URTEAN ZEHAR XXVI IGANDEA

C zikloa

Amos Profetaren liburutik 6,1a.4-7


Honela mintzo da Jainko ahalguztiduna:
“Zoritxarrekoak, beren ustea Sionen dutenak;
eta Samariako mendiaz fidatzen direnak.
Marfilezko zizailuetan etzaten dira,
beren ohetan luze eta nagi;
artaldeko bildotsak
eta ikuiluko zekorrak jaten ari dira;
zitara-soinuarekin bertso-kantari,
Dabid bezala, soinu berriak asmatzen;
ardoa ontzi handietan edaten,
eta oliorik bikainenaz
beren buruak gantzutzen;
ez dute Joseren hondamendiaren kezkarik.
Horregatik, atzerrira eramango dituzte
erbestetu guztien aurretik;
honela bukatuko da mozkor-ontzien festa”.

ERANTZUN – SALMOA 145


POZAREN POZEZ GAINEZKA DAUKAT NIK GOGOA,
SALBATZAILE DUT JAUNGOIKOA.
Leiala da betiren beti,
ematen die eskubidea zapalduei,
ogia gose direnei.
Atzilotuak Jaunak askatzen ditu,
itsuen begiak Jaunak argitzen ditu.
Konkor daudenak Jaunak ditu zutierazten,
zintzoak Jaunak ditu maitatzen.

San Paulo Apostoluak Timoteori 1 Tm 6,11-16


Anaia maite: Zuk, Jaungoikoaren gizon horrek, bila ezazu zuzenbidea, erlijioa, sinesmena, maitasuna, iraupena, eztitasuna. Ekin sinesmenaren borrokari, heldu betiko bizitzari, hartarako deitua bait zaude, eta haren aitormen bikaina egin duzu, testigu askoren aurrean.
Gauza guztiak biziarazten dituen Jaungoikoaren aurrean eta Pontzio Pilatoren auzitegian aitormen bikaina egin zuen Kristo Jesusen aurrean eskatzen dizut: Bete agindua kutsurik eta hizpiderik gabe, Jesu Kristo gure Jaunaren agertze-egunera arte. Agertaraziko bait du Hura bere garaian, zoriontsu eta Nagusi bakar den Jainkoak, erregeen Errege eta jaunen Jauna denak, hilezkortasuna Berak bakarrik duenak, iritsiezineko argitan bizi denak, inork ikusi ez duenak eta ezin ikusi ere duenak. Berari aintza eta aginpidea beti-betiko. Amen.

ALELUIA Jesu Kristo, aberats izanik, behartsu egin zen,


Haren behartsu-izatetik aberastu zaitezten. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 16,19-31


Aldi hartan, Jesus honela mintzatu zitzaien farisearrei:
- “Ba zen gizon aberats bat, purpura eta linu finez jazten zena, eta egunero bazkari ederrak egiten zituena. Lazaro izeneko eskale bat, berriz, aberatsaren etxe-atarian etzanda egoten zen, zauriz josia; aberatsaren mahaitik isurtzen zenaz ase nahi izaten zuen, baina ez zion inork ematen; zakurrak berak etortzen zitzaizkion eta zauriak milikatzen zizkioten.
Honetan, hil zen eskalea, eta aingeruek Abrahanen altzora eraman zuten. Hil zen aberatsa ere, eta ehortzi zuten. Hilen lekuan oinazetan zegoelarik, begiak jaso eta urrutian Abrahan ikusi zuen, eta honen altzoan Lazaro; eta deiadarka esan zuen: ‘Aita Abrahan, erruki zaikizkit, eta agindu iezaiozu Lazarori, bere behatz-muturra uretan busti eta freska diezaidala mihia, oinaze gorritan bait nago su-gar honetan’.
Abrahanek esan zion: ‘Seme, oroi zaitez, zuk zeure bizitzan ondasunak hartu zenituela; Lazarok, berriz, zorigaitzak; horregatik, orain hau pozetan dago, eta zu oinazetan. Gainera, gure eta zuen artean leize haundia dago, eta nahita ere ezin joan da inor hemendik zuengana; ezta hortik guregana ere, ezin etorri da inor’.
Aberatsak orduan: ‘Arren, aita, bidal ezazu Lazaro nere aitaren etxera, bost anaia ba ditut-eta, haiei hemengo berri ematera, berak ere oinaze-leku honetara etor ez daitezen’.
Eta Abrahanek: ‘Ba dituzte Moises eta Profetak; entzun diezaietela’.
Baina aberatsak berriro: ‘Ez aita Abrahan; baizik hildakoren bat joango balitzaie, damutuko lirateke’.
Abrahanek erantzun: ‘Moisesi eta Profeteei entzuten ez badiete, ez dute sinetsiko ezta hildako bat biztuta ere’”.



Homiliak

Senideok: aurreko igandean bezalaxe, gaur ere diruaren eta ondasunen arazoa dugu gogoetagai. Beldurrik gabe esku artean hartu behar dugun gogoetagaia. Egia da, Jainkoaren hitzak ondasunei buruz esaten duena ez zaigu batere erosoa gertatzen. Jainkoaren gaurko hitzaren hariaren muturra bilatu behar bagenu, honako afirmazio hau egin genezake: aberatsei ez die beren aberastasunak behartsuak ikusten uzten. Ondasunek itsutu egiten dituzte aberatsak. Eta beharrean bizi den jendea ez dute ikusi ere egiten. Eta Jainkoak ezin du onez eraman aberatsen lasaitasun hori. Mariaren kantikak ederki biltzen du gaur ematen zaigun mezua: «bere besoaren indarra erabili du: buru-harroak suntsitu ditu, gora jaso ditu ezerezak, ondasunez bete ditu gose zeudenak eta esku-hutsik bidali asko zutenak».

Ikuspuntu honetatik, Jainkoak bereizkuntza garbia egiten du: behartsuak maite ditu bereziki. Ebanjelioan erakutsi zaigun Jainkoa honelakoxea da. Behartsuen oihuak barru-barruan erasaten dio Jainkoari. Eta behartsu bat dagoen tokian Jainkoaren onginahia han egongo da. Eta aberatsak ezin dezake behartsua ahaztu, baldin eta gauzak Jainkoak bezala begiratu nahi baditu. Jainkoak ez du onartzen, aberastasuna behartsuak jasotzeko ez erabiltzea. Eta, alderdi honetatik, behartsuak dauden bitartean, behartsuei laguntzeko erabiltzen ez den dirua ez da diru "legezkoa", ez da diru "ona". «Joseren hondamendiaren kezkarik ez dutelako, —dio Jaunak—, atzerrira eramango dituzte erbestetu guztien aurretik; honela bukatuko da mozkor-ontzien festa».

Hau guztia gordin-gordin jaso behar dugu. Ez baita bidezkoa gure fede-bizitza eta gure gizarte-bizitza bereiztea. Ez da ona fedearen eta negozioen lotura etetea. Hizketan eta eztabaidan hasitakoan gauza asko izango da zehaztu beharrekoa, afirmazio handiak ñabarduren galbahetik pasa beharko dira, baina barruko jarrera da garrantzizkoa. Eta Jainkoak jarrera horren azterketan jartzen gaitu. Eta ez nola-hala, gainera. Azkeneko hitza, Jainkoaren aurrean, maitasunarena izango da.

Begietako gandua garbitu beharra daukagu. Behartsuak "ikusten" hasi beharra daukagu. Era askotako "bendak" jar daitezke begiak estaltzeko. Argumentu oso "arrazoizkoak". Etorkizunaz ere kezkatu beharra dagoela. Ezin daitekeela bat egunekoarekin aidean gelditu. Familia ere aurrera atera beharra dagoela. Ebanjelioko hitzen aurrean baldin bada ere, gauzak bere onetik ateratzea ez dela ona. Fedea behar bada ere, burua behar dela aurrena. Eta, bide horretatik, daukanak gero eta gehiago dauka eta ez daukanak gero eta gutxiago dauka. Behartsuak gero eta ahaztuagoak gelditzen dira "arrazoizko" bide horietatik. Baina gaurko Jainko-hitzak, ate aurrean etzanda dauzkagun behartsuak ikustera garamatza.

Gauzak ez ditugu bere onetik atera behar. Baina gaur galdera bat edo beste egin behar diogu geure buruari: akaso, nire dirua zuzen irabazitakoa dela eta, lasaiegi ote nabil nire erosokerian? Akaso, beharrak behar, ez ote ditugu nolabaiteko premia luxuzkoak sortu gure bizitzan? Zer nolako bizi-maila bizi dugu? Gure bizitzari gizatasunezko neurria hartu ote diogu? Ez ote gara itxura hutsezko jokabide desegileetan erori? Eta bitartean pobreak hortxe daude ate aurrean. Eta, seguru asko, ulertuko zenidan: kontua ez da limosna batena edo birena. Kontua oinarrizko planteaketa serio batena da. Eta hori gure esku daukagu.

Horrek guztiak gure ondasunen erabilera aztertzera ekarri behar gaitu. Gure familian edo gure ondasunetan sarrera eman beharra daukagu pobreei. Ez zaigu sobratzen, baina haiek beharrezkoena falta dute. Eta kontua ez da, geroko zerua edo geroko infernua, ez. Kontua da Jainkoaren bihotzean sarrera bilatzea. Kontua da mundu hau Jainkoak nahi duen erako erreinu bihurtzea. Kontua da Ebanjelioko maitasunez mundu zuzena oretzea. Eta gehiago esango nuke: pilatu eta pilatu, ondasunek zer nolako zoriona uzten digute bihotzean? Pobreei atea irekitzeak irekiko digu guri zorionerako atea. Hori da arretaz hartu beharreko kontua. Jainkoaren bihotzaren logika gure bizitzari itsatsiko bagenio!

Mahai asko dira, zatiketa eta bereizketa sortzen dutenak. Batzuen mahaiak oso oparoak, besteenak pobreegiak. Eta mahaiak, kasu horretan, zatiketa sortzen du. Eukaristiako mahaiak batasuna sortu nahi du. Pobreek ere badute toki mahai honetan, tokirik bereziena. Eta mahai honek guztiok bat izatera eraman nahi gaitu. Mirari hori sortuko al du guregan gaurko ospaketak!


Iñaki Beristain (2016-9-20)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 16, 19-31)

Joan zen igandeko atalean, Jesusek gogor salatu zuen ondasunen gosea. Diruari «gaiztoa» deitu zion eta okerreko jokamoldetzat salatu zuen haren morrontzan erortzea. Eta Jesusen hitz horiek auskalo zer zalaparta sortu zuten garai hartako aberaskilo eta ondasun-zale haiengan. Baina, Jesusek ez du atzera egiten, eta beste parabola bat kontatzen du, zorrotza, argia eta akuilagarria. Ez gaitu ezaxolan uzten.

Gizon aberatsa eta Lazaro pobrea dauzkagu aurrez aurre. Gizon aberatsaren portaera gaiztorik ez zaigu kontatzen, aberats izatea besterik. Izenik ere ez dauka, «epulon» deitzen zaio, «jale eta atseginzale». Behar­tsuak badauka izena, badauka aurpegia. Lazaro eskale behartsua gose dago, beharrean. Aberatsa etxe barruan; bestea kalean, kale gorrian. Jesusek kontatzen duen parabola hau sekulako zaplastekoa da jarrera lasai eta axolagabeentzat, zaplasteko handia ezikusiarena egiten dutenentzat.

Beharbada, egoera eta jarrera gaiztoa erakusten duen postura, ezikusiarena egitea izango litzateke. Ondotik pasa, zeharbidetik edo hurbiletik, baina beti ikusi gabe, erreparatu gabe. Gizon aberatsa ez zen sekula bere ondasunen gaztelutik ateratzen bere ate aurrean gertatzen ari zena ikusteko. Lazaro behartsuak aberatsaren mahaiko apurretara iritsi nahi zuen, baina aberatsaren itsukeriak ez zion uzten.

Gaurkora etortzea ez da zaila, ala? Fededunok eta gizatasun-lege pixka bat daukagula uste dugunok, galdetu beharko genuke zer ari garen egiten pobreekin. Ikusten al ditugu? Ez da pobrezia kontzeptu bezala eta urrutiko errealitate bezala salatzea. Gure pobreek izen-abizenak dauzkate. Gure pobreak atarian dauzkagu; askotan elizako atarian. Eta etxe-berrua gaztelu sendo bihur dezakegu, arrotzik etxera sar ez dakigun. Nork esan zuen, pobreak ataritik eliz barrura ekarri behar genituela? Ba, hori!

Elizaren etorkizuna sufritzen dutenekiko sentiberatasunean jokatzen dugu. Elizak maitasuna eta errukia erakusten ez baditu –ez ikasteko kontzeptu bezala, erraietako sentimendu bezala baizik–, ez du iraungo, bere egia galduko bailuke. Eta maitasuna eta errukia ez dira hitzak edo ideiak, ekitea da, atea irekitzea da, barruan lekua egitea da, geu haien bidera ateratzea da.

Azkenaldi luze samarrean Eliza oso kezkatua ikusi izan dugu ideiez, doktrina zuzenaz, moral suxualaz, teologiaz; baina Elizaren arrazoia ez dago horietan, pobreekiko jarrera eginkorrean baizik. Frantzisko Aita Santuak esan du asko ez dela, ez gaitezela obsesionatu homosexualitateaz, abortoaz..., Ebanjelioak eta bera zabaltzeak izan behar duela gure ardura nagusia. Horixe da, Jesusen Berri Ona pobreei eskura jar­tzeak emango dio Elizari bizitasuna. Eta, nire ustez, asko dugu eranzteko, asko pobretzeko, baldin eta pobreen zoria partekatu nahi baldin badugu. Ezikusiarena egiteak ez digu balio!


Iñaki Beristain (2013-9-27)

Pixkana-pixkana gauza guztietara jartzen gara. Oraindik zenbat denbora da bada, lehenengo munduaz eta hirugarren munduaz hitz egiten hasi ginela? Gaur ia erabat geuretu dugu hizkera hori. Eta okerrago dena, erabat geuretu dugu, ez hizkera bakarrik, baita hizkera horrek bere barnean estaltzen duen errealitate gorria ere: bada lehenengo mundu bat, aberatsa; eta bada hirugarren mundu bat, pobrea; eta laugarren bat, artean pobreagoa. Horrela dago mundua, eta horrela egongo dela beti pentsatzen dugu, hori konpondu behar litzatekeela esaten badugu ere. Ez al zuen bada Jesusek esan, «beti izango genituela pobreak geurekin»?Eta herriei buruz aipatzen dugun egoera hau, gizon-emakumeei buruz esan behar da, herri pobreak edo aberatsak gizon eta emakume pobre edo aberatsez osatuak baitaude. Eta urruti xamar ikusten ditugun herri pobreez aipatzen duguna, geure artean dauzkagun pobreez ere aipatu beharko genuke. Ez dugu ahaztu behar, lanik ezak edo lanbide prekarioak jende asko uzten duela gero eta premia gorriagoan. Urrutiko oso pobreak ongi datozkigu, bertako pobreak ahazteko.Jesusen epaia ikaratzekoa da. Eta hortxe dago Ebanjelioan. Epulon aberatsaren jokaera eta lazaro pobrearen egoera aurrez aurre jartzen dituenean, ematen du pobreak besterik gabe salbatzen dituela Jesusek eta abera­tsak hondatzen. Horrela agertzen du Jesusek. Jesusek ez du esaten nolakoa zen lazaro pobrea. Esaten duena da pobrea zela. Eta hil zenean, erreinuko ondasunetara sartu zen, pobrea izan zelako. Orduan ikusi zuen, azkenengoak lehenengo direla. Orduan ikusi zuen ongia gaitzari gailentzen. Orduan ikusi zuen salbazioa Jainkoak pobreei egindako erregalua zela. Salbazioa pobreentzat da, beren eskubideak eskatzeko eskubiderik ere ez duten pobreentzat!Pobrearen salbazio hori, ordea, ez al da beranduegi iristen? Hemen nahi litzateke salbazio hori, bizitza honetan, mundu honetan! Ez al du Jesusek gehiegi atzeratzen behartsuaren salbazioa? Ezta pentsatu ere! Jesusek oraintxe bertan nahi du pobrea salbatu. Hori nahi duelako eman digu epulonen eta lazaroren arteko parabola hau, egoera hori aldatu nahi duelako.Baina ez da egoera aldatuko aberatsa bihotz-berritzen ez bada! Aberatsa jabetzen ez bada, bere ondasunak pobreari kendutakoak direla. Aberatsa ez da bere baitan aldatuko, konturatzen ez bada, Jainkoa pobreen Jauna dela, eta hark epaituko dituela gure jokaerak azkenean, aberatsen galerarako eta pobreen mesederako.Gu gara aberatsak, nahiz eta ondasun ikusgarririk ez eduki pilatuta. Gu gara aberatsak, ongizatearen eta kulturaren suertea tokatu zaigunak. Gu aberatsak, gorputzez eta buruz sano gaudenak. Bai, gu gara aberatsak, adiskideak dauzkagunak, etorkizuna daukagunak...Zer egin dugu, zer egiten dugu, bizitza honetan guk daukagun suertea eduki ez dutenekin? Gure suertearen apur batzuk jaso nahi lituzkete pobreek. Gure axolaren xemaiko bakar batzuk jaso nahi lituzkete. Gaurko epulon berriak izango ote gara! Geure bide bazterrean edo geure etxeko atean edo geure auzo-auzoan pobreak ikusten ohitu behar ote dugu! Komunikabideen esamoldeetara erabat ohiturik bizi behar ote dugu: lehenengo mundua, hirugarren mundua, ifarralde aberatsa, hegoalde pobrea, herri aberatsak, herri pobreak...?!Fededunak ezin dezake Jesusen epaia ahaztu: Jesusen Ebanjelioa pobreentzat da. Eta pobreen situazioa alda­tzeko eginkizuna eman digu. Epulon txikiok ezin gaitezke epulon handiek egin behar omen lutekeenaren zain bizi!Geure ahalegintxoa bideratu beharko genuke egunero. Eta denok dakigu noiz, non eta nola! Ez gaitezen aberats sentigogor izan, pentsatuz: Niri bost inporta zaizkit pobreak!


Iñaki Beristain (2016-9-20)