GARIZUMAKO IV IGANDEA

C zikloa

Josueren Liburutik 5,9a.10-12


Egun haietan, Jaunak honela esan zion Josueri:
- “Gaur kendu dizuet Ejiptoko lotsaria”.
Israeldarrak Gilga-en etxolatu ziren, eta han ospatu zuten Bazkoa, hilaren hamalauko arratsaldean, Jerikoko zelaian. Bazko-biharamonean, egun hortan bertan, lurraren emaitzetatik jan zuten; ogi-hilak eta gari ale erreak.
Lurreko emaitzetatik jaten hasi zirenean, atertu egin zen mana. Israeldarrek ez zuten gehiago manarik izan, eta urte hartan Kanaan lurreko emaitzez janaritu ziren.

ERATZUN-SALMOA 33


TXASTA EZAZUE TA IKUS


ZEIN SAMUR DEN JAUNA.
Bedeinka dezadan aldi oro Jauna,
nire ahoan beti Haren gorespena.
Gailendu bekit bihotza Jaunarekin,
poztu bitez apalak hori entzutearekin.
Haundietsi nirekin Jauna,
ospa dezagun batean Haren izena.
Jaunaren bila nenbilen eta entzun ninduen,
beldur guzietatik atera ninduen.

San Paulo Apostoluak Korintoarrei 2 Ko 5,17-21


Senideok: Kristorena dena, sorkari berri da; zaharrarenak egin du; berria hasi da. Eta guzti hau Jaungoikoarengandik dator, Kristoren bitartez bere adiskide egin baikaitu, eta adiskidetzeko zerbitzua guri ezarri digu. Izan ere, Jaungoikoa mundua Berekin adiskidetzen ari zen Kristorengan, gizonei bekatuen kontua eskatu gabe; eta guri eman zigun adisdetzearen hitza. Gu Kristoren ordezko bezala ari gara, beraz; Jaungoikoak gure ahoz hotsegingo balizue bezala. Kristoren izenean esaten dizuegu: adiskidetu zaitezte Jaungoikoarekin.
Bekaturik ezagutu ez zuen Hura, Jaungoikoak guregatik bekatu bihurtu zuen, guk Harekin bat eginda Jaungoikoaren salbamena irits dezagun.

EBANJELIOA


Altxa eta banoa nere aitarengana,
eta honela esango diot:
“Aita, bekatu egin dut
zeruaren aurka eta zure aurka”.

Jesu Kristoren Ebanjelioa S Lukasen Liburutik 15,1-3.11-32


Aldi hartan, zergalariak eta bekatariak pilaka hurbildu ohi zitzaizkion Jesusi, entzutera. Eta farisearrak eta idazlariak marmarrean hasi ziren elkarrekin, esanez:
- ‘Honek ongi hartzen ditu bekatariak, eta jan ere egiten du haiekin’.
Orduan Jesusek parabola hau esan zien:
- “Gizon batek bi seme zituen: gazteenak honela esan zion aitari:
- ‘Aita, emaidazu dagokidan senipartea ondasunetatik’.
Eta aitak banatu egin zien ondarea. Egun gutxi barru, seme gazteena, bere gauza guztiak bilduta, urrutira joan zen; eta, lasaikerian biziz, ondasun guztiak jan zituen. Zituen guztiak eralki ondoren, gosete haundi bat sortu zen lurralde hartan, eta beharra sentitzen hasi zen mutila.
Orduan herri hartako batengana joan eta haren morroi jarri zen; eta hark bere larretara txerrizai bidali zuen. Txerriek jaten zuten ezkurrez sabela bete nahi izaten zuen, baina inork ez zion ematen. Orduan bere baitara itzuli, eta esan zuen:
- ‘Hamaika morroi ba da nere aitarenean, nahiko ogi duela, eta ni hemen goseak hiltzen. Altxa eta ba noa nire aitarengana, eta esango diot: Aita, bekatu egin dut zeruaren aurka eta zure aurka; ez dut gehiago zure seme izenik merezi; har nazazu zure morroietako bat bezala’.
Eta altxa, eta bere aitarengana abiatu zen. Oraindik urruti zegoela, ikusi zuen aitak, eta erruki izan zuen; joan zen lasterka harengana, besarkatu zuen eta musuka hasi zitzaion. Semeak esan zion: ‘Aita, bekatu egin dut zeruaren aurka eta zure aurka; ez dut gehiago zure seme izenik merezi’.
Aitak, ordea, esan zien bere morroiei:
- “Ekarri berehala soinekorik ederrena, eta jantz iezaiozue; ipin iezaiozue eraztuna eskuan, eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizena, eta hil; jan dezagun eta jai egin: nire seme hau hila bait zegoen, eta biztu egin da; galdua zegoen, eta aurkitu dugu”.
Eta hasi ziren jai egiten.
Seme zaharrena soroan zen; eta handik etxera hurbiltzean, soinu eta dantzak entzun zituen; eta morroi bati deituta, hura zer zen galdetu zion. Morroiak erantzun:
- ‘Zure anaia etorri da, eta aitak zekor gizena hil du, semea onik aurkitu duelako’.
Hura haserretu egin zen, eta ez zuen sartu nahi; eta aita, aterata, sartzeko otoika hasi zitzaion. Baina semeak erantzun zion aitari:
- ‘Horrenbeste urtetan zure zerbitzutan egon, zure esanik behinere egin gabe utzi ez, eta antxume bat bakarrik ere ez didazu sekulan eman lagun artean jateko; eta emagalduekin bere ondasunak janda, zure seme hori etorri denean, zekor gizena hil diozu’.
Aitak orduan:
- “Seme, zu beti nirekin zaude, eta nirea den guztia, zeurea duzu; jai egin behar genuen eta poztu; zure anaia hau hila bait zegoen, eta biztu egin da; galdua zegoen, eta aurkitu dugu”.


Homiliak

Adiskideok: Garizuman gora edo Garizumaren barrura daramagun bide honetan, gaurko irakurgiek Jainkoari begira jarri gaituzte; Jainko onaren bihotzera garamatzate zuzen-zuzenean. Eta benetan alaitzekoa eta askatzailea da Jainko onarekin topo egitea. Bide baten buruan, bakoitzak bizi dugun esperientziaren buruan, Jainkoa daukagu besoak zabalik gu besarkatzeko. Eta besarkada hori da bilatzen dugun pazkoa.

Lehenengo irakurgaian, Israel herria bide luze baten buruan ikusi dugu. Amaitu zaio martxa eta orain askatasunaren pazkoa ospatzen du, esker onean eta lurraren fruitu ederretan. Morrontzaren eta zapalketaren lotsaria kendu zaio bizkarretik, eta Jainkoaren ontasunak askatasunaren erregalua egin dio. Bidea luzea eta zaila izan baldin bada, jaso duen saria ederra gertatu zaio.

Ebanjelioko seme gaztea ere bidean ikusten dugu. Bere autonomiaren bidea egin nahi izan du. Lotura guztiak eten eta abiatu da Aitarenetik, bere proiektua burutu nahirik. Umetako zilbor-hestea eten eta «bere bizitza» bizi nahi duela erabaki du. Eta bizi duen esperientzia, askatasunaren eta izan-nahiaren borroka azkengabea besterik ez da. Saiakera horretan erre ditu bere indarrak eta bere ondasunak. Bere bizitza osoaren apustua egin du, eta ez zaio ondo atera. Ustez askatasun-irudi ziren errealitateak kate gertatu zaizkio. Gosea, ezina, galbidea, bakardadea... Zilbor-hestea eten bazuen, era guztietako kateek lotu dute orain.

Baina, historia hori guztia ez da izan alferrik. Esperientzia ilun horrek benetako askatasunaren iturrira eramango du. Aurrena, barruan hausnartzen dituen burutazioak izango dira, gero sendotzen doakion erabakia da, eta azkenean etxerako bidean jartzea. Konturatu da, lehen lotura bezala sentitu zuen Aitarekiko harremana, harreman hura izan dakiokeela benetako askatasun-iturri. Lehen lotzen zuen Aitaren begirada, bihur dakiokeela askatzen duen besarkada eder. Konturatu da libre izateko ez dagoela inora ihes egin beharrik, maitasunaren kontzientzia sakona landu baizik. Aitarenetik ihes egin zuena berriro Aitarenera bidean ikusten dugu, zarpail, makur, gizarajo.

Eta aita azaltzen da. Besoak zabalik dauzka. Maitasunaren presatan bizi da. Aitaren jarrera hartzaileak barregarri uzten ditu semearen hitzak eta burutazioak. Aitak ez ditu semearen pentsamenduak jakin nahi. Aitari ez zaio inporta nondik eta nola ibili den. Aitak ez dio ondasun galduen konturik eskatzen. Aitak ez dauka galderarik. Aitak berreskuratu du bere semea. Aitak inportanteena salbatu du, bere semea. Eta berehala festa antolatzen du, seme etxeratuaren festa, maitasunaren festa, benetako aurkikuntzaren festa. Aita horrelakoa da. Aitak horrela begiratzen ditu gauzak. Aita kezkatzen duena ez da arazo morala, semearen portaera alegia; semearen duintasuna baino.

Parabola honen argitan, badaukagu Jainkoaren irudia bere onera ekartzen lana. Jainkoa ona da. Jainkoak autonomiaren bide zailetara bidaltzen gaitu, hazi gaitezen. Jainkoak ez gaitu nahi ume edo gaztetxo, autonomiaren bide zailduetan helduak nahi gaitu. Baina gure ibilbide guztiaren oinarrian Jainkoaren maitasuna dago, berriro bere maitasunaren askatasunera erakartzen. Eta gure bizitzak bueltakoan ezagutzen du benetako Jainko Aita.

Bi semeen jokaera desberdinean ikus daiteke gauzak nola diren. Batek joan-etorria egin du, eta maitasunaren alderdi onena ezagutzeko aukera izan du. Bestea ez da sekula etxetik urrundu. Betiko lotura mantendu du. Baina, aitaren alderdirik onena ezin izan du ezagutu. Batek aita ezagutu du era sakonenean, eta besteak aita bere portaeraren ispilu bihurtzen du. Batek aita ikusten du eta besteak bere irudia, irudi zintzoa hori bai!, bere irudia ikusten du aitarengan.

Zenbat aldiz bihurtu izan dugun Jainkoa gure zintzotasuna neurtzeko termometro! Eta geure zintzotasunaren poz motzarekin gelditu izan gara beti. Jainkoa ezagutu beharrean, geure burua ispilatu dugu harengan. Gure zintzotasuna inporta izan zaigu eta ez Jainkoa ezagutzea. Aitaren besarkada askatzailea ezagutu ordez, «antxume» baten ametsetan bizi izan gara. Jainkoa geure amets laburren neurrira mugatu dugu!

Maitasuna dago ibilbide honen guztiaren oinarrian, adiskideok. Maitasunak eragiten digu zilbor-hestea eteteko, eta maitasunak eragiten digu etxerako buelta egiteko. Joanean aita utzi dugu, baina bueltakoan aita hobeto ezagutzeko. Eta gure izatearen gorabehera ez dago gure portaera zintzo edo gaiztoan; aita ezagutzean baizik. Eta seme gazteak, bere prozesuaren buruan, aitaren onena ezagutu du.

Adiskideok, eta bilatzaile adiskideok bereziki, Jainkoa zain dago, besoak zabalik, gure autonomia besarkatzeko. Jainkoak bere maitasunaren lokarri librez oretzen du gure ibilbide askatasun-zalea. Jainkoa dugu, bere maitasun errespetatzailean, gure askatasun ederrenaren iturri agortezina.

Gaur ere, Eukaristia ospatzera goaz. Jainkoak bere maitasunean antolatzen digun festa ederra da, maitasunaren festa, Aita onaren festa.


Iñaki Beristain (2016-3-1)



Beti bidean, beti bila

(Igandeko ebanjelioa: Lk 15, 1-3. 11-32)

Igande honetako parabola ezaguna da, oso ezaguna. Etxetik urruntzearen drama eta berriro itzultzearen edertasuna erakusten dituen parabola da. Zer dago urrutzearen iturrian? Eta zer dago berriro etxera etortzearen iturrian? Hori aztertzea komenigarria da, zeren eta aipatzen dugun pasarte hau ez baita esperientzia atzokoa edo bakana, oso gaurkoa eta gurea baizik.

Sakonera jota, libertatearen auzia dago jokoan, uste dut. Seme gazte honek dena, behar zuen guztia, zeukan bere e­txean, aitaren altzoan. Baina kontua ez da denetik eta dena edukitzea, libre izatea baino. Eta libre izateko, aitaren altzotik salto egin beharra dauka. Pertsonak, pertsona orok, egun batean ihes egin beharra dauka ordurarte babesa eman dioten segurantzetatik. Bera eta berak nahi duen bezalakoa izatearen esperientzia egin beharra dauka.

Gero, bueltakoan, konturatuko da etxean daukanaz eta etxeak ematen dion identitateaz. Askatasuna, alegia, ez dagoela urruti, kanpoan. Askatasunaren auzia geure barruan jokatzen dugu. Eta geure barruan eho behar dugu libre izan nahiaren ahalegina eta bidea. Eta ahalegin horrek eta egindako bideak erakusten diguten ondorioa elaboratu behar dugu barruko errotan. Eta libre izan nahiaren bizikizunak sortu dizun lotura dastatuta, berriro benetan libre egiten zaituen maitasunera itzuli. «Lehenengo maitasunetik» zintzilik dago gizakion askatasuna eta bizipoza.

Baina «lehenengo maitasunaz» jabetzeko, jirabira hori egin beharra dago: ihes egin, joan, ikusi, dastatu, bizi..., eutsi digun eskua askatu, eta bizitzak ematen dizkigun kolpeen lezioa jasota, ustezko askatasunak ematen digun izan-bidea probatuta, berriro etxera etorri. Baina etxera etorri, ez atzera eginda, ez lehengora itzultzeko; esperientzia berriak integratzeko aukera emango digun etxera etorri, aurrera etorri, ez atzera. Bueltakoan, ez naiz lehen nintzena; orain, bizitzaren bideetan ikusi dut nire aita nor den, eusten didan maitasuna zer eta nolakoa den.

Seme zaharrenak ez du egin libertatearen prozesua. Ez du arriskatu. «Zintzoa» izateaz beste ezertaz ez da kezkatu, eta ez da hazi. Orain bere zintzotasunaren frustrazioa nabari zaio, barruan pilatu zaion hutsaren betekada handia. Hazi baino lehen zintzoa izan da, eta benetako askatasunetik sortzen ez den zintzotasunak ez du pertsona askatzen. Aita bere zintzotasunaren ispilutzat eduki du, eta ez du aita bere onenean ezagutu. Pena!

Lukasen atal honek zer irakurri eta zer hausnartu eta zer gozatu eta zer sufritu asko eskaintzen du. Merezi du tentuz jaso eta barneratzea. Parabolazko historio honetan giza historia asko biltzen baita, drama asko, ezintasun asko; eta, batez ere, poz eta aurkikuntza handi asko. Ezinaren esperientzia beltzak zenbat itzulera eragin duen, gauzak bere neurrian erakusten baititu ezinak. Sufrimendua maisu handia da, ez beti baina. Sufrimendua bihotzean ehotzen denean, etxeko misterioa bistaratzen dizu, etxearen xarma. Eta itzultzeko gogoa sortzen dizu.


Iñaki Beristain (2013-3-7)

(Igandeko ebanjelioa: Lk 15, 1-3.11-32)

Aita errukitsuaren parabola, San Lukasen Ebanjelioko borobilenetakoa dela esatea ez da gehiegi esatea, nire ustez. Seme bien jokaera eta sikologia eta aitaren errukizko zabaltasuna maisuki agertzen dizkigu. Guretako bakoitzaren historia darama bere barnean pasadizo honek.

Seme gazteak etxetik alde egin du. Gizaki modernoaren argazkia izan daiteke hemen ematen zaiguna: aitaren etxearekin dituen lokarriak eten egin behar ditu, legearekiko lotura hautsi egin behar, bere buruaren jabe egiteko, autonomiaren maila heldura iristeko. Seguru asko, eman beharreko pausoa, bere aitarekiko harremana bere onean kokatu nahi badu. Edo, beharbada, askatasunaren harrokeria erakusten duen jarrera ote da?

Dena den, Jesusek kontakizun honekin arazoaren muina jotzen du: gizakia Aitarengandik dator eta Aitarengana itzuli behar du. Tartean era askotako bideak egin daitezke, hori ez da garrantzizkoena. Lizunkeria eta biziera alegrea bilatzen zuela seme gazteak? Autonomia lortzea? Inorekiko lotura eta menpetasunik ez edukitzea? Kontua da, azkenean Aitarengana itzultzen dela!

Baina noiz itzultzen da? Bere kolkorako honako gogoeta hau egiten duenean: lehenengo maitasunak beti leial eta irekia irauten duela! Inolako baldintzarik gabe zain daukala lehenengo maitasuna. Ihes egiteko utzi zuen maitasun hura, berriro besarkatzeko prest daukala. Gogoeta horretara iritsitakoan, itzulera prestatua gelditzen da besterik gabe.

Eta hementxe ulertzen da ederki asko bi semeen ezberdintasuna: seme gaztea urrutiratu egin da, eta maitasuna galdu duenean, orduan ulertu du maitasunaren alderdirik ederrena, merezi gabe jasotzen duen maitasun oinarrizkoa duela. Seme zaharrenak, berriz, ez du ihes egin; eta, bere leialtasunez, aitaren maitasuna erosia dauka, lotua, eta ez du sekula santan maitasun horren muina ulertuko. Ez du inoiz lehenengo maitasunak sortzen duen festa ulertuko eta onartuko. Maitasun lotu eta erosia, ez da dagoeneko maitasun!

Jesusek behintzat seme gaztearen aukera onartzen du. Jesusek ez du egiten seme gazte horren jokalegearen baloraziorik, ez baita hori azaldu nahi duena. Baina, Jesusen esanetan, seme gazte horrek ulertu du maitasuna. Seme gazte horrek ulertu du nola jokatu behar den maitasunarekin. Ulertu du esker onez eta merezi gabean bakarrik bizi daitekeela maitasunaren festa.

Seme zaharrenak, berriz, ez du ezer ulertzen. Bere zintzotasunak begiak itsutzen dizkio. Urteetako bere leialtasunari begira bizi da. Eta bere sudur-puntatik harutzago ez du ezertxo ere ikusten. Bere leialtasuna harrokeria bihurtu zaio. Bekatariaren eskarmentu sanoa falta zaionari, bere zintzotasuna bihurtzen zaio bere harrokeria eta bekatu. Eta bekatu honek irtenbide zaila du. Ez du atarramentu onik.

Lehenengo maitasuna aipatu dut behin baino gehiagotan. Maitasun guztien iturria da. Bigarren maitasun guztiak sortarazten dituen maitasun iturburukoa da. Esker ona, askatasuna, poza eta harridura sortzen dituen aitaren maitasun beroa da.

Ezagutzen al duzu Rembrandt margolari handiaren pintura-koadroa? Zein eder eta bero agertzen duen aita-semeen besarkada! Garizuma aukera ederra da, badakizu zertarako?, Rembradt-en koadroa aurrean jarri eta Aitaren maitasun lehenengoa ezagutu eta barneratzeko. Maitasun horretan sendatzen baitira bihotz guztiak. Maitasun horretan askatzen dira itxitura guztiak. Eta egiazko askatasunaren poza sortzen da.

Begiratu eta begiratu, ea ulertzen dugun Aitarengandik gatozela eta Aitarengana itzultzea dugula gure izanbide ederrena eta askatasun beteena! Maitasunak maitasuna sortzen baitu!


Iñaki Beristain (2016-3-1)