ABENDUKO I IGANDEA
C zikloaJeremias profetaren liburutik 33,14-16
Begira, badatoz egunak –dio Jaunak-,
eta egun horietan beteko dut,
Nik Israel-etxeari eta Juda-etxeari emandako hitza.
Egun haietan eta ordu hartan,
legezko muskil bat sortaraziko diot Dabid-i,
eta eskubidea eta zuzenbidea ezarriko ditu lurrean.
Egun haietan Juda salbatuko da,
eta Jerusalenen lasai biziko dira.
Hona, herriari emango zaion izena:
‘Jauna-gure-zuzentasuna’.
ERANTZUN SALMOA 24
SALBATZAILEA, ZATOZ LEHENBAITLEHEN!
ZURE ZAIN, JAUNA, GAUDE GU HEMEN.
Erakutsi neri, Jauna, zeure bideak,
adierazi zeure bidexkak.
Eraman nazazu zure egibidetik, eta argitu,
Zu bait zara nire Jainko salbatzaile,
Zu zaitut egun osoan neure itxaropide.
On eta zuzen da Jauna,
horregatik erakusten die hobendunei bidea.
Apalak zuzenbidez daramazki,
erakusten die bere bidea apalei.
San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei 1 Ts 3,12-4,2
Senideok: Jaunak gehitu eta ugari dezala, zuek elkarrentzat eta denontzat duzuen maitasuna, ugaria den bezala guk zuentzat dugun maitasuna. Horrela sendo bitza Berak zuen bihotzak; Jesus gure Jauna bere santuekin etortzen denean, santu eta esankizunik gabe aurkez zaitezten, gure Aita Jaungoikoaren aurrean.
Azkenik, senideok, eskabide hau egiten dizuet Jesusengan: ikasi zenuten niregandik, nola bizi Jaungoikoari atsegin emateko. Egin, beraz, hala eta jarrai horretan aurrera. Badakizue, guk Jesus Jaunaren izenean eman genizkizuen erakutsiak.
ALELUIA Jauna, zeure onginahia erakuts iezaiguzu,
zeure salbamena emaiguzu. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 21,25-28.34-36
Aldi hartan Jesusek honela esan zien bere ikasleei:
- “Zantzuak izango dira eguzkian, ilargian eta izarretan; estu ibiliko dira lurrean herrialdeak, itsasoaren orroaz eta uhin-indarrez zoratuta. Gizakiak arnasarik gabe geldituko dira, munduari gainera datorkionaren beldurrez, zeruko indarrak ere dardaratuko bait dira. Orduan, ikusiko duzue Gizonaren Semea indartsu eta aintza haunditan etortzen hodei batetan. Guzti hori gertatzen hasten denean, zuti zaitezte eta jaso zuen buruak: hurbiltzen ari da zuen askatasuna.
Egon erne; ez bitez moteldu zuen bihotzak hordikeriaz, moskorkeriaz, eta bizitza honetako kezketan; ez bekizue egun hura ustekabean gainera eror; sarea bezala etorriko bait da lurrean bizi diren guztien gainera. Egon, bada, beti erne eta egin otoitz, etorri behar duten guzti horiei ihes egin ahal diezaiezuen, eta zutik egon ahal zaitezten Gizonaren Semearen aurrean”.
Homiliak
Senideok, «hurbiltzen ari da zuen askatasuna». Berriro ere Abenduan prantatu gara itxaropentsu. Jauna badator. Eta gutxi-asko, gure belarrietan nobedade gertatzen da dei hau, Jaunaren etorreraren deia. Zuk nobedadea espero al duzu? Zure bihotzak salto egin al du, Jauna badatorrela eta? Ezeren eta inolako berrialdirik espero al duzu, aizu? Ba... «hurbiltzen ari da zure askatasuna».
Gauzak zahartu egiten zaizkigu eskuartean. Jardunaren poderioz zahartzearen gusturik eza nagusitzen zaigu bizitzan. Liturgi urte eder askoa eman dugu elkarrekin. Zenbat aldiz elkartu garen Jainkoaren hitza entzuteko, Eukaristia ospatzeko, gogoeta egiteko, elkarri itxaropena esateko... Zenbat aldiz! Baina ez al daukazu halako inpresio sakona: bizitzaren nondik norakoak aspertuta bazeneuzka bezala, bizitzeak bere ahogustu gozoa galdu balizu bezala, zure jarduerak eta sufrimenduak eta maitasunak eta sentidurik ez balute bezala. Ez daukazu era horretako inpresioa? Baietz esaten duzu? Bizitza zahartu egin zaigu eta astinaldi berritzailea jo beharra daukagu!
Gure herrira begiratu eta... Ematen du sendabidea gertu bezain urruti daukagula. Zenbat kostatzen zaigun oinarrizko jarrera garbietan elkarri leku egitea! Zenbat kostatzen zaigun batak besteari onez begiratzea! Gure gizarte-bizitza bera ere zahartu egin zaigu, gaiztotu, mindu! Eta, jakina!, gure herri honek ere Abenduaren astinaldi berritzailea behar du! Bai horixe!
Eliza. Gure elkartea. Kristau elkarteaz ari naiz. Bakarka eta herri bezala ikusi dugun hori, aldaketa handirik gabe esan beharko genuke geure elkarteez. Gure batzarrek ba al dute bizirik? Gure eliz harremanak, benetan maitasunezkoak, adiskidetuak al dira? Gure gatzak ez ote du bere gazitasuna galdu. Ez ote gara bihurtu, mundua berritzeko inolako indarrik ez duen elkarte zozo eta motel? Gizartea berritu esan dut, baina gure elkarteek ere badute zer berritua eta zertan berritua! Eta, gainera, Elizak beste erakunde guztiek baino arrazoi gehiago du berritze honetan sinesteko!
Eta giro horren edo giro horien aurrean, Abendua. Nolabait esateko, koska bat estuago lotu beharko dugu geure ahalegina, Abenduaren ariketa askatzailean sartzeko. Israeldarrek urruti ikusten zuten beren askatasuna, baina Jaunaren hitzak erne jarri zituen. Gaur ere, hainbeste gauzaren kateetan, nekez sinets dezakegu egunsenti berri batean. Baina, Jaunaren hitzak bere deia egin digu. «Badatoz egunak».
Gertatzera doanaren ezaugarriak ez ditugu izarretan eta aparretan bilatu behar; geure barrura eta geure ingurura begiratzea aski dugu. Gure lasaikeria, alde batetik, eta askoren estuasuna, bestetik; gure gehiegia, alde batetik, eta besteen miseria, bestetik; gure eskubide-eskakizun neurrigabea, alde batetik, eta besteei ukatzen dizkiegun eskubideak, bestetik; gure duintasuna neurtzeko molde zabalak, alde batetik, eta besteenak neurtzeko molde murritzak, bestetik; gure segurantzi beharra, alde batetik, eta beste askoren izua, bestetik; gure soberakinak non ezkutatu ez dakigula borrokan gu eta beharrezkoa non aurkitu ez dakitela asko eta asko... Gure zibilizazio zuzenkontrakoaren kontraesan odoltsuak.
«Erne» esan digu Jesusek. «Ez dakigula geure burua moteldu eta toteldu gehiegikeriaz, jan-edanez, gehiegikeriaren kezkaz». Abenduak arindu egin nahi digu bizitza. Alferrikako lotura eta pisuak gainetik kendu nahi dizkigu. «Badator Jauna». Esnatzeko ordua da. Zer bizi dugun galdetzeko garaia da. Geure bizi-kalitateaz galdetzeko ordua da. Geure harremanen egiaz azterketa egiteko unea dugu. Jaunaren etorrera epai gertatuko baitzaio gure gezurrari eta gure faltsokeriari.
Zer da, baina, erne jartzea? Nola jarri eta nola bizi erne? Bigarrenean San Paulok esan duen bezala: elkar-maitasuna eta guztiekiko maitasuna gainezka biziz. Maitasuna da Jaunaren aurrean bakea eman diezagukeen jarrera eta jarduera. Maitasunak garbi dezake gure bizitza Jaunaren etorreraren aurrean. Maitasun-ariketa da erne eta adi bizitzeko aukera bakarra. Izan ere, gure loak lagun hurkoa ez ikustera ekarri gaitu. Gure loak, injustizia normaltzat hartzera ekarri gaitu. Gure loak, normaltasun osoz besteek behar dutena geuretzat pilatzera ekarri gaitu. Eta gure munduan gosea eta miseria arintzen eta ezabatzen ez ditugun bitartean, Abenduak gure loaren arduragabean egingo digu ihes. Eta ezingo dugu ospatu ez Abendua eta ez Eguberri.
Apaltasuna eta egizaletasuna eskatzen zaizkigu Abenduan. Ezin dezakegu gehiago luzatu gezurretako egoera. Jaunaren etorrerari ezin diezaiokegu ihes egin. Askatasunaren pozetan burua altxatu nahi baldin badugu, geure hondamendiaren aitortzan burua apaldu beharra daukagu. Abenduak bere eskutik eramango gaitu Eguberriko edertasun betera. Abendu gabeko Eguberririk ez dago. Jarri gaitezen erne eta adi, Jaunaren etorrerari pobreen presentzian antzemateko. Jar gaitezen erne, Jaunareen etorrerari pobreen ateak irekitzeko. Eta etorriko da, etortzen ari da, etorri da.
Goazen Abenduko mahai santura. Jesus hementxe datorkigu etorrera apalean, betiko etorrera aintzatsurako erne jar gaitzan. Ireki dezagun apaltsunean gure bihotz aspertua eta berak piztuko gaitu bizitzara, berritasunera, egiara, eguzki berrira.
Iñaki Beristain (2015-11-24)
Beti bidean, beti bila
(Abenduko 1. igandeko ebanjelioa: Lk 21, 25-28. 34-36)
Esperantzari eustea ez da erraza, oso da zaila. Lehen kristau-elkartearentzat ere garai oso gogor eta odoltsuak ziren ordukoak. Gaurko ebanjelio-atalak gertakari haiek denak Jesu Kristoren etorreraren argitan irakurri nahi ditu. Mundua ez baita beregan itxia dagoen historia. Betetasunaren ziriak puskatu eta zartatzen du ixtura hori, argi berri batera ateratzeko.
Hizkera apolatiptiko honek irizpide jakin batzuk eskaintzen ditu errealitatea egoki ulertu eta irakurtzeko:
– Gertakari ilun eta ikaratzaileen aurrean, Jesusen jarraitzaileak ez du beldurtu behar. Jende asko ikaratuko da, irtenbiderik gabe ikusiko baitute bizitza. Dena eroriko zaie, beren usteari ordura arte eutsi zion dena. «Gizakiak arnasarik gabe geldituko dira».
– Orduan, fededunak, bere ustea Jesu Kristorengan jarrita daukanak, beldurtu behar ez badu, zer egin behar du? «Jaiki, eta altxa burua» esaten digu Jesusek. Gertakari horiek guztiak, mundua zauritzen duen saminaldia, datorkigun askatasun betearen aurre-seinale dira. Ez da harrokeriaren kontua, esperantzak bularrean ematen digun adorearen kontua baizik.
– Beraz eta ondorioz, erne bizi, bizitzaren joanari bere onean eutsiz. Jesusen segitzaileak ez luke betetasunaren hurbiltasuna ahaztu behar, beste mila kezkaren azpian estalita. Gauzen eta bizitzaren egia berehala («badator») irakurriko dugu. «Egon beti esna».
Hau dena gaur ari da gertatzen. Ikusten ari garen erorialdi soziala eta eliztarra, benetako kataklismoa da. Tristetu? Martxa triste eta ilunean murgildu gu ere? Gauzei joaten edo etortzen utzi? Ez, noski. Munduak gaur erakusten duen injustizia horri gogor egin behar diogu, «horretan ez erortzeko indarra eskatuz». Giza istoriari argiak itzaltzea ez dugu ametitu behar. Pobreen garrasiz iristen zaigun deiak esna eta erne harrapatu behar gaitu. Diruaren, erosokeriaren, atsegin grinatuaren zorabiotik ihesi.
Eta askatasun betearen aireaz lurrindu behar ditugu inguruak. Gertatzen ari direnak, pobreentzako aire berri bihurtu behar ditugu, injustiziari borroka sutsua eginez. Kristauok galdetu beharko genuke, ea krisialdiak non eta nola harrapatzen gaituen, borrokan ala kikilduta, pobreen alde ala neureaz kezkatuta.
Eliz errealitateak ere badu galderarik: zertan nabil, nire sinesmena sakontzeko prozesuan ala gerra txikietan?, nire kezka kaskarretan ala begirada zabal baten argitan errealitatea irakurtzen?
Eta, batez ere eta denen gainetik, esperantza, «altxa burua». Garai zail hauek betetasunaren lehen kimu ditugu. Mundu berri baten deiak mantentzen gaitu esna eta lehian. Esperantza ederraren garaiak ditugu. «Altxa burua».
Iñaki Beristain (2012-11-28)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 21, 25-28. 34-36)
Liturgi urte bat amaitu eta berriari ekiten diogu gaur. Elizak berriro ere bide berri bat egiteko oinetakoak janzten ditu eta helmugarantz abiatzen da. Ez da, noski, egutegiaren eskakizun bat; barruko sineste sakona baizik.
Une berrian jartzen gaitu Abenduaren hasierak, eta une berri horren aukera ez genuke alferrik galtzen utzi nahi. Une berria diot, fedearen ibilbidean ez baita ezer errepikatzen, dena da berria. Fededun bakoitzari eta gizaki bakoitzari eskaintzen zaigun aukera aprobetxatzekoa da.
Zerk ematen dio berritasun hori, gaur hasten dugun garai berri honi? Zerk esna dezake gaurko gizakiaren bizitza, bide berri bati ekiteko? Zein da, beste era batera galdetuta, zein da gaurko gizakiok daukagun behar nagusia? Badakit alde askotatik eta era askotara ikus daitekeela behar nagusi hori. Baina nik itxaropena deituko nioke behar nagusi horri. Gaurko gizakiak, gaurko gizarteak, itxaropena behar du, esperantza. Eta gure herriko gizon-emakumeek ere, besteak beste eta beste ezeren gainetik, esperantza behar du.
Eta ez naiz ari esperantzaren beharraz, gure egoera politikoa dagoen bezala dagoelako. Horrek ere itxaropena behar du. Baina aurreragoko beharraz ari naiz. Gaurko gizon-emakumeak, bere gizatasun neurriak txukun garatzeko, itxaropena behar du. Bestela, argi guztiak itzaltzen zaizkio. Itxaropenaren faltaz, bide guztiak ixten zaizkio eta etsipenaren jarduera itoa sortzen da. Eta gaur gauza asko dauzkagu, aurrerapen nabarmenak, bizigiro erosoa eta nahi den guztia, baina jendea etsita dago. Eta etsipenak pertsonaren indarrik onenak ahultzen eta moteltzen ditu.
«Jendea ez da hain gaizki bizi», esango zait. Badakit hori. Baina itxaropena ez da ongi bizitzea edo etxean erosotasun guztiak edukitzea. Itxaropena ez da gauzez edo erosotasunez neurtzen. Gauza asko behar denean, erosotasun gero eta handiagoa behar denean, gure beharren mugak gero eta zabalagoak direnean, argi dago itxaropena falta dugula. Gure beharren ase ezinak behar nagusi bat nabarmentzen baitu. Gaurko gizon eta emakume askok gauza asko behar dute, sakoneko bizi-sentidua eta bizi-arrazoia falta dutelako. Eta munduko gauza guztiek ez dute bizi-oinarri hori ematen.
Zergatik gabiltza gure harremanak bideratu ezinik?, eta ez gizarte zabalean bakarrik, baita gure familietan eta ezkontzetan ere. Zergatik gabiltza sal-erosketaren gurpil zoroan murgilduta, giza bizitzaren edertasuna hortik ez datorrela jakinik? Zergatik gabiltza sufrimenduari ihes egin nahi larri eta alferrikakoan? Itxaropenaren bide eta jokaerak ez dira horrelakoak. Itxaropenak badaki gauza guztiak bere neurrira ekartzen. Itxaropenak badaki behar faltsuen morrontzatik ihes egiten. Itxaropenak badaki eguneroko bizitzari poza sortzen. Itxaropenak badaki gizatasunez sufritzen ere.
Abenduan sartzen gara gaur. Eta Abendua itxaropenaren garaia da. Abenduak berriro jaikitzeko deia egiten digu. Esnatu egin nahi gaitu. «Zaudete erne» esaten digu. Eta mesedegarria izango litzateke, bakoitzak bere barruko eta gizarteko ibilbideak aztertzea. Bakoitzak bere gizatasunaren galdera egitea. Etsipen gehiegi dago bazterretan. Alferrik da gure etsipenak kanpoko baliabidez estali nahia. Argi dago zibilizazioaren bizi-eskaintza handiak, eman behar omen zutena eman gabe lehertzen ari zaizkigula. Beraz...
Beraz, entzun behar genuke gaur hasten dugun Abenduaren deia. Abenduak itxaropenaren Jainkoa jartzen digu begien aurrean. Gure ezin eta ondoezak atera behar genituzke Abenduaren aire garbi eta berritzailera. Etsipenaren arropa zaharrak esperantzaren lisibaz garbitu behar genituzke. Merezi du esperantzan eta esperantzaz bizitzea. Merezi du gizatasuna bere onenean garatzea. Itxaropenaren ordua da!
Iñaki Beristain (2015-11-24)