URTEAN ZEHAR IV IGANDEA
C zikloaJeremias profetaren liburutik 1,4-5.17-19
Josiasen egunetan, Jaunaren hitza etorri zitzaidan, eta esan zidan:
“Sabelean sortu zintudan baino lehenagotik
ezagutzen zaitut:
eta ume-tokitik atera baino lehenago
berezi zintudan,
eta herrientzat profeta ezarri.
Lotu itzazu, beraz, gerriak;
zoaz eta esaiezu Nik agintzen dizudana.
Ez izan beldurrik;
bestela Nik sartuko dizut haien beldurra.
Begira, Nik gaztelu jartzen zaitut gaur,
burdinezko zutabe eta tupikizko hesi,
herrialde guzti honen aurrean:
Judako erregeen eta lehen-agintarien aurrean,
apaizen eta herritarren aurrean.
Burruka egingo dizute,
baina ez zaituzte menperatuko;
Ni zurekin bait nago, salba zaitzadan”.
ERANTZUN-SALMOA 70
NIRE AHOAK IRAGARRIKO DU, JAUNA,
ZURE SALBAMENA.
Zugana biltzen, naiz, Jauna,
ez nadila lotsa sekula.
Zuzena zarenez gero, aska eta onik atera nazazu,
itzul nigana belarri hori, eta salba nazazu.
Izan zakizkit gorde-harkaitz,
gaztelu sendo ni salbatzeko,
nire harkaitz eta gaztelu Zu baizaitut.
Ene Jainko, aska nazazu gaiztoaren eskutik,
bihurrien eta zapaltzaileen ukabiletik.
San Paulo Apostoluak Korintoarrei. 1 Kor 12,31-13,13
Senideok:
[Irrika itzazue dohairik onenak. Eta oraindik beste bide bikainago bat adieraziko dizuet. Nik gizonen eta aingeruen hizkuntzetan hitzegingo banu ere, maitasunik ez badut, tupiki soinulari eta ezkila tintilari besterik ez naiz.
Igartzeko dohaia izanik ere, eta ezkutuki eta jakingarri guztiak jakinda ere, eta mendiak aldatzeko adinako sinesmen osoa edukita ere, maitasunik ez badut, ez naiz ezer. Eta dudan guztia behartsuen artean banaturik ere, eta nire gorputza erretzeraino emanda ere, maitasunik ez badut, guzti hori ez dut ezertarako.]
Maitasuna eramankorra da, bihotzbera; maitasunak ez du bekaitzik, ez haundiusterik; maitasuna ez da harroa, ez da eragabea, ez da berekoia, ez haserrekorra; ez du kaltea gogotan hartzen, ez da bidegabekeriarekin pozten, egiarekin baizik; dena barkatzen du, dena sinesten, dena itxaroten, dena ongi eramaten.
Maitasuna ez da sekulan itzaltzen; goi-agerpenak, bai, amaituko dira; hizkuntzak isilduko dira, eta jakintza bukatuko. Erdizkakoak dira gure jakintza eta gure agerpenak. Osoa datorkenean, ordea, zokoratu egingo da erdizkakoa. Ume nintzenean, ume bezala mintzatzen nintzen, ume bezala sentitzen nuen eta ume bezala irizten. Gizon egin naizenean, ordea, utzi ditut ume-gauzak. Orain ispiluan eta ilun-antzean ikusten dugu; orduan, berriz, aurrez aurre. Orain erdizka ezagutzen dut; orduan, berriz, Jainkoak ni ezagutzen nauen bezala ezagutuko dut nik.
Orain sinesmenak, itxaropenak, maitasunak, hiru hauek diraute; baina hiruetan, maitasuna da nagusi.
ALELUIA Behartsuei berri ona ematera bidali nau Jaunak,
gatibuei askatasuna hots egitera. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen Liburutik 4,21-30
Aldi hartan, Jesus honela hasi zitzaien hitzegiten:
- “Gaur bete da, orain entzun duzuen Liburu Santuko hitz hau”.
Eta guziek aitormen egiten zioten eta harriturik zeuden, Haren ahotik graziazko hitzak ateratzen bait ziren; eta honela zioten:
- ‘Hau ez al da Joseren semea?’
Eta Jesus honela mintzatu zitzaien:
- “Harako esaera gogoraraziko didazue, noski; ‘Sendagile, senda ezazu zeure burua’. Kafarnaunen egin omen dituzunak, egitzazu hemen ere zeure herrian”.
Eta gero esan zien:
- “Hara Nik egia esan: Ez da profetarik, bere herrian ondo ikusia denik. Egiaz esaten dizuet: Ba zen emakume alargunik asko Eliasen egunetan, hiru urte eta sei hilabete zerua itxita egonik, lurralde guztian gosete gorria izan zenean; baina ez zitzaion haietako inori bidali Elias, Sidonen dagoen Sareptako emakume alargunari besterik. Eta ba zen legenardunik asko Israelen Eliseo profetaren egunetan; baina ez zen haietako inor sendatu, Siriako Naaman besterik”.
Hauek entzunda, haserre biziak hartu zituen, sinagogan zeuden guztiak. Eta jaikirik, herritik kanpora atera zuten, eta herria eraikita zegoen mendiko amildegira eraman, handik behera botatzeko asmotan. Bera, ordea, haien erditik igaro eta bere bidetik joan zen.
Homiliak
Jesusen eta profeten bokazioa eta misioa aipatzen dizkigute gaurko irakurgaiek. Baita misio horrek sortzen duen kontrajartzea ere. Gaurko kristauontzat ere balio du esaten zaigun hitzak, kristau bakoitza deitua eta bidalia baita gizartera. Aurreko garaietan bezala gaurkoan ere, Jainkoaren dohaina esku arrunt eta xumeetan ikusteak eskandalua sortzen du eta kontrajartzea bideratzen. «Profetarik ez baita ongi ikusia bere herrian».
Lehenengo irakugaiak Jeremias profetaren bokazio-esperientzia azaltzen digu. Esperientzia hori konfiantzazko senez agertzen da: «Ez iezaiezu beldurrik izan». Jainkoaren deia ahalmen berri baten segurantzian ikusten du Jeremiasek. Garai zailak tokatu zaizkio, etsai asko izango du; baina berak badaki nork aukeratu eta deitu duen, eta bere misioa betetzeko sua sentitzen du barruan. Jainkoaren esana herriari adieraztea izango du herri guztiaren aurrean bete beharreko eginkizun.
Jesusek ere bere bokazio-esperientzia kontrajartze gogorrean bizi beharko du. Jesus deitua sentitzen da. Jainkoak bidali du, joan zen igandean ikusi genuen bezala. Juduek hain maite zuten Hitza onartezina gertatzen zaie bere gaurkotasun gordinean. Eta, batez ere, Nazareteko mutil gazte batengan Hitzaren misterioa ikustea ezin dute onartu. Teorian eta abstraktoan maite dute Hitza, baina Hitz hori gizatasunez janzten denean, hori apalegia ikusten dute Jainkoaren arrastoa sumatzeko.
Jeremiasek eta Jesusek ondo dakite, beren misioa betetzea ez dutela batere erraza izango. Badakite Jainkoaren bideak onargaitzak gertatuko zaizkiela beren garaikideei. Eta, hala ere, beti Jainkoaren nahia dago betekizun eta misio. Badakite herriaren bihotzean kontzientzia kritikoa izatea tokatzen zaiela, baina Jainkoaren bideak horrela dira.
Nazaretarrentzat Jesusen hitza garaikidea zen bezala, guretzat ere hala gertatzen da. Eta Jeremiasen eta Jesus profeta-lana gaur guri tokatzen zaigu aurrera eramatea. Eta orduko kontraesan eta zailtasun berberak izango ditu gaur gure misioak. Orduan eskandalua sortu zuten bideek gaur ere eskandalua sortuko dute. Profeta-bokazioak beti markatzen baitu jarrera kritiko eta salatzailea.
- Alde batetik, Jainkoak bitartekotzat aukeratu dituenak arruntegiak dira, xumeegiak, horiengan Jainkoaren eragina sumatzeko. Eta geuk ere galdetu beharko genuke behin baino gehiagotan: gu nor gara Jainkoaren Hitza inori hots egiteko? Nola ausartzen gara eginkizun hau geure gain hartzen? Ez al da geure ahalmenen gainetik dagoen eginkizuna, eman zaigun hau? Ez da asko harritzekoa jendearen eskandalua.
- Eta, beste aldetik, hitz horrek gehiegiz asaldatzen eta aztoratzen ditu jendearen jarrera eginak. Oso finkatuak gaude eta geure habi beroak eginda dauzkagu. Eta orain Jainkoaren Hitzak gure jarleku epelak dantzatzea ez dugu gustuko. Nahi duguna da, utz gaitzatela geure erosokerian bakean. Horretatik ere kontrako asko datorkio profetak hots egiten duen hitzari.
Bigarren irakurgaiko mezua geure misioari lotzen badiogu, bistan da zein den profeta-eginkizuna betetzeko indar nagusia: maitasuna! Maitasunak azaltzen du bere gordintasun guztian Jainkoaren nahia gure gizarte honetan. San Paulok miatasunari egozten dizkion baliabide guztiak oso gaurkoak dira.
Hori guztia gogoan izanik, galdera batzuk egin beharko genizkioke geure kristau-bizitzari: gure kristau-izateak ba al du profeta-kutsurik? Gure presentziak sortzen al du inolako ondoezik gure gizartean? Gure presentziak ba al du kontzientziak altxatzeko barne-indarrik? Gu geu ere erosokerian etzanda gelditu ote gara?
Gaurko Elizak bere eginkizuna bete nahi baldin badu gure gizartean, kontua ez da denak haserre jartzea. Kontua da pobreen aldeko Jainkoaren mezua hots egin eta adieraztea. Horrek batzuk haserretu egiten dituela? Gure eginkizunari trabak jartzen dizkiotela? Ez dio inporta, esku artean daramagun dohaina eta ahoan daramagun hitza, Jainkoarena dela jakinik.
Gaurko Elizak gaurkotu behar duela, gizartearen ibilmartxara egokitu behar duela, egia da; baina horrek ez du esan nahi haren bizimoldera tolestatu behar duenik. Justu kontrakoa: gure gizarteak bere bizieraz zokoratu dituenen aldeko apustua egin behar du, hori ongi ulertua izan ala gaizki ulertua izan.
Goazen Eukaristiara. Jainkoak hementxe berritzen digu egindako deia. Hementxe aukeratzen gaitu maitasunaren indarrez. Hementxe ematen digu Hitzaren indarra. Hementxe berri dezakegu sustraitik gure profeta-eginkizuna. Eta, batez ere, hementxe har dezakegu geure eginkizun berezi horretarako behar dugun indarra.
Iñaki Beristain (2016-1-27)
Beti bidean, beti bila
(Igandeko ebanjelioa: Lk 4, 21-30)
Nazareteko sinagogan gauzak asko aldatu dira. Jesus herritar gazte harengan miresmena sortzen zuen zerbait sumatu bazuten (aurreko igandea), nekeza gertatzen zaie zerbait handi eta harritzeko hura arotzaren semearekin uztartzea. Zerbait ez dago ondo. Jainkoarena izateko, zerbait handiagoa beharko luke; edo arotzaren neurritan sartzeko, ezin zitekeen Jainkoarena izan. Nazaretarren neurriak horrelakoak ziren, gureak askotan diren bezalaxe.
Nazaretarrek neurriak ondo hartuta zeuzkioten Jainkoari. Ezagutzen zuten hark egindako historia. Beren oroimenaren bihotzean zeukaten Egiptoko askatasun-une loriatsua. Baita geroztik profeten bidez erakutsitako handitasuna ere. Herri handia ziren, Jainko handia zeukatelako.
Eta orain arotzaren larru-azalean Jainko handia? Broma beltza. Horregatik, arrazoi luteke nazaretarrek eszeptizismo garratz hori erakustean: «Ez al da hau Joseren semea?». Eta hortik gerora sortzen den eztabaida eta jarrera gogorra ere. Beraz, gauzak asko aldatu dira eta nazaretarrek ezin dute hau onartu.
Baina, gertaera honen arrazoia ezin dugu nazaretarren bihotzean bilatu, lehenik eta behin Jainkoaren jokabidean baino. Jainkoak modurik eta biderik arruntena eta txikiena aukeratu du bere «agerpena» egiteko. Nazareteko mutil hau, horixe aukeratu du bere jainkozko agerpena egiteko. Eta hori harrigarria gertatzen da, hala delako.
Egia da, nazaretarren bihotzak ere ateak itxi zituela. Itun Zaharretik ere, Jainkoaren jokamoldea ezagutu zezaketen. Hor zegoen Sareptako emakumearen kasua. Lurralde paganokoa izanik, beste inori ez, baina berari etorri zitzion Jainkoaren profeta. Naamanena ere bai; siriarra izanik ere, bera izan zen sendatua. Gauza hauek gogoratzeak biziki haserretzen ditu nazaretarrak; baina ordurako ezagutu behar zuten Jainkoaren «estiloa».
Guretzat zer esan nahi da? Jainkoa librea dela, eta Jainkoaren libertatea errespetatu egin behar dela. Jainkoa ezin dezakegula geure eskemetara tolestatu. Jainkoak nahi duenean, nahi duenarengan eta nahi duen bezala jokatzen duela. Eta beti erne bizi behar dugula Jainkoaren askatasunak bere lana non ari duen ezagutzeko.
Jainkoa ez dagoela, gainera, gune edo espazio jakin batzuei lotua. Gu oso emanak gara, gune sakratuak eta profanoak banantzera. Eta, gure ikuspegi sailkatzailean, Jainkoa espazio sakratuei lotzen diegu eta profanoei ukatu egiten diegu Jainkoaren presentzia eta jarduna. Baina, honetan ere gauza bera esan eta barneratu behar dugu: Jainkoa ez dago gure gune sakratuei lotua. Badaki edonon bere lana eta bere dohaina eskaintzen.
Beraz, Joseren seme arotza dugu gaur Jainkoaren agerpen. Ez du tenpluko erakundeekin zer ikusirik; ez du orduko profeta-familiekin inolako senidetasunik; ez dator orduko botere- edo doktrina-guneetatik. Nazareteko aroztegitik dator. Harengan dago, harengan ari da Jainkoa. Arotzaren neurrira makurtu da Jainkoa.
Iñaki Beristain (2013-2-2)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 4, 21-30)Gaurko ebanjelioan Nazaretarrak Jesus herritik atera eta amildegian behera bota nahirik ikusten ditugunean, gaur egun jende askori gertatzen zaionaren irudia suma daiteke. Jende askok bere uste eta sinesterik sakonenak axolarik ezaren amildegira bota ditu. Eta gaur ez daki zer pentsatu eta ez daki zer sinetsi. Edozer pentsatzea edo edozer sinestea libre da. Ezer ez pentsatzea eta ezer ez sinestea ere bai. Bakoitzak ikusi behar du berea. Eta hori guztia aniztasunaren izenean.Aniztasuna da hitz magikoa. Aniztasunaren klabea lorpen handia izan da alderdi askotatik begiratuta. Hori ez dago ukatzerik. Gizarteko harremanetan itsatsi beharreko klabea da; baita Elizakoetan ere. Gaur ezkutatu da garai bateko ikuspegi bakar hura, bai gizarteko gaietan bai erlijiozkoetan. Eta ez daukagu klabe bakarraz ibiltzerik.Adibide bat jartzeko, gaur egun ni bizi naizen Arantzazuko Santutegian, aniztasunaren klabea ezinbestekoa da. Era askotako jendea dator eta arrazoi oso ezberdinengatik dator eta gauza ezberdinetara dator Santutegira. Ebanjelizazio-senez jokatu nahi izatekotan, klabe ezberdin horiei proposamen ezberdinak egin behar zaizkie, azken batean pertsona guztiak direlako inportanteak. Hari bateko fedea joan zen pikutara, eta fedea hari bakartzat hartzen zuen ikuspegia zer esanik ez!Dudarik gabe, aniztasuna lorpen handia da. Baina, aniztasunaren aitzakiatan, gure artean nagusitu den axolagabekeria erabat desegilea da, edo izan daiteke. Axolagabekeria idatzi dut; beharbada, erlatibismoa idatzi beharko nuen. Baina, gaur egun erlatibismoak hartu duen jira ikusita, ez dabiltza elkarrengandik oso urruti erlatibismoa eta axolagabekeria. Azken batean dena eta edozer berdin da. Gauza batek ez du besteak baino gehiago balio. Ikuspegi desegile horrek zer ekarri digu? Ezer ez da egia edo gezurra. Ezer ez da ederra edo zatarra. Ezer ez da ona edo txarra. Bakoitzak aukeratzen du berea eta aukera horretarako ez dago erreferentzia segururik.Eta zuk zeure sinesmen sendo eta tinkoak bistaratzen badituzu, badakizu fanatikoa edo fundamentalista deituko dizutena. Ezer ez dago segururik eta ez daukazu ezer seguru edukitzeko eskubiderik. Dena da erlatiboa. Erlatibismo hau edo beronen ondorioz sorturiko axolagabekeria, erlijioaren alorrera ekartzen badugu, erlijio guztiak gertatzen dira susmagarri. Jainkoa, sinesmena, ez dira esanahi bakarreko hitzak gertatzen.Batzuek, erlijioan babesturik, ez dizute ezer berririk aipatzen edo ezer aldatzen utziko, erlijioari dagokion guztia absolutua ikusten dutelako. Beste batzuek, berriz, eragin modernoaren bidetik, dena aldakor ikusten dute, eta esperientzia pertsonalari emango diote garrantzia, ez egia absolutuei.Nazareteko pasadizoa argigarria da. Larru xumean eduki handiak ikusi ezin dituen jendeak, ezin du onartu Jesusen presentzia. Larru xumeegia (Joseren semea...), hainbesteko Berri Ona edukitzeko. Erlatibismoaren izenean erabaki absolutuak hartzen dituzte. Ez dakite toleranteak izaten. Ez dakite bestearenari tokia egiten. Ez dakite apalak izaten. Beraiek kontrolatu nahi dute Jesusen egia.Horrek zerbait erakusten digu. Gure fedeak apala izan behar duela, hori aurrena. Oinak lurrean dituen fedea eta lurra ontzen saiatzen dena. Gure fedeak jakin behar duela irekia izaten, baina axolagabekerian erori gabe. Gure fedeak oinarri sendoak behar dituela, azukrea bezala uretan urtu ez dadin. Gure fedeak jakin behar duela bere uste sakonak aitortzen, harrokeriarik gabe, fanatismorik gabe, baina fede beraren indar sendoz.Ez daukagu zer harroturik, fededun garelako; baina ezta zer lotsaturik ere. Aniztasuna bai, baina pasotismoa ez!
Iñaki Beristain (2016-1-27)