URTEAN ZEHAR XIX IGANDEA

C zikloa

Jakinduriaren liburutik 18,6-9


Aldez aurretik eman zitzaien gure gurasoi
gau haren berri,
nolako zinari sinestu zioten garbi jakinez,
haien uste ona sendo zedin.
Zure herria, zintzoen salbamenaren
eta etsaien hondamenaren zai zegoen.
Ekintza berarekin, etsaiak zigortu egin zenituen,
eta gu aintzaz bete, Zuregana deituz.
Zintzoen seme jatorrek
opariak eskaintzen zizkizuten isilka;
eta elkar-adituta,
lege santu hau ezarri zuten:
bai zorionean, bai zoritxarrean,
santuak elkarren lagun izango zirela;
eta arbasoen abestiak kantatzen hasi ziren.

ERANTZUN-SALMOA 32


BAI DOHATSU,
JAUNAK BERE OINORDE HAUTATU DUEN HERRIA.
Poztu zaitezte, zintzoak, Jaunagan,
zuzenak direnei dagokie Hura gorestea.
Bai dohatsu, Jauna Jainko duen jendea,
Jaunak bere oinorde hautatu duen herria
Gure bihotza Jaunaren zain dugu,
lagun eta babes Bera baitugu.
Betor gugana, Jauna, zure maitasuna,
Zugan baitugu gure uste ona.

Hebertarrei egindako epistolatik 11,1-2.8-9


Senideok: Sinesmena, itxaroten dugunaren oinarria da, ikusten ez direnen agerpidea. Sinesmenaren bidez iritsi zuten arbasoek oroimen ona. Sinesmenaren indarrez bete zuen Abrahanek Jaungoikoaren esana, eta atera zen ondaretzat hartu behar zuen lurraldera, nora zihoan jakin gabe. Sinesmenaren indarrez bizi izan zen agindutako lurrean arrotz, erbestean bezala, txabolatan -eta berdin Isaak eta Jakob ere, agintzari beraren oinordeko zirenak-; oinarri sendo gainean ezarritako herria itxadoten zuen, Jaungoikoak eraikia eta antolatua.
Sinesmenaren indarrez hartu zuen Sarak berak ere, adina joan eta gero, haurdun izateko indarra, agintzaria egin ziona leialtzat bait zeukan. Horrela, gizon batengandik -horretarako hilik zegoen batengandik, gainera- seme asko jaio ziren, zeruko izarrak adina eta itsas bazterrean dauden hondar kontaezinak hainbat.

ALELUIA Zaudete erne, uste ez duzuen orduan


etorriko zaizue-eta Gizonaren Semea. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa san Lukasen liburutik 12,32-48


Aldi hartan, honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
[- “Ez izan beldurrik, artalde txiki horrek, zuen Aitaren gogoa bait da erreinua zuei ematea. Sal itzazue dituzuen ondasunak, eta eman limosna. Egin itzazue, zahartzen ez diren sakelak, eta ahitzen ez den gordailua zeruetan; han ez bait dezake, ez lapurrek ostu, ez sitsek jan. Izan ere, ondasunak dituzuen lekuan, han duzue bihotza.]
Zaudete erne, gerrikoa gerrian, eta krisailuak biztuta; nagusia ezteietatik noiz etorriko zain dauden morroiak bezala, etorri eta atea jotzen duenerako ireki diezaioten. Zorionekoak, nagusiak, etortzean, erne aurkitzen dituen mutilak! Egia diotsuet: Bere gerrikoa soinean jantzi eta mahaian eser eraziko ditu, eta Bera hasiko zaie serbitzatzen. Zorionekoak, nagusiak horrela aurkitzen dituen morroiak, nahiz gauerdian, nahiz goiz aldean etorri. Ba dakizue: etxe-nagusiak baleki, gaueko zein ordutan etorriko den lapurra, ez luke etxea zulatzen utziko. Zuek ere prest egon zaitezte; uste ez duzuen ordutan etorriko bait da Gizonaren Semea”.
[Pedrok orduan:
- ‘Jauna, guretzat esaten al duzu parabola hau, ala guztientzat?’
Jaunak erantzun:
- “Nor da etxezai zintzo eta zentzuduna, nagusiak bere serbitzarien buru ipini duena, behar ordutan gari-neurria eman diezaien? Zorionekoa, nagusiak, etortzean, hori egiten aurkitzen duen morroia! Benetan diotsuet: Bere ondasun guztien morroiburu ipiniko du. Baina morroi horrek bere baitan esaten badu: ‘Berandu dator gure nagusia’, eta neskame-morroiak jotzen hasten bada, eta jaten, edaten eta mozkortzen, uste ez duen egunetan eta ez dakien ordutan etorriko zaio nagusia, eta ebaki-ebaki egingo du, gaiztoak merezi bezala.
Nagusiaren nahia jakin bai, baina hura egiteko prest ez dagoen morroiak, edo nagusiak nahi bezala egiten ez duenak, zigorkada asko hartuko du. Nagusiaren nahia ez dakienak, nahiz-eta zigorra merezi duten okerrak egin, zigorkada gutxi hartuko du. Asko eman zaionari, asko eskatuko zaio; askoren ardura eman zaionari, gehiago eskatuko zaio”.]


Homiliak

Kristau senideok: kristauaren munduko postura zehazterakoan entzun duzue Jainkoaren Hitzak nolako esaldia erabili duen: «Zaudete erne». Eta, egia aitortzen hasita, ez datorkigu gaizki nohizbehinka dei presatsu hori entzutea: «Zaudete erne». Izan ere, munduko bizitzak, bere berez, nola halako lozorro batean sartzen gaitu. Ez omen zaigu komenigarri gehiegi pentsatzea eta gauza handietaz gehiegi arduratzea. Horrek kezka besterik ez dizu sortuko eta... «Zaudete erne», Elizaren deiak gordin jotzen du gaur ere. Oporretan eta lasai, dena ahaztu nahirik, eta Elizak zera esaten digu: Badela ahaztu behar ez dugunik. Nola bizi dugu gure fede-bizitza?

Baina «erne egotea» betiere zerbaitengatik izaten da. Zerbaitek edota norbaitek jartzen gaitu erne. Zergatik egon behar du kristauak erne? Nork edo zerk jartzen du erne? «Eliza beste borondate batetik» bizi da. «Nagusia ezteietatik noiz etorriko zain» bizi da. Fededunak badaki, Jesu Kristoren Etorrerak zehaztuko dituela postura guztiak, betiko Erreinua datorkigunean. Eta, horregatik, hemengoa ez delako, ez du hemengo gauzetan kokatu eta etzan nahi. «Erromesa da». Eta erromesa bideari zor zaio beti.

Argigarri edo eredu bikainak jarri dizkigu gaurko Jainkoaren Hitzak. Lehenengo irakurgaian Israel herri osoa zain, kantuka, opariak eginez, elkarri lagunduz, uste sendoan oinarriturik ikusi dugu. «Zintzoen salbamenaren zain». Eta Jaunaren askatasun-orduak gauean jo zuenean ez zituen lotan aurkitu. Erne aurkitu zituen. Izan ere, «nolako zinari sinetsi zioten jakinik», beti prest eta zain baitzeuden.

Beste eredu eder askoa bigarren irakurgaiak eskaini digu: Abraham. Esaldi labur batzuen bidez, zein ederki margotu zaigun Patriarka zaharraren bizimodua: «Sinesmenaren indarrez», «bete zuen», «atera zen», «arrotz erbestean bezala», «itxaroten zuen». Abraham beti Jainkoaren deia entzuteko bihotz-zabal ikusten dugu. Jainkoaren dei horretatik bizi da. Beraren fedea, beti esperantzan eta beti prest ikusten dugu. Badaki Jainkoaren esku dagoena, eta ez diola hark berean gelditzen utziko. Benetan esperantza-kolorea du kristau fedeak. Esaldi borobil eta betea entzun dugu: «Sinesmena, itxaroten dugunaren oinarri da». Kristau-sinesmenak esperantzaren aurrera-nahiez eta atera-nahiez jantzia behar du. Sinesmenak erne bizi behar du.

Eredu hauetatik abiatuz, ez da zaila, nik uste, Jesusek eskatzen duen postura bere onean ulertzea. Nagusia zerbitzatzeko zain eta prest bizi behar dugu. «Gerrikoa gerrian eta krisailuak piztuta». Ezerk ez lioke fededunari zain bizitze hori txepeldu edo lozorrotu behar. Eta, hala ere, badakigu zenbat arrisku dituen gure fedeak munduko bizitzan: aurreko igandean ondasunei eta lasaikeriari eta buruz esandakoa ez genuke ahaztu behar. Ez ote genezake esan, munduaren bizitza fedeari bere gordintasuna moteltzeko dagoela antolatua? «Zaudete erne». Eta Jesusek bezala, Elizak ere, erne nahi gaitu. Ez dakigu nagusia noiz detorkeen, baina badakigu etorriko dela. Eta hori ez da mehatxu bat, hori erne bizitze horretan sendo nahi gaituen deia da. Eta, begira, erne bizitzeak bizitzako postura eta jokabide guztiak aldatzen ditu: bizitza non oinarritu, lagun hurkoarekiko jokabidea, ondasunen erabilera... Dena.

Honek guztiak zer esaten dizu, entzule? Mundua hor dago bere eguneroko bizi beharrarekin eta bere eguneroko eskaintzarekin. Gauzen artean bizi beharko duzu. Gaur eta beti hemen bizi behar bazenu bezala saiatu beharko duzu mundua eraikitzen. Eta, hala ere, ez duzu ahaztu behar «erromesa» zarela, «erbestean bezala» zabiItzala. Eginbehar guztien artean ezin genezake «helmuga» ahaztu. Hemen eta hemengo bezala jokatu, baina hangoa zarela jakinik. Eta hango horren esperantzan bizi behar dugu. Gauza asko dugula esperantza horretatik saihets gaitzakeena? Bai, eta gauza horiek ez ditugu bertan behera utzi behar: politika, familia, segurantza, geroa, lagunartea... Horietan guztietan, ordea, bihotza libre. Lotu gabe. Lozorrotu gabe. Bideari eutsi. Esperantza galtzen denean, geroarekiko begirada mozten zaigunean, bidea «egonleku edo etzaleku» bihurtzen dugu. Eta hori ez da erromes izatea.

Beharbada gure kristau-bizitzari gertatu zaion gauzarik kaltegarrienetakoa da, sorpresarako aukerak itxita dauzkagula. Ez dugu ezer berririk espero. Ez dugu inolako nobedaderik espero. Ez gara bizi ezeren eta inoren zain. Dena badakigu. Badakigu zer gertatuko zaigun une eta toki bakoitzean. «Erromesak» bere begiak erne daramatza, edozein une eta tokitan zerbait berria ager dakiokeelako. Bihotza ez zaio moteltzen. Ez dihoa itsu-itsu. Sorpresarako leihoak beti zabalik daramatza.

Hala ere, beste zera bat ez dugu ahaztu behar: geroari begira bizitzeak ez dio gaurkoari ezer kentzen, edo ez lioke kendu behar behintzat. Esperantzan bizitzeak kendu ez baino beste zera berezi bat eman egiten dio gaurko eginkizunari, beste barne-postura bat, alegia. Izan ere, gaur lanean ari denak badaki biharkoa ari dela eraikitzen dagoeneko. Eta eguneroko eginkizuna, gerokoaren gertutasunak indartzen eta giharretzen dio. Badaki etorri behar duena etorriko dela. Etorriko da. Eta etortzen ari da.

Horrela bizitzea zaila dela, diozu? Egia esateko, horrela bizitzea ez da oso erosoa gaurko gizartean. Hori horrela da. Baina gure herriak aurreranahizko postura libre honetan behar gaitu. Eta Elizak halaxe nahi gaitu. Horregatik goazen Eukaristiara. Eukaristiak bi alderdiak ditu berekin: alde batetik, gerokoaren aurre-dohain dugu, etortzekoa ezaugarri bidez eskuratzen baitigu. Eta, beste aldetik, Eukaristia libre izateko, «erne bizitzeko» indarra dugu.

Eukaristia ospatu aurretik, gogoan izan «sinesmena, itxaroten dugunaren oinarri dela». Berritu dezagun sinesmena, itxaropena indartuz.


Iñaki Beristain (2016-8-2)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 12, 32-48)

A zer gaurkotasuna daukaten Jesusen gaurko hitzok! «Ene artalde txiki hori, ez izan beldur, atsegin izan baitu zuen Aitak zuen alde errege izatea». Mendeetako izate-molde batera ohituta, asko kostatzen ari zaigu txikitasuna onartu eta ontzat ematea. Handi-amets larregi dago eliz bazterretan eta igarotako garaien nostalgiazko min handiegia bihotz askotan. Ekonomian askok bezala, guk ere lehengo garaietara itzuli nahi genuke. Baina, joanak joan!

Igande honetako ebanjelioa gogoz hausnartu eta barneratu behar genuke. «Ene artalde txiki» esaten duenean, bere ikasle gutxi haiek zeuzkan aurrean, eta gu geneuzkan aurrean. Orduan txikia zen artaldeak gaur ere txiki izaten ikasi beharko du. Kopuruez errealitatea neurtu nahi izatea, garai bateko eliza beteen ametsez ibiltzea, gure jarrera egoskorraren azalpen dira, baina alferrikako jarrera da. Txiki izatea dugu bokazio.

«Ez izan beldurrik», Jesusek askotan opa diguna, beldurrik ez izatea. Izan ere, txikiak, babesik ezak, bakardadeak beldurtu egiten gaituzte. Eta beldurra ez da lagun ona ezertarako. Egia da, gure gizarte honetan hain xume eta hain indargabe azaltzea, arriskutsua dela eta beldurtzekoa. Indarrez jokatzekotan, ez daukagu zer eginik. Gauzak adierazgarritasunetik neurtu behar baldin baditugu, ez daukagu etorkizun handirik. Beldurrak pauso motza du, eta geure habi beroetan babestera eragiten digu, euritara ateratzeko adorea galduta.

Aita «gure alde errege da». Hau da beldurrik ez izateko arrazoia: Aitak bere agintea edo bere jauntasuna gure alde darabilela. Bere maitasunaren Erreinua erregalatzen digula. Eta gure bizitza osoak bestelako oinarria hartzen du, Aitaren maitasun neurrigabearen oinarria. Edozer gertatu, edozer esan, edozer pentsatu..., beti maitasunak eutsita. Eta maitasunak ez du hutsik egiten. Maitasuna da bizitzaren sendotasunik tinkoena.

Orduan zer? Arduragabe? Gauzei gertatzen utzi eta segi? Edo, kontrakoa: erne bizi! Gaurko ebanjelioak erne bizi­tzeko deia egiten dio bere artalde txikiari. Ez erne bizi etsaiek eraso gaitzaketelako; erne, gauzak Erreinuaren begiradaz begiratzeko. Erne, beldurrari gure izatea beldurtzen ez uzteko. Erne, maitasuna beti gure bizitzara etortzen ari delako, eta beti atea ireki behar diogulako.

Erne, bai! Ez genuke Jaunaren Erreinuaren ordua ahaztu behar. Iratzargailuak beti Erreinuren ordua jo behar liguke. Bestela, loak eta interes laburrak hartuko gaituzte menpean, eta ez gara biziko. Dohain asko eman zaigu, dohain handia, Erreinua eman zaigunean. Baina, dohain hori zaindu egin behar da, ez baita betirako harri koskor bat; egunero berritu beharreko erregalua da, uneoro laztandu beharreko presentzia.

Hori horrela izanik, zer inporta dio gutxi izatea, «artalde txiki» izatea? Ez da kopuruaren indarra, eman zaigun dohainaren indarra da aberasten gaituena. Horregatik, gutxi izanagatik, erne bizi gara!


Iñaki Beristain (2013-8-8)

(Igandeko ebanjelioa: Lk 12, 32-48)

Giza bihotzaren jokalegea zelebrea da, beti segurantza bila dabil. Gizakiok bizi dugun kezkarik nabarmenena bizitzaren pausoak kontrolatzea da. Poza eta atsegina ziurtatu, etorkizuna seguru eduki, seme-alaben bizi-mailari oinarri seguruak jarri, badaezpadarako beharrezko guztiak aurrez pentsatuak eta bideratuak eduki... Eta gure segurantzak kolokan jartzen dituen gertaera edo une batek barru-barrutik asaldatzen gaitu, eta neurrigabe aztoratzen.Beste aldetik irakurrita, segurantza-behar horrek zera erakusten digu, arriskatzeko gaitasuna galdu dugula. Geure barruaren ametsei hegoak ebaki dizkiegula. Eta, beraz, gizatasunaren zerumugak estutu egin ditugula, zenbaitetan erabat ixteraino estutu ere. Eta hori askatasunaren aukerak galtzea da, egoerara egokitzea, instalatzea, bakoitza bere habitxoan bero-bero gelditzea. Libre denak arriskatzen daki. Libre izan nahi duenak arriskatzen jakin behar du. Eta, dudarik gabe, arriskatzeko gaitasuna da gizatasunaren alderdirik onenak erakusten dituen aukera.Gaurko ebanjelioa irakurtzen duenak, libre izateko edo libre izatera iristeko deia entzungo du. Eta Jesusek ho­rretarako errezeta ematen digu: ez iezaiezu zure bihotza gauzei lotu eta kateatu. Ez lotu zure bihotza gal­tzen eta usteltzen diren ondasunei. Zure altxorra daukazun tokian, hantxe edukiko baituzu zure bihotza. «Altxorra non, gogoa han». Gauza jakina da: gauza asko daukanak, eragozpen gehiago du libre izateko, gauza asko baitauka kontserbatzeko. Eta edukitzearen edukitzez, nahiago du segurantza askatasuna baino. Horixe da gizon edo emakume lotuaren logika eta dinamika.Baina Jesusek, askatasunaren ondoan erne bizitzea eskatzen digu fededunoi. Izan ere morrontzaren logika berez eta erraz sortzen baita. Eta erne ez bazabiltza, jokamolde horrek bere atzaparretan lotuko zaitu. Askatasunak erne bizitzea eskatzen du. Eta gaurko gizarteak begibistan jartzen digun hainbeste eskaintza ustelen aurrean, oso erne eta esna ibili beharra dago, bestela gehiengoaren ibilbide ondasunzalean eroriko zara. Eta une horretan bertan segurantza bila hasiko zara, arriskurako gaitasun librea galdurik. Eta une horretan zure gizatasunaren neurririk onenak emanak izango dituzu. Kitto!Zein zaila den libre irautea bizitzak aurrera egiten duen neurrian! Eta deskuidatzen bazara, gainera, heldutasuna segurantza-beharrarekin parekatuko dizute, gizakiaren heldutasuna segurantzak bilatzetik neurtu behar balitz bezala. «Gizaki helduak abenturarako jolasgogoa galtzen du», esaten dizute serio asko.Eta gure gizarte honetan, herriaren ibilbidea hobetzeko ilusioa moteldu da, Elizaren barne-bizitza berritzeko espiritua urtzen doa, ebanjelizazioari bide berriak urratzeko edorea txepeldu da, herriaren festa areagotzeko aukerak bukatu dira, bakea bideratzeko irudimenak ez du gehiago ematen... Hor daude adierazgarri gure harremanak, politika giroko gatazka alferrikakoak, gure inguruko azpijokoak, ekonomi munduko ustelkeria... Daukagunari eutsi? Daukaguna segurtatu?Fededunok jabetu beharra daukagu esku artean daukagunaz. Berri Onaren izamolde berria eskaini zaigu. Eta hori zabaldu nahi duenak berritasunerako ilusioa behar du, bere segurantzak arriskatzen jakin behar du, bere indarrak eta orduak eskaintzeko prest azaldu behar du, bere ahaleginik onenak erretzeko gai prantatu behar du, eta bere kezkak benetan balio duten gauzetan erre behar ditu, ez patrikako ondasun ustelkorretan. Arin eta libre ibiltzeko, hobe da gutxirekin!Goazen erne, askatasuna galdu nahi ez badugu! Gabiltzan libre eta erne!


Iñaki Beristain (2016-8-2)