ABENDUKO III IGANDEA
C zikloaSofonias profetaren liburutik 3,14-18a
Egin poz-irrintzi, Siongo alaba! Egin oihu alai, Israel! Poztu zaitez bihotz-bihotzez, Jerusalengo alaba! Urratu du Jaunak zure kontrako erabakia, atzerarazi ditu zure etsaiak. Jauna izango da Israelgo errege zure erdian: ez duzu gehiago beldurrik izango.
Egun hartan, honela esango zaio Jerusaleni: “Ez izan beldurrik, Sion! Ez bitez erori zure eskuak! Jauna, zure Jaungoikoa, zure erdian dago, gudari salbatzaile! Pozaren pozez alaitzen da zuregatik; maite zaitu eta pozez jauzika dabil, jai-egunez bezala”.
ERANTZUN SALMOA Is 12,2.3.4
GURE ARTERA BETOR, JAUNA,
ZURE BETIKO BIHOTZ ONA.
Hara, Jainkoa da nire salbatzaile;
badut uste on eta ez naiz beldur.
Jauna baita nire indar eta kemen,
Bera izan da nire salbamen.
Aterako dituzue urak pozetan,
Salbamenaren iturrietan.
‘Eskerrak Jaunari, Haren izena oihu egizue.
Ezagutarazi herrietan haren eginen bikainak,
iragar ezazue Haren izen garaia’.
San Paulo Apostoluak Filipotarrei 4,4-7
Senideok: Zaudete beti pozik Jaunarengan; berriro diotsuet, zaudete pozik. Ezaguna izan bedi gizon guztientzat zuen bihotz-zabala. Hurbil da Jauna.
Ez eduki ezeren kezkarik; baizik eta beti eta beti zuen esker onezko otoitz eta eskarietan, agertu zuen eskabideak Jaungoikoari. Eta gogoeta guztiak baino haundiagoa den Jaungoikoaren bakeak, gordeko ditu zuen bihotzak eta zuen gogapenak Kristo Jesusi lotuak.
ALELUIA Jaunaren espiritua niregan dago,
behartsuei berri ona ematera bidali nau. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen Liburutik 3,10-18
Aldi hartan, jendeak galdetzen zion Joani:
- ‘Zer egin behar dugu?’
Eta hark erantzun:
- ‘Bi soineko dituenak, eman biezaio bat, ez duenari; eta jatekorik duenak, egin beza berdin’.
Etorri zitzaizkion zergalari batzuk ere bataioa hartzera, eta galdetu zioten:
- ‘Maisu, zer egin behar dugu?’
Eta berak esan zien:
- ‘Ez eskatu erabakia dagoena baino gehiago’.
Gudari batzuek galdetu zioten:
- ‘Eta guk, zer egin behar dugu?’
Berak erantzun:
- ‘Ez behartu inor gogorkeriaz; ez ibili salaketan dirua ateratzeko; etsi, baizik, daukazuen irabaziarekin’.
Herria kezkatan zegoen, eta beren baitan galdezka, Joan hura ez ote zen Kristo bera. Joanek honela erantzun zien guztiei:
- ‘Nik urez bataiatzen zaituztet; baina ba dator ni baino ahaltsuago dena, ni ez bait naiz inor Haren oinetakoen lokarriak askatzeko. Hark Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte. Eskuan dauka sardea, larraina garbitzeko eta garia mandiora biltzeko; lastoa, berriz, itzal ez daitekeen sutan erreko du’.
Hauek eta beste gauza asko esanez, berri ona erakusten zion herriari.
Homiliak
Abenduak Eguberrira begira jarrita gauzka. Erosketak, prestakizunak, argiak, eskaparateak, musikak... Egia da, kanpoko soinu deigarri horien ondoan badira bestelakoak: krisia, etxegaltzeak, langabezia, manifak, soldata extrarik eza... Alde batetik, deika ari zaizkigu gasta dezagun eta, bestetik, zer gastatua kendu digute. Gure gizarte kontraesanez betea. Eta galduta gabiltza, oso galduta.
«Zaudete beti pozik Jaunarengan». Gure egoera den bezalakoa izanik ere, Abenduko 3. igande honek pozaren mezua eskaintzen du. Abendua pozezko prestakuntza da, dudarik gabe. Poza, esan dugu. Poza, Jauna badatorrelako. Jauna hurbil delako. Hori da gehien azaltzen den arrazoia. Gure Abenduari bere esperantzaren ustea kunplitzera doakio. Eta betetasunaren gertuko usainak poza sortzen du aurrez.
Jaunaren hurbiltasun hori, era berezian dastatu zuen Israel herriak. Bere hondamena amaitzera doakio. Jaunak askatu egingo du herria. Eta egun hartan, poza nagusituko zaio Israelen bihotz zaurituari. Poz horrek ondorio gozoak ditu. Israeli beldurra kentzen dio. Edo hobeto esanda: poza sortzen dion Jaunaren presentziak beldurra kentzen dio. «Ez izan beldurrik, Sion».
San Paulok poz horren hiru ondorio aipatu ditu: neurritsu edo bihoz oneko izatea, aurrena; kezkak kentzea, bigarren; eta, azkenik, bakea. Poza sortzen duen Jaunak bizitza baketu egiten digu. Eta bere barruan bakean dagoenak, gozotasuna bizi du, ez baitauka kezka larritan ezeren bila lehiatu beharrik. Eta pozaren bizigiroa den bakeak zaintzen du gure bizitza bakean. Bietara esan dezakegu, beraz: Pozak bakea dakar eta bakeak poza dakar.
Hala ere, ezin dugu ahaztuta utzi Joan Bataiatzaileari entzun dioguna. Poz hau ez da nolanahikoa. Joan Bataiatzailearen deiak, gure egoera honetan, era bizi eta ozenez jotzen du bere aldarria. Ez da erdipurdikako aldarria, ez da ñabardura handietan urtzen den deia. Garbia eta zorrotza da oso: «Bi soineko dituenak eman diezaiola bat jantzirik ez duenari, eta jatekoa duenak ere bana dezala». Eta tankera bereko eskariak egiten dizkio lanbide desberdinetako jendeari.
Baina, Joanen erantzun hau galdera batetik abiatzen da: «Zer egin behar dugu?». Eta galdera honetan jokatzen dugu gure Abendua. Zenbat aldiz bizi izan dugun galderarik gabeko Abendua! Azalkeria hutsean. Baina Joanen deiak ez dauka tolesturarik gure aitzakiak babesteko. Eguberrik baldintza sendoak ditu, bakoitzari bere egunerokotasunean ezartzen zaizkion baldin-tzak.
«Zer egin dezaket nik?». Begira dezadan nire ingurura. Behartsuen bila ez dago urrutira joan beharrik. Gure kaleak premiaz beterik dauzkagu, argi saltzaileekin borroka negargarrian. Eta nora doakit begirada, pobreengana ala eskaparate argitsuetara? Hortxe jokatzen dugu gure Eguberriren poza eta gure gizatasunaren edertasuna. Bestela, algarak eta kantuak eta erosketak eta jan-edanak eta izango ditugu, baina pozik ez!
Krisi luzea agintzen zaigu eta behar sakonak ikusten ditugu. Nik zer egin dezaket? Azken aldiko sua aurrera dezakegu eta sute handi bat antolatu gure alferrikako guztiak erretzeko. Zer daukat alferreko nire bizitzan? Erre dezadan Abenduko su garbitzailean. Nire gorrotoak, nire ikusi ezinak, nire iheskeriak, nire luxuak... erre ditzadan eta bihotza hurbil dezadan gure kaleetako zulo beltzetara.
Abendu honek injustiziaren salatzaile bihurtu behar gintuzke. Jendea zapaltzen ari diren indarrak salatu behar ditugu. Gizakiaren duintasuna oihukatu behar dugu alde guztietan. Pertsonak beste guztiek baino askoz gehiago balio du. Eta balio nagusi horren defentsan atera behar dugu eliztarrok eta Eliza osoak. Barruan arazo asko edukitzeak ez gintuzke kaletik aldendu behar. Joan Bataiatzaileari ahots-gorailu bat eman behar diogu gure egintzez.
Baina, hori bai!, orokorkerietan erori gabe. Gauzak egin behar dira, esan behar dira, aldatu behar dira... Aditz horiei buelta eman behar diegu: gauzak egin behar ditut, esan behar ditut, aldatu behar ditut. Barrura begiratu aurrena, gero kalera begiratu, daorkigun Jaunari begiratu, eta bakoitzak geure eginbeharrak bete behar ditugu.
Goazen Eukaristiara! «Handi baitago Israelgo Santua zuen erdian». Altareko ogi txikian handi datorkigu Jauna. Askatzaile datorkigu. Gure hondamena sendatzera datorkigu. Poztu gaitezen, bakearen mahaian kezkak uxatuz.
Iñaki Beristain (2015-12-7)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Lk 3, 10-18)
Abenduak Eguberrira begira jarrita gauzka. Erosketak, prestakizunak, argiak, eskaparateak, musikak... Egia da, kanpoko soinu deigarri horien ondoan badira bestelakoak: krisia, etxegaltzeak, langabezia, manifak, soldata extrarik eza... Alde batetik, deika ari zaizkigu gasta dezagun eta, bestetik, zer gastatua kendu digute. Gure gizarte kontraesanez betea. Eta galduta gabiltza, oso galduta.
Joan Bataiatzailearen deiak, gure egoera honetan, era bizi eta ozenez jotzen du bere aldarria. Ez da erdipurdikako aldarria, ez da ñabardura handietan urtzen den deia. Garbia eta zorrotza da oso: «Bi soineko dituenak eman diezaiola bat jantzirik ez duenari, eta jatekoa duenak ere bana dezala». Eta tankera bereko eskariak egiten dizkio lanbide desberdinetako jendeari.
Baina, Joanen erantzun hau galdera batetik abiatzen da: «Zer egin behar dugu?». Eta galdera honetan jokatzen dugu gure Abendua. Zenbat aldiz bizi izan dugun galderarik gabeko Abendua! Azalkeria hutsean. Baina Joanen deiak ez dauka tolesturarik gure aitzakiak babesteko. Eguberrik baldintza sendoak ditu, bakoitzari bere egunerokotasunean ezartzen zaizkion baldintzak.
«Zer egin dezaket nik?». Begira dezadan nire ingurura. Behartsuen bila ez dago urrutira joan beharrik. Gure kaleak premiaz beterik dauzkagu, argi saltzaileekin borroka negargarrian. Eta nora doakit begirada, pobreengana ala eskaparate argitsuetara? Hortxe jokatzen dugu gure Eguberriren poza eta gure gizatasunaren edertasuna. Bestela, algarak eta kantuak eta erosketak eta jan-edanak eta izango ditugu, baina pozik ez!
Krisi luzea agintzen zaigu eta behar sakonak ikusten ditugu. Nik zer egin dezaket? Azken aldiko sua aurrera dezakegu eta sute handi bat antolatu gure alferrikako guztiak erretzeko. Zer daukat alferreko nire bizitzan? Erre dezadan Abenduko su garbitzailean. Nire gorrotoak, nire ikusi ezinak, nire iheskeriak, nire luxuak... erre ditzadan eta bihotza hurbil dezadan gure kaleetako zulo beltzetara.
Abendu honek injustiziaren salatzaile bihurtu behar gintuzke. Jendea zapaltzen ari diren indarrak salatu behar ditugu. Gizakiaren duintasuna oihukatu behar dugu alde guztietan. Pertsonak beste guztiek baino askoz gehiago balio du. Eta balio nagusi horren defentsan atera behar dugu eliztarrok eta Eliza osoak. Barruan arazo asko edukitzeak ez gintuzke kaletik aldendu behar. Joan Bataiatzaileari ahots-gorailu bat eman behar diogu gure egintzez.
Baina, hori bai!, orokorkerietan erori gabe. Gauzak egin behar dira, esan behar dira, aldatu behar dira... Aditz horiei buelta eman behar diegu: gauzak egin behar ditut, esan behar ditut, aldatu behar ditut. Barrura begiratu aurrena, gero kalera begiratu, daorkigun Jaunari begiratu, eta bakoitzak geure eginbeharrak bete behar ditugu.
Iñaki Beristain (2012-12-14)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 3, 10-18)
Abenduak aurrera egin ahala, prestaeraren larritasuna sakondu egiten da. Eta prestaera horren eskakizuna gordin eta sendo agertzen da. Egia da, gizakion artean prozesu baten bidez egiten direla gauza guztiak, eta hala egitea komeni dela. Aldaketa sakonek beren denbora behar dute eta beren ibilbidea. Arazo garrantzizkoetan ez da bidezidorrik eta zubi magikorik izaten. Egin beharreko bidea egiteak halako heldutasun beharrezkoa ematen du eta hori ez dago ahazterik.
Hori egia izanik, egia da, bide batez, prozesu guztietan izaten direla une erabakitzaileak edo erabaki handiak hartu beharreko uneak. Giza gaietan ez baita dena berezko garapenaz gertatzen. Bizitzak baditu erabakiak hartzeko uneak markatzen dituzten zedarriak. Eta une horietan erabakiak hartu egin behar izaten dira; bestela, prozesua bera galgatua gelditzen da, galtzeraino. Beraz, prozesua bai; baina erabakiak ere bai bere garaian. Batak bestea behar izaten du aurrera egiteko.
Abenduak prozesu baten ibilbidea markatzen digu, zalantzarik gabe. “Bidea” irudi oso erabilia izaten da Abenduko liturgian. Eta bideak prozesua esan nahi du. Baina Abenduak, bide batez, prozesu horri benetakotasuna emateko deia egiten digu. Etorri dela, alegia, erabaki sendoak hartzeko garaia eta erabaki horiek hartu egin behar ditugula. Batek baino gehiagok esaten du: «Ni ez nago oraindik erabakiak hartzeko prestatua». Eta prestaera azkengabekoan jarraitzen dute, prestaerak berez egunen batean erabakia hartuaraziko dielakoan. Beti iristen da salto bat egin beharreko garai jakina.
«Zer egin behar dugu?» galdetzen diote juduek Joan Bataiatzaileari. Eta Joanek justiziazko egintzak jartzen dizkie begien aurrean. Joan ez da konformatzen urruti bateko helburu teorikoak markatzearekin. Joanek berehalako erabaki sakonak eskatzen eta eskaintzen ditu, eta oso zehazki gainera. Etorri da galderetatik erabakietara pasatzeko garaia. Iritsi da egintzen garaia. Iritsi da bizitzari beste bide bat azaltzeko garaia. Eta hori bera esaten digu guri aurtengo Abendu honek.
Eskakizunak zeintzuk dira? Daukanak ez daukanari ematea. Kobratu behar duenak behar baino gehiago ez kobratzea. Militarrek inori kalterik ez egitea, indarraz ez aprobetxatzea. Gure egunotara etorriz, bakoitzak begiratu behar du eskakizun horiek zer nolako irakurketa eskatzen dioten. Akaso egiten ari naizen ordu estrak utzi egin beharko nituzke, lanik ez daukanen bati lana emateko? Akaso Eguberri garaiko gastuak gutxitu egin beharko nituzke, zer gastaturik ez daukanari emateko?
Gure herriaren gaurko unea begiratuta ere, bada zer azterturik. Zer egin? Inor ez zapaldu inolako gogorkeriaz. Inor interesez erabili. Inor ez torturatu. Giza eskubideak errespetatu. Inor ez izutu mehatxu bidez. Inor ez iraindu. Norberaren jarrerak zalantzan jarri eta besteenak ezagutzeko prest azaldu. Gezurrik ez esan. Komunikabideak ez manipulatu. Gauzen eta pertsonen balorazio objektiboa egin. Gogorkeriaren aitzakian, ideiak ez gaitzetsi. Gogorkeria eta heriotza ez erabili interes politikoen mesederako. Zerrenda azkengabekoa osa daiteke; are gehiago hauteskunde-garaiak hainbeste hitz eginarazten digunean.
Nolanahi ere etorri da galderetatik eta hitzetatik egintzetara pasatzeko garaia. Joan Bataitzailearen hitzek gaur ere nabarmen egiten dute beren deia. Azterketa sakonak egintzetara bideratzeko une larria da. Bestela, ez dugu Eguberririk izango. Bestela, ez dugu bakerik izango. Bestela, beti lehenean jarraituko dugu, beti galdezka, beti aztoraturik, beti ustezko asmo onez, beti besteei eskatzen, beti ideologia handietan, beti betiko betikoetan.
Jesusek Espirituaren berrialdia eskaintzen du bere etorrerarako. Badator dena berrituko duena. Etorri da Berri Ona. Zer egin behar dugun? Galderetatik egintzetara pasa! Horixe!
Iñaki Beristain (2015-12-7)