URTEAN ZEHAR XXXI IGANDEA

C zikloa


Jakinduriaren liburutik 11,23-12,2


Jauna, mundu guztia zure aurrean
pisuan hondar-ale bat bezala da,
lur-gainean goizeko ihintz-tanta bat bezala.
Guztiak erruki dituzu, dena dezakezulako;
bekatuari ez-ikusi egiten diozu,
gizonek damu izan dezaten.
Den guztia maite duzu,
eta ez duzu gorroto, Zuk egindakorik ezer;
ezer gorroto izan bazenu, ez zenuen egingo.
Eta nola iraun zezakeen ezerk,
Zuk nahi izan ez bazenu?
Edo nola izaten jarraitu,
Zuk deitua ez denak?
Guztiei, ordea, barkatu egiten diezu, zureak baitituzu,
bizidunen adiskide zaren Jaun horrek.
Gauza guztietan dago zure arnasa hilezkorra;
ezarian zuzentzen dituzu erortzen direnak;
bekatu egin dutenei
beren bekatua gogorarazten diezu,
bihotz berri daitezen,
eta Zugan, Jauna, sines dezaten.


ERANTZUN-SALMOA 144


JAUNA, ZURE MAITASUNA
ABESTUKO DUT BETIREN BETI.
Goraipatuko zaitut, ene Jainko, ene Errege,
bedeinkatuko dut zure izena betiere.
Egun oro zaitut bedeinkatuko,
zure izena menderen mende dut goretsiko.
Kupibera da Jauna ta errukiorra,
berant-aserre eta guztiz onbera.
Ona da Jauna guztientzat,
errukior Berak egin dituenentzat.


San Paulo Apostoluak Tesalonikarrei 2 Ts 1,11-2-2


Senideok: Zuen alde otoitzean ari gara beti, gure Jaungoikoak bere deiaren gai egin zaitzaten, eta bere ahalmenez burutu ditzan, zuek onerako duzuen nahi guztia eta zuen sinesmenaren egitekoa. Horrela Jesus gure Jauna goretsia izango da zuengan, eta zuek Harengan, gure Jaungoikoaren eta Jesus Jaunaren graziaren arauera.
Jesu Kristo gure Jaunaren azken etorrerari buruz, eta gu Harekin elkartzeari buruz, hau eskatzen dizuegu: Ez dezazuela nolanahi bururik gal, eta ez zaiteztela ikara ere, Jaunaren eguna gainean omen dela dioen espiriturik, edo hitzik, edo guk egindako gutunik badelakoan.


ALELUIA Hain maite izan baitu Jaungoikoak mundua,


bere Seme bakarra eman dio;
Hari sinesten dionik inor gal ez dadin,
baizik betiko bizia izan dezan. ALELUIA.


Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen Liburutik 19,1-10


Aldi hartan, sartu zen Jesus Jerikon, eta herrian barrena zihoan. Ba zen han Zakeo izeneko gizon bat, zergalarien buru zena, eta aberatsa. Han zebilen, Jesus zein ote zen nola ikusiko; baina ezin zuen, jendetza haundia bait zen; bera, berriz, txikia; eta, laisterka joanda, basapiku baten gainera igo zen, Jesus ikusteko, handik igaro behar bait zuen. Jesusek, toki hartara hurbildu zenean, begiak jaso eta esan zion:
- “Zakeo, jaitsi zaitez agudo, gaur zure etxean gelditu behar dut-eta".
Zakeo berehala jaitsi zen, eta oso pozik hartu zuen bere etxean. Eta ikusi zuten guztiak marmarka hasi ziren, gizon bekatari baten etxean sartu zelako. Zakeok, ordea, zutik jarrita, honela esan zion Jaunari:
- ‘Jauna, nire ondasunen erdiak behartsuentzat ematen ditut; eta inori bidegabez ezer kendu badiot, lau halako bihurtzen diot’.
Eta Jesusek esan zion:
- “Gaur salbamena sartu da etxe honetan; hau ere Abrahanen seme bait da.
Izan ere, Gizonaren Semea, galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da”.


Homiliak

Adiskideok, bakoitzak dauzkagu geure zuhaitzak, haien gainera igo eta bizitzari begiratzeko. Zakeo, gaurko ebanjelioko protagonista, aberatsa zen. Eta aurreko igandeetan garbi gelditu zaigu Jesusek ez zuela halako maitasun berezia sentitzen aberatsentzat. Baina, Jesusek badaki bihotzak irakurtzen eta historia bakoitza kontuan izaten. Azken batean, kontua ez da zer daukagun edo zer ez daukagun, baizik zer bizi dugun geure bihotzaren muinean.

Zakeo aberatsa da, baina zokoratua gizarte hartan. Beldurrez josita zegoen gizajoa. Seguru asko, sakonera begiratuta, bere ondasunetan bilatu beharko zuen bere buruaren babesa, besteen gorrototik eta erasotik ihes egiteko. Eta Jesusek, bihotzak ikusten dituenak, badaki hori. Jesusek badaki azaleko babesak hautsi eta barruko beldurrak eta loturak irakurtzen. Eta bihotzak askatzea maite du. Horregatik hurbiltzen zaio Zakeori.

Zertarako eta zergatik igo da Zakeo zuhaitzaren gainera? Jakin-minez? Beharbada, bere bakardade mikatz eta latz hartan ez zitzaion beste itxaropen-zirrikurik geldituko. Nork ulertu behar zion barruan bizi zuen bakardadea eta beldurra, Jesusek izan ezik? Eta lehen begirada hartan gertatzen da miraria. Jesusek begiratu zion eta hitz egin zion eta bere hitzez deitu zion. Bere etxera etorri zitzaion Jesus.

Eta beste behin argi gelditzen da: maitasunak bakarrik daki hormak eta babesak apurtzen. Maitasunak askatzen dizkigu bihotzeko korapiloak. Maitasunak jartzen du abian bizitza berri baten hasiera. Maitasunak berritzen du dena. Zakeorengan ere bai. Bere diru eta ondasunean aurkitu ez zuen barne-poza sentitzen du Jesusen maitasunean. Eta ez dauka inolako eragozpenik diruak uzteko eta pobreen zori gaiztora hurbiltzeko. Maitasunaren lanak dira horiek.

Esker ona sortzen da. Salbatua izatearen poza. Giza duintasuna berreskuratu dio Jesusek. Orain ez dauka bere babes gordean ezkutatu beharrik. Etxeko leihoak zabaldu dizkio Jesusek. Aire berri baten freskotasuna sartu zaio etxera. Bizitza goitik bera aldatu zaio. Orain bizitzeko beste sentidu bat aurkitzen du eta balioen jerarkia erabat aldatu zaio. Orain pobreen erantzukizuna bere gain hartzeko kapaz egiten da. Orain justizia zer den ulertzen du. Orain bihotzean solidaritatea piztu zaio. Maitasunaren lanak horiek ere.

Lehenengo irakurgaiak esan digun bezala, izaki guztien oinarria eta jatorria Jainkoaren maitasunean datza. Jainkoak denak maite dituelako, denei barkatzen die. Jauna biziaren adiskidea da. Jainkoaren arnasa daramate guztiek beren barnean, eta Jainkoak berak gidatzen ditu biziaren arrastoan. Jainkoa eragiten ari zaio gizaki bakoitzari, berritu eta bizi dadin. Maitasunaren atergabeko lanak!

Dinamika hauxe da, azken batean, Erreinuaren dinamika. Eta Zakeorekiko jokamoldean erakusten du Jesusek nola den Erreinuaren jatorria: Jainkoaren bihotzak galduak bilatzen ditu eta bizia sortzen du heriotzean eta galbidean. Zakeok beregan ikusi ahal izan du nola eman zaion Jainkoaren Erreinuko Espiritua. Zakeo gizaki berria da benetan! Maitasunaren lanak!

Gure eguneroko eginkizunean eta gure misioan, kontuan hartu beharko genuke Jesusen jokamoldea: maitasunak bakarrik sortzen du aldaketa eta berrialdia. Zenbaitetan aurrez epaitzen dugu nor den Erreinurako gai eta nor ez den. Eta ahaztu egiten dugu maitasunak nolako berrialdia sor dezakeen pertsona bakoitzaren barruan, baita gutxien uste dugunaren barruan ere. Erreinua, bere sakonean, ez da ideologia bat. Erreinua, bihotzak aldatzen dituen maitasunaren historia da. Eta misioaren hasieran eta jardueran, maitasunak bakarrik daki Erreinuko dinamika sortzen. Maitasunak bakarrik askatzen du gizon edo emakume bakoitzaren bihotza.

Jesusen jokabideak geure jarrerak aztertzera eragin beharko liguke beharbada. Errazegi egiten ditugu bereizketak eta errazegi ezartzen ditugu mugak. Jainkoak badaki gure mugak eta gure bereizketak ederki asko gainditzen. Zorionez! Eta, geure jarrerak aztertuz, ikasi behar dugu Jesusen maitasunez eta hurbilkeraz, dena alda daitekeela. Maitasunaren lanak!

Eukaristia ospatzen jarraitu behar dugu. Jainkoak bere hitzean erakutsi digun maitasuna ogi eta argo egina emango digu orain. Jainkoak gu bizitzea nahi du. Bakoitza geure zuhaitzetik jaitsiarazten gaitu, guregana etorri nahi baitu. Ireki diezaiogun bihotzeko etxea, berak, gurean sartuz, berritu gaitzan.


Iñaki Beristain (2016-10-26)



Beti bidean, beti bila

(Gaurko ebanjelioa: Lk 19, 1-10)

Zakeoren pasartea, Zakeok Jesusekin daukan topaketa alegia, benetan interesgarria da, eta sinpatikoa. Gizon honek zuhaitz gainera igotzean erakusten duen berezkotasuna, freskoa da, gustagarria. Baina Zakeo aberatsa izateak bai, horrek halako atximurkatxoa egiten digu barruan.

Pobreen alde egoteak, aberatsen kontra jartzen gaitu. Ez zaizkigu gustatzen bata eta bestea onartzen dituen jarrera pasteleroa. Bata ala bestea, hori da gure ikuspegia. Jesusen jarrera, ordea, bestelakoa zen. Inork ez bezalako amenazuak bota zizkien aberatsei; inork ez bezala gaitzetsi eta kondenatu zuen aberastasuna; eta, hala ere Jesus, Zakeo aberatsa onartzen duen Jesus librea da.

Zakeo aberatsa zen, baina zokoratua. Beldurrez josia zegoen gizarajoa. Aberastasuna zuen bere babesleku bakarra, besteen erasotik gordetzeko. Zuhaitz gainean ikusten dugu. Ikusmin hutsa ote zen horretara eragiten ziona ala bere barruko bakardade ilunean bizi zuen esperantza-izpiak eragin ote zion? Jesusek begiratu egin zion. Eta begirada horrek egin zuen miraria. Jesusek begiratu zion, hitz egin zion, bere izenez deitu zion, beraren etxera joan nahi izan zuen. Egintza-kate horrek guztiak gauza bat erakusten du: epai honda­tzailerik egiten ez duen maitasuna!

Eta kondenatzen ez duen maitasun horrek, pertsonaren barne-dinamika guztia askatzen du. Babes-horma guztiak puska­tzen ditu, eta jarrera eta biziera berriak sortarazten ditu. Zakeok berriro sentitu du, norbaitek duintasunez begiratu diola. Eta begirada horrek duintasuna berreskuratu dio. Bizi­tzearen sentidua erabat aldatu zaio orain.

Lehen Zakeo, bere burua kondenatua sentitzen zuelako, ondasunetan babesten zen. Orain, begirada berriak salbatu duelako, ez dauka ondasunen beharrik, babestu beharrik ere ez baitauka. Hauxe da Ebanjelioaren dinamika. Kontua, beraz, ez da nor den aberatsa edo nor pobrea. Kontua beste hau dela esango nuke: ba al duzu behar adina maitasun, zure begiradaz babesak hausteko? Ba al dakizu maitasunez begiratzen, nahiz pobreari nahiz aberatsari, haien babesak hautsi eta barrutik askatuak senti daitezen?

Zure maitasunaren indarrean egon daiteke konponbidea, gu­re mundu hau eta gure gizarte hau aldatu eta berritzeko. Erreinua eta Ebanjelioa, alferrikako ideologia bihurtu nahi ez badituzu, indartu ezazu maitasunezko begirada. Maitasunak ezin duena...


Iñaki Beristain (2013-10-30)

(Igandeko ebanjelioa: Lk 19, 1-10)

Bakoitzak dauzkagu geure zuhaitzak, haien gainera igo eta bizitzari begiratzeko. Zakeo, gaurko ebanjelioko protagonista, aberatsa zen. Eta aurreko igandeetan garbi gelditu zaigu Jesusek ez zuela halako maitasun berezia sentitzen aberatsentzat. Baina, Jesusek badaki bihotzak irakurtzen eta historia bakoitza kontuan izaten. Azken batean, kontua ez da zer daukagun edo zer ez daukagun, baizik zer bizi dugun geure bihotzaren muinean.Zakeo aberatsa da, baina zokoratua gizarte hartan. Beldurrez josita zegoen gizagajoa. Seguru asko, sakonera begiratuta, bere ondasunetan bilatu beharko zuen bere buruaren babesa, besteen gorrototik eta erasotik ihes egiteko. Eta Jesusek, bihotzak ikusten dituenak, badaki hori. Jesusek badaki azaleko babesak hautsi eta barruko beldurrak eta loturak irakurtzen. Eta bihotzak askatzea maite du. Horregatik hurbiltzen zaio Zakeori.Zertarako eta zergatik igo da Zakeo zuhaitzaren gainera? Jakin-minez? Beharbada, bere bakardade mikatz eta latz hartan ez zitzaion beste itxaropen-zirrikurik geldituko. Nork ulertu behar zion barruan bizi zuen bakardadea eta beldurra, Jesusek izan ezik? Eta lehen begirada hartan gertatzen da miraria. Jesusek begiratu zion eta hitz egin zion eta bere hitzez deitu zion. Bere etxera etorri zitzaion.Eta beste behin argi gelditzen da: maitasunak bakarrik daki hormak eta babesak apurtzen. Maitasunak askatzen dizkigu bihotzeko korapiloak. Maitasunak jartzen du abian bizitza berri baten hasiera. Maitasunak be­rritzen du dena. Zakeorengan ere bai. Bere diru eta ondasunean aurkitu ez zuen barne-poza sentitzen du Je­susen maitasunean. Eta ez dauka inolako eragozpenik diruak uzteko eta pobreen zori gaiztora hurbiltzeko. Maitasunaren lanak dira horiek.Esker ona sortzen da. Salbatua izatearen poza. Giza duintasuna berreskuratu dio Jesusek. Orain ez dauka bere babes gordean ezkutatu beharrik. Etxeko leihoak zabaldu dizkio Jesusek. Aire berri baten freskotasuna sartu zaio etxera. Bizitza goitik bera aldatu zaio. Orain bizitzeko beste sentidu bat aurkitzen du eta balioen jerarkia erabat aldatu zaio. Orain pobreen erantzukizuna bere gain hartzeko kapaz egiten da. Orain justizia zer den ulertzen du. Orain bihotzean solidaritatea piztu zaio. Maitasunaren lanak horiek ere.Dinamika hauxe da, azken batean, Erreinuaren dinamika. Eta Zakeorekiko jokamoldean erakusten du Jesusek nola den Erreinuaren jatorria: Jainkoaren bihotzak galduak bilatzen ditu eta bizia sortzen du heriotzean eta galbidean. Zakeok beregan ikusi ahal izan du nola eman zaion Jainkoaren Erreinuko Espiritua. Zakeo gizaki berria da benetan! Maitasunaren lanak!Gure eguneroko eginkizunean eta gure misioan, kontuan hartu beharko genuke Jesusen jokamoldea: maitasunak bakarrik sortzen du aldaketa eta berrialdia. Zenbaitetan aurrez epaitzen dugu nor den Erreinurako gai eta nor ez den. Eta ahaztu egiten dugu maitasunak nolako berrialdia sor dezakeen pertsona bakoitzaren barruan, baita gutxien uste dugunaren barruan ere. Erreinua, bere sakonean, ez da ideologia bat. Erreinua, bihotzak aldatzen dituen maitasunaren historia da. Eta misioaren hasieran eta jardueran, maitasunak bakarrik daki Erreinuko dinamika sortzen.  Maitasunak bakarrik askatzen du gizon edo emakume bakoitzaren bihotza.Jesusen jokabideak geure jarrerak aztertzera eragin beharko liguke beharbada. Errazegi egiten ditugu bereizketak eta errazegi ezartzen ditugu mugak. Jainkoak badaki gure mugak eta gure bereizketak ederki asko gainditzen. Zorionez! Eta, geure jarrerak aztertuz, ikasi behar dugu Jesusen maitasunez eta hurbilkeraz, dena alda daitekeela. Maitasunaren lanak!


Iñaki Beristain (2016-10-26)