GARIZUMAKO I IGANDEA

C zikloa

Deuteronomio Liburutik 26,4-10


Moisesek honela hitzegin zion herriari:
- “Apaizak, zure eskutik lehen-fruituak hartu eta Jaunaren, zure Jainkoaren, aldare-aurrean jarriko ditu.
Orduan, Jaunaren, zure Jainkoaren, aurrean honela esango duzu:
- ‘Nere aita, haruntzonuntz zebilen aramear bat zen; Ejiptora jeitsirik, arrotz bizi izan zen han, lagun bakar batzuekin; baina gero herri haundi egin zen jendez eta indarrez.
Ejiptoarrek gaizki erabili gintuzten eta atsekabetu, eta uztarri latza ezarri ziguten. Orduan guk Jaunari, gure arbasoen Jainkoari, deiadar egin genion, eta Jaunak gure deiadarra entzun zuen. Gure atsekabe, neke eta estualdia ikusirik, esku azkarrez eta beso zabalez atera gintuen Ejiptotik, beldur-ikara, ezaugarri eta egintza harrigarrien artean. Orain gauden toki hontara ekarri gintuen eta lur hau eman zigun, esnea eta eztia darion lurra. Horregatik ekarri ditut honera, Zuk, Jaun horrek, eman didazun lurraren lehenfruituak’.
Jaunaren, zure Jainkoaren, aurrean utziko dituzu, eta Jauna, zure Jainkoa, ahuspez gurtuko duzu”.

ERANTZUN-SALMOA 90


ZAUDE NEREKIN, JAUNA,


LARRIALDIAN.
Goi-goikoaren babespean zaudena,
guztiz Ahaltsuaren itzalpean bizi zarena,
esaiozu Jaunari, ‘Zu zaitut ihesleku eta gaztelu
ene Jainko, Zugan nago sendo’.
Ez zaizu gaitzik alderatuko,
ez izurririk zure etxolara hurbilduko;
agindu bait die aingeruei zutaz,
zaindu zaitzatela bide guztietan.

San Paulo Apostoluak Erromatarrei 10,8-13


Senideok: Hau dio Liburu Santuak: “Zeure ondoan duzu hitza: zeure ahoan eta zeure bihotzean”. Hitz hori da, guk hotsegiten dugun sinesmenaren berria.
Izan ere, zeure ahoz aitortzen baduzu, Jesus Jauna dela, eta zeure bihotzean sinesten baduzu, Jaungoikoak hilen artetik biztu zuela, salbatuko zara.
Bihotz sinesteak zuzentasuna dakarkigu, eta ahoz aitortzeak, salbamena. Liburu Santuak honela dio: “Harengan sinesten duena, ez da lotsatan geldituko”.
Ez bait dago bereizkuntza egiterik, judutar izan edo greziar izan; bat-bera da guztien Jauna, Hari dei egiten dioten guztientzat eskuzabala. Izan ere, “Jaunaren izenari dei egiten dion guztiak iritsiko du salbamena”.

EBANJELIOA


Gizona ez da ogiz bakarrik bizi,
Jaungoikoaren ahotik ateratzen den
Hitz guztitik baizik.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen Liburutik 4,1-13


Aldi hartan, Espiritu Santuaz beterik itzuli zen Jesus Jordandik; Espirituak erabili zuen basamortuan berrogei egunez, eta deabruak tentaldian jarri zuen. Ez zuen ezer jan egun haietan; eta azkenean gosetu egin zen. Deabruak esan zion:
- ‘Jaungoikoaren Seme baldin bazara, esaiozu harri honi ogi bihur dadila’.
Eta Jesusek erantzun:
- “Idatzirik dago: Gizona ez da ogiz bakarrik bizi”.
Gero toki goi batetara eramanik, deabruak lurreko erreinu guztiak erakutsi zizkion une batean, eta esan zion:
- ‘Horien guztien agintea eta aintza emango dizut: neri eman dizkidate eta nik nahi dudanari ematen diot; beraz, gurtzen banauzu, zurea izango da dena’.
Jesusek erantzun:
- “Idatzirik dago: Jauna, zure Jaungoikoa, gurtuko duzu, eta bera bakarrik zerbitzatuko”.
Orduan Jerusalena eraman eta jauretxeko teilatu ertzean ipini zuen, eta esan zion:
- ‘Jaungoikoaren Seme baldin bazara, bota ezazu zeure burua hemendik behera; idatzirik dago-eta: Bere aingeruei die aginduko, zu zaindu eta onik ateratzeko; eta eramango zaituzte eskuetan, oina oztopa ez dakizun harrietan.
Honela erantzun zion Jesusek:
- “Agindua dago: Ez tenta Jauna, zure Jaungoikoa”.
Eta tentaldiak bukaturik, alde egin zuen deabruak beste bat arte.


Homiliak

Adiskideok, Garizumari ekin diogu. Garizuma sasoi inportantea da gure bizitzarako, gure bizieraren oinarriak berritu eta onbideratu nahi baititu.

Basamortuan ikusi dugu Jesus. Jainkoaren eta gizakiaren arteko harremana gordin bizitzen den bakardade sutu horretan. Jesus, bataiaturik, Espirituaz beterik, bere eginbeharrerako prest dago.

Giro honetan, Jesusek borroka latza bizi du, gizartetik datorkiokeen programaren eta Jainkoagandik datorkiokeenaren arteko borroka gordina. Eta Jesusek bere aukerak finkatuko ditu bere misioaren hasieratik bertatik. Aitaren borondateari lotuko dio bere jokamoldea. Ez du, beraz, bere probetxurako mesianismo erraza bilatuko. Ez du botearearen eta indarraren tentazioa onartuko, zerbitzuarena baizik.

Jakina, Jesusek egiten duen aukeraren azpian, historiaren irakurketa berezia dago, lehenengo irakurgaiak eman diguna, hain justu. Dena Jainkoaren maitasunaren ahalmenez bildua ikusten denean, norbere historiaren sustraitan Jainkoaren maitasunak eusten digula sinesten dugunean, gure pausoen sendotasun Jainkoaren egintza askatzailea dagoela sinesten denean, orduan garbi ikusten duzu noren eskuetan utzi behar duzun zure bizitza eta ekintza. Eta Jesusek, juduen historiaren irakurketa fedezkoa egiten duelako, badaki nola eta zein bidetatik jokatu behar duen.

Baina, aizu, gauza bat: Jesusen tentaldi hauek ez dira harenak eta ordukoak bakarrik. Bere bizitzan fedezko programa bat egin duen edonork bizi dituen tentazioak dira.

«Bihur itzazu harri hauek ogi». Mesianismo interesatuaren tentazioa. Arazoak erraz konpondu nahia. Gauzak ondo bideratzeko miraria nahi. Jainkoak eman dezala ogia behar den tokian. Jainkoak ez dezala utzi ezbeharra gertatzen. Jainkoak senda ditzala kantzerrak eta sidak eta. Jainkoak ken dezala terrorismoa. Eta Jainkoak konpondu nahi ditu horiek guztiak. Baina, ez errazkeriazko mirarien bidez, zure bidez baizik. Jainkoak harriak ogi bihurtu nahi ditu, bai jauna! Zuri esaten dizu harriak ogi bihurtzeko. Zure harribitxi luxozkoak behartsuentzako ogi bihur itzazu. Lagun hurkoari amorruz bota behar diozun harri gorrotozko hori, bihur ezazu aterperik ez daukanarentzako etxe. Lagun hurkoari estropozurako jarri behar diozun harri hori, bihur iezaiozu harrera onerako gela. Eta mirari errazik ez dago hemen, zuk egin nahi dituzun mirariak daude hemen.

«Adoratzen banauzu, aintza eta boterea emango dizkizut». Adorazio askotarikoak daude. Zerk ematen du gaur boterea? Diruak? Diruak dena mugitzen du. Garaipen guztien giltza, dirua jarrita daukagu. Eta nork ez du sentitzen diruaren distira gorria gurtzeko gogoa? Garizumak, ordea, Jesusen neurrira erakartzen gaitu. Ez da neurri erosoak bilatzea, gehiegikeriarik gabeko neurri kalkulatuak, alegia. Ez. Lagun hurkoaren beharra bihurtzen da gure eginbeharraren neurri. Pobre izan beharraren neurria ez da miserian bizitzea. Lagun hurkoaren beharrari erne begiratuz bizitzea baino. Zure desioak aurrera atera orde, behartsuen poza bilatzea eta haien beharrak konpontzea. Horra Jesusen irizpidea! Eta horra zurea!

«Bota zeure burua hemendik behera». Jainkoa behartu. Jainkoa nire beharretara tolestatu. Jainkoa nire beharren patrikan eraman, badaezpadarako. Jainkoa geure proiektuen alde daukagula azaldu. Eta gure egunotan ere tentazio honek badu gaurkotasunik. Nork ez dio inoiz galdetu Jainkoari non demontre zegoen halako eta halako beharrak sortu zirenean? Zenbateraino arriskatu dezaket bizitzan? Batzuek ez dute Jainkoa behartu nahi, baina ez dute ezer arriskatzeko adorerik ere. Jainkoak noiz egingo zain bizi dira batzuk beti. Ez dira konturatzen, Jainkoak gu jarri gaituela arazoak konpontzeko. Jainkoa behartu beharrean, guk geure burua behartu behar dugu. Geure dorre seguruetatik atera beharra daukagu eta zerbitzuaren fedezko saltoa egin. Eliz giro gozotik atera eta gizarteko arazoetara saltoa egin. Arriskatu. Konpromisoak onartu. Gehiegizkoa iruditzen zaigun eginkizun horrekin ausartu. Lanpostuak sortu. Seme edo alaba berri bat ekarri. Pobreak babestu. Injustizia salatu. Gogorkeriari aurre egin. Adiskidetu. Adibideak milaka.

Gaurkoak dira, bai, Jesusen tentazioak, oso gaurkoak, oso nireak. Garizumako basamortura bildu beharra daukagu guk ere. Gure programa zein eta nolakoa da? Zer aukera egin eta egiten dugu? Nire bizitzak zer espiritu dauka barrutik? Nire tentazioak zertan zehazten dira? Garizuma oso sasoi aproposa da gauzak denboraz eta baretasunez aztertzeko. Fededuna naizenez, fedezko irizpidez neurtu behar ditut gauzak. Jainkoaren hitza, ospakizunak, hausnarra, otoitza, nolabaiteko penitentzia... Garizumak eskura jartzen dizkidan aukera ederrak. Aprobetxatzekoak!

Goazen Eukaristia ospatzera. Maitasunaren basamortuan, ospa dezagun maite gaituenaren dohain ederra.


Iñaki Beristain (2016-2-8)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 4, 1-13)

Garizumak basamortuan jartzen gaitu. Basamortuan jarri zuen Israel herria. Basamortuan jarri zuen Jesus. Eta hala gu ere, basamortuan. Basamortua gaitzaren bizilekua da, alde batetik, tentaldiaren gunea; bestetik, baina, Jainkoarekin topo egiteko bakardade-tokia da, intimitate-gunea.

Aurtengo Garizuma hau hastean, bakoitzak geure basamortura etorri behar dugu, eta basamortuan ibiltzeko beta hartu. «Basamortuan zebilen». Alde batetik, geure bizitzaren tentazioen aurrean jarri behar dugu, ihes egin gabe: gure behar hutsal eta alferrikakoak, botere- eta aginte-goseak, ospe errazaren dirdaiak. Zer egin behar dugu, horietan erortzen segi, nora goazen ohartu gabe? Edo, kontrako bidetik joko dugu: konfiantzaren bidetik, apaltasunaren bidetik, menpekotasunaren bide txikitik?

Jakina!, Jesusen bide apal eta zerbitzaria hartzeko, hark erakutsi zuen konfiantza bizitzeko, Jainkoarekiko harremana landu beharra daukagu. Basamortua, Jainkoarekin harreman intimoa bizitzeko ere bai baita. Beste guztia erantzi eta Jainkoarengan jarri konfiantzaren oinarria. Beste euskarriez ez fidatu eta Jainkoaren esku maitale eta maitagarriari heldu estu-estu. «Bere aingeruei aginduko die zu zaintzeko».

Garizumak aukera hauen aurrean kokatzen gaitu beti. Bai pertsona bezala, bai elkarte bezala, bai gizarte bezala, bai Eliza bezala. Asko dut begiratzeko, asko bizitzeko, asko barneratzeko, asko intimatzeko.

Begira ditzagun Jesusen tentaldiok gure Elizaren bizitzan. Ez al dugu askotan ogi erraza bilatzen? Ez al dugu Jainko magiko baten ametsa? Ez al ditugu gure beharrak berehala konponduak ikusi nahi? Ez al dugu oraindik ere gizartean adierazgarritasuna amesten? «Ogiz bakarrik ez da bizi gizakia».

Munduko erreinuen argitasunak itsutzen gaitu sarri. Eliza ere beste erreinuen artean ikusi nahi dugu, dirdaitsu. Ez gara konturatzen Jesusen Erreiunuak beste dinamika duela, maitasunarena, apaltasunarena, hazi txikiarena, legamiarena, zerbitzuarena. Basamortuko lezio luzea daukagu ikasteko.

Gaitzari erraz ihes egin nahi, sufritu gabe. Argitasunak eduki nahi, zergatik gertatzen diren gauzak ulertzeko. Ez dakigu konfiantzan bizitzen. Bizita Aitaren eskuetan eduki ordez, nahiago dugu guk geure eskuen ahalbideetan sinetsi. Eta gaitzak etsipenera eramaten gaitu.

Basamortuaren tentazioak eta lezioak. Garizumako ibilaldi luzea egin behar dugu, bakardadean, sakontasunean. Ez gabiltza arinkerien garaietan. Garaiok latzak dira. Eta garaiok espiritu sendoa eta sendatua eskatzen dute. Goazen basamortura eta egin dezagun bidea, presarik gabe, konfiantzaren pauso txikiak emanez. Orduan tentaldia bendizio bihurtuko zaigu. Basamortuan zehar ibiltzeak bai baitu bere onura.


Iñaki Beristain (2013-2-14)

(Igandeko ebanjelioa: Lk 4, 1-13)Berriro ere hausterre egunak Garizuman utzi gaitu. Sakabanaketa guztien bide galduetatik Pazko-bidearen hasierara bildu gaitu. Eta guztioi leialtasun galduen bihotzera dei egiten digun turutak jo du ozen. Eta he­men gaude, konbokatuak eta bilduak, Garizumako eskolan. Zertarako?, zer egiteko, alegia? Betikoari betiko buelta beti bezala emateko? Ez du merezi!Garizuma hau aurrerapauso bihurtzeko gai ez bagara, gure kristau-fedeak bere sormena galdu duen seinalea da. Zenbaiti dena errepikapena iruditzen zaio eliz bizieran; eta irudipen hutsa balitz, tira! Baina, zoritxarrez askotan askorentzat dena betikoaren errepikapen bihurtzen da. Joan zen urteko gauza bera. Orain bi edo hiru edo lau edo... urteko gauza bera. Eta aspertuko ez dira ba! Fedearen asperduraren edo errepikapenaren errezeloa sortzen denean, kontuz!Baina nola izan daiteke aurtengo Garizuma berri, orain hiru urteko irakurgai berak eta liturgia bera eta ospakizun berberak erabiltzekotan? Galdera horren aurrean, daratuluaren parabolaz erantzun ohi dut. Zuk daratulua hartu eta zulo bat egiteari ekiten diozunean, zuloa egiteko beti toki berean eman behar dizkiozu bueltak daratuluari. Baina buelta bakoitzak alor berriak hartzen ditu. Buelta berbera errepikatzen duzu beti; baina sakontasun berria hartzen du buelta bakoitzean. Leku berean, jira bera eta jira bakoitza nobedadezkoa! Daratuluaren parabola!Hortik aurrerakoa norberak ikusi behar du. Jakina!, betikoa beti bezala, toki berean jira-bueltan gertarazten baduzu, hor ez dago berritasuna espero izateko arrazoirik.Adibide bat jartzeko: Gipuzkoako Elizak bakegintza har­tzen du Garizumarako gogoetagai. Gure esku dago, guztion esku, betiko gauzak beti bezala esan eta entzutea. Bakegintzari ez al diogu ia ezer berririk espero? Nik ez al dut nobedaderik sortu behar alor honetan, herriari bakearen gozamen pixka bat eskaintzeko? Hori gauza oso tristea da! Nondik harrapatu gaitu, ordea, behi eroen antzera, sena galtzera ekarri gaituen gaitz honek? Pentsatzen dut, Jesusi aurrean jarri zitzaizkion tentaldiak ez ote zaizkigun guri ere jar­tzen; eta Jesusek garaitu bazituen, gu ez ote gaituzten tentaldiek garaitzen.Nik espero baldin badut gogorkeriaren harria berez bakezko ogi gozo bihurtzea, mirari erraz baten bidez, ez naiz urrutira joango. Bakeaz hitz egin, baina agintearen eta boterearen bila baldin bagabiltza ondoezik, hortik jai dauka gure bakegintzak. Edo gure fedearen Jainkoa gogorkeriaren arazoa konpontzeko erabili nahi baldin badugu, gure nahietara tolestatuz, hortik ez dago atarramentu onik.Gero aspertu egiten omen gara. Dena berdina omen da beti. Kristautasunari gizartea berritzeko indarra falta omen zaio. Kristau-sinesmenak ez omen du zoriontsu bizitzeko bide onik urratzen. Kristautasunean dena jakina eta ezaguna omen da. Biak nahi genituzke uztarri berean lotuak, geure nahiak eta bakea. Edo dena aitortzen ausartuko bagina, zera esan beharko genuke: bakea geure interesen eta irabazien zerbitzura lotu nahi genuke. Bakea bai, baina guk nahi dugun bidetik eta guk nahi dugun bezalakoa. Bakea edo bakerik eza (berdintsu biak!), neure agintea eta indarra ugaltzeko bidetzat dauzkat.Jesusek eta kristauen Garizumak bestelako bidea proposa­tzen du, noski. Gure kristautasuna nobedadez bizi nahi badugu, bakegintzari ere emaitza berriak lortu nahi badizkiogu, geure planteamenduetatik abiatu behar dugu: bakeaz hitz egiten dudanean, zertaz ari naiz?, benetan ari al naiz?, neure erantzukizunaz galdetzen al dut?, ala beti besteengandik espero dut bakea? Ez da harritzekoa jende asko aspertuta eta kokoteraino eginda egotea! Ez da harritzekoa, fededun askok Garizumatik ezer berririk ez espero izatea! Dena ezaguna dute! Dena zaharra! Ai, daratuluaren parabola!


Iñaki Beristain (2016-2-8)