URTEAN ZEHAR XIII IGANDEA

C zikloa

Erregeen liburutik 1 Erg 19,16b.19-21


Egun haietan, Jaunak honela esan zion Eliasi: “Zure ondorengo profeta bezala gantzutu ezazu Eliseo, Safaten semea, Abel-Mejolakoa”.
Joan zen, bada, Elias menditik, eta Eliseo, Safaten semea, goldean aurkitu zuen; hamabi idi-pare aurrean, berak hamabigarrena zeramakiela. Ondotik igaro zen Elias, eta bere soingainekoa bota zion bizkarrera. Eliseok, utzi zituen idiak, eta Eliasengana lasterka joan eta esan zion: ‘Arren, utzidazu aitari eta amari muin-ematera joaten, eta jarraituko dizut orduan’.
Eliasek esan zion: ‘Zoaz, eta etorri. Badakizu zer egin dizudan’.
Bihurtu sen Eliseo; eta idi-parea hartu eta oparitan hil zuen; uztarri eta lan-tresnekin su egin, haragia erre eta bere jendeari jaten eman zion. Gero, jaiki eta Eliasi jarraitu zion, eta haren esanera jarri zen.

ERANTZUN-SALMOA 15


ZU ZAITUT, JAUNA, ONDASUNA.
Zaindu nazazu, Jauna,
babes bila bainator Zugana.
Honela diotsot Jaunari: ‘Zu zaitut neure jabe’.
Jauna da nire ondare eta edontzia;
Zuk daukazu eskuetan nire zoria.
Onesten dut Jauna, aholku eman didalako,
gauez ere neure bihotzak oharrarazten nauelako.
Begi aurrean ipintzen dut beti Jauna;
Eskuinean daukadala, ez naiteke dardara.

San Paulo Apostoluak Galaziarrei 4,31b-5,1.13-18


Senideok: Askatasunean bizitzeko askatu gaitu Kristok; irauzue, beraz, sendo, eta ez sartu berriro morrontz uztarpean.
Zuek, ene senideok, askatasunera deituak zarete; baina ez bekizue izan askatasun hori norberekoikeriarako; baizik eta maitasunez izan zaitezte elkarren morroi. Lege osoa agindu bakar honetan dago betea: “Maita ezazu zure lagun hurkoa, zeure burua bezala”. Baina elkarri hozka egiten eta elkar jaten bazabiltzate, azkenik batak bestea desegingo duzue.
Hau diotsuet: Ibil zaitezte Espirituari dagokionez, eta ez dituzue beteko haragiaren irritsak. Haragiak Espirituaren aurka irrikatzen baitu; eta Espirituak haragiaren aurka. Bi horiek elkarren aurka dabiltza; horregatik, ez duzue nahi zenuketena egiten. Espirituak eragiten badizue, ordea, ez zaudete Legepean.

ALELUIA Mintza, Jauna, zure morroi hau entzuten dago.


Zuk dauzkazu betiko biziaren hitzak. ALELUIA.

Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 9,51-62


Aldi hartan, Jesusek, zerura jasoa izateko garaia hurbiltzen ari zelarik, Jerusalenako bidea hartu zuren adore haundiz, eta mandatariak bidali zituen aurretik. Bidez zihoazela, Samariako auzo batetan sartu ziren, ostatua prestatzera. Baina ez zioten ostaturik eman, Jerusalena zihoalako. Santiago eta Joan ikasleak, hori ikusita, esan zioten:‘Jauna, nahi baduzu esango dugu: Zerutik sua jaitsi dadila eta erre ditzala!’
Jesusek, itzulirik, haserre egin zien, esanez: “Ez dakizue nolako espirituarenak zareten. Gizonaren Semea ez bait da etorri gizonak galtzera, salbatzera baizik”.
Eta beste auzo batetara joan ziren. Bidez zihoazela, batek honela esan zion: ‘Jarraituko dizut, noranahi zoazela!’.
Jesusek erantzun: “Azeriek ba dituzte zuloak, eta zeruko hegaztiek habiak; baina Gizonaren Semeak ez du, burua non etzanik”.
Eta beste bati esan zion: “Jarrai Niri”.
Baina hark erantzun: ‘Jauna, utzidazu lehenik, nire aitari lurra ematera joaten’.
Jesusek erantzun zion: “Utziezu hilei, beren hilei lurra ematen; zu zoaz Jainko-erreinuaren berri ematera”.
Beste batek esan zion: ‘Jarraituko dizut, Jauna; baina utzidazu lehenik nire etxekoei agur egiten’.
Jesusek esan zion: “Eskua goldeari ezarri eta atzera begiratzen duena, ez da gai Jainkoaren erreinurako”.


Homiliak

Senideok: Igandea, Pazko misterioaren asteroko ospakizuna dugu. Gure kristau-bizitzaren oinarrian edo iturburuan dagoen abiapuntua. Eta Pazkoaren argi betea gertatzen da guretzat bizipoz, bizi-arrazoi eta bizi-molde. Pazkoa, Jesusen dohain betearen ospakizuna dugu eta, beraz, gure kristau-bizitzaren moldea eta modua. Horregatik, kristau izan eta hala jokatu nahi dugulako, astero-astero Jesusen Pazkora biltzen gara.

Eta Pazko misterioaren betetasun giroan entzun dugu gaur ere Jainkoaren hitza. Pazko misterioak eta Jesusen jarraipenak duten deia eta eskakizuna ikusi dugu nolakoak diren. Era batera edo bestera ikus daiteke Pazko misterioa, era batekoa edo bestekoa izan daiteke deia entzuteko era, baina Pazko misterioa ez dago sekula kanpotik ikusterik, konpromiso gabeko testigu bezala. Hemen ez dago ikusmiran egoterik. Jesusek beti konpromisoan jartzen gaitu. Ez digu bakean uzten. Jesusen gurutzerainoko konpromisoa baitaukagu beti erreferentzi puntu bezala, eta jakina!, derrigor erabateko postura jarraitzailea hartu behar. Gaurko ebanjelio zatiaren hasierak marko argia jarri digu: «Jesusek, zerura jasoa izateko garaia hurbiltzen ari zelarik, Jerusalemako bidea hartu zuen adore handiz». Ahor ba, fededunaren bideak ere Jerusalemeko gurutze misteriora garamatza zuzen-zuzen. Horra zergatik ez den Jesus hain erosoa. Pazko misterioaren bideak!

Erabateko eta era beteko jarraipen-esijentzia honek ez du intolerantzia esan nahi. Benetan harritzekoa da askotan gure postura: geure jarraipen-bideak era lasaian eta era zabalean ulertzen ditugu beti, baina besterenak beti era estuan eta inolako baimenik eman gabe. Joan eta Santiagorena: Jesusentzat ostaturik ez zeukatelako, sua eskatzeko prest. Eta, ez! Jesusen deia ez da besterentzako esijentzia, neuretzako baizik aurrena. Besteek ez diote zintzo jarraitzen, besteek ez dituzte gauzak behar bezalako bikaintasunez egiten, beti besteak dabiltza nolahala... Baina, geure buruari begiratzerakoan eta gure jarraipena aztertzerakoan, ba beno, beti dauzkagu neurriak jaisteko arrazoiak, oso konprentsio handiko gizon-emakume bihurtzen gara kolpetik. Ulertu egin behar zaigu! Besterentzat setati eta zorrotzak eta geuretzat lasa!

Tartetxo bat egiten uzten badidazu, adiskide, bakearen arazoa lantzean ere, ez genuke irizpide hori ahaztuta utzi behar: bakea ez da sortuko besteekin estua eta zorrotza izanez, nork bere jarrerak seriotasunez aztertuz baizik, eta horretan nahi adina zorrotz jokatu, hor bai!

Jesusi jarraitzeari buruz gaurko ebanjelioak esandakoak, gogorrak irudituko zitzaizkigun agian. Hala iruditu ohi zaizkigu beti. Gogorrak eta inolako ihesbiderik gabekoak. Arnasa hartzen ere utziko ez baligute bezala. Nik ez dizut gogorrak ez direnik esango. Nik esango nuke askatasun handia behar dela bihotzean eta bizitzan, Jesusi jarraitzeko. Gauzetatik, pertsonetatik, edozertatik libre bizi behar oso, Jesusi bere bidean jarraitzeko. Eta akaso, horrexegatik iruditzen zaizkigu gogorrak, oso libreak ez garelako. Erdipurdikakoa maite dugu. Hura bai, baina hau ere bai. Jesus bai, baina gure jarrera erosoak ere bai. Aurrena geurea eta gero Jesusena. Goldeari heldu bai, baina atzera begira. Jesusekiko konpromisoa bai, baina geurekikoak bete ondoren. Eta... jakina! Hori ez da!

Begira, adiskidea, guri ere Eliseori bezala soingainekoa bota zaigu bizkarrera, Espiritua eman zaigu, Jesusen Espiritua. Eta horrek bidean jarri gaitu. Horrek eginkizunez jantzi gaitu. Eta une horretan, zabarkeriak bukatu dira. Espiritua eman zaigunetik, Jesusen bidearen sua sartu zaigu barruan. Eta jarraitu, ez dago besterik! Bakoitza jarriak izan garen tokian, era batean eta betean jarraitu! Familian, ezkontzan, komentuan, herrigintzan, kulturgintzan. Eguneroko bizitokian eta bizigiroan, eman zaigun konpromisoari lotuta serio! Espirituak gidatzen baikaitu.

Gogorra! Berriro ere gogorra dela esaten duzu. Ederra da, gogorra adinean. Pertsona-egilea, zaila adinean. Barne-askatzailea, lotura adinean. Baina, hori bai, lehen esan dizudana, askatasun handia behar da. «Askatasunean bizitzeko askatu gaitu Kristok»... «Zuek askatasunera deituak izan zarete». Eta askatasunaren jokalege hauxe jarri digu San Paulok: «Maita ezazu zure lagun hurkoa, zeure burua bezala». «Ibil zaitezte Espirituari dagokionez.»

Maitasunaren gordintasuna dugu, azken batean, gure bizitza osoaren lege. Eta maitasunak beti osotasuna izan ohi du grina. Maitasunak beti eta osorik maite du. Baina, ez dugu ahaztu behar, maitasuna egunez egun egiten dela, unez une, detailez detaile. Maitasuna landu egin behar da. Ez baita sentimendu hutsa, elkar zerbitzatzera garamatzan jarrera egiazkoa baizik. Eta, hori bai, maitasunak edertzen du bizitza. Maitasunak pozten du jarraipidea. Maitasunak gozatzen du harremana. Maitasunak dena edertzen du. Jesusen segizioa ere, gogorra izanik, ederra da, askatzailea, pozemailea, zorion bikainaren iturri. Jesusen bideak pertsona bere izanbide sakonenetan garatzen du. Edertasun hau ikusi eta sumatuko ez begenu, ez liguke mereziko Jesusen jarraitzaile izateak. Baina segizioak gehiegiz ordaintzen digu.

Otoitzarekin eskatu duguna eskatu behar atergabe: «argiaren seme-alaba egin gaituzunez gero, ez gaitzala inguratu gezurraren ilunpeak, eta zure egiaren (zure jarraipenaren) argi ederrean bizi gaitezela beti». Eukaristia honek lotu gaitzala askatasun-bide eder honen ibilbidean. Bere burua emanez, geurea ematera gonbidatzen gaitu Jesusek. Eukaristia dugu dei hori entzuteko lekua eta unea. Prest al gaude segiziorako deia libreki entzuteko?


Iñaki Beristain (2016-6-23)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 9, 51-62)

«Jainkoak bete du garaia» eta bidea Jerusalemera begira jarri da. Ez da berezko gauza, baizik «erabaki sendo» baten jarrera. Jerusalemerako bideak ez dio inolako erraztasunik ekartzen, zailtasunak eta errefusa bakarrik. Jesusen bide honi ez diote tankerarik hartzen ikasleek, Santiagok eta Joanek behintzat ez. «Tximista eta sua» eskatzen dituzte, errefusa eta gaitzespenaren aurrean. Ez dakite bidearen berri eta «Jesusek haserre egiten die».

Jesusi jarraitu nahi dionak badaki bidea, Jerusalemera daramana. Arrisku asko eta handiak dituen bidea da. Jesusi zori gaiztoa prantatzen dion bidea da. Inolako babesik eskaintzen ez duen bidea. Baina, erabakia hartua dauka Jesusek eta ez du ezerk atzera botako erabaki horretan: Jainkoaren Erreinua aldarrikatu behar du hiriburuan, horretarako etorri baitzen.

Jesusen segizioak berekin dituen eskakizunak eta berekin duen moldea, hiru adibidetan ematen zaigu. Lehenengoa dena utzi eta, noranahi doala, jarraitzeko prest azaltzen zaio. Jesusek garbi jakinarazten dio zer egokituko zaion bide horretan: inolako segurantzarik ez du izango, berak ere ez dauka non lo eginik. Ikasleak berdin.

Biluztasun gorrri honek beldurra ematen digu gaurko kristauoi ere. Segurantza askotatik gatoz. Jesusen bideak ez du, ordea, giza segurantzarik. Segizioaren abentura babesik gabea da, erreinuaren suak berotua. Gure erosotasunek barru-barrutik kateatuta gauzkate. Geure sinesmena lotua daukagu.

Besteak aurrena bere aitari lur eman nahi dio eta gero joango zaio atzetik. Jesusen hitzak gordinak dira: «Utzi hilei beren hilei lur ematen». Erdipurdikeriarik ez. Azalkeriarik ez. Erabatekoa da segizioa. Familia inportantea izanik, ez da dena. Gure sinesmenaren zerumugak era zabalagoan prantatu behar ditugu. Guk bizitzaren muina era irekiagoan, gizon-emakumeen beharren zabaleroan bizi behar dugu.

Hirugarrenak, berriz, Jesusi jarraitu nahi dio bai, baina aurrena bere familiari agur esan behar dio. Behin goldeari helduz gero, ez da atzera begiratu behar. Jesusi jarraitu nahi dionak aurrera begiratu behar du, ez atzera. Aurrera ondorio guztiekin. Ez du ezerk lotu behar.

Gaur egungo Elizak, guk osatzen dugun Eliza honek, badu testu argi hauetan zer hausnartua eta zer jasoa. Zer ari zaigu gertatzen, berritzea hainbeste kostatzeko? Aita Santu berria dela eta, berrialdia espero dugu. Baina geu prest al gaude berritzeko. Erromatik espero al dugu berrialdia? Bakoitzak geure egian jaso behar ditugu gaurko deiaren oihartzunak. Bakoitzari ari zaigu Jesus, bakoitzari eta denoi. Jesusen segizioak ez du aitzakiarik ametitzen. Beharbada beldurra sentitzen dugu, Jainkoak geure bizilegetik ateratzeak izutu egiten gaitu. Baina gaur argi eta garbi egiten zaigu dei, bideko jarrerak garbitu eta sendotu ditzagun. Hor eta horrela nahi gaitu Jesusek.


Iñaki Beristain (2013-6-27)

(Igandeko ebanjelioa: Lk 9, 51-62)Jesusek, aurreko igandean ikusi genuenez, gurutze-biderako erabaki sendoa hartu du. Ikasleak ere hartara gonbidatu ditu. Ikasleen ezbaia badakigu: edozein balentria egiteko prest daude, baina ezin dituzte beren lokarri afektiboak askatu. Ez da harritzekoa Jesus bakarrik sentitzea. Jesusek ulertzen du ikasleen ezintasuna ere. Ikasleek, une jakin batean, sekulakoak egingo lituzkete Jesusengatik, baina eguneroko txikian eta xumean Jesusen bidean aurrera egitea, zaila da.Erradikalak izan behar omen dugu Jesusen segizioan. Erradikaltasun-hitz handi eta aho betekoak erabiltzea erraza da, geure handikeriak haizetaratzeko. Baina, erradikaltasunak geure burua besteren esku uztea esan nahi du, Jesusek Aitari erakutsi zion menpetasun hartan sartzea. Guri, ordea, uretan sartu bai, baina arropak lehorrean utzita sartzea gustatzen zaigu. Jesus maitatu bai, baina geuretzat ere tarteak gordeta. Familia utzi behar dela erradikaltasun heroiko baten argitan? Utzi egingo dut.Baina ez da hori. Erabat Jesusena izatea da kontua. Jesusen pertsonari nire osotasuna izaten uztea. Gauza handiak, portaera miragarriak, bidera ditzakegu; baina horretan, geure buruaren segurantza bila dezakegu. Zenbat arau bete izan dugun bizitzan, geure buruarekin seguru sentitzeko! Maitasun handia behar da, segurantzarik gabe, harena izaten ausartzeko. Maitasun horrek bai izan behar duela erradikala!Hau horrela izanik, auzia ez da kasuistika berezietan sartzea. Batengan era batera gertatzen da deia eta segizioa; bestearengan beste era batera. Kontua baina ez da nola, zer baizik. Jesusen segizioaren dinamika da oinarrizkoa. Gaurko ebanjelio-testua irakurtzean, batek pentsatuko luke Jesus apaiz eta erlijiosa/soentzat ari dela. Eta kristau normalari ez dagozkiola era honetako erradikaltasunak. Segizioaren kontu horiek «perfekziora deituentzat» ote diren, alegia.Kristaua, edozein kristau, erradikaltasunera deitua ez balego bezala! Kasuistikak dira beste horiek, eranskinak. Kristauak badaki, jakin behar luke, norena den, nori zor dion bere guztia.Hori horrela, nahiz eta senarra edo emaztea eduki, nahiz eta norengan atseden hartua eduki. Horietan guztietan Jesusena izatea da oinarrizkoa. Zergatik ote da, hain jende gutxi iristea Jesusekiko lotura afektibo eta fedezko honetara? Zergatik ote da? Auskalo! Ez nintzateke ausartuko galdera horri erantzuna ematen. Bakoitzak ikusi beharko bere barruko ibilbidea.Gauza hauxe da: guretako bakoitza deituak garela Jesusen Hitza entzun eta erantzutera. Gero, erantzun horren zehaztasuna desberdina izango da erlijioso/sa batengan edo ezkondu batengan. Baina erantzunaren dinamika berdin-berdina. Ebanjelio-zati honen ondoan, gaurko liturgiak, 15. salmoa jartzen digu egoki asko: «Zu zaitut nire on». Esaldi horrek biltzen du erantzun osoa.Etxekoak agurtu, etxekoei lur eman... Lege sakratuenak bi­hur daitezke, gero, aitzakia! Arrazoi horiek ez al dira inportanteegiak, gauzak bere onetik ateratzeko? Berriro ere kasuistika! Norbaitek pentsatzen badu Jesusen deia gogorregia eta zitalegia dela mundu honetako harremanetarako, ez du ondo pentsatzen. Hotz-hotzean planteatzen bada segizioa, benetan gogorra eta zitala da. Baina, oinarrian beste guztia gainditzen duen maitasun ederra baldin badago... Kanpotik begiratuta erokeriatzat jotzen ditugun jokabide asko eginarazten dizkigu maitasunak. Baina, maite duenari ez zaizkio erokeriak iruditzen. Hori ulertzekoa baldin bada giza maitasunean, zergatik ez du egia izan behar Jesusekiko maitasunean?Gauza inportanteak dauzkagu egiteko: familia sortu eta aurrera atera, seme-alabak hezi, eguneroko lana... Jesusen horrek itxaron dezake. Aitzakiak! Gure aitzakiak!


Iñaki Beristain (2016-6-25)