HIRUTASUN IGANDEA
C zikloaEsaera Zaharren liburutik 8, 22-31
Honela mintzo da Jaungoikoaren Jakinduria:
“Bere asmoen hasieran sortu ninduen Jaunak,
bere aspaldiko egintzen hasieran.
Aspaldienean nengoen ni eratua,
lurra izaten hasi baino lehenago.
Ur-haundirik ez zenean sortu ninduen,
iturririk ez zenean.
Mendiak oinarrietan gogortu aurretik;
muinoak baino lehen sortu ninduen.
Lurra eta belarra, eta munduaren hauts-gaiak
oraindik egingabe zeuzkan.
Zerua eratzen ari zenean, han nintzen ni;
ur-haundi gainetik sapaia ezarri zuenean;
zerua goian ipintzen zuenean,
eta hur-haundiko iturriak antolatzen.
Itsasoari bere muga ipini zionean,
urak beren neurritik ez ateratzeko;
lurrari bere oinarria sendotu zionean,
Harekin nintzen ni hargin-maisu bezala,
egunero Berari poz emanez,
beti Beraren aurrean jolasean;
lurbiraren gainean jostatzen nintzen,
eta gizonekin nituen nire atseginak”.
ERANTZUN-SALMOA 8
ZURE IZENA, JAINKO JAUNA,
ZEIN EDER ZAIDAN ZERU-LUR ZABAL-ZABALEAN.
Zure behatzen lana den ortzia ikustean,
han ipini dituzun ilargi-izarrak ikustean:
Zer da gizakia, Zu hartaz oroi zaitezen?
Edota gizakumea, Zu hartaz axola zaitezen?
Aingeruak baino doi-doi txikiago egin duzu,
ospez eta aintzaz koroitu duzu.
Zure eskulan guztien buru ipini duzu,
guztia oiperatu diozu.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei 5,1-5
Senideok: Fedearen bidez zuzentasuna iritsi dugunez gero, bakean gaude Jaungoikoarekin, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. Berari esker zabaldu zaigu, sinesmenaren bidez, bizi garen grazia honetarako sarrera, eta harroturik gabiltza Jainko-semeen aintzaren itxaropenean. Ez hori bakarrik; estualdietan ere harrotu egiten gara: jakinik, estualdiak eramanpena dakarrela, eramanpenak onbide sendoa, eta onbide sendoak itxaropena. Eta itxaropenak ez du huts egiten; Jaungoikoaren maitasuna gure bihotzetara isuria bait dago, eman zaigun Espiritu Santuaren bitartez.
ALELUIA Aintza Aitari eta Semeari, eta Espiritu Santuari;
Baden, bazen eta badatorren Jaungoikoari. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa san Joanen liburutik 16,12-15
Aldi hartan, honela esan zien Jesusek bere ikasleei:
- “Gauza asko dauzkat zuei esateko; baina orain ezin jaso dituzue; egiaren Espiritua datorkenean, ordea, Berak zuzenduko zaituzte egia osoraino. Hark ez bait du bere buruz esango ezer; entzuna esango dizue eta etorkizuna adieraziko. Hark goretsiko nau, niretik hartuko bait du, eta zuei adieraziko dizue. Aitak duen guztia nerea da; horregatik esan dizuet. ‘Neretik hartuko duela, eta zuei adieraziko’”.
Homiliak
Pazko-festak buruturik eta Urtean zeharreko igandeen martxa hastean, Hirutasun guztiz Santuaren festaburua ematen digu Elizak. Eta pozarren ari gara festaburu hau ospatzen hemen elkarturik. Esan dezakegu, Pazko-jaiak ospatzean, Jesu Kristoren misterio osoa ospatua gelditu zaigula: mundura etorri zitzaigun, Salbatzaile agertuz; Aitaren maitasuna erakutsi zigun, hitzez eta batez ere bere burua gure alde emanez. Eta Aitaren maitasunaren garaipena ikusi eta gozatu dugu Piztuera eta Aitaren eskuinaldera igotzea ospatu dugunean. Aitaren maitasunaren agerpena izan da Jesusen misterioa.
Gaurko festaburuak, berriz, badirudi Jesu Kristorengan agertu zaigun maitasunezko gertaera hori bere osoan bildu eta eskaini nahi digula. Jesu Kristoren mundura etortzean, heriotze eta Piztueran ezagutu dugun Jainkoa nolakoa izan da? Zer Jainko-mota sinesten dugu guk? Nolakoa da gure biziaren iturburu eta helburu aitortzen dugun Jainkoa? Zer Jainko eman digu Jesusek ezagutzera? Eta, esaldi batean bildu behar bagenu, hauxe esango genuke: Jainkoaren edertasuna ospatzen dugula gaur. Eder eta maitagarri agertu zaigun Jainkoaren festa dugula gaurkoa.
Nor da Jainko Aita? Dena eder eta dena gure onerako egin duen Jainkoa! Lehenengo irakurgaia ez dugu berriz irakurriko, baina Jainkoak dena bere menpean hartu du. Eta Jainko horrek «gizakiekin zituen bere atseginak». Jainko Aita guregana etorri da Jesusengan. Gertuko egin zaigu. Hobeto esanda: Aita egin zaigu. Jainkoak gaitza eta heriotza desegin ditu Jesusengan, guri salbaziozko mundu berria eskaini nahiz. Jainko Aitak, Jesusen bidez, berekin baketu gaitu. Eta betiko biziaren itxaropen zoriontsua eman digu.
Nor da Jainko Semea? Aitak bidalia, guregana etorri eta Aitaren maitasunaren neurririk eza erakutsi diguna. Gure gaitza beregan hartu eta gure ordez heriotzaren ur kaltegarriak hondoraino edan dituena. Beregan Aitaren eskuinaldeko salbaziozko aintzatara jaso gaituena. Jainkoa Aita dugula erakutsiz bere anai-arreba egin gaituen Jainko Seme gertukoa. Munduaren azkeneraino gurekin, Elizarekin biziko dela agindu ziguna. Jesus Jainkoa, Elizaren maitea!
Nor da Jainko Espiritua? Jesusek azaldu digun Aitaren maitasunaren edertasuna atergabe gure bihotzetan aletzen duen indar biziemalea. Egunero eta unero, Jainkoaren erreinuko arnasa berrira altxatzen eta esnatzen gaituen barneko argia. Eliza, mundu behetik Erreinuko gainera jasotzen duen ahalmen erakargarria. Elizaren goi-biziera eragiten duen Jainkozko indarra. Espiritua, Elizaren bihotza, gure fedearen eragilea, gure maitasunaren sua.
Eta Jainko Aita, Jainko Semea eta Jainko Espiritua horrelakoak izanik, zer edo nor gara gu, Jainko horrengan sinesten dugunok? Zer-nolako duintasuna eta goitasuna eman zaigu guri, Jainko hori ezagutzera eman zaigunean? Salmo-kantarekin galde genezake guk ere: «Zer da gizakia, Zu hartaz oroi zaitezen? Edo-ta giza-semea, Zu hartaz axola zaitezen?». «Ospez eta aintzaz koroatu duzu. Zure esku-lan guztien buru ipini duzu, guztia oinperatu diozu». Hauxe dugu gure edertasun, hauxe gure nagusitasun!
Honetatik galdera larri bat behintzat sortzen da. Zer gertatzen zaio gaurko gizon-emakumeari Jainkoa baztertzeko, Jainkoa zapuzteko? Edo, onenean, beste hau galdetu beharko genuke: zer-nolako Jainkoa azaldu dugu fededunok, gaurko gizakiak Jainko hori arbuiagarri ikus dezan? Galdera larria! Zenbaitek Jainkoarengan gizon-emakumeon etsaia sumatzen du. Zenbaitek Jainkoagan sinesteari ez dio inolako etekinik ikusten. Zenbaitentzat igoal-igoal bizitzen da sinetsi edo ez sinetsi. Eta horretatik galdetzen dugu: ez al dugu askotan Jainko gogorra, epailea, azaldu? Ez al dugu askotan Jainkoa, lege eta betebehar huts bihurtu? Ez al dugu askotan Jainkoa, gizon-emakumeon askatzaile azaldu ordez, gizon-emakumea lotzen duen soka lodi bezala azaldu? Hortxe legoke, beharbada, gakoa!
Gaur, halere, aitorpen pozgarria egin nahi dugu fededunok: sinesten dugu Jainkoagan! Sinesten dugu haren maitasunean! Maite dugu Jainkoa! Sinesten dugu gure gizatasunari zabalera eta buelo berria ematen diola Jesusen Jainkoak! Maite dugu, nonahi eta noiznahi gaitzaren eta heriotzaren tristuratik askatu eta askatzen gaituen Jainkoa! Ez gaude Jainko hau merke-merke saltzeko! Maitatu gaituen Jainkoa maite dugu. Baina, aitorpen hau egitearekin ez litzateke nahikoa izango: eguneroko bizieraz erakutsi beharko dugu Jainkoagan sinesten dugula eta hura maite dugula. Libreak izanez, lagun hurkoak libre eginez, pobre azalduz eta pobreak askatuz, baldintza gabeko zerbitzu pozgarriaz, gizarte zuzenago baten oinarriak bilatuz, gure gizarteko ahulenen alde jokatuz... erakutsiko dugu Jainko askatzailea dela guk sinesten eta maite dugun Jainkoa.
Ederra da gure Jainkoa! Ederra da Jesusengan, merezi gabe, ezagutzera eman zaigun Jainkoa! Esan dezakegu, onenaren eskuetan bizi garela! Eta, hori horrela izanik, sinesmen hori eta maitasun hori sakontzen, gaurkotzen eta ederragotzen, inolaz ahal dugun saiorik saiatuena egin behar dugu!
Goazen Eukaristia ospatzera. Hauxe da, Jainkoa ezagutzeko biderik egokienetakoa! Jesus jateko eman digun Jainkoarekin topo egin dezagun ospaketa festatsu eta fedezko honetan. Eta, aurrena, Jainko honengan sinesten dugula aitor dezagun «Sinesten dut» kantatuz!
Iñaki Beristain (2016-5-19)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Lk 9, 11b-17)
Eukaristia «espiritualizatu» daiteke, ezerezean uzteraino. Eukaristia «normalizatu» daiteke, adiskideen arteko otordu «normal» bihurtzeraino. Eukaristia «mitifikatu» edo «mistifikatu» daiteke, konpromiso guztiaz aranzteraino. Eukaristia «debozio» huts bihur daiteke, bizi-esperientziarik gabe uzteraino. Eukaristia konpromiso sozialaren bandera bihur daiteke, barruko harreman sakonaren elkartasuna ahazteraino. Horiek denak onartu ezineko begiradak edo ikuspegi oker eta hegomotzak izango lirateke.
Eukaristiak alderdi asko eta aberatsak ditu. Baina alderdi baten edertasuna azpimarratzeko, ezin daitezke besteak ahaztu edo baztertu. Gaur egun ikuspegi hegomotz asko dabil tartean, bakoitzak Eukaristia bere ikusmoldera tolestatu nahirik. Argibide eta burutazio onargarri eta ulergarriak emateagatik, ezin diezaiokegu Eukaristiari bere «misterioa» ken. Eukaristian Jainkoa dugu dohain eta opari.
«Emaiezue zuek jaten». Aurtengo ebanjelio-atalak behartsuen aldeko konpromisoa azpimarratzen du. Jendea beharrean. Ikasleek beren konpromisoa zuritu nahi dute, jendea euren etxeetara bidaliz. Baina Jesusen agindua sendoa da: «Emaiezue zuek jaten». Beharrak eta zailtasunak ez dira iheskeriaz konpontzen, bakoitzak berea konprometituz baizik.
«Bost ogi eta bi arrain bakarrik». Konpromisoan murgiltzeko ez da asko behar; daukaguna, daukaguntxoa, besterik ez. Ez zaio inori daukana baino gehiago eskatzen. Daukaguna eta, batez ere, garena partekatzea eskatzen zaigu. Batek bere denbora partekatuko du, besteak bere jakintza, haruzkoak bere dirua, honuzkoak bere boterea, besteak bere bizitza osoa maitasun-egintzatan emango du. Bakoitzak berea.
Gaur egungo krisialdia dela eta, zer egin behar dugu, gobernuek eta agintariek egingo dutenaren zain egon? Beti besteei eskatzen xahutu geure indarrak? Besteek egiten ez dutenaz desesperatu? Edo, beharbada, nik neurea eskaini? Naizen txikiarekin ez ote dut behartsuenen bidera atera behar? Bakoitzaren gutxiak zer balio dezakeen eztabaida handietan gal gintezke. Ez alferrik!
Bi gauza ez genituzke ahaztu behar. Bata da, konpromisoaren dei gordina. Baztertu ezinekoa, saihestu ezinekoa, erabakigarria gure giza eta kristau-bizitzarako. Askotan konpromiso honek bere pisuaren azpian zapaltzen gaitu. Beldurrak lotzen gaitu. Zer gertatuko ote zaigu? Etorkizuna zer? Nola egin gauzak?
Galdera horien aurrean, bigarren gauza: maitasunak beti «funtzionatzen» du. Partekatzeak gauzak ugaldu egiten ditu. Maitatzeko ez da gauza asko behar, duakaguna partekatzeko borondatea da behar dena. Jakina, borondate horrek bere barne-indarra behar du. Eta indar hori, merezi gabe eman zaigun Jainko beraren maitasun-esperientzia da. Konturatzen bazara, dena Eukaristian erakusten eta ematen zaigu. Eukaristiaren gorputz txikian.
Iñaki Beristain (2013-5-28)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 9, 11b-17)Jaunaren Gorputz-Odol santuen eguneko ebanjelio zatia, ogiaren ugalketaz ari zaigu. Erreinuaz hizketan ari zitzaion Jesus jendeari eta gaixoak sendatzen, eta gaua etorri zitzaien oharkabean.Gauak gizakiaren errealitate onenak iluntzen ditu: zorionaren ametsa, Erreinuaren ametsa, izanbide berrien ametsa... Gaua iluna da. Gaua gosea da. Gaua ezina da. Eta ikasleek jendea etxera bidali nahi dute, ezinaren aurrean konponbiderik ez daukatela erakutsiz. Bakoitzak ahal duena egin dezala bere gauarekin.Baina Jesusek ez du jendea ezinaren bideetan bidaltzen. Jesusek badauka konponbidea. Eseri daitezela denak beren ezinean eta beren gauean, gauaren errealitateari ihesik egin gabe. Eta hantxe, beldur duten gauaren gosean, zerbitzatu die Jesusek zorionaren ogia, asetzen duen ogia, beldurra kentzen duen ogia. Eta, gainera, inoiz ere amaitzen ez den ogia, banatu ahala ugaldu egiten baita.Bada hemen aipatu nahi nizukeen detailerik. Jesus Erreinuaz ari da, Jainkoaren Erreinuaz. Eta, inolako zalantzarik gabe, gero ematen duen ogia Erreinuko janaria da, Erreinua bera da. Alegia, hitzez esan diena, ogiz ematen die.Azalpen eta argitasun zena, orain bizitzarako janari eta asetasun da. Jesusen Erreinu-dohaina ez baita ideietan geratzen; errealitate betea da. Eta entzuteko ederra zen Erreinua, bizitzarako indar eta zorion gertatu zitzaien. Bai, atergabe ugaltzen den ogia, Erreinua bera da, Jesus bera da, gaua asetasunaren argiaz pozten duen presentzia pertsonala da.Daukaguntxoa banatu. «Bost ogi eta bi arrain besterik ez zegoen». Hori da beste detailea. Emateko ez da asko behar. Daukagun dena emateko borondatea besterik ez zaigu eskatzen. Gordetzen dena gutxitu egiten baita, asko izanda ere. Banatutakoa, ordea, askotu egiten da. Banatzeko daukaguna asko da, gutxi izanda ere. Banatzea, agortzen ez den iturri bihurtzen da. Eman nahi duenari ez zaio zer emana sekula faltatuko. Gizakiak emateko borondatea baldin baleuka, Jainkoak ugalduko lioke ematekoa.Hartzen duenak banatzeko hartzen du. Hori da bestea. Hartzen duenari ez dio zoriona ematen hartzen duenak, hartutakoa emateak baino. Hartu, emateko hartzen baitugu. Erreinuaren logika eta dinamika da hau. Guk hartzen dugunean, gordetzeko hartu ohi dugu; eta ezer gabe gelditzen gara, gordetakoari iturria agortzen baitzaio. Hartutakoan ematen duenari, ordea, ez zaio iturria amaitzen. Maitasunaren alorrean, zoriona ematetik baitator, ez hartzetik.Azkenean gehiago, hasieran baino. «Bost ogi eta bi arraintxo» zeuden hasieran. Erreinuaren hazia besterik ez zegoen. Orain, ematearen poderioz eta denak ase eta gero, «hamabi saski bete» gelditu dira. Ematen duenak, dena ematen duenean dauka gehien. Emateak hazi egiten du dohaina eta pertsona, gordetzeak txikitu eta gutxitu egiten duen bezala.Gaurko eguna, Jaunaren Gorputz-Odol entregatuen eguna, maitasunaren eguna da. Eta Entregatuak banatzeko deia egiten digu. Geure gauari argia piztu nahi badiogu, ondo asko dakigu zer egin: banatu! Eta banatzeak barrua zorionez beteko digu.Jesusek dakarren Erreinua, zorionaren ogia baita. Neure zorionaren ogia eta nere ingurukoen zorionaren ogia. Gaur prozesiora aterako dugu zoriona, apaltasunez. Gure kaleetan eta plazetan jakin dezala jendeak prest dagoela zorionaren ogia, Erreinua. Eta jakin dezala ogi zatitu eta banatua dela egiazko zoriona. Gaur, beraz, ogi zatituari begiratzean, ikus dezagun esker onez eta maita dezagun pozez, mundua zorionez bete duen ogia, zorionaren ogia, ematean ugaltzen den ogia, bukatzen ez den ogia!
Iñaki Beristain (2016-5-23)