URTEAN ZEHAR XXVII IGANDEA
C zikloaHabakuk Profetaren liburutik 1,2-3;2,2-4
Noiz arte, Jauna, egin behar dut nik deiadar,
eta Zuk entzun ez?
Noiz arte, ni Zuri oihuka: ‘Gogorkeria!’,
eta Zuk salbatzen ez?
Zergatik ikusierazten dizkidazu txarkeriak?
Zergatik erakusten nekeak,
gogorkeriak eta hondamendiak?
Zergatik sortzen dira haserreak,
eta izaten borrokaldiak?
Orduan Jaunak erantzun zidan:
“Idatzi ezazu ikuskizuna;
irarri har-losatan, errez irakur dadin.
Ikuskizun hori bere garaian gertatuko da;
hartara dijoa, ez du huts egingo;
luzatuko balu, zaude zain,
etorriko bait da berandu gabe.
Harrokeriaz beterik dagoena erori egiten da;
baina zintzoa, bere leialtasunak biziaraziko du”.
ERANTZUN – SALMOA 94
ENTZUNGO AL DUZUE GAUR
JAUNAREN MINTZOA:
“EZ GOGORTU ZUEN BIHOTZA”.
Zatozte, pozez oihu dagiogun Jaunari,
txalo dagiogun salbamen dugun Harkaitzari.
Hurbil gakizkion aurrera esker-kantuekin,
jai dagiogun txalo eta eresiekin.
Zatozte, ahuspez jaurets dezagun,
egin gaituen Jaunari belaunika gakizkion.
Bera bait da gure Jainkoa,
gu, berriz, Haren larreko herria,
Haren zainpeko artaldea.
San Paulo Apostoluak Timoteori 2 Tm 1,6-8.13-14
Anaia maite: Bizkor ezazu, nere esku-ezartzeaz zeuregan duzun Jaungoikoaren grazia. Jaungoikoak ez bait digu beldurrezko espiritua eman; indar, maitasun, eta neurribidezko espiritua baizik. Ez izan, gure Jauna aitortzeko lotsarik, ezta ni, Haren giltzapeko naizen hau, aitortzeko ere; bestela baizik, eraman itzazu nekeak nerekin batean berri onaren alde, Jaungoikoaren indarrez.
Har itzazu jarraibide, sinesmenari eta kristau maitasunari buruz niregandik entzun dituzun hitz osasungarriak. Zaindu ezazu gordailu eder hau, guregan bizi den Espiritu Santuaren indarrez.
ALELUIA Jaunaren hitzak betiko du irauten,
eta hitz hori da,
zuei hots egin zaizuen berri ona. ALELUIA.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen Liburutik 17,5-10
Aldi hartan honela esan zioten ikasleak Jesusi:
- ‘Indar iezaiguzu sinesmena’.
Eta Jesusek:
- “Mostaza-hazia adinako sinesmena bazenute, masusta-zuhaitz honi esango zeniokete: ‘Atera zaitez hondotik, eta bota erroak itsasoan’, eta egingo luke zuen esana.
Egin dezagun, zuen morroia goldean edo artzantzan ari dela; landatik etxera etortzean, nork esango dio: ‘Zatoz eta jar zaitez berehala mahaian?’ Ez ote dio beste hau esango: ‘Presta iezaidazu afaria, jantzi gerrikoa eta zerbitza nazazu, nik jan eta edan arte; gero jango duzu eta edango zuk?’ Nagusiak zor al dio eskerrik morroiari, agindu zaiona egin duelako? Berdin zuek ere: agindutako guztia egiten duzuenean, esazue: ‘Morroi hutsal batzuk gara; egin behar genuena egin dugu’”.
Homiliak
Senideok: fededunak ez luke asmatuko iganderik gabe bizitzen. Jainkoaren Hitza, Eukaristia, elkarrengana biltzea... behar-beharrezko gauzak ditu bere fedeari aurrera-nahia eta argia opa dizkionak. Izan ere, eliz elkartera etortzen garenean, eguneroko bizitzatik etortzen gara: sufrimendutik, ezinetik, borrokatik, etsipenetik zenbaitetan, ahulalditik, gaitzaren bihotzetik... Eta igandearen mahaian Jaunaren presentziak indartu eta sendotuko ez bagintu, esadazu: nondik biziko ginateke pozik eta esperantzan!?
Igandero-igandero berresaten dugu gaurko ebanjeliokoan ikasleek Jesusi egiten zioten eskaria: «Indartu iezaguzu sinesmena». Eta Jaunak ematen digun indar berri horretan sutzen eta berritzen zaigu gure eguneroko esperantza eta argi hil-zorikoa.
Begira ezazu: Habakuk profetaren garaiko egoera hori eta jaurti dituen galdera horiek ez dira, halabeharrez, ordukoak bakarrik. Gaur ere, gure kristau herriak, eta kristau bakoitzak bakarka ere berdin, denok bizi dugu antzeko egoera. Badirudi gaitzaren poderio makurtu-ezinak betirako hankapean zapaldu gaituela. Badirudi, gaitzaren kontrako borroka alferrikakoa dela. Ez dela inolako irtenbiderik. Badirudi Jaunak berak ere ez digula presentzia nabarmenegirik eskaintzen gaitzaren kontrako aritze horretan. Gure inguruan ageri den gogorkeria, setakeria, itsukeria, gezur sistematikoa, manipulazioa... Hau ote dugu gure eguneroko maitasun-borrokari opa zaion emaitza eta fruitua?!
Hor dago Jaunaren erantzuna: «Bere garaian gertatuko da; ez du huts egingo; luzatuko balu, zaude zain, etorriko baita berandu gabe». Eta hementxe kokatzen da fede sendoak ematen digun konfiantza hautsiezina. Zailtasun eta estuasunetan ere, fedeak ez du etsitzen. Bere ahaleginaren neurriko fruituak sumatzen ez baditu ere, aurrera jarraitzen du lanean. Fededunak ondo asko daki, bere lanean ez dela bakarrik ari. Jauna ere tarteko dugula. Eta, azkenean, fededunaren lanari ez datorkio fruitua gure ahaleginetik, Jaunaren dohainetik baizik. Gure gizadiak sortu dituen bizigiro zuzengabeko ugarientzat, askatasunezko irtenbidea sortuko da. Esperantzak hala esaten digunez, aurrera egiten dugu eguneroko lan zailduan.
Ebanjelioan eman zaigun konparazio horrek ez al dizu argirik ematen? Bere gehiegikerian ere, argitsua gertatzen da: «Mostaza adinako sinesmena bazenute... egingo luke zuen esana». Eramaitzazu hitz horiek zure eguneroko jardueran inguratzen zaituen gaitz horretara. Fedearen indarrak ezinezkoak ere aukeran jartzen dizkigu, eskura jartzen dizkigu. Hori bai, gauzak ez dira guk nahi bezala gertatzen, baina Jauna ere gure eguneroko borrokan murgildua dabil. Gure borroka ez da ezinezkoen ametsetan egiten dugun lehia.
Esaten ari garen hau ez genuke inolaz ere ahaztu behar: gaitza garaitzea, ez da gure ahaleginaren neurriko fruitua. Ez da meritu edo irabazi handi batzuen kontua. «Egin behar genuena egin dugu». Eta kitto! Eskatzen zaiguna ez da heroiak izatea, giza-mailaz gorako egintzak burutzea. Ez, ez. Jaunak zerbitzu apal batean jarri gaitu. Eta eman zaigun eguneroko zerbitzua apaltasunez eta esker onez betetzea da kontua. Askotan pentsatzen dugu, gaitzaren kontrako borroka, egintza handiak burutu ditzaketenen esku dagoela. Eta agintariei eta begiratzen diegu. Bakoitzak egin behar duena ongi egitea da kontua. Agintariak agintaritzan, elizgizonak bere jardueran, gaixoak bere ohe sufritu horretan, langileak lanean...
San Paulok Timoteori esan diona, bakoitzari esana dago: «Bizkor ezazu, nere esku-ezartzeaz zeuregan duzun Jainkoaren grazia». Espirituaren dohain berezia eman zaigu bakoitzari, eta dohain horren zerbitzua leialtasunez bizitzea da kontua. «Jainkoak ez digu beldurrezko espiritua eman». Ez dugu, beraz, gure fedearen lekukotasuna edo testigantza bizitzeko lotsarik eta beldurrik izan behar. Berri Onaren gordailu ederra jarri zaigu eskuetan eta hori zaintzea eta hori mundu-bizieran txertatzea da eginkizuna.
Fededun adiskide: eskerrak igandeko festa hau ematen zaigun! Eskerrak gure esperantza eta fedea indartzeko aukera hau ematen zaigun! Gure gizartera begira jarrita, zer ikusten duzu? Batek esaten du: oraintxe bertan alde batera utziko nuke politikari dagokion guztia, nazkatuta gaude! Beste batek esaten du: zertarako jardun on egiten, ostikadak eta jipoiak jasotzeko? Zuk akaso, gaixo horrek, behin baino gehiagotan pentsatu duzu: Zergatik ez dit Jaunak gaitza kentzen? Non arraio dabil Jauna!? Zertarako du nire gaixotasuna? Beste batek pentsatu du: Zergatik seme-alabak sortu mundu argi gabeko honetara? Beste batek: Zergatik ez bizi, beste asko bezala, atsegin hutsaren eta ongi bizitzearen bila? Zergatik bilatu justizia eta maitasuna eta eskubideen garapena eta? Zergatik?! Bakoitzak konpon dezala bere arazoa?!
Eskerrak igandeko Hitza eta Eukaristia dauzkagun! Horien bultzadaz eta argiaz, aurrera egin behar dugu. Badator Jaunaren eguna! Badator Jaunaren Erreinua! Badator Jaunak bere erregetzaren ederra bete-betean agertuko duen unea! Gu Erreinu horren langile apalak gara! Horixe dugu gure ohore eta gure edertasun!
Goazen Eukaristiaren mahaira. Goazen gure itxaropena eta gure fedea indartzen dizkigun janaria hartzera! Goazen elkarrekin, geroko borrokarako gai egingo gaituen Jaunaren presentzia sumatzera! Gure fedea aitor dezagun sutsu eta fede horren bidetik joka dezagun leialtasunez eta esperantzaz!
Iñaki Beristain (2016-9-28)
Beti bidean, beti bila
(Gaurko ebanjelioa: Lk 17, 5-10) Sinesmenaz hitz egitea ez da erosoa gertatzen bizigiro gehienetan. Fedea aipatze hutsak halako errezelo ilun bat sortzen du, ez dakit zergatik. Beharbada, gizakiak Jainkoaren beharrik ez daukala pentsatzeagatik izango da. Edo, agian, Jainkoaren esperientzia erabat itzali delako izango da. Gaurko gizon-emakume askori «Jainko» hitzak ez dio inolako oihartzunik sortzen barruan. Eta, beraz, Jainkoarengan sinestea zer den ez dakite; ezta sinesteak zer esan nahi izan dezakeen ere.
Horretatik abiatuta, argi ikusten da fededunok eskuartean daukagun eginkizun nagusia, Jainkoaren esperientzia «berregitea» dela. Gaur egun fededun izan nahi duenak oinarri eta euskarri berriak behar ditu. «Beharrezko» ez den Jainko baten «beharra» nola ikusi edo nola azaldu? Bide-urratzen lan handia daukagu aurrean. Baina nola ikusi fedearen beharra, Jainkoaren beharra? Esan beharra dago, Jainkoarengan sinestea ez dela gure ahaleginaren emaitza. Ez dela gure prozesuen emaitza ere. Ahalegina behar da, prozesuak behar dira; baina, batez ere, sinesmenaren erregalua behar da. Gertatu zaionak daki, eta gertatu ez zaionak ez daki.
Hori horrela izanik, badira, hala ere, Jainkoaren esperientzia bideratzeko kontuan hartu beharreko gogoetagai batzuk. Esate baterako, gizakion muga. Mugatuak gara, eta ezin dugu lortu, nahi genukeen guztia. Ez dakigu geure zoriona egiten. Ez dakigu bizitzari sentidua ematen.
«Jainkoa» onartzeak eramaten zaitu zeure mugak zabaltzera. Jainkoarekiko harremanak bizitza eta lana eta sufrimendua eta dena sentidu ederrez janzten dizu. Fedeak, hitz batean, bizitzeko konfiantza ematen dizu. Barrua uste onez pozten dizu. Zure izate osoak oinarria hartu duela ohartarazten dizu. «Jainkoak» zeuretzat irabazi zaitu. «Jainkoari» esker zara.
Badakit gauza hauetan segurantzak nahi izaten ditugula. Baina hemen apenas dagoen segurantzarik. Honetan konfiantzak ematen duen barne-ziurtasuna dago. Konfiantzak esaten dizu «norbait» zurekin doala bidean. Ez zaudela bakarrik. Konfiantzak erakusten dizu aurrera egiten, zalantzaldiak gainditzen, beldurrik ez izaten. Konfiantzak ematen dizu «norbaiten» eskua, bakarrik senti ez zaitezen.
«Norbait» hori Jainkoa da, sinesmenak erakusten duen Jainkoa. Jainko horrek ez dizkizu gauza guztiak argituko. Izango dituzu galderak: nor da?, nolakoa da?, non dago? Ez dago «ikusterik». Ez dago neurtzerik. Ez dago demostraziorik. Ez dago erosterik. Ez dago zergatiak esaterik. Ez dago zer den ere argitzerik. Nor den, zer den, non dagoen, zer egiten duen, zer esaten duen... bakar-bakarrik, gertatu zaionak daki!
Iñaki Beristain (2013-10-2)
(Igandeko ebanjelioa: Lk 17, 5-10)
Gaurko kulturan, gauza guztien aurrean zertarako diren galdetzen dugu. Utilitaterik ikusten ez zaion gauza azkar baztertzen dugu. Eta hori gauzekin bakarrik egingo bagenu, baina... Adiskide bat zertarako da? Senar-emazteen maitasuna zertarako da? Amak edo amamak bere semeari edo bilobari dion maitasuna, zertarako da? Azken batean, giza harremanak zertarako dira? Giza harremanei utilitate bat bilatzen zaienean, gerta liteke harreman horien gizatasuna galdua izatea.
Fedea zertarako da? Zertarako balio du? Zer ematen du? Fedeak sortzen al du balio erantsirik gure eguneroko bizitzan? Eta hemen ere gauza bera esan beharko genuke: alegia, fedeari utilitatea bilatzen zaionean, fede hori galdua dela. Eta, kristau omen ziren askori, horixe gertatu zaio: fedeari ez diote inolako utilitaterik ikusi, eta baztertua daukate. Beste askok, fedea zertarako den ez dakite, baina, hala ere, fedearen ohiturei indarrean eusten diete; baina gero, eguneroko bizitzan, ez dute ezertarako baliagarri, eta igandeetan pizten den kandela besterik ez da.
«Zintzoa bere fedeak bizi du». Esaldi honetan bildu zuen San Paulok bere fede-esperientzia, eta ondo bildua dago. Azken batean, harremana ez baita utilitatetik neurtzen, bere barruko esperientziatik baizik. Harremanak ez dauka utilitatearen edo beste ezeren arrazoirik bilatu beharrik. Harremana bere horretan arrazoitzen da.
Fedeak ez du justifikaziorik behar; fedea bera egiten da biziaren arrazoi eta justifikazio. Fedea gertatzen da, alegia, gure bizi osoaren esplikazio eta oinarri. Fedeak esplikatzen ditu fededunaren bizikizun guztiak. Eta guztia esplikatzen duenak ez du bere buruaz esplikaziorik behar izaten; behar izaten duena esperientzia da. Bizitza osoa biltzen duen esperientzia.
Oso kezkatuta gabiltza aspaldian, nola arrazoituko fedea arrazoizkoa dela. Arrazoi asko ateratzen dugu, ez bakarrik fedea arrazoiaren kontrakoa ez dela erakusteko; arrazoi asko, arrazoiak ere fedeari harrera on egiten diola erakusteko.
Eta arrazoien artean, fedea bera arrazoien mailan geratzen zaigu: arrazoizkoa da edo arrazoiz kontrakoa da. Eta giza mailan ahal den guztia arrazoitzea ongi dago, ez nago ni horren kontra. Baina fedea ez da arrazoietan geratzen. Arrazoi guztiek ez dute bat fededun egiten. Arrazoi guztiek ez dute fededun bat egin. Arrazoiek, gehienez, sastrakak garbituko dituzte, gero fedea gerta dadin barrutia prestatuz.
Baina izan, fedea arrazoi guztietatik harantz doan esperientzia doanezkoa da. Arrazoiek ez dute esperientzia bat erregalatu. Fedea Jainkoak egiten digun erregalua da. Fedea, beti ustegabean eta ahalegin guztien gainetik gertatzen zaigun miraria da. Eta mirariak ez du esplikaziorik izaten. Beste behin, harako hura esan beharko genuke: «Gertatzen zaionak daki».Badira fededun izatera arrazoiaren bidetik iritsi direnak. Badira beren ustezko arrazoi guztien kontra fedea jaso dutenak. Badira fedea ustegabeko maitasun-esperientzia bezala jaso dutenak. Badira fedea nondik eta nola iritsi zaien esplikatzen asmatzen ez dutenak. Baina, ez da fededunik fedea erregalu eman zaiola uste ez duenik eta fede hori esker onez bizi ez duenik. Fedeak bat bere besarkadan lotzen duenean, badakizu Jainkoak ukitu zaituela, badakizu maitasunaren miraria gertatu zaizula.
«Gehitu iezaguzu sinesmena» esan zioten ikasleek Jesusi. Halaxe esaten diogu guk ere, gaur egungo gizakiok. Fedearen miraria gertatzen bada, atergabe fedearen erregalua egiten bazaigu, orduan bakarrik izango da posible gure munduan Jainkoak nahi duen bizi-moldea. Fedeak ez du turbinarik mugitzen, ez du berehalako utilitaterik; baina fedea dago maitasunaren oinarrian. Eta hori da dena gizatzen duen miraria.
Iñaki Beristain (2016-9-28)