrela izango! Edo, agian, Berri Onaren ardotik eskas ote gabiltza? Jesusek esan zuen: "Bat izan daitezela". Eta Mariak esan digu: "Egizue Berak esaten dizuena". Jainkoarekiko eta Berri Onarekiko menpekotasunak, batasunera eraman behar gaitu, nahi edo ez. Bestela ez gara kristau! Ondo egingo dugu datorren aste honetan guztian benetan otoitz egiten badugu lan ekumenikoak bere batasun-emaitzak eman ditzan.
Goazen Eukaristiara. Hementxe dugu Jainkoaren dohaina, Itun Berriko ardoa: Jesu Kristo beraren odoletan Jainkoarekin bat egitera goaz. Batasunaren ezteietan gaude, noski. Hementxe ematen zaigu Berri Onaren testigu egiten gaituen Espiritua. Eta aurrera egin aurretik, aitor dezagun eman zaigun fedearen dohaina.
Iñaki Beristain (2016-1-4)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Jn 2, 1-11)
Lukasen Ebanjelioa irakurtzen hasi aurretik, pasabidean, Joanen Ebanjeliotik hartutako pasarte hau irakurriko dugu igande honetan, Kanako ezteietako pasarte ederra. Pasarte honek baditu bere hitz gakoak: ezteiak, gonbita, ura, ardoa, Maria, Jesusen Hitza, ordua, aintza, sinesmena, harridura... Hitz giltza hauek ematen digute, zalantzarik gabe, misterioaren muina. Inporta dena ez da miraria, zeinuak adierazten duena baizik, Jainkoaren Erreinua hasi dela mundu honetan presente egiten. Ardo berria Erreinuko edaria da.
Festak ardoa behar du. Eta une horretantxe, festa behar denean, ardoa ahitu. Gizakioi askotan gertatzen zaiguna da. Egoerak kontrolatu nahi genituzke festari eusteko, poza sortzeko, ilusioa mantentzeko. Baina, eutsi beharrez atzaparrak estutzen ditugunean, behatz artetik ihesi joaten zaigu bizia. Zenbat eta borondate eta grina handiagoa jarri, orduan eta azkarrago galtzen dugu bizipoza.
«Ez daukate ardorik». Esaldi honek biltzen du egoeraren hutsunea. Eztei egunean festa galdu dute, ilusioa, bizitzeko poza. Bizitzari odoljario gelditu ezinekoa sortu zaio. Eta alde guztietatik biziak ihes egiten digu. Barruko historian, harremanetan, lanean... ez dakigu sentidua aurkitzen. Dena eskuetatik erortzen zaigu. Ez dakigu nor garen eta ez gara garena izaten ausartzen. Ez daukagu ardorik, festarik, pozik, sentidurik.
Eta Jesusek bizia sortzen du. Gure ezina ontzi betean hartu eta bizipoz bihurtzen du. Gure ezinaren ura ardo gozo. Eta azkenekoa, aurrekoa baino hobea gertatzen da. Ardo onena azkenean. Zenbat aldiz hartzen gaituen barrutik sentimendu okerrak: pentsatu ohi dugu onena bizi izan dugula, geratzen zaiguna gero eta okerragoa izango dela. Eta atzokoaren nostalgia triste batek estaltzen gaitu, lainoa bailitza.
Pasarte honen eskutik, Jesus ezagutzen dugu, beste ezeren aurretik. Jesusek hori egiten du, bizia ugaldu. Ezerezetik dena sortu. Heriotzatik bizia. Ezintasunetik bizi-aukera berria. Tristuratik poza. Horrelakoa da Jesus, eta horrelakoa Jesusen Jainkoa. «Bere aintza azaldu zuen».
Eta, bestalde, Jesus ezagutzeaz batera, geure bokazioa eta duintasuna ezagutzen ditugu. Eguneroko esperientziaren pisu astunak ezintasunean bizitzera eramango ginduke, baldin eta bizitzeko eginak garela esan izan ez balitzaigu. Tristuran bizitzera ohituko ginateke, Jesusek esan izan ez baligu poza dugula bokazio. Festa galduko genuke, norbaitek bizitza eta errealitatea beste era batera irakurtzera eragingo ez baligu.
Baldintza bat bete behar da: geure ezintasuna aitortzea, ardorik ez daukagula aitortzea. Geure ezintasuna mila eratara estali nahi dugun neurrian, ez dugu bizitzeko aukera berririk izango. Gure ezintasuna Jesusi entregatu eta hark egingo digu miraria, zeinua, Jainkoa ezagutu dezagun eta geure buruaren duintasuna ezagutu dezagun.
Iñaki Beristain (2013-1-14)
(Igandeko ebanjelioa: Jn 2, 1-12)
Norbaitek idatzi zuen gizakion bihotza eroa dela, eta hortxe-hortxe! Baina, onenean, galdetu beharko genuke zer duen gure bihotzak erotzeko, zergatik erotzen den. Eta erantzun batean biltzekotan, ez da zalantzarik maitasuna dela bihotzaren gorabeherak eragiten dituena. Maitasuna denean, geure onenean gabiltza. Maitasuna galtzean, berriz, geure hari guztiak eteten zaizkigu. Eta hariak etetean erotu egiten gara, norabiderik gabe gelditzen baikara.
Denok gabiltza festa bila. Gaurko ebanjelioko ezteiak gure festa beharraren irudi eta sinbolo ditugu. Maitasunaren festa gozatu nahi, baina askotan festaren sortzaile eta eragile den «ardoa» falta, maitasuna falta alegia. Eta ardo hori ahitzean, akabo!, festa ere joan egiten zaigu. Gure egoera askoren argazki izan daiteke Mariaren esaldi labur bezain adierazgarria: «Ez daukate ardorik». Eta zer egin dezakegu ardorik gabe, pozik gabe, festarik gabe? Ezer ez!
Ardoa ahitu? Pentsa dezakegu zerk eramaten digun poza barrutik. Izan daiteke gaixoaldi ustegabeko bat edo heriotza bat. Izan daiteke maite duzun pertsona batekiko etena. Izan daiteke barrua baretu ezina. Izan daiteke neure historia onez hartu eta irakurri ezina. Izan daiteke beldurra, kontrolatu ezin den beldurra. Izan daiteke adinak berekin dakarren bakardadea, jasan ezinekoa. Izan daiteke ustegabeko ezbehar edo gertaerek uzten diguten ahogustu ozpina. Izan daiteke...
Batek kontrolatu ezin dituen egoera edo gertaera horiek heldulekurik gabe uzten gaituzte. Horregatik, ahal dela, dena kontrolatuta edukitzea gustatzen zaigu. Etorkizuna kontrolatuta, ekonomia kontrolatuta, harremanak kontrolatuta... Eta kontrolatu ezin dugunak ondoeza sortzen digu beti. Jainkoarekiko harremanean ere, gehien «deskolokatzen» gaituena, kontrolatu ezina da. Giza harremanetan ere, segurantzak eta kontrolak nahi izaten ditugu, eta hortxe kontuak!
Izan ere, kontrolatzen denak ez du bizitzeko balio. Gure bizitzaren gauzarik ederrenak ez dira kontrolpean gertatzen, sorpresa eta doakotasun ederrean baizik. Pozak ez du kontrolik behar. Maitasunak ez du kontrolik behar. Amaren eta bere ume txikiaren arteko harremanak ez du kontrolik behar.
Askatasun ederrean gertatzen dira gure bizitzako pozik ederrenak. Giza harremana beti ustegabekoaren haritik zintzilik egon ohi da. «Ez daukate ardorik». Nobedadeari, ustegabeari, ateak itxi dizkiogu eta festa galdu dugu. Gure gizarte kontrolatu eta kontrolatzaile honetan ez dakigu festa eragiten.
Gure harremanetan konfiantzaren askatasunak bakarrik sor dezake benetako gizatasuna. Baina askatasun hori ez da berezko jeneroa. Ikasi egin behar da konfiantza izaten. Ikasi egin behar da «kontrolik gabe» bizitzen. Ikasi egin behar arriskatzen. Bestela ez dugu bizi-ardorik izango.
«Bete itzazue ontziak urez». Hortxe daukagu eskaintza. Gure ezinak eta gure tristurak Jesusen esku utziz gero, Jesusek badaki ardo berri eta hobea sortzen. Jesusek badaki giza bihotzari poza ematen. Jesusek badaki, jakingo ez du ba!, gizakiok behar dugun bizipoza sortzen. Izan ere, gerta dakigukeen gauzarik txarrena, pozik gabe bizitzen ohitzea da. Poza dugu bokazio eta maitasuna pozaren iturri agortezina.
Mundu honetako iturri guztiak agortzen zaizkigunean, izan dezagun gogoan badela bizitza pozten dakien bat, Nazareteko Jesus. Badela, alegia, ardo berria!
Iñaki Beristain (2016-1-7)