URTEAN ZEHAR XI IGANDEA

C zikloa

Sarrerako antifona


Jauna, nere deadar-hotsa entzun ezazu. Laguntza zaitut, ez nazazula zapuztu; Jainko, nere salbamen, eskutik utzi ez nazazu.

Kolekta otoitza


Jainko Jauna, Zugan itxaroten dutenen indarra,
entzun bihotz onez gure otoitza;
eta Zu gabe gizonaren ahuleriak ezer ez bait dezake,
emaiguzu beti zure graziaren laguntza;
zure aginduak betez,
Zuretzat atsegingarri izan gaitezen gogoz eta egitez.
Zure Seme Jesu Kristo … AMEN.

Samuelen liburutik 2 Sm. 12,7-10.13


Egun haietan, honela esan zion Natanek Dabidi: ‘Honela dio Jaunak, Israelgo Jaungoikoak: “Nik gantzutu zintudan Israelgo errege, eta Saulen eskutatik atera zintudan; zure nagusiaren etxea eman nizun; eta zure nagusiaren emazteak altzoan ipini nizkizun; Israel eta Judako etxea eman nizun, eta hori gutxi balitz, beste hainbeste ere emango nizun.
Zergatik gutxietsi duzu Jaunaren hitza, Haren begietan gaizki dena eginez? Urias etearra ezpataz hil erazi baituzu, eta haren emaztea zeure emazte egin. Horregatik, ez du aldegingo ezpatak zure etxetik, Ni gutxietsi nauzulako, eta Urias etearraren emaztea zeure emazte egin duzulako”’. Dabidek orduan Natani: ‘Bekatu egin dut Jaunaren aurka’. Eta Natanek Dabidi: ‘Barkatu dizu Jaunak zure bekatua; ez zara hilko’.

ERANTZUN SALMOA 31


ERRUKI, JAUNA,
BEKATU EGIN DUGU-TA.
Bai dohatsu, gaiztakeria barkatu zaiona,
hobena estali zaiona.
Bai dohatsu, Jaunak errurik egozten ez dion gizona,
barrenean iruzurrik ez duena.
Nere hobena aitortu dizut,
nere errua ezkutatu ez dizut.
‘Aitortuko diot –esan nuen-,
Jaunari nere gaiztakeria’,
eta Zuk barkatu zenidan nere hobenaren txarkeria.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei 2,16.19-21


Senideok: Badakigu gizonak ez duela bere zuzentasuna Legea betetzeagatik iristen, baizik Kristo Jesusengan sinesteagatik; horregatik sinestu dugu Kristo Jesusengan: gure zuzentasuna Kristorengan sinestetik iritxi dezagun, eta ez Legea betetzetik. Legea betetzeagatik ‘ez bait du inork bere zuzentasuna iristen’.
Legearentzat hila nago ni, Legeak hil egin bait nau; baina horrela Jaungoikoarentzat bizi naiz ni; Kristorekin gurutzean josita nago; bizi naiz, ez ni, ordea; Kristo bizi da nigan. Oraingo gorputzean bizi naizela, Jainkoaren Semeagan dudan sinesmenetik bizi naiz, bere bizia niretzat emateraino maitatu bait nau. Ez dut ezesten Jaungoikoaren grazia. Izan ere, zuzentasuna Legearen bidez baletor, alferrik hila izango litzake Kristo.

ALELUIA Jainkoak gu maite izan gaitu,


eta bere Semea
gure bekatuen bake-opari bidali zuen. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 7,36-8,3


Aldi hartan, farisear batek berarekin bazkaltzera joateko eskatzen zion Jesusi. Sartu zen Jesus farisear haren etxean eta mahaian jarri zen. Honetan, herrian zen emakume bekatari batek, farisearraren etxean bazkaltzen zela jakin zuenean, hartu zuen gantzu usaigozodunez betetako ontzi eder bat eta, Jesusen atzean jarririk, malkoz buztitzen zizkion oinak, eta bere buruko ile-adatsez txukatzen; eta musuka hasi zitzaion, eta usaigozoz gantzutzen. Bazkaltzera deitu zuen farisearrak, hau ikusirik, honela zioen bere barruan: ‘Profeta balitz, jakin behar luke Honek, nor eta nolakoa den ukitzen ari zaion emakume hori; bekataria bait da’.
Baina Jesusek esan zion: “Simon, badut zerbait zuri esateko”.
Eta hark: ‘Esazu, Maisu’.
Jesusek esan zion: “Diru-aurreratzaile batek bi zordun zituen: batak bostehun denario zor zizkion, eta besteak berrogeitamar. Ez zeukaten nondik ordaindurik, eta barkatu egin zien biei. Bi hauetan nork maiteko du gehien?”
Eta Simonek: ‘Gehien barkatu zaionak, nik uste’.
Jesusek: “Ondo erabaki duzu”.
Eta emakumearengana itzulirik, honela esan zion Simoni: “Ikusten al duzu emakume hau? Zuenean sartu naiz, eta ez didazu oinetarako urik eman; honek, berriz malkoz busti dizkit oinak, eta bere ilez lehortu. Ez didazu laztanik eman; hau, berriz, sartuz geroztik, etengabe oinak laztantzen ari zait. Ez didazu burua olioz gantzutu; honek, berriz, usaigozoz gantzutu dizkit oinak. Honela diotsut, beraz: Asko maite izan du, eta barkatu ere bekaturik asko barkatzen zaio. Eta gutxi barkatzen zaionak, maitatu ere gutxi maitatzen du”.
Eta emakumeari esan zion: “Barkatuak dituzu bekatuak”.
Jesusekin mahaian zeudenak, beren artean esaten hasi ziren: ‘Nor dugu, ordea, bekatuak ere barkatzen dituen Hau?’
Jesusek, berriz, honela esan zion emakumeari: “Zure sinesmenak salbatu zaitu. Zoaz bakean”.
[Geroztik Jesus herriz herri eta auzorik auzo zebilen, Jainkoaren erreinuaren berri ona hotsegiten. Harekin ziren Hamabiak; baita emakume batzuk ere, espiritu gaiztoetatik eta gaixotasunetatik sendatuak: Maria Magdalena, zazpi deabru atera zitzaizkiona; Joana, Herodesen morroi Kusaren emaztea; Susana, eta beren ondasunekin laguntzen zioten beste asko].


Homiliak

Argi dago Lukasek zer nolako irudia eman nahi digun Jesu Kristori buruz. Gaixoalditik askatzen du, heriotzetik askatzen du eta bekatutik askatzen du. Kristo salbatzaile da, eta bere salbazioaz giza-izatearen alderdi guztiak harrapatzen ditu. Gorputzeko gaitza kentzen badu, arimakoa ere, barnekoa ere, uxatzen du. Eta hori guztia, beraren errukian eta barkazioan oinarritzen da, Aitaren maitasunaren ezaugarri bezala etorri baitzaigu gureganaino. Lukasek sakon eta ugari azpimarratzen du Aitaren errukia bere ebanjelioan (hamaika parabola badu horretaz emana).

Hortxe dauzkagu, bada, bi errealitateak aurrez-aurre: gure aldetik, bekatua; Jainkoaren aldetik, barkazioa. Gizon-emakumeok beti geure bekatuzko eta ahuldadezko esperientzia atergabeko horrekin. Jainkoaren erantzuna, berriz, Kristorengan azaldu zaiguna: maitasuna eta barkamena gailentzen zaizkio gure bekatuari. Badirudi ez dugula aspaldian geure bekatuaz, ezta Jaunaren errukiaz ere hitz egin nahi. Nahiko gustuz kontrakoak gertatzen zaizkigu biak. Eta, hala ere, esan behar da, Ebanjelioaren muin-muinekoak direla biak. Bekatuaren eta errukiaren kontzientzia galdu duen elkarteak nekez jasoko du Berri Ona.

Hor daukagu Dabiden bekatua. Badirudi, gaizki egindakoa baino gehiago dela bekatu egindako horretan agertu duen esker txarra. «Gantzutu zintudan, Saulen eskutik atera, etxea eman, emazteak altzoan ipini...». «Zergatik gutxietsi duzu?». Hurkoari egin dion kalteaz gain, Jainkoaren beraren kontrako bekatua egin du. Hor dago ebanjelioko emakume bekataria ere. Denek dakite bekataria dela. Dabidek eta emakume bekatariak, biek jarrera berdina hartzen dute: «Bekatu egin dut» dio Dabidek. Eta emakumeak ere Jesusen oinetan bere jarrera makurtua erakusten du. Ez da bere burua zuritzen aitzakiatan hasten. Oinetara makurtze horretan damu sakona ikusten da.

Jainkoak bihotz barkatzailea du. Jainkoak barkatu egiten du. «Barkatu dizu Jaunak». Ebanjelioan, berriz, fariseuaren jarrera eta Jesusena elkarren kontrakoak dira. Jainkoak ez ditu gauzak eta, batez ere, pertsonak, lege hotz eta soiletik neurtzen, farisearrek egiten duten bezala. «Barkatuak dituzu bekatuak». Jainkoak bere salbatu-nahiari zintzo eta leial eusten dio. Ez du gizon-emakumeon bekatuaren aurrean ere atzera egingo. Gizakiok eta Jainkoak bihotz oso ezberdina daukagu: ikusi, bestela, bigarren irakurgaia. Guk legetik jokatu eta neurtu nahi izaten ditugu gauzak. Jainkoak, ordea, maitasunetik. «Bere bizia niretzat emateraino maitatu nau».

Aukera aproposa izan daiteke gaurkoa Jainkoaren errukizko irudia azpimarratzeko. Askotan askok esan izan duenaren arabera, oraindik ere jendeak Jainkoaren irudi gogor eta estua dauka. Eta horren errua, gurea da, oso legezale eta estuak izan baikara. Ez da lasaikeria eta zabarkeria tontolo batean erortzearen kontua. Jainkoaren egiazko irudia azaldu behar dugu: errukizkoa, maitasunezkoa, barkaziozkoa, bihozberatasunezko irudi salbatzaile eta askatzailea. Jainkoak, zorionez, ez du guk bezala jokatzen.

Honek guztiak erakusten dituen ondorioak asko eta handiak dira:

- Aurrena, bekatu-kontzientzia. Eta, ondorioz, apaltasuna. Bai bakarka eta bai elkarte bezala ere, bekatariak gara. Jesu Kristoren jarrerak eta jokalegeak ez ditugu onartu eta geureganatu.

- Gainera, Jainkoaren errukiaren kontzientzia barneratu behar dugu. Jesu Kristoren garaipenean errukia eman zaigu bete-betean.

- Erruki hori barkazioaren sakramentuan ematen zaigu batipat; Elizan. Eliza dugu barkazioaren emaile. Gaurko Elizak eta eliz elkarte bakoitzak ahalegin handi bezain serioa burutu beharko genuke aitortza sakramentua bere onenean berreskuratzeko.

- Horren ondorioz, guk ere barkatzen ikasi behar dugu. Fariseuen bihotz kaxkarraren ordez, Jesusen bihotz handiaz jantzi behar dugu. Gure herriak ere barkatzen ikasi behar du. Une honetan, beste behin, gure herrian beldurra eta mehatxua gailendu zaizkigu. Berriro ere gorrotoa eta gogorkeria nagusitzen ari zaizkigu. Fededunok eraman beharko genuke gizartera barkazioaren eta harreman adiskidetuaren mezu berria.

- Eta azkenik beste puntu bat azpimarratzekoa: emakumearen duintasuna. Gaurko ebanjelioaren azkenean, emakumeak Jesusen ikasle eta jarraitzaile eginak ikusten ditugu, ohikoa zenaren kontra. Jesusek mezu berria eman zuen emakumearekiko harremanean ere. Gaurko gizarteak, eta gehiago gaurko Elkizak, badute emakumearekiko harremanean zer aldatua eta zer egina. Ez genuke puntu hau balio gutxikotzat hartu behar. Noiz lortuko du emakumeak zor zaion duintasuna eta erabakiak hartzeko lekua?

Goazen Eukaristia ospatzera. Ebanjelioko emakumeak bezala, Jesusen mahaian apaldurik jaso dezagun jainkoaren maitasun-dohain betea.


Iñaki Beristain (2016-6-6)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 7, 36–8, 3)

Askotan azaltzen da ebanjelioetan Legearen eta Errukiaren arteko lehia eta tirabira, Legearen eta maitasunaren artekoa, betebeharren eta sinesmenaren artekoa. Fariseuek, judu askok bezala, Legea jartzen zuten portaeraren oinarri ez ezik, Jainkoarekiko harremanaren oinarri bezala ere. Legetik neurtzen zuten gizon edo emakume erlijiosoaren leialtasuna. Legea zen guzti-guztiaren irizpide eta neurgailu.

Jesusek, ordea, bestelako neurriak dakartza. Jesusek Legea gizakiaren zerbitzura jartzen du, eta pertsonaren gainetik jartzen denean, ez du onartzen. «Larunbata gizakiarentzat». Eta horren arabera, ebanjelioetako orriak errukizko begiradaz eta hitzez beteak daude. Jesusen Jainkoak errukia du lege eta neurri.

Gaurko pasartea adierazgarria da oso. Fariseuen etxean, legezaleen etxean, emakume bekataria, lege hauslea, Jesusen oinetan bere maitasuna erakusten. Legearen eta maitasunaren arteko borroka. Eta Jesusen aukerak ez du inolako zalantzarik: beti maitasunari erakusten dio errukia eta egiten dio harrera ona. Maitasunaren aurrean, Jesusek ez daki gogor erantzuten. Aitaren errukiak maitasunari ematen dio askatasuna.

Fariseuek legea bete zuten, justu bete, baina maitasun eta kuttuntasunik erakutsi gabe. Emakume honek, berriz, bere malkoz, laztanez, bere gantzuz, maitasun handia erakusten du. «Asko maitatu duelako, asko barkatzen zaio». Jainkoaren bihotza ez zaio sekula ixten maitaleari.

Guri ere gauzak neurtzea gustatzen zaigu. Eta neurgailu legea daukagu. Mandamentuak, aginduak, arauak... horietatik neurtzen dugu zintzotasuna. Eta legeen borrokan gabiltza. Abortoa, hezkuntza, erlijio-irakaspena, ezkontza... legez arautu nahi ditugu, mundu guztiak bete ditzan. Eta legea betez gero, lasai gelditzen gara.

Ikasiko ote dugu legea ez dela Jainkoak nahi duena?, maitasuna dela Jainkoaren bihotza beratzen duena?, errukia dela eta ez gogortasuna Jainkoaren jarrera?, maitasuna dela sinesmena erakusten duena, eta ez legeak betetzea? «Zeure sinesmenak salbatu zaitu. Zoaz bakean». Zenbat aldiz, legeak salbatzeagatik, pertsonak salbatzea ahazten zaigun! Eta pertsonaren duintasuna da, Jainkoaren bihotz onak berreraiki nahi duena!

Gaur «emakume bekataria» ikusten dugu Jesusen oinetan, onartua eta salbatua. Aitortza sakramentuaren irudia datorkio bati gogora. Zer egin dugu? Zenbateraino desitxuratu dugu sakramentu hain ederra! Zer jarrera hartzen dugu bekatari damutuaren aurrean, zerk kezkatzen gaitu, legeak eta arauek, ala bihotz damutu eta hautsiak? Nik uste dut sakramentu benetan pozgarria et askatzailea dela aitortzarena, baina beste era batera begiratuz gauzak.

Gure Elizak Jesusen bidea azaldu nahi baldin badio gaurko gizon-emakumeari, errukiaren ukenduz hurbildu beharko zaio. Zauri asko dago bihotzetan, gogorkeria larregi bazterretan, zitalkeria sobran han eta hemen. Nork gozatu behar ditu pertsonak, sufritzen dutenak? Zalantzarik gabe Jainko onaren erruki askatzaileak! Maitasunaren gantzua behar!


Iñaki Beristain (2013-6-14)

(Igandeko ebanjelioa: Lk 7, 36 – 8, 3)Gaurko ebanjelioa maila desberdinetan irakur daiteke. Hor dago gai nagusi bekatuen barkamena. Bekatu aitortutik eta barkazio eskertutik beti sortzen da bizi berria. Hor dago fariseu tentearen eta emakume apalduaren arteko kontraposizioa. Jesus bekatarien mahaira etorri da eta fariseu «zintzoaren» bihotz-gogorkeria salatu eta bistaratu egiten du. Legearen erlijioa erabat bazterrera uzten du Jesusen eskaintzak. Legeak askotan Jainkoari ihes egiteko bidea eman baitigu. Maitasunaren esperientzia beste gauza bat da.Gaurko ebanjelioa, baina, Jesusekin doazen emakumeei begira amaitzen da. Oso adierazgarria da hori. Eta jokaera oso «hauslea». Honetan ere Jesus erabat iraultzaile azaltzen da. Emakumeekiko Jesusen jarrerak orduko eskema guztiak apurtu zituen. Emakumeak bidelgaun onartu zituen, garai hartako rabino batentzat hori erabat pentsaezina bazen ere. Eta emakume horiek bere ikasle eta segitzaile bezala onartu zituen, txokagarria bazen ere.Gizarte diskriminatzaile hartan emakumeak ez zeukan inolako babesik. Emakumearen hitzak ez zuen inolako baliorik, ezta auzitegien aurrean ere. Jarrera horren aurrean, ikusgarria gertatzen da: emakumearen hitzak baliorik ez zuenean, Jesusek bere piztueraren lehen testigu emakumeak egiten ditu. Bistakoa da emakumeari bestelako balioa aitortzen diola Jesusek. Gaur egun erreferentzi puntu ederra daukagu Jesusen jokalege honetan, ikasi nahi izango bagenu.Badakigu gaur egun modan dagoela emakumearen gai hau. Baina, modan egoteaz gain, ondorio ikusgarriak dakartza berekin. Gizakiak balio goren eta duina lortzen ez duen lekuan, han agertzen da Jesusen mezua, gizartean nagusi den jokalegea salatzen eta justiziazko eta askatasunezko etorkizun berria agintzen. Gaurko ebanjelioko emakume bekatariarekin hori egiten du, pertsona hark legeak baino gehiago balio duela aitortuz eta emakume apalduaren maitasun-zeinuak bere balioan jarriz.Ez nuke demagogia errazegian erori nahi, feminismoa goralduz. Baina, ezin dezakegu inolaz ere ukatu arazo handia daukagula, bai gizartean eta bai Elizan, emakumearen duintasuna zor zaion mailan jartzeko. Mende asko ditugu kultura matxista eta baztertzailearen azpian. Erlijioek ez dute kultura hori sendotu besterik egin. Gizonezkoa eta emakumezkoa ezin daitezkeela Jainkoaren aurrean bereizi, hori esan zuen San Paulok; baina Elizak ez du oraindik bere onenean ulertu hori.Eta gaur egun Eliza gizartea bera baino atzeragotik dabil emakumearen duintasuna aitortzeko orduan. Izan ere, ez da teoria handien kontua. Emakumeei erabakiak hartzeko bidea ireki behar zaie eta benetako berdintasuna aitortu, hori da kontua.Oinarrian, elkarrekiko beldurrak eragiten digu gure kultura matxista honetan. Eta duintasunaren aldeko borroka hau mekanismo gehiegik galgatzen dute. Ezin dezakegu emakumearengan gure etsaia ikusi. Bai gizonezkoak bai emakumeak gizaki guztien duintasuna aitortu behar dute, Jainkoaren eskuak bakoitzarengan itsatsi duen balioa estimatuz. Eta duintasunari berdintasun betea opaz, aurreragoko pausoa eman behar dugu, horretarako jaso izan ditugun kultur rolak alde batera utziz: gizakiaren berezko duintasuna deskubritu eta maitasunean bata bestearentzat izatearen misterio bikaina deskubritu.Emakumeak, bere duintasuna aitortua ikusteko, ez dauka emakumetasuna, bere izanbide afektiboa, alde batera utzi beharrik. Gizonezkoak, berriz, bere beldur gordeak gainditu behar ditu, emakumearengana bihotzez irekiz. Eta duintasunean berdin eta izaeran ezberdin direnen elkartasunean garatuko da Jainkoak eman digun giza bokazioaren edertasun betea. Jesusek hala erakusten digu.


Iñaki Beristain (2016-6-6)