BAZKO-ALDIKO V IGANDEA

C zikloa

Apostoluen Eginetatik 14,21-27


Egun haietan, Paulo eta Bernabe Listrara eta Antiokiara itzuli ziren; sendotu zituzten ikasleen bihotzak eta berotu, sinesmenean iraun zezaten, Jaungoikoaren erreinuan neke asko igarota sartu behar dugula jakin eraziz. Eliza bakoitzean arduradunak izendatzen zituzten, otoitz eta barau egiten zuten eta beraiek sinesmenean onartutako Jaungoikoaren eskutan uzten zituzten.
Pisidian zehar, Panfiliara joan ziren, eta Perjen hitza hotsegin ondoren, Ataliara jaitsi ziren; itsasoz, berriro irten-lekura jo zuten, handik izan bait ziren bidaliak, hain zuzen, Jaungoikoaren graziarekin bete zuten eginkizunerako.
Iritsi zirenean elkartea bildu zuten, eta beren bidez Jaungoikoak egindako guztia azaldu zioten, baita nola Jaungoikoak sinesmen-atea jentilei zabaldu zien ere.

ERANTZUN-SALMOA 29


JAUNA, ZURE MAITASUNA
ABESTUKO DUT BETIREN BETI.
Kupibera da Jauna eta errukiorra,
berant-aserre eta guztiz onbera.
Ona da Jauna guztientzat,
errukior Berak egin dituenentzat.
Jauna, zure lan guztiek ospa zaitzate,
zure zintzoek bedeinka zaitzate.
Zure erregetza zein bikain den aitor bezate,
zure ahal-izateaz hitzegin bezate.

Apokalipsis liburutik 21,1-5a


Nik, Joanek, zeru berri bat eta lur berri bat ikusi nituen; lehenengo zerua eta lehenengo lurra joan bait ziren; eta itsasorik ere ez zegoen. Hiri santua ikusi nuen –Jerusalen berria-, senargaiarentzat apaindutako andregaia bezala, zerutik Jainkoarengandik jaisten. Eta oihu haundi bat entzun nuen aulkitik:
“Hona hemen Jaungoikoaren etxola gizonen artean; haien artean biziko da. Haiek izango ditu bere herri; eta ‘Jaungoikoa-haiekin’ izango da haien Jainko.
Begietako malkoak txukatuko dizkie. Ez da izango gehiago, ez heriotzarik, ez negarrik, ez garrasirik, ez atsekaberik. Lehengoak joan bait dira”.
Aulkian zegoenak esan zuen: “Orain, gauza guztiak berri egiten ditut”.

ALELUIA Agindu berri bat ematen dizuet –dio Jaunak-:


Maita ezazue elkar,
Nik maite izan zaituztedan bezala. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa S Joanen liburutik 13,31-33a.34-35


Aldi hartan, Judas afaltokitik atera zenean, Jesusek honela esan zien ikasleei:
- “Orain izan da goretsia Gizonaren Semea, eta Jaungoikoa goretsia izan da Harengan. (Jaungoikoaren aintza agertu bait da Harengan, Jaungoikoak Berak agertuko du Gizonaren Semearen aintza; eta laster gainera). Ene semeok, oraintxe ez nago luzarorako zuekin.
Agindu berri bat ematen dizuet: Maita ezazue elkar. Bai, Nik maite izan zaituztedan bezala, zuek ere maita ezazue elkar. Honetan ezagutuko dute guztiek, nire ikasleak zaretela: elkar maite baduzue”.


Homiliak

Oraintxe entzun dugun Jainkoaren hitzak txertu berri bat bezala ematen dio gure fedeari. Benetan ikuspegi eder eta baikorrean kokatu gaitu. Lehenengo kristau elkartea bere fruitu ikusgarriak ematen ari da, jentilengana berri ona zabalduz. Jainkoak fruitu ederrak ematen ditu elkarte haren bihotzean. Eta egintza horrek «zeru eta lur berrien» aurrean jartzen gaitu. Negarrik eta malkorik isuriko ez den erreinuaren bihotzean kokatzen gaitu Jaun berpiztuaren presentziak. Maitasunaren agindu eta eginkizun ederra bizi duen erreinuaren giro berrituan.

Amets hutsa dela hori guztia? Pazkoan ez egitekotan, noiz egin behar dugu bada amets? Pazkoak eskaintzen digun koadro ikusgarri honetan presentzia bat eskaintzen zaigu, Jesus berpiztuaren hurbiltasuna. Eta, noski, Jaun berpiztuaren inguruan, dena biziberritzen da, dena edertzen, dena askatzen. Jainkoa gurekin daukagula esaten digun presentzia da. Mundu berri baten leihoak zabaldu zaizkigula esaten digun presentzia da. Eta nola ez dugu bada amets egingo? Nola ez zaigu bada bihotza poztuko? Nola ez diogu bada mundu berri baten lanari gogotik helduko? Sinets iezadazu!

Eta, seguru asko, amets horri bueloa kentzeko, aurrean jarriko zenizkidake giza sufrimendua, gogorkeria, gerrateak, egoismoa, heriotza... Eta hala ere amets? Fedeari sortzen zaion ametsa, adiskidea, ez da gizartea berritu beharra ahaztuarazten digun ametsa. Ez da mundu mindu baten negarretik urrutiratzen gaituen ametsa. Esango dizut amets hau nondik sortzen zaigun eta nora dihoan. Jainkoaren hitzak esan du honako hau: "Orain, gauza guztiak berri egiten ditut". Eta amets egingo ez dugu bada?! Baina jakin badakigu, Jainkoak egiten duen berritasuna ez dela botoi bati sakatu eta berez sortzen den automatismoa. Jainkoak ematen digun berritasunak, mundua berritzera garamatza. Bihotza eta besoak lanera eramaten dizkigun amets erantzukizunezkoa da, amets eragilea da. Jainkoak esan digu: mundu berri horretan «ez da izango gehiago, ez heriotzarik, ez negarrik, ez garrasirik, ez atsekaberik». Eta horrek, gaitzaren eragin negargarria ezabatu eta zuztargabetzeko lanera eramaten gaitu, Pazko gertatzen ari dela sinetsirik. Ulertzen al duzu, fededun, sortu zaigun ametsa ez dela amets huts eta lotaratzailea. Amets eragilea da, amets langilea da.

Nola gertarazi nahi dugu amets hori gure munduan eta gure euskal gizartean? Gogoan al duzu Ebanjelioan entzundakoa? «Maita ezazue elkar nik maite izan zaituztedan bezala». Maitasuna dugu Pazkoko arma ederra ametsa munduan ereiteko. Maitasunaren erantzukizun langilez ez bada, gure ametsa amets huts geratuko zaigu. Maitasunak bakarrik egin dezake dena berriarazteko miraria.

Eta maitasunaren ondoan, kristau elkarte elkartu eta eragile bat behar da ametsa gertarazteko. Lehen irakurgaian ikusi duguna. Kristau elkartea bat eginda: batzuk hitza hots egiten, besteak ekintza hori bultzatzen eta berotzen, denak fede berean pozten. Katekesia, hitzaren zerbitzua, ospaketak, erakundea, otoitza... Hori guztia Espiritu beraren ekintza denean eta hori guztia zerbitzu beharrezko gertatzen denean, orduan Berri Onaren ametsa gertaraz daiteke gizartean.

Jesusek erakutsi eta agindu digun maitasunak muga eta hesi guztiak apurtzen ditu. Elkartasuna eta batasuna sortzen duen maitasuna da. Judu ala jentil, zuri ala beltz, zintzo ala bekatari... hesi horiek denak gaindituak eta deseginak geratu ez dira ba! Harreman eta elkartasun berria sortzen duen maitasuna da. Harreman berria pertsonartean; harreman berria gizartean; harreman berriak elkartean.

Zertan daukagu gure bizitza oinarritua? Pazko-maitasunean ala Legean? Jainkoaren maitasunera ireki behar dugu geure barrua. Eta biziera berriaren arnasa hartu bularra betean. Ederra da maitasuna sinestea! Eta ederra, maitasuna bizitzea!

Fededun adiskide, Pazko-ametsak pozten eta adoretzen ote gaitu? Nahiago nuke halaxe balitz! Eta pentsatzen jarrita, zergatik ez? Ospatzen ari garen Eukaristia honek ere amets berritzaile horren giro eragilera gakartza. Eta zergatik ez dugu Pazkoko mundu berri eta berritua sinetsiko! Zergatik ez dugu bada gaur bertan Jaunarekiko elkartasuna berrituko eta dena berri daitekeela sinetsiko! Zergatik ez!? Benga, animo! Ez dadila guregan Pazkoaren festa eta eragina moteldu. Gizarteari zor diogun festa eta eragina baita. Pazkoa eman zaigu, bizi dezagun Pazkoa!


Iñaki Beristain (2016-4-19)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Jn 13, 33-35)

Jesusen Ebanjelioaren bihotza ukitzen duten esaldien bila hasiko bagina, aukera desberdinak egin daitezke eta egingo genituzke. Baina, segur, gaurko ebanjelioko esaldi hau ez litzateke faltatuko: «Agindu berri bat ematen dizuet: maita ezazue elkar, nik maite izan zaituztedan bezala». Maitasunaren aginduak Ebanjelio osoa zeharkatzen du aldenik alde. Eta kristau izan nahi duenak, Jesusen segizioan bizi nai duenak, hitz hauek bihotzean behin betiko grabatu beharko lituzke.

Egia da, askotan entzuteak hitzari ere bere indarra kendu egiten dio, eta horixe gertatu da maitasunaren aginduarekin ere, indarra galdu duela. Normala iruditzen zaigu, ohikoa, inolako adierazgarritasunik gabeko hitza. Hitz ederak dira, baina denok ezagutzen ditugunak eta, beraz, ez daukate gaur egun halako berezitasunik.

Eta, hala ere, Ebanjelioaren bihotza dira hitz hauek, kristau-bizitza osoaren ardatza, fede-jardueraren muina, segizioaren irizpidea eta neurria, etika eta moral guztien iturburua. «Honetan ezagutuko dute guztiek nire ikasle zaretena: elkar maite baduzue». Eta hitz hauek Jesusek bere gorespen-orduan esandako hitzak dira, Pazkoaren betean guregandik joan eta bere ondarea uzten digun unean.

Hemendik aurrera, Jesus joan eta gero, ikasleari utzi zaion eginkizuna eta proiektua hauxe da, maitatzea. Maitasuna izango du adierazi behar duena eta adierazteko moldea. Maitasuna izango du ebanjelizazioa. Maitasuna esateko hitza. Maitasuna izango du harremana. Maitasuna begirada. Maitasuna iturria eta helmuga. Maitasuna ez den edozer alferrikakoa izango da eliz bizieran, Jesusen segizioan.

Noski, maitasuna esaten dugunean, ez gara ari nonbaiteko zerbait teorikoz. Maitasunak gorputza hartzen du, unean uneko gorputza. Eta gaur egungo krisialdian ere maitasunak gorputz zehatza hartzen du. Etxea kendu diotenaren aurrean, maitasunak ate irekien irudia hartzen du. Maite duen pertsona bat galdu duenaren aurrean, maitasunak hurbiltasunaren eta hitz onaren irudia hartzen du. Lanik gabe gelditu denaren bikote horren aurrean, nolako itxura har dezakeela pentsatzen duzu zure maitasunak? Maltratatua izan den emakume horren ubeldura edo beltzuneen aurrean, zer izan daiteke maitatzea? Zer eskatzen dizu maitatzeak?

Unean uneko gorputza harzten du maitasunak. Eta ez hori bakarrik, zuri gauza bat eskatuko dizu beharbada, besteari bestea. Maitasuna ez baita harri koskor bat, Jainkoaren maitasunak zuregan sortzen duen oihartzuna da. Eta Jainkoaren maitasunak duen betetasun osoa ez da gure maitasun-ekintza txikietan kabitzen, era eta molde asko hartzen ditu, denak baliozkoak. Hori bai, kontuan hartzekoa: Jainkoaren maitasuna beregan sentitu edo sumatu edo bizi ez duenak, ez du maitasunaren agindua bere onenean ulertuko. Jainkoagandik dator maitatzea!


Iñaki Beristain (2013-4-25)

(Igandeko ebanjelioa: Jn 13, 31-33a. 34-35)Pazkoaldia aurrera dihoakigu, burutzera. Zerbait berezia eta berria gertatu zaigu Pazkoan. Goitik behera aldatu dira planteaketak, izaerak, itxaropenak. Jesus berpiztu delako, dena berria da! Eta berritasun hori ez da amets hutsa, egunero-egunero mamitzen joan behar duen berritasun egiazkoa baizik. Joan behar duen eta joan daitekeena. Jesusek dena berritu duelako.Eta mundu berriari, «zeru eta lur berriei», biziera berria dagokie. Eta biziera berri hori, agindu edo biziarau bakar batean bildu du Jesusek: «Maita ezazue». Agindu berria deitu dio Jesusek berak. Berria, ez agindu bezala, aspalditik zehaztua baitzegoen maitasunezko jokaera. Berria, mundu eta izaera berriari dagokion arnasa eta jokalegea delako.Jesusek, bitasun eta bikeria guztiak batu egin ditu. Orain arte bi ziren guztiak bat izatera ekarri ditu. Batasunaren giza-arte berria ahalbidetu du Jesusek. Elkar maita dezakegu. Ezberdintasunak aberastasun bihur daitezke. Ulertuezinak elkartasun bihur daitezke. Gorrotoak itzal daitezke. Maitasunak sortzen duen batasun aberatsa eman zaigu gozatzera.Bat izate honek ez du esan nahi, berdinkeria zapaltzailearen alde ari garenik. Ezta gutxiagorik ere. Jesusek, ezberdintasuna batasunaren aberasgarri bihurtu du. Eta ezberdintasunaren ulertuezina, elkartasun bihurtu du. Eta elkartasuna dagoen tokian, maitasunaren legea nagusi den lekuan, ez dago inolako alderik bat izan edo bi izan. Ezberdintasuna gorroto denean, hori da gaiztoa. Ezberdintasunak zapalketara garama­tzanean, hori da gaiztoa.«Maita ezazue». Jesusen Elizak muga eta hesi guztiak gainditu behar ditu. Ez du ia sentidurik arrazakeriak. Kolorearen ezberdintasuna ezin daiteke zapaltzaile izan. Pertsonaren duintasuna ez da azalean joka­tzen. Fededun izan ala ez, hori ezin daiteke gure gurutzadak antolatzeko bide gertatu. Zintzo izan ala bekatari izan, ezin gaitezke elkarrengandik banatzen gaituen epaietan erori. Ez du sentidurik gizakiak bahitzeak. Ez du sentidurik inolako arrazakeriak, bazterketak eta gogorkeriak. Era horretan ez da ezer eraiki­tzen, ezer onik ez behintzat.«Maita ezazue». Jesusek elkartasun berria sortu du. Jesusen maitasun legetik harreman pertsonal eraberrituak bideratzen dira. Pertsonak bat izan gaitezke. Gure barruak itxi orde, bestearekin elkartasunean lotu gaitezke. Maitasunak konfiantza sortzen baitu. Maitasunak beldurra kentzen du. Maitasunak karetak eranzten ditu. Maitasunak bateratzera garamatza, elkartasunera.«Maita ezazue». Eta maitasunak dena berritzen du. Horrexegatik deitzen zaio agindu  berria. Maite duenari bere barrua berritzen zaio, hasteko. Harremanak berritzen zaizkio, uste eta espero ez zuen sakontasuna bizitzen hasten baita. Herria berritzen zaio, maitasunak muga guztiak gainditzen eta apurtzen baititu. Maitasunak mundu berriaz hitz egiten digu.Honengatik guztiagatik, Elizari eskuerara eman zaion eginbide nagusia, maitasunarena da. Elizak maitasunaren biziera berria erakutsi behar ez badu, ez dauka zer eginik. Eliztarron sinesgarritasuna, maitasunezko jokalegetik daukagu zintzilik. Gaur, ebanjelizazio bideak eraberritu nahi dituenean, betiko agindu berrira i­tzultzea du onena eta eraginkorrena: maitasunaren agindu berrira.Gure euskal gizarteak ere entzungo al du maitasunaren eta maitasunerako deia! Gizon eta emakumeok duintasunez begiratuko al diogu elkarri, maitasunagatik. Pozik bizi behar dugu, maitasunagatik!


Iñaki Beristain (2016-4-19)